Usurbilgo euskara biziberritzeko plan nagusiaren argi-ilunak

Nire ustez berebiziko garrantzia du EBPN plana garatzeko, politikariok (Udala, Foru Aldundia, Jaurlaritza) hasiera-hasieratik planean sinesteak eta erakunde bakoitzaren egitekoak argi zehazteak, eta, plana egoki garatzeko behar diren baliabide guztiak jartzeak. Honela, bada, politikarien arteko lehen bilera haietan finkatu genuen erakunde bakoitzak zer-nolako ekarpena egin behar zion EBPN planari: Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak baliabide tekniko eta ekonomikoak jarriko zituzten, udalak, berriz, baliabide pertsonalak eta ekonomikoak.

Planaren diagnostikoa egiteak ez zigun aparteko ahaleginik eskatu. Bai, ordea, Plan Estrategikoa bera osatzeak. Batetik, Siadecok Usurbilerako proposatutako Plan Estrategikoa genuen, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak EBPN planaren bidez D ereduko udaletarako proposatzen zuen helburuen eta ekintzen zerrenda. Nola uztartu biak?

Beste herriekin alderatuz gero, Aholku Batzordearen berezitasuna UEMA eta Kontseiluko kideak egotea izan da. Usurbilgo Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide da 1997az geroztik. Hori dela eta, garrantzitsua iruditu zitzaigun EBPNko Batzordean UEMAko kideek ere parte hartzea eta ekarpenak egitea.

Bestalde Kontseiluarekin hitzarmena sinatu berria genuenez, beraiei ere Batzordean egoteko gonbidapena egin zitzaien.

Une honetan Buruntzaldeko hiru udal gaude EBPN-n: Lasarte-Oria, Urnieta, eta Usurbil. 2004/2005 ikasturtean Buruntzaldetik 25 ekintza bideratu ditugu eta ekintza hauek guztiak EBPN-n sartzen dira. Usurbilgo Udala Buruntzaldean egoteak EBPN garatzeko onura ugari ekarri dizkio gure udalari. Azal ditzadan:

Lana zentzuz eta helburu jakin batzuen arabera egiteko bidea hartu dugu. EBPNren bidez Euskara Zerbitzuaren lana 2004-2007 urteetan zein izango den badakigu, Plan Estrategikoak adierazten digulako. Era berean, urtez urteko lana ere aldez aurretik pentsatua dago. Honek antolaketa aldetik onura ugari ekartzen ditu:

Euskararen arloko gaien koordinazioa. Uste dut EBPNk duen erronka nagusiena ­

-

eta seguruenera zailena

-

egiten diren eta egin behar diren lanen koordinazioa dela. Koordinazioa diodanean, besteak beste, honakoak ulertzen ditut: erakunde ofizialen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Udala...) eskumenak eta egitekoak ondo definitu eta koordinatzea; EBPNren Aholku Batzordearen lana udalak egiten duenarekin uztartzea eta elkarren berri izatea; udaletan egiten diren euskararen arloko lanak koordinatzea

SARRERA

BAT soziolinguistika aldizkariak, Usurbilgo Udaleko zinegotzi naizenez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren inguruan dudan iritzia eskatu dit eta ondorengo lerroetan nire ikuspegia azalduko dut. Ikuspegi hau emateko, Usurbilgo Udalean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (aurrerantzean EBPN) egin duen bidea azalduko dut, eta, horrekin batera, nire iritzia ematen saiatuko naiz.

USURBILI BURUZKO DATU BATZUK

Usurbil herri euskalduna da. Izan ere, 16 urtetik gorako biztanleriaren % 73k euskaraz hitz egiteko gai ikusten du bere burua, eta horiei 16 urtetik beherako gazte eta haurrak gehituz gero, lautik hiru baino gehiago dira beren burua euskaraz hitz egiteko gai ikusten dutenak. (Siadeco 2002)[1]

Hamasei urtetik gorako usurbildarren idatzizko hizkuntza ezagutzari dagokionez, multzorik handiena (% 57,7) euskaldun alfabetatuek osatzen dute, eta euskara ongi idaztera iristen ez diren herritarren multzoa % 15 da.

 

16 urtetik gorako usurbildarren hizkunta tipologia (%)

Iturria: SIADECO, 2002

 

Inguruko herriekin, Gipuzkoa osoko datuekin eta batik bat Euskal Herrikoekin alderatzen badugu herri euskalduna da Usurbil.

NOLA HASI GINEN

Gure udalean EBPN onartzeko lehen urratsak 2003ko urrian eman ziren. Hasierako bilera haietara Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere etorri ziren. Nire ustez berebiziko garrantzia du EBPN plana garatzeko, politikariok (Udala, Foru Aldundia, Jaurlaritza) hasiera-hasieratik planean sinesteak eta erakunde bakoitzaren egitekoak argi zehazteak, eta, plana egoki garatzeko behar diren baliabide guztiak jartzeak. Honela, bada, politikarien arteko lehen bilera haietan finkatu genuen erakunde bakoitzak zer-nolako ekarpena egin behar zion EBPN planari: Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak baliabide tekniko eta ekonomikoak jarriko zituzten, udalak, berriz, baliabide pertsonalak eta ekonomikoak.

Eta horrela hasi ginen lanean: teknikarion eta politikarion (Foru Aldundi, Jaurlaritza, Udala) arteko lehen bilera Gasteizen egin genuen, 2003ko urriaren 9an. Bertan adostu genituen lan-prozedura eta egutegia. Hasiera batean emandako urratsak hauek izan ziren:

  • Azken urtean udalerrian gauzatutako ekintzen datu bilketa egin
  • Diagnostikoa osatu
  • Euskara aurrekontuaren proposamena egin
  • Euskara Batzordea osatu
  • Komunikazio plana prestatu
  • EBPNko Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana osatu

Gurean abiapuntu ezin hobea genuen: Siadecok Usurbilgo azterketa soziolinguistikoa 2003ko maiatzean egin berria zuen. Azterketarekin batera, 2003-2007 Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana ere egin zituen Siadecok. Modu honetara, ahaleginak egin genituen Siadecok Usurbilerako proposatzen zituen helburu berak jartzen EBPN planean; azken batean, Siadecok egindako azterketa soziolinguistikoa eta EBPN uztartzen.

Usurbilgo Udalean, egitura aldetik, Usurbilen Soziokultura Zerbitzua dugu. Bertan biltzen dira euskara, kultura, hezkuntza, eta gazteriako gaiak. EBPN lantzen hasi ginenean bi langile zeuden zerbitzuan, baina lan gehiago zetorrela ikusita, zerbitzua handitzea erabaki genuen: hirugarren pertsona bat jarri genuen lanaldi erdirako.

PLANAREN DIAGNOSTIKOA ETA PLAN ESTRATEGIKOA

Planaren diagnostikoa egiteak ez zigun aparteko ahaleginik eskatu. Bai, ordea, Plan Estrategikoa bera osatzeak. Batetik, Siadecok Usurbilerako proposatutako Plan Estrategikoa genuen, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak EBPN planaren bidez D ereduko udaletarako proposatzen zuen helburuen eta ekintzen zerrenda. Nola uztartu biak? Egoki ari ote ginen?

Plan Estrategikoaren balorazioa egiten hasita eta esperientziak erakutsi digunarengatik esango nuke zailena lau urtetarako ekintza egokiak aukeratzea izan dela. Ekintza egokia diodanean, esan nahi dut herriaren hizkuntza helburuetara egokitzen dena, bideragarria, egingarria...

USURBILGO EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA

Diagnostikoa osatu ondoren, 2004-2007 Plan Estrategikoa egin genuen eta 2003ko abenduaren 28an Euskararen Aholku Batzordearen lehen bilera. EBPN gure herriari proposatzeko eta ekarpenak jasotzeko garaia zen.

Batzordearen egitekoak hauek izan ziren:

1. Udalari Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egokitzen laguntzea, hots, udalerriko Plan Estrategikoa egiteko aholkuak ematea, Udalbatza Osoak ontzat eman aurretik.
2. Onarturiko Plan Estrategikoa garatzeko urteko Kudeaketa Planen jarraipena egitea.
3. Oro har, Usurbilgo Udalak Euskara Batzorde Informatiboaren eskariari jarraituz, Usurbilgo udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusirik duten gaiak aztertzea.

Batzordea, Usurbilen, modu honetara eratu zen:

  • Irakaskuntza: ikastolako zuzendaria
  • Helduen Euskalduntze Alfabetatzea: Etumeta Euskaltegia
  • Enpresa-merkataritza: Fagor-Berriola
  • Kirola: futbol taldea
  • Erlijio arloko ordezkaria
  • Komunikabideak: Noaua
  • Kultura arloko ordezkaria
  • Gurasoen ordezkaria
  • UEMA
  • Kontseilua

Beste herriekin alderatuz gero, Aholku Batzordearen berezitasuna UEMA eta Kontseiluko kideak egotea izan da. Usurbilgo Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide da 1997az geroztik. Hori dela eta, garrantzitsua iruditu zitzaigun EBPNko Batzordean UEMAko kideek ere parte hartzea eta ekarpenak egitea.

Bestalde Kontseiluarekin hitzarmena sinatu berria genuenez, beraiei ere Batzordean egoteko gonbidapena egin zitzaien.

Aholku Batzordeko kide guztiei Plan Estrategikoaren proposamena bidali zitzaien, aztertu eta beraien ekarpenak egin zitzaten.

Aholku Batzordea eraketa eta bilerak direla eta, balorazio hau egiten dut:

Alderdi onak:

  • Herriko arlo desberdinetan (kultura, erlijioa, kirolak...) lanean ari diren pertsonek parte hartzea garrantzitsua ikusten dut.
  • Gonbidatutako guztiak etorri ziren lehen bilera hartara.
  • Politika aldetik alderdi desberdinetako kideak zeuden bertan ordezkatuak.
  • EBPN garatzea ezinezko izango litzateke herriko agenteen partaidetzarik gabe.

Ez hain onak:

  • Aholku Batzordearen bilera bakarra egin dugu. Denbora tarte honetan batzordekideek ez dute adierazi beste bilera bat egitearen premiarik
  • Batzordearen eraketa eta funtzionamendua “behartu” samarra izan da: neurri handi batean EBPN planeko beharrizanei erantzuteko sortu zen.
  • Batzordekideek ez dute planean hasieratik parte hartu. Plana erdi-egina dagoela eman zaie, eta honek parte hartzeko eta iritziak emateko aukera murriztu egiten du.

KUDEAKETA PLANA

Usurbilgo Udalbatzak 2003ko abenduaren 30ean Usurbilgo Udaleko Plan Estrategikoa onartu zuen. Aldeko botoak:12 Abstentzioa: 1

Ondoren, 2004ko Kudeaketa Plana osatzen hasi ginen. Kudeaketa Plana egiteko Plan Estrategikoan jarri genituen helburuak urtez urte nola beteko genituen aurreikusi genuen.

Guztira, 2004an egiteko 22 azpi-helburu eta 95 ekintza aurreikusi genituen.

Orain, 2004ko Kudeaketa Planaren balorazioa egin dugun honetan, honakoak azpimarratuko nituzke:

  • 95 ekintza horietatik 55 bete dira, 21 egiteko bidean daude, 10 atzeratu egin dira eta 9 indargabetu egin dira. Hauez gain aurreikusi gabeko 6 ekintza berri sortu dira. Honenbestez Kudeketa Planaren balorazioa, oro har, nahiko ona dela esan genezake.
  • 2004ko Kudeaketa Planean, agian, ekintza gehiegi jarri genituen eta justu antzera ibili gara horiek betetzen. Helburuak jartzerakoan oso aintzakotzat hartu behar dira zerbitzuan dauden giza baliabideak.

EBPN PLANA ETA BURUNTZALDEA

EBPNren balorazioa egiten ari naizen honetan, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek egiten duten lana. 2002ko martxoaren 14an Buruntzaldeko Udalen (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, eta Usurbil) arteko hitzarmena sinatu zen euskarako egitasmoak elkarlanean garatzeko.

Une honetan Buruntzaldeko hiru udal gaude EBPN-n: Lasarte-Oria, Urnieta, eta Usurbil. 2004/2005 ikasturtean Buruntzaldetik 25 ekintza bideratu ditugu eta ekintza hauek guztiak EBPN-n sartzen dira. Usurbilgo Udala Buruntzaldean egoteak EBPN garatzeko onura ugari ekarri dizkio gure udalari. Azal ditzadan:

  • Baliabideen optimizazioa: udalak berak bakarrik aurrera atera ezingo lituzkeen programa ugari Buruntzaldetik bideratzen ditu. Ez da gauza bera, adibidez, kanpaina bat egiteko gastu guztiak (diseinua, inprenta-gastuak...) udalak berak bakarrik ordaintzea edo sei udalen artean egitea.
  • Buruntzaldearen lan-dinamika: teknikariak hilero biltzen dira, lan-dinamika bizia da eta motibazio handia dute elkarrekin lan egiteko.
  • Beste udaletan egiten denaren berri handiagoa izatea eta esperientziak elkarren artean trukatzea.

DIRULAGUNTZAK

Gure Udala EBPN-n sartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik jasotako laguntza ekonomikoa aurreko urteetakoa baino handiagoa izan da. Hau, berez, Usurbilentzat ona bada ere, dirulaguntzak banatzeko irizpideak, eskuartean ditudan datuen arabera, ez dira behar bezain egokiak. Udal batek jasotzen duen dirulaguntza, urte batetik bestera euskararako egiten duen diru-aportazio gehikuntzaren araberakoa da. Modu honetara, gerta liteke udal batek diru-kopuru handia jartzea, baina urte batetik bestera euskararen aurrekontuetan diru-aportazio gehikuntza handiegirik egiten ez badu, horren ondorioz, diru gutxi jasotzea.

NON GAUDEN ETA NORA GOAZEN

Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana onartu genuenetik urtebete pasa den honetan, EBPNren balorazio orokorra egitekotan hauek azpimarratu nahi ditut:

EBPNk gure udalari egin dizkion ekarpenen artean:

  • Prozedura eta metodologia aldetik EBPNk lan egiteko modu egokiago bat erakutsi digu.
  •  Lana zentzuz eta helburu jakin batzuen arabera egiteko bidea hartu dugu. EBPNren bidez Euskara Zerbitzuaren lana 2004-2007 urteetan zein izango den badakigu, Plan Estrategikoak adierazten digulako. Era berean, urtez urteko lana ere aldez aurretik pentsatua dago. Honek antolaketa aldetik onura ugari ekartzen ditu: aurrekontuak egitea errazagoa da, hilero zer egin behar dugun badakigu...
  • Egindako lana metodologia baten arabera ebaluatzen da: honek garrantzi handia du zertan egin den aurrera eta zertan ez ikusteko, eta, bide batez, etorkizuneko lana definitzeko.
  • Udaleko hizkuntza politika aztertzeko eta bideratzeko tresna egokia da.
  • Metodo integrala da: EBPNk euskararen arlo guztiak ukitzen ditu plangintza bakar batean eta honek ikuspegi orokorra izaten laguntzen digu.
  • Udal guztiok plan nagusi baten barruan lan egitea ona dela uste dut. Udal guztiok sistema eta metodo berarekin lan egiteak onura ugari ekartzen ditu: udalen lana konparatu ahal izatea, elkarren berri izatea, esperientziak elkarren artean trukatzea...
  • EBPN garatzeko eskaini zaizkigun baliabideak egokiak izan dira: aplikazio informatikoa, HPSren aholkularitza eta jarraipena, prozedura eta metodologia, dirulaguntzak...

Hobetu beharreko puntuak azpimarratzekotan, honakoak nabarmenduko nituzke:

  • EBPN plana garatzeko egutegia estuegia izan da. Egia da gauzak egiteko epe jakina izatea ona izaten dela, baina, zenbaitetan epe horiek estuegiak izaten dira. Garrantzitsua da pausoak poliki eta ongi ematea.
  • Lana modu sistematikoagoan egiten dugu, baina, funtsean lehenago egiten genituen ekintza beretsuak egiten ditugu.
  • Aholku Batzordearen funtzionamendua “behartu” samarra izan da. Ez dugu lortu herriaren inplikazio handiegirik.
  • Plan estrategikoa eta Kudeaketa Plana osatzerakoan zenbaitetan programa informatikoak ematen zigun ereduari errazegi heldu diogu. Eta eredu hori, zenbaitetan ez zaio gure herriaren errealitateari ondo egokitzen.

ERRONKA NAGUSIAK

Aztertu ditugu EBPN planak Usurbili ekarri dizkion alde on eta txarrak. Orain, etorkizunari begira jarri eta gogoeta batzuk egin nahi nituzke.

  • Euskararen Erabilera Planaren jarraipena. 86/1997[2] Dekretuaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko udal ugarik Erabilera Planak onartu eta martxan jarri genituen, hainbat udaletan zeregin horretarako langileak kontratatu ziren, aplikazio informatiko bat sortu zen... Gerora, udalok gai honekin nora ezean bezala gabiltza. Bada garaia Euskararen Erabilera Planaren gaiari errotik heldu eta irtenbide bat emateko.
  • Euskararen arloko gaien koordinazioa. Uste dut EBPNk duen erronka nagusiena ­-eta seguruenera zailena- egiten diren eta egin behar diren lanen koordinazioa dela. Koordinazioa diodanean, besteak beste, honakoak ulertzen ditut: erakunde ofizialen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Udala...) eskumenak eta egitekoak ondo definitu eta koordinatzea; EBPNren Aholku Batzordearen lana udalak egiten duenarekin uztartzea eta elkarren berri izatea; udaletan egiten diren euskararen arloko lanak koordinatzea eta elkarrekin trukatzeko bideak jartzea...

[1] SIADECO (2002): Usurbil. Euskararen normalizaziorako plangintza estrategikoa 2003-2007 (36.or)

[2] 86/1997 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena.

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
EAE
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Ibon Beristain
Urtea: 
2005