Etorkinak eta hizkuntzak eskolan

DIFERENTZIA, ANIZTASUNA, EZBERDINTASUNA

Begi-bistakoa da gure gizartean diferentziak daudela. Era guztietako diferentziak: ohiturak, hizkuntzak, jatorriak, sexua, gaitasunak, erritmoak, interesak... Baina, badaude zentzu positiboa duten diferentzia batzuk (hizkuntzak, ohiturak, interesak... esaterako) eta hierarkia, statusa, boterea, diskriminazioa, giza klasea, hots, nolabaiteko ezberdintasun soziala, adierazten dutenak. Aniztasuna eta ezberdintasuna ez baitira gauza bera.

Immigrazioa da giza ezberdintasunarekin lotzen den horietako diferentzi bat. Ez naiz Europatik, EEBBtik, edo Japoniatik etorritakoei buruz ari; ezta ere ume adoptatuei buruz, hauek gehienetan harrera-familia klase ertainetakoa baitute. Etorkina izatea, kasu gehienetan, ez da aniztasunean emandako berezitasun soila; askotan, giza-zama bat suposatzen du, bai legearen aurrean, osasungintzan, etxebizitza eskuratzerakoan, jatorrizko kultura mantentzerakoan eta, nola ez, eskolan.

IMMIGRAZIOA ETA HEZKUNTZA

Ikasle etorkinak: Non eta nola eskolatzen ditugun

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, eta beste ikerketa bat kontuan harturik (Defensor del Pueblo, 2003; Valero, 2002) honako emaitzak azpimarra ditzakegu:

Azken urteetan (2000-2003) ikasle etorkinak Euskal Herrian 4000 inguru izatetik 8000 inguru izatera pasatu dira.

Iturria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Eusko Jaurlaritza. 2003

Ikasle etorkinen artean latinoamerikarrak dira talde nagusiena (% 45), bigarren taldea Afrikatik etorritakoa (% 20), eta ondoren Europa Erdi eta Ekialdekoak (% 15), EEBB eta EBkoak (% 10) eta Asiakoak (% 6).

Euskal Herrian eskolatzen diren ikasle etorkinen % 76 ikastetxe publikoetan dago, eta gainontzeko % 24 itunpeko ikastetxeetan. Etorkin ikasleri horren % 65ak A ereduan ikasten du. Hori da ikasle etorkinak ikastetxe gutxitan pilatzearen arrazoia. Kontuan hartu behar da, gainera, itunpeko ikastetxeetan (pribatuak) eskolatzen den ikasleriaren zati bat estatu batuarrak eta europarrak direla.

Ikasle atzerritar gehiengoa egoera soziokultural eskasean aurkitzen diren ikastetxeetan eskolatzen da (Defensor del Pueblo, 2003).

Ikasle etorkinek lortzen duten eskola maila eta eskola errendimendua bertako ikasleen azpitik kokatzen da gehienetan (Defensor del Pueblo, 2003).

Oinarrizko legedia ikasle etorkinen hezkuntzan

Gaur egun legedi zabala dugu kulturarteko hezkuntza aurrera eramateko: LOGSE (1990), D.C.B. (1992), Euskal Eskola Publikoaren Legea (1993), Errege Dekretua 299/1996, E.J. 1998ko Ordena, M.E.C.ren Ordena (1999ko uztailaren 22koa).

Europan, 1977/486 Gidarauaz edo Direktibaz geroztik, garbi egon da ikasle etorkinak eskolatzeko orientabidea. Honen arabera, estatuek derrigorrez zabaldu behar zuten eskola etorkinek harrera hizkuntza, jatorrizko hizkuntza, eta kultura ikasi eta landu zezaten. Esanak esan, Direktiba horren aplikazioa hutsean gelditu da, eta 1989an eta 1995ean egindako balantzearen ostean, Europar Batasunak erabat baztertu egin zuen estatuei segika ibiltzea, –legedia betetzen ez zutelako- eta ikuspegia aldatu egin zuen. 1997an, Erregioen Batzordearen Erabakiaren bidez "Kultura Arteko Hezkuntza" bultzatzea erabaki zen, eta ez da hortik aurrera etorkinen hezkuntzari buruz bakarrik hitz egingo, kultura arteko hezkuntzari buruz baizik, hau da, haurrak eta gazteak balio etikoetan, elkar bizikidetzan, demokrazian, begirunean hezi, horrela arrazakeria eta xenofobia baztertu ahal izateko. Aldi berean, baliabideak eskainiko dira kultura arteko proiektuak eta esperientziak aurrera eraman ahal izateko, esaterako COMENIUSen bi ekintza, SÓCRATES programa barruan.

Praktika baliagarrien katalogo bat aztertuz (Europar Batasunak argitaratua, 1999an) kultur arteko hezkuntza, mugak kontuan harturik, errealitate bihurtu dela zenbait kasutan ziurta dezakegu, eta hezkuntza mota hori ez dela deklarazio hutsean gelditu Europako zenbait kideren artean.

ETORKINEN HEZKUNTZA ETA HIZKUNTZAK

Harrera-gizartea (eta etorkinena) elebiduna denean

Adostasun handia dago ikasle etorkinak eskolatzean eta gizarteratzean hizkuntzak duen garrantziaz. Baina, gure kasuan, egoera berezian aurkitzen gara, harrera-gizartea elebiduna baita, eta gainera hizkuntza propioa gutxiengo hizkuntza baita (euskara), gaztelaniak baino bizitasun apalagoarekin. Ez da Madrilgo kasua, gaztelania hutsean, ezta ere Kataluniakoa, katalana gutxiengo hizkuntza dutelarik.

Egoera korapilatsuagoa bihurtzen da etorkinen hizkuntza aztertzen dugunean eta bat izan beharrean bi direla ohartzen garenean: magrebtarren kasuan, esate baterako, gutxiengo hizkuntza bat badute (bereberra) eta beste bat nagusia (arabiarra).

Eskolaren zailtasunak

Egia da etorkinekin hezkuntza aurrera eramateko oinarrizko baliabide teorikoak eta materialak baditugula. Egia da, baita ere, irakasleen eta gainontzeko profesionalen artean kezka handia dagoela lanak nola egin eta ikasle etorkinak integratzeko orduan, batez ere lehen hezkuntzako adinera iristen direnean eta harrera-hizkuntza(k), euskara eta gaztelania, ezagutzen ez dituztenean.

Irakasleei egindako galdeketetan behatuz, ikasle etorkinak aberastasun bezala azaltzen dira, eta ez arazo bezala. Baina irakasleak oso kezkatuta daude zenbait arlotan, hizkuntzenean bereziki; bertako eta atzerriko hizkuntzez. Irakasleek azpimarratzen duten beste kezka bat formazio faltarena da, eta erronka berriei erantzuteko baliabideen eskasia. Espainiako Arartekoa (2003) jarraituz, irakasleek eskatzen duten baliabiderik garrantzitsuena irakasle laguntzailearena da.

Etorkinen hezkuntzari buruzko dilemak

Etorkinen hezkuntzaren alorrean, gaur egun aztertzen ari garen eran, gure gizarteak baditu hartu beharreko zenbait erabaki. Horietako zenbait arlo sozialari eta politikari dagozkionak dira; beste zenbait, aldiz, pedagogikoak, hizkuntzaren ingurukoak, eta kultura arlokoak dira.

Atal soziopolitikoan, gure gizarteak garbi adierazi beharko luke zer nahi duen etorkinak onartzeari eta gizarteratzeari dagokionez. Harrera edo baztertze jarrera, edo ez bata ez bestea; horrek bere eragina du etorkinak integratzerakoan. Planteamendu garbiagoak agerian utziz, kontrajarriak jasotzen ditugun mezuak argitu egin beharko ditugu. Zer gara, gizarte irekia ala itxia? Etorkinak kanporatu ala ekarri nahi ditugu?

Maila soziopolitikoan jarraituz, ikastetxe pribatuen eta publikoen arteko eskolatzearen arazoa konpondu beharra dago. Bi ikastetxe mota hauek, diru publikoa jasotzen dutenez, berdintasunean hartu beharko lituzkete ikasle etorkinak. Eta ikasle etorkinak eskolatzen dituzten ikastetxeek laguntza materiala eta giza baliabideena jaso beharko lukete.

Hizkuntza-pedagogiaren arloan, bestalde, oinarrizko erabakiak hartu beharrean aurkitzen gara, ikasle etorkinen geroa erabat baldintzatzen dute-eta. Honako galderei erantzun beharko diegu:

  • Kontzentrazioa edo ikasle etorkinak banatzea?
  • Harrera hizkuntzen trataera: euskara, gaztelera
  • Etorkinekin hezkuntza, gelan edo gelatik kanpo?
  • Etorkinen hizkuntza eta kulturaren trataera.
  • Eskola arrakastarako edo lanerako prestatu?
  • Hezkuntza etorkinentzat edo ikasle ororentzat?
  • Honako zenbait galdera garbi ditugunean, ikasle etorkinen integrazioaz errazago lan egin ahal izango dugu.

EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGOKO HEZKUNTZ-HIZKUNTZ POLITIKA

Azken urteotan Hezkuntza Politikaren arduradunek etorkinei buruz hausnarketa sakon eta zabala egin dute. Urte asko pasa ditugu definizio baten bila, baina azkenik badirudi baditugula oinarrizko erabakiak, dokumentazioa, eta orientabideak.

1998an argitaratutako liburua dugu oinarria: Kulturarteko Hezkuntza (Jaussi, M.L.). Bertan, kulturarteko hezkuntza lantzeko, kultur aniztasunari buruz egindako hausnarketa aztertzen da, orientabideak eta proposamenak eginez.

Ondoren, 2003ko irailean ateratako zirkularrean (Eusko Jaurlaritza, 2003), epez kanpo eskolatzen diren etorkinekin zein jarrera hartu izango dugu hizpide (EAEn ikasle etorkinak ohiko epeaz kanpo eskolatzea arautzeko instrukzioak). Zirkular honen arabera, era horretako ikasleekin honako lerroak proposatzen dira:

  • 1.- Fondo publikoekin mantendutako ikastetxe guztien (publikoen zein itunpekoen) arteko oreka mantentzen saiatu behar da. Gaur egun, etorkinen % 75 ikastetxe publikoetan eskolatzen dira.
  • 2.- Nagusi diren ereduen bidez (B eta D), etorkinak hizkuntza-normalizazio prozesuan integratzea bultzatu behar da. Gaur egun, ikasle etorkinak A ereduan eskolatzen dira nagusiki, % 65, eta denok dakigu A ereduak euskara ikasteko ez duela balio. Erkidegoko ikasleak, oro har, A ereduan % 10 soilik eskolatzen dira, urtetik urtera kopurua jaisten doalarik.
  • 3.-Ikasle etorkinekin egin behar den diagnostikoa ezartzen da, eta eskolan ezarri behar diren estrategiak eta baliabideak aztertzen dira, beti ere ikasle etorkinak ongien integratzearen bila.

Horren ondoren, Sail beretik, beste hiru dokumentu berri (2004) ditugu:

  • 1. Euskal Hezkuntza Sistema. Liburuxka honetan, familiei ezagupena erraztearren, bederatzi hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, errusiera, errumaniera, arabiera, eta txinera), Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri garrantzitsuenak azaltzen dira. Bertan, hizkuntza eredu ezberdinak, eta horien ezaugarriak eta proportzioa eskoletan erakusten dira.
  • 2. Ikasle etorkinak artatzeko programa. Hemen, etorkinak eskolatzerakoan erabili beharreko printzipioak azaltzen dira:

Integrazioa. Ikasle etorkinekin eskola-integrazioa lortu nahi da, eta era berean gizarte-integrazioa eta kohesioa. Horretarako berdintasuna eta dibertsitatearen defentsa egiten da.

Berdintasuna. Kultura arteko hezkuntzak talde nagusiak eta gutxiengoen taldeak elkarrekin berdin onartu behar direla esan nahi du. Eskolak denen arrakasta bultzatu behar du, etorkinena ere bai, gutxiengo kulturak ezagutzea eta elkarrizketan jartzea, jarrera baztertzaileak gainditzea, eta kultura arteko gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzea.

Interkulturalitatea. Kultura arteko hezkuntzak kultura ezberdinen elkarrizketa, errespetua, eta errekonozimendua bultzatu behar ditu. Horretarako gutxiengo kulturaren zenbait eduki, jarduera, eta presentzia curriculumean sartu beharko dira.

Kalitatea. Helburu hauek denentzako dira, inor baztertu gabe eta ikasle guztien eskola eta gizarte garapenaren alde.

  • 3. Ikasle etorkinentzat harrera-plana egiteko orientabideak. Azken testu honetan, aspaldiko kezka bati erantzuteko tresna eskaintzen zaigu. Nola hartu eta nola antolatu eskola etorkin berriekin sortzen ari den egoera honetara? Hemendik aurrera, hasiera-hasieratik egoki erantzuteko kanpotik etortzen diren ikasleentzat gutxieneko orientabideak izango dira eskola guztietan. Hizkuntzei dagokionez, bi puntu hauek aipatu nahi nituzke:
    • 1.- Hasierako ebaluaketa egiterakoan, batetik, familiako hizkuntzan, eta bestetik, euskaraz eta gaztelaniaz duen gaitasunaren informazioa jasoko da.
    • 2.- Banakako interbentzio-planean, sustatu behar diren helburu eta ikaskuntzak zehaztu behar dira, eta horiek zein hizkuntzatan egingo diren.

Dena den, dokumentu hauez gain, ikasle etorkinekin eman beharreko berrikuntzak bestelako neurriak ere eskatzen ditu. Pedagogian, ohikoa denez, edozein aldaketa sakonerako hiru atal hauek kontuan hartu behar dira: programak, irakasleen formazioa, eta baliabideak (irakasleak eta materialak). Hezkuntza Sailetik emandako orientabideak benetan indartzeko, programak sortzen, testuak prestatzen, irakasle berriak izendatzen eta lehen daudenak formatzen hasi beharra dago. Hor ikusiko da, egiatan, gure hezkuntza sistemaren bizitasuna.

Iniziatibak eta esperientziak Euskal Herrian

Goian aipaturiko testuak nahiko berriak dira, baina gure inguruko zenbait eskolatan esperientziak eta iniziatiba berriak lantzeko hori ez da oztopo izan. Irakasle asko eta asko ari da galdera horiei erantzunak ematen, esperimentatzen eta saiatzen. Han-hemen ezagutzen ditugu lehen harriduratik eta lehen itoalditik hausnarketara pasatu diren irakasle taldeak, eta hortik praktikara, proiektuetara, saiakerara. Batzuetan oker bidetik, argirik gabe, baina askotan, borondate ona zelako, bide onetik. Hona hemen, adibide gisa, Euskal Herrian, dagoeneko, bidean ditugun zenbait esperientzia eta iniziatiba. Esperientzia hauek, etorkinen integrazioaren eta kulturarteko hezkuntzaren alde, begirunea eta elkar bizikidetasuna bultzatuz, gehienetan oso interesgarriak dira.

Adibide gisa, Hizkuntza eta Kultura Portugesa Programa (Karmengo Ama, Trintxerpe) dugu bat, eta beste batzuk, Orokieta I.P.arena (Zarautz) edo Durangoko Berritzegunearena, alegia.

Mintegi, Jardunaldi, Kongresu, eta makina bat antzeko ekitaldi antolatu dira gure inguruan, bertan adituen eta profesionalen ekarpenak, hausnarketak eta esperientziak aurkeztu direlarik. Irakasleen formaziorako ikastaroetan (GARATU), azken urteotan gero eta indartsuago azaltzen da kulturarteko ikastaldien zerrenda (www.hezkuntza.ej.gv.net)

Unibertsitatean ere, curriculum arruntean oraingoz gauzatu ez badira ere, gaiari buruzko zenbait graduondoko ikasketa ematen ari dira (www.ehu.es/titulospropios).

Baliabide eta teorizazio mailari buruzko hausnarketa eginez, etorkinen hezkuntza dela eta, zera esan dezakegu: eskolak dituen erronka berriei erantzuteko, irakasleen formazioan hutsune nabariak daudela oraindik, eta giza baliabide eta materialetan nabarmentzen direla hutsunerik handienak. Instituzioetatik zabaldu diren testuekin batera, baliabideak ere martxan jarri behar dira. Bestela, paper hutsean geratzeko arriskuan daude. Dena den, oso garrantzitsua deritzot irakasle taldearen zeregina, elkar bat egiteko erabakia, eskolak eta gizarteak ikasle etorkinak eta beren familiak gizarteratzeko borondatea

ETORKINEN HIZKUNTZEI BURUZKO ZENBAIT PROPOSAMEN

Azken atal honetan, gure ikuspuntutik zenbait hausnarketa erantsi nahi genituzke, etorkinen hizkuntzak direla eta. Horretarako, lehenengo, printzipio batzuk aitortuko ditugu, eta ondoren, proposamen zehatzagoak azalduko ditugu:

Oinarrizko printzipioak

  • EAEko bi hizkuntza ofizialetatik euskara ahulago dago, eta horregatik izan behar du berak laguntzarik handiena.
  • Komunikazio ikuspegia. Hizkuntzak komunikazioaren eta esanahien negoziaketa testuinguruan ikasten dira, nahiz eta hizkuntzaren alderdi formalenak ere kontuan hartu behar ikuspegi sistematiko osoan.
  • Ikuspegi instrumentala. Hizkuntza bera soilik ikastea baino, beste ikasgaietako baliabide bezala ere ikasten da.
  • Ikuspegi globalizatzailea. Irakasle guztiak, neurri batean, hizkuntza irakasleak dira, eta hizkuntzaren zuzentasuna eta komunikazioa landu behar dituzte.
  • Ikuspegi integratzailea. Eskolako hizkuntza orok proiektu integratzaile baten osagarriak izan behar dute, bakoitzaren egin beharra, hasiera garaia eta izango dituen funtzioak zehaztuz.

Etorkinen jatorrizko hizkuntzak

Curriculumean, etorkinen hizkuntzak eta kulturak ere ikuspegi integratzailean sartu beharko lirateke. Proposamen irekia da hau, gutxiengo batetik hasita (sentsibilizazio eguna) integrazio osoraino (hizkuntza irakaskuntza tresna bezala). Ikastetxe bakoitzak, egoeraren arabera, ondorengo proposamenen artean aukera egin dezake.

Sentsibilizazioa (eskola guztietan)

  • Hizkuntzen eta kulturen eguna eskolan
  • Kultura arteko jaialdiak
  • Kartelak eta posterrak ikastetxean
  • Hizkuntzen eta kulturen astea eskolan
  • Etorkinen hizkuntzen oinarrizko ezagupena: agurrak, esaldiak, abestiak.
  • Balioen heziketa: elkartasuna, elkar lana, arrazakeria eta xenofobiaren aurka, eta abar.

Gutxienez, hizkuntza bateko hamar ikasle dauden eskoletan:

  • Jatorrizko Hizkuntza eta Kultura (JHK) eskolatik kanpo antolatu, etorkinen elkartearen ardurapean.
  • Curriculuma edo proiektuen parte bat etorkinen hizkuntzan (tailerrak, aldizkaria, informatika…); ikasle etorkinentzat, hautazkoa, beste gela batean.
  • Irakurketa/idazketa prozesua, edo zati bat, ama-hizkuntzan.
  • Curriculumaren zati bat etorkinen hizkuntzan irakatsi, gela barruan eta ikasle orori irekia.
  • Etorkinen hizkuntza DBHn hautazko ikasgaia.

BIBLIOGRAFIA

Aja, E. y otros (2000): La inmigración extranjera en España. Los retos educativos. Fundación la Caixa. Barcelona.

Besalú, X. (2002): Diversidad cultural y educación. Editorial Síntesis Educación. Barcelona.

Calvo, T. (1990): El racismo que viene: otros pueblos y otras culturas vistos por profesores y alumnos. Tecnos. Madrid.

Colectivo IOE (1995): La educación intercultural a prueba: hijos de inmigrantes marroquíes en la escuela. CIDE. Madrid.

Cuesta, M y cols. (2000): La escolarización de los hijos de inmigrantes en España. Comisiones Obreras. Madrid.

Defensor del pueblo (2003): La escolarización del alumnado inmigrante en España. Madrid. www.defensordelpueblo.es

Etxeberria, F. (1999): Políticas educativas en la Unión Europea. Ariel . Barcelona.

Etxeberria, F. (2001): Elebitasuna eta hezkuntza Euskararen Herrian. Ibaeta Pedagogía. Donostia.

Etxeberria, F. (2002): Sociedad multicultural y educación. Ibaeta Pedagogía. Donostia

Eusko Jaurlaritza (2003): EAEn ikasle etorkinak ohiko epeaz kanpo eskolatzea arautzeko instrukzioak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Gasteiz.

Eusko Jaurlaritza (2004): Euskal Hezkuntza Sistema. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Gasteiz.

Eusko Jaurlaritza (2004): Ikasle etorkinak artatzeko programa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Gasteiz.

Eusko Jaurlaritza (2004): Ikasle etorkinentzat harrera-plana egiteko orientabideak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Gasteiz.

Jaussi, M.L. (1998): Kultur arteko Hezkuntza. Eskolan aniztasuna étnico eta kulturalari hezkuntz erantzuna emateko orientabideak. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

Valero, J.R. (2002): Inmigración y escuela. Publicaciones. Universidad de Alicante.

www.berrikuntza.net

BAT aldizkaria: 
52. 2004ko iraila. Euskara eta etorkinak
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Felix Etxeberria
Urtea: 
2004