Polítiques lingüistiques a paísos plurilinqües (Generalitat de Catalunya). Liburua

Polítiques lingüístiques a països plurilingües (1999) Bartzelona. Geralitat de Catalunya. Publicacions de l´ISC.

Oraingoan aipagai dugun lan hau 1999ko ekainan argitaratu baldin bazen ere, 1998an izen bereko hitzaldi sorta baterako prestatutako lanen bilduma da. Polítiques lingüístiques a països plurilingües izeneko hitzaldi sorta Kataluniako hizkuntza normalkuntza teknikariei zuzendurik zegoen. Izan ere, 1998an onartutako hizkuntza politika legeak katalanaren normalkuntzarako legediarekin urrats garrantzitsua emateaz gain, katalanaren egoera eta helburuei buruzko ikuspegi aldaketa garrantzitsua ekarri zuen. Lege horren baitan katalaneraz bertakoek duten ikuspegiaren aldaketa ikus daiteke.

Katalanera jada ez dute hizkuntza gutxiagotuen multzoan ikusten, erdi-mailako herrialdeenean baizik. Gogora horixe bera zela Sebastiá Serranok zuzendutako gogoeta taldearen ondorio nagusietako bat, alegia, Kataluniako biztanleen hizkuntza eskubideen erreferentzia Danimarka edo Holanda bezalako herrietako hiztunen eskubideen betetze mailaren pare jartzen zela (BAT 32).

Kezka horren ildotik sortu ziren jardunaldi hauek eta bertan erdi-mailakoak eta eleanitzak diren herrien normalkuntza esperientziak eta ezaugarriak jorratu nahi izan ziren, hala nola: Beljika, Iparraldeko herriak, Israel, Gales, Hungaria, Frantzia, Suitzakoak.

Bildumaren sarrera Lluis Jouk, hizkuntza politikako zuzendari nagusiak, idatzia da eta gaiaren kokapena, berriz, Miquell Strubellek, zuzendaritzako teknikari buruak. Lehenak katalaneraren erreferentzia berriak daniera, suomiera, txekiera, hungariera, grekera direla azpimarratzen digu. Horrekin batera, ordea, katalanarentzat aldarrikatzen ditu frantsesa, espainola, alemaniera edo italiera babestu eta eguneratzeko indarrean dauden araudiak eta emandako urratsak. Izan ere, katalanera, hiztun kopuruaren aldetik, gaur egun Europako Batasunean grekera, portugesa, suediera, suomiera edo danieraren aurretik dago.

Miquell Strubellen saioak hizkuntza normalkuntzaren inguruko teoria eta gogoeta arras argigarria eskaintzen digu. Europako estatuen artean dauden hizkuntza politika eredu desberdinak aztertuz, funtsean bi eredutara biltzen ditu aukerak, hizkuntzaren lurraldetasuna estatu-nazioaren oinarrizko abiapuntutzat harntzen duena (Alemaniaren eredua) eta lurraldea bera, hizkuntza hizkuntza aniztasunaren gainetik, estatu-nazioaren oinarritzat hartzen duena (Frantziaren eredua). Alta, abiapuntu hau gogoetaren iturri hartuta Europako hizkuntza politika desberdinak aztertzen ditu (liburuan jorratzen diren herrien adibideei buruzko iruzkin jakingarriak eginez) eta horrekin hizkuntzen biziraupenerako gaur egungo oinarriak eskaintzen ditu. Normalkuntzara iristeko ezagutzaren ezinbestekotasuna erlatibizatuz, hizkuntza bizitzea, kultur oinarri eguneratuen garrantzia aldarrikatzen du. Motibazioan jartzen du, beraz, gakoa, jarrera aldaketa horren baitan gertatzen dela azpimarratuz. Motibazio aldaketa eragiteko beharrezkoa den inbertsio sozial, politiko eta ekonomikoa handia dela esatearekin batera arrakastaz jarduteko ezinbestekoa dela gogorarazten digu.

Azalpen teorikoen hondarrean arestian aipatu ditugun herriak jorratzen dituzte egileek banan-bana. Adibide guztiak jakingarriak diren arren hizkuntza bakoitzaren egoera desberdina da eta hizlari bakoitzak arretagune duen hori desberdina izaten da.

Banan-bana Beljika, Iparraldeko Herriak, Gales, Hungaria, Israel, Frantzia eta Suitzako gora-beherak ezagutzeko aukera eskaintzen digute egileek.

Bilduma honen itzalik handiena, beharbada, herrialde bakoitzeko esperientzia lantzeko orduan dagoen informazio desoreka da. Izan ere, zenbait lanek zorroztasun eta informazio aberatsez hornitzen dizkigute azalpenak, beste zenbaitetan, berriz, (Gales eta Hungaria) azalpenak maila apalagoan daudela nabarmena da. Itzal honez, landa, ordea, irakurle euskaldunak Euskal Herrirako jakingarriak eta lagungarriak gertatuko zaizkion argibide eta esperientziak ezagutuko ditu.

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2000