Iritzia: Elhuyar

Euskararen aldeko mugimenduak eta politikak asko aldatu dira azken urteotan eta guk geuk ere dagoeneko urte batzuk badaramatzagu "euskararen erabilera areagotzeko planak" diseinatzen eta garatzen. Urte hauetako eskarmentuak eta premiek erabileraren inguruan asko hausnartzera bultzatu gaituzte eta, ondorioz, etengabe gure estrategiak eta lan egiteko modua doitu eta egokitu behar izan ditugu.

EGUN DAUDEN BIDEAK

Euskararen erabilera handitzeko prozesuak garatzea da gure egiteko nagusia, bai erakundeetan (enpresak, elkarteak, udalak eta bestelakoak), baita udalerrietan ere. Prozesu bakoitzean abiapuntuko egoera eta helburuak desberdinak izango diren arren, guztietan lan egiteko modu berbera erabiltzen dugu, oinarri gisa eragile guztiek parte hartzea, egoeraz jabetzea eta kontzienteki hizkuntz ohiturak aldatzea proposatzen duena.

Erakundeak plana abian jartzea izaten da lehenengo pausoa. Zenbaitetan erabaki hori nolabait "behartuta" hartzen dute, baina badaude euskara bultzatzeko erabakia borondatez hartzen dutenak ere, uste osoa dutelako eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen lagunduko dielako herritarrari edota bezeroari hark nahi duen hizkuntzan normaltasunez jarduteko bidea emateak. Kasu horietan erakundearen hizkuntz politika eta hainbat irizpide zehaztu eta ezarri behar izaten dira eta lan horietan ere laguntzen dugu. Horrekin guztiarekin batera, euskara ikasteko eta hobetzeko erraztasunak eta bideak ere eskaini ohi dira. Euskaraz lan egin nahi duenak, gainera, inoiz baino baliabide eta tresna lagungarri gehiago ditu eskura —eskuliburuak, hiztegiak, kontsulta-zerbitzuak…—, Interneten eta bestelako euskarrietan.

Nolanahi ere, emaitzek argi erakusten dute euskara ikasteak eta baliabideak eskura izateak bakarrik ez duela erabilera bermatzen. Izan ere, hizkuntza erabili ahal izateko, baldintza sozialak ere behar dira, eta, horrez gain, euskara erabiltzearen aldeko motibazio pertsonala eta kolektiboa. Euskara-planetan euskaldunak, euskalduntzen ari direnak, eta euskaraz ez dakitenak ere barne hartzen ahalegintzen gara, planak eraginkorrak izan daitezen guztion laguntza eta parte-hartzea beharrezkoa izaten baita. Gaztelaniaz egiteko joeraren arrazoiak aztertzen dira eta, batzuen kasuan, jakite-maila izango da sakondu behar dena; beste batzuen kasuan, aldiz, motibazioan eragin beharko da. Halere, horiekin batera jarrerak ere aztertu beharko ditugu, euskalduntze-prozesuan argi ikusten delako ezagutzatik erabilerarako jauzia hizkuntz komunitatea osatzen duten kideen balio subjektiboetan oinarritzen dela. Datu objektiboek alderdi kuantitatiboaren inguruko balio handiko informazioa ematen digute, horrela abiapuntua ezarri eta gero aldaketak neurtu ahal izateko. Halere, informazio kualitatiboaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, hiztunen eta eragileen pertzepzioek eta nahiek eragin handia izango baitute planaren norabidean.

Behar-beharrezkoa da, beraz, plana garatzeko prest egongo diren eragile guztiak hasieratik inplikatzea. Horretarako planaren nondik norakoak taldean aztertu, eztabaidatu, eta adosten dira; prozesua "bizi" egiten da, nolabait. Parte-hartzeak kontzientziazioa eta gizarte-sarea aberastea dakar, eragileen hizkuntz jokabidea eta ohiturak pixkanaka aldatzea errazten du eta, ondorioz, euskara gehiago erabiltzea. Gure prozesuen oinarri metodologikoa honakoa da: eragileak prozesuaz jabetzea, taldean egindako eraikuntza-lanaren ondorioz.

ETA ETORKIZUNEAN ZER?

Azken urteotan ahoz aho ibili den eta dabilen gaia da erabilerarena: zer egin erabilera bultzatzeko? BAT aldizkari honetan bertan ere behin baino gehiagotan landu da eta arloko zenbait erakundek antolatuta hainbat jardunaldi, hitzaldi, mahai-inguru egin dira han eta hemen erabilerari buruz. Horrek kezka badagoela adierazten du eta horietako ekitaldi askotan aipatu izan dira elkarlanean aritzearen premia eta garrantzia, baina ezer gutxi aurreratu da bide horretan.

Zein da konponbidea? Batetik, beste hainbat gai eta arazo aztertu eta konpontzeko era askotako erakundeak elkartzen diren bezalaxe (Ezagutzaren Clusterra, MCCko enpresak, Euskara Elkarteen Topagunea…), erabilera eta antzeko gaiak lantzeko ere berdin jokatu beharko litzatekeela uste dugu. Lehen ez bezala, gainera, orain badugu diziplina eta arlo bateko eta besteko ordezkariak bilduko dituen/gaituen gune bat, proiektuak elkarrekin eta elkarlanean lantzea ahalbideratuko duena: Soziolinguistika Klusterra. Gaiari buruz teorizatzeko eta bideak ezartzeko gaitasuna badago, eta zenbait tresna eta baliabide ere eskura ditugu dagoeneko. Beldurrik gabe ikertu beharra dago, gauza berriak probatu, apustu jakin batzuk egin.

Bestetik, ezinbestekoa da babes politiko handiagoa ematea hizkuntz normalizazioari, maila makroan positiboki eragingo duten erabaki politiko ausartak hartzea. Azken batean, politika eraginkorrak behar ditugu, orain artean gauzatu direnak baino zorrotzagoak. Honekin guztiarekin ez dugu ikuspegi erabat beltza aurkeztu nahi, oinarri ona egon badagoelako: baldintza objektiboak hobeak dira, gero eta profesional euskaldun gehiago dago, euskara-planik izan gabe ere hainbat enpresak eta erakundek aurrerapausoak eman dituzte… Uneaz baliatzea eta pausoa zuzen ematea da gakoa. Ea asmatzen dugun.

BAT aldizkaria: 
53. 2004ko abendua. Euskararen erabileraren bilakaera azken...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Elhuyar Aholkularitza
Urtea: 
2004