Hizkuntz eskubideen egoera Euskal Herrian, 2002an

2002 urtean Euskararen telefonoa zerbitzuaren bidez jasotako kexen atalean nabaria da osasun arloan gertatzen diren hizkuntz eskubideen urraketen inguruko kexen kopuru handia, bai eta horien izaera larria ere

Hemendik aurrera, Osakidetzak bere zerbitzu publikoa euskaraz emateko gaitzea xede duen edozein plangintzak (Euskararen Legea 1982an onartu zenetik 20 urte pasatu dira eta oraindik Osakidetzak ez du inolako plangintza indarrean sartu) errealitate honetatik abiatu beharko du eta bere gain hartu bertako langileen euskalduntzearen zama eta zailtasuna

Gaztelania hutsezko jakinarazpenak (66/2002, 916/2002) eta zitazio zedulak (928/2002), baina, batez ere, zenbait ertzain etxetan zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera bat bera ere ez izatea (66/2002, 151/2002, 198/2002, 222/2002, 387/2002, 514/2002), edo ordu batez zain egon behar izatea euskaraz deklaratu ahal izateko (855/2002) edota ertzain batzuen jokamoldeak dira alor honetan herritar euskaldunen hizkuntz eskubideen egoeraren larritasunaren frogak

ikusmen arazoak dituzten herritarrak. Herritar horiek, edozein herritarrek bezala, administrazioekin harremanetan, justizia edo osasun arloan, edota kontsumitzaile gisa, eremu pribatuan, euren hizkuntza eskubideen berme falta pairatzen dute maiz

horretaz gain, eremu pertsonalari loturik dauden gabezia latz hauen ondorioak: euskaraz irakurtzeko aukerarik eza (ez baitago euskarazko liburu brailleraturen fondorik), hizkuntza bera ikasi eta hobetzeko zailtasunak (material didaktikorik ez dagoelako), bai eta euskaraz informazioa jasotzeko

preso zegoen herritarrari telefonozko komunikazioa euskaraz egitea ukatu egin zioten

Kexa honetan ageri dena larria da Behatoki honentzat, auzietan dagoena arlo pribatu eta intimoan euskaraz mintzatzeko eskubidea baita

NUPeko ikasleen % 18’87k ongi egiten du euskaraz. Euskaraz zerbait dakitenak ere kontutan hartuta, % 25era iristen da portzentaia. Bestalde, ikasleriaren % 24ak euskaraz zerbait ikasteko nahia adierazi du

egoera honetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen erabilera arautzeko lege proposamen bat aurkeztu berri du

legearen xedea unibertsitateak euskarazko eskaintzarik ia ez ematea eta ematen duena murriztea da

Euskal Herriko administrazio maila guztietan urratzen dira hizkuntza eskubideak

Kasu gehienetan administrazioek beraiek onartutako eta beraien lurraldeetan indarrean dagoen hizkuntz legeria ere ez dute betetzen, legea urratzen dute

Hizkuntz eskubideen urraketa zabal eta sistematikoak euskal hiztunek euren hizkuntz eskubideez duten pertzeptzio subjektiboan du eragina

Oharra: artikulu honetan Behatokiaren 2002. urteko txostenaren atal batzuk aurkezten dira. Arloka egindako azterketa berezituetan, ideia nagusienak biltzen dira. Ondorioak, berriz, txostenean bertan ageri direnak dira, bere horretan[1].

HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIAREN XEDEA ETA JARDUNBIDEAK

Hizkuntz Eskubideen Behatokia fundazioa 2001eko ekainean sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatuta. Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, bermatzera zuzentzen du bere jarduera.

Behatokiak bere xedea erdiesteko jorratzen dituen jardunbide nagusiak hauek dira:

  • · Hizkuntz eskubideen betetze eta urratzearen gaineko errealitatea modu objektiboan hartu: datu zehatzak bildu.
  • · Hizkuntz eskubideen urraketak konpontzen eragiteko asmoz, erakunde publiko zein pribatuen aurrean agertu eta eraginkor jokatu herritar euskaldunak gizarteak eskaintzen dien zerbitzuez beren hizkuntzaz balia ahal izan daitezen.
  • · Euskal Herrian hizkuntz eskubideak zertan diren azaltzeko, urtean bildutako datuak eta bideratutako jardunbideak txosten batean agertu, balorazio jurilinguistikoa eginda eta eskubideen urratze egoera gizarte alorka aztertuta.
  • · Urteko txostena euskal gizarteari, Euskal Herriko administrazioei, Espainiako eta Frantziako estatuei eta nazioarteko erakundeei aurkeztu, euskal hiztunentzako hizkuntz bereizkeriaren berri eman, egoera gizarteratu eta eskubide horiek errespeta daitezen presiobideak jorratzeko.
  • · Hizkuntz eskubideen edukiak zabaldu, ezagutzera eman eta gizartean horien inguruko hausnarketa sustatu.
  • · Orain arteko gizarte joera edo inertziatik itzuri eta hizkuntz eskubideen gutxiespen sozialaren aitzinean, herritar euskaldunak kontzientziatu euskararen presentzia soziala izan dadin euskaldun denon eskakizun eta premia, eta herritar erdaldunak eta erdal gizarte eragileak sentiberatu hizkuntz eskubideen berezko eta oinarrizko izaeraz jabe daitezen.
  • · Hiztun herriaren trinkotzea sustatu. Euskarazko eskaera soziala areagotzea eta egituratzea xede duten ekimenak babestu, lagundu eta sustatu; euskal hiztun herriak dagozkion eskubideak bereganatzeko euskarazko eskaera soziala berretu behar baitu. Behatokiak euskal hiztun herriaren egituratze, barne indartze eta kontzientziatze prozesua lagundu eta horretan erreferentzia izan nahi du.
  • · Hizkuntz eskubideak zaindu eta euskara kanpoko zein barneko zerbitzuetarako erabiltzen eredugarriak diren erakunde publiko zein pribatuak positiboki nabarmendu.

ARLOKAKO AZTERKETA BEREZITUAK

1. Hizkuntz eskubideak osasun arloan Hego Euskal Herrian

2002 urtean Euskararen telefonoa zerbitzuaren bidez jasotako kexen atalean nabaria da osasun arloan gertatzen diren hizkuntz eskubideen urraketen inguruko kexen kopuru handia, bai eta horien izaera larria ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan 36 kexa zuzendu dizkiote herritarrek Osasun Sailari, eta Nafarroako Foru Komunitatean 15 Osasun Departamentuari. Bi administrazioetan, Osasun Saila eta Osasun Departamentua izan dira gobernu autonomikoen administrazio atalen artetik herritarren kexa gehien hartu dituztenak.

Hizkuntz eskubideen bermeari dagokiola, osasun arloaren egoera ez ona izanda, 2002an egoera larriagotu egin dutenak gertatu dira:

Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzak 1800 bat lanpostu oposaketa lehiaketa publiko bidez betetzeko deialdia egin du. Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) horretan mediku (familiako, pediatra, larrialditarako, ospitaleetarako, anbulatorioetarako...), psikologo, odontologo, emagin, erizain, fisioterapeuta, gizarte langile, sukaldari, administrari eta abar, osotara 1800 bat lanpostu betetzeko deialdia egin du Osakidetzak eta lanpostu bakar bati ere ez dio euskarazko hizkuntz eskakizuna atxiki. Hots, lanpostu bakar batean ere ez da eskatuko Euskal autonomia Erkidegoko bi hizkuntzak jakitea. Gaztelania jakitea ezinbestekoa den bitartean, euskara jakitea soilik meritu gisa baloratuko dute, oso modu apalean gainera: oposaketaren puntuaketa osoaren % 5,6. Kontuan izan behar dugu Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1985 Legeak, bere 98.4 artikuluan, derrigorrezko hizkuntz eskakizuna ez zuten lanpostuetan euskara jakiteari puntuazio osoaren % 5 eta % 20 bitarteko merezimendua eman behar zitzaiola ezarri zuela. Beraz, Osakidetzak emandako % 5,6 merezimendu hori Legeak ezarritako gutxienekotik oso gertu dago.

Ondorioz, EPE horren bidez, Osakidetzan hizkuntz eskubideak bermatzeko zegoen egoera ez ona urte askotarako luzatuko da, herritarren hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen dituen egoera betikotuz. Hemendik aurrera, Osakidetzak bere zerbitzu publikoa euskaraz emateko gaitzea xede duen edozein plangintzak (Euskararen Legea 1982an onartu zenetik 20 urte pasatu dira eta oraindik Osakidetzak ez du inolako plangintza indarrean sartu) errealitate honetatik abiatu beharko du eta bere gain hartu bertako langileen euskalduntzearen zama eta zailtasuna.

Nafarroako Foru Komunitatean, 2002 urteko urtarrilaren 25ean 26 ebazpen argitaratu zituen Osasunbideak Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ebazpen horietan Osasunbideak merezimendu lehiaketa bidez bete beharreko 512 lanpostu hornitzeko deialdiak onartu zituen. 512 lanpostu horietatik soilik 18tan zegoen ezarrita euskara jakin beharra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillan zein lanpostu diren euskara jakin beharrekoak (Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleak kanpo direla) eta zer jakite maila behar duten ezarri zuen uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuari jarraikiz.

Aipatu ebazpen edo deialdi horiei gehienei (bai Osakidetzak bai eta Osasunbideak emandakoei) helegitea tarteratu die Behatokiak bai eta beste eragile batzuek ere (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea – UEMAk ere Osakidetzako deialdiak helegin zituen) herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen kontrakoa bihurtzen den egituratze administratibo bat finkatzen baitute eta egun indarrean dagoen legediaren aurkakoak baitira. Finean, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko Administrazioak eskubide horiei erantzun ahal izateko antolatzea ezinbestekoa baita.

2. Euskaldunen hizkuntz eskubideak segurtasun kidegoekiko harremanetan

Puntu honetan, segurtasun kidegoen alorrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokira herritarrek igorritako kexak aztertuko ditugu. Atal hau bereziki aipatzearen arrazoiak hiru dira: (1) batetik, iaz Behatokiak, 2001eko urteko txostenean, 6 kexa bildu zituen segurtasun kidegoen inguruan (Estatuko Polizia Nazionala eta autonomia erkidegoen Ertzaintza eta Foruzaingoa). Aurten jasotako 15 kexek gaia salbuespenekoa ez dela uzten dute agerian.

Bestetik, (2) askotan herritarrek segurtasun kidegoekin izan ohi dituzten harremanen izaera, estatuaren biolentzia monopolioak eta tutela betebeharrak argiki adierazten dutena.

Eta azkenik, (3) 2003 urtearen hasieran gai hau berriro astindu duen gertaera. Hori dela eta, txosten honen oinarria 2002 urteko kexak badira ere, 2003 urtearen hasieran gertatu eta Behatoki honek jaso duen gertaera ere hartuko dugu.

2002 urteko kexei erreparatuz gero: 2 dira Estatuko Polizia Nazionalari herritarrek zuzendutako kexak. Biek izaera larria dute, kasu batean, Gipuzkoan, herritarrari inprimakiak ele bietan eman baina euskaraz betetzeko eskubidea ukatu zioten (39/2002 kexa); beste kasuan, Nafarroan, atxilotutako herritar bati komisalde gian euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu zioten itzultzailerik ez zegoela argudiatuz (381/2002). Bi kasuetan, herritarrak administrazioei euskaraz zuzentzeko legez eta espresuki aitortuta dagoen eskubidea urratu du Polizia Nazionalak.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari herritarrek zuzendu dizkioten 13 kexa jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. 2 kasuk gaztelania hutsean bidalitako jakinarazpena (916/2002) eta prentsa oharra (954/2002) dute zioa. 8 kasutan herritarra da Ertzaintzara jo duena, bai ertzain etxeetara bai kalean zeuden ertzainengana zerbait galdetzera. 3 kasutan ertzainek herritarrei identifikatzeko eskatu diete.

Gaztelania hutsezko jakinarazpenak (66/2002, 916/2002) eta zitazio zedulak (928/2002), baina, batez ere, zenbait ertzain etxetan zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera bat bera ere ez izatea (66/2002, 151/2002, 198/2002, 222/2002, 387/2002, 514/2002), edo ordu batez zain egon behar izatea euskaraz deklaratu ahal izateko (855/2002) edota ertzain batzuen jokamoldeak dira alor honetan herritar euskaldunen hizkuntz eskubideen egoeraren larritasunaren frogak.

Jokamolde horiek herritarren hizkuntz eskubideak urratzeaz gain, indarrean dagoen legedia ere nabarmenki urratzen dute eta, kasu batzuetan, delitu zantzua izan dezaketen egitateen aurrean gaudela pentsatzeko bide ematen dute (928/2002 kexa, adibidez, herritarrak ertzainei zitazio zedula euskaraz hartzeko espresuki eskatu arren, horiek zitazio zedula gaztelania hutsean irakurri zioten).

Marko juridikoez gain, eta hizkuntz eskubideen aldetik noski, herritarrek administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubideari ukaezina deritzogu eta, ondorioz, eskubide horri egokitzeko administrazioen betebeharra ezinbestekoa da.

3. Ikusmen arazoak dituzten herritarren hizkuntz eskubideen egoera

Txosten honetan ageri den bezala, ugariak dira herritar euskaldunek eremu publiko zein pribatuan eta Euskal Herria osoan barrena pairatzen dituzten eskubide urrraketak. Herritarren hizkuntz eskubide urraketa horiek guztiontzat orokorrak izanda ere, zenbait gizarte sektoretan larriagotu egiten dira, sektore batzuk ahulagoak direlako eta beste oinarrizko eskubideen urraketak eta bereizkeria molde ezberdinak ere pairatzen dituztelako haien aukera berdintasuna baldintzatuz.

Horren adibide bat da, hain zuzen ere, urteko txostenaren ataltxo honetan aztergai dugun gizarte sektorea, ikusmen arazoak dituzten herritarrak. Herritar horiek, edozein herritarrek bezala, administrazioekin harremanetan, justizia edo osasun arloan, edota kontsumitzaile gisa, eremu pribatuan, euren hizkuntza eskubideen berme falta pairatzen dute maiz. Baina horretaz gain, eremu pertsonalari loturik dauden gabezia latz hauen ondorioak: euskaraz irakurtzeko aukerarik eza (ez baitago euskarazko liburu brailleraturen fondorik), hizkuntza bera ikasi eta hobetzeko zailtasunak (material didaktikorik ez dagoelako), bai eta euskaraz informazioa jasotzeko edota informatikak eskaintzen dituen aukerez baliatzeko ere.

Orain 20 urte Hego Euskal Herriko hainbat itsuk euskarazko testuak argitaratzeko inprimategi baten beharrra aldarrikatzen hasi ziren. Harez geroztik, urrats batzuk izan dira hura bideratzeko: 1999ko udaberrian Elkar argitaletxeak eta Organización Nacional de Ciegos Españoles - ONCE

erakundeak hitzarmen bat sinatu zuten argitaletxeak liburuen material informatikoa ONCEren esku utziko luke (betetako konpromisoa) eta ONCEk bere inprimategian material hori brailleratu eta liburu fondoa osatuko luke (oraindik bete ez den konpromisoa).

2001ean ONCE eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza hitzarmena jaso zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoan itsuek testuak ahots bilakatzen duten bihurgailua izango dute eskura. Nafarrokoa Foru Komunitatean ez da inolako urratsik eman ez eta Iparraldean ere. Aurrerapausua eman bada ere, itsu euskaldunek oraindik ez dute kultura eta informazioa euskaraz jasotzeko euren eskubidea bermatuta. Hori gauzatzeko, ezinbestez, brailleratutako liburu fondoak eta informazio eskurabideak egon behar dute.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2001 urteko txostenean kexa bat (29/2001) jaso zuen ikusmen arazoak dituzten herritar batek igorria. Kexa hori bera berriz helarazi zioten Behatokiari 2002 urtearen hasieran 17 herritar itsuk. Kexa orokorra zen, gertaera puntual bati ez dagokiola esan nahi dugu, ikusmen arazoak dituzten herritarrek pairatzen duten egoera orokorra baita kexa.

4. Euskaraz mintzatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna Espainiako estatuko espetxeetan

2002ko azaroaren 21ean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Etxerat erakundeak egindako kexa jaso zuen (965/2002). Kexa horren zioa Madrileko Entzutegi Probintzialeko 5. Sekzioak 2002ko Irailaren 17an emandako 2335/2002 Autoa zen: preso zegoen herritar euskaldunak aurkeztutako Kexa Helegitea atzera bota zuena.

Helegite horrek ondoko zio hau zuen oinarri: preso zegoen herritarrak bere komunikazioak interbenituta zeuzkan Botere Judizialeko Lege Organikoaren 51.artikuluaren arabera, baina interbentzio horrek ez du ukatzen presoak bere hizkuntzaz jarduteko duen eskubidea, adierazpen askatasunaren adierazlea dena. Hala ere, preso zegoen herritarrari telefonozko komunikazioa euskaraz egitea ukatu egin zioten.

Kexa honetan ageri dena larria da Behatoki honentzat, auzietan dagoena arlo pribatu eta intimoan euskaraz mintzatzeko eskubidea baita. Hau da, kasu honetan ez gara ari botere publikoekiko harremanak herritarrak aukeraturiko hizkuntzan burutzeko eskubideaz, baizik eta bizitza pribatuan herritarrak berak aukeraturiko hizkuntzan jarduteko eskubideaz. Gizakiak duen esparru intimoaz ari gara. Gogoratu beharra dugu Botere Judizialeko Lege Organikoaren 51.artikuluan jasotzen dela komunikazioen interbentzioak ezin duela ukatu presoak bere hizkuntza propioan jarduteko duen eskubidea. Halaberean, Espetxeen Araudiaren 15 41.1 artikulan, aldizka, ahoz zein idatziz, senide, lagun eta espetxe arloko lankidetzako organismoetako eta erakundeetako ordezkari akreditatuekin haien hizkuntzan komunikatzeko eskubidea onartzen zaie presoei.

Ondorioz, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aipatu kexa eta autoari, euskal herritar askorengan izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta, larrigarri deritze.

5. Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta hizkuntz eskubideak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan herritarren hizkuntz eskubideen egoerari buruz hartu zituen kexek bultzaturik, horren gainean azterketa bat egin, txosten batean azaldu eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen menpeko Gutxiengoen Lantaldeari aurkeztea deliberatu zuen.

Gutxiengoen Lantaldea Genevan bildu zen 2002ko maiatzaren 27tik 30 bitartean. Maiatzaren 27an, gobernuz kanpoko erakundeek euren txostenak aurkezteko saioan aurkeztu zuen Behatokiak Nafarroako Unibertsitate Publikoa - NUPen gaineko ondoko txosten hau.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskaldunen hizkuntz eskubideen kontra daraman politika murriztailea herrialde osoan Nafarroako Gobernuak euskararen, bertako hizkuntzaren, kontra egiten duen gutxiagotze instituzionalaren testuinguruan ulertu beharra dago.

Nafarroako Gobernuak euskararen baztertzea lege bihurtu nahi du Unibertsitate Publikoan bertako hizkuntzaren erabilera mugatuko duen lege baten bidez. Lege horrek unibertsitatearen autonomia urratu ez ezik, herritarrek aitortuak dituzten eskubideen urratze sistematikoa betikotzea ere ekarriko luke.

Bereizkeria egoera hori eta horren kontrako aldarrikapenak isilarazi eta zapaltzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoak erabiltzen duen bide errepresibo, polizial eta bortitza da, hain zuzen ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak txosten honen bidez nazioarteko foruetan azaldu eta salatu nahi duena.

5.1 Estatutuak eta elebitasuna

Nafarroako Gobernuak 1995ean onetsi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoa-NUPen Estatutuak (68/1995 Foru Dekretua). Estatutuetan, Unibertsitatearen printzipio orokorretan (6. artikuluan) ezarri denez: ‘Gaztelania eta euskara dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere egiten dituen hizkuntzak eta beraz, unibertsitario guztiek dute biak jakin eta erabiltzeko eskubidea’.

Honako eskubideok aitortzen dizkiote Estatutuek Unibertsitateko komunitateko partaide guztiei (103.1 artikulua):

a) Unibertsitatearen gobernu erakundeekin Unibertsitateak bere egiten dituen hizkuntzetan harremanak izatea.

b) Unibertsitatetako bileretan Unibertsitateak bere egiten dituen hizkuntzetan hitz egitea.

c) Beren ikerketa lanak Unibertsitateak bere egiten dituen hizkuntzetan

aurkeztu eta argitara ematea.

d) Unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen ikasgaietan irakaskuntzak euskaraz jaso eta eskaintzea, eta lanak, azterketak edo frogak egitea.

5.2 NUPeko ikasleak eta irakasleak

NUPeko ikasleen % 18’87k ongi egiten du euskaraz. Euskaraz zerbait dakitenak ere kontutan hartuta, % 25era iristen da portzentaia. Bestalde, ikasleriaren % 24ak euskaraz zerbait ikasteko nahia adierazi du.

Ageri denez, ikasle euskaldunen kopuruak gorako joera du. Urtez urte, gero eta gehiago dira aurreko irakaskuntza maila guztiak euskaraz egin dituzten eta unibertsitatean ere hala jarraitu nahi duten unibertsitarioak.

1995eko otsailean NUPeko Gobernu Batzordeak ‘Hizkuntza Normalizaziorako Plangintza’ onartu zuen, baina errektore taldea aldatu eta Antonio Pérez Prados jauna errektore izendatuz geroztik, plangintza gelditu zuen, ez zion Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari eman onartu eta aplikatzeko.

1998an Pérez Prados errektore jaunak neurri iragankor batzuk proposatu zituen eta horiek dira egun Nafarroako unibertsitate publikoan euskararen irakaskuntza arautzen dutenak. Neurri horietan, besteak beste, euskarazko irakaskuntza tituluko 18 kreditutara dago mugatuta (Irakasletza edo Magisterioko espezialitateetan izan ezik).

2001ean NUPek bere Plan Estrategikoa, hurrengo urteotako unibertsitatearen nolakotasuna ezartzen duen oinarrizko dokumentua, osatu zuen. Plan horretan euskara guztiz bazterreko edo marjinala da, ikastaro batzuetara mugatua baina irakaskuntza tresnatzat ez hartua. Gainera, NUPen euskarak izanen duen tokia Nafarroako Parlamentuaren erabakiari lotu zuen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, 14 ikasketa eskaintzen dira. Horietako bakar bat, Irakasletza, ikas daiteke euskaraz. NUPek euskaraz eskaintzen dituen kredituen % 87’5 Irakasletza Diplomaturari dagozkio, gainerako titulazio eta osaketa askeko ikasgaietan 59 kreditu, besterik ez. Gainera, urtez urte nabaritzen ari zen gorako joera geldiarazi da oztopoak jarriz, taldeak osatzeko eskatzen diren ikasle ratioak betetzeko zailtasun handiak baitaude. Osotara, unibertsitate osoan eskaintzen diren kredituak kontuan harturik, euskaraz irakasten direnak % 9’65 besterik ez da.

5.3 Lege berriaren proiektua

Euskaldunen eskubideen urraketa eta diskriminazio egoera honetan Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen erabilera arautzeko lege proposamen bat aurkeztu berri du. Lege horren helburua orain artean formalki euskaldunoi aitortu bai baina bete gabeko eskubideak legez ezabatzea da.

Proiektu horren bidez, Nafarroako Gobernuak bere lege proiektuaren hitzaurrean dioenaren guztiz aurkakoa lortzea du helburu. Hitzaurreak euskararen erabileraren inguruan ezarritako xedea euskara eta gaztelania modu integratu eta naturalean bizitzea dela, edota unibertsitateak ikasleen hizkuntza aukera kontuan izan behar duela (nafarrak izan edo ez, euskaldunak edota gazteleradunak) badio ere, benetan legearen xedea unibertsitateak euskarazko eskaintzarik ia ez ematea eta ematen duena murriztea da.

Euskarazko eskaintzari dagokionez legeak honako hau dio:

  • · Euskara garatzeko, Unibertsitateak adar kurrikularrak edo bestelako ikasketak ezarri ahal izango ditu hizkuntza horretan eta beti ere titulu propioak lortzeko (ez du aipatzen, aurrekoan bezala, ikasketak izaera ofizialeko titulu unibertsitarioak lortzeko izango direnik. “Títulos propios�» aipatzen du soilik).
  • · Izaera ofiziala duten titulu unibertsitarioak lortzeko ikasketa planetan, honako hau da Unibertsitateak egin ahal izango duena: aukera askeko ikasgai batzuk euskaraz eskaini.
  • · Unibertsitateak soilik Irakasletza edo Magisterioan ezarri ahal izanen ditu irakaskuntza elebiduneko adarrak, eta hala eskatzen badu euskarazko irakaskuntzaren beharrak.
  • · Ondorioz, desagertu egiten da Irakasletza ez den bestelako ikasketa unibertsitarioak (titulu unibertsitario ofizialak eta estatu osoan balioa izango dutenak) euskaraz jaso ahal izateko aukera eta eskubidea (Euskararen Legeak bai eta Unibertsitatearen Estatutuak gutxienez irekia utzi zutena). Soilik aukera askeko ikasgaiak eman ahal izanen dira euskaraz, Unibertsitateak hala eskainita.

5.4 Egoera larriaren salaketa

NUPen euskaldunek bereizkeria jasaten dute beren ikasketa eta prestakuntza profesionala euskaraz egin ahal izateko, aurreko heziketa maila guztiak egin dituzten bezala. Bertako estatutuek jasotakoari muzin egiten dio Unibertsitateak.

Beste unibertsitateetan ere ez dugu halako erantzun bortitza aurkitu aldarrikapen baketsuen aurrean. Honetakoan, berriz, bestelako herritarrekin izan ohi den jarreraren aldean, bereizkeriaz jokatu dute eta, beraz, Nazio Batuen Erakundearen Declaration on Persons belonging to national, or ethnic, religious and linguistic minorities adierazpenaren 3. artikulua urratu dute, aldarrikapen demokratikoei Espainiako Gobernuko Indarrek modu ez demokratikoz eta diskriminatzailez erantzuten baitiete.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2002 urtean landutako datu guztiak bildu ditu urteko txosten honek. Datuak aurkeztu ditugu, kualitatiboki aztertu eta juridikoki baloratu ere. Hizkuntz eskubideen urratze egoera orokortua ageri zaigu.

ONDORIOAK

Ondoko hauek dira txosten honek bildu dituen datu eta azterketen ondorio nagusiak:

1. 2002 urteko txosten honek 2001 urteko txostenak eman zituen ondorio nagusiak guztiz berretsi ditu. Eta berretsi ez ezik, zenbait alorretako egoera larriagoa gertu ere egin du.
  • o 2001ean Behatokiak 93 kasu baizik ez zituen landu. Halere, kuantitatiboki gutxi izanda ere, oso kasu adierazgarriak ziren eta guztiz baliogarriak egoeraren azterketa egiteko. Txosten honen 3.1 puntuan azaldu bezala, Behatokiak bildutako kasuen azterketa kuantitatiboa baino azterketa kualitatiboa eta erlatibizatua hobesten du.
  • o 2002an, berriz, Behatokiak 1.036 kasu aztertu ditu eta horiek denek bide eman diote aski ongi dokumentatuta dagoen errealitatea xehekiago deskribatu eta baloratzeko.
2. Euskal Herriko herrialde guztietan urratzen dira hizkuntz eskubideak, Iparraldean nola Hegoaldean.
Euskal herrian administrazio batzuek status ofiziala aitortua diote bertako hizkuntza den euskarari, beste batzuek, berriz, ez. Administrazioek bertako hizkuntzari ofizialtasun statusa aitortua izatea eta hizkuntza eskubideak babesteko legedia indarrean egotea, ezinbestekoa bada ere, garbi da ez dela aski. Ofizialtasun teoriko hutsa izan daiteke, eguneroko jardunbideetan herritarrei oinarrizko hizkuntz eskubideak betetzen ez dizkiena. Beraz,
  • o ez dagoenean, ofizialtasuna edo administrazioek bertako hizkuntzari eta herritarren hizkuntz eskubideei legezko babesa ematea ezinbestekoa da eta,
  • o legezko babes hori aitortuta dagoenean, beharrezkoa da babes hori nahikoa izatea eta herritarren hizkuntz eskubideei erabateko bermea emateko politika eraginkorra garatzea.

3. Euskal Herriko administrazio maila guztietan urratzen dira hizkuntza eskubideak:

  • o Espainiako estatuko administrazioak ez du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen koofizialtasuna errespetatzen.
  • - Herritarrei dokumentazioa gaztelania hutsean igortzea jardunbide sistematikoa da, ahozko harremanetan tokiko hizkuntzaz zerbitzua ez ematea bezala.
  • - Estatuko administrazio batzuek ez dituzte herritarrek aurkeztutako euskarazko dokumentuak onartzen.
  • - Egun ezinezkoa da epaiketa bat euskaraz egitea.
  • o Frantziako estatuko administrazioak egunero eta sistematikoki urratzen ditu euskal herritarren hizkuntz eskubideak.
  • o Eusko Jaurlaritzak ondoko hiru alorretan ditu herritarren hizkuntza eskubideen babesaren beltzunerik larrienak:
  • - Osasun arloa: herritarrek hautatu hizkuntzaz zerbitzu ez emateak zerbitzu publikoaren kalitatea bera kalte dezake, eta, beraz, herritarren oinarrizko eskubideak ukitu.
  • - Justizia arloa: Botere Judizialaren menpe dago eta, ondorioz, goian aipatu bezala, Estatuko lege oinarriak direla eta, Botere Judizialak ez ditu herritarren hizkuntz eskubideak bermatzen. Baina Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuordetzaren esku egon daitezkeen hainbat ekintzek –adibidez, jakinarazpenak ele bietan egiteak– agerian uzten dute oinarrizkoa (erabilera idatzia) ere ez dela ziurtatzen.
  • - Herrizaingo arloa: Ertzaintzako kide batzuek agertu dituzten jarrerek berebiziko kezka sortzen dute. Bestalde, euskaraz egin nahi izateagatik herritarrek zerbitzu atzerapenak jasan behar izatea ohikoa dela agerian gelditu da.
  • o Nafarroako Foru Komunitateak sistematikoki urratzen ditu herritarrek euskararekiko dituzten hizkuntz eskubideak.
  • o Herrialdeko Agintaritzan eta toki administrazioetan –udaletan– ere urraketak gertatzen dira. Adibidez, hiri errotulazioa edo seinaletika inguruko kexa asko izan dira eta horiek oinarri-oinarrizko arauak izanda, betetzen errazenak, zenbait alorretan arau ez betetze orokor baten aurrean gaudela pentsatzeko bide ematen dute.

4. Hizkuntz eskubideak urratzea ez da soilik gizakien eta hizkuntz komunitateen arteko ekitatearen printzipio nagusia, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak oinarri duena eta Behatokiak bere egin duena, urratzea. Kasu gehien urratzea. Kasu gehienetan administrazioek beraiek onartutako eta beraien lurraldeetan indarrean dagoen hizkuntz legeria ere ez dute betetzen, legea urratzen dute:

  • o Konstituzioak eta estatu mailako prozedura administratiboko legeak.
  • o Erkidegoetako hizkuntz legediak.
  • o Toki entitateetako ordenantzak.

5. Kasu batzuetan, hizkuntz eskubideaz gain oinarrizko eskubide batzuk ere urratzen zaizkie herritarrei: berdintasunez hartua izateko eskubidea, informazioa hartzeko eskubidea, etab. Bestalde, administrazioaren aldetik delitu zehatzen zantzuak dituzten kasuak ere aurkitu ditugu: bereizkeria, prebarikazioa, etab.

  • o Estatuko administrazio batzuek ez dituzte herritarrek aurkeztutako euskarazko dokumentuak onartzen.
  • o Herritar batzuk gutxietsiak izan ohi dira euskaraz aritzeagatik.
  • o Herritarrek zerbitzu publikoa hartzeko atzerapenak jasan behar izan ohi dituzte zerbitzua euskaraz nahi izanez gero.
  • o Herritar euskaldunek aukera berdintasun eskubidea urratua izan dute.
  • o Epaitegietan euskaraz epaitua izateko eskubidea urratzen da eta, ondorioz, babes judizial eraginkorrerako eskubidea zein defentsa eskubidea urratuak izan daitezke.

6. Estatuz gaindiko arauak ere urratzen dira, adibidez:

  • o Erregioetako edo Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna, Espainiako (1992) eta Frantziako (1999) estatuek sinatua, baina Espainiak bakarrik berretsia (2001). Espainiak Ituna berrestean hartutako gutxieneko konpromisoak ez ditu betetzen.
  • o Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa, Espainiak sinatua eta berretsia (1995). Frantziak ez du sinatu ere egin.

7. Nafarroa Europako kontraeredua.

Nafarroa Europako kontraeredua da bertako hizkuntz gutxiengo baten babesari dagokiola. Nafarroako Gobernuak murrizketak egin ditu legez aitortuta zeuden hizkuntz eskubideetan eta eskubide horiek sistematikoki urratzen dizkie herritarrei:

  • o Nafarroako Gobernuak hizkuntz politika murriztailea garatzen du: eremu publiko instituzionalean euskararen erabilera murriztu ez ezik, zenbait kasutan desagerrarazi ere egin du.
  • o Murrizketek, legeak zedarritutako eremu mistoa eremu ez-euskaldunarekin berdindu dute; eremu euskaldunean gaztelania hutsezko erabilera administratibo-ofiziala ahalbidetu dute.
  • o Murrizketek, lehen ele bietan zegoen inprimakia, dokumentua, errotulua edo webgunea, orain gaztelania hutsean egotea ekarri dute; Administraziotik herritarrak lehen euskaraz jaso zezakeen zerbitzua orain gaztelania hutsean baizik ezin jaso izatea.
  • o Nafarroako Gobernuak ez du betetzen indarrean dagoen legediak ezarritako koofizialtasuna: usua da eremu euskaldunera gaztelania hutsezko dokumentazio ofiziala bidaltzea.
  • o Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikak euskararen erabileraren murrizketa orokorra dakar. Murrizketa antolatua eta planifikatua da, eta LORAFNAn eta Euskararen Legean ezarritako xedeen guztiz kontrakoa.

8. Frantziako Errepublikak gutxiengoen eskubideei dagozkien nazioarteko standarrak betetzeak berebiziko premia du.

  • o Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna sinatu bai baina oraindik ez du berretsi.
  • o Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa ez du sinatu ez eta berretsi ere.
  • o Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena sinatzean gutxiengoen eskubide kulturalak aipatzen dituen 27. artikuluari eginiko oharra kentzea.
  • o Haurren Eskubideei Buruzko Hitzarmena sinatzean gutxiengoen eskubide kulturalak aipatzen dituen 30. artikuluari eginiko oharra kentzea.

9. Hizkuntz eskubideen bermerako mekanismo juridiko administratibo berezitu eta azkarra ezarri beharra dago, gertatutako lege urraketei aurre egin eta haiek zuzentzeko.

  • o Agerian gelditu baita zer tresna edo mekanismo eskasa dagoen ohiko prozedura juridiko administratiboan hizkuntz eskubideen urraketa horiei erantzuteko.

10. Hizkuntz eskubideen urraketa zabal eta sistematikoak euskal hiztunek euren hizkuntz eskubideez duten pertzeptzio subjektiboan du eragina.

  • o Euskal Herrian, euskaldun jendeak luzez bizitutako legezko gutxiagotasun eta menpekotasunak egungo egoera naturalizatzea ekarri du.
  • o Oraindik orain legeari loturik hautematen dute euskaldun gehienek euren hizkuntza erabiltzeko eskubidea. Horrek oinarrizo eskubideen inguruan zalantza eta segurtasun falta dakarzkie herritarrei, bai eta euskara erabiltzeko eskubideez gabeturik egotearen sinistea ere Euskal herriko lurralde gehienean.
  • o Askotan, herritarrek euskaldun gisa oinarrizko eskubideak ukatuak izatea ohikotzat hartzen dute eta, ondorioz, bigarren mailako herritarra izatearen buru hautemate edo autopertzeptzioa bere egiten dute.

 


 

[1] Hizkuntz eskubideen egoera euskal herrian, 2002an txostena, osorik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren web orrian dago eskura: http://www.behatokia.org/ (txostenak).

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Hizkuntz Eskubideen Behatokia
Urtea: 
2003