Europako hizkuntza-komunitate txikiak eta beren unibertsitatea: ikuspegi orokorra eta etorkizuneko garapena

Europa gobernatzeko sisteman sakoneko erreforma bat egiten ez den bitartean, Europar Parlamentuak gai honen inguruan egin dezakeen gauza bakarra hauxe da: ofizialtasunik eta nagusitasunik ez duten hizkuntzenganako errespetu ezak arazoak sortuz gero, estatuetako gobernuei arazo hauek konpontzeko esatea.

karta honek 8. artikuluan dioena aipatuko dut: «Konpromisoa hartu duten aldeek irakaskuntza arloan lurralde-hizkuntzak edo hizkuntza gutxiengoak erabiltzen diren herrialdeetan, hizkuntza hauetako bakoitzaren egoera kontuan hartu beharko dute, estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen irakaskuntza kaltetu gabe...

Kasu onenean, arau hauen ondorioz hizkuntza gutxitu bat unibertsitateko irakaskuntzan arrunt bihurtu daiteke, baina 8. artikuluko sarreran esaten denaren arabera, estatuko hizkuntza  ezin da inolaz ere kaltetu. Beraz, bi hizkuntzak erabiltzeak arazoak dakartzala ematen du, unibertsitate mailan hizkuntza bat bestearen oztopo izan daitekeelako.

Mugaren alde batean edo bestean egon, tratamendu oso ezberdina jasotzen dute hizkuntzek; alde batean ofizial izan daiteke hizkuntza bat, estatu mailakoa eta gehiengoarena, abantaila guztiak dituela, unibertsitate mailakoak barne; beste aldean gutxiengoaren hizkuntza izan daiteke, batez ere unibertsitatean bazterketa maila nabarmenak jasanez.

Europako hizkuntza gutxitu gehienak egoera horretan egoteko arrazoia tokian tokiko muga politikoak dira. Eta badakigu, erabaki politikoen bidez muga hauek desagertuko balira, orain hizkuntza gutxituak direnak berehala gaindituko luketela egoera hori –baita unibertsitateko irakaskuntzan ere–. Baina, noski, ez dezagun ahaztu hizkuntza gutxituetako askok ez dutela estatuen mendekotasunik.

Uste dut, hizkuntza gutxituen etorkizuna aztertzerako orduan, ezin dugula ahaztu unibertsitatean eta handik kanpo jazotzen ari den errealitatea. Errealitate horri globalizazioa deitzen  zaio, eta hizkuntzen gaian eragin nabarmena du dagoeneko; oro har irakaskuntzan eta bereziki unibertsitatean.

Hizkuntza gutxituentzat mesedegarria da unibertsitate-agintariek eta unibertsitateek, oro har, berezko hizkuntzaren etorkizunean pentsatuz, eleaniztasunerako bidean indar guztia egitea. Beharrezkoa da, batzuek oraindik irtenbide errealista gisa aurkezten duten elebitasuna gainditzea.

Izan ere, esperientziak erakutsi du, erakundeen elebitasuna (batzuek ideala dela diotena) beti estatuarengandik abantaila guztiak jasotzen dituen hizkuntzaren aldera joaten dela.

Nire helburua hizkuntza-globalizazioak ekarriko duenetik zerbait baikorra ateratzea da, gero, ahalik eta modu onenean, hizkuntza-komunitate jakin batean txertatzeko. Horrela, zientziaz jabetuko ginateke, eta komunitate guztietara zabaldu ahalko genuke. Horrelako jarrerak hizkuntza gutxituak eremu guztietatik desagertzea saihestuko luke

Unibertsitateek, eta bereziki hizkuntza gutxituetan murgildutako unibertsitateek, europar hizkuntzez jardun beharko lukete, beste bereizketarik gabe. Horretarako, irakasle eta ikasle guztiek ados egon beharko lukete gizabanakoaren eta hizkuntza-komunitatearen hizkuntza-aniztasunari zor zaion errespetua aldarrikatzeko orduan

ulertu beharko genuke eleaniztasunak ez dituela oztopatzen Europako hizkuntza-komunitateen berezko hizkuntzen funtzio ezinbestekoak. Era berean, ulertuko genuke nazio-hizkuntzek egin dezaketen guztia egin dezaketela beste hizkuntzek ere, eta ez direla ez handiagoak eta ezta globalizatzaileagoak ere. Batzuek diglosia positiboa deitzen diote kontzeptu horri.

Unibertsitateek egin beharreko lana honako hau da: baliabide pedagogiko egokiak eta hizkuntzen erabilera landuz, edozein hizkuntza –ditugun teknologia baliabide guztiak erabiliz– unibertsitateko irakaskuntzarako egokia dela frogatzea.

 Estatistika datuek erakusten dute, unibertsitate mailan, hizkuntza gutxitu batzuek atzeraka egin dutela. Horren arrazoia, ziurrenik, gaizki-ulertu baten eta kontrajarpen baten ondorioa da

 Oharra: lan hau, EIREk antolatutako Euskal Unibertsitatea 2021 Kongresuan aurkezturiko txostenaren eta ondoren UEUk argitaraturiko liburuko artikulua da. Liburuaren erreferentzia: Euskal Unibertsitatea-2021, UEU, Bilbo, 2002, 491 or.

 

EUROPAKO ERAKUNDEEN JARRERA

 Hasteko, esan nahiko nuke jardunaldi hauen antolatzaileek lantzeko eskatu didaten gaia interes handikoa dela. Ez bakarrik Europako hizkuntza-errealitatearen atal bati dagokiolako –gure kontinentearen nortasuna definitzen duen oinarrizko elementu bati–, baizik eta, batez ere,  hizkuntza jakin batzuek unibertsitateetan duten lekua aztertzen delako. Izan ere, unibertsitateak abantailadun lekuak dira hizkuntza hauen etorkizuna aurreikusteko.

 Landu beharreko gaiaren ikuspegi orokorra edukitzeko, lehenik eta behin, Europako erakundeek gai honen inguruan eskaintzen duten dokumentazioa aztertu behar da. Dokumentazio honek, neurri batean, hizkuntza gutxituek unibertsitateetan duten lekuari buruzko datuen hutsunea betetzen du. Bestalde, europar erakundeek hizkuntza gutxituen inguruan duten jarrerak hizkuntza hauen etorkizunaz giltza batzuk eman diezazkiguke.

  2) Nire parte-hartzearen gaia zehazte aldera, karta honek 8. artikuluan dioena aipatuko dut: «Konpromisoa hartu duten aldeek irakaskuntza arloan lurralde-hizkuntzak edo hizkuntza gutxiengoak erabiltzen diren herrialdeetan, hizkuntza hauetako bakoitzaren egoera kontuan hartu beharko dute, estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen irakaskuntza kaltetu gabe... Beraz:

  1.   Lurralde-hizkuntzan edo gutxiengo hizkuntzan eskainiko dira unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketak ere; edo
  2. Goi-mailako ikasketetan edo unibertsitateetan hizkuntza hauek ikasiko dira; edo
  3. Estatuak, goi-mailako ikastetxeekin lan egiteko oztopoak izango balitu eta 1 eta 2 arauak beteko ez balitu, alde guztiek hitzematen dute saiakera egingo dutela unibertsitateko edo goi-mailako beste ikasketa batzuk gutxiengo hizkuntzetan burutzeko aukerak aurkitzeko, edo unibertsitate edo goi-mailako beste ikasketa batzuk burutzean hizkuntza hauek ikasteko metodoak errazteko».

 Beraz, konpromiso maila ezberdinak eskaintzen dituen kartaren eskema orokorrari jarraituz, unibertsitatean hizkuntza gutxituen presentzia bermatzeko hiru aukera aurkezten dira hemen.

 Lehenengoa, unibertsitateko irakaskuntza hizkuntza gutxituan izan dadila; eta beraz, diziplina guztiak hizkuntza-komunitateari dagozkion hizkuntzan irakats daitezela. Bigarren aukera hizkuntza gutxitua unibertsitatean bertan irakastea da; aukera honek berekin dakar hizkuntza gutxitua ikasgai bat izatea. Hirugarren aukeran, estatus propioa edo autonomoa duten unibertsitateen kasuak ditugu; hauei estatuko gobernuak arau batzuk jarri beharko dizkie, bere mende ez dauden arren. Arau hauek aurreko bi aukeretatik hurbil egon behar dute, edonola ere.

  3) Europar Kontseiluko kide diren zenbat estatuk sinatu eta berretsi dute “Lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen Europako Karta”? Orain arteko erantzunak hauek dira: Europar Kontseiluko kide diren 43 estatuetatik 27k sinatu dute (hamasei falta dira beraz, hauen artean Europar Batasuneko lau: Belgika, Grezia, Irlanda, eta Portugal). Sinatu duten 27 horien artetik 5ek bakarrik zin egin dute karta praktikara eramango dutela. Proportzioa, beraz, esanguratsua da; herenak baino gutxi batzuek gehiagok bakarrik berretsi dute. Karta sinatu duten baina oraindik berretsi ez duten Europar Batasuneko estatuak Frantzia, Italia, eta Luxenburgo dira.

 Azter ditzagun karta berretsi duten estatuak bakarrik, eta begira dezagun kartako 8. artikulua. Artikulu hau hizkuntza gutxituen unibertsitateko irakaskuntzari buruzkoa da. Hauxe da egoera:

  •  - Finlandiak lehenengo atala beteko duela zin egin du; hau da, unibertsitateko ikasketak suedieran egingo dira hizkuntza hau nagusi den lekuetan. Eslovakiak bide bera jarraitu du hungarieraren kasuan.
  • - Gainerako estatuek zin egin dute hizkuntza gutxituak hitz egiten diren tokietan dauden unibertsitateetan neurriak hartuko dituztela lurralde-hizkuntza edo gutxiengo hizkuntza irakats dadin. Horrela, Kroazian italiera, serbiera, hungariera, txekiera, eslovakiera, rutea eta ukraniera irakatsi beharko dituzte; Danimarkan alemana; Finlandian eta Norvegian samiera; Herbehereetan frisiera; Alemanian frisiera eta daniera; Eslovakian bulgariera, kroaziera, txekiera, alemana, poloniera, rutea eta ukraniera; Suitzan erromantxera eta italiera.
  • - Beste estatu hauek, arrazoi ezberdinengatik, unibertsitateek estatus propioak dituztelako eta estatuek ez dutelako esku-hartze zuzenik, 3. atala jarraitu behar dute: Austriak kroazierari, eslovenierari, eta hungarierari dagokienez; Hungariak kroazierari, alemanari, errumanierari, serbierari, eslovakierari, eta eslovenierari dagokienez; Esloveniak italierari eta hungarierari dagokienez; Espainiak Autonomia Estatutuetan zehazten diren hizkuntzei dagokienez; Suediak samierari, suomierari, eta meankieliari dagokienez; Erresuma Batuak galeserari, Eskoziako gaelerari eta, oro har, irlanderari dagokienez.
  • -Kasu batzuk eskema orokorretik kanpo daude: Danimarkak alde batera uzten ditu groenlandiera eta faroeera, euren lurraldean ofizialak direlako eta babes berezirik behar ez dutelako. Alemaniak batzuetan 2. atalean kokatzen ditu behe-alemaniera eta sorabiera, eta beste batzuetan 3. atalean. Frantziako Gobernuak esan du prest legokeela karta berresteko, eta 8. artikuluko 2. atala jarraituko lukeela, betiere lurralde-hizkuntzen irakaskuntza irizpideak bere horretan jarraitzen badu. Dena den, Frantziak nekez berretsiko du karta berehala, Konstituzio Epaitegia aurka baitago. Azkenik, Liechtesteinek karta berretsi du, baina zehaztu du eurek ez dutela lurralde-hizkuntza edo gutxiengo hizkuntzarik araua bete ahal izateko.

4) Egoera honetatik ondorio ugari atera ditzakegu. Gutxi batzuk aipatuko ditut –ez dut nekagarria izan nahi–, esanguratsuenak hain zuzen ere.

 4.1. Kasu onenean, arau hauen ondorioz hizkuntza gutxitu bat unibertsitateko irakaskuntzan arrunt bihurtu daiteke, baina 8. artikuluko sarreran esaten denaren arabera, estatuko hizkuntza  ezin da inolaz ere kaltetu. Beraz, bi hizkuntzak erabiltzeak arazoak dakartzala ematen du, unibertsitate mailan hizkuntza bat bestearen oztopo izan daitekeelako.

 4.2. Badirudi, estatu gehienetan, hizkuntza gutxituek unibertsitatean izango duten tratamendua defizitarioa izango dela. Bi hizkuntzak bakarrik dute unibertsitate mailan egoera normalizatua, suedierak Finlandian eta hungarierak Eslovakian. Bi estatu hauek, gainera, egoerak horrela jarrai dezan saiatuko direla diote. Beste estatuetan hizkuntza gutxituak unibertsitatean irakasten jarraituko dute, betiere hizkuntza hauek hitz egiten diren lekuetan. Leku hauek, gainera, ez daude beti ondo zehaztuta.

 4.3. Hona hemen beste ondorio bat: hizkuntza-komunitate gutxituei dagozkien unibertsitateetan araudiak oso ezberdinak izan daitezke (eta dira) bata bestearengandik. Zentzu honetan, ezberdintasun handiak daude, esaterako, Herrialde Katalanetako, Euskadiko, eta Galiziako unibertsitate publikoen artean (hauetan hizkuntza gutxituek gaztelaniaren pareko tratua edo hobea jasotzen dute, teorikoki gutxienez) eta Austriako unibertsitateen modukoen artean (hauetan, kasu askotan, hizkuntza gutxituak irakaskuntzan txertatzen dira, baina inoiz ez Austriako lurraldean hitz egiten diren hizkuntza gutxituak).

 4.4. Kartak argi eta garbi esaten du 4.2. artikuluan bere neurriek ez dituztela aldatzen dagoeneko esistitzen diren, edo bi aldeko eta alde askotako akordio internazionalen bidez esistituko diren, lurralde-hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen asmo onenak, eta ezta gutxiengoen partaide diren pertsonen estatutu juridikoak ere. Esan behar da ohar honek hizkuntza gutxi batzuei bakarrik egiten diela mesede. 

5) “Lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen Europako Karta”k egin duen ekarpen aipagarrienetakoa –eta unibertsitateko irakaskuntzan ere ondorio garrantzitsuak eragin ditzakeena– honako hau da: zeharka gogorarazten du Europako hizkuntza-egoeran hizkuntza gutxitu gehienak estatuen mugengatik daudela egoera horretan. Mugaren alde batean edo bestean egon, tratamendu oso ezberdina jasotzen dute hizkuntzek; alde batean ofizial izan daiteke hizkuntza bat, estatu mailakoa eta gehiengoarena, abantaila guztiak dituela, unibertsitate mailakoak barne; beste aldean gutxiengoaren hizkuntza izan daiteke, batez ere unibertsitatean bazterketa maila nabarmenak jasanez.

 Pentsa daiteke, mugak gainditzeko joera duen Europa honetan, mugen ondoriozko banaketaren arazoa jasaten duten hizkuntzen auzia erraz konponduko dela. Dena borondate politikoaren baitan dago, ez zailtasun teknikoetan eta hizkuntzen berauen arazoen baitan.

 Horrela, Danimarkan hitz egiten den alemanak, adibidez, ez luke arazorik izango estatuen mugak desagertuko balira eta hizkuntza-errealitatea hizkuntza-komunitatean oinarrituko balitz. Eta horrela izan beharko luke, eta ez orain bezala, hizkuntzen mugei estatuen lurraldeetako administrazioak gailentzen baitzaizkie.

 Zehatzago esateko, “Lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen Europako karta”k Europa politiko berri bat aurreikusten du. Kartako 14. artikuluak dio idatzia berretsi duten estatuek «haien hizkuntza bera erabiltzen duten estatuekin dituzten bi aldeko eta alde askotako akordioak beteko dituztela, edo estatu horietan hizkuntza bera erabiltzen duten pertsonen arteko harremanak sendotzen saiatuko direla kultura arloan, irakaskuntzan, informazioan, lanbide heziketan, eta hezkuntza iraunkorrean». Alde guztiek zin egiten dute, halaber, «mugen gaindiko lankidetza errazten saiatuko direla lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen mesedetan, bereziki hizkuntza bera modu berean edo antzekoan hitz egiten duten taldeen artean».

 Beraz, 14. artikuluan aipatzen diren irizpideak aurreranzko urratsa dira, zenbait hizkuntzari ondorio onak ekarriko dizkietenak mugarik gabeko Europarako bidean. Baina gaizki-ulerturik egon ez dadin, karta bereko 5. artikuluak itxaropen guztiak zapuzten dituen oharra egiten du. Honela dio: «Karta honetako ezer ezingo da nahi bezala interpretatu, nazioarteko zuzenbideko betebeharrei, subiranotasunari, eta estatuen lurralde-osotasunari kontra egiten dien ekintza bat burutzeko baldin bada». 

6) Europako hizkuntza gutxitu gehienak egoera horretan egoteko arrazoia tokian tokiko muga politikoak dira. Eta badakigu, erabaki politikoen bidez muga hauek desagertuko balira, orain hizkuntza gutxituak direnak berehala gaindituko luketela egoera hori –baita unibertsitateko irakaskuntzan ere–. Baina, noski, ez dezagun ahaztu hizkuntza gutxituetako askok ez dutela estatuen mendekotasunik.

 Esan nahiko nuke, halaber, erabaki politikoek hizkuntza gutxituen zama kenduko balute ere, hizkuntza gehienek modernizazio-prozesu garrantzitsu bat jasan beharko luketela. Hizkuntza hauek, unibertsitateko gai guztietan erabili ahal izateko, garatu egin beharko lirateke teknologian eta beste arlo batzuetan. Noski, hizkuntza hauetako batzuk jada normalizatuta edo normalizazio bidean daude: katalana eta euskara, esaterako; baina beste hizkuntza batzuk helburu horretatik oso urrun daude oraindik. Adibidez: okzitaniera, bretoiera, frisiera, sardiniera eta abar. Kartak ez die erantzunik ematen mugaren ondorioz oso egoera ezberdina duten Europako hizkuntza gutxi batzuei. Hori da Ipar Euskal Herriko euskararen eta Ipar Kataluniako katalanaren kasua, besteak beste. 

7) Hemen amaitzen da “Lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen Europako Karta”tik Europako hizkuntza-politikaz ondoriozta dezakeguna. Ziurrenik, lehenengo ustea honako hau da: kartak eskaintzen duena guk nahi dugunetik oso urrun dagoela oraindik. Baina, era berean, europar erakundeek hizkuntza gutxituei ematen dieten bultzada garrantzitsua ere bada. “Lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen Europako Karta” onartu aurretik, kasurik onenetan, hizkuntza gutxituenganako errespetu hutsezko jarrera nagusitzen zen Europan. Orain, unibertsitate munduan hizkuntza gutxituak onartzeko eta normalizatzeko ateak irekitzen dituzten eskaintzak ditugu. Berriro diot, ateak irekitzen dituzte, eta ez besterik, zeren karta honek galdera asko uzten baititu erantzunik gabe eta gai asko landu gabe.

 GLOBALIZAZIOA ETA HIZKUNTZA GUTXITUEN ETORKIZUNA

 1) Uste dut, hizkuntza gutxituen etorkizuna aztertzerako orduan, ezin dugula ahaztu unibertsitatean eta handik kanpo jazotzen ari den errealitatea. Errealitate horri globalizazioa deitzen  zaio, eta hizkuntzen gaian eragin nabarmena du dagoeneko; oro har irakaskuntzan eta bereziki unibertsitatean.

 Oraindik ez dugu eskuartean fenomeno honek unibertsitatean –eta bereziki hizkuntza gutxituekin lan egiten duten unibertsitateetan– izan dezakeen eraginaren berri ematen digun estatistika daturik. Baina geroz eta begibistakoagoa da globalizazio modernoaren hizkuntza nagusia, ingelesa alegia, asko zabaltzen ari dela. Horrek arazo handiak dakarzkie beste hizkuntzei unibertsitateko zenbait adarretan, tartean Europan indartsuak diren italierari eta alemanari.

 Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Hizkuntza-Bulegoak egin eta 2000ko maiatzean argitaratutako ikerketa batek dioenez, dagoeneko badira datuak demografia baxuko hizkuntza komunitateetan globalizazioaren eragina jasaten ari direla baieztatzeko. Ikerketan, katalanaren egoera soziolinguistiko eta soziopolitiko bertsua duten kasuak aztertu zituzten. Danimarka, Eslovakia, Estonia, Finlandia, Herbehereak eta Flandes, Grezia, Islandia, Letonia, Lituania, Norvegia, Portugal, Quebec, Txekiar Errepublika, eta Suediako hizkuntza ofizialek unibertsitatean bizi duten egoera aztertu zuten, hain zuzen ere.

 Ikerketa horren arabera, oro har, «aztertu diren unibertsitateetan irakaskuntza berezko hizkuntzan egiten da irakasgaien %80an edo %100ean. (...) Ikasgaiak berezkoa ez den beste hizkuntza batean eskaintzen badira –normalean ingelesez–, kanpoko ikasleak daudelako da (...). Kasu batzuetan, atzerriko ikasleak egoteak eta ikastaroak ingelesez emateak kausa-efektu harreman estua dute, eta azkenean ingelesa eskaintza hutsa izan ordez irakaskuntzako hizkuntza nagusi bihurtzen da ikasle atzerritar kopuruaren arabera». Oraindik «ikasketa guztiak ingelesez eskaintzen dituzten oso unibertsitate gutxi daude. Kasu batzuetan irtenbide bitxiak pentsatu dituzte; elebitasun pasiboa, esaterako. Irtenbide honek ingelesez idatzitako lanak onartzea bultzatzen du, nahiz eta ikasketak hizkuntza nazionala nagusi den inguru elebakarrean burutu. Ideia hauek guztiek lehenengo eta bigarren zikloko ikasketetarako balio dute batez ere, hirugarren zikloan ingelesaren eta beste hizkuntza batzuen erabilera asko handitzen baita». Dena den, ingelesa “nazioarteko komunikazio hizkuntza bezala” finkatzen ari da, “batez ere orain arte beste hizkuntza handi bat nagusi izan den lekuetan –frantsesa, alemana, eta errusiera nagusiki–. Eta kulturaren hizkuntza handi bihurtu da dagoeneko”.

 Beste ondorio bat ere atera daiteke ikerketatik. Nabarmentzen da «internazionalizazioa geroz eta indartsuagoa delako unibertsitatea geroz eta programa gehiago eskaintzera behartuta egon arren» ingelesez, «ikasketa arruntak burutzeko ezinbesteko eskakizuna dela beti hizkuntza nazionala menderatzea, komunikazio-tresna nagusia izaten jarraitzen baitu». Hala ere, ingelesa ezagutzea geroz eta garrantzitsuagoa da “ikasketa arruntak burutzeko eskakizun gisa”. Beraz, dagoeneko nabarmena da «ikasketak ingelesez egiteko aukera zabaltzen ari dela», eta horrek pixkanaka-pixkanaka elebitasun bat sortuko du ingelesaren eta hizkuntza nazionalaren artean. Ondorioz, ia arau bihurtzen ari da unibertsitateko ikasleek ingeles maila txukuna ziurtatu behar izatea, eta dagoeneko indartzen ari den joera da «atzerriko ikasleei azterketak eta lanak ingelesez egiteko aukera ematea, nahiz eta ikastaroak hizkuntza nazionalean eman. Horrek, praktikan, hizkuntza nazionalaren ezagutza maila baxuagoa izatea dakar, eta era berean, irakasleak ingelesaren ezagutza gutxienez pasiboa izatera behartzen ditu». Hau da hiztun gutxi dituzten hizkuntza nazionaletan irakasten duten unibertsitateen hizkuntza errealitatea, baina ez ahaztu hauek estatuko hizkuntza izatearen abantaila guztiak dituztela.

 2) Errealitate honen parean, non kokatzen dira hizkuntza benetan gutxituak? Katalanaren kasuan oinarritzen da batez ere ikerketa. Adibide pragmatikoa da, hizkuntza gutxitua izan arren, atzean estaturik eduki ez arren, Europako hizkuntza gutxituen artean baliabide gehien dituena baita. Baina Kataluniako unibertsitateak –ikerketak dioenaren arabera– «desabantailan daude ikerketako beste herrialdeetakoen aldean, Kataluniako unibertsitateak arautzen dituen legediak hizkuntza nazionala erabat normalizatzeko zailtasunak eta oztopoak jartzen baititu».

 Gure inguruko beste hizkuntza gutxituen artean, euskaran adibidez, arazo hauek handiagoak eta ugariagoak dira; ikerketak zenbait ideia ematen ditu arazoei aurre egiteko:

 2.1) Esperientziak erakusten du legediak dakartzan murriztapenei aurre egiten laguntzen dutela hizkuntza-zerbitzuak egoteak, hizkuntza-erabilerari buruzko datuak jasotzeak, hizkuntza-politakarako batzordeak sortzeak, dinamizazio sareek, hizkuntza-erabilera arautzeak eta abarrek. Halaber, hauek guztiak garrantzitsuak dira hizkuntza nazionala komunikazio-tresna nagusi bihurtzeko bidean agertzen diren kontrako gizarte-ekintzak gainditzeko.

 2.2) Hizkuntza gutxituentzat mesedegarria da unibertsitate-agintariek eta unibertsitateek, oro har, berezko hizkuntzaren etorkizunean pentsatuz, eleaniztasunerako bidean indar guztia egitea. Beharrezkoa da, batzuek oraindik irtenbide errealista gisa aurkezten duten elebitasuna gainditzea. Eta ez politika eta ideologia arrazoiengatik bakarrik. Izan ere, esperientziak erakutsi du, erakundeen elebitasuna (batzuek ideala dela diotena) beti estatuarengandik abantaila guztiak jasotzen dituen hizkuntzaren aldera joaten dela. Hizkuntza nazionalak, gutxitua izateari uzteko ahaleginean, nagusitasuna izan behar luke unibertsitateko ziklo guztietan. Beharrezko gutxiengoa –ikerketaren arabera– %70 izan beharko litzateke. Gainerakoa ingelesaren eta Europako beste hizkuntzen artean (gaztelania ziurrenik) banatuko litzateke.

 2.3) Globalizazioaren garapenak dakartzan kalteak onartzeko, ingelesa ez den berezko hizkuntza batean irakasten duten unibertsitateetan ulertu beharko lukete, ingelesa ezagutzeak eta erabiltzeak, lan egiteko hizkuntzaren estatusa emanez, ez duela esan nahi berezko hizkuntza lanerako hizkuntza gisa baztertu behar denik. Helburua, ikasleek nahiz irakasleek gutxienez ingelesaren ezagutza pasiboa edukitzea litzateke. Horri esker hainbat lekutako ikasleen artean trukeak egitea, bibliografia zientifikoaz baliatzeko aukera zabalagoa izatea eta abar lortuko litzateke. Honekin batera, hizkuntza gutxitua indartzeko ekintzak bultzatu beharko lirateke, batez ere kanpotik datozen ikasleek eta irakasleek, iritsi bezain laster, hizkuntza gutxituarekin harremana izan dezaten.

 2.4) Geroz eta landuagoa den itzulpen automatikoak hizkuntza-erabilera orekatzeko balio beharko luke.

 2.5) Azkenik, beharrezkoa da  web orrietan eta dagokien publikazioetan informazioa ematea hizkuntzaren gainean. Komenigarria litzateke irakasgaiz irakasgai dagoen eskaintza agertzea eta eleaniztasunaren arauen arabera azaltzea.

 Aipatutako ikerketatik ateratako ideia hauek, hizkuntza-globalizazioaren munduan ez sartzeko eta mundu horrek irents ez gaitzan balio beharko lukete. Nire helburua hizkuntza-globalizazioak ekarriko duenetik zerbait baikorra ateratzea da, gero, ahalik eta modu onenean, hizkuntza-komunitate jakin batean txertatzeko. Horrela, zientziaz jabetuko ginateke, eta komunitate guztietara zabaldu ahalko genuke. Horrelako jarrerak hizkuntza gutxituak eremu guztietatik desagertzea saihestuko luke eta hizkuntza jakin batean hitz egiteak duen duintasunaz jabetzea bultzatuko luke.

 Era berean, globalizazioaren inguruan egun bizi dugun teknologia eta komunikazioen iraultzan parte hartzeko modu egokiena litzateke. Horrela, ez genuke Europar Batasuna egonkortzeko egiten ari garen lanaren haria galduko, eta Europar Batasuna hizkuntza-aniztasunera eta nortasun ezberdinen arteko errespetura bideratuko genuke.

 Beraz, orain arte proposatzen jardun dudan jarrera da, nire ustez, kulturen arteko trukea eta elkarrekintza bultzatzeko egokiena, kontuan hartuz bizi garen ingurunera gertukoago eta berdinago sentiarazten gaituzten parametro, ohitura, eta aukera berriak iristen ari direla. Bestela esanda, uste dut globalizazioaren izenean, Europako hizkuntza-aniztasunaren kontrakoak diren mehatxu berrien aurkako antidotoa dela.

 Nire parte-hartzeko atal hau bukatzeko esan nahiko nuke, Europar Parlamentua eta Europako komisioa, azken urteetan, “eleaniztasun osoa” defendatzen ari direla. Printzipio honen baitan uler daiteke, estatuetako hizkuntza ofizial guztiei tratu bera ematen bazaie –Europar Batasuna izan behar den modukoa izan dadin–, kontzeptua beste hizkuntzetara ere zabal daitekeela, gaur egun hizkuntza gutxituak direnetara hain zuzen ere. Bide horretan, oraindik eurodiputatuek eta europar komisarioek ingelesa geldiarazteko oniritzia daukatenez, kontzeptua hizkuntza ahulenaren antzutasuna sortuko duen elebitasuna beraien baitan bizi duten unibertsitateetara ere hedatu beharko litzateke. 

ELKARREKIKO ELKARTASUNA

1) Gai askotan, globalizazioa zaku berean ari da sartzen hizkuntza indartsuak eta ahultzat jotzen direnak. Esanguratsua da, adibidez, frantses askok beren hizkuntza defendatzerakoan erabiltzen dituzten argudioak, urteetan hizkuntza gutxituen alde lanean aritu direnek erabili dituzten argudioen antzekoak izatea. Nahi edo ez, globalizazioa hizkuntza askoren biziraupena arriskuan jartzen ari da, hizkuntza gutxituak nahiz ez gutxituak. Globalizatzaileak ez diren hizkuntzek, beraz, alde berean borrokatu beharko dute.

 Baieztapen horren ondoren, elkarrekiko elkartasuna lehenetsi beharko litzateke Europako hizkuntzen artean. Izan ere, onartzen hasi behar dugu Europako hizkuntza gehienak, nahiz maila ezberdinetan, gutxituak izateko bidean daudela. Egungo hizkuntza-errealitateak pentsarazten du Europako hizkuntza gehienak batera indartuko direla edo batera desagertuko direla. Eta Europa kultura eta hizkuntza askoren mosaikoa dela dioen baieztapena ere jokoan da. Ikuspegi hau hizkuntza gutxituak indartzeko lehenengo borroka da eta Europa eraikitzeko modu aurrerakoiena.

 2) Uste dut, norabide honetan jarraitzeko, hizkuntza gutxituak etorkizunera bultzatzeko, eta unibertsitate giroan hizkuntza horien lekukotasuna eta garapena bermatzeko –hau baita nire parte-hartzearen gaia–, indar guztia hizkuntzarekiko dugun gizabanakoaren eta taldearen autoestimuan jarri behar dugula. Autoestimu hau nahikoa izan daiteke hizkuntza batek dituen arriskuei aurre egiteko, gaur egun, batez ere, hizkuntza gutxitu bihurtzeko arriskuak; halaber, autoestimu horrek balio dezake hizkuntza bizi bezala jarraitzeko eta bere lurraldean beharrezko hizkuntza izateko –baita unibertsitatean ere–.

 Beraz, unibertsitateak berak ere sinetsi behar luke hizkuntza-aniztasuna ez dela arazo bat, mundu guztiarentzako aberastasun bat baizik. Baieztapen hau Europar Batasuneko erakunde nagusiek onartutako 2000ko abenduko “Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Karta”ko 22. artikuluan berresten da. Artikulu honetan hitzez hitz esaten da Europar Batasunak hizkuntza-aniztasuna errespetatuko duela esan duela, aniztasun hori Europa osatzen duten herrien eta pertsonen oinarria baita.

Beharrezkoa litzateke, beraz, unibertsitateek azal dezaten eta argudia dezaten hizkuntza guztiek balio bera dutela, eta hizkuntza nagusien eta txikien artean, eta ofizial eta ez-ofizialen artean ez lukeela bereizketarik egon behar. Unibertsitateek, eta bereziki hizkuntza gutxituetan murgildutako unibertsitateek, europar hizkuntzez jardun beharko lukete, beste bereizketarik gabe. Horretarako, irakasle eta ikasle guztiek ados egon beharko lukete gizabanakoaren eta hizkuntza-komunitatearen hizkuntza-aniztasunari zor zaion errespetua aldarrikatzeko orduan; horrek frogatuko luke elkarbizitzaren aldekoak garela eta Europa gizakiok indartuko dugula.

 3) Pentsamendu hauek guztiak teknologia eta hizkuntza-komunikazio arloko aurrerapen puntakoenen ondoan joan behar dutela pentsatzen dut: itzulpen automatikoak, hizkuntza gutxituetan sortutako web orriak, hizkuntzara hurbiltzeko programa indartsuak, zientzia- terminologia berezko hizkuntzan etengabe gaurkotzeko arreta eta lana, eta abar.

 Ikuspegi horren bidetik bakarrik lortuko dute hizkuntza gutxituek Europar Batasunaren barruan geroz eta garrantzitsuagoak diren inmigrazioei eta ikasleen mugimenduei aurre egitea. Honetaz jabetzea beharrezkoa da, pentsatzekoa baita gure unibertsitateen etorkizuna ez dela, esate baterako, gaztelaniaren eta euskararen arteko harremanekin sustraituko, euskara eta Europako beste hizkuntzen artekoekin baizik. Geroz eta indartsuagoa da ikasleen mugimendua unibertsitateen artean, eta horrek erantzukizun berriak ekarriko dizkie ikasleak bidaltzen eta jasotzen dituzten komunitateei.

 Ikasle horien mugimendua bitarteko batzuek babestu beharko dute, berria zaien gizarte batean egokitzeko, baina eurek ere aurrez informazioa eduki beharko dute. Unibertsitate bakoitzak behar ezberdinak izango ditu, noski. Informazio horri esker, ikasleei arrunta irudituko zaie eleaniztunak izatea; horretarako, ikasleak jasoko dituzten unibertsitateek partaide diren komunitateko berezko hizkuntzan eskaini beharko dituzte eskolak.

 Dagoeneko entzuten da hizkuntza-aniztasunaren munduan subsidiariotasunaren printzipioa gehitu behar dela. Kontzeptu honen bidez ulertu beharko genuke eleaniztasunak ez dituela oztopatzen Europako hizkuntza-komunitateen berezko hizkuntzen funtzio ezinbestekoak. Era berean, ulertuko genuke nazio-hizkuntzek egin dezaketen guztia egin dezaketela beste hizkuntzek ere, eta ez direla ez handiagoak eta ezta globalizatzaileagoak ere. Batzuek diglosia positiboa deitzen diote kontzeptu horri.

 HAUSNARKETA

 Orain arteko gaiaz hausnarketa eta iruzkin batzuk gehitzea nahi nuke nire parte-hartzea amaitu aurretik.

 Europa berri bat eraikitzen ari gara, eta, beraz, unibertsitateak ere dinamika horren barruan daude. Dinamikak ez ditu albo batera uzten europar hizkuntzak, nahiz eta teorian gehiago lagundu praktikan baino. Printzipioa hor dago, eta abian jarri behar da. Hori, maila handi batean, agintari politikoen esku dago, baina batez ere gizartearen esku; gizarteak konturatu behar du hizkuntzek duten garrantziaz, eta hizkuntza-komunitate bakoitzak bere hizkuntza defendatu eta bultzatu beharko du.

 Europako erakundeek ez dute hizkuntzen gainean sentsibilitate handiegirik erakusten. Europa barruko tradizio luze baten aurka, orain, estaturik gabeko hizkuntzak lehenaldiko hondarrak baino ez dira, desagertzeko bidean dauden fenomenoak. Europako erakundeek hizkuntzen arteko bereizketak egiten dituzte. Horregatik, lurralde hizkuntza edo hizkuntza txikien babesaz eta zaintzaz hitz egiten jarraitzen dute, eta babes huts horrek ez ditu hizkuntza gutxitu izateko duten arriskutik askatzen.

 Hala ere, “Lurralde-hizkuntzen edo gutxiengo hizkuntzen Europako Karta”ko sinadura eta berrespenetan ikus dezakegu estatuetako gobernu gehienen jarrera etsigarria dela, eta oraindik ezin dezakegu esan europar estatuetako hizkuntza-politikek asko hobetu dutenik azken urteetan. Adibide berrienak Italiakoa eta Frantziakoa ditugu. Italiak oraintsu onartu du hizkuntza gutxituen legea; Frantziak, berriz, agenda politikoetan eta eskoletara zuzendutako arauetan hizkuntza gutxituei buruzko eztabaida gehitu du.

 Unibertsitateek egin beharreko lana honako hau da: baliabide pedagogiko egokiak eta hizkuntzen erabilera landuz, edozein hizkuntza –ditugun teknologia baliabide guztiak erabiliz– unibertsitateko irakaskuntzarako egokia dela frogatzea.

 Estatistika datuek erakusten dute, unibertsitate mailan, hizkuntza gutxitu batzuek atzeraka egin dutela. Horren arrazoia, ziurrenik, gaizki-ulertu baten eta kontrajarpen baten ondorioa da: hizkuntza gutxitua hizkuntza erabilgarria izan daiteke, edo nortasun jakin batekoen adierazpide hutsa; munduko hizkuntza globalizatzailea izan daiteke, edo ezer gutxirako balio duen tokian tokiko hizkuntza.

 Hizkuntza-nahaspila honetan, gaur egun, hizkuntza gutxitu batzuek geroz eta oztopo gutxiago dituzte unibertsitatera iristeko; eragin handia dute horretan munduko edozein txokotara iristen den internet sareak eta beste baliabide teknologikoek, munduko komunikazioan mugak kentzen baitituzte. Orain, inoiz baino gehiago, ez dago arrazoirik hizkuntza bat unibertsitate mailan egon ez dadin. Borondate politikoa eta gizarte kontzientzia baino ez ditugu behar gure nahiak errealitate bihurtzeko.
 

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Europa
Katalunia
Egilea(k): 
Aureli Argemí
Urtea: 
2004