Donostia-Baiona Eurohiria planaren aurkezpena

Ezberdintasun nabariak daude bi lurraldeen artean. Beti izaten dira ezberdintasunak, baina ezberdintasun horiek oinarri on bat izan daitezke integrazio hori gauzatzerakoan, espezializazio bereizgarri erlatiboak osagarriak direlako. Nolanahi ere, gehiago ere badago: lurralde bakoitzak funtzio ezberdinak bete ditu inplizituki –esplizituki izan ez denean– euren estatuen barruan

Eurohiriari buruzko lurralde-infromazio tresnarik ez dagoenez, Iparraldean eta Hegoaldean eskuratu ahal izan dugun informazio guztia bildu eta aztertu dugu, nahiz eta ez izan informazio hori beti alderagarri eta homogeneoa, eta gainera, hiri-entitate ezberdinei buruzkoa izan

Bestalde, eskuratutako informazioen bidez, eta arduradun tekniko eta politikoekin izandako elkarrizketen bidez, ohartu gara nolabaiteko uste baikorregia dagoela udal-mailan, alegia, “ez gaude horren gaizki» hitzak orain dagoen inertzia mugakidearekin batera, aukerei ihes egiten uzten ari dira. Horrek esan nahi du 600.000 biztanleko hiri-lurralde batek sortu beharreko aukerei ez zaiela etekin ateratzen

Mugaz gaindiko maila ertaineko europar metropolia eraikitzearen egokitasuna ukaezina da

Konurbazio oso populatua da, inguruko beste metropoli handiengandik autonomoa, eta egoera pribilegiatua duena: Pirinioetako istmoetako bat da.

-Lurralde bereziki dinamikoa da, eta bere eragin-eremuak, metropoli izaera duenak, nazioz haraindiko kostalde-korridorea gainditzen du.

-Atlantiar arkuan, eta Bordele eta Bilbo artean, europar mailako metropolia osatzeko gai da.

-Lurralde esanguratsua, enblematikoa da, bere berezitasun kulturalagatik, eta bere ingurunearen kalitate eta ezberdintasunagatik.

mugak gainditzeak dakarren berrikuntzak, espazio-denboraren aldaketa ekarriko duenak, hiri-sistemaren eboluzioa ekarriko du, non metropoli egituratuak geroz eta gehiago nagusituko diren: Eurohiriak maila hori lor dezake, eta “Iparraldean» parte hartzen duen Europako Hegoalde Handian lehiatu, baldin eta proiektu eta barne-antolaketa egokiek berritasunak ekarri eta iragana gainditzen laguntzen badute

Oharra: Artikulu hau Baiona-Donostia Eurohiriaren Liburu Zuriaren txostenaren laburpena da, eta Baiona-Donostia Eurohiriaren Aholkularitza Bulegoak argitaratu du (agency@eurocity.gipuzkoa.net). Eurohiria aurkezten duen beste txostenik ez dugu aurkitu. Hizkuntzaren inguruko gaiez hausnarketa egiteko mintegi bat burutu zen 2002ko maiatzean Donostian eta Baionan; gaiaren inguruan Maria-Jose Azurmendik egindako gogoeta aldizkari honetan bertan duzu.

ABIAPUNTUA: bi lurralde mugakide

Abiapuntutzat bi lurralde errealitate desberdin eta “urruneko» ditugu… nahiz mugakide. Hain gertu eta hain urrun daudenak. Muga tarteko duten bi lurralde, goi-mailako erabaki politiko baten ondorioz (Europa eraikitzeko prozesua), etorkizun “komuna» eta ustez hobea izatera behartuta daudenak. Europar estatu nagusiaren lehen hipotesia da hemen abiapuntutzat hartzen duguna.

Mugakide izatea, beraz, behaztopa bat gehiago da integrazio potentzial hori gauzatzeko, ez funtzionala bakarrik, baizik eta interesena ere bai; behaztopa da erronka komun bat zehazterako orduan. Mugakide izateak iraganeko oztopo gehigarri bat dakar berekin, batzuetan zalantzan jartzen duena –edozein udal-mugek ez bezala– integrazioaren komenigarritasuna bera.

Ezberdintasun nabariak daude bi lurraldeen artean. Beti izaten dira ezberdintasunak, baina ezberdintasun horiek oinarri on bat izan daitezke integrazio hori gauzatzerakoan, espezializazio bereizgarri erlatiboak osagarriak direlako. Nolanahi ere, gehiago ere badago: lurralde bakoitzak funtzio ezberdinak bete ditu inplizituki –esplizituki izan ez denean– euren estatuen barruan.

“IPARRALDEAREN» HEGOALDEA

Frantziako Euskal Herriak periferizazio erlatibo bateranzko joera izan du Frantzia zentralizatuaren barruan. Paristik urrutien dagoen eskualdea da, frantziar herrialde handiaren azken muturrean dagoena. Dena den, “Iparraldearen» Hegoaldean, ez zen aintzakotzat hartzen finisterretik, izatez muga zen hartatik, bestaldera egon zitekeena. Eta hori gogoratzeko ez da oso atzera joan beharrik, ez baita duela askoko kontua.

Mugaren oztopo psikologiko-politiko hori garrantzi handiko behaztopa da, lurraldearen balorazioa egitean. Izango al gara hura gainditzeko gai? Ez da izango, bada, “harantzago dagoenarekin» batera egindako balorazio horren bidez lortu ahal izango duela versant francais delakoak bere burua sendotzea eta Frantziar Estatuarekiko zuen bere lekua balioztatu eta indartzea?

Periferizazio erlatiboa mugaz gaindiko proiektu ororen gordiar korapiloa da. Joera horri aurre egiteko asmoak eta Eurohiria horretarako tresna baliagarritzat hartzeak zentzu zehatza emango lioke Eurohiriari. Hain zuzen ere, europar eraikuntzaren estatu nagusiak botatako ideiak –ideia abstraktu eta generikoa- Eurohiri potentzial horren erakunde eta biztanleen ikuspegitik falta zaiona emango lioke.

“HEGOALDEAREN» IPARRALDEA

Hegoaldea ezaugarri komunak dituen lurralde errealitatea da. Dena den, ezaugarriok ez daude osorik argi eta garbi itsatsita Hegoaldea osatzen duen udalerri multzoan, herrian herriko ezaugarriak berak oso indarturik baitaude berton.

Lurralde zati hori, bere lurralde osoaren gain erabakitzeko gaitasun handiagoa duen entitate batek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, gobernatua da, nahiz eta –beti gertatu ohi den bezala- erabaki horiek beste erakunde maila batzuen erabakiekin uztartu behar diren: Eusko Jaurlaritza eta Espainiar Gobernuarenekin, alegia.

Bestalde, dinamika ekonomiko garrantzitsua duen eremuan dago, nahiz “Hegoaldean» egon haren “Iparra» delarik, Estatu Espainiarraren markoan ekonomia sustatzeko gaitasun handiena duen lurraldea baita. Gipuzkoako lurralde-antolaketa berezi horren barruan, dinamika handiena bailaraz bailara gertatzen da. Bailara horiek antolaketa zatikatu baten muturreko adierazle dira, batez ere Donostiatik kanpo, zerbitzu hiriburutik kanpo, alegia.

Bestalde, “Hegoaldean» ere marjinazio potentzial erlatibo bat ere aurki daiteke, joera gisa Euskal Herri osoaren baitan eman litekeena –kasu honetan, per se-ko kokalekuagatiko periferizazioaren konnotaziorik gabe, Frantziako Euskal Herrian gertatzen den bezala.

Arrazoi ezberdinek eraginda, muga desagertuaren bi alboetako lurraldeetan joera komuna, potentzialki negatiboa, aurkitu ahal izango genuke. Ez al da hori arrazoi nahikoa, kanpotik inposatua ez dena, “elkartu» eta guztiok batera etorkizun ezberdin baten eta potentzialki hobe baten alde egiteko, integrazioak ekar lezakeen bi lurraldeen sendotzean oinarrituz?

Orain, “barrutik begira». Zalantzarik gabe, lurralde paregabea da hau, baldintza komuna duena: kostaldeko korridorea, oztopo menditsu natural horren –Pirinioak, alegia– mendebaldeko igarobide “naturalean» zehar. Morfologia aldetik, sintomatikoa da kostaldearen kota bereizgarria esan geniezaiokeena: 50 kota. Ezinbesteko ariketa egin dugu: berriz marraztu lurralde “berri» osoa. Dena den, lurraldearen osaera bera, eta jarduerak eta etxebizitzak ezartzeko modua ezberdinak dira Iparraldean eta Hegoaldean.

Ezaugarri komun hori da jarduera eta etxebizitzak ezartzeko moduaren arrazoia. Jarduerak eta etxebizitzak kostaldeko plataforman ezarri dira: Hegoaldean, gutxi hedatu dira, apur bat besterik ez dira zabaldu zeharkako estuarioetan zehar; eta Iparraldean, gehixeago ireki dira. Horrek adierazten du lurralde honetan askotariko egoerak aurki daitezkeela, eta itxurazko berdinketa lortzen saiatu ordez, ezberdintasunak azpimarratzen saiatu beharko ginatekeela, aukera modura.

GUZTION ARTEKO DIAGNOSTIKOA. DENA ONDO AL DOA?

Eurohiriari buruzko lurralde-infromazio tresnarik ez dagoenez, Iparraldean eta Hegoaldean eskuratu ahal izan dugun informazio guztia bildu eta aztertu dugu, nahiz eta ez izan informazio hori beti alderagarri eta homogeneoa, eta gainera, hiri-entitate ezberdinei buruzkoa izan. Bestalde, arduradun tekniko eta politikoekin ere hainbat elkarrizketa egin dira, guztion arteko diagnostiko bat itxuratzeko, ahal bada gai kritikoak zehazteko garaian lagunduko duena, eta beraz, horiei erantzuna emateko hainbat proposamen tekniko proposatzen dira.

Guztion arteko diagnostiko hori egiteko, Iparraldearen eta Hegoaldearen konparaziozko koadro bat moldatu da. Bertan, zortzi irizpide jaso dira: datu fisikoak, demografia, ekonomia, enplegua, hiriko azpiegiturak, ikerketa eta goi-mailako hezkuntza, ingurugiroa eta azpiegiturak. Horiek abiapuntutzat hartuta, Eurohiriaren lurraldearen ezaugarri diren elementuak aurreratu dira. Elementu horiek hauek izango lirateke:

  • ·Ingurugiro-aberastasun handiko lurraldea, muga fisiko handiekin hegoaldean, baina ez Iparraldean, non etxebizitza, azpiegitura eta jarduera ekonomikoak garatzeko aukera asko dagoen.
  • ·Aukera ekonomiko asko dituen lurraldea, batetik, ikerketa eta teknologia berriekin zerikusia duen industri sektoreen garrantziagatik, eta bestetik, enpresekin eta pertsonekin zerikusia duen zerbitzu-sektorearen aurrerakadagatik.
  • ·Komunitateko batez bestea parekatzen duen jarduera-maila eta orain batez beste horren parekoa den egiturazko langabezi maila du lurralde honek.
  • ·Hiri-ekipamenduen maila ona, turismo- eta negozio-jardueren ondoriozkoa. Salbuetsi egin behar dira Donostialdeko eta barrualde landatarraren zonalde degradatu batzuk.
  • ·Ikerketari loturiko goi-hezkuntzaren garapen-aukerak, egun ahal baino gutxiago aprobetxatuak, batetik, antolaketa aldetik mugak daudelako, eta bestetik, mugaz gaindiko loturak eskaintzen dituen aukerak –elementu bereizgarri eta balio erantsi gisa- ez direlako aprobetxatzen.
  • ·Ingurugiro-aberastasun handia duen lurraldea da, baina ez du ingurugiro-babeserako eta –gestiorako tresna egokirik.
  • ·Azpiegitura-kontzentrazio handia eta ingurugiro-inpaktu negatiboa duen lurraldea, barnera begira nahikoa azpiegitura duena, baina kanpora begira, gutxi ez ezik batere egokia ez dena. Artikulazio global baten beharra du, intermodalitateari dagokionez: tren-garraioa, itsas garraioa eta airezkoa.

Bestalde, eskuratutako informazioen bidez, eta arduradun tekniko eta politikoekin izandako elkarrizketen bidez, ohartu gara nolabaiteko uste baikorregia dagoela udal-mailan, alegia, “ez gaude horren gaizki» hitzak orain dagoen inertzia mugakidearekin batera, aukerei ihes egiten uzten ari dira. Horrek esan nahi du 600.000 biztanleko hiri-lurralde batek sortu beharreko aukerei ez zaiela etekin ateratzen, eta beraz, Europako metropoli ertain bati dagozkion parametroei ez zaiela etekin ateratzen, azpiegiturei dagokienez, hiri-ekipamenduei dagokienez, zerbitzu publikoen kalitateari dagokionez…, beste europar hiri batzuekin lehian aritu ahal izateko.

Elementu hauetatik abiatuta, hona koadro honetan Eurohiriak dituen aukera eta alde ahulak, lurralde estrategia komuna definitzeko orduan kontuan eduki beharrekoak:

ALDE DUENA

  • ·Pisu demografikoa: 600.000 biztanle.
  • ·Ahalmen ekonomikoa.
  • ·Teknologi berrikuntza eta garapenerako gaitasuna.
  • ·Bizi-kalitatea.
  • ·Kokapen geografikoa.
  • ·Erakargarritasuna.
  • ·Identitate propioa duen lurralde izatea.
  • ·Lurralde ezaguna.
  • ·Osagarritasuna, ezberdintasunetik abiatuta.
  • ·Eurohiriaren efektu biderkatzailea, europar maila ertaineko hiri gisa.

AURKA DUENA

  • ·Historiaren pisua, eta nazioko eta tokiko praktikak.
  • ·Desoreka, ekonomiari eta biztanleriari dagokionez.
  • ·Lurraldearen balioa galtzeko arriskua urbanizazio-presioen ondorioz.
  • ·Nazioarteko trafikoko eremu bat itotzeko arriskua.
  • ·Moteltasuna proiektu komun bat gauzatzean.
  • ·Emaitzazko lehiakortasuna eta disfuntzionaltasunak.

 

MUGAZ GAINDIKO “HIRIA» ERAIKITZEA

Mugaz gaindiko lankidetzak bere emaitzak izan ditu. Nolanahi ere, argi geratu da potentzialki dituen tresna juridikoei ez diela behar adina etekin ateratzen.

Egoera honetan, 1997 urtean Mugaz Gaindiko Behakundea eratzen denean –1993 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta BAB Barrutiaren artean sinatutako hitzarmenaren babesean-, asmoak harantzago doaz. Ordurako BAIONA-DONOSTIA MUGAZ GAINDIKO EUROHIRIA deitzen zaio. Haren atzean, hasiera-hasieratik, “hiri» bat eraikitzeko “ideia» dago.

Abian dagoen mugaz gaindiko lankidetzari emandako erantzuna da errealitate bat agerian jarri duena, eta barrura begira, errealitate hori onarrarazi duena. Errealitate hori Baiona-Donostia konurbazioa da, hiri-sistema euskaldun, atlantiar eta europarrean erreferentziazko metropoli bihurtzeko adina masa kritiko duena. Izan ere, 600.000 biztanle dituen espazio mugadun bakarretakoa da, eta bakarra, muga piriniarrean, nazioz haraindiko korridore batean dagoena.

ZER HIRI MOTAZ ARI GARA?

Sarean antolatutako 600.000 biztanleko europar metropolia. Nola eta zerekin eraikitzen da hori?

Hemen, mugaz gaindiko espazioan “hiriaz» hitz egiten ari garenean, zerbait berriaz ari gara, bere formulaziotik hasita berria den hiriaz. Sarean eratutako hirigune anitzeko metropoli lineal batez ari gara hizketan. Helburua integrazioa da, espazio horretan ezarritako hirigune ezberdinetatik etekin ateratzea –horietaz baliatzea-. Guztiak batera funtzionatzeko aukera –aukera eta erronka batera- hipotetizatzen da, eta hiri-errealitate berri bat osatu nahi da, bere 600.000tik gorako biztanleriarekin batera europar metropoli ertain gisa sailka daitekeena. Ez da, beraz, eta ezingo luke izan gainera, hiri-errealitate jarraitu bat, hiri tradizionalen antzekoa. Bere baitan hainbat hiri eta askotarikoak hartzen ditu, bakoitzak bere berezitasuna, apartekotasuna eta identitate-sentimendua duela, hiri ezberdinak hartzen ditu, batzuetan aurkakoak ere, alboko edo inguruko herrietako hiriguneekin auzo-tentsioak ere badituztenak.

Erronka oso erakargarria da, asmoa gauzatzea zaila dela guztiok aitortzen badugu ere. Zailtasun hori, gainera, ez da mugaz gaindiko espazioen bereizgarri. Metropoli-errealitate guztietan ematen da, toki-entitatea (udala, auzoa) metropoli-errealitatearen aurka jartzen denean, eta hori nahiz eta hura honen parte izan, eta bi mailen arteko osagarritasuna eta sinergia positiboa argi egon. Beste metropoli-errealitate guztiek duten zailtasun komun hori lanen tesi bat izan da. Lan horietan aitortzen da, dena den, mugaz gaindiko espazioetan zailtasun bat gehiago ere gehitu behar dela: integrazioarena. Zirkoan gertatzen den modura, “are zailagoa» da.

Metropoli berria ez da azpiegitura bidez bakarrik eraikitzen, baina, bai atzo, bai gaur, azpiegituratan oinarritzen da; hau da, egitura metropoliar batean, zeinaren arabera multzoa antolatuko den. Eta baieztapen hau metropoli orotan egia bada, are gehiago litekeeneko Eurohiri honetan, izan ere, Eurohiriaren jatorrizko hiriguneak nazioz haraindiko europar korridore garrantzitsu batean daude kokatuta, eta beraz, hura eraikitzeko estrategiak korridore horri emandako irtenbide egokian oinarritu beharko du nahitaez.

EUROHIRIAREN ALDEKO ARRAZOIAK: estrategiak eta helburuak

Mugaz gaindiko maila ertaineko europar metropolia eraikitzearen egokitasuna ukaezina da. Baieztapen hau hiru alderdiren uztarketatik ondorioztatzen da:

Eurohiria errealitate estali bat da:

  • -Konurbazio oso populatua da, inguruko beste metropoli handiengandik autonomoa, eta egoera pribilegiatua duena: Pirinioetako istmoetako bat da.
  • -Lurralde bereziki dinamikoa da, eta bere eragin-eremuak, metropoli izaera duenak, nazioz haraindiko kostalde-korridorea gainditzen du.
  • -Atlantiar arkuan, eta Bordele eta Bilbo artean, europar mailako metropolia osatzeko gai da.
  • -Lurralde esanguratsua, enblematikoa da, bere berezitasun kulturalagatik, eta bere ingurunearen kalitate eta ezberdintasunagatik.

Eurohiria behar bat da... oraindik ez denagatik:

  • -Elkarren artean elkartasun gutxi duten tamaina ezberdinetako hirigune elkarketa bat besterik ez da. Ez da oraindik 600.000 biztanleko aglomerazio bati dagokion baliokide funtzionala, baina hor dago bere ahalmena.
  • -Ez du oraindik behar duen egitura (“metropoliaren» egitura), hurbilketa global bat egiteko abiapuntua izango dena, bere aukerei etekin atera eta bere arazo komunei aurre egiteko balioko diona. Izan ere, arazo horiek Eurohiriaren bidez bakarrik izango dute irtenbide, bere eraikuntzaren bidez, alegia.
  • -Ez du lurralde honek azpiegitura nahikorik, bere egoera geografikoaren errenta historikoak luze iraungo duela ziurtatzeko, eta handik aurrera bere Eurokorridore egoera eta plataforma intermodala sendotzeko (trena, kamioia eta, neurri batean, hegazkina). Espazio periferikoa da oraindik, batez ere Iparraldean –nahiz eta Hegoaldean ere bai, neurri batean-, espazio periferikoa, linea-amaierako egoera zailean.
  • -Ez da oraindik Europako metropoli-sarean dagoen lurraldea, izan ere, europar politikak elkartzen direnen alde egiten dira. Arriskua bikoitza da: batetik, aktiboekin alderatuz atzera geratzea gerta daiteke, eta bestea, mugaz gaindiko lankidetzaren alde egiten duten europar finantza-baliabideak galtzea. Horregatik guztiagatik, eta arrisku horien aurrean, Eurohiria behar da.

Eurohiria aukera bat da:

Kontuan hartuz bere ezaugarriak, guztien arteko ahalegin bateratu eta ausart bat egiten bada, bere “eraikuntza» literalaren bidez, bere ahalmen osoa egia bihur daiteke:

  • -Hirigune anitzeko errealitateak, erdigune anitzeko egitura bihurtzeko aukera duenak, barne-harremanak areagotuz garatzeko aukera eskaintzen du. Batetik, zentroen arteko harremanak –egungo zentroak eta berriak- areagotu beharko lirateke, egun ematen diren harremanak eta berriak, eta bestetik, kanpo-harremanak landu, europar mailako beste polo batzuekikoak.
  • -Bestalde, bere ezberdintasunak –sozioekonomikoak, hirigune-motari dagozkionak, ingurune landa-hiritarrenak eta lurraldean ezartzeko modu ezberdinak- abantaila handi bat besterik ez dira, eta berritzeko eta berrikuntzarako ahalmenaren oinarri, gainera.

Kontuan hartuz partida lurraldetar berria, mugak gainditzeak dakarren berrikuntzak, espazio-denboraren aldaketa ekarriko duenak, hiri-sistemaren eboluzioa ekarriko du, non metropoli egituratuak geroz eta gehiago nagusituko diren: Eurohiriak maila hori lor dezake, eta “Iparraldean» parte hartzen duen Europako Hegoalde Handian lehiatu, baldin eta proiektu eta barne-antolaketa egokiek berritasunak ekarri eta iragana gainditzen laguntzen badute.

Komunitateko orientabide eta araudi berriak kontuan hartuz, Eurohiriak bere alde du guztia, eraikia izateko, eta politika horien lurralde-eredu eta paradigma izateko.

Orain bertan ekin behar zaio asmo honi, printzipio eta ekintza horiek egitateetan gauza daitezen. Izan ere, egin beharreko aldaketa horiek guztiek denbora bat beharko dute heldutasun apur bat lortzeko eta abian jartzeko. Helburu argi eta zehatzen baieztapen ausarta inposatzen da, beharretik eta aukeretatik jaiotzen den uste sendoa erakusten duena.

HELBURUAK, JARDUKETA ILDOAK, EKINTZAK

Hauek dira lurralde honetarako pentsatu diren helburu handi eta berariazkoak, bere aukera eta ezaugarri bereziak kontuan hartuta:

1) Atlantikoko intermodalitatearen, komunikazioaren, eta informazioaren plataforma

2) Erdigune anitzeko sare-metropoli lineala.

3) Metropoli berdea

Helburu horiek gauzatzerakoan, bestalde, tarteko urratsa ezartzea komeniko litzateke, alegia, hiru helburu handi horien eta egin beharreko ekintza horien artean, jarduketa programatiko ororen oinarri. Tarteko maila horri jarduketa-ildo deituko diogu. 10 jarduketa-ildo ezarri dira:

  1. Eurokorridore multimodala
  2. Buru logistikoak
  3. Ekipamendu bikaina
  4. Berezko baterako sinbologia
  5. Metropolia egituratzea
  6. Zerbitzu publiko lehiakorrak
  7. Herri garraioa bultzatzea eta pribatua kontrolatzea
  8. Hiri ingurunea balorizatzea
  9. Ingurugiro bikaina
  10. Jadanik dauden baloreak sustatzea

Lanean 25 ekintzek osatutako zerrenda ere proposatu da:

  1. Abiadura handiko trazaketa
  2. Sistema logistiko berria
  3. Parke industrial logistikoa
  4. Sarean dauden portuen bateratasun logistikoa
  5. Nazioarteko kabotaia
  6. Aireportu izaerako hiria
  7. Informazioaren autobidea
  8. Eurohiriaren azokagunea
  9. Metropoliak jadanik dauden oinarri berezietaz jabetzea
  10. Mugaz gaindiko zerbitzua – Txingudiko uren saneamendua
  11. Txingudi: zentralitate berria
  12. Baterako eskaintza turistikoa eta kulturala artikulatzea
  13.  sinbolo komunak
  14. Oinarriak eta herritarren sentsibilizazioa
  15. Eurohiriaren bide sare berria
  16. 16. Bizkarrezur berdea – metro arina
  17. Hiriko hondakinak tratatzeko instalazioen erabateko sarea
  18. Toki zerbitzu publikoen antolaketa berria
  19. Erabateko eskaintza unibertsitarioa eta hizkuntza baloreen sustapena
  20. Hiriarteko herri garraio sarea eta ibilgailu pribatua erabiltzeko asmoa baztertzeko aparkalekuak
  21. Erabateko osasun eta gizarte segurantzaren eskaintza
  22. Metropoliko ekologia gutuna
  23. Eurohiriaren parkea
  24. Adurreko portu parkea
  25. Pasaia, Irun, eta Baiona. Hiria berritzeko hiru jardun
Eta eurohiriarentzat izan bat...
BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Larraitz Garmendia
Urtea: 
2003