Eurohiriaren hizkuntza-egoera, 2001eko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera

Eurohiria Gipuzkoako 17[1] udalerrik eta Lapurdiko 25ek[2] osatzen dute; guztira, beraz, 42 udalerrik. Eurohirian 15 urtetik gorako 504.000 lagun bizi dira, horietako gehienak (%68,6) Gipuzkoan, %18,8 Baionak, Angeluk, eta Miarritzek osatzen duten hiri-aglomerazioan (BAMen, hain zuzen) eta %12,3 Lapurdiko mendebaldean

Adinaren araberako azterketa eginez gero, joera desberdinak ikus daitezke 35 urtetik gora dituztenen artean eta adin horretatik behera daudenen artean. Lehenengo multzoan, elebidunen portzentajea adin-talde guztietan antzekoa bada (%29 inguru), elebidunen proportzioak txikiagoa da adinak behera egin ahala. Aitzitik, 35 urtetik beherakoen artean daude elebidunen portzentajerik handienak, eta, gainera, zenbat eta gazteago orduan eta handiagoa da elebidunen proportzioa

Lapurdin eta BAMen, berriz, egoera bestelakoa da. Batetik, erdaldun elebakarrak nagusi dira adin-talde guztietan eta elebidunak talderik txikiena. Kontrako joera hori areagotu egiten da BAMen, berori baita Euskal Herri osoko gunerik erdaldunenetakoa

Euskal elebidunak

errazago moldatzen dira euskaraz eta Eurohiriko elebidunen %21,6 dira

Elebidun orekatuak

berdin moldatzen dira euskaraz eta erdaraz, eta Eurohiriko elebidunen herena dira (%32,1)

Erdal elebidunak

, berriz, erraztasun handiagoa dute erdaraz hitz egiteko eta talderik handiena dira Eurohiriko (%46,3) ez ezik, Gipuzkoako (%46,5) eta BAMeko (%56,0) elebidunen artean

Lehen hizkuntza erdara izan dutenak nagusi dira adin-talde guztietan. Portzentajeak, gainera, gora egiten du adinak behera egin ahala. Izan ere, 50 urtetik gorakoen artean, hiru lagunetik bik izan dute erdara lehen hizkuntza, baina 50 urtetik beherakoen artean, lautik hiruk

Eurohiriko bizilagunen artean, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak 83.000 lagun dira gaur egun, 1991n baino 12.000 pertsona gehiago. Portzentajeari dagokionez, %23,5 gaur egun, eta %18,2 duela hamar urte. Erabiltzaile horietako gehienak (%85etik gora) euskaldun zaharrak dira, bai gaur egun, baita 1991n ere

Euskararen erabilerari buruzko galeren eta irabazien jatorria xehetasun handiagoz ezagutzeko lehen hizkuntzaren araberako erabileraren tipologia sintetikoa aztertu dugu. Zehatzago esateko, erabilerari dagokionez euskaldun berrien nahiz zaharren ekarpena zein den jakin nahi dugu

Gipuzkoan eta Lapurdin emaitzak Eurohirikoen antzekoak dira. Alde daudenen portzentajea zertxobait handiagoa eta aurka daudenena zertxobait txikiagoa da bi guneetan. BAMen, berriz, alde daudenak %24,1 baino ez dira eta beste horrenbeste aurka daudenak (%23,5). Beraz, BAMeko biztanleen erdia (%52,4) ez dago ez alde ez aurka

Euskal Herri osoko bilakaera soziolinguistikoan nagusi diren joera kontrajarri biak bizi-bizirik dira Eurohirian ere: euskara biziki berreskuratzen ari da hegoaldean baina iparraldean gertatzen ari den galera etengabea da

Hortaz, hizkuntza-politikaren lehentasunik behinena euskal hiztun berriak irabaztea da Eurohiriaren iparraldean. Horretarako, derrigorrezkoa da, batetik, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten guraso guztiei aukera hori bermatzea eta, bestetik, seme-alaba gazteak dituzten gurasoak Iparraldeko hezkuntza-sistema euskalduntzeak euskararen gaur-geroan izan dezakeen eraginaz sentiberatzea

SARRERA

Eurohiria Gipuzkoako 17[1] udalerrik eta Lapurdiko 25ek[2] osatzen dute; guztira, beraz, 42 udalerrik. Eurohirian 15 urtetik gorako 504.000 lagun bizi dira, horietako gehienak (%68,6) Gipuzkoan, %18,8 Baionak, Angeluk, eta Miarritzek osatzen duten hiri-aglomerazioan (BAMen, hain zuzen) eta %12,3 Lapurdiko mendebaldean. Aurrerantzean, hiru gune horiek bereiziko ditugu datuen irakurketa egiteko. Izan ere, ezaugarri oso desberdinak dituzte, jarraian ikusiko dugun bezala.

Eurohiriko biztanleria hazi egin da 1991tik hona. Hazkundea %5,7koa izan da, hau da, 2001ean 15 urtetik gorako 29.000 lagun gehiago bizi dira bertan. Gainera, igoera hiru guneetan gertatu da. Handiagoa Gipuzkoan eta Lapurdin (%7,1 eta %6,8, hurrenez hurren) eta oso txikia BAMen (%1,0).

Eurohiriko biztanleen ia erdia (%46,8) bertan jaio da, eta bertakoak ditu gurasoak. Biztanleen laurdena inguru (%23,5) bertakoa da, baina guraso biak edo bietako bat etorkina du eta, azkenik, Eurohiriko biztanleen %29,7 etorkina da. Dena den, alde handia dago Gipuzkoako eta Lapurdiko mendebaldeko udalerrien eta BAMekoen artean: gurasoak bertakoak dituzten bertakoen proportzioa Eurohirikoaren batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da Gipuzkoan eta Lapurdin (%50 inguru) eta herena baino txikiagoa BAMen.

Eurohiriko biztanleen ikasketa-maila handia da. Izan ere, laurdenak baino gehiagok (%28,4k) goi-mailako batxilergoa edo pareko ikasketak egin ditu. Lapurdin eta BAMen, proportzioa askoz handiagoa da (%40tik gora). Gainera, lau lagunetik batek unibertsitate-mailako ikasketak egin ditu. Oraingoan ere, BAMeko biztanleen artean proportzioa handiagoa da (%35,3).

Lan-esparruari dagokionez, lan egiten duten biztanle gehienek hirugarren sektorean dihardute: zerbitzuetan (%26,2k) eta Administrazioan (%8,5ek). Industrian lan egiten dutenen proportzioa txikia da (%16,4) eta nekazaritzan dihardutenena hutsaren hurrengoa (%0,4). Hala ere, kontuan hartu behar da Eurohiriko bi lagunetik batek (%48,4k) ez duela lanik egiten, eta horietako erdia erretiratuta dagoela. Erretiratuen proportzioa nabarmen handiagoa da BAMen eta, batez ere, Lapurdin, Gipuzkoan baino. Hori dela eta, Eurohiriko biztanleen batez besteko adina altua da. Izan ere, biztanleen %40tik gora 50 urte baino gehiago ditu.

HIZKUNTZA-GAITASUNA

Eurohirian 15 urtetik gorako 158.000 elebidun bizi dira (%31,4), 49.000 elebidun hartzaile (%9,8) eta 296.000 erdaldun elebakar (%58,8). Baina irakurketa hori zehaztu beharra dago, elebidunen %84,1 Gipuzkoan bizi direlako (%10,7 Lapurdin eta %5,1 BAMen).

 

Gipuzkoan, beraz, 133.000 elebidun bizi dira, hau da, 15 urtetik gorako biztanleen herenak baino gehiagok (%38,3k) ondo edo nahikoa ondo hitz egiten du euskaraz. Hala ere, multzorik handiena erdaldun elebakarrena da (%52,5). Gainerako %9,2 elebidun hartzaileak dira.

Erdaldun elebakarren nagusitasuna eta elebidunekiko aldea are handiagoa da Lapurdin eta BAMen. Izan ere, erdaldun elebakarrak %56,9 eta %82,9 dira, hurrenez hurren, eta elebidunak %27,7 eta %8,8.

 

Adinaren araberako azterketa eginez gero, joera desberdinak ikus daitezke 35 urtetik gora dituztenen artean eta adin horretatik behera daudenen artean. Lehenengo multzoan, elebidunen portzentajea adin-talde guztietan antzekoa bada (%29 inguru), elebidunen proportzioak txikiagoa da adinak behera egin ahala. Aitzitik, 35 urtetik beherakoen artean daude elebidunen portzentajerik handienak, eta, gainera, zenbat eta gazteago orduan eta handiagoa da elebidunen proportzioa (%33,7 24 eta 35 urte dituztenen artean, eta %43,5 16 eta 24 urtekoen artean).

Elebidun hartzaileen joera elebidunen berbera da, baina elebidunen artean 35 urtetik behera gertatu den joera-aldaketa lehenago antzeman da, 50 urtetik behera hain zuzen. Portzentajeei dagokienez, handiena 16 eta 24 urteko gazteek dute (%14,0). Azkenik, erdaldun elebakarren joera, logikoa denez, kontrakoa da. Esan, dena den, nagusi direla adin-talde guztietan (%50etik gora), gazteenen artean izan ezik (%42,4).

 

Baina bereizi ditugun hiru guneen arteko aldeak nabarmenak dira adinaren araberako azterketan ere. Gipuzkoan, Eurohirirako azaldu berri ditugun joera berberak ikus daitezke, baina elebidunen eta erdaldun elebakarren arteko aldea askoz nabarmenagoa da gazteenen artean (%59,2 eta %28,1, hurrenez hurren).

Lapurdin eta BAMen, berriz, egoera bestelakoa da. Batetik, erdaldun elebakarrak nagusi dira adin-talde guztietan eta elebidunak talderik txikiena. Kontrako joera hori areagotu egiten da BAMen, berori baita Euskal Herri osoko gunerik erdaldunenetakoa. Hala ere, bai Lapurdin baita BAMen ere, elebidunen susperraldi txikia gertatzen hasi dela dirudi gazteenen artean. Baina, susperraldi hori gauzatuko den jakiteko, denbora beharko da.

 

2001ean hamar urte lehenago baino 18.000 elebidun gehiago daude Eurohirian, %12,8 gehiago beraz. Baina hazkunde hori Gipuzkoako elebidunei esker gertatu da (%32,7 izatetik %38,3 izatera pasa baitira hamar urteotan). Lapurdik eta BAMek, aldiz, elebidunak galdu dituzte.

Elebidunen bilakaera adinaren arabera aztertuz gero, bi joera kontrajarri ikusiko ditugu. 35 urtetik gorakoen artean elebidunen portzentajeak behera egin du adinak behera egin ahala. Baina 35 urtetik beherakoen artean joera-aldaketa dago eta 2001eko elebidunen proportzioa 1991koa baino nabarmen handiagoa da.

Elebidunen tipologia

Elebidunak gora ala behera egin, egia da euren artean alde handiak daudela. Alde horiek erakusten dituen ezaugarrietako bat hizkuntza-gaitasun erlatiboa da edo, beste era batera esateko, hizkuntza batean (euskaraz) eta bestean (gaztelaniaz edo frantsesez) hitz egiteko elebidunek duten erraztasuna. Beraz, hiru talde bereiziko ditugu: euskal elebidunak, elebidun orekatuak eta erdal elebidunak.

Euskal elebidunak errazago moldatzen dira euskaraz eta Eurohiriko elebidunen %21,6 dira. Gipuzkoako udalerrietan euskal elebidunen portzentajea antzekoa da (%22,8). Lapurdikoetan, berriz, proportzioa batez bestekoa baino txikiagoa da (%19,3), eta BAMen askoz txikiagoa (%7,8).

Elebidun orekatuak berdin moldatzen dira euskaraz eta erdaraz, eta Eurohiriko elebidunen herena dira (%32,1). Lapurdin eta BAMen elebidun orekatuan portzentajea handiagoa da (%41,0 eta %36,2 hurrenez hurren) eta Gipuzkoan zertxobait txikiagoa (%30,7).

Erdal elebidunak, berriz, erraztasun handiagoa dute erdaraz hitz egiteko eta talderik handiena dira Eurohiriko (%46,3) ez ezik, Gipuzkoako (%46,5) eta BAMeko (%56,0) elebidunen artean. Lapurdin, berriz, portzentajea handia bada ere (%39,7) orekatuenaren azpitik dago.

Adinaren arabera, joera argia da. 35 urtetik gorako elebidunen artean, adinak behera egin ahala, behera egiten du euskal elebidunen proportzioak, bere horretan mantentzen da orekatuena eta gora erdal elebidunena. Aldiz, 35 urte baino gutxiago dituztenen artean, berriz, erdal elebidunen igoera motelagoa da, eta euskal elebidunak gora egin dute zertxobait elebidun orekatuen kaltean.

 

HIZKUNTZAREN TRANSMISIOA

LEHEN HIZKUNTZA

Eurohiriko biztanleen ia %22,7k euskara izan du lehen hizkuntza eta %6,2k euskara erdararekin batera. Biztanle gehienek (%71,1ek), beraz, erdara izan dute lehen hizkuntza. Eurohiria osatzen duten Gipuzkoako eta Lapurdiko udalerrietan, lehen hizkuntza euskara izan dutenen portzentajea zertxobait handiagoa da (%25,0 eta %29,7 hurrenez hurren) eta txikiagoa erdara izan dutenena (%67,9 eta %64,6). BAMen, berriz, lehen hizkuntza euskara izan dutenen eta erdara izan dutenen arteko aldea nabarmen handiagoa da (%9,5 eta %87,0 hurrenez hurren). Lehen hizkuntza euskara eta erdara, biak batera izan dituztenak gutxi dira hiru guneetan, baina, jarraian ikusiko dugun bezala, portzentajea gero eta handiagoa da adinak behera egin ahala.

Lehen hizkuntza erdara izan dutenak nagusi dira adin-talde guztietan. Portzentajeak, gainera, gora egiten du adinak behera egin ahala. Izan ere, 50 urtetik gorakoen artean, hiru lagunetik bik izan dute erdara lehen hizkuntza, baina 50 urtetik beherakoen artean, lautik hiruk. Lehen hizkuntza biak izan dituztenen joera berbera da, portzentajeak askoz txikiagoak badira ere. 35 urtetik gora %5 inguru dira eta 35 urtetik behera %10 inguru.

Lehen hizkuntza euskara izan dutenen joera alderantzizkoa da: adinak behera egin ahala behera egiten du portzentajeak ere. Mutur biak hartuta, 65 urtetik gorakoen artean %29,5 dira, 16 eta 24 urtekoen artean, berriz, %14,1.

Aipatutako joera horiek hiru guneetan antzeman daitezke.

 

HIZKUNTZA-BILAKAERA

Lehen hizkuntza euskara izan duten gehienek (%88,6k) euskara gorde dute eta, gainera, erdara ikasi dute; beraz, elebidunak dira gaur egun. Baina %6,4k zati batean galdu du euskara (elebidun hartzailea da gaur egun) eta %5ek guztiz galdu du (erdaldun elebakarra da gaur egun).

Lehen hizkuntza euskara eta erdara, biak, izan dituztenen artean, euskara gorde dutenak %67,3 dira, zati batean galdu dutenak, berriz, %18,2 eta guztiz galdu dutenak %14,5.

Azkenik, lehen hizkuntza erdara izan dutenen artean gehienek (%79,8k) erdaldun elebakar izaten jarraitzen badute ere, hamarretik batek euskara ikasi du, eta elebidun da gaur egun; beste horrenbestek ondo ulertu eta irakurtzen du.

Hala ere, Eurohiriko biztanleen artean irabaziak galerak baino handiagoak dira. Izan ere, 24.000 lagunek euskara partez ala guztiz galdu dute, baina 36.000k lehen hizkuntza erdara izan arren, euskara ikasi dute eta elebidunak dira gaur egun. Gainera, lehen hizkuntza erdara izan dutenen artean, badira beste 36.000 lagun inguru euskaraz ongi ulertzeko eta irakurtzeko gai direnak, elebidun hartzaileak hain zuzen.

Gipuzkoako udalerrietako joera berbera da, baina galeren (11.000) eta irabazien (33.000) aldean handiagoa da.

Azken kopuru hori kontuan hartuz gero, berehala jabetuko gara Eurohirian izan diren irabazi ia guztiak Gipuzkoan gertatu direla. Lapurdin eta BAMen, beraz, joerak oso bestelakoak dira. Izan ere, Lapurdin galerak (7.000) irabaziak (2.000) baino hiru aldiz handiagoak izan dira eta BAMen bost aldiz handiagoak (5.000 eta 1.000, hurrenez hurren).

Galeren eta irabazien arteko aldea areagotu egin da adinak behera egin ahala. Hau da, zenbat eta gazteagoa izan orduan eta handiagoak dira irabaziak eta txikiagoak galerak. Galera-irabazien saldoa bereziki positiboa da 35 urtetik beherakoen artean (galerak guztira 5.000 inguru dira eta irabaziak 24.000).

Duela hamar urteko egoera, aldiz, erabat desberdina zen. 1991n galerak (31.000) irabaziak (23.000) baino nabarmen handiagoak ziren Eurohiriko biztanleen artean. Galeren nagusitasuna, gainera, adin-talde guztietan gertatzen zen, gazteenen artean izan ezik. Izan ere, 16 eta 24 urteko gazteen artean joera-aldaketa argia gertatu zen eta irabaziak (7.000) galerak (3.000) halako bi ziren. Dena den, gune bakoitzeko egoerari begiratuz gero, duela hamar urte baziren gaur egungo joerak, beste maila batean bada ere. Horrela, bada, 1991n Gipuzkoan irabaziak (18.000) galerak (15.000) baino handiagoak ziren.

 

Eurohiriko lau elebidunetik hiruk (%77,1ek) euskara (%63,9) edo euskara erdararekin batera (%13,2) dute lehen hizkuntza, hau da, euskaldun zaharrak dira. Gainerako %22,9aren lehen hizkuntza erdara izan da, beraz euskaldun berria da. Baina adinaren arabera azterketa eginez gero, berehala ohartuko gara elebidunen osaera nabarmen aldatzen ari dela.

Adinak behera egin ahala, argi eta garbi jaisten da L1 euskara izan duten elebidunen portzentajea. Izan ere, 50 urtetik gorakoen artean %85etik gora dira eta 16 eta 24 urteko gazteen artean %23,0 baino ez. Aldi berean, baina, gora egin du L1 euskara eta erdara, biak, dituzten elebidunen portzentajea. Gazteenen artean, adibidez, L1 euskara bakarrik dutenak beste dira (%23,0), 35 urtetik gorakoen artean, berriz, %10 baino gutxiago.

Hala ere, benetako aldaketa euskaldun berrien bilakaeran dago. Lehen hizkuntza erdara izan duten elebidunak %6 baino gutxiago dira 50 urte baino gehiago dituztenen artean. Adin horretatik behera daudenen artean, berriz, hazkundea oso handia izan da: bostena (%22,2), 35 eta 49 urtekoen artean, herena baino gehiago (%37,5) 25 eta 34 urtekoen artean eta erdia baino gehiago (%53,8) 16 eta 24 urtekoen artean.

Aldaketa kualitatibo horrek garrantzi handia du eta elebidunei dagokien hizkuntza-gaitasun erlatiboan eragin zuzena. Elebidunen artean gero eta gehiago dira gaztelania hobeto menderatzen dutenak eta euskara familian, gizartean, alor formaletan, eta erakundeetan nahiz familia bidezko jarraipenean gutxiago erabiltzen dutenak.

1991ko egoera bestelakoa zen. Orduan, joerak bertsuak izan arren, euskaldun zaharrak nagusi ziren adin-talde guztietan. Aldi berean, euskaldun berrien pisua txikia zen oraindik elebidunen artean.

 

EUSKARAREN JARRAIPENA FAMILIAREN BIDEZ

Guraso biek euskaraz hitz egiten dakitenean edo zekitenean, seme-alaba gehienek euskara (%76,8k) edo euskara eta erdara (%9,6k) jaso dute gurasoengandik. Beraz, euskararen familiaren bidezko jarraipena handia izan da. Hala ere, kontuan hartu behar da hamarretik batek (%13,7k) erdara izan duela lehen hizkuntza.

Baina benetako galera gurasoetako batek bakarrik dakienean edo zekienean gertatu da. Izan ere, hiru seme-alabetatik bik (%67,8k) erdara bakarrik jaso dute gurasoengandik. Dena den, 1991ko egoera txarragoa zen. Orduan, egoera berean lautik hiruk (%73,1ek) jaso zuten erdara bakarrik.

 

EUSKARAREN ERABILERA

EUSKARAREN ERABILERARI BURUZKO TIPOLOGIA SINTETIKOA

Hizkuntzaren erabilera aztertzea ez da batere erraza. Testuinguru eta egoera ugari daude (aitarekin, amarekin, neba-arrebekin, bikotekidearekin, seme-alabekin, oro har familiarekin, lagunekin, lankideekin, nagusiarekin, dendariekin, bankuan, udal-bulegoetan, osasun-zerbitzuetan, poliziarekin, seme-alaben irakasleekin, kultur etxean, kiroldegian…). Aldi berean, gizartearen aniztasuna, adin-talde desberdinak, eta abar luzea ere hartu behar dira kontuan.

Euskararen erabilerak gorabehera handiak ditu eremu batetik bestera, gune soziolinguistiko batetik bestera, adin-talde batetik bestera edota aztertutako denbora-tarte batetik bestera. Hori dela eta, euskararen erabilerari buruzko ikuspegi osatua emateko asmoz, tipologia sintetikoa sortu dugu, honako erabilera-eremu hauetan jasotako erantzunak kontuan hartuta: oro har familian, lagunekin, eta erabilera-eremu formalenetan, hau da, enpresa pribatuan (dendariekin eta bankuan) alde batetik, eta administrazioan (udaletxean eta osasun-zerbitzuetan) bestetik. Lan egiten dutenen kasuan, tipologia bera erabili dugu, baina lanean (lankideekin) erabiltzen duten hizkuntza gehitu diogu.

Beraz, biztanleria sailkatzeko, honako lau talde nagusi hauek sortu ditugu: 1) euskaraz erdaraz baino gehiago hitz egiten dutenak; 2) euskara erdara beste erabiltzen dutenak; 3) euskaraz erdaraz baino gutxiago hitz egiten dutenak; 4) erdaraz baino ez dutenak egiten (bakarrik bizi direnak eta hizkuntzaren erabilerari buruzko tipologia sintetikoa sortzeko galderei erantzun ez dietenak "ez dagokio" kategorian sartu ditugu).

Euskararen erabilerari buruzko tipologia horren bidez aztertutako unibertsoa 386.000 lagunekoa izan da 2001. urtean. Beraz, kontuan hartu behar da "ez dagokio" kategoria 118.000 pertsonek osatzen dutela, hau da, 15 urtetik gorako biztanleria osoaren %23,4, unibertso osoa 504.000 lagunekoa baita (1991. urtean, unibertso osoa 475.000 lagunek osatu zuten eta "ez dagokio" kategoria 86.000k, hau da, unibertso osoaren %18,1ek). Aurrerantzean, erabilerari buruzko ehunekoak "ez dagokio" kategoria kontuan hartu gabe kalkulatuko dira.

Eurohiriko bizilagunen artean, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak 83.000 lagun dira gaur egun, 1991n baino 12.000 pertsona gehiago. Portzentajeari dagokionez, %23,5 gaur egun, eta %18,2 duela hamar urte. Erabiltzaile horietako gehienak (%85etik gora) euskaldun zaharrak dira, bai gaur egun, baita 1991n ere.

Baina euskara benetan zenbat erabiltzen den jakiteko, baita ere kontuan hartu behar dira euskara erdara baino gutxiago erabiltzen duten elebidunak. Eurohirian 62.000 lagun (%16,1) daude euskara erdara baino gutxiago erabiltzen dutenak. Duela hamar urte, berriz, 41.000 ziren (%10,4). Bigarren multzo hori osatzen dutenen artean euskaldun berriak dira nagusi gaur egun.

Beraz, esan dezakegu Eurohirian euskara erabiltzen dutenak gero eta gehiago direla eta hazkunde hori, neurri batean, apurka-apurka eguneroko bizitzan euskara erabiltzen hasi diren euskaldun berriei esker izan dela.

Euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen proportzioa bertsua da adin-talde guztietan. Joerarik aipatzearren, esan 35 urtetik beherakoen artean zertxobait gehiago direla. Euskara erdara baino gutxiago erabiltzen dutenen artean joera bera antzeman daiteke: oro har adin-taldeen arteko aldea txikia bada ere, portzentajerik handiena gazteenek dute. Bigarren multzo horretan, euskaldun berriak nagusi dira 50 urtetik behera, eta nagusitasuna areagotu egiten da 16 eta 24 urtekoen artean.

Euskara erdara baino gehiago erabiltzen zutenei dagokionez, egoera bestelakoa zen 1991n. Euskara gehien erabiltzen zutenak 65 urtetik gorakoak ziren (%22,5) eta, adin-taldeen artean gorabeherak zeuden arren, erabiltzaileen proportzioak behera egiten zuen. Izan ere, 16 eta 24 urtekoen artean %14,9k erabiltzen zuen euskara erdara beste edo gehiago. Bestalde, euskara erdara baino gutxiago erabiltzen zutenen bilakaera gaur eguneko berbera izan zen, baina neurri apalagoan.

 

Egin berri dugun irakurketak Eurohiriaren batez besteko egoera islatzen du. Baina, gainerako adierazleekin gertatzen den bezala, guneak aztertzen baditugu, egoera erabat desberdinak aurkituko ditugu. Izan ere, Gipuzkoako udalerrietako erabilera batez bestekoaren gainetik dago, bai euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen kasuan (%28,0), baita erdara baino gutxiago erabiltzen dutenenean ere (%18,5). Azken hamar urteotako bilakaera ere baikorragoa izan da. Lapurdin euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen portzentajea (%10,1) Eurohirikoa eta, zer esanik ez, Gipuzkoakoa baino txikiagoa da, baina 1991tik honako bilakaera oso positiboa izan da (kontuan hartu duela hamar urte %3,7 baino ez zirela). BAMeko egoera, berriz, larritzekoa da eta bilakaera gutiz alderantzizkoa. Euskaraz erdaraz beste edo gehiago hitz egiten dutenak 1.000 inguru baino ez dira (%1,7) eta euskara erdara baino gutxiago erabiltzen dutenak beste 3.000 (%5,8). Bilakaerari dagokionez, gainera, erabileraren gainbehera oso handia izan da (1991n %15,4 eta %16,2 ziren hurrenez hurren).

Euskararen erabilerari buruzko galeren eta irabazien jatorria xehetasun handiagoz ezagutzeko lehen hizkuntzaren araberako erabileraren tipologia sintetikoa aztertu dugu. Zehatzago esateko, erabilerari dagokionez euskaldun berrien nahiz zaharren ekarpena zein den jakin nahi dugu (euskaldun zahartzat hartu ditugu lehen hizkuntza euskara bakarrik edota euskara eta erdara, biak, izan dituztenak eta euskaldun berritzat lehen hizkuntza erdara izan dutenak).

Euskaraz erdaraz beste edo gehiago hitz egiten duten euskaldun zaharrak 9.000 gehiago dira 2001ean (71.000) 1991n (62.000) baino. Gehikuntza hori kopuru absolutuetan ez ezik portzentajeetan ere gertatu da (%15,9 1991n eta %18,3 2001ean). Adinaren arabera, kopuruak eta portzentajeak gora egin dute adin-talde guztietan, 65 urtetik gorakoen eta gazteenen artean izan ezik. Azken horien artean, kopurua txikiagoa da, baina portzentajeak gora egin du (%16,4 vs %13,5). Beraz, kopuru absolutuetan dagoen gutxitze hori jaiotze-tasak izan duen jaitsieraren ondorioa da.

 

Euskaraz erdaraz baino gutxiago hitz egiten duten euskaldun zaharrak 2.000 gehiago dira 2001ean 1991n baino. Baina adinaren arabera joera kontrajarriak daude. Izan ere, gehiago dira 50 urtetik gorakoen artean eta gutxiago 50 urte baino gutxiago dituztenen artean.

Euskaraz erdaraz beste edo gehiago hitz egiten duten euskaldun berriak gutxi dira oraindik (%3,2), baina 1991n (9.000) baino 3.000 lagun gehiago dira 2001ean (12.000). Beraz hazkundea oso handia izan da. Hazkundea 50 urtetik beherako adin-taldeetan gertatu da.

Azkenik, aipagarria da euskaraz erdaraz baino gutxiago hitz egiten duten euskaldun berriak hartzen ari diren pisua. Gaur egun 33.000 lagun dira, 1991n baino 19.000 gehiago. Beraz, bikoiztu egin dira hamar urteotan. Gainera, duela hamar urte ez bezala, adin-talde guztietan daude, nahiz eta bereziki 50 urtetik beherako adin-taldeetan.

 

EUSKARAREN ERABILERA ERABILERA-EREMUAREN ARABERA

Familian oro har eta lagunartean euskararen presentzia handiagoa da gaur egun 1991n baino. Baina datuak zehatzago aztertuz gero, berehala ohartuko gara nagusiki euskaraz hitz egiten dutenen portzentajeak seme-alabekin eta lagunartean baino ez duela gora egin. Gainerako eremuetan mantendu egin da edo zertxobait behera egin du. Beraz, benetan hazi dena, euskaraz erdaraz baino gutxiago, hau da, nagusiki erdaraz hitz egiten dutenen portzentajea izan da.

 

Eremu publikoetan, berriz, euskararen erabilerak argi eta garbi egin du gora azken hamar urteotan. Hazkundea eremu guztietan gertatu da, Estatuko administrazioarekin izan ezik. Gainera, familian eta lagunartean ez bezala, bereziki hazi dira nagusiki euskaraz hitz egiten dutenak.

 


EUSKARAREN ERABILERARI BURUZKO JARRERA

 

Eurohiriko biztanleen erdia (%50,4) euskararen erabilera sustatzearen alde dago; hirutik bat (%34,6) ez dago ez alde ez aurka. Gainerako %14,9 aurka agertzen da.

 

 

Gipuzkoan eta Lapurdin emaitzak Eurohirikoen antzekoak dira. Alde daudenen portzentajea zertxobait handiagoa eta aurka daudenena zertxobait txikiagoa da bi guneetan. BAMen, berriz, alde daudenak %24,1 baino ez dira eta beste horrenbeste aurka daudenak (%23,5). Beraz, BAMeko biztanleen erdia (%52,4) ez dago ez alde ez aurka.

 

 

1991ko emaitzekin erkaketa eginez gero, oro har 2001ekoen oso antzekoak dira. Gunearen arabera, baina, badira zenbait gorabehera. Gipuzkoan gora egin du euskararen aldeko jarrerak, Lapurdin zertxobait behera eta BAMen argi eta garbi egin du behera.

 

Adinaren arabera ez dago gorabehera handirik. Euskara sustatzearen alde daudenak erdia inguru dira adin-talde guztietan, ez alde ez aurka agertzen direnen portzentajeak gora egiten du adinak behera egin ahala eta, azkenik, aurka daudenak gutxiago dira zaharrenen eta gazteenen artean.

Jarrera lotuta dago, besteak beste, hizkuntza-gaitasunarekin. Izan ere, euskararen alde daudenak Eurohiriko biztanleen %50,4 badira, elebidunen artean portzentajea %82,4koa da, elebidun hartzaileen artean %49,5, eta erdaldun elebakarren artean %33,5. Aurka agertzen direnak, berriz, %22,9 dira erdaldun elebakarren artean, hamarretik bat (%9,8) elebidun hartzaileen artean eta oso gutxi elebidun artean (%1,6).

ONDORIOAK

Euskal Herri osoko bilakaera soziolinguistikoan nagusi diren joera kontrajarri biak bizi-bizirik dira Eurohirian ere: euskara biziki berreskuratzen ari da hegoaldean baina iparraldean gertatzen ari den galera etengabea da.

Esan berri dugunez, EAEn nagusi den joera berbera da nagusi Eurohiriaren hegoaldean, Gipuzkoan, alegia. Izan ere, elebidunen kopurua indar handiz gehitzen ari da 16 urtetik 24ra bitarteko gazteenen artean; %59 dira jadanik, hau da, lehen hizkuntza euskara dutenak (%29) edo 1991n ziren elebidunak (%30) halako bi. Aldi berean, eguneroko bizitzan euskaraz erdaraz beste edo erdaraz baino gehiago mintzo direnak laurdena baino gehiago dira adin-talde guztietan (herena inguru jada gazteenen artean). Lehen hizkuntzaren bilakaera ere positibotzat har daiteke, 1991n nagusi zen behera egiteko joera kaltegarria geratzea lortu baita.

 

Aitzitik, Eurohiriaren iparraldean, Lapurdin alegia, galera etengabea da nagusi, Iparralde osoan bezalaxe. Izan ere, oso gogoan izan behar da Baionak, Angeluk eta Miarritzek, hau da, Euskal Herri osoko gunerik erdaldunenetakoak, Lapurdin duten pisua. Izan ere, 16tik 24 urtera bitarteko elebidunak 65 urtetik gorakoak baino hiru aldiz gutxiago dira (%7 vs, %24), lehen hizkuntza euskara dutenak baino bi aldiz gutxiago (%7 vs. %17), eta 1991ko elebidunak baino bi aldiz gutxiago. Gainerako adierazleen bilakaera ere, espero zitekeenez, oso negatiboa da bai lehen hizkuntzari dagokionez, baita eguneroko bizitzan hitz egiten den hizkuntzari dagokionez ere.

 

 

Hortaz, hizkuntza-politikaren lehentasunik behinena euskal hiztun berriak irabaztea da Eurohiriaren iparraldean. Horretarako, derrigorrezkoa da, batetik, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten guraso guztiei aukera hori bermatzea eta, bestetik, seme-alaba gazteak dituzten gurasoak Iparraldeko hezkuntza-sistema euskalduntzeak euskararen gaur-geroan izan dezakeen eraginaz sentiberatzea. Horretan, jakina, lagungarria litzateke Iparraldeko herri-aginteek euskarari egun itxuraz baino egiten ez dioten aitortza egiaz egitea. Nolanahi ere, azken urteotako galera hain azkarra izateak bilakaerak atzera bueltarik izan ote dezakeen galdearazten dio bati baino gehiagori, euskarak bizirik irauteko besteko gutxieneko indarrak ere galdu ote dituen kezkaturik.

 

Eurohiriaren hegoaldean, berriz, hiztun berriak irabaz daitezkeela ongi frogatu da azken hogeita hamar urteotan. Erronka nagusia hortaz, ez da, jada, hiztun berriak irabaztea, lortu diren hiztun berri horiei euskaraz egiteko, hots, euren eguneroko bizitzan euskaraz bizitzeko aukerak areagotzea baino. Horretan asmatzen den heinean euskararen familia bidezko transmisioak ere gora egingo du, azken urteotan egin duena baino dezente indar handiagoz.

Laburbilduz, bilakaera soziolinguistikoaren azterketaren ikuspegitik, Eurohiria aparteko gunea da Euskal Herri osoan gertatzen ari diren joera kontrajarri biak berrogeita bi udalerriz osaturiko gune askoz ere txikiagoan gertatzen ari direlako eta gune horretan ongi asmatuz gero, agian, Euskal Herri osoan asmatzeko aukera ere izan dezakegulako.

 

 


 

[1] Aia, Andoain, Astigarraga, Donostia-San Sebastián, Errenteria, Getaria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia, Urnieta, Usurbil eta Zarautz.

[2] Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Miarritze, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Haltsu, Hendaia, Jatsu, Leuntze, Larresoro, Donibane-Lohizune, Senpere, Hiriburu, Sara, Zuraide, Urruña eta Milafranga.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Jon Aizpurua; Xabier Aizpurua
Urtea: 
2003