Euskarazko etiketaren garrantzia kontsumitzaile elkarte baten ikuspegitik

Etiketaiaren alorrean hizkuntza baten erabilera norainokoa den, kasu honetan etiketaian euskararen erabilera norainokoa den jakitea, adierazle garrantzitsua izan daiteke hizkuntza baten osasuna aztertzerakoan.

Etiketek produktuaren hainbat informazio eskaintzen dute. Beraz, ez dira baliagarriak soilik, ezinbestekoak ere badira kontsumitzaileontzat.

Frantziar estatuan etiketa bikoitzarekin ari dira esperimentatzen. Produktu freskoetan aplikatzen da etiketa mota hau. Etiketa bikoitzak, kontsumitzaileari banaketa guneetan produktuaren sorlekua eta salmenta prezioa jakinarazten dio. Honek, kontsumitzaileari erabaki ahalmena ematen dio.

Europar Batasuneko Tratatuko 30. Artikuluak honela diote: «se oponen a que una normativa nacional imponga exclusivamente el empleo de una lengua determinada para el etiquetado de los productos alimenticios, sin prever la posibilidad de que se utilice otra lengua fácilmente inteligible para los compradores...».

Estatu espainarrean, euskarak, galegoak eta katalanak, neurri eta emaitza desberdinekin bada ere, oztopo nagusi batekin aurkitzen dira, Konstituzioaren 3. artikuluarekin hain zuzen. Izan ere, bertan zera adierazten da: “El castellano es la lengua oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla».

Bai Euskarari ekimenari atxikimendua adierazitako ia 500 eragilek bere baitako hartu dituzten konpromezuen artean kanpora begirako informazioari dagokionez zenbait neurri jasoak dituzte. Horien artean, “kanpo harremanetan erabiltzen diren dokumentuak (fakturak, albaranak, tiketak, etiketa txikiak, etab) euskaraz prestatu» dioena

Urrats horiek balio izan behar dute euskaldunon eskubideak urratuak izan ez daitezen eta euskarak ere gaztelaniak jasotzen duen tratamendu berdina izan dezan. Izan ere, euskara gaztelaniaren azpitik dago hainbat alorretan eta euskaldunoi egunero euskaraz bizi ahal izateko eskubidea behin eta berriro urratzen zaigu.

zalantzan jartzen dugu jasotzen den informazioaren kalitatea, alderatu gabekoa delako, informazio horrek elementu kutsatzaileak dituelako eta gure hizkuntzan ematen ez digutelako. Izan ere, botere gune horientzat globalizazioaren baitan, txikia dena ez da existitzen.

Sarrera

Azken urte eta hilabeteotan Europa osoan zehar elikagaiekin gertatzen ari direnak ikusi eta entzunda gero garrantzia handiagoa hartzen ari da kontsumitzaileok informatuak izateko dugun eskubidea behar bezala bermatzea. Informatuak bai, baina ongi informatuak, egiazko eta informazio osoa jasoz. Hori dela eta, EKAk beti eman izan dio berebiziko garrantzia kontsumitzaileok jasotzen dugun informazioari. Eta gaurko artikulu honen mamiari helduz, etiketaiari, eta zuzenago esanaz, euskaraz egindako edo egiten ez den euskarazko etiketaiari. Izan ere, eta tamalez, egun oraindik gure hizkuntzaren egoera arlo honetan oso kaxkarra da.

Artikulu honi heltzerakoan garbi geneukan zenbait datu jasotzea ezinbestekoa zela egungo egoerari hurbilpen egokiago bat egin ahal izateko eta ondorioak eta aurrera begirako urratsak nondik bideratu behar diren azaltzeko. Halere, instituzio publikoen aldetik beste zenbait arlotan urtero azterketak eta datuak jasotzen badira ere , egundaino ez da arlo honetan inolako bilketa sistematikorik martxan jarri eta beraz, azterketa zehatzen faltan zenbait hausnarketa eta EKAren iritzi apala baino ez dugu islatzen artikulu honetan.

Non gauden eta nola gauden ezagutu gabe etorkizunari begirako ikuspegia hankamotz geratzen zaigu. Halere, arlo honek duen garrantziagatik zenbait iradokizun, hausnarketa eta gogoeta luzatuko dugu. Etiketaiaren alorrean hizkuntza baten erabilera norainokoa den, kasu honetan etiketaian euskararen erabilera norainokoa den jakitea, adierazle garrantzitsua izan daiteke hizkuntza baten osasuna aztertzerakoan. Izan ere, etiketaiaren alorrari ez zaio behar bezalako garrantziarik eskaini eta azken urteotan gertatzen ari direnak ikusita orain ari gara etiketaiaren benetako garrantziaz kontzientzia hartzen.

Etiketaiaren garrantziaz bai, ari gara kontzientziatzen baina euskaldun kontsumitzaileok egiazki jabetzen ahal gara etiketa horiek gure hizkuntzan jasotzeak duen garrantziaz. Ezezkoan gaude.

Ez da, ordea, artikulu honen xedea etsipena zabaltzea inolaz ere eta errealitatea beti gordina bada ere, bada azken urteotan eman diren zenbait urratsen ondorioz itxaropenerako motiborik. Bai Euskarari ekimenak, eta aste gutxi direla Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena ekimenak ere bide hori jorratzen dihardutenez, eta jaso dituzten atxikimenduak ikusita, arlo honetan ere zenbait aurrerapausu ematen dihardugunaren seinale garbiak dira.

Merkatuaren kontrola eta konpetentzia

Lehenegoak, merkatuaren kontinenteari dagokio, alegia kalitatea, argitasuna, egokiera, legaltasuna eta eskaintzen diren produktuen segurtasunari; bigarrenak, berriz, edukiari dagokio, produktuen inplikazio sozialak, non egiten den, nola egiten den, nola eta nolakoa egiten den, zein baldintzetan eta zein informazio emanaz....

Artikulu honi dagokionez, bigarren atalari egingo diogu kasu nahiz eta lehen aipaturiko bi arloak elkarlotura zuzena izan. Eta are gehiago, egungo kontsumo fenomenoa merkatuaren globalizazioarekin loturik ulertzen badugu.

Horrela, merkatuaren kontinenteari helduko diogu lehendabizi. Dakigunez, globalizazioa deitzen den hori, modu erraz batean esanda, merkatal trukearen internazionalizatzea baino ez da. Hau da, ondasun, kapital eta merkantzien internazionalizazioa. Hitz batean esanda, Euskal Herrian kontsumitzen ditugun produktu eta merkantziak Malasia edo Mexikon ekoiztuta, Paris edo Hon-Kong-en dauden enpresen bitartez banatuta eta Alikanten egon daitekeen ezein enpresa multinazionalaren bitartez merkaturatuta iristen dira guregana. Era berean, fabrikazio prozesu bera internazionalizatu egin da, ez da arraroa beraz, produktuaren ezaugarriei buruzko etiketak herrialde batean egitea, ontziak beste batean, eta publizitate kanpaina nazioarteko «consulting» delako bati pretatzeko agintzea. Merkatua beraz, globalizatu egin da, merkatal trukaketak modu argian zabaldu dira, eta mugen oztopoak eta «lege protekzionistak» dagoeneko iraganeko kontuak dira.

Horrela, zera esan dezakegu, merkatua bere erara dabilela. Hau oraindik garbiago ikusten dugu europar eraikuntza prozesuan, aspaldi ezabatu baitziren produktuentzako barrera eta arantzelak, paraleloki zenbait neurri legislatibo hartu ziren merkatu bakarra deritzonari egokitu ahal izateko.

Euskal Herrian, beranduago bada ere, hainbat urtetan franquismoaren eraginez mundutik at bizi izan bagara ere, globalizazioa bertan dugu. Ekonomiaren liberalizazio prozesuak, interes orokorreko zerbitzuen pribatizazioa ekarri du gordinki -hidrokarburoak, telekomunikazioak, elektrizitatea,...- nazioarteko operadoreen sarrera ahalbideratu duelarik.

Hori dela eta, eta ekonomia internazionalizatzen ari dela esaten ari baldin bagara, logikoa da pentsatzea kontsumitzaile elkarteok ere termino globaletan aritu edo beste era egoki bateagoan esanda: «termino globaletan pentsatu, eta maila lokalean eragin» behar dugula.

Globalizazioak bere eragin positiboa izan dezake, izan ere, merkatuan konpetentzia gehiago ekar baitezake, eta konpetentzia honek produktuen eta merkantzien kalitate terminoetan onurak ekar ditzake, eta prezioen aldetik ere igarri beharko litzateke, izan ere, kontsumitzaileok eskaintza handiagotzean aukeratzeko ahalmen handiagoa izango dugu, eta beraz, prezioetan eragin genezake.

Globalizazioak, noski, desabantailak eta arriskuak ere baditu. Horietako bat ekonomia gero eta ezezagunagoa eta konplexuagoa dela eta beraz kontrolatzen zailagoa. Erantzukizunak, berriz, gero eta ilunago daude eta globalizazioaren defentsarako argumentuak oso dira boteretsuak, garatu gabeko herrialdeetan gehienbat. Horrek gintariengan nabarmen eragiten du.

Hori dela eta, kontsumitzaile elkarteok orainartekoa baino erantzukizun handiagoa hartu behar dugu, ekimenak berriak abian jarriaz eta merkatuaren etengabeko gosea geldiaraziko duten proposamenak luzatuz, produktuen kontrol handiagoa izan dezagun.

Etiketaren garrantzia

Egun produktuen ezaugarriei buruzko zuzeneko informazioa jasotzeko bideetako bat etiketak dira. Garrantzitsua da etiketak eta barra kodigoa bereiztea, ezberdinak baitira. Kode horiek merkatal informazioa baino ez dute eskaintzen, fabrikatzailearentzat soilik dena baliagarria.

Etiketek produktuaren hainbat informazio eskaintzen dute. Beraz, ez dira baliagarriak soilik, ezinbestekoak ere badira kontsumitzaileontzat. Pentsa dezagun adibide hauetan, drogeria produktuetan adibidez, detergenteak, lixibak... Kasu hauetan, etiketek produktu horren osaketa kimikoaren informazioa eskaintzen digute, toxizidade graduak eta zenbait prebentzio informazio erabilera egokia egin ahal izateko. Baina zein hizkuntzatan eskaintzen zaigu informazio arriskutsu guzti hori?

Elikagaien kasuan, etiketek produktuaren iraungitze data eta nutrizio ezaugarriei buruzko berri ematen digute, kaloriak eta osaketa. Dena den, produktuen etiketaia legez derrigorrezkoa bada ere, ez du produktuen egokitasuna bermatzen eta ez dio inolaz ere kontsumitzaileari erosten ari denari buruzko informazio osoa eskaintzen eta gehienetan ez dago honek nahi duen hizkuntzan.

Frantziar estatuan etiketa bikoitzarekin ari dira esperimentatzen. Produktu freskoetan aplikatzen da etiketa mota hau. Etiketa bikoitzak, kontsumitzaileari banaketa guneetan produktuaren sorlekua eta salmenta prezioa jakinarazten dio. Honek, kontsumitzaileari erabaki ahalmena ematen dio.

Sarri entzun ohi dugu informazioa boterea dela, eta gu ados egon gaude esaldi honekin. Alegia informazioa zenbat eta osoagoa izan kontsumitzaileoi erosketak edota ezein merkatal salerosketa egiteko erabaki ahalmena handitzen zaigula. Azken finean, merkatuaren joeran zertxobait eragin dezakegu. Hau da, kontsumitzaileak eskaria eta eskaintzaren norabidea baldintza dezake.

Egia da oraindik ere eskaintzaren -merkatua- eta eskariaren -kontsumitzaileak- artean etena handia dela. Konstatazio honek, ordea, ezin gaitzake etsipen edo utzipenera bultzatu inola ere azken finean, horrela indartsuenak garaile irtengo dira. Horrela, betiko etiketaz ari garela, zenbait iniziatiba sortzen ari dira merkatua gero eta argiagoa izan dadin eta kontsumitzailea informatuago egon dadin. Hor kokatzen da etiketa solidarioa edo soziala.

Egungo legedia

Europako marko legalari erreparatuz, hona hemen bi aipamen interesgarri: “Eskualdeko edo Gutxiengoen hizkuntza alor publikoan nahiz pribatuan erabiltzeko eskubidea bazterrezina da» (Europako Kontseiluaren Kartaren Hitzaurrea) eta “gutxituengoen hizkuntzak kontsumitzaileen informaziorako eta produktuen etiketazioan erabiltzea» zain dezaten Europako Komunitateak (…) partaide diren estatuei luzatzen dien gomendioa. Zalantzazkoa, dudarik gabe, gomendio gisa emaniko hauek aplikazioarik izango duten. Aipaturikoak baliagarriak izan arren, bestelakoak izan beharko dira eman beharreko pausuak hizkuntza ez normalizatuen egoera alda dadin. Instituzio publikoen erantzukizuna da hizkuntza minorizatuek etiketaian lekua izan dezaten bidea erraztea. Instituzio publikoen lana da, halaber, hizkuntzak egoera minorizatutik ateratzea, horretarako behar diren arautegiak onartuz, eta bide batez hizkuntzaren normalizazioari begira hartzen diren neurri guztiak lagunduz: euskarazko etiketak kaleratzen dituzten enpresei lagunduz…

Europar Elkarteko 79/112 Direktibaren 14. artikuluan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa eta informazio eskubidea bermatzearren zera jasotzen du: «el etiquetado deberá figurar en una lengua fácilmente inteligible, que, por norma general, será la lengua o las lenguas oficiales del país de comercialización».

Era berean, Europar Elkarteko Epaitegiak 79/112 direktibaren 14. artikuluaren eta Europar Batasuneko Tratatuko 30. Artikuluak honela diote: «se oponen a que una normativa nacional imponga exclusivamente el empleo de una lengua determinada para el etiquetado de los productos alimenticios, sin prever la posibilidad de que se utilice otra lengua fácilmente inteligible para los compradores...».

Ondoren jasotzen diren aipamen hauek, duela zenbait urte Donostian egin ziren publizitatea eta hizkuntza ez normalizatuei buruzko kongresu batean Iñígo Urrutia abokatuak, jardunaldi hauek zirela eta argitaratu zen liburutik jasoak dira.

«Lurralde bateko hizkuntza propioari legeetan eta gizarte praxian lehentasuna zor bazaio ere, gaur egun Espainia eta Frantziako estatuetan subordinazioaren printzipioa da nagusi.

Autonomia Elkartean, euskara ofiziala da, baina gaztelaniarekin batera; gaztelaniari estatu mailan lurraldetasunezko irizpidea ematen zaion bitartean. Nafarroan, zenbait zonaldetan, euskara ofiziala da, baina gaztelaniarekin batera, eta beste zonalde batzuetann euskarak ez du inolako babes legalik. Gauza bera gertatzen da Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du inolako babes legalik.

Euskarak ez du Euskal Herrian, egundaino bere normalkuntza bidera dezakeen marko legal egokirik, egungo marko eta politikarekin ez dago hizkuntzen arteko desberdintasunak zuzentzerik.

EAEn, Euskararen Normalizaziorako Legeak 10/1982ko 5.2 artikuluan jasotzen duenaren arabera herritarrok: “ euskaraz informatua izateko eskubidea» dugu.

Euskaraz informatuak izateko eskubidea, esan bezala, gauzatua izan dadin, Euskararen Legeak, botere publikoei agindu zuzena ematen die. Botere publikoek dute beraz, eskubidea gauzatzeko beharra, edo beste modu batean esanda, euskaraz informatzeko beharra, “era zuzenean edo zeharkako modu batez, subentzioak bideratuz edo laguntzak emanez lan hori bere gain hartzen duten pertsona edo entitate pribatuei».

Kontsumoari buruzko legeak, EAEko kontsumitzaileek Legeak kontsumitzaileari aitortzen dion eskubideetako bat informatua izateko eskubidea edo informazioa jasotzeko eskubidea dugu.

Euskaraz informazioa jasotzeko eskubidea, euskaldun kontsumitzaileen eskubide subjetiboa eta pribatua da, beraz, eskubidearen defentsa euskaldun hiritarrei edota kontsumitzaileen elkarteoi dagokigu.

Etiketaiari dagokionez, orokorrean esan daiteke, estatuari dagokiola gaia arautzea, Autonomi Elkarteei dagozkien konpetentzien kaltetan gabe. Beraz, estatuak estatu mailako zabalkundea duten produktu mota batzuetako etiketaia arautu ahal izango du, baina bestetik, Euskal Herriko kontsumitzaileek, Euskal Herriko hizkuntza propioan informazioa jasotzeko eskubidea dute, eta autonomi elkarteko botere publikoek eskubide hori gauzatzearen gainean behar dute egon, euskaraz informatuak izateko eskubidea babestuz».

Kontsumitzaile-herritarrok ere badugu zeresanik etiketaian hizkuntzaren (euskararen) normalizazioa bideratzerakoan. Hautua egin dezakegu, eta beraz euskaldunok euskaraz etiketatuak eskaintzen dizkiguten produktuak erosteko ahalmena badugu, beraz aukera horretaz baliatu gaitezke, euskarazko etiketaia non informazioa modu ulerterrezean emango den, gaztelerari esparruak irabazten joateko.

Beste estaturik gabeko herrialdeetan bezala, EAEn eta Nafarroan kontsumitzen diren produktu gehienetako etiketak gaztelera hutsean agertzen dira. Halere, bertakoak diren enpresak eta zenbait ekimenei esker aurrerapausuak eman dira. Atzerrikoak diren enpresen artean oso urria da euskarazko etiketa erabiltzen dutenak eta hauei begira kontzientziazio kanpainak ez ezik presio bideak ere jorratu beharko lirateke. Bertako enpresen artean gero eta erabiliagoa da gure hizkuntza.

1978ko Espainiar Konstituzioak katalana, galegoa eta euskararen ofizialtasuna baimendu zuen beren lurralde historikoetan eta Estatuari ezarri zion bere barne-aniztasun linguistikoa errespetatu eta babesteko agindua.

Egun hainbat legedi eta arau izanik ere, estaturik gabeko hizkuntzek zailtasun ugarirekin dute normalizaziora iristeko. Estatu espainarrean, euskarak, galegoak eta katalanak, neurri eta emaitza desberdinekin bada ere, oztopo nagusi batekin aurkitzen dira, Konstituzioaren 3. artikuluarekin hain zuzen. Izan ere, bertan zera adierazten da: “El castellano es la lengua oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla».

Euskaldunon ezetz esan genion konstituzio horri, eta gure elkarte autonomoetarako araudi propioak baditugu ere, bai EAEn zein Nafarroan, azken erabakia gure eskuetatik kanpo dago.

Adibide bat

Etikataiaz ari garela, garbi dago herritarrei eman beharreko informazioaz ari garela, eta zentzu honetan zenbait adibide aipatzeak egun administrazio ezberdinek, kasu honetan Estatuko administrazioak, informazioa ematerakoan hizkuntza gutxituekiko (euskara, katalana eta galegoa) duen begirune eza erakusten digu.

1850eko urtarrilaren 1ean emititu zen Espainiako lehen posta zigilu modernoa. Orduz gero, Espainiak guztira 3.612 zigilu emititu ditu eta horietatik 19k izan dute katalanezko testuren bat (ehuneko 0,52), 7k izan dute galegozko testuren bat (ehuneko 0,19) eta 4k bakarrik izan dute euskarazko testuren bat (ehuneko 0,19).

Espainiaren jokabide honek, munduko estatu eleanitz ugarik dutenarekin egiten du topo, zeinek erakutsi baitute zigiluetan beren barneko hizkuntza aniztasuna eta horrela sustatu dute beren mugen barruan nahiz kanpoan hori unibertsal egiteko nahia. Europan, ongi ezaguna da Belgikako kasua (honek erregularki emititzen ditu seiluak frantsesez, neerlanderaz eta alemanez). Finlandiakoa (finlandieraz eta suedieraz emititzen ditu), Irlandakoa (gaelikoz eta ingelesez emititzen ditu) eta Suitzakoa (alemanez, frantsesez, italieraz eta erromantxez emititzen ditu).

Bai Euskarari eta Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena

Bi ekimen hauen arrakasta ikusita artikuluaren hasieran esan bezala, itxaropenerako motiborik bada, gauden tokian gaudela jakinda.

Bai Euskarari ekimenari atxikimendua adierazitako ia 500 eragilek bere baitako hartu dituzten konpromezuen artean kanpora begirako informazioari dagokionez zenbait neurri jasoak dituzte. Horien artean, “kanpo harremanetan erabiltzen diren dokumentuak (fakturak, albaranak, tiketak, etiketa txikiak, etab) euskaraz prestatu» dioena.

“Enpresak produktu propiorik baldin badu, etiketetan euskara erabili».

Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenean zera jasotzen da: “hornitzaileei, idatziz zein ahozko harremanak euskaraz izatea eskatzeaz gain, hornitzaile hauek kaleratzen duten publizitatea, makinetako errotuluak edo eta botiletako mezuak ere euskaraz izan daitezen aldarrikatzeko konpromisoa hartuko dute».

Ekimen hau ostalaritza munduan sartuta dagoen orori zuzendua badago ere, helburua “euskara guztion eguneroko tresna bihurtzea da». Beraz, hornitzaileekin sortzen diren harremanak alor ezberdinetan euskararen erabilera ziurtatzea da.

Helburu horrekin, 45 elkarte, enpresa eta UEMA osatzen duten 42 udalek sinatu dute dagoeneko Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena.

EKAren iritzia

Botere publikoek kontsumitzaileen defentsa eta babesean duten ardura politiko nahikoa berria da. Kontsumitzaileen eskubideen lehendabiziko aldarrikapena J.F Kennedyk, Estatu Batuetako presidenteak, egin zuen Kongresuan 1962an. Aurrerago, 1973an, Europako Kontseiluak bergauza egin zuen zuen, eta bi urte beranduago Europar Ekonomi Elkarteak.

Euskal Autonomi Erkidegoak konpetentzia guztiak ditu kontsumitzaileen eskubideen defentsa alorrean, Gernikako Estatutuaren 10. artikuluan (27-28 atalak) jasotzen denez. Konpetentzia hauek oinarri hartuz, 1981ean Euskal Kontsumitzaileen Estatutu-Legea onartu zen.

Bertan ondorengo eskubideak bermatu eta aitortzen dira: osasunerako eta herritarren segurtasunerako eskubidea, informazio eta hezkuntzarako eskubidea, kontsumitzaileen interes ekonomikoen babes eskubidea, kontsumitzaile eta erabiltzaile elkarteak sortzeko eskubidea eta eragiten dien alorretan iritzia entzuteko eskubidea, babes juridikoa jasotzeko eskubidea eta kalte-ordainak jasotzekoa.

Kontsumitzaileen Estatutu Legea onartu zenetik hogei urte pasa direnean, (aintzindaria estatu mailan, eta beste zenbait Erkidego Autonomok eredu gisa hartu dutena), egin beharreko lehen balantzea positiboa izan daiteke, zenbait alorretan benetako garapena eman baita. Dena den, oraindik bada zenbait hutsune eta alor ugaritan aurrerapausu handiak eman beharrean da. Horien artean dago bat gaurko artikuluaren gaia, hau da, produktuen euskarazko etiketaia. Kontutan izan behar dugu, halaber, egun kontsumitzaile eta merkatuaren arteko erlazioak gero eta korapilatsuagoak direla, eta teknologia berriak ere sekulako indarraz sartu direla gure bizitzan.

Hori dela eta, informaziorako dugun eskubidea garrantzitsua da oso. Euskadiko Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial ditugu, euskara eta gaztelania, beraz, herritarrok kontsumitzaile gisa eskubide osoa dugu jasotzen dugun informazioa bi hizkuntzetan jasotzeko.

EAEn, herritar guztietatik, %30ak lehen hizkuntza gisa euskara baldin badu, normalizaziorako urrats nabarmenak eman behar dira. Urrats horiek balio izan behar dute euskaldunon eskubideak urratuak izan ez daitezen eta euskarak ere gaztelaniak jasotzen duen tratamendu berdina izan dezan. Izan ere, euskara gaztelaniaren azpitik dago hainbat alorretan eta euskaldunoi egunero euskaraz bizi ahal izateko eskubidea behin eta berriro urratzen zaigu. Horrela, eta informazioaren eskubideari gagozkiolarik, produktuen etiketaia, argitalpenak, komunikabideak, unibertsitatea, justizia eta beste hainbat alorretan euskaraz jarduteko eskubidea derrigor bermatu behar da, are gehiago kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen zainketaz ari garenean.

Kataluniako Kontsumitzaileen Estatutuak, hemengoa baino berantagoa, katalandar kontsumitzaileen hizkuntza eskubidea jasotzen du (Capitol IV, art. 26, 27 eta 28) Autonomi Estatutuak dioenarekin lotura eginez (art. 3.3). Are gehiago, erakunde eta kontsumitzaileen babesa Institut Catalán de Consumo erakundea –Autonomia Erkidegoan ez dugu horrelakorik, Galizian, berriz, bai- eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren ardura dela zehazten du.

EAEn dagoen Autonomi Estatutuaren 6. artikuluak, hizkuntz eskubideak jasotzen ditu, 10/82 Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak. Europa mailan, berriz, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak eskubide horiek aipatzen ditu eta Kontsumitzaileen Estatutuak berak ere jasotzen ditu.

Kontsumoaz ari garenean ezin gara erosketa boltsa, oinetakoak, edo bestelako oinarrizko produktuen erosketara mugatu. Kontsumoak komunikazio harreman sare bat sortzen du, norbanakoa eta gizartea batetik eta produktu, zerbitzu nahiz ekoizpen material guztiak (informazioak) bestetik.

Kontsumoa, kultura, hezkuntza, informazioa... da, eta informazio honek gizakiok harreman sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalen eremuan gure burua txertatu eta garatzeko ezinbestekoa zaizkigun argibideak ematen dizkigu.

Horrela, kontsumoa eta informazioa gizakiok errealitateaz dugun ezagutzarekin elkarloturik agertzen zaizkigu. Jasotzen dugun informazioaren kalitatea eta berau igortzeko erabiltzen den hizkuntza ezinbesteko oinarriak dira giza garapen egokia lortzeko

Kontsumitzaileak egungo gizartean jasotzen duen informazio uholde hau, globalizazioaren ondorioz, botere gune handien eta produktuen nazioarteko banatzaileak nahiz hauen sukurtsaletatik igarotzen da. Horregatik, zalantzan jartzen dugu jasotzen den informazioaren kalitatea, alderatu gabekoa delako, informazio horrek elementu kutsatzaileak dituelako eta gure hizkuntzan ematen ez digutelako. Izan ere, botere gune horientzat globalizazioaren baitan, txikia dena ez da existitzen.

Euskal gizartea ez da aldaketa hauetatik at bizi, eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aitortzen baditugu ere, deszentralizazio maila handiagoak behar ditugu. Horregatik, behar beharrezkoa da bi ezaugarriak, mundiala eta lokala integratzea, ahalik eta modu orekatuenean, noski.

Gero eta kontzienteago gara munduko herritarrak garela, baina herrien arteko solidaritate eta garapen bidetik joan behar dugu. Datorkigun unibertsalizazio kultural eta ekonomikoak ezin ditu nazio mailako identitatearen aldeko erreakzio sozialak galarazi.

Herri bakoitzaren kultura, hizkuntza eta baloreak ez dira soilik errespetatu beharrekoak, bultzatu egin behar dira, kolektibitatearen aberasgarri izango direlako.

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Joseba Zinkunegi
Urtea: 
2001