Euskara epaiketetan. Mahai ingurua

Lege honek dio 231. artikuloan, arau orokor moduan, epai iharduera guzietan epaile, magistratu, fiskal, idazkari eta beste funtzionariek gaztelera erabili behar dutela, estatuko hizkuntza ofiziala delako. Ezezagutza argudiatuz inork ez badu oztoporik jartzen Komunitate autonomoko hizkuntza ofiziala ere erabil daitekeela dio, defentsa gabezia eragozteko ezarri zen hori. Gero, ordea, arau orokor bezala, Botere Judizialaren Lege Organikoak (gaztelania erabili behar dela esaten du).

Justizia administrazioan euskararen presentzia handitu nahi baldin badugu, nik uste gure aldarrikapena baino hiritarren aldarrikapena behar dela. Eta hori da niri axola zaidana, eta ez epaile, abokatu edo profesionalek pentsa dezaketena. Nik uste dut hiritarren euskararen presentzia handiagoa nahi dutela. Euskararen presentzia areagotu nahi baldin badugu zenbait neurri har daitezke. Orain arte oso gutxi hartu dira, eta horregatik Justizia Administrazioa atzean gelditu da euskalduntze prozesuan.

hemendik bost urtetara hainbeste epailek ikasiko dutela pentsatzea irrealegia izateaz gain suposatzen du Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak ez duela bere gain hartzen nire ustez berea den erantzunkizuna. Justizia Administrazioa euskalduntzeko plan bat egitea beharrezkoa da, ez bakarrik epaileak euskalduntzeko, baita gainerako profesionalak euskalduntzeko ere. Plan hori egiten ez bada ez gara errealismoz jokatzen ari eta bost urte barru orain gauden bezala egon gaitezke.

Erabiltzaile naizen aldetik garbi daukat epaileek euskara jakin behar dutela. Gainera uste dut epaileen kasuan berezia dela, bestalde konparaziozko laidoa dago beste profesio batzurekin. Nik ez dakit zergatik Diputazioko suhiltzaileek jakin behar duten euskara eta epaile batek ez, hauen kasuan euskara lehen mailako tresna denean eta suhiltzaileen kasuan hirugarren edo laugarren mailakoa. Epaileen kasuan, ordea, are bereziagoa da. Justiziaren banatzaileak diren heinean, injustiziarik handiena euskararik ikasi nahi ez duen epaileak egiten du.

Epaileek euskaraz epaitu behar dute, pausoak eman beharko ditugu, presio sozial edo politiikoa egin beharko da legea aldatu dadin, transiziozko epe batzuk egin beharko dira, planifikazio sektorial eta orokorrak egin beharko dira, nahi den guzia egin beharko da, baina helburua argi dago, epaileek euskara jakitera iritsi behar dute.

82az geroztik, edo Autonomi Estatutoa ezartzen denez geroztik, Euskal Autonomi Erkidegoan, eta 86az geroztik, modu okerragoan Nafarroan, zonalde vascofonoan, herritarrei ko-ofizialtasuna onartzen zaie eta beraz hortik aurrera herritarrei admnistrazioarekin hartuemanak euskaraz izateko eskubidea onartzen zaie. Hartuemana hartu eta eman da, eta hori garrantzitsua da. Auzitegi Konstituzionalak ofizialtasunaren kontzeptua sakontzen duenean badirudi ofizialtasuna dela herritarrek beraien artean eta administrazioarekin edozein hizkuntza ofizialetan harremantzeko eskubidea dela eta hori hizkuntzaren errealitate soziologikoa kontuan izanda.

intsumisio kasu baten epaiaren zain urte eta gehiago daramat. Grabazio bidezko itzulpen sistemaren bidez egin zen epaiketa eta oraindik epaiaren zain nago. Ni ez naiz epailearengana joango epaia eskatzera argi dagoenean nire bezeroarentzat kaltegarria dela, baina beste egoera batetan esango genuke urte eta hiru hilabete pasa ditugula erantzunik jaso gabe. Eta intsumisio epaiketa batez ari gara, epaitegietan automatikoki egiten direnak, bata bestearen atzetik. Hori idatzizko epaiketa denean gertatzen da, ahozkoa denean, berriz, defentsa euskaraz burutu nahi dutenak egoera larrian aurkitzen dira itzulpen sistemak arrotz bihurtzen duelako akusatua edo deklaratu behar duen pertsona nahiz abokatua epailearekiko.

ez dut uste, ordea, badenik naziorik, non hizkuntza bat ofiziala izanik itzulpen sistema egunero eta sistemaz erabiltzen duenik. Eta are gehiago, nik esango nuke nazioarteko auzitegietan itzulpen sistema erabiltzen denean epaileek nolabait esateko, mundu-hizkuntza funtzioa daukaten hizkuntzak ezagutzen dituztela. Ingelesa eta frantsesa epaile guziek ezagutzen dituzte eta harreman internazionaletan onartuta dago horiek mundu-hizkuntza funtziodun hizkuntzak direla.

administrazio publiko guzietan (udal, foru eta administrazio autonomoan) euskararen sustapenerako egiten diren planaetan itzulpengintza bera jasoa dago, ez beharbada, oso modu esplizitoan, hori ere egia da, badirudi itzultzaileak dauden baina inexistenteak diren pertsona edo estamentuak direla. Inon ez da horren aipamen zehatzegia egiten, baina normalean euskararen aldeko planak onartu dituzten organo administratibo guzietan egon da itzulpenaren presentzia, modu batean edo bestean.

Euskal Herrian jardun behar duten epaile, fiskal, idazkari eta gainerako enplegatuek hizkuntz eskakizuna izan behar dute gainerako administrazio organo guzietan bezela, batzuk merezimendu gisara, beste batzuk derrigorrezko hizkuntz eskakizun gisara, hori nabarmena da. Bitartean gainerako organo administratiboetan egin den bezala, lehentasunak jarri behar dira eta lehentasun horien barruan, jakina, kate elebidunak sortu beharko lirateke baita Justizia Administrazioan ere, eta kate elebidunak esan nahi du, beharbada, entzutegietan eta alor judizialetan epaiketak euskaraz egiteko kate elebidun osoak egotea. Zalantzan jar liteke, beharbada, alde askotatik neurri hori, nik, ordea, esan eta defendituko nuke aldi baterako neurri gisara behintzat, legezko neurria izan beharko lukeela horrek, bestela, legeak berak eskeintzen duen aukera bat ezinezko bihurtzen duelako egoerak.

Arazoa ez da itzultzailea, arazoa ez da itzulpena, arazoa epaileak dira eta arazoa Justizia Administrazioa da itzulpengintza, bere gabezia guziak betetzeko tresna bezala hartzen duenean. Guk onartzen dugu, normalkuntza prozesu baten barnean itzultzaileak elementu garrantzitsua izango direla; itzultzaile, trebatzaile lanetan jardun beharko dutela. Onartzen dugu halaber, justizia normalizatu batean, Euskal Herrikoa bezalako gizarte elebidun batean, hizkuntza desberdinetan mintzo diren aldeen arazoa konpontzeko itzultzaileak egon beharko direla. Azken urte hauetan, ordea, Justizia Administraziotik eraman den politika bere hutsune eta gabezia guziak itzulpenaren bidez betetzea izan da. Gure ustetan hor egon da arazoa eta hor dago

Ertzainei ez zaie galdetzen euskalduntze prozesua egin behar den ertzantzan. Erabaki hori ezin da epaileen esku utzi, eta epailea naiz. Plana negoziatu egin beharko da, hitz egin... baina epaileen borondatearekin edo gabe martxan jarri behar da plana. Eta hori indarrean jartzeko lege organikoa aldatzea beharrezkoa izango da. Daukagun lege organikoarekin ezin izango dugu aldaketarik egin.

Prozesu honek oso argi erakusten digu, euskarak oraindik ez duela dagokion estatus legala lortu ofizialtasuna gora-behera. Euskararen ofizialtasun erreala EAEn oraindik helburu baldin bada, Nafarroan egoera are okerragoa da zonalde euskaldunean bakarrik eragiten baitu eta zer esanik ez Ipar Euskal Herrian, non XVI. mendeko lege baten arabera euskaldunek ez duten epaitegietan euskaraz jarduteko eskubiderik ere. Beraz, Justizia Administrazioaren inguruan sortu den egonezin honek agerian uzten du oraindik gure nazio-hizkuntzak dituen funtsezko arazo batzuk estatus juridikoaren aldetik.

Quebec-ekoa, Beljikakoa, Suizakoa, Finlandiakoa... kasu horietan ere elebitasun egoeran bizi dira eta Justizia Administrazioak elebitan funtzionatzen du. Tokiaren arabera herritarrek beren harremanak zein hizkuntzetan burutu hautatzeko aukera dute. Beljikan esaterako lurraldearen arabera, Flandria edo Walonia, bertako justizia administrazioko langileek bertako hizkuntza derrigorrez jakin behar dute.

Ale honen dosierreko gaia jorratzeko, 28. alean egin bezala, gaiaren zuzeneko ezagutza duten hainbat pertsona deitu eta mahai inguru batean bildu genituen Zuzenbide Fakultateko Gradu Aretoan maiatzaren 26an.

Mahai inguru honetan izan genituen:

Urko Aiartza Abokatu Euskaldunen Sindikatuko kidea; Augusto Maeso, Irungo epaitegiko epailea; Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkariko zuzendaria eta justiziaren erabiltzaile; Joseba Erkizia, itzultzailea eta EIZIEko kidea; Moderatzaile lanetan, berriz, Imanol Esnaola, aldizkariaren koordinatzailea izan zen.

Gaiaren aurkezpena:

Augusto Maeso:Gaia kokatzeko legediaren nondik-norakoak eskematikoki kokatuko ditut. Konstituzioak hirugarren artikuloan dio gaztelania hizkuntza ofiziala dela eta espainiako hiritarrek gaztelania jakin behar dutela. Hori gaztelaniari buruz dio. Ez Konstituzioak eta ez Autonimi Estatutuak ez dute eginbehar hori bera jartzen hizkuntza “propioei dagokionean. Gaztelaniarekin bakarrik dago legezko betebehar hau eta horregatik auzitegi konstituzionalak interpretazioak egiten dituenean, askotan edo beti aipatzen du autonomietako hizkuntzak ez daudela parekatuta gaztelaniarekin. Interpretazioak egiterakoan honek garrantzia handia du.

Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea Auzitegi Konstituzionaletik pasa zen eta auzitegi horrek berak esan zuen zilegi zela legedi hau Justizia Administrazioan aplikatzea, edo estatuko administrazioko erakundeei, legeak aurrikusten zituen neurriak aplikatzeko eskuduntza, ordea, estatuko administrazioari, edo Justizia Administrazioaren kasuan, Justizia Administrazioan eskuduntza daukaten erakundeei zegokiela ere bazioen. Alegia ez zegokiela Eusko Jaurlaritzari edo Autonomi Erkidegoko Erakundeei. Eusko Jaurlaritzak ez dauka Euskararen legeak Justizia Administrazioan sustatu nahi duen euskararen erabilpena bultzatzeko eskuduntza osoa. Jaurlaritzari sustatzea dagokio eta eskuduntza, berriz, Justizia Administrazioan eskuduntza daukaten erakundeei dagokie, hau da, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrari, Justizia Administrazioari, alegia, ministraritzari.

1985ean Espainiako legebiltzarrean aprobatu zen Botere Judizialaren Lege Organikoa, hau ere pasatu zen Auzitegi Konstituzionaletik eta Auzitegi Konstituzionalak esan zuen zenbait puntutan desberdintasun batzuk zeudela Autonomi Estatutoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren artean eta Auzitegi Konstituzionalak esan zuen lehentasuna eman behar zitzaiola Botere Judizialaren Lege Organikoak esaten zuenari Konstituzioak justizia gaietan eskuduntza estatuaren erakundeetan jartzen zuelako. Hau da, Lege Organikoa eta Estatutua ez zetozen bat puntu batzutan eta estatuak lehentasuna eman zion Botere Judizialaren Lege Organikoari. Lege honek dio 231. artikuloan, arau orokor moduan, epai iharduera guzietan epaile, magistratu, fiskal, idazkari eta beste funtzionariek gaztelera erabili behar dutela, estatuko hizkuntza ofiziala delako. Ezezagutza argudiatuz inork ez badu oztoporik jartzen Komunitate autonomoko hizkuntza ofiziala ere erabil daitekeela dio, defentsa gabezia eragozteko ezarri zen hori. Gero, ordea, arau orokor bezala, Botere Judizialaren Lege Organikoak (gaztelania erabili behar dela esaten du).

Azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioko funtzionarien transferentzia lortu du. Orain urte batzuek baliabide materialen trasnferentzia lortu zuen. Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak, aldiz, konpetentzia batzuk gordetzen ditu, epaileei dagokienean batez ere. Idazkari eta fiskalei dagokienean, berriz, Justizia Ministerioaren esku daude konpetentziak. Beraz, Justizia Administrazioan euskararen erabilpena aurrera eraman nahi baldin badugu erakunde hauek guziak izan behar ditugu kontuan, ez bakarrik Eusko Jaurlaritza, baita Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra.

Justizia Administrazioan funtzionari, idazkari, epaile eta fiskalen artean euskara oso gutxi erabiltzen dela esaterakoan guziok bat etorriko garela uste dut, izan ere, euskaldunen kopurua txikia baita. Iaz egindako neurketa batean epaileen artean ehuneko zazpia baino ez zen euskalduna. Datu zehatzak ezagutzen ez baditut ere, fiskalen artean kopurua are kaskarragoa da, idazkarien artean, berriz, hobea. Funtzionarien artean ere hortxe-hortxe ibiliko da.

Justizia administrazioan euskararen presentzia handitu nahi baldin badugu, nik uste gure aldarrikapena baino hiritarren aldarrikapena behar dela. Eta hori da niri axola zaidana, eta ez epaile, abokatu edo profesionalek pentsa dezaketena. Nik uste dut hiritarren euskararen presentzia handiagoa nahi dutela. Euskararen presentzia areagotu nahi baldin badugu zenbait neurri har daitezke. Orain arte oso gutxi hartu dira, eta horregatik Justizia Administrazioa atzean gelditu da euskalduntze prozesuan.

Funtzionarioen artean leku-aldatzeak eskatzeko momentuan, sei urteko lehentasuna ematen zaie hizkuntza propioa dakitenei, hau da, lurralde autonomo horretan postua eskatu nahi dutenei sei urtetako antzinatasuna gehitzen zaie hizkuntza propioa ezagutzen badute. Hori funtzionariei dagokionean bakarrik gertatzem da. Idazkariek ere bazeukaten sei urteko lehentasuna Auzitegi Gorenak, ordea, atzera bota zuen berdintasun printzipioaren kontra zihoala esanez. Epaileok ere bageneukan sei urteko lehentasuna ematen zigun arau bat, eta hori ere Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen arrazoi berdinagatik. Orain zenbait hilabete Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak onartu zuen beste akordio bat eta hau ere bide beretik zihoan, hiru urteko lehentasuna ematen zien auzitegietara joan nahi zutenei, bi urte beste magistratuei eta urte bete epaileei, hau da, herrietako epaileei.

Jende asko dago akordio murriztu honen kontra, errekurtsoak ere jarri dira. Sei hilabetetako “vacancio legis zeukan akordio honek eta oraindik ez da indarrean sartu, beraz, ez dakigu oraindik indarrean sartuko den ala ez, indarran jartzen baldin bada, ordea, hau izango da, epaileok euskara ikasteko izango dugun estimulo bakarra. Orain zenbati egun Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko presidentea den Javier Delgadok hemendik bost urtetara Autonomi Erkidegoan ehunen bat epaile euskaldunak izango zirela adierazi zuen. Orain hamabiren bat baldin bagara, hemendik bost urtetara ehun izango garela pentsatzea, nahikoa baikor pentsatzea dela uste dut. Bestalde, jarrera honek euskalduntze prozesua epailearen eskutan uzten dela adierazten du. Bistan da azken aldi honetan zenbat epailek ikasi dugun euskara. Beraz, hemendik bost urtetara hainbeste epailek ikasiko dutela pentsatzea irrealegia izateaz gain suposatzen du Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak ez duela bere gain hartzen nire ustez berea den erantzunkizuna. Justizia Administrazioa euskalduntzeko plan bat egitea beharrezkoa da, ez bakarrik epaileak euskalduntzeko, baita gainerako profesionalak euskalduntzeko ere. Plan hori egiten ez bada ez gara errealismoz jokatzen ari eta bost urte barru orain gauden bezala egon gaitezke.

Martxelo Otamendi:Ni erabiltzaile modura deitu nauzue eta beraz, nire esperientziaren berri eman nahi nuke. Lasa eta Zabalaren gorpuzkian etortzekoak ziren egunean Tolosako lana neuk egitea erabaki genuen. Istilu zenbait izan zen eta istilu horiengatik izan zen epaiketan deklaratzera deitu ninduten. Abokatuari esan nion euskaraz deklaratu nahi nuela. Gogoratzen naiz egongelan edo auzitegiko pasiloetan geundela, nire aurretik beste zenbaitek deklaratu zuelarik, eta nire txanda heldu zenenan funtzionari batek esan zuen, “¡Ah! Este es el que tiene problemas con el euskera. Eta esan nion, “los problemas los tedrá usted no yo, conozco el euskara perfectamente. Eta euskaraz erantzun zidan, “bueno, bueno, ez horrela jarri.

Hori izan zen erabiltzaile moduan zen izan nuen lehenengo sentsazioa, errealitatea trasformatzeko zein gaitasun duen urte askotan euskararen inguruan borondatez ezer egin ez duen kolektibo horrek, salbuespenak salbu. Haiek dira sutzen dabiltzanak eta arazoak zuk dauzkazu. Aparte hartu eta berari bakarrik soziolinguistika ikastaro trinko bat ematea merezi zuen. Gero nire deklarazioa arazo teknikoengatik konplikatu egin zen. Anekdota geniala da. Epaileak bazekien euskara, Tolosako Udal Euskaltegitik pasa den ikaslerik azkarrenetakoa, EGAren atarian zegoen eta hala ere oso jarrera erdalzalea hartu zuen. Grabaketarako tresna bat zuten prestatua. Deklaratzen hasi eta ordubete neramanean, epaileak grabaketa frogatzea erabaki zuen. Tresnak ez zuen ezer grabatu. Gero berriro deklaratu behar izan nuen eta handik bost minutura akusazio partikularreko abokatu batek grabatzen ari zen begiratzea eskatu zuen. Froga egin eta orduan ere ez zuen grabatu. Orduan hirugarren aldiz hastea erabaki zuen epaileak. Euskaraz deklaratzea erabaki nuen eta horrelakoetan prozesua atzeratzeko maniobra bat izan daitekeela pentsa zezaketen. Nik banekien presa handia zegoela, batez ere familiaren aldetik epaiketa azkar burutzeko. Nire aldetik ez zegoen epaiketa atzeratzeko inolako asmorik, beraz, epaileari nire etxetik grabagailua ekartzea eskaini nion. Kontsezio bat eginez eta atzerapena eragiteko borondaterik ez zegoela frogatu ondoren, epaileak nire eskaintza onartu zuen. Tresna horrekin grabatu genuen eta kitto.

Egun berean izan nituen bi gertakizunak. Aldiz, epaileak euskara jakin izan balu, ez itzultzailerik eta ez ezer. Esperientzia horretatik abiatuta nik uste anekdota interesgarria dela, batez bere lehena, ikusteko zer nolako gaitasuna daukaten erdaldunek, beti erdaraz bizi diren horiek eta uste dutenak erdaraz bizi behar dela eta euskara errebindikatzea lau txororen gauza dela, errealitatea aldatzeko, esateko arazoak nik ditudala euskararekin. Haiek ez dute gaizki ari direnaren sentsazioa, zu zara normalidadea urratzera datorrena, haiena baita normalidadea, eta norbera da errudun sentitzen dena. Kulpabilidade sentimendu hori galdu egin behar dugu. Bulego publiko batean euskararen erabilera aldarrikatzen dugunean batzutan badugu molestatzen ari garen sentsazioa.

Erabiltzaile naizen aldetik garbi daukat epaileek euskara jakin behar dutela. Gainera uste dut epaileen kasuan berezia dela, bestalde konparaziozko laidoa dago beste profesio batzurekin. Nik ez dakit zergatik Diputazioko suhiltzaileek jakin behar duten euskara eta epaile batek ez, hauen kasuan euskara lehen mailako tresna denean eta suhiltzaileen kasuan hirugarren edo laugarren mailakoa. Epaileen kasuan, ordea, are bereziagoa da. Justiziaren banatzaileak diren heinean, injustiziarik handiena euskararik ikasi nahi ez duen epaileak egiten du. Sendagileak oraingoz lasai dabiltza joko guzia epaileekin dagoela ikusita. Zenbaitek dio, “zergatik ez zarete sartzen medikuekin edo ETB2ko aurkezleekin? Nik uste dut badagoela motibo bat epaileekin “sartzeko. Nolabait esatearren, eta hori da, ongia eta gaizkiaren gainetik dauden pertsonaren itzala dutenez, beraiek direnez sententzia eta ebazpenak ematen dituztenak, korapilorik zailenak askatzeko gaitasuna dutenez, edo behar dutenez, ez da ulertzen kalitate horretako pertsona batek ez ikustea zer nolako injustizia egiten ari den. Horregatik uste dut, modu leunean esanda, epaileei “egurra eman behar zaiela, presioa egin behar dela epaileekin eta hain zuzen horregatik, berez, bere jarduna delako gizartean justizia banatzea, justizia administratzea. Beraz, gizartean justizia administratu behar duen pertsona batek ez badu ikusten bera zein erru egiten ari den euskara ikasi nahi ez duenean, egoera are larriagoa dela, alebosiaz egindako gauza da.

Epaileek euskaraz epaitu behar dute, pausoak eman beharko ditugu, presio sozial edo politiikoa egin beharko da legea aldatu dadin, transiziozko epe batzuk egin beharko dira, planifikazio sektorial eta orokorrak egin beharko dira, nahi den guzia egin beharko da, baina helburua argi dago, epaileek euskara jakitera iritsi behar dute. Seguraski abiadura eta presioa ez dira berdinak izango Tolosan eta Biasterin, baina garbi dago horretara iritsi behar dela eta gainera Gipuzkoako diputazioko suhiltzaileek ikasten duten normaltasun berarekin. Arazoa, ordea, sektore ukiezin batzuk egotea da. Ikusi besterik ez dago Delgado eta hauek ze presio jasotzen ari diren zenbait epailerengandik eta egunkari “serio deitzen direnak zeinen kontu handiz ari diren gaia tratatzen. Mundu guzia jabetzen da euskara jakin beharko lukeela baina inor ez da ausartzen sektore horri presio egiten. Eta nik uste presio sozial hori eratu beharra dagoela. Gero ikusiko da presio sozial horrek zein metodologia, zein gaitasun izango duen aldarrikapen horren inguruan gehiengo soziala artikulatzeko eta dinamizatzeko. Kontuz ibili beharko dugu komunikabide handiekin. Horiek beti metodologian fijatuko dira eta ez helburuan, beti izango dute titular bat prest esateko “ez ditzagun nahasi euskara eta politika edo “ez dezagun euskara horrela aldarrikatu edo “berez ona den aldarrikapen batek galdu egiten du bere zentzu guzia... “. Horregatik ongi begiratu beharko da zein den metodologia, zein den presio soziala antolatzeko modua, baina ez dezagun ahaztu printzipio nagusia. Gipuzkoako suhiltzaileek euskara jakin behar badute ez dago inolako aitzakiarik epaileek ez ikasteko. Planifikatu beharko da, sektorearekin hitz egin eta sindikatuekin hitz egin, epe batzuk jarri... Hori da semaforoa gorrian saltatzen duen epailearen kasua bezala. Epaile batek semaforoa gorrian saltatzen badu nor gelditzen da semaforoak errespetatzeko? Euskararen kasuan gauza bera da.

Ez dezagun ahantzi gaur mahai honetan bildu baldin bagara, komunikabide guziak honetaz mintzo badira edo Delgado honaino etorri bada talde batek multak jaso, manifestazioak eginez, planteak eginez... presiozko jarrerak hartu dituelako dela.

Urko Aiartza:Gauza asko esan daiteke eta azken aldi honetan sortzen ari den berri pilarekin gai honetan gabiltzanok ideia berri ugari ateratzen dugu. Aztertu izan dugu ia epaitegietan oinarrizko eskubideak urratzen diren ala ez; defentsa eskubidea, babes judizial eraginkorrerako eskubidea urratzen den ala ez den urratzen; azter genezake epaileak zerbitzu publikoa diren, botere diren, eta horrek dakartzan ondorioak; eta era berean, hori guzia lotu genezake azken finean estatu-nazioen eratze horretan eta estatu nazioek eman duten asimilazio prozesu horietan hainbat agentek historikoki jokatu duten papera, eta seguraski hor ere topatuko genuke, hezkuntzarekin batera, zuzenbidea izan dela hizkuntza gutxiagotuak heriotzera eramateko tresna.

Herritarren eskubideen ikuspuntutik gaia azaltzen saiatuko naiz. Justok esan duen bezala, 82az geroztik, edo Autonomi Estatutoa ezartzen denez geroztik, Euskal Autonomi Erkidegoan, eta 86az geroztik, modu okerragoan Nafarroan, zonalde vascofonoan, herritarrei ko-ofizialtasuna onartzen zaie eta beraz hortik aurrera herritarrei admnistrazioarekin hartuemanak euskaraz izateko eskubidea onartzen zaie. Hartuemana hartu eta eman da, eta hori garrantzitsua da. Auzitegi Konstituzionalak ofizialtasunaren kontzeptua sakontzen duenean badirudi ofizialtasuna dela herritarrek beraien artean eta administrazioarekin edozein hizkuntza ofizialetan harremantzeko eskubidea dela eta hori hizkuntzaren errealitate soziologikoa kontuan izanda. Beraz, gaur egun, Auzitegi Konstituzionalak onartuta, EAEko herritarrek eskubidea lukete edozein administraziorekin harremanak beraiek aukeratutako hizkuntzan burutzekoa. Hori Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikuloan onartzen da dioenean edozein egintza judizialek ondorio juridikoak izango dituela burutzen den hizkuntzan inongo itzulpenen beharrik gabe. Beraz, teorian edozein egintza juridikok ondorio juridiko guziak lituzke itzulpen beharrik izan gabe eta horrek esan nahiko luke edozein deklaraziok itzulpenik gabe edukiko lukeela behar duen berme guzia. Orduan, maila horretan, gaur egun botere judiziala ez da ofizialtasunaren errealitatera egokitu. Auzitegi Konstituzionalak onartu du ofizialtasuna garatzeko eskuduntza Autonomi Erkidegoko legebiltzarrean dagoela, eta hortik sortua da Euskararen Legea. Botere judizialak, ordea, ofizialtasun horretara egokitzeko behar diren barne egituraketak burutzeko eskuduntza du, burutu dituen barne egituraketa horiek, ordea, ez dute bermatzen ofizialtasuna. Alegia, ez dituzte egin behar diren aldaketak ofizialtasun horretara egokitzeko eta orain ere onartu dituen aldaketa xume hauek ez dute inola ere bermatuko aurrerantzean herritarren hizkuntz eskubideak babestuko direnik. Egoera hori izanik, aurkitzen gara abokatuok euskal herritarrak joaten direnean epaitegietara sartzen direla sekulako anabasan. Nahikoa lan da epaitegietara joatea herritarrentzat, euskaldunentzat eta erdaldunentzat. Ardiak bezala joaten dira/gara, nahikoa kikilduta. Kataluñako hizkuntz normalkuntzako ordezkari batek esaten zuen egun osoa katalanez hitz egin dezaketela baina bi ate pasatzen dituztenean erdaldun bihurtzen direla. Bat da epaitegietako atea eta bestea guardiazibilen koarteleko atea. Hor “txipa aldatu eta erdaraz jarduten dira. Eta errealitate hori kataluñan ere hor daukate eta arazo handiak dituzten normalkuntzari ekiteko kataluñako Justizia Administrazioan. Egoera horretan euskal herritarrak epaitegietara jotzen duenean eta euskaraz egitea erabakitzen duenean ikusten du, atzerapenak nagusi direla. Epaitegi batera joan eta deklaraziorik egin gabe atera daiteke une horretan itzultzailerik ez dagoelako, gerta daiteke demanda bat euskaraz idatzi eta horren itzulpena eman arte ba hilabeteak pasatzea. Badakit gaur egun justizia administrazioaren ezaugarri nagusien artean ez dagoela arintasuna euskararekin, ordea, erabat galtzen da erritmoa. Esaterako, intsumisio kasu baten epaiaren zain urte eta gehiago daramat. Grabazio bidezko itzulpen sistemaren bidez egin zen epaiketa eta oraindik epaiaren zain nago. Ni ez naiz epailearengana joango epaia eskatzera argi dagoenean nire bezeroarentzat kaltegarria dela, baina beste egoera batetan esango genuke urte eta hiru hilabete pasa ditugula erantzunik jaso gabe. Eta intsumisio epaiketa batez ari gara, epaitegietan automatikoki egiten direnak, bata bestearen atzetik. Hori idatzizko epaiketa denean gertatzen da, ahozkoa denean, berriz, defentsa euskaraz burutu nahi dutenak egoera larrian aurkitzen dira itzulpen sistemak arrotz bihurtzen duelako akusatua edo deklaratu behar duen pertsona nahiz abokatua epailearekiko. Prozedura penalak arautzen dituen printzipioak “ahozkotasuna, “bertakotasuna eta “aurkakotasuna maila handi batean indarrik gabe gelditzen dira. Epaile askok esaten digute sistema horiek erabiltzen direla zuzenbide internazionalean, azken finean itzulpen sistema erabiltzen dela auzitegi internazionaletan. Hori bai, hori egia da, ez dut uste, ordea, badenik naziorik, non hizkuntza bat ofiziala izanik itzulpen sistema egunero eta sistemaz erabiltzen duenik. Eta are gehiago, nik esango nuke nazioarteko auzitegietan itzulpen sistema erabiltzen denean epaileek nolabait esateko, mundu-hizkuntza funtzioa daukaten hizkuntzak ezagutzen dituztela. Ingelesa eta frantsesa epaile guziek ezagutzen dituzte eta harreman internazionaletan onartuta dago horiek mundu-hizkuntza funtziodun hizkuntzak direla.

Ez dut uste gaur egun gurea bezalako egoera egongo denik mundu aurreratua deitzen den horretan, hor ditugu Quebec-eko egoera, Beljikakoa, Suitzakoa... Auzi hauek konponduta daude eta Suitzan eta Beljikan, gainera, ia orain dela mende bat.. Beraz, une honetan, Abokatu Euskaldunen Sindikatuaren ikuspegitik botere judizialak ko-ofizialtasunari ematen dion erantzuna ez da egokia eta ez ditu herritarren gutxieneko eskubideak bermatzen.

Delgadoren deklarazioak harian, uste dugu Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzen ez baldin bada hemendik bost urtetara beharbada ehun epaile euskaldun izan arren zortzi edo hamar urte barru oraingo egoera berean egoteko arriskuan izango garela.. Hau da, arazoaren konponbidea ez dago borondatearen baitan. Arazoaren konponbidera iristeko diagnostiko amankomun batera iritsi behar dugu, eta oraindik ez gara horra iritsi eta arrisku handia dago une honetan euskararen alde egin edo proposatzen den edozein gauza egokitzat emateko. Eta momentu honetan arrisku horretan gaude. Esan izan da oraingo itzultzaileek berme guziak betetzen ez dituztenez agian itzultzaileak zuzenbidean jakitun izatea eskatu beharko dela. Hori euskararen normalkuntzaren aldeko pausu bat den edo ez, iritzi ezberdinak egongo dira, baina hori soilik egiten baldin bada, nire ustez ez da aurrerapausu bat gaur egungo egoera sendotzeko pausoa baizik. Beraz, diagnostiko amankomunik gabe nekez emango dugu aurrerapausorik. Beharrezkoa da jakitea epaileek onartuko duten errealitate eleanitz honetara egokituko diren ala ez, eta beraz, batasun jurisdikzionala ukitu gabe ere onartuko duten estatu espainiarrean hizkuntza desberdinak daudela eta egoera horretara egokitu egin behar direla. Nire ustez oraindik ez dute hori onartu eta horren baitan ez dut uste aurrerapausoak ikusiko ditugunik.

Joseba Erkizia:Gauzak ez errepikatu eta gure ikuspegitik ekarpen bat egiten ahaleginduko naiz. Gure ikuspegitik diodanean, itzultzaileen kolektibo profesionalaren ikuspegitik diot. Hizkuntzari dagokionez, nahikoa ongi kokatu da hemen lege egoera nolakoa den. Hor nabarmen aipa litezke bizpahiru gauza, batetik autonomi estatutoaz geroztik eta bestetik Nafarroako euskararen legetik eta Botere Judizialaren Lege Organikoaz geroztik nolabait, herritarrek, euskal hiztunok eskubidea dugu administrazioarekin nahi dugun hizkuntzan, kasu honetan euskaraz, jarduteko. Egia da Justizia Administrazioa oso egoera berezian dagoela estatuaren antolamenduaren barruan eta horretan, beharbada, hemengo zenbait mahaikidek nik baino iritzi garbiagoak izango dituzte horri buruz. Hizkuntzari dagokionez oinarrizkoak diren legeak, kasu honetan bi lege organiko horiek, Autonomi Estatutoak eta Botere Judizialaren Lege Organikoak, aitortzen dute euskaraz jarduteko eskubidea Justizia Administrazioaren aurrean. Egia da, mahakide dugun epaileak esan duen bezala, Justizia Administrazioaren barruan eskubide hori eraginkor egiteko Eusko Jaurlaritzak sustatu ahal izango dituela hainbat neurri horri zuzenduak dagozkion organoekin batera eta jakina, dagozkion organoak ez dira Autonomi Elkarteko organoak baizik eta estatuko boterearen barruan dauden zenbait organo, beraz, hor badago kontraesan bat. Ez dakit kontraesana den edo osagarritasun bat dagoen baina Justizia Administrazioaren egoera bera, eta Justizia Administrazioa diogunean langilegoa bera aipatzen ari naiz, orain dela gutxi arte, langile guziak, transferitu gabe egon dira, beraz, ez dira Autonomi Elkartearen mendean egon. Eta noski, epaile, fiskal, eta idazkariak oraindik orain ez daude Eusko Jaurlaritzaren eskumenean. Hori horrela, egoera aldatzeko ez da ezer egin. Badira ia hogei urte autonomi estatutoa onartu zenetik, eta euskarari dagokionez oso nabarmena da, batetik, administrazio publikoak, exekutiboak eta baita legegileak ere, gure kasuan Gasteizko legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua, beren aldetik zenbait neurri hartzen hasi direla eta zenbait plan jarri dituztela indarrean euskararen normalkuntzaren alde, nolabait, eskubide hori eraginkor egiteko. Hori ezezik, momentu honetan bai udal administrazioan, foru admnistrazioan nahiz autonomi elkartekoan badira euskararen erabilera sustatzeko pentsatutako planak, beste kontu bat da horien edukiak eta irizpideak nolakoak diren, eta abar. Horretaz luze eztabaida liteke, baina izugarrizko kontraesana dago horretan. Batetik udal, foru eta autonomi administrazioak legeak esaten duena betetzeko plan bereziak, berariaz beraien eskumenei begira pentsatu eta zuzendutako planak, onartzen dituzte, aldi berean Justizia Administrazioan, berriz, bere horretan jarraitzen dute ezertxo ere egin gabe. Ikusi dugu, esaterako, epaile eta gainerakoen postuak betetzeko Autonomi Estatutoan nahiz Botere Judizialaren Lege Organikoan euskarari dagokionez aipatzen den lehentasunezko merezimendu hori nola ulertzen den, kontua da orain dela gutxi arte euskararen presentzia Justizia Administrazioan hutsala izan dela eta administrazio atal hori erabat arrotz izaten jarraitzen duela euskaldunontzat, euskal hiztunontzat. Orain dela zenbait urte eta batez ere zenbait bezero, zenbait herritar eta zenbait abokatu euskaldunen borrokaren eraginez arazo hori, auzi hori, plazaratu egin zen, nire ustez oso begien bistan utzi zituen hor dauden kontraesanak eta une honetan kasik eguneroko albiste eta berri bihurtu zaigu euskara eta jusitizia, justizia eta euskara auzia.

Horretan itzultzaileen kolektibo profesionalaren aldetik gauzak nola ikusten ditugun esateko prozesu horren balorazio moduko bat egingo dut, labur-labur. Gauza bat dago azpimarratu beharrekoa, gainerako administrazio publiko guzietan (udal, foru eta administrazio autonomoan) euskararen sustapenerako egiten diren planaetan itzulpengintza bera jasoa dago, ez beharbada, oso modu esplizitoan, hori ere egia da, badirudi itzultzaileak dauden baina inexistenteak diren pertsona edo estamentuak direla. Inon ez da horren aipamen zehatzegia egiten, baina normalean euskararen aldeko planak onartu dituzten organo administratibo guzietan egon da itzulpenaren presentzia, modu batean edo bestean. Eta horretan oso kasuistika diferentea ikus daiteke udal administrazioaren barruan aztertzen hasiko bagina udalek onartu izan dituzten udal ordenantzak. Guzietan dago, ordea, itzultzailearen presentzia, oso esplizitoa ez izan arren. Justizia administrazioan eta zehatzago, abokatu euskaldunak eta zenbait herritar epaitegietan, euskaldunok euskaraz epaituak izateko eskubidea aldarrikatzen hasi zirenean, eta itzulpen prozesuari uko egin ziotenetik bi aro bereizi behar dira gure eustez. Lehen aroan horri uko egiteko argudio nagusia itzulpen praktika zen, itzulpen praktika jakin bat kuestionatzen zen, esaten zen, adibidez, “bista honetan ez du ongi funtzionatu itzulpen prozesuak, “hartan huts egin da honetan, eta abar. Bigarren fasean eztabaida doktrinalagoa da, alegia, kuestionatzen da itzulpen zerbitzuak garantiza lezakeen gertutasuna, kontraesanaren printzipioa, hitz batean, berma lezakeen berdintasuna, atzerapenik eza, eta abar. Eztabaida, ordea, doktrinalagoa da. Gure ustez horrek mesede handia egin dio prozesuari eta batez ere euskarari berari, guk kolektibo gisara, hasiera batean, garbi ikusten genuen sortu zen liskar horretan, auzitan jartzen zen sistema eta auzitan jartzen zen baliapide bat zela itzulpengintza, baina hala eta guztiz ere kolektibo gisara, eta kasu honetan itzultzaileen elkartearen izenean hitz egiten dut, uko egin genion publikoki plazaratzeari gure postura auzi horretan ikusten genuelako oso zaila zela benetan doktrinala izan behar zuen eztabaida bat beharbezala bideratzen komunikabideetan. Beraz, guk elkarte gisara, hor, bi aktuazio nagusi izan ditugu, batetik justizi administrazioan euskararen presentzia bermatzeko ardura zuten estamentu guziekin egoten saiatu ginen, besteak beste harreman nahikoa zabalak izan ditugu Eusko Jaurlaritzako justizia sailarekin, Auzitegi Nagusiko Gobernu Salarekin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin ere bai. Horiei argi eta garbi planteatu izan diegu beti, eztabaida doktrinal horretan sartu gabe eta azpimarratuz euskaldunok euskaraz epaituak izateko dugun eskubidea, beti planteatu izan diegu arduraz hartzeko itzulpengintzaren gaia.

Justizia admnistrazioan oso itzultzaile gutxi dago, giza baliapide oso urriak daude, edozein erakundetan, esaterako Gipuzkoako Foru Aldundian bertan itzultzaile gehiago dago Euskal Herriko Justizia administrazio osoan baino. Ez askoz gehiago, gehiago bai, ordea. Horrek erakusten du hor dagoen kontraesan handi hori. Baliapide materialen aldetik zer esanik ez, aldi bereko itzulpen sistema orain dela oso gutxi arte behintzat Donostiako entzutegian bakarrik zegoen nik dakidanez, besteetan ez, ez dakit geroztik jarri den edo, baina orain dela urtebete arte ez zen horrelakorik, itzultzaileak berak lan egiteko zeuzkaten baliapideak oso urriak ziren material aldetik eta abar, oso urria zen epaiketetan aldez aurreko auto eta jarduketa guzien berri jakiteko zeukaten aukera... horrelako kondizioetan eta bertsolarien modura joanez gero “vista oral batera, ba bistan da nekez funtziona lezakeela ondo itzulpen sistema batek. Are gutxiago, gainera, egoera hori bera auzi bihurtu zenenan. Nazioartean onartuak diren gutxieneko kondizio profesional batzuen demanda eta eskari bat izan da kasuan kasu zegokion organu guzien aurrean. Nire ustez kasu batean edo bestean onartu ahal dira eta programaz jabetzen hasiak daude. gure ustez itzultzaileen egoera profesionala bera Jaurlaritzari langileen eskualdaketa egin ondoren dexente aldatuko da beharbada, badakigu aldatzen hasiak daudela gauzak eta aurrerapauso handiak emango dira, seguruasko. Alde horretatik epe ertain batera begira behintzat jarduera hori izan dugu, urrats horiek egin ditugu. Bestetik, behin baino gehiagotan liskarrean zeundenak abokatu euskaldunak eta itzultzaileak zirela ematen zuenez, abokatu elkargoarekin zenbait harreman izan dugu, bai Bizkaiko, bai Gipuzkoako abokatu elkargoekin eta bilera horietan gure ahalegina itzultzaile lan profesionala burutzeko behar diren baldintzak defendatzea izan da, eta horiekiko errespetua eskatzea Abokatu Elkargoaren bitartez abokatuei eta nolabait lankidetza eskaintzea aurrera begira abokatu euskaldun horiek planteatzen dituzten helburu horietako asko eta asko guk ere geureak egiten ditugunez, horien alde lan egiteko.

Egia esan, Abokatuen Elkargoan ere oso postura diferenteak daude, ez dute inola ere berdin pentsatzen esaterako Abokatu Euskaldunen Sindikatuak eta orohar, esan dezagun, abokatuen elkargoetan, ordezkari modura eta agintean dauden indar nagusiek. Kontraesan horiek egotea normala da, baina kontua da, gure artean momentu batetik aurrera, itzulpen sistemari dagokionez, eta itzulpenaz baliatzeari buruz dagoen eztabaida, eztabaida doktrinala bihurtzen dela eta ez da bi kolektiboren arteko eztabaida. Garai batean horrela izan zen. Gogoratzen naiz gainera, itzultzaile batek esandakoa. Aipamen modura esaten zuen behin baino gehiagotan tristura handia sentitzen zuela epaitegietako aretoetan konturatuta aretoan bi euskaltzale bakarrik egonik, itzultzailea eta abokatu euskalduna, biak zirela liskarrean eta auzitan zeudenak. Gainerako guziak pozik, lasai asko eta kasik eztabaida eta liskar hori txalotzen. Horien artean sartzen zituen, jakina, zenbait epaile, fiskal, idazkari eta abar. Gure ustez hor aurrerabide bat izan da, eta guk hori oso positibotzat jo dugu.

Aurrera begira eta gure jarduera profesionalari dagokionez, nik uste, auzitan dagoena epaitegietan parteen arteko berdintasuna bermatuta itzulpen sistemaz baliatu ahal daitekeen da. Eztabaida benetan zaila da, gainera disziplina bat baino gehiago ukitzen ditu eta hor egi borobil-borobilak esaten, nik uste dut inor ez garela ausartzen itzultzaileon ikuspegitik. Ideiak kontrastean jarriaz, eta honekin ikuspegi pertsonala emango dut, nik uste dut Justizia Administrazioak itzulpenaz baliatzen jarraitu beharko duela denbora luzean eta seguruena gure komunitate elebidun honetan beti, edo beti-antzean. Beste gauza bat da hori ohiko gauza izatea eta salbuespena izatea epaile, fiskal, idazkari eta gainerako aparato judiziala euskalduna eta elebiduna izatea. Momentu honetan gertatzen dena. Gure kolektiboaren ikuspegitik erabat behar beharrezkoa ikusten da Justizia Administrazioa euskalduntzeko planak egiten hastea, iruditzen zaigu horretan ezinbestekoa dela Botere Judiazialaren Lege Organikoa erreglamenduz garatu baino egoera berrira aldatzea. Justizia estatu demokratikoetan administrazioak orohar, eta baita aginte judizialak ere, gizartearen borondateari erantzun behar dio. Nabarmena da oso, euskarari dagokionez, euskal gizarteak poliki-poliki urrats berriak egin dituela azken urteotan. Egoera soziolinguistikoa aldatu den heinean eta belaunaldi gazteak administrazioarekin harremanetan jartzen hasi diren heinean, administrazioari egiten zaion euskararen eskaera geroz eta indartsuagoa izango da, baita Justizia Administrazioan ere. Hori ez ikustea etorkizuna ez ikustea izango litzateke, datorren uholdeari aurre egin nahi ez izatea, hori begien bistan dagoela iruditzen zaigu. Euskal Herrian jardun behar duten epaile, fiskal, idazkari eta gainerako enplegatuek hizkuntz eskakizuna izan behar dute gainerako administrazio organo guzietan bezela, batzuk merezimendu gisara, beste batzuk derrigorrezko hizkuntz eskakizun gisara, hori nabarmena da. Bitartean gainerako organo administratiboetan egin den bezala, lehentasunak jarri behar dira eta lehentasun horien barruan, jakina, kate elebidunak sortu beharko lirateke baita Justizia Administrazioan ere, eta kate elebidunak esan nahi du, beharbada, entzutegietan eta alor judizialetan epaiketak euskaraz egiteko kate elebidun osoak egotea. Zalantzan jar liteke, beharbada, alde askotatik neurri hori, nik, ordea, esan eta defendituko nuke aldi baterako neurri gisara behintzat, legezko neurria izan beharko lukeela horrek, bestela, legeak berak eskeintzen duen aukera bat ezinezko bihurtzen duelako egoerak. Eta azkenik esango nuke, Justizia Administrazioak euskalduntzeko plan horien barruan, ezinbestez gogoan hartu beharko dela, halaber, itzulpengintza prozesua, idatzizkoa nahiz ahozkoa. Arestian esan bezala, ordea, hori eguneroko eta ohiko baliapide izan beharrean egoera berezietarako soilik izan dadin ahalbideratuz eta egoera normaltzea helburu gisara hartuta. Alegia, Justizia Administrazioak, euskaraz harekin jardun nahi duen euskal herritarra euskaraz bete-betean eta inolako bitartekari beharrik izan gabe atenditzeko ikuspuntuari helduta.

Hizlari bakoitzaren azalpena amaiturik eztabaidari ekin genion.

Urko Aiartza: Une honetan, errealitatea eta historia kontuan izanik, Abokatu Euskaldunen Sindikatuak itzulpengitzaz duen irizpidea agertu nahi nuke. Egia da abokatu euskaldunok burutu dugun borroka honetan, gure barne errealitatearen baitan, alegia, abokatuak taldean jarduteko zailtasunak ditugun jendea garela eta ohitura falta dugula, mila arazo ager daitezkela eta agertu direla. Egia da, halaber, historia honen momentu batean itzulpegintzaren arazoa sobredimentsionatu egin genuela eta are gehiago, nik esango nuke, arazoaren muina distortsionatu egin zuela. Arazoa ez da itzultzailea, arazoa ez da itzulpena, arazoa epaileak dira eta arazoa Justizia Administrazioa da itzulpengintza, bere gabezia guziak betetzeko tresna bezala hartzen duenean. Guk onartzen dugu, normalkuntza prozesu baten barnean itzultzaileak elementu garrantzitsua izango direla; itzultzaile, trebatzaile lanetan jardun beharko dutela. Onartzen dugu halaber, justizia normalizatu batean, Euskal Herrikoa bezalako gizarte elebidun batean, hizkuntza desberdinetan mintzo diren aldeen arazoa konpontzeko itzultzaileak egon beharko direla. Azken urte hauetan, ordea, Justizia Administraziotik eraman den politika bere hutsune eta gabezia guziak itzulpenaren bidez betetzea izan da. Gure ustetan hor egon da arazoa eta hor dago arazoa. Ez dugu ukatzen itzultzaileak, trebatzaileak eta beste hainbat elementu beharko direla Justizia Administrazioan normalkuntza gertatzeko eta orduan ere, agian, esan den bezala, gizarte elebidun batek eskatzen duen bezala, itzultzaileak tresna izango dira. Hori da gaur egun Sindikatuak duen jarrera itzulpengintzarekiko.

Martxelo Otamendi: Nik ere ikusten nuen, gaur egun mundu mailako desarmen nuklearra edo nazioarteko epaiketak itzulpen bidez egiten ari direnean, arazoa hor kokatzea huts larria zela eta horrela adierazi nion abokatu euskaldun bati, hortik joz gero “erantzuna errazten ari zarete eta alde guzietatik emango dizuete.

Hemen lehen lehenik behar dena justizia boterearen eta administrazioaren aldetik arazoa konpontzeko asmo garbi da. Sektoreekin bildu, sektoreekin lan egin eta garbi, egoera aztertu, helburuak finkatu eta baliapideak jarri. Eta ondoren, noski, indarrean jarri. Legeak eragozpenak jartzen baldin baditu legea aldarazi beharko da presio bidez intsumisioarekin edo abortoarekin gertatu den bezala. Horregatik presio soziala artikulatzen asmatu behar dugu eta gero etorriko dira kuestio teknikoak. Argi eta garbi egiten ez baldin bada, herritar naizen aldetik berriro epaitegiak blokatzearen alde egongo naiz. Hemendik bost urtetara osakidetza blokeatu beharko den bezala. Serio hartu behar da gai hau.

Justo Maeso: Ni ados nago diagnostiko amankomuna egin behar dela esatean, epaileekin hitz egin behar dela ... iruditzen zait, ordea, garrantzia gehiegi ari garela ematen epaileek pentsatzen dutenari. Ertzainei ez zaie galdetzen euskalduntze prozesua egin behar den ertzantzan. Erabaki hori ezin da epaileen esku utzi, eta epailea naiz. Plana negoziatu egin beharko da, hitz egin... baina epaileen borondatearekin edo gabe martxan jarri behar da plana. Eta hori indarrean jartzeko lege organikoa aldatzea beharrezkoa izango da. Daukagun lege organikoarekin ezin izango dugu aldaketarik egin.

Urko Aiartza: Aldaketak egin ahal izango ditugu baina ezin izango dugu aurrera jo. Euskal herritarrok argi utzi behar dugu eta Euskal Herrian kokaturiko administrazio guziek izan behar dute garbi helburua Justizia Administrazioaren normalkuntza dela. Horrek esan nahi du plangintza bat egin beharko dela, eta epez epe baloratu emaitzak, baina justizia administrazio euskalduna lortzera iritsi behar dugu.

Delgadoren azken adierazpenek gogorarazten didate administrazioaren euskalduntze prozesuan UGT eta CCOOk izan duten diskurtsoa, “funtzionariak ezin dira derrigortu ikastera, hori ez da egokia, kaltegarria izango da, borondatearen baitan utzi behar da. Eta ikusten dugu sindikatu horien inguruko jendeak zein arazo sortzen dituen administrazioaren euskalduntzean bertan. Beraz, epaileen aldetik, nik uste beharrezkoa dela borondate ona agertzea, izan ere, botere judiziala funtzionarioek baino askoz indar handiagoa duen boterea delako. Lege organikoa aldatu behar bada Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren aldeko adierazpen batzuk beharko dira. Beraz, derrigortzea beharrezkoa da, onartu behar dugu, ordea, zaila izango dela, Justizia Administrazioak bere burua botere bezala ikusten duelako eta ez herritarrari zor zaion zerbitzu moduan.

Martxelo Otamendi: Baina hori guzia burutzeko atzetik herritarren presioa behar du, sentitu egin behar dute aldatzeko beharra. Izan ere, Emilio Olabarriak izan duen jarrera egoerak babesten zuen, herritarren presioak. Bestela, badirudi lau abokatu kaskagogorren gauza dela. Hau indar erlazio bat izango da. Txirritak zioen bezala, “errespetua gorde ziguten beldur ziraden artean. Gero ikusiko dugu beldur hori nola eragin, ez nabil ni hemen ez dakit zein astakeria egitea aldarrikatzen. Egunkariek horren aldeko jarrera behar dute, Egin, Egunkaria eta Deiak gutxienez, eta telebistan ETB-k ere ongi prestatu beharko luke berriak emateko orduan.

Urko Aiartza: Prozesu honek oso argi erakusten digu, euskarak oraindik ez duela dagokion estatus legala lortu ofizialtasuna gora-behera. Euskararen ofizialtasun erreala EAEn oraindik helburu baldin bada, Nafarroan egoera are okerragoa da zonalde euskaldunean bakarrik eragiten baitu eta zer esanik ez Ipar Euskal Herrian, non XVI. mendeko lege baten arabera euskaldunek ez duten epaitegietan euskaraz jarduteko eskubiderik ere. Beraz, Justizia Administrazioaren inguruan sortu den egonezin honek agerian uzten du oraindik gure nazio-hizkuntzak dituen funtsezko arazo batzuk estatus juridikoaren aldetik. Eta arazo bera errepikatuko da beste eremu batzuetan. Hor dugu INEM-a, ertzantza... Beraz, honelako arazoak benetako eztabaidak pizteko akuilu dira. Euskararen legeak hamasei urte bete dituenean lege honek emandakoa eta eman gabe utzitakoa aztertzen hasteko garaia da.

Entzule bat: Orain bost urte ez zegoen arazorik honen inguruan. Urte hauetan zehar, ordea, arazoa piztu denetik, asko aldatu dira arduradunen deklarazioak eta jarrerak. Orain zenbait urte komeria handiak izan nituen epaitegietan nire izena zen bezala idaz zezaten, Antton alegia eta ez Antonio. Orain berriz, presioa egiten hasi garenean gauzak aldatzen hasi dira. Nire ustez urte gehiegi egon gara ezer egin gabe eta orain zerbait egiten hasi garenean gauzak mogitzen hasi dira, naiz eta ez dagoen optimista izateko arrazoirik.

Urko Aiartza Nire ustez presioa ongi bideratzea funtsezkoa da eta horretan ahalegindu beharko dugu. Bada zenbait datu negargarri. Durangon hiru epaile dira eta hirurak erdaldunak, eta Durangoko Epaitegi barrutiak 50.000 euskaldun biltzen ditu. Onartezina da hiru epaileren borondatearen baita 50.000 euskaldunen hizkuntz eskubideak ukatzea. Hor dauden kopuruak askotan ahaztu egiten zaizkigu. Donostiako barrutian 125.000 euskaldun daude, eta non daude herritar horien guzien hizkuntz eskubideak?

Martxelo Otamendi: Lehen arazoen agendan ez zegoen euskararena eta orain, berriz, bai. Zarzalejosek berak esan du “la situación del euskara en la administración de justicia dista mucho de ser la ideal. Gero egurra denoi. Lehen, ordea, euskararen egoera ez zen arazo, orain bai, eta hori lortu dugu. Orain gure abilidadeak izan behar du arazoen zerrendan dagoelarik, nola kudeatzen dugun, aldarrikapena balore positiboz jazteko eta haien erasoa sahiesteko.

Augusto Maeso: Nik uste dut Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jarrera hori argiago duela arazoari heldu nahian dabiltzalako, jarrera atzerakoienak epaileen artean daude.

Joseba Erkizia: Bistakoa da sail hau euskalduntzeari begira derrigorrezko hizkuntz eskakizunarena beharrezkoa dela eta euskalduntze portzentaia altuak izan beharko direla, gainerako administrazioetakoak baino altuagoak, hauek bai baitaramate zenbait urte euskalduntze prozesuan. Kontsentsu oso zabala beharko da, erabatekoa ez bada ere, besteak beste, eremu asko hemengoak ez diren administrazioen esku daudelako. Aurrera jotzeko adostasun zabala lortu behar da Botere Judiziala, Jaurlaritza, sindikatu eta gainerako inplikatuen artean. Herritarren bultzada artikulatzea ez da erraza izango eta horretan abokatu euskaldunek, ez sindikatuekoek bakarrik, abokatu euskal hiztun guziek baizik, zeregin handia izan dezakete, benetako bezeroak direlako, atzera eta aurrera dabiltzanak hor, bulegoz bulego. Egoera honek badu ondorio oso positiboa, etorkizunari begira eragin biderkatzailea izango duelako, oso argi utzi baitu etorkizuneko zuzenbideko profesionalek elebidunak izan behar dutela. Gaur egun oso nabarmena da alor horretan ari diren guziek, normaltasunez aritzeko, bi hizkuntzak ezagutu behar dituztela. Eta bi hizkuntzak dakizkienak abantaila profesional handiagoak izango dituela besteak baino.

Martxelo Otamendi: Dena den, joera ez doa bide horretatik. Fakultate honetatik ateratzen dira geroko epaile, fiskal eta abokatuak eta hemen, inpresioa daukat, erdaldunak oraindik gehiengoa direla.

Aitor Bengoetxea Zuzenbide fakultateko irakaslea: Bai, askoz gehiago eta agian esanguratsuena da hemen kezka dela euskal adarrekoak erdaraz presta daitezen, euskal adarrekoak elebidun izan daitezen, erdal adarrekoek bere bidea lasai aski jarrai dezaten

Urko Aiartza: Normalkuntza prozesuan irabazi duguna ez da zertan irabazita mantenduko, aurrerapausoak ematen ez badira, alegia herritarrak ikusi behar du egindako ahalegin guziaren ondoren euskaraz egin ahal duela lan munduan, administrazioan edo beste edozein eremutan. Hezkuntzaren bitartez euskalduntzen egindako ahalegin guzia gainbehera etor daiteke, agerian dagoen ukapenak hori gerta dadin aukera handiak ematen ditu.. Eta hori errealitatea da eta horregatik da horren garrantziatsua euskaraz bizitzeko eskubide horri ateak zabaltzea. Ezin dugu pentsatu euskaldunek urte luzez euskaraz formatu eta gero euskaraz lan egiteko aukerarik ezean mantendu egingo dutenik jarrera hori. Joera hori mantentzeko ateak ireki behar dira eta pausoak eman behar dira.

Imanol Esnaola: Amaitu aurretik gurean bezala elebitasun egoeran dauden herriek arazo honi zein erantzun eman dioten aztertzea ez al zaizue garrantzitsua iruditzen?

Augusto Maeso: Quebec-ekoa, Beljikakoa, Suizakoa, Finlandiakoa... kasu horietan ere elebitasun egoeran bizi dira eta Justizia Administrazioak elebitan funtzionatzen du. Tokiaren arabera herritarrek beren harremanak zein hizkuntzetan burutu hautatzeko aukera dute. Beljikan esaterako lurraldearen arabera, Flandria edo Walonia, bertako justizia administrazioko langileek bertako hizkuntza derrigorrez jakin behar dute.

Urko Aiartza: Lurraldetasunari loturik dago eta flandriarrek flandieraz jakin behar dute. Elebitasuna ezarrita dagoen eremuan, berriz, Bruselan esaterako, prozedura hasterakoan herritarrak hautatzen duen hizkuntzan burutzen da prozesu osoa, eta epaileak hiritarrak hautatu duen hizkuntza jakitera beharturik daude. Eta ez hizkuntza maila arruntean. Profesionalki bermatu egin behar dute beren ezagutza.

Augusto Maeso: Kate elebidunak aipatu dira. Hori, beste gai batzuren artean, ari da aztertzen Jaurlaritzak sorturiko batzorde mixto batean. Orain hilabete batzuk Gasteizen ihardunaldi batzuk egin ziren gai honi buruz, jende ugari bildu zuen, epaile gutxi ordea.

Batzorde hori topagune izan daiteke arazo hauei erantzuten hasteko. Badakit abokatu euskaldunen sindikatuak eskatu duela bertan egotea, abokatuen elkargoak jada bertan daude, hortik proposamen zehatz batzuk sor daitezke, kate elebidunena eta antzekoak.

Urko Aiartza: Gure ustez kate elebidunak transizio aro batean lagungarri izan daitezke.

Martxelo Otamendi: Hori, ordea, ez ote da izango arazoa luzatzeko. Alegia, euskara ikasten ari naizenaren aitzakiarekin etengabe honelako baliapideak erabiltzeko arriskua ez ote da handiegia?

Urko Aiartza: Horregatik itzultzaileez gain trebatzaileak behar dira. Jarri izan dira zenbait epaitegitan eta egon diren bitartean ondorio onak eman izan dituzte. Honekin, noski, ez dugu Justizia Administrazioaren normalkuntza lortuko, baina prozesu batean lagungarri izango da.

Martxelo Otamendiren galdera: Hori teknikoki nola erantzun?

Justo Maeso: Esaterako, lan epaitegi batean bi epaile baldin badaude bat euskalduna jarriaz. Erabaki hori errekurri daiteke, beraz, aldeko borondatea behar du, era horretan, ordea, ez dugu egitura berezirik sortu behar.

Urko Aiartza: Hein batean bermaturik geldituko litzateke epaileak aukeratzeko eskubidea

Augusto Maeso: Horrelako zerbait dagoeneko Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrean mahai gainean jarri da

Urko Aiartza Une honetan funtsezkoa da herritarren hizkuntz eskubideak era batera edo bestera bermatzea. Hori ezinbestekoa da

BAT aldizkaria: 
29. 1998ko abendua. hizkuntza gutxiagotuak justizia administ...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
EAE
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
1998