Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren hedapena toki mailako erakundeetan (2002-2005)

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia

aho batez onartu zen 1998ko ekainaren 24ko Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkuran. Planarekin erantzuna ematen zaio gizarteko zenbait sektorek eta herri-administrazioko hainbat esparruk denbora luzez azaldutako beharrari. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izaera estrategikoko plan zuzentzailea da, euskararen erabilera normalizatzeko egitasmoak edo plan sektorialak biltzeko esparrua.

Lehen helburu estrategikoak euskara hitz egiten dutenen kopurua gehitzea planteatzen du, horren bidez euskararen erabilera bermatuko duen euskaldunen gutxiengo dentsitatea lortzearren. Horretarako, lehenik eta behin, euskara dakiten gurasoek beren seme-alabei euskara lehen hizkuntza moduan transmititu diezaieten bultzatu behar da; bigarren, hezkuntza-eskaintza nahikoa eta kalitatezkoa bermatu behar da

Euskararen Aholku Batzordeak 2000ko lan-egitarauan, hiriburuetan ez ezik 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ere EBPN garatzeko oinarrizko azterketa eta proposamena egitea hobetsi zuen. Euskararen Aholku Batzordearen erabaki hori betetze-aldera, HPSk, hiriburuetan ez ezik, udaletan ere EBPN garatzeko oinarrizko azterketa egin zuen, eta proposamenak aurkeztu ditu udalen egoera soziolinguistikoa eta tamaina kontuan izanda.

Hori horrela, 2003an 13 erakundek

[4]

[5]

Bai Koordinaziorako Zuzendaritzarako bai eta prozesuan diren gainontzeko erakundeetarako, EBPNk ekarri duen alde ona ere lana sistematizatzeko modua izan da (prozedura ezarrita, metodologia komuna…). Horrek aukera eman digu, EBPNren Jarraipenerako Zerbitzuari, lana antolatzeko eta udal guztiekin modu bertsuan aritzeko. Udalei ere sistematizazio lana lagungarria gertatu zaie, orain arte egindakoa errebisatzeko, moldatzeko eta ekimen berrietan pentsatzen hasteko.

HPSk ezarritako prozeduran toki-erakundearekin batera guztiz beharrezkotzat jotzen da prozesuan zehar udalerri mailako eragileen partehartzea bermatzea. Hori dela eta, Euskararen Aholku Batzordea osatzea da prozesuaren urrats nagusietariko bat. Organo aholku-emaile hau udalerrian hizkuntza-normalkuntzan diharduten talde, elkarte eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkarien harreman-organoa izatea proposatzen da.

Gastu-mota aztertuz gero, hona hemen gastatutakoa nola banatu den (pertsonal-gastuak eta funtzionamendu-gastuak ez daude diru-kopuru hauetan sartuta): bigarren helburu estrategikoan eta hirugarrenean, gastatutakoaren hiru laurdenak biltzen dira. Esparruka aztertuz gero, AISIAn bideratu da gasturik handiena (% 19). Guztira, bost esparrutan biltzen da gastatutakoaren erdia: aisian, administrazioan, kulturgintzan, Komunikabideetan eta Euskalduntze-alfabetatzean, hurrenkera

horretan.

EBPN martxan jartzeko konpromisoa hartu duten udalei eskatu zaie beraien Euskara Zerbitzuen egoera aztertzea, eta urterik urte, beharko luketen tamaina-funtzioetara egokitzen joateko bidea egitea. Jarraian ikusiko dugun moduan, EBPN martxan jartzerako, udal bakan batzuek baino ez zituzten betetzen HPSk proposaturiko gutxieneko dimentsioak. Baina nabarmena da urteak joan ahala udal gehienek egin duten ahalegina.

euskararen erabilera normalizatzeko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak lehenetsitako helburuak gauzatzeko ezinbestekoa dela, datozen urteotan, egungo baliabideak, urtez urte, haztea. Izan ere, egungo giza eta diru-baliabideei ahalik eta etekinik onena ateratzeko erakundeen arteko koordinazioa hobetzeak ez baitu ekarriko berekin datozen urteotarako lehenetsi diren erronka berri nagusiei aurre egiteko behar besteko oinarrizko baliabiderik”.

Koordinazioa eta elkarlana ez da bakarrik udalekin edo mankomunitateekin eman. Atal honetan ezinbestekoa da aipatzea Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin batera egindako lana. Honetan ere, aurrekoan bezala, maila politikoan eta maila teknikoan izan da elkarlana. Batetik, Foru Aldundietako euskara alorreko zuzendariek parte hartu dute prozesuaren hasieratik, hau da udalekin egiten den lehenengo bileretatik. Bestalde, dirulaguntza deialdiak egokitu eta moldatu dira, guztion baliabideak bide berean jartzeko asmotan

Baliabideen gaineko hausnarketa indargunea den moduan, horren emaitza eta hartutako erabakiak ez dira beti lagungarriak izan.

Batetik, aurrekontuak direla eta, udal askok oraindik baldintzatzen dute beraien plana beste erakunde (Jaurlaritza eta Foru Aldundiak) batzuen dirulaguntzetara. Beraz, ez dira gai beraien hizkuntza-politika modu autonomoan zehazteko eta gainontzeko gaiekin gertatzen den moduan bere gain hartzeko.

Prozesu berri honen aurrean, bai teknikariek bai eta arduradun politikoek ere hainbat alorretan prestatzeko beharra azaldu dute. Arduradun politikoen kasuan, zinegotzi berriek bereziki, erabakiak hartzen laguntzeko gai jakinen gainean irizpideak behar zituztela adierazi dute. Horrela, ikuspegi orokorra ez ezik, hizkuntzaren normalizazioaren inguruko gaietan sakontzeko nahia eta asmoa azaldu dute.

Aipatutako ikastaroaz gain, euskararen sustapenean interesgarriak diren gaien aurkezpenak eta eztabaidarako saioak aldiro eskaini dira. Horren adibidea, Euskararen Aholku Batzordeak onartutako Kalitateari buruzko txostenaren aurkezpena, edo Euskalduntze-alfabetatzeari buruz HABEko kideek egindakoa. Ildo beretik jarraitzeko asmoa du HPSk, eta aurtengo otsailean HPSk martxan jarri berri duen “Euskararen Adierazle Sistemaren” aurkezpena egin da

Prozesuaren hasieran Koordinaziorako Zuzendaritzak programaren eragina neurtzeko ezarri zuen adierazleetariko bat, urtero 20 erakundeetara plana zabaltzea izan zen. Egungo egoera ikusita esan dezakegu ezarritako helburua bete eta gainditu egin dela.

Oraindik udal berriak hurbilduko badira ere, gure lehentasuna izan beharko litzateke lehendik ditugun udalen behar berriei egokitutako eskaintza bideratzea.

Bestetik, eta lehen adierazi bezala, adierazleen atala berariaz landu beharra dago, eta ahal den neurrian adostu, homogeneizatu eta sistematizatu EBPN garatzen ari diren udal guztien artean, benetako jarraipena eta betetze-maila neurtzeko. Hau da, kudeaketa planetan eta eguneroko lanetan erabiltzen diren ekintzen gaineko adierazleen inguruan hausnarketa ireki behar dugu, proposamen bateratua udalei aurkezteko.

1. EBPN-REN AURKEZPEN OROKORRA

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa da, hizkuntza-politika egiten diharduten herri-aginteei euren jarduna bideratzen lagunduko dien oinarrizko tresna:

  • alde batetik, arazo nagusiak aurreikusi ondoren, epe motzera eta luzeagora erdietsi behar diren helburuak adostu, egitarauak egokitu eta ebaluazio-irizpideak zehazteko.
  • Bestetik, euskara biziberritzeko aurrekontuen azterketa sakona egin eta egungo egitarauek etorkizunean izan dezaketen eragina aurreikusiz lehentasunak finkatzeko.
  • Azkenik, herri-erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko eta euskalgintzan diharduten bestelako enpresa eta herri-elkarteekiko harremana bideratzeko.
  • Halaber, oinarrizko tresna da herri-aginteek zein gizarteko gune erabakigile desberdinek euren jarduna, auzolanean, uztartzeko.
    • Plan estrategiko hau ez da dokumentu itxi eta alda ezina, irekia eta eten gabe egokitzeko sortua baizik, herrigintzan eta gizartegintzan diharduten sektore eta taldeen ekarriek aberastuko duten neurrian eguneratzen joango baita.
    • Beraz, plan honek Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren ildo nagusiak erabakitzeko, Foru Aldundiek eta udalek bideratu ohi dute euskararen aldeko sustapen-politika gidatzeko eta euskalgintzan diharduten elkarte, talde, eta erakundeekiko elkarlana bideratzeko oinarrizko erreferentzia eta tresna izan nahi du.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aho batez onartu zen 1998ko ekainaren 24ko Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkuran. Planarekin erantzuna ematen zaio gizarteko zenbait sektorek eta herri-administrazioko hainbat esparruk denbora luzez azaldutako beharrari. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izaera estrategikoko plan zuzentzailea da, euskararen erabilera normalizatzeko egitasmoak edo plan sektorialak biltzeko esparrua.

Eusko Jaurlaritzak 1998ko uztailaren 28an aurkeztu eta onartu zuen Plan Nagusia. Plana oinarrizko esparrua eta erreferentea da Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika arautuko duten funtsezko ildoak definitzeko, herri-administrazioen sustatze-politika zuzentzeko, eta herri-aginteen eta gizarte-ekimenaren arteko elkarlana bideratzeko. Ondoren, Legebiltzarrean aurkeztu zen, Kultura sailburuak hala eskaturik, eta Legebiltzarreko alderdiekin eztabaida-negoziazio erronda ireki zen. Gero, 1999ko abenduaren 10ean egindako Osoko Bilkuran Legebiltzarrak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onetsi zuen, EAJ-EA, Ezker Batua eta Euskal Herritarrok taldeen aldeko botoz. PP[1] eta PSE-EE[2] taldeek aurkako botoa eman zuten.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburu nagusia euskaraz bizi nahi duenari aukera hori bermatzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabaki eta bultzatzea da. Azken finean, Euskal Herrian maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean euskararen erabilera normalizatzearen aldeko neurriak areagotzean datza.

Lehen helburu estrategikoak euskara hitz egiten dutenen kopurua gehitzea planteatzen du, horren bidez euskararen erabilera bermatuko duen euskaldunen gutxiengo dentsitatea lortzearren. Horretarako, lehenik eta behin, euskara dakiten gurasoek beren seme-alabei euskara lehen hizkuntza moduan transmititu diezaieten bultzatu behar da; bigarren, hezkuntza-eskaintza nahikoa eta kalitatezkoa bermatu behar da, euskaraz ez dakiten gurasoek beren seme-alabak euskaraz eskolatu ahal izan ditzaten; eta, hirugarren, helduei euskara ikasteko aukera eskaini behar zaie.

Bigarren eta hirugarren helburu estrategikoen arabera, datozen urteetako erronka nagusia belaunaldi berrietako euskaldunek euskara gaztelania —eta frantsesa, dagokionean— bezain erabilgarritzat eta atsegintzat hartzea da, helduaroko arlo zehatz eta garrantzitsuetan: lan-esparruan, aisialdian, kiroletan, komunikabideen kontsumoan, zein funtzio sinboliko afektiboetan (pertsona arteko harremanetan, dela familian, gizartean eta kultura-arloan, dela bere burua euskal herritartzat hartzeko balio dioten esparruetan). Horretarako, euskarazko zerbitzuen eskaintza gehitu behar da, eta eskolaz gain beste erabilera esparruetara zabaldu. Produktuak eta zerbitzuak euskaraz ematean datza herri-aginteok eta gizarte-ekimenak egin behar dugun ahalegin nagusia: euskarak bizi-indar osoa edo ohargarria duen bizi-inguru hurbiletan osasun-, hezkuntza-, kirol-, aisialdi-zerbitzuak eta abar euskaraz edo elebietan eskaintzea. Jakina da eskaintza sistematikoak sortzen duela herritarren eskaera; beraz, beharrezkoa eta lehentasunekoa da euskarazko eskaintza indar handiagoz bultzatzea eta sustatzea, bereziki hiztun gazte berrien artean. Izan ere, horrela bakarrik emango zaie aukera euskara bigarren hizkuntza duten herritar elebidun horiei euskaraz mintzatzeko behar duten erraztasuna eta jariotasuna lortzeko, eta horren bidez hizkuntzaren kalitatea hobetzeko.

2. EBPN UDALETARA EGOKITZEKO ETA HEDATZEKO ARRAZOIAK

Eusko Legebiltzarrak, 1999ko abenduaren 10ean egindako osoko bilkuran EBPN berresteaz gain, EBPN Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan eta hiri handietan garatzeko oinarrizko irizpideak aztertzeko eskatu zuen:

“Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako eta hiri handietako udalei eskatzen die gara dezatela euren hizkuntza normalizatzeko plana, nahiz eta hori bideratzeko plan orokor bat egon”. (8. ebazpena)

Hori horrela, Euskararen Aholku Batzordeak 2000ko lan-egitarauan, hiriburuetan ez ezik 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ere EBPN garatzeko oinarrizko azterketa eta proposamena egitea hobetsi zuen. Euskararen Aholku Batzordearen erabaki hori betetze-aldera, HPSk, hiriburuetan ez ezik, udaletan ere EBPN garatzeko oinarrizko azterketa egin zuen, eta proposamenak aurkeztu ditu udalen egoera soziolinguistikoa eta tamaina kontuan izanda.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia gidari, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan garatzeko moduko plan xehatuak egin nahi izan dira, udalek euskararen erabilera areagotzeko lanetan gida eta erreferentzia egokitua izan dezaten. Lan hori buruturik, Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkuran (2001eko martxoaren 27an) aurkeztu eta onartu zen.

Euskararen Aholku Batzordearentzat Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren hedapenak toki-mailako erakundeei atzera begiratzeko aukera eman behar zien hizkuntza normalizazioaren esparruan ordurarte egindakoa errebisatzeko eta aurrera begira proposamen berriak edota egokituak plazaratzeko. Beraz, hausnarketarako bidea ere irekitzen zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak.

Hausnarketa horretan beharrezkotzat jotzen zen ere giza zein diru baliabideen gainean aritzea. Planak onartzeak ezinbestez baliabideetan eragina izan behar zuen: diru-baliabideak handitzea edota egokitzea, giza-baliabideak indartzea edota egitekoak moldatzea, adibidez.

Azkenik, aukera ere izan nahi zuen Planaren hedapenak lana sistematizatzeko, antolatzeko, eta elkarlanerako bide berriak jorratzeko.

3. PROZEDURA ETA METODOLOGIA

Erakundeen arteko koordinazioaren etengabeko hobekuntzarekin jarraitzeko asmoz, Plan Nagusiaren hamar eredu desberdin egin ditugu udaletan ezartzeko. Kontuan izan dira biztanleen kopurua eta egoera soziolinguistikoa, eta lehentasuna eman zaie 5.000 biztanletik gorako edota euskaldunen kopurua % 70etik gorakoa duten udalerriei (EAEko udalerrien % 64 eta biztanleriaren % 93,5 hartzen direlarik).

Horrekin batera honakoa ere aurkeztu dugu: 1) behar diren gutxieneko giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen proposamena, udaleko euskara-zerbitzuaren dimentsioa, helburuak, betebeharrak eta lanpostu-motak zehaztuta; 2) Plan Nagusia udal-mailan garatzeko prozedura, erabilgarria udal bakoitzak bere urte anitzeko plana egiteko, urteko kudeaketa-planetan xehatuta; 3) udalaren egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa, Plan Nagusiak jorratzen dituen jarduera-esparru guztietan; 4) toki-administrazioaren barruan euskararen erabileraren normalizazioa bermatzeko eredua eta ekintza-irizpideak; 5) udal-mailako ekimen sozialarekin batera partehartze eta koordinaziorako organo bat sortzeko proposamena, etengabeko eztabaida- eta kontsulta-foro izateko; 6) Plan Nagusiaren finantziazio-eredua; 7) egin beharreko gutxieneko komunikazio-ekintzen proposamen-zirriborroa; eta 8) Plan Nagusiaren eta urteko kudeaketa planen on-lineko kudeaketarako, segimendurako, ebaluaziorako, eta etengabeko hobekuntzarako erabiliko den informatika aplikazioa, eta horretaz gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aholkularitza, prozesu guztian zehar.

4. BILAKAERA ETA GAUR EGUNGO EGOERA

Udaletan plana gauzatzen hasteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak EUDELekin eta Foru Aldundietako ordezkariekin batera EBPNren udaletarako plan egokitua proposatu eta aurkeztu zien udalei[3] 2001eko apirilean. Horrekin batera, udalei hortik aurrerako urratsak elkarlanean emateko laguntza eskaini zien HPSk.

Hori dela eta, zenbait udal harremanetan jarri zen HPSrekin udaleko plana osatzeko eta bideratzeko. HPSk, aldez aurretiko zenbait urrats eman zituen arren, 2002ko martxoan ekin zion era egituratuan eta jarraian Plana udaletan garatzeko borondatea azaldu zuten udalekin elkartzeari.

Hori horrela, 2003an 13 erakundek[4] (12 udalek eta mankomunitate batek) zuten onartuta Plan Estrategikoa eta abian jarri zuten lehendabiziko Kudeaketa Plana. Erakunde horiei 2004n, beste 33[5] erakunde batu zaizkie (31 udal eta mankomunitate bi). 2005. urtea hastearekin batera beste 23 udalek jarri dute Plan Estrategikoa indarrean. Beraz, guztira, 2005ean 81 udal ari dira, EBPN udalbatzetan onartuta, Plan Estrategikoak garatzen.

Guztira, biztanleriari dagokionez, EBPN indarrean jarri den udalerrietan 1.449.763 biztanle bizi dira eta horietatik 441.087 euskaldunak dira[6]. Hau da, EAEko biztanleen % 70era iritsi da EBPN eta EAEko euskaldunen % 69arengan izango du eragina Plan Nagusiak.

 

Udalak

Biztanle-kopurua (2001)

 

GUZTIRA

<5.000

5.000-10.000

>10.000

% 15era arte

10

6

4

 

% 15etik % 50era

25

13

2

10

% 50etik % 70era

21

6

6

9

% 70etik gora

22

14

3

5

Hiriburuak

3

     

GUZTIRA

81

39

15

24

Eremu geografikoa kontuan izanik, EBPN Gipuzkoan eta Bizkaian zabaldu da. Laburbilduz, EBPN garatzen ari diren erakundeak EAEko bi lurraldetan, 16 eskualdetan eta 81 udaletan kokatzen dira.

EBPN indarrean duten erakunde horiez gain, badira beste hogeita hamasei[7] udal 2004. urtea bukatu baino lehen plana onartzeko konpromisoa hartu dutenak, eta hortaz, 2005ean EBPN martxan jartzeko eman beharreko urrats desberdinak ematen ari dira, bakoitza bere neurrira.

Nabarmentzekoa da EBPN garatzeko lanean ari diren toki-erakundeen artean, EAEko hiru hiriburuak egotea. Donostia-San Sebastián hiriburua bereziki aipatu beharra dago; izan ere, hirirako Plan Estrategiko Orokorra onartuta eta 2001az geroztik martxan duten arren, EBPNrekin osatzeko konpromisoa hartu baitu Udalak.

Hortaz, EBPN onartuta dutenak eta garatzeko lehen urratsak ematen hasi berri direnak kontuan harturik, guztira, 94 udaletara zabaldu da EBPN.

5. EMAITZEN EBALUAZIOA: AHULEZIAK ETA INDARGUNEAK

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako Zuzendaritzatik bideratzen den lana hobetzeko, besteak beste “Erabiltzaileen Gogobetetasun Inkesta” bete dute EBPN garatzen ari diren udalek, eta horrekin batera udal-teknikariekin izandako jarraipen-bileretan jasotako ekarpenak hartu ditu aintzat. Ekimen horiei eta urtero EBPNren garapenaren gainean egiten den ebaluazioari esker, prozesuaren indarguneak eta ahulezia nagusiak ezagutzeko aukera izan dugu.

Indarguneak eta ondorio nagusiak:

1. EBPNren hedapena

Aurretik adierazi bezala, prozesuaren hasieran programaren eragina neurtzeko ezarritako adierazleetariko bat, urtero 20 erakundeetara plana zabaltzea, bete eta gainditu egin da. Beraz, esan dezakegu, kuantitatiboki programa arrakastatsua izan dela.

2. Lana egiteko modua: sistematizazioa

Bai Koordinaziorako Zuzendaritzarako bai eta prozesuan diren gainontzeko erakundeetarako, EBPNk ekarri duen alde ona ere lana sistematizatzeko modua izan da (prozedura ezarrita, metodologia komuna…). Horrek aukera eman digu, EBPNren Jarraipenerako Zerbitzuari, lana antolatzeko eta udal guztiekin modu bertsuan aritzeko. Udalei ere sistematizazio lana lagungarria gertatu zaie, orain arte egindakoa errebisatzeko, moldatzeko eta ekimen berrietan pentsatzen hasteko. Lehenengo hiru urte hauetan bideak eta oinarriak jarri dira, euskara sustatzeko ekimenak egokitzeko eta berritzeko.

Horrekin batera ere positibotzat jo dira udalen eskura jarritako tresnak (prozedura, diagnostikoak, aplikazioa, ereduak orokorrean,…), lana arintzeko lagungarriak izan baitira.

Bestalde, prozesuak aukera eman die parte hartzen dutenei hizkuntza politika baten ikuspegi orokorra izateko; orain arte egiten ziren ekimenen zergatia edo arrazoia eta besteekiko lotura aurkitzeko lagungarria izan da, beraz, prozesua.

3. Tokiko Euskararen Aholku Batzordea

HPSk ezarritako prozeduran toki-erakundearekin batera guztiz beharrezkotzat jotzen da prozesuan zehar udalerri mailako eragileen partehartzea bermatzea. Hori dela eta, Euskararen Aholku Batzordea osatzea da prozesuaren urrats nagusietariko bat. Organo aholku-emaile hau udalerrian hizkuntza-normalkuntzan diharduten talde, elkarte eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkarien harreman-organoa izatea proposatzen da.

Jasotako iritzien arabera, orokorrean, Euskararen Aholku Batzordea osatzea edota egokitzea lagungarria izan da, gizarte eragileen partaidetza bideratzeko eta Plana sektore guztiei zabaltzeko. Prozesuaren hasieratik inplikatu direnean administraziotik kanpoko agenteak arrakasta gehiago izan du Planak. Parte hartzea era egokian bermatu den kasuetan, lan gehiago egin da eta aberatsagoa izan da prozesua.

4. Baliabideen gaineko hausnarketa

Prozesuak ekarri du baliabideen gaineko hausnarketa egitea. Kasu batzuetan udalek beren euskararako aurrekontuak indartzeko lagungarria izan da. Beste batzuetan, berriz, aurrekontu horiek beste modu batean bideratzeko aurrerapausoak eman dira.

Giza baliabideei dagokienez ere, EBPN abian jartzeak, orokorrean, euskara zerbitzuak indartzea ekarri du (lanpostuak egonkortu, langile berriak, euskaltegiko irakasleak plangintza lanetan hastea….).

Baliabideak direla eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundiek ahalegin berezia egin dute EBPN abian jartzen laguntzeko. Horren ildotik etorri dira ohiko dirulaguntza deialdien moldaketak.

Horrekin batera aipatu behar dugu, 2003. urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako PINBE izeneko deialdia. Hainbat udaletan plana onartzearekin batera Euskara Zerbitzua indartu egin dute ordura arte euskalduntze-alfabetatze lanetan ziren udal euskaltegietako langileekin.

4.1. Aurrekontuak

Kudeaketa-planen ebaluazio orokorrean berariaz aztertu dira erakunde guztietan euskararen sustapenerako bideratutako aurrekontuak:

  • Kudeaketa Planetako ekintzetan gastatutakoa, esparruz esparru
  • Kudeaketa Planetan esparru bakoitzean gastatutakoaren portzentajea guztiarekiko
  • Aurreko urtearekiko euskara-aurrekontuaren bilakaera
  • Erakundearen aurrekontu osoarekiko euskara-aurrekontuaren portzentajea

Gastu-mota aztertuz gero, hona hemen gastatutakoa nola banatu den (pertsonal-gastuak eta funtzionamendu-gastuak ez daude diru-kopuru hauetan sartuta): bigarren helburu estrategikoan eta hirugarrenean, gastatutakoaren hiru laurdenak biltzen dira. Esparruka aztertuz gero, AISIAn bideratu da gasturik handiena (% 19). Guztira, bost esparrutan biltzen da gastatutakoaren erdia: aisian, administrazioan, kulturgintzan, Komunikabideetan eta Euskalduntze-alfabetatzean, hurrenkera

horretan.

 

Bestalde, EBPN martxan jartzeak euskara-aurrekontuan hazkundea ekarri du. EBPN martxan jarri zen lehendabiziko urtean, bataz beste, 2003n lehen kudeaketa-planarekin hasi ziren erakundeetan % 32ko igoera izan zuen euskara-aurrekontuak.

Irakurketa egiterakoan kontuan hartu behar dugu “euskara-aurrekontua” kontzeptua ez dela kontzeptu hertsia, interpretazio ezberdinak izan baititzake: batzuek euskara zerbitzuaren aurrekontua bakarrik izan dute kontuan; beste batzuek, horrez gain, euskara sustatzeko bestelako sailetatik egiten diren programen aurrekontua ere kontuan hartzen dute; beste batzuk, berriz, aurrekoaz gain euskaraz egiten diren ekintza guztien aurrekontua hartzen dute kontuan (nahiz eta ekintza horren helburu nagusia beste bat izan). Hortaz, sailkapen zehatza egitea ez da lan erraza.

Nolanahi ere, batzuen eta besteen arteko ikuspegi-aldeak ekiditeko, bi urtez behin herri-aginteetako euskara biziberritzeko aurrekontuen gaineko azterketa egiten dugu modu sistematikoan eta galdesorta itxi batez baliatuz Eusko Jaurlaritzan, Foru Aldundietan eta 5000 biztanletik gorako udalerrietan.

4.2. Giza baliabideak

EBPNk ekarriko dituen egitekoei aurre egin ahal izateko, udalak bere giza baliabideak aztertu eta egokitu beharko ditu. Lan horretan laguntzeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskara Zerbitzuen gaineko azterlana egin zuen. Azterketari esker jakin dugu orain arte euskara zerbitzuko langile kopurua finkatzeko orduan eragina duten aldagai nagusiak biztanle-kopurua eta euskaldunen portzentajea direla. Horiexek dira, bada, Euskara Zerbitzuen dimentsionamendua proposatzeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kontuan hartu zituen aldagai edota irizpideak.

Hori horrela, biztanle kopuruak eta euskaldunen portzentajeak baldintzatuko dute Euskara Zerbitzuaren tamaina. Horrexegatik, dimentsionamendu proposamena biztanle kopuruak eta euskaldunen portzentajeak gora egin ahala aldatuko da: zenbat eta biztanle kopurua eta euskaldunen portzentajea altuagoa izan, Euskara Zerbitzuaren tamaina handiago izango da.

Hori dela eta, EBPN martxan jartzeko konpromisoa hartu duten udalei eskatu zaie beraien Euskara Zerbitzuen egoera aztertzea, eta urterik urte, beharko luketen tamaina-funtzioetara egokitzen joateko bidea egitea. Jarraian ikusiko dugun moduan, EBPN martxan jartzerako, udal bakan batzuek baino ez zituzten betetzen HPSk proposaturiko gutxieneko dimentsioak. Baina nabarmena da urteak joan ahala udal gehienek egin duten ahalegina.

Hori horrela, argi esan daiteke, giza baliabideei dagokienez, EBPN martxan jartzeak Euskara Zerbitzuen dimentsionamenduan eragina izan duela, bai langileen kopuruaren aldetik, eta baita haien lan-baldintzetan nahiz funtzioen banaketan eta zerbitzuaren berrantolaketan ere. Ondorengo taulan ikusiko dugu EBPN martxan jarri zuten lehendabiziko erakundeetako giza baliabideen bilakaera. Erakunde hauek 2003an onartu eta abian jarri zuten lehendabiziko aldiz Kudeaketa Plana.

Toki-erakundeak

(46)

HPSren proposamena

Egoera 02

Egoera 03

Egoera04

GUZTIRA

49

34

39,5

46

Argi ikusten da urterik urte udal horiek Euskara Zerbitzua sendotzeko egindako ahalegina. Ikusten denez, 2002tik 2004ra, bi urteren buruan, Euskara Zerbitzu horietan langileen kopurua % 35 hazi da. Nabarmena da HPSk proposaturiko kopurura iristeko egindako esfortzua. Izan ere, 2002an, oraindik plana martxan ez zegoela, proposaturikoa % 69an betetzen zen; 2003an proposaturikoarekiko betetze-maila % 81 zen eta 2004an, berriz, % 94. 2004an, beste 33[8] erakunde batu zitzaizkien (31 udal eta mankomunitate bi) aipaturiko udalei. Jarraian, 2003tik 2004ra erakunde horiek giza baliabideetan egindako egokitzapena aztertuko dugu. Hauetan ere azpimarragarria da giza baliabideetan izandako hazkundea.

 

HPSren proposamena

Egoera 03

Egoera 04

Aldea 04-03

GUZTIRA

107

78,35

94,9

16,55

Hemen ere ikusten da gora egin duela Euskara Zerbitzuetan aritzen diren langileen kopuruak. EBPN martxan duten udaletatik gehienek HPSk proposaturiko gutxieneko tamaina badute edota gainditu egin dute. Hala eta guztiz ere, orokorrean, oraindik ez da iritsi begiz jotako kopuru-funtzioetara, baina bilakaera goranzkoa da zalantzarik gabe. 2003an HPSk proposaturikoarekiko betetze-maila % 73 zen eta 2004an, berriz, % 89.

Zenbait udaletan Euskara Zerbitzua handitu ez bada ere, hainbat lanpostu egonkortu dituzte, EBPNk zekartzan behar berriei aurre egiteko. Zenbait lanpostu finko bihurtzeaz gain, hainbat Euskara Zerbitzutan beraien egitekoak eta funtzio-banaketak aztertu dituzte, eta berrantolaketa abian jarri dute.

Horri lotuta, hainbat udaletan plana onartzearekin batera Euskara Zerbitzua indartu dute ordura arte euskalduntze-alfabetatze lanetan udal euskaltegietan ziren langileekin. Horren kudeaketa eta finantziaziorako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak PINBE izeneko deialdia jarri du abian 2003. urtean. Udaletan euskara-planen ezarpenaren ondorioz finkatzen diren neurrien ebaluazio-, jarraipen- eta koordinazio-ekintzetan udal euskaltegietako irakasleek duten partaidetza finantzatzeko esleitutako diru-laguntza horren bitartez, 2003. urtean 14 erakundek jaso dute laguntza; 2004. urtean, berriz, guztira 16 izan dira lagundutako erakundeak 22 irakasle/teknikari babestu direlarik.

Gainera, esan beharra dago zenbait udalek Euskara Zerbitzua propio sortu dutela EBPN garatu ahal izateko: Markina-Xemein, Ea, Sestao eta Ibarra. Horietaz gain badira zenbait udal elkartu egin direnak zerbitzu komuna sortzeko: Arrieta, Fruiz eta Gamiz-Fika, batetik, eta bestetik, Ibarrangelu, Gautegiz-Arteaga eta Elantxobe.

Nabarmena da, beraz, EBPNk Euskara Zerbitzuaren dimentsionamenduari eta antolaketari ekarritako onura. Izan ere, HPSren helburutariko bat da Euskara Zerbitzuak behar bezala hornitzea. Izan ere, edozelako plana aurrera eroateko ezinbestekoa da gutxieneko baliabideak ziurtatzea. Ezin ahantz dezakegu, bestalde, EBPNk jasotako ondorio hau:

euskararen erabilera normalizatzeko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak lehenetsitako helburuak gauzatzeko ezinbestekoa dela, datozen urteotan, egungo baliabideak, urtez urte, haztea. Izan ere, egungo giza eta diru-baliabideei ahalik eta etekinik onena ateratzeko erakundeen arteko koordinazioa hobetzeak ez baitu ekarriko berekin datozen urteotarako lehenetsi diren erronka berri nagusiei aurre egiteko behar besteko oinarrizko baliabiderik”.

5. Erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa

Programa honen alderdi garrantzitsuenen artean, zalantzarik gabe, erakundeeen artean koordinaziorako oinarriak ezarri izana aipatu behar dugu.

Batetik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ahalegin berezia egin du hurbileko jarraipen pertsonalizatua emateko, bai maila politikoan bai eta, bereziki, maila teknikoan ere.

Horren adibide, maila politikoan udalez udal egin diren bilerak edota komunikazio ekintzak ditugu (konpromisoa hartzeko bilera, horren berri emateko prentsaurrekoa, finantziazioa adosteko bilera,…).

Maila teknikoan, udalez udaleko bileraz gain, aipagarria da prozesu osoan EBPNren Jarraipenerako Zerbitzuetako teknikariek egindako jarraipen eta emandako laguntza zuzena. Egin den esfortzua, dudarik gabe, oso handia izan da; udaletako teknikariek egindako inkestan teknikarien arreta eta emandako laguntza bereziki aitortu eta eskertu da.

Koordinazioa eta elkarlana ez da bakarrik udalekin edo mankomunitateekin eman. Atal honetan ezinbestekoa da aipatzea Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin batera egindako lana. Honetan ere, aurrekoan bezala, maila politikoan eta maila teknikoan izan da elkarlana. Batetik, Foru Aldundietako euskara alorreko zuzendariek parte hartu dute prozesuaren hasieratik, hau da udalekin egiten den lehenengo bileretatik. Bestalde, dirulaguntza deialdiak egokitu eta moldatu dira, guztion baliabideak bide berean jartzeko asmotan (EBPNren bidean, hain zuzen).

Azkenik, Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien artean maila teknikoan eman den elkarlana eta koordinazioa ere aipagarria da. Batetik, Foru Aldundietako teknikariek (Alkarbidekoa, Bizkaiko kasuan) parte hartzen dute udaletako teknikariekin HPSk egiten dituen bileretan. Bestetik, EBPNren Jarraipenerako Zerbitzuak koordinazio bilerak egiten ditu Foru Aldundietako teknikariekin bikoizketak saihesteko eta elkarlanerako proposamenak jorratzeko.

Aipatutako erakundeez gain, EUDELek prozesu honekiko erakutsi duen arreta azpimarratuko genuke. Adibide gisa, 2004. urtean HPSrekin elkarlanean abian jarritako zinegotzientzako ikastaroak.

6. Koordinaziorako Zuzendaritzako lan taldearen inplikazioa eta aholkularitza

Talde berria izanik, azpimarratu beharra dago, udaletako kideen aldetik izan duen harrera eta balorazio ona. HPSko teknikarien lana oso ondo baloratu da eta bereziki goraipatu da egindako jarraipena eta prestutasuna aholkularitza eta laguntza emateko garaian.

Ahuleziak eta ondorio nagusiak

1. Komunikazio Plana

Orokorrean ondo baloratu eta beharrezkotzat jotzen bada ere, hasiera baterako lagungarria zena, gaur egun ez da ondo egokitzen udaletako beharretara. Hasi berrientzat, behar bada oraindik lagungarria izan daiteke proposamena (errebisatu ondoren). Plana onartu dutenentzat, berriz, ezinbestez proposamen berriak landu behar dira, egoera berriari aurre egiteko.

2. Euskararen Aholku Batzordearen funtzionamendua

Indarguneetan aipatzen bada ere, ahulezien artean jaso behar dugu Euskararen Aholku Batzordea. Bere funtzioa eta beharra ez da zalantzan jartzen baina bai Batzordea dinamizatzeko modua eta interesa mantentzeko mekanismoak. Honetan ere, aurreko puntuan bezala, Plana onartu ondoren berraztertu behar da Batzordearen papera eta lan egiteko moduak.

3. Baliabideak

Baliabideen gaineko hausnarketa indargunea den moduan, horren emaitza eta hartutako erabakiak ez dira beti lagungarriak izan.

Batetik, aurrekontuak direla eta, udal askok oraindik baldintzatzen dute beraien plana beste erakunde (Jaurlaritza eta Foru Aldundiak) batzuen dirulaguntzetara. Beraz, ez dira gai beraien hizkuntza-politika modu autonomoan zehazteko eta gainontzeko gaiekin gertatzen den moduan bere gain hartzeko.

Giza baliabideak direla eta, sortu diren lanpostu berrien izaera ez da beti HPSk proposatutakoa izan: behin behineko kontratazioak egin dira eta sarritan goi mailako teknikari bati dagokion maila profesionala baino baxuagoko kategoriarekin.

Horregatik beharrezkotzat jotzen da urtero udalek egiten duten baliabideen gaineko proposamena aztertzea, langileen lan baldintzak normalizatzeari begira. Toki-mailako erakundeetako agintariak hizkuntzaren normalizazio prozesuan giza baliabideek duten garrantziaz jabetu behar dira. Horrekin batera euskara teknikariei dagokien errekonozimendua ematea ezinbestekotzat jotzen da.

4. Ebaluazioa

Orokorrean ebaluazioa egiteko ohitura gaitasun edota irizpide falta dagoela nabarmendu da.

Emandako irizpideen arabera, egin diren kudeaketa planen betetze-maila neurtzeko, ekintzen gaineko kudeaketa-adierazleak aurreikusi behar dira urteko proposamena egiterakoan, hau da, urtearen hasieran; ondoren, ebaluazio garaian ezarritako adierazle horiek neurtu behar dira eta hortik ondorioak atera, hurrengo urtean beharrezkoak diren egokitzapenak egin ahal izateko.

5. Aplikazio informatikoaren funtzionamendua

Tresna hau ezinbestekoa bada ere, berez, hainbat arazo informatiko direla medio, zenbait kasutan traba izan da eta prozesua moteldu egin du. Batetik, aplikazioak berak dituen murriztasunak aipatu behar dira; bestetik, sarean izatearen ondorioak (moteltasuna, zerbitzariarekiko mendekotasuna, …); azkenik, udaletan diren baliabide teknikoen ezaugarriak (askotan udalaren sarearen edo ordenadorearen arazoa da).

Beraz, koordinaziorako eta lanaren sistematizaziorako beharrezkotzat jotzen dugun tresna moldatzen eta behar berrietara egokitzen jarraitu beharko da etorkizunean ere.

6. Prestakuntza

Prozesu berri honen aurrean, bai teknikariek bai eta arduradun politikoek ere hainbat alorretan prestatzeko beharra azaldu dute. Arduradun politikoen kasuan, zinegotzi berriek bereziki, erabakiak hartzen laguntzeko gai jakinen gainean irizpideak behar zituztela adierazi dute. Horrela, ikuspegi orokorra ez ezik, hizkuntzaren normalizazioaren inguruko gaietan sakontzeko nahia eta asmoa azaldu dute.

7. Ekintzen garapena

Prozeduran, metodologian, lanaren sistematizazioan asmatu bada ere, programa edota ekintzen garapenerako HPSk eskainitako irizpideetan sakondu beharra dago. Planak orokorrean baloratu dira, baliabideak kontuan izan dira, baina eguneroko zehaztasunetan eta edukietan sakontzeko garaia heldu da.

Bestalde, prozesuak elkarlanerako eskaintzen dituen aukerak ez dira behar beste aprobetxatu ekimenak EBPN garatzen ari diren udalen artean burutzeko (baliabideak optimizatzeko, sinergiak aprobetxatzeko, esperientziak elkartrukatzeko….).

Ahuleziei aurre egiteko abian jarritako ekimenak

2004. urtean, ordurarte antzemandako ahuleziei aurre egiteko, hainbat ekimen jarri du abian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

1. Ikastaroak

Batetik, aipatutako prestakuntza beharrei erantzuteko, aipatu bezala, HPSk EUDELen lankidetzarekin batera “Udal mailan hizkuntza politika bideratzeko oinarrizko ezagutza” izeneko ikastaroa eskaini du, 2004ko urrian hasita, 2005eko urtarrila bitartean. Ikastaroa arrakastatsua izan da, 100 ikasletik gora izan baita. Ikastaro horretan lau modulu eman dira: Euskararen Estatus Juridikoa, Euskararen egoera soziolinguistikoa, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, eta, azkenik, EBPNren garapena udaletan. Modulu hauek izan duten erantzun ezin hobea ikusita, aurten ere, beste modulu batzuk prestatu eta eskainiko ditu.

Teknikariei begira, berriz, Asmoz Fundazioarekin batera, Hiznet eta Linguanet ikastaroak bultzatu dira.

2. Ezagutzaren kudeaketa hobetzeko saio berezituak

Aipatutako ikastaroaz gain, euskararen sustapenean interesgarriak diren gaien aurkezpenak eta eztabaidarako saioak aldiro eskaini dira. Horren adibidea, Euskararen Aholku Batzordeak onartutako Kalitateari buruzko txostenaren aurkezpena, edo Euskalduntze-alfabetatzeari buruz HABEko kideek egindakoa. Ildo beretik jarraitzeko asmoa du HPSk, eta aurtengo otsailean HPSk martxan jarri berri duen “Euskararen Adierazle Sistemaren” aurkezpena egin da, eta baita, EABren “Ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko planak EBPN udal-ereduekin uztartzea” izeneko txostena.

3. Komunikazio-Plana

Arlo honetan abian jarritako ekimena bikoitza da. HPSk ikerlan bat burutzen ari da, batetik, EBPN onartu bitarteko prozesuan gaur egun dugun proposamena eguneratzeko eta egokitzeko.

Bestalde, EBPN onartu ondoren udalek beraien komunikazio-plana (edo komunikazioa ekintzak) burutzeko irizpideak, metodologia, eta materialak lantzen ari gara.

4. Adierazleak:

Aipatu bezala, ebaluazioarena da prozesuan dugun ahulezietariko bat. Horregatik, abian jarri berri den Euskal Herriko Adierazle Sistema, tresna egokia izango da euskararen egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko.

Bestalde, eta horrekin batera, ekintzen gaineko kudeaketa adierazleak bateratzeko eta Plana garatzen ari diren teknikariekin adosteko proposamena lantzen ari gara.

5. Koordinazioa lan-esparruetan sakontzeko:

Lana antolatu eta prozedurak ezarri ondoren, hurrengo lan garrantzitsua izango da esparruetan eta edukietan sakontzea. Horren ildotik, hainbat ikerlan burutzen ari da HPS, gai hauei buruz:

a. Familia Jarraipena
b. Aisialdia
c. Udalerri euskaldunenak

Ikerlan hauen bitartez, gai horietan sakondu eta erakundeen arteko elkarlanerako proposamen praktikoak zehaztu nahi dira, ondoren udaletan abian jartzeko.

Beraz, esparru honetan ondo definitu behar da prozesua eta prozesu horretan eragile bakoitzaren parte hartzea. Eusko Jaurlaritzak mahaiaren gainean jarriko ditu hausnarketarako proposamenak eta marko orokorra, ondoren erakunde guztien ekarpenak biltzeko eta, ahal den neurrian, era koordinatuan egitasmo berriak abian jartzeko.

6. Aplikazio informatikoa:

Lanerako tresna erabilgarria izan dadin, etengabe egokitzen eta moldatzen ari gara aplikazio informatikoa. 2005. urtearen hasieran, azken asteotan eman dituen arazoak ikusita, aplikazioaren auditoretza egitea erabaki da. Auditoretza egin ostean behar diren egokitzapenak burutuko dira. Horrela, aplikazioari beste funtzionalitate berri batzuk erantsiko dizkiogu, EBPNren jarraipena erosoago eta eraginkorrago egin ahal izateko.

6. AURRERA BEGIRAKO PROPOSAMENAK

Indarguneetan aipatzen den moduan, Planaren hedapena kuantitatiboki altua izan da. Horregatik, momentu honetan, zabalkunde fase nagusia bete dela esan dezakegu.

Horregatik, momentu honetan interesgarria izan daiteke programaren ebaluazioa eta horren inguruko hausnarketa egitea, aurrera begira eman beharreko urratsak eta lehentasunak ezartzeko.

Prozesuaren hasieran Koordinaziorako Zuzendaritzak programaren eragina neurtzeko ezarri zuen adierazleetariko bat, urtero 20 erakundeetara plana zabaltzea izan zen. Egungo egoera ikusita esan dezakegu ezarritako helburua bete eta gainditu egin dela.

Oraindik udal berriak hurbilduko badira ere, gure lehentasuna izan beharko litzateke lehendik ditugun udalen behar berriei egokitutako eskaintza bideratzea.

Laguntza ekonomikoaz gain, erakunde hauei eskaintzen zaien laguntza teknikoa indartu beharko genuke; bereziki programa berriak eta elkarlanean egindakoak abian jartzeko.

Lehen aipatutako lanek (familia, jarraipena, aisialdia,…) aukera eman behar digute bide berri hori jorratzeko. Jaurlaritzak ez du zertan eragile nagusia izan behar (ez du, adibidez, familia jarraipenari buruzko kanpaina berak bakarrik egin behar), baina lan hori bultzatu, koordinatu, eta sustatu behar du.

Bestalde, eta udalek egiten duten lanari etekin handiagoa ateratzeko Jaurlaritzari ere badagokio batzuen eta besteen esperientzien berri ematea, eta ahal den neurrian, ekimen eragingarrien eta bideragarrien zabalkundea egitea.

Horren ildotik, 2004ko ebaluaziotik bildu diren ekarpen berriak aztertu eta ekintza interesgarriekin eskaintza osatu eta berritu beharko genuke.

Bestetik, eta lehen adierazi bezala, adierazleen atala berariaz landu beharra dago, eta ahal den neurrian adostu, homogeneizatu eta sistematizatu EBPN garatzen ari diren udal guztien artean, benetako jarraipena eta betetze-maila neurtzeko. Hau da, kudeaketa planetan eta eguneroko lanetan erabiltzen diren ekintzen gaineko adierazleen inguruan hausnarketa ireki behar dugu, proposamen bateratua udalei aurkezteko.

 

[1] Azpimarratzekoa da Alianza Popularrek bere garaian aurkako botoa eman ziola azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoari.

 

[2] 10/1982 Oinarrizko Legeari, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoari, aldeko botoa eman arren, Estatuko Abokatuak helegitea aurkeztu zuen atal gehienen aurka Estatuko Gobernuaren Presidentzia PSOEren esku zegoela.

[3] 5000 biztanle baino gehiagoko udalei eta euskaldunen portzentajea % 70etik gorakokoei (1996ko erroldako datuen arabera); hau da, 160 udalei aurkeztu zitzaien udal ereduen araberako EBPNren hedapena.

[4] Getxo, Mungia, Gernika-Lumo, Arrigorriaga, Tolosa, Zestoa, Lasarte-Oria, Orio, Bergara, Elgoibar, Eibar, Beasain eta Txorierriko Mankomunitatea izan dira EBPN martxan jarri duten lehen erakundeak

[5] Anoeta, Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Azpeitia, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Berriz, Ea, Enkarterriko Mankomunitatea (Artzentales, Galdames, Gordexola, Güeñes, Karrantza Harana/Valle de Carranza, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Trutzioz, Zalla), Erandio, Etxebarri DE, Galdakao, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Markina-Xemein, Muskiz, Ondarroa, Ordizia, Uribe Kostako Mankomunitatea (Sopelana, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Barrika, Urduliz) , Urduña-Orduña, Urnieta, Usurbil, Villabona

[6] 2001eko erroldako datuen arabera

[7] 2004ko azaroaren 3an: Aramaio, Asteasu, Bilbao, Durango, Elorrio, Ortuella, Zumaia, Vitoria-Gasteiz, Zizurkil, Legazpi, Soraluze, Zarautz, Aretxabaleta, Azkoitia, Laudio, Hondarribia, Urretxu, Amorebieta-Etxano, Donostia, Zumarraga, Getaria, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Elantxobe, Orozko, Ugao-Miraballes, Zeberio, Arrasate, Ibarra, Zaldibar, Errenteria, Oiartzun, Zegama, Idiazabal, Sestao, Irun.

[8] Anoeta, Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Azpeitia, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Berriz, Ea, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri DE, Galdakao, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Markina-Xemein, Muskiz, Ondarroa, Ordizia, Uribe Kostako Mankomunitatea eta udalak, Urduña-Orduña, Urnieta, Usurbil, Villabona

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Ane Crespo eta Amaia Agirre
Urtea: 
2005