Euskara eta immigrazioa

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bi miloi zortziehun mila pertsona inguru bizi gara, bi milioi berrehun mila EAEn eta seiehun mila Nafarroan. 2002ko abenduaren 31n, 24.201 atzerritar bizi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, indarreko egoitza baimena zutenak; Nafarroan, 18.956 pertsona. Administrazio egoera irregularrean dauden pertsonen kopurua zehaztea ez da lan erraza. Erroldaren zenbakiak eta Osakidetzak eta Osasunbideak banatutako osasun txartelen kopurua aintzat hartuta, EAEn zazpi mila inguru eta Nafarroan hamabost mila inguru direla uste da. Beraz, EAEn 32.000 pertsona lirateke (herritarren % 1,45), eta Nafarroan 44.000 (herritarren % 7,3). Barne Ministerioko zenbakiek, indarreko lan baimenei eta egoitza baimenei buruzkoek, errealitatea beheratzeko joera dute. Erroldak, aldiz, zenbakiak puzten ditu, mugikortasuna ia-ia kontuan hartzen ez duelako —kontuan hartzekoa da mugikortasuna nahiko handia dela egoera irregularrean dauden etorkinen artean—.

Euskal Autonomia Erkidegoan atzerritarren kopuru osoa oraindik ere txikia da, baina adierazgarria, eremu jakin batzuetan, bereziki. Azken urte hauetan nahiko azkar igotzen ari da (estatuaren batez bestekoa baino motelago), urteko ehuneko hamar bat, gutxi gorabehera (esaterako, Donostian, Europako Erkidegotik kanpoko 2.491 atzerritar zeuden erroldatuta 2002an, eta 3.483 2003ko urtarrilean. Une hartan, 5.110 atzerritar zeuden guztira, herritarren % 2,8). Hainbat tokitatik datoz (2002an 52 nazionalitatetako pertsonek jo zuten SOS Arrazakeriak Gipuzkoan duen informazio bulegora, kontsultak egitera), eta gero eta gehiago dira Latinoamerikako herrialde batzuetatik iristen direnak; Ekuadorretik, Kolonbiatik, Argentinatik, eta Brasiletik, batez ere. Hezkuntzaren esparruan, eta Eusko Jaurlaritzaren 2002ko apirilaren txostenaren arabera, atzerritarrak ikasleen % 1,68 ziren 2001-2002 ikasturtean. Ikasle horien % 57,6 A ereduan matrikulatu ziren, % 28,3 B ereduan eta % 14,1 D ereduan. Matrikulatutako ikasle kopuruaren hazkundearen bilakaera aintzat hartuta (579 pertsona urteko, batez beste, 95/96 ikasturtetik 2001/2002 ikasturtera bitartean), STEE-EILAS sindikatuak kalkulatu du 2006/2007 ikasturtean 8.300 ikasle baino gehiago izango direla, aurreikusitako ikasle guztien % 3. Nafarroan, portzentajea askoz ere handiagoa da. Hezkuntzaren esparruan, 99/2000 ikasturtean 1.062 ikasle matrikulatu ziren, eta, hurrengo urtean, 2000/2001 ikasturtean, 1.667.

Immigrazio berri hori dela-eta, kezkatzen hasiak dira euskararekin zerikusia duten gizarte agenteak: maisuak, helduei euskara irakasten dieten pertsonak, euskararen normalizazioaren alde jarduten duten elkarte eta pertsonak, euskaldunen portzentajea handia den eremuetan bizi direnak, udaletako euskara teknikariak eta abar. Jendea konturatzen hasi da gizarte eta giza erronka berri baten aurrean gaudela, erronka horren mugak zehaztea zaila dela, eta, oraindik ere kopuru erabilgarria bada ere, etorkizunean nabarmen handiagoa izan daitekeela; gainera, honezkero eragin garrantzitsua du esparru jakin batzuetan, eskolan, esaterako. Agente horiek kezkatzen hasiak dira, beraz, eta hori normala da, arazo berriei aurre egin behar dietelako. Oso jarrera positiboak ikusten dira askoren aldetik, hau da, borondate ona eta ahaleginak beste eremu batzuetako —Kataluniako, bereziki— esperientziei buruz informatzeko eta ikasteko. Alabaina, beldurrak, mesfidantzak eta batzuetan espekulazioak ere ageri dira, oinarri handirik gabeak, nire ustetan behintzat. Esaterako, euskara gai izango ote den gainera datorkigun migrazio bolada horri aurre egiteko. Eta galdera horiek, erantzunik ez dutenez, mamuak sorrarazten dituzte, arazo zehatzei aurre egin beharrean.

Gizarte eta giza erronka horrek alderdi ugari dauzkala nabarmendu nahi nuke. Laburbiltzeko, erronka horretan bi parte hartzaile daude, haiek eta gu. Eta biok ere ezinbesteko parte hartzaile garenez, bioi eragiten digunari buruz eztabaidatu beharko dugu, ahalik eta irtenbide egokienak bilatzeko. Eta bidearen hasieran, bestea beldurrez eta mesfidantzaz hartzea ez litzateke batere ona izango.

Zer aurkitzen dute lur honetara datozenek? EAEri dagokionez, aipatzekoa da herrialde txikia dela, eta une honetan duen eraketa aurretiko migrazioen ondorio dela, neurri handi batean. Bi hizkuntza mintzatzen dira: gaztelania, herritar guztiek ezagutzen eta erabiltzen dutena; eta euskara, jatorrizko hizkuntza, herritarren zati batek bakarrik erabiltzen duena (euskal hiztunen presentzia aldakorra da eremu batetik bestera). Gaztelania, gainera, harremanetarako hizkuntza da estatuko gainerako herriekin eta Latinoamerikarekin (Brasilekin izan ezik). Hirigune nagusietan gaztelania da nagusi, eta, hedabide gehienek, idatzizkoek eta ahozkoek, gaztelania erabiltzen dute bereziki. Erdi mailako hiriguneetan (batzuek jarraipen geografikoa dute, eta eremuak osatzen dituzte), euskarak gizartean duen presentzia, euskararen eguneroko erabilera, askoz ere nabarmenagoa da, eta gauza bera gertatzen da hirigune txikiagoetan. Euskara jai eta kultura esparruetan ere ageri da, bai eta politikan eta zerbitzu publikoen alorrean ere. Hezkuntzaren esparruan, sistema oro har hartuta, 2001/2002 ikasturteko datuen arabera, ikasleen % 32,2 A ereduan eskolatu dira; % 22,1 B ereduan, eta, % 45 D ereduan.

Esparru politiko-administratiboan, autonomia erkidego bat osatzen dugu. Zenbait alorretan, eskuduntza esklusiboak ditugu, eta, beste batzuetan, konpartituak. Immigrazioarekin zerikusi handiena duten alorrei dagokienez, hezkuntza eta osasuna alorren eskuduntzak ditugu, bai eta gizarte ongizatearen politikarenak ere. Aitzitik, atzerritarrei buruzko politika estatuaren eskuduntza esklusiboa da, eta Barne Ministerioak du politika hori zehazteko eskumen osoa. Une honetan, immigrazioari dagokion politika oso zentralista da, defentsako eta kanpo arazoetako politikekin batera, eta horrek ondorioak eragiten ditu hainbat alderditan.

Horiexek, beraz, gurera iristen diren atzerritarrek aurkitzen dituzten baldintzak. Iritsi eta berehala, ordea, gizartearen parte bihurtzen dira, eta gizarte horretan bizi behar dute. Hain zuzen ere, aniztasuna da gure gizarte honen ezaugarri nagusietako bat, aniztasun ideologikoa, politikoa eta linguistikoa. Atzerritarrentzat, baina, ez da batere erraza horretara egokitzea: apartheid juridikoko baldintzetan bizi dira, Atzerritarrei buruzko Legearen mende eta bertakook baino eskubide sozial eta politiko gutxiago dituztela. Ondorioz, gizarteratzeko eta laneratzeko arazo gehiago dituzte bertakook baino, hainbat oztopo gainditu behar dituzte egoitza eta lan baimenak lortzeko bidean, zailtasun handiak dituzte etxebizitza duinak lortzeko, eta, hori gutxi balitz, gizarte arrazakeriaren ondorioak pairatu behar izaten dituzte sarri askotan.

Batzuek euskal arbasoak dituzte, baina gehienak haientzat eta haien familientzat sorterrian zituzten baino bizi baldintza duinagoen bila etorri dira. Hemen lana aurki dezakete, nahiko lasai bizi, gizarte arloan toki lasaia da, gizarte zerbitzu eta laguntza erakunde sare bat dago, hemen lehen ere beste batzuk finkatu ziren eta laguntza pertsonaleko eta familiarreko nolabaiteko sare bat dago. Beraz, etorkin gehienak ez dira hemen finkatu gure arazo soziopolitikoek edo soziolinguistikoek bultzatuta. Behin finkatu ondoren, ordea, arazo horiekin topo egiten dute, aurrez aurre.

Bestalde, zer-nolako harremana du herri honetako jendeak —hau da, bertakoek— euskararekin? Argi dago herritar guztiek ez dutela era berean jokatzen euskararen aurrean, eta gai horretara hurbiltzen den edonor ohar daiteke horretaz. Hala ere, gai batzuen inguruan gizarte adostasun zabala dagoela uste dut, eta hemen denboraldi bat daramanak berehala izango du horien berri. Nik honako hauek nabarmenduko nituzke:

Euskarari laguntzea, gutxietsitako hizkuntza izan delako eta gizarte honen lehen mailako ondarea delako.

Euskara hedatzeko borondatea. Gurasoek menderatzen ez badute ere, seme-alabek mendera dezaten. Beste hizkuntza batzuen aldean (gure kasuan, gaztelaniaren aldean), berdintasuna aldarrikatzea.

Euskararen aldeko diskriminazio positiboa izan dadin onartzea.

Bi hizkuntzak menderatzea ona dela onartzea, horrek hierarkiak finkatzea saihestu eta gizartearen integrazioa, kohesioa, eta komunikazioa erraztuko lituzkeelako.

Euskararen ezagutza eta erabilera irakaskuntzaren eta herri administrazioaren esparruetan heda daitezen onartzea (puntu horretan zailagoa da adostasun batera iristea).

Euskal hiztunek euskara gehiago erabiltzea, eta gizarte bizitzan oro har garrantzi handiagoa izatea.

Beraz, gizarteak zenbait adostasun lortu ditu euskarari buruz, eta euskararen egoera eta gizarte estatusa nabarmen hobetu dira azken hogei urteetan, hizpide dugun migrazio moderno hori etortzearekin batera. Hobekuntza horiek, baina, ez dute lortu euskararen egungo prekarietateari eta etorkizunari buruzko zalantzak uxatzea. Hainbat euskaltzalek beldurra eta kezka adierazi dute egungo immigrazioari buruz, eta, agian, euskararen egungo prekarietate eta zalantzazko etorkizun horiek dira horretan zeresanik handiena dutenak (ez dut eztabaidatuko hori horrela ote den, ezta zergatik ote den horrela ere; gai ideologikoak daude horren baitan). Zaila da jakitea deskribatu dudan ikuspegi hori euskaltzaleek immigrazioari buruz duten ikuspegi nagusia den, baina nolabaiteko indarra duela uste dut, batzuetan argi ikusten ez bada ere. Horrelako begirada, nire ustez, alde bakarrekoa da, eta erantzun kaskarra izango litzateke, goian aipatu dudan gizarte eta giza erronkaren aurrean. Eta horrekin ez dut esan nahi ez dela zertan kezkatu behar, baina ez genuke kezka hori immigrazioa euskararen arazoen errudun nagusia egiteko erabili behar; izan ere, arazo horiek hainbat kausa dituzte, eta kausa horiek etorkinek azken urte hauetan izan duten presentziatik baino askoz ere haratago doaz.

Erronka hori alde anitzekoa da, eta kultura eta hizkuntza alderdiak gainditzen ditu. Francesc Carbonellek "Decálogo para una educación cívica, intercultural y antirracista" lanean zehaztu duenez, elkarrekintza kontuan hartu behar da, hau da, kultura, politika, ekonomia, eta gizarte dimentsioen arteko harremana. Ez dira etorkinak egokitu beharreko bakarrak; denok ere egoera berrira egokitu beharrean gaude. Eta geuk, bertakook, gehienen taldea osatzen dugunok, lege berezien eraginpean ez gaudenok, egokitze hori ahalbidetzeko baldintzak sortu behar ditugu, geure arazoak ahaztu gabe.

Etorkinen eta herri txiki honetan dauden arazo soziolinguistikoen —zehazkiago, euskararen eta euskara ikastearen— arteko harremanari buruz gogoeta sakona egin aurretik, argi dago etorkinek bizimodu egonkorra izan behar dutela lehenik. Lasaitasunez bizi behar dute, egonkortasunez, bazterketarik gabe. Ondoren, haiekin harremanak izan beharko ditugu; izan ere, behar-beharrezkoa da enpatia sortzea, bertako hizkuntzaren hiztunen, hau da, euskaldunen (ez dira gizarte osoa, baizik eta gizarte horren parte bat) eta etorkinen arteko harreman soziala eta psikologikoa sortzea, hizkuntza berria ikas dezaten, batzuentzat bigarren hizkuntza eta beste batzuentzat hirugarrena edo laugarrena izango dena. Eta harreman horrek kalitatezkoa behar du, ez da autobusera edo kalean norbaitekin topo egitera mugatu behar, gizarte isolamendua nagusi den edo harremanak urriak diren mundu batean nekez egingo baitugu aurrera. Adina ere kontuan hartu beharko dugu, garrantzizko faktorea baita, ahaleginak non eta nola egin behar ditugun hausnartzerakoan. Eta gizarte harreman hori errazteko, horretarako eta beste hainbat gauzatarako, etorkinentzat zer-nolako bizimodua nahi dugun hausnartu eta adierazi beharko dugu; alegia, goian laburbildu dudan Atzerritarrei buruzko Legearen arabera edo bestelako antolamendu baten arabera bizi daitezen nahi dugun. Eta haientzako bestelako bizimodu bat nahi baldin badugu —nire, ustez, hori da bidezkoa—, antolamendu hori goitik behera eraldatzeko borrokan parte hartu beharko dugu, eta, aldi berean, gobernuak diseinatutakoaren bestelako integrazio proiektu bat sortu, honako printzipio hauei jarraituz: etorkinak ez dira geuk antolatutako gizartearen eranskin moduko bat, eskulan merkea, lan merkatua askatuz doan lan sektoreetan (adinekoen zaindariak, etxeko langile barnekoak, nekazariak, arrantzaleak, putzugileak eraikuntzan...) jarduteko gauza dena; gure apopiloak baino zerbait gehiago dira; eskubide berdintasuna eta tratu berdintasuna behar dituzte; eta gizarteratu behar dute, erabat eta orekaz, gizarte eta kultura arloetan. Eta horrek guztiak denbora eskatzen du, belaunaldien arteko ikuspegi batean jartzea, alegia.

Euskaldunok giza talde minorizatutzat ikusten dugu geure burua. Demografikoki herri txikia gara, oso jaiotza tasa txikia duena, eta gure kultura egoera larrian ikusten dugu, globalizazio ekonomikoaren zurrunbiloan murgildua. Nork bere begiez ikusten du egoera hori —batzuek, larri-larri; beste batzuei, aldiz, bost axola. Etorkinen begietan, ordea, denak ere gehiengoaren parte gara, besteen multzoaren, haiek bezala ez daudenen, bertakoak garenon eta ondorioz haien lege eta arauen eraginpean ez gaudenon taldearen parte, alegia. Eta zaila izango dute mintzo garen hizkuntzaren arabera soilik bereizketarik egitea; izan ere, euskalduna izateak ez du haiekiko harremanaren kalitatea zehazten, bizitzaren hainbat alderditan.

Gu defentsiban jar gaitezke, estatuaren eta haren politikaren aurrean; baina beste batzuk ere defentsiban jar daitezke gure aurrean, haiekin egunero-egunero izaten dugun harremanaren arabera. Geure burua biktimatzat jo dezakegu, estatuak edo munduko egoerak bultza ditzakeen politika jakin batzuen aurrean; baina horrek ez du esan nahi geu ere gurekin bizi diren beste batzuk zapaltzeko eta mesprezatzeko gauza ez garenik, susmo txarrez eta mesfidantzaz begiratzen diegunean, besterik gabe zoritxarren erruduntzat jotzen ditugunean, arrazoietan sakondu gabe, eta, oro har, bizitzaren alderdi gehienetan gu baino okerrago bizi direla kontuan hartu gabe. Hemen denok dugu bestea zapaltzeko gaitasuna. Bai haiek bai guk, denok.

Batzuetan, garena izateko arazoak baditugu ere, eta, behin baino gehiagotan, egiten dugunagatik barkamen eske bezala aritu behar badugu ere, eskura duguna esku bete eskaintzea da egin dezakegun gauzarik onena. Geure eskuak zabaldu behar ditugu, eskuzabaltasunez jokatuz gero haiek ere horrela jokatuko dutelako uste osoarekin.

Etorkinak bizitza duinago baten bila etorri dira, eta ezin diegu gure zalaparta soziolinguistikoak uler ditzaten eskatu, baldin eta haiekin harremanetan sartzen ez bagara eta gure arazoen berri ematen ez badiegu behintzat. Baina argi dago ez dutela ezer ere ulertuko hasiera batetik areriotzat, geure nortasunaren aztoratzailetzat edo zapaltzailetzat jotzen baditugu. Eta hori azpimarratu nahi dut, oso erraza delako gizarte egoera ahulagoan bizi dena zapaltzailetzat edo oztopotzat jotzea. Uda partean, Latinoamerikako hainbat lagunek zerbitzari gisa jarduten dute euskal kostaldeko oso eremu euskaldunetan. Haiei leporatu behar al zaie eskaerak euskaraz ezin direla egin? Askotan langile horiek ezkutuko ekonomian kontratatzen dituzte; arrazoi sakonagoak al daude, kontratazio horren azpian? Tabernen jabeek, hain bertakoak eta euskaldunak direnek, ez al dute erantzukizunik arazo horren aurrean? Ez al zaie ezer eskatu behar, hitzarmenean ezarritako ordutegia errespetatzetik hasita? Eta, gizarte arazo bihurtzen bada —herritarren zati batentzat soilik bada ere—, langileak kontratatzearen ardura duenak ez al luke langile horiei oinarrizko gauza batzuk irakastearen ardura hartu behar? Eta gauza bera esan dezakegu baserrietan edo Hondarribiako edo Ondarroako arrantza ontzietan jarduten duen jendeari buruz. Ontzi horietako asko portuan amarraturik egongo lirateke, Senegaleko, Errumaniako, edo Peruko marinelengatik ez balitz. Eta gauza bera nekazaritza intentsiboko sistemak ezarri dituzten baserri batzuetan. Horixe da abiapuntua, eta kontuan hartu beharko genukeen aurreneko gauza. Adibide horiek aukeratu ditut azken urte eta erdiko elkarrizketetan behin baino gehiagotan adierazi dizkidatelako. Eskura dugu elkar ulertzearen, elkarri errespetuz begiratzearen eta harremanak izatearen atea zabalduko duen giltza, beraz. Giltza hori nola erabili, halako etorkizuna izango dugu.

 

BAT aldizkaria: 
52. 2004ko iraila. Euskara eta etorkinak
Kokapen geografikoa: 
EAE
Nafarroa
Egilea(k): 
Agustin Unzurrunzaga
Urtea: 
2004