HITZAURRE GISA 50 ZKIA.

 

Unibertsitatean euskarak duen zeregina da 50. zenbaki honen aztergaia. Aldizkariaren 49. zenbakian unibertsitate aurreko hezkuntza mailetan euskararen egoera aztertu ondoren, zenbaki honetan unibertsitatean bertan egoera nolakoa den eta izan behar duen aztertzen da. Hezkuntza mailarik altuena Unibertsitatea denez, garrantzi berezia du bertan euskararen garapena noraino iritsi den ikusteak; alegia, egokia izan daiteke euskararen garapena unibertsitatean duen egoeraren arabera ikustea. Hori horrela, arreta handia jarri dugu zenbaki honetan.

Artikulu asko jaso ditugu zenbaki honetarako, baina gehiago ziren aldizkariak bildu nahi zituenak; guk nahi genuen zenbaitek ezin izan du lanik bidali. Beraz, nahiz eta zenbakia bere osotasunean atera ez, nahiko interesa sortzeko adinakoa da. Guztiei, gure esker ona.

Lehenbiziko artikuluetan Euskal Unibertsitate Legearen (EUL) zenbait alderdiren inguruko azterketa adierazten da, Euskal Autonomia Elkarteko (EAE) unibertsitate ezberdinen ikuspegitik begiratuta; artikulu hauek EUL Eusko Parlamentuan onartu aurretik idatzita daude (2004ko otsailaren 25ean), baina egunerokotasuna mantentzen dute. Hurrena, Euskal Herriko (EH) unibertsitateek euskarari dagokionez duten egoera adieraziz zenbait artikulu ditugu. Ondoren, euskal unibertsitateari buruzko zenbait alderdiren inguruko iritzi artikuluak datoz, horien artean zenbait sindikaturen ordezkariekin elkarrizketa. Bukatzeko, nazioarteko esperientziak adieraziz, Kataluniako egoerari buruzkoa da artikulu bat, eta Europako hizkuntza-komunitate txikien egungo eta etorkizuneko egoerari buruzkoa bestea.

EULen euskararen presentzia nola adierazten den azaltzen da, euskararen betebeharra eta normalizazioa nola ikusten den, ez beti modu berdinean euskararen eta espainieraren bertsioetan (6.1.e artikuluan, adibidez). Unibertsitate publiko (UPV/EHU), konfesional (Deusto U) eta pribatuentzat (Mondragon U) den EULen badirudi ez dela nahikoa zehazten euskararen egoera, eta neurri handian herri-aginteen eta borondate politikoaren menpe uzten da euskararen normalkuntza bermatzea. Badirudi unibertsitateen autonomia ere ez dela nahitaez euskararen alde ezarriko, lege nahiko autonomoa ez delako eta momentuko aginteen eskupean erabilia izango delako. Nahiz eta legearen 1. artikuluan esan “kontuan harturik Euskal Herriak hezkuntza sistema nazionala izateko eskubidea duela”, eta unibertsitate sistemak bi hizkuntza ofizial izan, praktikan, euskararekiko derrigortasun gutxi, pixkanakako bilakaera lasaia, eta euskararekiko baliabide eskasak ikusten dira. EULek baditu alderdi onak, 1.200 irakasle-kontratatuen egoera konpontzekoa, adibidez, baina ez da espero zitekeen bezain ona, eta horregatik jaso ditu, dagoeneko hainbeste kritika; artikulu hauetako batzuk aipatuz, adibidez: unibertsitate aurreko hezkuntzaren mailekin unibertsitateak duen lotura eskasia, irakasle berriak kontratatzerakoan euskararekiko derrigortasun eza, ikasleen hizkuntza-eskubideak oso kontuan ez hartzea, AZPkoekin eta irakasleekin hartu diren joera ezberdinak, etab. Horrela, artikulu hauetako bat EULa “lege ahula, hankamotza, konplexuz betea, txikia, herri honek unibertsitate mailan dituen beharrak inondik inora asetzen ez dituena” dela esatera iristen da. Nahiko ikuspegi kritikoa adierazten dute, beraz, jasotako artikuluek.

Euskal Herriko unibertsitate ezberdinetan euskarak duen egoera adierazten da, ondoren. UPV/EHUren egoera salbuespena da; EHU handiena eta euskararekiko ondoen dagoena bada ere, ez dugu lortu bere inguruko artikulu orokorrik, zoritxarrez. Oraingoan, artikuluak oso mota ezberdinekoak dira, luzeak eta motzak, datu konkretuak darabiltzatenak eta iruzkin modukoak, etab., baina denak dira baliagarriak. Unibertsitate asko ditugu, lurralde guztietan, mota guztietakoak (publikoak, konfesionalak, eta pribatuak), beraien artean oso ezberdinak, eta euskararekiko ere oso egoera ezberdinekoak. Denek hartzen dute euskara kontuan, neurri oso ezberdinean bada ere, bai gaur egun eta baita gerora begira ere. Artikulu hauek oso garrantzitsuak dira, ez delako erraza unibertsitate guztien egoeraren deskribapena zenbaki batean bilduta izatea, eta horregatik, artikulu hauek bakarrik nahikoak lirateke aldizkariaren zenbaki berezia justifikatzeko. Artikulu kopuru honen baitan sartu daiteke UEUri buruzko artikulua ere, oso aipagarria: bai bere historia berezia kontuan hartzen bada, baita euskal unibertsitatea sortzeko gaur egun egiten duena azpimarratzen bada ere.

EHUri buruzko artikulu bat badago, nahiz eta bere egoera orokorra deskribatzeko ez izan: hizkuntza zerbitzuez mintzo da, Euskara Zerbitzua erakunde berriak egiten duena adieraziz, gehienbat hizkuntza bera landuz (terminologia, adibidez) eta erabiltzaileen beharrei (irakasleenei eta ikasleenei, bereziki) erantzunez. Hizkuntzaren corpusa lantzeak bi helburu lortzea dakar: euskararen estandarizazioa, alde batetik, eta euskararen modernizazioa eta unibertsitatearekiko egokitzapena, bestetik. Interesgarria da artikulu honetan proposatzen den bereizketa: euskaldun zahar eta euskaldun berri terminoen ordez, euskaldun oso eta euskaldun funtzional kontzeptuak erabiltzea, errealitatea hobeto adierazteko: hona hemen soziolinguistika orokorrerako ere eztabaidagaia.

Bi iritzi artikulu ditugu: bata unibertsitario euskaldunen egoera zaila eta bestea irakasle-antolakuntza propioaren beharra adierazten dutenak. Lehen artikuluan, berriz ere, nahiko egoera ezkorra adierazten da, aztertzen den edozein alderditan: irakasleriari eta ikasleriari dagozkien ezaugarrietan, gehienbat. Euskal eta erdal irakasleria egoera oso desorekatuan dago, beti ere erlatiboki ikusita; gauza bera esan daiteke euskal eta erdal ikasleriaz ere. Erdaldunen egoera eta beharrak arazorik gabe hartzen dira kontuan; euskaldunenak, ordea, ez dira modu egokian jasotzen. Horretarako, egileak zenbait datu estatistiko landu eta ematen ditu, gaur egungo egoeraren deskribapena eginez, eta baita gerora begira aurreikusi daitekeena proposatuz ere. Bigarren artikuluan, berriz, irakasle-antolakuntza propioaren beharra aldarrikatzen da, eta nola lortu daitekeen azaltzen da, Euskal Unibertsitate Nazionala lortzea helburua izanik. Horretarako zenbait proposamen egiten dituzte egileek. Esan beharra dago artikuluaren egileak orain hamabi urte EHUtik kanporatuak izan zirenak direla, hain zuzen ere irakasle-antolakuntza propioa eskatzeagatik, beren esanetan; beraz, gai honen inguruan nahiko gogoeta eta eztabaida egin ondoren idatzitako artikulua dugu.

Zenbait sindikatutako ordezkariren iritzia ere jasotzen da; ez ordea guztiena, gure asmoa hori izan arren. Elkarrizketa bidez jasotako iritziak dira. Gehienbat UPV/EHUko egoeraz mintzatzen dira: gaur egungo eta geroko egoeraz. Hauek ere nahiko egoera ezkorra adierazten dute, zenbait desfase daudela esanez. Interesgarria da aipatzen duten “tabua”: unibertsitateko irakasleei beharrezko euskara-maila eskatzearena, hain zuzen ere; zergatik eskatzen zaie AZPkoei eta ez irakasleei, bi estamentuak unibertsitatearen eta ikasleen beharrei erantzutekoak badira? Aipatzen dute beste ideia berri bat ere: unibertsitatean lor daitekeena ere ez dela beti lortzen, unibertsitateak berak bere autonomia aldarrikatuz horrela erabaki duelako; horrela, arazoa unibertsitatearen barruan kokatzen da: “unibertsitateak askotan erabiltzen du autonomia, ez hainbeste benetako autonomia unibertsitarioa garatzeko, baizik eta euskal gizartetik datozen beharrei ez egokitzeko eta Madriletik datozen legeei begira egoteko”, adibidez. Beste ideia aberats bat ere aipatzen da, soziolinguistika orokorrerako ere eztabaidagai izan daitekeena: euskara komunikazio tresna izateko unibertsitatean “euskaldun pasiboek” duten ahalbidea, euskararen erabilerarako oztopo ez izatea suposatzen duelako, eta gutxiengo hau lortzea beharrezko jotzen delako, baita irakasleriarentzat ere. Horretarako, Unirale erakundea sortzea proposatzen dute, unibertsitate aurreko hezkuntzan Irale dagoen antzekoa izanik: ideia aberatsa, euskalduntzearen alde dagoelako.

Katalanengandik datozen bi artikuluak ere oso aberatsak dira, zenbait ideia nahiko berri ematen baitituzte hauek ere. Biak dira UEUk antolatutako Euskal Unibertsitatea 2021 kongresuan aurkeztu ziren lanen itzulpenak (UEUk 2002an argitaratuak). Kataluniako egoerari buruzko artikuluan zenbait datu ematen dira; baina unibertsitatearen hizkuntza politikarekin eta plangintzarekin lotutako zenbait ideia gehiago azpimarratuko ditugu hemen. Esate baterako, Kataluniako unibertsitate gehienek katalana bultzatzeko hartu dituzten neurrien artean daude: hizkuntza normalizaziorako Komisioa eraikitzea; katalanaren erabilera bultzatzeko laguntzak ematea (doktorego tesiak katalanez egin eta aurkezteko, adibidez); administrazioaren eta erakundeen laguntza unibertsitatean katalana erabiltzeko egitasmoak aurrera egiteko; etab. Gainean dugun behar berri bat ere luze aztertzen da: unibertsitateen arteko mugikortasuna, irakasleen eta ikasleen artean, gaur egungo mundu globalizatuan, eta honek hizkuntzekiko dakarren behar berria: katalanaz gain, ingelesa ere jakin eta erabili beharra, pasiboki gutxienez, ingelesa delako egungo “hizkuntza frankoa”. Erronka berriari aurre egiteko, egileak elehirutasun asimetrikoa lortu beharra proposatzen du: katalanaren kasuan, adibidez, katalanaren nagusitasuna bermatzea, ondoren berak aipatzen duen lurralde-hizkuntzaren bat (Europan: espainiera, frantsesa, alemana, eta errusiera) eta ingelesa dira ikasi eta erabili beharrekoak: katalanak ezinbestekoa izan behar du, espainiera baliagarria, eta ingelesa erabilgarria.

Europako erakundeen jarrerari buruzko artikuluan, berriz, Europako zenbait erakunderen jarrerak aipatzen dira. Orokorrean, hizkuntzekiko egoera anbiguo batean kokatzen dira: oro har, hizkuntza guztien alde, hizkuntza txikien alde ere bai, baina praktikan eraginkortasun handirik gabe funtzionatzen dute. 1992ko lurralde-hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen Europako Karta aipatzen da bereziki, bertan unibertsitateaz dauden aipamenak erabiliz; adibidez, lurralde-hizkuntzak unibertsitatean ere erabilgarri dira, baina beti estatu hizkuntza kaltetu gabe egiten bada, beraz, bai eta ez batera eginez. Artikulu honetan ere, gerora begira egiten diren hausnarketetan, globalizazioarekin eta mugikortasunarekin lotzen den eleaniztasunaren beharra aipatzen da, gutxienez pasiboki, batzuen arabera “diglosia positiboa” eraikiz: bertako hizkuntza propioa ia gauza guztietarako, eta ingelesa eta beste hizkuntza batzuk ere unibertsitatean erabilgarri izatea. Baina, horretarako, artikuluak bukatzen duena errepikatuz, “borondate politikoa eta gizarte kontzientzia baino ez ditugu behar gure nahiak errealitate bihurtzeko”.

Esan beharra dago terminologia ez dagoela oraindik guztiz baturik. Adibidez, “lurralde-hizkuntza” terminoa ez da beti esanahi berdinarekin erabiltzen: bertako hizkuntza propioaren esanahiarekin erabiltzen da gehienetan (euskara gure kasuan, adibidez), baina estatuko hizkuntza ofizialaren esanahiarekin ere bai beste batzuetan, “Unibertsitatea eta hizkuntza politika Katalunian” izeneko artikuluan bezala. Erne ibili beharra dugu, beraz, zenbait terminorekin, gauzak zuzen jaso nahi baditugu.

Laburbilduz, euskara bezalako hizkuntza gutxituentzako egungo egoera eta gerorako aurreikusten dena ere nahiko nekeza da, nahasia, teorian hobea praktikan gertatzen dena baino. Bestalde, egungo ezaugarri berriek (globalizazioa, Europar Batasuna, migrazioak, mugikortasuna, informazio teknologi berriak, etab.) kontraesaneko bi alderdi adierazten dituzte, euskara bezalako hizkuntzentzako: positiboa da alderdi bat, posibilistagoak direnak garatzeko eta normaltzeko; baina arriskuan direnak desagertzeko bidean ere jartzen dituzte, bestalde. Zer egin bide posibilista horretan sartzeko? Hori da galdera orain. Orokorrean, euskararekiko artikuluek nahiko ikuspegi ezkorra adierazi dute, nahiz eta gehienek gerorako egin beharrak ere aurresaten dituzten: hona hemen askatu beharreko korapiloa. Oraindik gutxiegi landutako ideiak ere jaso dira artikuluetan, euskararen egoera eta bilakaera ulertzeko interesgarriak direnak, eta baita soziolinguistika orokorrerako eztabaidagai direnak ere. Alderdi honetatik begiratuta, zenbaki aberatsa dugu. Unibertsitatearen gaia lantzeak maila altueneko eztabaidan sartzea ekarri digu, ezinbestean; horregatik, unibertsitatearen gaia lantzea garrantzitsua da euskararen normalizaziorako ere, bertan gertatzen dena eredu moduan har daitekeelako bestelako mailetan gertatzen direnak hobeto ulertzeko. Horixe da guk zenbaki honekin proposatzen duguna, hain zuzen ere.
 

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2004