EUSKARAK NAFARROAN IZAN DUEN BILAKAERAREN ADIERAZLE SOZIOLINGUISTIKO BATZUK

Artikulu honetan XX. mendearen bukaeratik XXI. mendeko lehenbiziko urteak bitartean euskarak Nafarroan izan duen bilakaeraren berri emateko, hiru ardatz aztertu ditugu: batetik, nafarren hizkuntza gaitasuna, udal erroldetako datuetatik (1986 eta 1996) eta Biztanleriaren Zentsuko datuetatik (1991 eta 2001) abiatuta; bestetik, eskola sistema, matrikulazioetako datuak aztertuz (1996-2005); eta azkenik, nafarrok euskararen aurrean dugun jarrera, zenbait profesional eta enpresak azken urteotan (1985-2003) egindako azterketa soziolinguistiko aipagarrienak gogora ekarriz.

Transmisioari dagokionez, azkeneko zentsuko datuei erreparatuz gero (2001ekoak), garbi dago nafarren transmisio hizkuntza nagusia gaztelania dela: %90,96 (%88,88rentzat gaztelania besterik ez, gehi %2,08rentzat euskara eta gaztelania). 2. grafikoan ikus daitekeen moduan, ama hizkuntza euskara izan duten nafarrak %9,07 dira (%6,99 euskara eta %2,08 euskara eta gaztelania). Beste hizkuntza batzuetan hazi direnak %2,05 dira. Ehuneko hori, jakina, dexente handituko da oraindik egin gabe dagoen 2006ko erroldan, etorri zaizkigun etorkinen ondorioz.

Alde batetik, ikaragarrizko garrantzia izanen du etorkizunean guraso berriek beren seme-alabentzat aukeratuko duten eskolako hizkuntza ereduak, eta arlo honetan pisu espezifiko handia hartuko du etorkinen taldeak, gero eta gehiago direlako eta haien jaiotza-tasa bertan jaiotakoena baino handiagoa delako. Bestetik, behar-beharrezkoa da gure marko politikoa eraldatzea, hizkuntzaren garapena oztopatzen ez duen hizkuntza politika bat abian jarri ahal izateko, gaur egun ezinezkoa baita horrelakorik garatzea.

Gaztelaniazko ereduko matrikulazioak %9,7 egin du behera 1996-2005 aldian, nahiz eta 2001etik 2005era bitartean 2,9 puntu berreskuratu dituen. Igoera hori etorkinen eraginaren lehenbiziko adierazlea izan daiteke. Horrekin batera, D ereduko matrikulazioetan urtero-urtero zegoen gorakada bere horretan gelditu da azken urteotan.

Lehen Hezkuntzari dagokionez, 3.taulan ikus dezakegun modura, A eta D ereduetako matrikulazioek gora segitzen dute eta B ereduetakoek berdintsu. Hirurak baturik, 2004-2005 ikasturtean G eredukoak baino gehiago izatea lortu da lehenbizikoz (%52,6). G eredua, beraz, behera doa urtez urte (2004-2005 ikasturtean %47,4).

Aurreko datu horiek berresten dute eskola sistemari esker euskaraz dakiten gazteak gero eta gehiago direla eta, era berean, euskararekiko aldeko jarrerak hedatu direla gurasoen artean. Gaur egun, unibertsitatetik beherako irakaskuntzan ari diren ikasleen %41,2k euskara edo euskaraz ikasten dute (A, B edo D eredua). Hori hala izanik ere, DBHn eta Batxilergoan gauzak bestelakoak dira, ehunekoak dexente baxuagoak baitira, eta heziketa zikloetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da (%2,4).

Jesús Azkonaren ikerketa kualitatiboaren ondoren, 1990. urtean, CIES enpresak Estudio de las actitudes de los navarros ante el euskera izeneko lana egin zuen Nafarroako Gobernuak eskaturik. Ikerlan horretarako 3.035 elkarrizketa egin ziren. Hizkuntzarekiko jarreren eskala batzuetatik abiatuta, elkarrizketatuek euskararekiko duten jarrerak zehazten dira eta emaitza horiek beste aldagai independente batzuen arabera aztertzen.

Taller de Sociología, S.L. enpresak 1995. urtean egindako Euskara Nafarroan zertan den – Investigación sociolingüística sobre el euskera en Navarra (*6) izeneko ikerlanean ahalegin tekniko eta metodologiko handia egin zen Nafarroako Euskarari buruzko Legeak ezarritako hiru eremuetan hizkuntzaren azterketa sakona egiteko. Ikerketa horretan ere bada galdera bat euskara Nafarroan sustatu beharrari buruz.

Nafarroako Gobernuaren laguntzarik ez bazegoen ere, 2001eko Euskararen Jarraipena ikerlanean Euskal Herri osoa aztertu zen. Datuen arabera, nafarren %29 euskara sustatzearen alde agertu zen, %37 kontra, eta %37 ez alde, ez kontra. Euskararen sustapenaren aldeko jarrera askoz ere hedatuagoa dago eremu euskaldunean (%70) eta biztanle elebidunen taldean (%84). Sustatzearen kontrakoak, batez ere, erdaldun elebakarrak eta eremu ez-euskalduneko biztanleak dira.


Hala gizarte zientzietan, oro har, nola soziolinguistikan ere, bi azterketa mota egin daitezke denbora ardatz gisa hartuta: batetik, izaera estatikoa dutenak, aztergaiaren egoera une jakin batean islatzen dutenak, hots, azterketa sinkronikoak edo tronkalak. Bestetik, gizarte errealitatearen alderdi jakin batek denboran izan duen bilakaera azter daiteke, hau da, denboran gertatu diren aldaketen eraginez aztergaia nola bilakatu den. Ikerketa mota horri diakronikoa edo luzerakoa esaten zaio. Tamalez, gaur egun gutxi dira, konparaziotik abiatuta, aztergaiaren bilakaera ikertu eta etorkizuneko egoera aurreikusten saiatzen diren ikerlanak, zientziak eta predikzioak ez baitute oso ongi elkar hartzen.

Euskararen kasuan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak (lehenbiziko bi azterketetan) sustaturiko Euskararen Jarraipena izeneko trilogia (1991-1996-2001) erreferente bikaina da hizkuntzaren bilakaera diakronikoa Euskal Herri osoan aztertzeko. Artikulu honetan euskarak azken urteotan Nafarroan izan duen bilakaera aztertzen saiatuko gara, nahiz eta, aipaturiko azterlan horretan ez bezala, erabiliko ditugun datuak askotan ez diren modu berdinean bildu eta horrek konparazioa zailtzen duen. Hala ere, garbi dugu azterketa konparatu bat ezinbesteko baliabidea dela, iraganeko eta orainaldiko egoeratik abiatuta, etorkizunari buruz gogoeta egiteko. Eginkizun horretan zailtasunak bi aldetatik etorri zaizkigu: batetik, gure erkidegoan ikerketa soziolinguistikoek segidarik izan ez dutelako, eta bestetik, azkeneko urte hauetan borondate politikorik izan ez delako hizkuntza plangintzari ekin aurretik hain beharrezkoak diren egoera ezagutzeko azterlanak sustatzeko (honen azpian, agian, logika hau dago: ez da egoeraren berri jasotzen planifikatu nahi ez delako). Artikulu honetan XX. mendearen bukaeratik XXI. mendeko lehenbiziko urteak bitartean euskarak Nafarroan izan duen bilakaeraren berri emateko, hiru ardatz aztertu ditugu: batetik, nafarren hizkuntza gaitasuna, udal erroldetako datuetatik (1986 eta 1996) eta Biztanleriaren Zentsuko datuetatik (1991 eta 2001) abiatuta; bestetik, eskola sistema, matrikulazioetako datuak aztertuz (1996-2005); eta azkenik, nafarrok euskararen aurrean dugun jarrera, zenbait profesional eta enpresak azken urteotan (1985-2003) egindako azterketa soziolinguistiko aipagarrienak gogora ekarriz.

GAITASUNA ETA EUSKARAREN TRANSMISIOA

Bi urtetik goitiko nafar guztien hizkuntza gaitasunari buruzko datuak 1986ko Biztanleriaren Udal Erroldan jaso ziren lehenbizikoz. Bertako datuen berri emateko orduan, Gobernuak bi kategoria erabili zituen: batetik, hizkuntza gaitasunak (ulermen maila, mintzamen maila, irakurmen maila eta idazmen maila), eta bestetik hizkuntza tipologiak (datu horietatik abiatuta euskaldunen, ia euskaldunen, eta erdaldunen halako mailaketa bat finkatu zuen). Azterketa honetan bigarren sailkapena hautatu dugu eta, laburbildu beharrean, hango zazpi kategoriak hiru multzotan bildu ditugu, hots: euskaldunak, ia euskaldunak eta erdaldunak (*1). Nafarroako biztanle guztien datuak laburpen taula batean bildu ditugu 1986tik 2001era bitarteko bilakaera ikusi ahal izateko:

1. TAULA.- Euskarazko hizkuntza gaitasunaren bilakaera 1986-2001

 
1986
1991
1996
2001
Euskaldunak
51.444 - %9,97
52.023 - %10,01
55.930 - %10,74
63.631 - %11,85
Ia euskaldunak
26.417 - %5,12
31.165 - %6
37.945 - %7,28
48.794 - %9,09
Erdaldunak
438.039 - %84,9
429.070 - %83,99
426.699 - %81,96
424.564 - %79,06
Guztira
515.900 - %100
519.277 - %100
520.574 - %100
536.989 - %100

Zenbaki absolutuetan, euskaldun osoen taldeak 12.187 biztanle gehiago hartu ditu denbora tarte horretan, hots, %1,88 handitu da. Ia euskaldunei dagokienez, 1986. urtean %5,12 ziren (26.417 biztanle) eta 2001. urtean, berriz, %9,09 (48.794 biztanle); hau da, 15 urtean talde hori %3,97 handitu da, 22.377 biztanle. Erdaldunen taldeak %5,84 puntu galdu ditu 1986tik 2001era. Ondoko grafikoan, aukeraturiko hiru tipologia horien bilakaera-lerroak ikus daitezke.

Transmisioari dagokionez, azkeneko zentsuko datuei erreparatuz gero (2001ekoak), garbi dago nafarren transmisio hizkuntza nagusia gaztelania dela: %90,96 (%88,88rentzat gaztelania besterik ez, gehi %2,08rentzat euskara eta gaztelania). 2. grafikoan ikus daitekeen moduan, ama hizkuntza euskara izan duten nafarrak %9,07 dira (%6,99 euskara eta %2,08 euskara eta gaztelania). Beste hizkuntza batzuetan hazi direnak %2,05 dira. Ehuneko hori, jakina, dexente handituko da oraindik egin gabe dagoen 2006ko erroldan, etorri zaizkigun etorkinen ondorioz.

Etxean hitz egiten den hizkuntza aztertuz gero, datuak ama hizkuntzari buruz galdetzean lortutakoekin oso antzekoak dira. Nafarren %92,82k gaztelania erabiltzen du etxeko harremanetan eta %9,03k euskara; ondorengo grafikoan dituzue datu horiek:

Gaitasunari buruzko datuak horiek direla, egungo joera aldatuko badugu, ezinbestekoa da bi eremutan esku hartzea: gizartean eta politikan. Alde batetik, ikaragarrizko garrantzia izanen du etorkizunean guraso berriek beren seme-alabentzat aukeratuko duten eskolako hizkuntza ereduak, eta arlo honetan pisu espezifiko handia hartuko du etorkinen taldeak, gero eta gehiago direlako eta haien jaiotza-tasa bertan jaiotakoena baino handiagoa delako. Bestetik, behar-beharrezkoa da gure marko politikoa eraldatzea, hizkuntzaren garapena oztopatzen ez duen hizkuntza politika bat abian jarri ahal izateko, gaur egun ezinezkoa baita horrelakorik garatzea.

Gure hizkuntza komunitatetik kanpoko gizarte-taldeen eta erakundeen inplikazioak euskararen gizarteratze-prozesuari bultzada ederra emanen liokeela jakinda, garbi izan dezagun ardatz nagusiak, beti ere, euskaldunen motibazioa eta hizkuntzarekiko jarrera izanen direla.

HEZKUNTZAREN GARRANTZIA

Nafarroan, euskaldunen kopuruaren hazkundearen arrazoi nagusia irakaskuntza sistemako euskarazko ereduetan gero eta haur gehiago matrikulatzea izan da, zalantzarik gabe. 1990eko hamarkadan batzuentzat moda bat zenak haratago jo du eta prozesuak gora egin du etengabe. Horrekin batera, gurasoen jarrera aldaketa etorri da, izan ere, hezkuntza elebidunak gero eta prestigio handiagoa du gure gizartean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe elebidunetako irakasleen artean berriki egin duen azterketa kualitatibo batean, gurasoek seme-alabak euskarazko ereduetara eramateko arrazoiei buruz ari delarik, zera adierazten da: “lehen gurasoen motibazioaren erreferente bakarra euskara bera zen, arrazoi afektibo, kultural, ideologiko eta pragmatikoak zeuden oinarrian. Orain, berriz, badirudi bestelako arrazoi batzuek eragina dutela.(...) Eskolako gaiak bi hizkuntzatan ikasten dira eta hirugarren hizkuntza bat ere ikasten da (atzerriko hizkuntza). Horrek lan munduaren ateak irekitzen ditu. Gainera, gurasoek beste arrazoi batzuk ere aintzat hartzen dituzte aukera egiteko orduan, aipatzen diren arrazoiak ez baitira baztertzaileak, esate baterako, hezkuntza sistemaren beraren ezaugarriak (curriculuma, metodologia,...) edo ikastetxearen ezaugarriak (teknologia berrien erabilera, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza goiz sartzea, eskolaz kanpoko jarduerak, etab.)”(*2).


Euskararen berreskuratze-prozesuan hezkuntzak izan duen eraginaren erakusgarri, ikus dezagun, lehenik, Nafarroako Haur Hezkuntzako ikastetxe publiko zein pribatuetako matrikulazioetan azken urteotan gertaturiko aldaketa, 2.taula honetan .(*3)

2. TAULA. Haur Hezkuntzako matrikulazioen bilakaera, hizkuntza ereduen arabera, 1996-2005 tartean

 
96/97
2000/2001
2004/2005
A eredua
3.064 - %21,9
4.464 - %30,4
4.737 - %27,9
B eredua
51 - %0,4
29 - %0,2
32 - %0,2
D eredua
3.377 - %24,1
4.143 - %28,3
4.743 - %28
G eredua
7.502 - %53,6
6.026 - %41
7.456 - %43,9
Guztira
13.994 - %100
14.662 - %100
16.968 - %100


Gaztelaniazko ereduko matrikulazioak %9,7 egin du behera 1996-2005 aldian, nahiz eta 2001etik 2005era bitartean 2,9 puntu berreskuratu dituen. Igoera hori etorkinen eraginaren lehenbiziko adierazlea izan daiteke. Horrekin batera, D ereduko matrikulazioetan urtero-urtero zegoen gorakada bere horretan gelditu da azken urteotan. Pasa den ikasturtean D ereduan Haur Hezkuntzako ikasleen %28 zeuden, 2000-2001 ikasturtean bezalatsu (%28,3). A ereduan ere antzeko bilakaera gertatu da, azken bost urtean 2,5 puntu galdu baititu. Nolanahi ere, irakurketa positiboa eginez, ikusi 2004-2005 ikasturtean ikasleen %56,1 euskara irakasten duten ereduetan ari dela (A+B+D). Grafiko honetan garbi ikusten dira Haur Hezkuntzako matrikuletan gertaturiko gorabeherak.

Aurreko hamarkadan urtez urte zegoen gorakada gelditzeak zer pentsatua eman beharko liguke. Badakigu eskola munduan hasiak direla horri buruz gogoeta egiten. Datuak ikusita, argi dago gurasoak euskarazko ereduetara erakartzeko mezuak eta profilak aldatu beharra dagoela.

Lehen Hezkuntzari dagokionez, 3.taulan ikus dezakegun modura, A eta D ereduetako matrikulazioek gora segitzen dute eta B ereduetakoek berdintsu. Hirurak baturik, 2004-2005 ikasturtean G eredukoak baino gehiago izatea lortu da lehenbizikoz (%52,6). G eredua, beraz, behera doa urtez urte (2004-2005 ikasturtean %47,4).


3. TAULA. Lehen Hezkuntzako matrikulazioen bilakaera, hizkuntza ereduen arabera, 1996-2005 tarean

 
1996/1997
2000/2001
2004-2005
A eredua
4.574 - %15,2
7.197 - %24,7
8.937 - %27,6
B eredua
141 - %0,5
87 - %0,3
63 - %0,2
D eredua
6.000 - %19,9
6.757 - %23,1
8.032 - %24,8
G eredua
19.408 - %64,4
15.188 - %51,9
15.347 - %47,4
Guztira
30.123 - %100
29.229 - %100
32.379 - %100

Ondoko grafikoan garbi ikus daiteke matrikulazioen bilakaera eskola ereduen arabera.


Unibertsitatetik beherako Nafarroako irakaskuntzaren ikuspegi orokorra izateko, ondoko grafikoan pasa den ikasturtean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan, eta Heziketa Zikloetan egindako matrikulazioen portzentajeak aurkezten ditugu, A, B eta D ereduetako ikasleak bat eginik, G ereduan ari direnekin konparatu ahal izateko.

Aurreko datu horiek berresten dute eskola sistemari esker euskaraz dakiten gazteak gero eta gehiago direla eta, era berean, euskararekiko aldeko jarrerak hedatu direla gurasoen artean. Gaur egun, unibertsitatetik beherako irakaskuntzan ari diren ikasleen %41,2k euskara edo euskaraz ikasten dute (A, B edo D eredua). Hori hala izanik ere, DBHn eta Batxilergoan gauzak bestelakoak dira, ehunekoak dexente baxuagoak baitira, eta heziketa zikloetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da (%2,4).

Unibertsitateko irakaskuntzari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarak duen egoera ez da apenas aldatu azken urteotan. Gaur egungo errektore-taldea lanean hasi zenean zerbait aurreratuko zelako itxaropena bazegoen ere, gaur den egunean, NUPen ez dago euskara irakaskuntzako planetan sartzeko inolako plangintzarik, ez eta hori egiteko arduradunik ere. Hortaz, euskarazko irakasgaien eskaintza, neurri handi batean, irakasleen borondatearen esku dago, betiere unibertsitateko arau murriztaileek jartzen dizkieten mugen barrenean. 2005-2006 ikasturtean 103 irakasgai eskaintzen dira euskaraz, 21 titulazioetakoak, baina haietatik 59 Irakasletzako ikasketetakoak dira, hori baita euskaraz oso-osorik egin daitekeen titulazio bakarra. Euskaraz irakasgairen bat ikasten duten ikasleak 1.062 dira (NUPeko ikasleen %14,3), baina horietatik %48,7k irakasgai bakar bat egiten du euskaraz.

JARRERAK AZTERTZEKO EGIN DIREN IKERKETAK

Euskarak azken hamarkadetan Nafarroan izan duen bilakaera aztertzeko hirugarren ardatza nafarrek euskararen aurrean duten jarrera aztertzeko egin diren ikerketa soziolinguistikoetatik ateratako datuen analisia da. Zaila da ikerketa horietako datuetatik abiatuta analisi egokirik egitea, izan ere, jarrerak neurtzeko galderak ezberdinak izan dira batetik bestera, eta ongi dakigu galdetzeko moduak, neurri handi batean, erantzuna baldintzatzen duela. Nola azaldu bestela ikerketa batetik bestera agertzen diren ezberdintasunak?

Nafarren euskararekiko jarrerak aztertzeko aukeratu dugun lehenbiziko lana (*4) Jesús Azconak 1985. urtean egindakoa da, Límites geográficos-sociales del euskera en Navarra (*5) izenekoa. Nafarroako eskualdekatze zehatz batetik abiatuta, begirada kualitatiboa hizkuntzara eta gizartera bideratzen du Azconak baina ikuspegi antropologiko batetik, nabarmen. Ez dago datu portzentualik, testuinguruen eta jarreren arteko erlazioaren behaketa zorrotza eta konklusio argiak baizik.

Azconaren arabera, 70eko hamarkadatik aurrera euskarari buruzko balorazio politikoetan halako bifurkazio bat gertatu zen (positiboa-negatiboa), aurreko denboretako egitura sozial eta politikoak eragindako tentsio sozialak memoria kolektiboan kondentsatzearen ondorioz. Aurreraxeago dio bipolaritate horri eusten dioten adierazle ideologikoak ondoko hauek direla: batetik, eskuina oro har eta eskuin nafarzalea zehazki, eta bestetik, euskal abertzaletasun erradikala. Bere iritziz, hizkuntzaren tentsio nagusia, oraindik ere, politikoa da.

Euskararen aldeko jarrerak hiri eta industria eremuetan biltzen dira batik bat, edo hirietako bideetan dauden herrietan. Ikerlan horretan azaltzen diren ondorioetatik hau nabarmendu nahi genuke: “...garbi somatu dugu Nafarroa osoan euskararen funtzio komunikatiboaren galtze prozesuari aurre egiteko ahalegin sozial bat. Ahalegin hori hizkuntzaren irudi sozialaren aldaketaren ondorioa da. Argi dago Administrazioa ezin daitekeela Nafarroako kultur balore hori berreskuratzeko ahalegin sozial horretatik bazter gelditu.” (itzulpena gurea da).

Adin bateko euskaldunek zuten gutxiagotasun-konplexua desagertzen ari da belaunaldi berrietan. Txostenaren egileak, azkenik, garai hartan (1985) euskarari buruzko diskurtso sozialean euskaraz jakiteak eta lana aurkitzeak lotzen dituen ikuspegi pragmatiko baten zantzuak somatzen ditu.

Jesús Azkonaren ikerketa kualitatiboaren ondoren, 1990. urtean, CIES enpresak Estudio de las actitudes de los navarros ante el euskera izeneko lana egin zuen Nafarroako Gobernuak eskaturik. Ikerlan horretarako 3.035 elkarrizketa egin ziren. Hizkuntzarekiko jarreren eskala batzuetatik abiatuta, elkarrizketatuek euskararekiko duten jarrerak zehazten dira eta emaitza horiek beste aldagai independente batzuen arabera aztertzen. Lan honek berrikuntza bat dakar, hots, “elite” izeneko tipo ideal bat definitzea eta talde horren jarrerak aztertzea, izan ere, talde horren azterketa garrantzi handikoa dela diote, poliki-poliki gizarte-ehun osoan hedatzen diren jokabide eta pentsamolde jakin batzuen agintzaile gisa jokatzen dutelako.

Nafarroako biztanle guztiei buruz ari dela, hauek dira guri dagozkigun ondoriorik nabarmenenak: euskararen aldeko jarrerak, batez ere, Nafarroako iparraldean, berrogei urtetik beherakoen taldean, abertzaleengan, egoera ekonomiko ertaina edo ertain-altua dutenen taldean, eta kultur maila altu samarreko jendearengan agertzen dira. Euskararen kontrako jarrerak, berriz, talde hauetan: Nafarroako hegoaldeko biztanleak, eskuindarrak, maila sozio-ekonomiko altua edo baxua, adinekoak eta ikasketa maila apalekoak.

Ikerketa horren arabera, hauek ziren 1990. urtean euskara Nafarroan sustatzeari buruzko jarrerak azterturiko biztanle guztiak harturik: alde, %48,1; kontra, %29,7; axolagabeak, %22,2. Eliteen taldean, berriz, datu hauek bildu ziren: alde, %31,8; kontra, %33,7; axolagabe, %34,5. Eliteei buruz ari dela, ondorio hauek ateratzen ditu: eliteko kideak nafar “arruntak” baino erdaldunagoak eta erdaltzaleagoak dira; erdiak euskara administrazioan hedatzearen aldekoak dira; hamarretik seik euskarak kultur arloan eta osasun arloan hedatu beharko litzatekeela uste dute, eta %55k euskara irakaskuntza sisteman sartu beharko litzatekeela.

Azken urteotan Nafarroan egin diren ikerketa soziolinguistiko gehien-gehienek garrantzi handia eman diote Nafarroan euskara sustatu beharraren auziari, galderak ezberdinak izan badira ere. Jesus Azconaren ikerketa hartan egindako irakurketa kualitatiboak euskara berreskuratzearen aldeko jarrera, sumatu behintzat, sumatzen zela iradokitzen zuen. CIESen ikerketak auzi horren inguruko jarrerak ehunekoetan azaldu zizkigun: nabarmen aldekoak zirenak %48,1, kontrakoak %29,7 eta axolagabeak %22,2, nahiz eta ongi dakigun axolagabeak, apolitikoak bezala, ez direla horrelakoak izaten erabat.

Taller de Sociología, S.L. enpresak 1995. urtean egindako Euskara Nafarroan zertan den – Investigación sociolingüística sobre el euskera en Navarra (*6) izeneko ikerlanean ahalegin tekniko eta metodologiko handia egin zen Nafarroako Euskarari buruzko Legeak ezarritako hiru eremuetan hizkuntzaren azterketa sakona egiteko. Ikerketa horretan ere bada galdera bat euskara Nafarroan sustatu beharrari buruz. Hara emaitzak, 7.grafikoan:

Emaitzen arabera, 4.taulan ikus daitekeen modura, 1995. urtean, nafarren %70,7 euskara sustatzearen aldekoa zen eta %23,8 kontrakoa (jendea erantzutera bultzatzeko asmoz, ez zen erdibiderako aukerarik eman). Kontrakoen taldean, batik bat, erdaldunak, hirurogei urtetik gorakoak, eskuindarrak eta ikasketa arauturik ez zutenak agertu ziren.


4. TAULA. Euskararen sustapena Nafarroan ideologiaren arabera

 
Guztira
Eskuin muturra
Eskuina
Zentroa
Ezkerra
Ezker muturra
Bai
70,7
-43,7
-46,9
-65,2
+85
+91,7
Ez
23,8
+50
+47,1
+29,5
-12
-5,7
ED/EE
5,5
6,3
5,9
5,3
-3
-2,5

Euskara sustatzearen aldekoen erantzunak harturik, hauek dira jorratu beharreko lehentasunezko esparruak: irakaskuntza (%51,3), esparru guztiak (%46), hedabideak (%22,1) eta administrazioa (%21,8).

Urte batzuk geroago, IKEI enpresak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aginduz egindako Demanda social de estudios universitarios en vascuence en Navarra izeneko lanean, aurreko ikerlan horretan euskara sustatu beharrari buruz egindako galdera berbera egin zen, modu berean planteatuta, gainera. Hona hemen emaitzak: sustatzearen aldekoak % 71,3; kontrakoak, %9,3; eta axolagabeak % 19,5. Azpimagarria da hiru urteko aldearekin egindako bi ikerlan horietan sustatzearen aldekoen ehunekoa oso antzekoa da: batean %70,7 eta bestean %71,3.

Lehen esan dugun bezala, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen eremu geografiko guztia hartzen zuten bi ikerketa soziolinguistiko egin zituzten 1991. eta 1996. urteetan, Euskararen Jarraipena izenpean. 2001. urtean hirugarrena ere egin zen Eusko Jaurlaritzaren babesean, Nafarroako Gobernuak ez baitzuen hartan parte hartu nahi izan. Hutsune hori betetzeko-edo, 2002. urtean Nafarroako egoera soziolinguistikoari buruzko azterketa bat agindu zion Demoscopia enpresari (*7).

Nafarroako Gobernuaren laguntzarik ez bazegoen ere, 2001eko Euskararen Jarraipena ikerlanean Euskal Herri osoa aztertu zen. Datuen arabera, nafarren %29 euskara sustatzearen alde agertu zen, %37 kontra, eta %37 ez alde, ez kontra. Euskararen sustapenaren aldeko jarrera askoz ere hedatuagoa dago eremu euskaldunean (%70) eta biztanle elebidunen taldean (%84). Sustatzearen kontrakoak, batez ere, erdaldun elebakarrak eta eremu ez-euskalduneko biztanleak dira. Euskararen Jarraipena ikerketa diakronikoan hizkuntzaren sustapenari buruz bildutako datuen emaitzak Nafarroan egindako beste ikerketa soziolinguistiko batzuetan auzi horren gainean bildutakoak baino askoz ere ezkorragoak dira (ikus 8.grafikoa). Izan ere, 2001. urtean jasotakoaren arabera, euskara sustatzearen aldekoak CIESek 1990. urtean egindako ikerketan jasotakoak baino gutxiago dira (19,1 puntu portzentualeko galera 1990etik 2001era bitartean). Argi dago erantzunak, neurri handi batean, galderak egiteko moduagatik baldintzatuak daudela, baina auzi honi buruzko erantzunetan antzematen den neurrigabeko diferentzia horren zergatiari buruz gogoeta egin beharra dagoela uste dugu, aldeak handiegiak baitira.

Gakoa da axolagabeen taldea non kokatu. Gure iritziz, euskararen garapenari buruz galdetutakoan axolagabe azaltzen diren nafar heren horrek, alde edo kontra egin behar duenean, euskara sustatzearen eta garatzearen aldera jotzen du nabarmen. Horrek garbi azalduko lituzke azterketa batetik bestera ditugun itxurazko diferentzia horiek. Hori horrela, ezinbestekoa iruditzen zaigu kolektibo hori euskararen mundura erakartzeko ahalegin berezia egitea, axolagabetasun-geruza horren azpian, funtsean, euskararen aldeko jarrera dagoelako. Lan horretarako, lehenbizi, kolektibo horren gaineko ikerketa lerro kualitatiboak ireki beharko lirateke, euskarari buruz duten diskurtsoaren oinarriak eta, horrenbestez, euskararekiko jarrerak hobeki ezagutzeko, etorkizunean haiengana zuzenduriko hizkuntza politika egokiak diseinatu eta aplikatzeko. Horra hor, bada, hurrengo urteetarako beste jardunbide nagusi bat.

BIBLIOGRAFIA


Azcona, J.: Límites geográfico-sociales del euskera en Navarra, Gobierno de Navarra, 1985 (argitaratu gabe).

Alonso, L.E.: La mirada cualitativa en Sociología, Fundamentos, Madrid, 1998.

Beriain, J.: La identidad colectiva: vascos y navarros, Horia/Haranburua, Alegi, 1998.

Bericat, E.: La integración de los métodos cuantitativo y cualitativo en la investigación social, Ariel, Barcelona, 1998.

CIES: Estudio de las actitudes de los navarros ante el euskera, Gobierno de Navarra, 1990 (argitaratu gabe).

Delgado, J.M., Gutiérrez, J.: Métodos y técnicas cualitativas de investigación en ciencias sociales, Síntesis, Madrid, 1994.

Demoscopia: Navarra y las principales lenguas europeas: competencias lingüísticas en la Comunidad Foral, Gobierno de Navarra, Pamplona, 2002.

Demoscopia: Estudio sociolingüístico sobre el vascuence en Navarra. Competencia lingüística, uso y actitudes. Gobierno de Navarra, Pamplona, 2003.

Erize Etxegarai, X.: Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa 1863-1936. Soziolinguistika Historikoa eta Hizkuntza Gutxituen Bizitza, Nafarroako Gobernua, Iruña, 1997.

Erize Etxegarai, X.: Vascohablantes y castellanohablantes en la historia del euskera de Navarra, Gobierno de Navarra. Departamento de Educación y Cultura, Pamplona, 1999.

Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila. Hizkuntza Politikarako Sailordetza: Euskararen jarraipena I, II, III. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Vitoria-Gasteiz, 1991, 1996, 2001.

Gobierno de Navarra. Departamento de Economía y Hacienda: Censo de población de 1.991. Sección de Publicaciones. Departamento de Presidencia, Pamplona.

Gobierno de Navarra. Departamento de Economía y Hacienda: Distribución de la población Navarra según el nivel de euskara (1.986), Sección de Publicaciones del Departamento de Presidencia, Pamplona.

Gobierno de Navarra. Dirección General de Política Lingüística: Euskara en Navarra. Datos sociolingüísticos del censo de población y viviendas de 1.991, Fondo de Publicaciones del Gobierno de Navarra, Pamplona, 1995.

Gobierno de Navarra. Instituto de Estadística de Navarra (IEN): Distribución de la población Navarra según el nivel de euskara (2001), Pamplona.

IKEI: Demanda social de estudios universitarios en vascuence en Navarra, Universidad Pública de Navarra, 1998 (argitaratu gabe).

Jausoro Santa Cruz, M.N.: La práctica discursiva y el interdiscurso. Una propuesta metodológica para la investigación social del euskera, Universidad del País Vasco, Leioa, 1997.

Jimeno Jurío, J.M.: Navarra. Historia del Euskera, Txalaparta, Tafalla, 1997.

Nieva Zardoya, J.L.: La idea euskara de Navarra, 1864-1902. Fundación Sabino Arana- Euskara Kultur Elkargoa, Bilbao, 1999.

Ramos Alfaro, R.: Nafarroako euskararen egoera demolinguistikoa eta funtzionala. Bergarako Udala, Bergara, 1995.

Sánchez Carrión, J.M.: El estado actual del euskera en la provincia de Navarra (1.970). Institución Principe de Viana, Pamplona, 1974.

Sotés P., Oroz N. eta Vilches C.: El euskera y la enseñanza bilingüe en Navarra. Pamplona. UPNA, 2002 (argitaratu gabe).

Urmeneta Purroy, B.: Navarra ante el vascuence. Actitudes y actuaciones (1876-1919), Gobierno de Navarra. Departamento de Educación y Cultura. Dirección General de Política Lingüística, Pamplona, 1996.

Vilches, C. eta Fernández, B.: “Debate sobre la conciencia vasca en Navarra. Un aporte sociológico” in Langaiak 3, IPES Navarra, Iruña, 1983.

Vilches Plaza, C., Cosin Reta, J.: Investigación sociológica sobre el euskera en Navarra-Euskara Nafarroan zertan den. Nafarroako Gobernuko Argitalpenen Fondoa, Iruña, 1995.

Vilches Plaza, C.: “Iruña euskararen aurrean” in José Luis Lizundia eta beste batzuek, Iruña eta Euskara ihardunaldiak, Iruñeko Udala, Iruña, 1995.

Vilches Plaza, C.: Evolución de las actitudes ante el euskera de los universitarios de Navarra. 1992-2002. Doktorego tesia, UPNA, 2002 (edizio elektronikoa prestatzen ari da).

Zabaleta, F.: Mapa sociolingüístico de Navarra. 1991. Gobierno de Navarra, Pamplona, 1997.

 


 

--------------------------------------------------------

OHARRAK

(*1) Euskaldun partez alfabetatuak: euskaraz ongi ulertu eta ongi hitz egin baina nekez irakurri eta idazten dutenak.
Euskaldun alfabetatugabeak: euskaraz ongi ulertu eta ongi hitz egin, baina euskaraz irakurtzen eta idazten ez dakitenak.
Ia euskaldun alfabetatuak: euskara ongi edo nekez ulertu, nekez hitz egin eta nekez edo ongi irakurri eta idazten dutenak.
Ia euskaldun alfabetatugabeak: euskaraz ongi edo nekez ulertu, nekez hitz egin eta idazten eta irakurtzen ez dakitenak.
Ia euskaldun pasiboak: euskara ongi edo nekez ulertu eta deus ere hitz egiten ez dutenak.
Erdaldunak: euskara ulertzen ez dutenak eta hitz egiten ez dutenak. Halaber, nekez irakurtzen dutela esan arren, beste hizkuntza gaitasunetan ezer ez erantzun dutenak.

(*2) Sotés P., Oroz N. eta Vilches C. (2002). El euskera y la enseñanza bilingüe en Navarra. Iruña, NUP (argitaratu gabe).

(*3) Matrikulazio datuak Nafarroako Eskola Kontseiluaren webgunetik jaso dira.

(*4) Lehenagoko lanak ere badira, esate baterako, Sánchez Carrión, J.M.: El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra. Factores de regresión. Relaciones del bilingüismo. Institución Príncipe de Viana, Pamplona, 1970, edo SIADECOk Euskal Herri osorako 1978. urtean egindako ikerketa soziolinguistikoa.

(*5) Azcona, J.: Límites geográfico-sociales del euskera en Navarra, Nafarroako Gobernua, Iruña, 1985 (argitaratu gabea).

(*6) Vilches, C eta Cosín J.: Euskara Nafarroan zertan den, Nafarroako Gobernuaren Argitarapenen Fondoa, Iruña, 1995. Landa lana 1991. eta 1992. urteetan egin zen. 8.590 inkesta egin ziren, 15 urtetik gorako pertsonei.

(*7) Estudio sociolingüístico sobre el vascuence en Navarra. Competencia lingüística, uso y actitudes, Gobierno de Navarra, Fondo de Publicaciones, Pamplona, 2003.

 

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Carlos Vilches, Mikel Vilches
Urtea: 
2006