EHU/UPV eta euskara: sindikatuetako ordezkariei elkarrizketa

kontuan hartuz UPV Euskal Herri mailan ikasle kopuru aldetik % 50 baino askoz gehiago dela, dagokion funtzioa eta erantzukizuna ikaragarria da. Pentsatzen dugu unibertsitatea izan beharko lukeela hizkuntza normalkuntzako prozesuetan eredu eta motorra. Gizarte mailan hainbat urrats emateko, unibertsitateak ere markatu beharko luke lidergoa ikerkuntza mailan eta ikasketetan. Konturatzen gara guztiz kontrakoa gertatzen dela

Baina ez da ahaztu behar, eta hori unibertsitateak ere onartzen du, aspalditik dagoela desfasea hautopobren eta matrikulazioaren artean; hamar puntuko desfasea. Une honetan, hautoprobetan azken kurtsoan %53,3 izan da, eta aldiz, gero matrikula egiterakoan, %41 bakarrik matrikulatu da ikasgai batean edo karrera osoan euskaraz.

AZPkoen artean plaza batzuk sortzen direnean, beren perfilarekin eta aipaturiko prezeptibitate epe horrekin sortzen dira, eta horrek langilegoa behartu egiten du euskalduntze prozesu batean sartzea, gutxienez ezartzen den perfil horretara iristeko. Beste administrazioekin egiten den moduan egin da hori. Irakasleen kasuan, ordea, ez da hori gertatzen.

momentu honetan legalki irakasleak ez gaude transferituta, eta hori oztopoa da euskalduntze prozesuan. AZPkoak ere ez daude transferituta, baina homologazio akordio bat daukate, eta horren arabera finkatu zen euskararen normalkuntza legea aplikatzea. Eta hori zaila da irakasle funtzionarioen kasuan.

Legeak aipatzen ditu aukera horiek, baina gero indarrean jarri behar denean, benetako neurri politikoak ez badira abiatzen, ba egoerak berdin jarrai dezake. Nik ez dakit politikoki momentu honetan ausartuko diren benetako euskalduntze prozesuak martxan jartzen. Esandako guztiaren arabera, argi dago unibertsitateak gaur egun arte ez duela izan horrelako borondaterik.

Hezkuntza Sailarekin izandako harremanetan, hiru sindikatuok lege honen inguruan egindako beste eskakizun bat izan da, onartzen dugula euskara eta gaztelera bi hizkuntzak ofizialak direla sistema unibertsitarioan, baina euskara hizkuntza propioa bada, goazen ezaugarri horri eduki berezi bat ematera: zer da hizkuntza propioa eta zer funtzio bete behar du sistema unibertsitarioan.

Unibertsitateak askotan erabiltzen du autonomia, ez hainbeste benetako autonomia unibertsitarioa garatzeko, baizik eta euskal gizartetik datozen beharrei ez egokitzeko eta Madriletik datozen legeei begira egoteko. Beraz, euskal gizarteak unibertsitatea ordaintzen du, baina helburuak eta erreferentziak estatuarenak dira. Nik uste dut hori salatu egin behar dela.

Euskalduntze prozesuan ez da aurrera egiten, eta beraz, arlo berezi moduan hartu beharko lirateke bai arlo teknikoa eta bai osasun arloa; ikasleek karrera hauek euskaraz egiteko oraindik ere aukera oso oso txikiak dituzte.

Irakasleei begira, Arantzak aipatu duen moduan, Unirale edo antzeko sistemaren bat asmatu beharra dago. Horrek ez du konponduko sakonean dagoen arazo estrukturala; horretarako zeharo aldatu beharko da kontratazio politika, eta serioski hitz egin beharko da hizkuntza profiletaz.

Unibertsitatean sindikatuekin dagoen harremana oso eskasa da. Adibide gisa, 1996tik ez dago lan-hitzarmenik. Behin eta berriro, horrelako gaiak sindikatuekin ez direla hitz egiten diote; azken detailetxoak besterik ez zaizkigu iristen, ez kontrataziorako irizpiderik,... Gehienez jota, euskalduntze prozesurako zenbat diru dedikatu behar den, baina hori ere...

      

Zein da UPV/EHUn euskararen normalizazioaren inguruan egiten duzuen diagnostikoa?

R.S.: Lehendabiziko diagnostiko bat izango zen, autonomia unibertsitarioan oinarrituz, unibertsitatea ez dela sartu beste administrazio publikoak sartu diren planetan. Horrek esan nahi du, unibertsitateko normalizazio plana eragin politikorik gabe egiten ari dela, zenbait interes korporatiboen arabera, eta horrek beste administrazio publiko batzuekiko ezberdintasuna eragiten du. Hortik begiratuta, hemengo normalizazio plana atzeratua dago beste administrazioekin alderatuta.

 A.U.: Kontuan hartu behar da, bigarren planean helburuak planteatzen zirenean, plangintza berriak abian zirela; helburu bat derrigorrezko ikasgaien % 80 euskaraz ematea zen. Horrek zati batean euskaratzea esan nahiko luke, baina ez erabat. Plana egin zenean, gu ados geunden ezin direla gai guztiak euskaraz eta erdaraz errepikatu; gainera hemen irakasle gehiago kontratatzea esan nahiko luke, eta horrek ez zuen zentzurik. Baina horrek esan nahi du ikasleek karrera guztia euskaraz egiteko aukera ez dagoela bermatuta ia-ia inon. Magisteritza eskolak lirateke salbuespenak. Baina, edonola ere, balantze hori egitea falta da; unibertsitateak ez du egin zenbat karreratan duten ikasleek euskaraz kreditu kopuru osoa egiteko aukera; halabeharrezko kredituak zenbatzen dira, baina ez hautazkoak. Errektorego-taldeak beti oso balantze positiboa egiten du, bigarren planaren helburua bete dela esanaz, baina gure ustez, ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermatua unibertsitatean, momentu honetan.

 I.G.: Bai, eta ñabardura moduan esan, kontuan hartuz UPV Euskal Herri mailan ikasle kopuru aldetik % 50 baino askoz gehiago dela, dagokion funtzioa eta erantzukizuna ikaragarria da. Pentsatzen dugu unibertsitatea izan beharko lukeela hizkuntza normalkuntzako prozesuetan eredu eta motorra. Gizarte mailan hainbat urrats emateko, unibertsitateak ere markatu beharko luke lidergoa ikerkuntza mailan eta ikasketetan. Konturatzen gara guztiz kontrakoa gertatzen dela; unibertsitatea da irakaskuntza osoan, lanbide heziketarekin batera a remolque doan sektorea.

 A.U.: Merezi du diagnostikoan sartzea titulazioen artean dauden desoreka handiak ere. Esate baterako, egindako balantzean esaten da, 30 titulazioetan derrigorrezko kreditu guztiak euskaraz egin daitezkeela; baina 30 horien artean ez dago osasun arloko karrerarik eta ezta karrera esperimental edo teknikorik ere. Beraz gehienak Letretakoak dira. Arlo teknikoetan-eta, 29 titulazioetan kreditu kopuru erdia baino gutxiago eskaintzen da euskaraz; hori halabeharrezkoetan. Eta 29 horien arteko 16 arlo teknikokoak dira. Beraz, ingenieritza arloan eta lanari begira irtenbide profesional handikoak diren karreretan, euskaraz ez da prestakuntzarik eskaintzen.

 I.G.: Horren inguruan, beno, ia ez tituluen arabera, baizik eta ikasle kopuruaren arabera, bigarren plangintzaren amaieran talde-errektoralak justifikatzen zuen ikaslegoaren %30ak euskararekin kontakturen bat baduela. Horrek ez du esan nahi euskaraz ikasten dutenik, baizik ikasgai bat edo bi euskaraz dituztela. Beraz, horrek esan nahi du ikasleen %70ak gaztelania hutsean egiten duela karrera guztia. Datu enblematikoena hori litzateke. Eta gero, bilakaera ikusteko, lehenengo ikasturteko ikasleen matrikulazioa ere datu interesgarria da. %40ak edo du euskararekin harremana lehenengo kurtsoan (10 puntu gehiagok, beraz). Baina ez da ahaztu behar, eta hori unibertsitateak ere onartzen du, aspalditik dagoela desfasea hautopobren eta matrikulazioaren artean; hamar puntuko desfasea. Une honetan, hautoprobetan azken kurtsoan %53,3 izan da, eta aldiz, gero matrikula egiterakoan, %41 bakarrik matrikulatu da ikasgai batean edo karrera osoan euskaraz.

Horrek esan nahi du eskaera handiagoa dagoela ikasleen aldetik euskaraz eskaintzen dena baino.

 A.U.: Bai, bai. Eskaintza txikiagoa da. Askotan esaten dute ikasleen nahia dela, baina hori ez da horrela. Kontua da, zuk baldin badakizu euskaraz hasi karrera eta gai batzuk gazteleraz izango dituzula, ba batzuek erabakitzen dute guztia gazteleraz egitea.

 I.G.: Eta nik uste dut arazo larriena irakaslegoaren prestakuntza dela eskaintza hori egiterakoan, eta ze erritmo eramaten duen unibertsitateak errealitate horri erantzuteko. Ikasle euskaldunen kopurua hazten joango dela pentsa daiteke, irakaskuntza ez-unibertsitariotik etorriko diren belaunaldiekin. Gainera, argi dago ikasle euskaldunak bereziki derrigorrezko irakaskuntzan askoz gehiago hautatzen dutela unibertsitatera joatea lanbide heziketara baino. Beraz, oso kezkagarria da; epe motzean desfaseak egon daitezke baldin eta beste mota bateko neurririk ez baldin bada jartzen, bereziki, irakaslegoari begira. Une honetan, erreferentzia bezala, irakaslegoaren heren bat da euskalduna, eta %41ak lehen kurtsoan euskara eskatzen dute; beraz, hor krak bat egon daiteke, baldin eta inbertsio oso potenteak ez badira egiten, edo kontrataziorako irizpideak ez badira aldatzen, edo berrikuntzak ez badira planteatzen irakasleak euskalduntzeko. Eta hori da lehen Rikardok planteatu duena: desfase ikaragarria dagoela administrazio publikorako ze motatako exijentzia dagoen, eta unibertsitatean, aldiz, autonomiaren izenean, autonomia horrek ez du balio administrazioan eramaten den erritmo berbera eramateko; baizik guztiz kontrakoa, atzeratuago doa.

 A.U.: Eta ez da erritmo kontua bakarrik; nik uste dut, baliabideak ere, baliabide publikoak diren heinean, ondo aprobetxatu behar direla. Momentu honetan, irakasle erdaldun askok ez dute betetzen beren dozentzia, eta aldiz, irakasle euskaldunek dozentzia osoa eman behar dute. Eta hor, orain arte hartu den bidea hartzen bada, hau da, irakasle berriak kontratatzea, ba plantilla gehituko da, baina hor irakasle erdaldunen poltsa handi bat egongo da erabili gabe. Gure ustez hor inbertsio bat egin behar litzateke irakasle horiek euskalduntzeko. Kasu batzuetan ez dago borondaterik, baina beste kasu batzuetan bai, eta beraz, baliabideak behar dira. 

Zein epe, zein helburu daude ezarrita guzti honetan?

 I.G.: Epeak bigarren plangintzarako jarrita zeuden. Bigarren plangintza 1999an onartu zen, eta 2003an amaitu zen. Teorian, orain beste plangintza berri bat aktibatu behar zen; baina estatutuekin, lege berriarekin, errektore berriaren hautaketarekin... prozesua geldirik geratu dela dirudi; hausnarketa batzuk eginda egon litezke, baina ez oso sakonak. Talde-errektoral berriak, urtebete beranduago, prozesu horretan aurrera egiteko erantzukizuna hartu beharko du. Eta hor eztabaidagarria izan daiteke, euskararen plangintzaren inguruan, badagoela bide bat Jaurlaritzatik gain-finantziazio bat lortzeko, edo askoz normalizatuagoa izan behar dela bizitza unibertsitarioan. Izan ere, azken finean, hizkuntza plangintzak kontratazio euskaldun berriak eskuratzeko tresna bihurtzen dira beti, baina beste irakaslegoa ikutu gabe, eta guk uste dugu kontratazio arruntetan ere badela garaia euskararen ezagutza maila kontuan hartzeko. Eta gai hori nahiko tabua da.

 Beste alde batetik, hurrengo plangintzetan irakasle euskalduna zigortua ezin dela eduki uste dut. Zigortua zergatik? hiru elementu daude hor: irakasle euskalduna da ikas-zama handiena duena, ikasgai gehien eman behar dituena, bai derrigorrezkoetan, bai hautazkoetan; gainera, irakasle gazteena da, eta zama gehien duenez, ez du behar  haina denbora ateratzen doktoregoetarako edo behar den postuetara iristeko. Beraz, unibertsitate honetan irakasle euskalduna izatea zigor bat da, eta bitxia da ikustea hainbat irakasle euskaldun funtzionario, gaztelaniazko plazetan jarraitzea nahiago dutenak, euskaraz egitekotan zer baldintza dituzten ikusi ondoren. Beraz, ez da motibagarria euskaraz aritzea, ez bada kanpotik lanpostu bat hartzen delako.

Zergatik esaten duzue AZPko langileei ezartzen zaien euskararen ezagutza maila altuagoa dela irakasleei ezartzen zaiena baino?

I.G.: Maila baino gehiago exijentzia esango nuke nik.

 A.U.: Beraiek euskal administrazioaren eremuan daude sartuta. Arazoa da, irakasle guztiak Madrilgo admnistrazioaren menpe gaudela. Nire ustez, horrek ez du esan nahi borondatez euskalduntzearekin aurrera ezin dutenik egin, baina egia da legez ez dela erkidegoko administrazioan dagoen hizkuntz eskakizunik eta egokitzen. Eta AZPkoei bai. 

 R.S.: Bai, hor beste administrazio publikoetan bezala egin da; perfil batzuk eta prezeptibitate epe batzuk ezarri dira. Eta hori ez da irakaslegoarekin egiten. AZPkoen artean plaza batzuk sortzen direnean, beren perfilarekin eta aipaturiko prezeptibitate epe horrekin sortzen dira, eta horrek langilegoa behartu egiten du euskalduntze prozesu batean sartzea, gutxienez ezartzen den perfil horretara iristeko. Beste administrazioekin egiten den moduan egin da hori. Irakasleen kasuan, ordea, ez da hori gertatzen.

 I.G.: Argi dago, printzipioz, AZPn lan egiteko lanpostu guztietan euskararen ezagupen bat badutela (beste kontu bat da, lanpostu horretan lan egiteko beharrezkoa ote den ezagupen maila hori izatea). Filosofia hori onartuta dago: lanpostu guztietan gutxieneko ezagupena egon behar da. Hori, irakasleei dagokienez, ez da errekonozitzen; irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako gutxieneko ezagupen bat ez da planteatzen, nahi den prezeptibitatearekin, nahi den epeetan, beharrezko izango denik. Gai hori unibertsitatean ez da ukitu ere egiten. Beraz, ezberdintasun handia dago. Une honetan, jadanik, AZPn ia-ia 1000 lanpostutatik %40ak badu prezeptibitatea; horrek esan nahi du, hara lan egitera joaten den jendeak euskararen ezagupena izan behar duela. Horregatik diogu egoera oso bitxia dela; normalean, titulazioen arabera hizkuntz perfilak ezarri behar direla planteatzen denean, unibertsitatean bereizketa bat egiten da: AZPn bai, baina irakasleek nahiz eta titulazio altuagoak izan, eskakizun maila txikiagoa da. Ez dago konpromezu zehatzik, eta desoreka handia dago administrazioko beste esparruetan gertatzen ari denarekin. Ezin da edonola konparatu, baina nolabait, esparru unibertsitarioko irakasleak Osakidetzan dagoen prozesu oso antzekoan egongo ginateke. Gainera, Osakidetzan hemendik aurrerako oinarriak behintzat ezarri dira; unibertsitatean, oraindik ez dago irakasleei begira marko juridiko argirik. Noski UPV/EHUri buruz hitzegiten ari gara, ez unibertsitate pribatuei buruz.

 R.S.: Beno, marko juridikoa badago: autonomia. Baina autonomia oztopo modura erabiltzen da. Azken batean, unibertsitateak autonomia horren izenean ez du onartzen euskara UPVko hizkuntza propioa denik.

 A.U.: Dena dela, Euskal Legearekin konponduko den zerbait izatea espero badugu ere, momentu honetan legalki irakasleak ez gaude transferituta, eta hori oztopoa da euskalduntze prozesuan. AZPkoak ere ez daude transferituta, baina homologazio akordio bat daukate, eta horren arabera finkatu zen euskararen normalkuntza legea aplikatzea. Eta hori zaila da irakasle funtzionarioen kasuan. 

Zer da, zuen ustez, Elkarte Autonomoko Parlamentuan dagoen Unibertsitate Lege Aurreproiektuak aportatzen duena unibertsitateetan euskararen erabilera normaltzeko?

 I.G.: Printzipioz, nik uste lehenengo aldiz, aurreproiektu batean gai hori ukitzen ausartu dira. Aurreko proiektuak, 1999koak, Oliveri zegoenekoak, hizkuntza biak ofizialak zirela aipatzen zuen soilik, eta eredu unibertsitarioa elebiduna izan behar zela. Besterik ez. Baina Jaurlaritza bezala, ez zuen hartzen konpromezurik lege horren bidez prozesu bat burutzeko. Kasu honetan, behintzat legearen hainbat ataletan, Jaurlaritzak konpromezua hartzen du gero legea garatzeko dekretuen bidez. Dekretu horiek eragina izango dute, azken finean, unibertsitatean, eta unibertsitateak bere autonomian kontuan hartu beharko du dekretuetan agertuko dena. Adibide gisa, oso bitxia izan da kasu hau: behin behineko kontrataziorako Jaurlaritzak dekretu bat atera du kurtso honetan, eta bertan planteatzen da ordezkapenetarako unibertsitatea behartuta dagoela kontratazioan %40 irakasle euskalduna kontratatzea; eta unibertsitateak, berriz, hori autonomien kontra doala esanez errekurritzen du. Beraz, horrek esan nahi du unibertsitatearen zuzendaritza ez dagoela kezkatuta %40 hori gutxi delako, baizik eta urrunegi joaten dela ikusten dute. Legea, azken finean, horrelako dekretuak babesteko da, edo izan behar da. Beraz, gaia behintzat ukitzen da, nahiz eta ez guk nahi adinako zehaztasunarekin, baina urratsak ematen dira Jaurlaritzak horren inguruan babes juridiko bat eskaintzeko garapen horretan, eta unibertsitatean gutxieneko batzuk bete behar direla planteatzeko, irakasleei begira. Gero, noski, funtsezkoa izango da ze borondate politiko dagoen lege hori atal horietan garatzeko.

 A.U.: Gero badaude beste hainbat puntu, bat dozentziari dagokiona. Artikulu batean agertzen da titulazio berriak martxan jartzerakoan lehentasunezkoa izango dela euskaraz jartzea; horrek ere badu garrantzia, orain arte, eta bigarren plangintzan titulazio berriak ez baitziren kontenplatzen, eta beraz, martxan jarri diren titulazio berri guztiak gazteleraz jarri dira. Gero ikusi behar izan da euskaraz jarri den edo ez; beti atzetik. Beraz, orain badago bidea titulazio bat zuzenean euskaraz jartzeko.

 Beste puntu garrantzitsu bat habilitazioarena da. Orain, funtzionario izateko, Madrilgo LOU jarri zenetik, habilitazioak estatu mailan egiten dira, eta horren arabera, hizkuntza eskakizuna ez da kontuan hartzen. Legean planteatu zen unibertsitateak aukera izatea hizkuntza eskakizunak jartzea plaza horietan, eta horren arabera proba bereziak egitea. Hori ere errekurritua izango da seguraski, baina garrantzia du irakasle euskaldunak beti bigarren mailako ez izateko bidean.

 R.S.: Iñakik esan bezala, arazo garrantzitsu bat borondate politikoarena da hemen. Legeak aipatzen ditu aukera horiek, baina gero indarrean jarri behar denean, benetako neurri politikoak ez badira abiatzen, ba egoerak berdin jarrai dezake. Nik ez dakit politikoki momentu honetan ausartuko diren benetako euskalduntze prozesuak martxan jartzen. Esandako guztiaren arabera, argi dago unibertsitateak gaur egun arte ez duela izan horrelako borondaterik. Legea, abiapuntu modura behintzat, hor daukagu.

 I.G.: Nik uste dut, Legearen aldetik punturik ahulenak, alde batetik, nahiz eta dekretuen bidez posible izan, ez dagoela konpromezu zehatzik irakasle guztiak kontratatzerakoan hauek gutxieneko ezagupena izan behar dutela dioenik; gerora begira funtsezkoa da hori, eta legeak ez du zehazten. Dekretu baten bidez gara daiteke hori, baina legeak behintzat ez du konpromezu horretaz behar den zehaztasunez hitz egiten.

 Bestalde, Hezkuntza Sailarekin izandako harremanetan, hiru sindikatuok lege honen inguruan egindako beste eskakizun bat izan da, onartzen dugula euskara eta gaztelera bi hizkuntzak ofizialak direla sistema unibertsitarioan, baina euskara hizkuntza propioa bada, goazen ezaugarri horri eduki berezi bat ematera: zer da hizkuntza propioa eta zer funtzio bete behar du sistema unibertsitarioan. Eta horretan Hezkuntza Sailak ez du sartu nahi izan diseinu batean, esate baterako Katalunian egin den moduan, hizkuntza propioaren ezaugarriak unibertsitatean, arlo guztietan, normaltasunezko eta lehentasunezko hizkuntza izatea izan behar direla. Horretan, legeak ez du definitu hizkuntza propioaren ezaugarririk; gaztelania eta euskara oso egoera parekoan utzi ditu, biak dira ofizialak. Zentzu horretan, ba beldurra. Zalantzarik gabe, gai oso korapilatsua izan da beti unibertsitatean ze motatako politika egin behar den irakasleekin, eta Jaurlaritza ere beldurrez ez da joan aurrerago, nire ustez. Urrunago joan ez arren, legeen inguruan ikusi dugu PSOEk eta PPk ze jarrera izan duten atal hauetan. Bitxia da: gizarteak ordaintzen du unibertsitatea, baina unibertsitateak, autonomiaren izenean, ez du gaitasunik gizartetik datozen beharrei erantzuteko.

 Ikasleen eskubideei dagokionez, nik uste dut, literalki onartzen direla; baina kontua ez da errekonozimendua ematea, baizik eta gero, unibertsitatera iristean, benetako errealitatea nolakoa den. Eta hori da benetako arazoa. Azkenean, horrelako gaiekin arartekoan amai dezakezu, baina gaur egun ez dira bermatzen ikasleen eskubideak, lehen eman ditugun datuengatik. Matrikulatzeko aukerarik ez dagoenez, ikasleak erdaraz matrikulatzen dira, beste aukerarik ez dutelako.

 Orain arte, tratamendu ezberdindua dago, gainera. Unibertsitate pribatuetan euskara mailaren exijentziarik ez dago; legeak teorian dio sistema unibertsitario osoak bete behar dituela helburuak, baina ez dago behar besteko exijentzia eta finantziazio mailarik, beste unibertsitate pribatuetan ere euskalduntze prozesuaren erritmoa azkartzeko. Hori kezkagarria da.

 R.S.: Legearen arabera, unibertsitate guztiek osatzen dute hemengo sistema unibertsitarioa; beraz, lehen esan bezala, aukera hori zabalik egongo litzateke hemendik aurrera. Baina horrek finantziazio bat eskatzen du, eta hori ez badago, egoerak bere horretan jarraituko du. Beraz, tresna edo iniziatiba politikoak ausartak izan behar dira.
 

Politika Unibertsitarioaren inguruko diskurtsoan, askotan kontrajartzen dira unibertsitatearen kalitatea eta autonomia batetik, eta bestetik, jendearen hizkuntza normalizazioaren eskakizunak. Zein da zuen iritzia?

 R.S.: Diskurtso honen inguruan, hizkuntzen kalitatea planteatzen da. Sakoneko arazoa dago hor. Unibertsitate honetan, sektore batzuetan diskurtso bera erabiltzen da; benetako kalitateko irakaskuntza jasotzeko gaztelera dela biderik egokiena esaten da. Debate hori hor dago. Sektore horiek dira, momentu honetan, “autonomia unibertsitarioa” kontzeptuaren atzetik daudenak.

 A.U.: Egia da beti egon dela diskurtso bat, irakasle batzuren aldetik, irakasle elebidun plaza batean sartzea errazagoa zela, eta hori zela unibertsitatean sartzeko bidea. Nik uste dut hori frogatu dela errealitatean ez dela horrela, baizik eta kontrakoa dela. Irakasle euskaldunek oztopo gehiago dauzkate karrera egiteko, eta hala ere karrera egiten dute; ez da kontuan hartzen beraiek lan bikoitza egin behar dutela. Batetik, irakasgai gehiago dauzkate, eta gainera, lan handia daukate ikasgai berriak prestatzen, apunteak prestatzen, materialik euskaraz ez izatea,... horrek dakarren lan guztia ez da kontuan hartzen ez curriculumerako, ez ezertarako. Beraz, irakasle euskaldunek exijentzia bikoitza daukate.

 I.G.: Dena den, nik uste dut eztabaida guztiz tendenziosoa dela. Kalitatea eta autonomia aipatzen direnean euskararen inguruko sindikatuetatik, guztiz demagogikoa da, zeren azken finean, euskararen inguruan kalitate handiagoa eskatzen da beti. Guk argi dugu euskarazko ikerkuntzak eta irakaskuntzak kalitatezkoa izan beharra daukala, baina neurri estandarrekin, eta ez beti kuestionatuz eta jarri gabe ze aldagaitan oinarritu behar den kontrol hori. Gauza bera autonomiarekin. Unibertsitateak askotan erabiltzen du autonomia, ez hainbeste benetako autonomia unibertsitarioa garatzeko, baizik eta euskal gizartetik datozen beharrei ez egokitzeko eta Madriletik datozen legeei begira egoteko. Beraz, euskal gizarteak unibertsitatea ordaintzen du, baina helburuak eta erreferentziak estatuarenak dira. Nik uste dut hori salatu egin behar dela.

 Gauza bera gertatzen da, baina askoz neurri larriagoan, UPNAko kasuan. Autonomiaren izenean, etab. Baina oso bitxia da, eta orain arte behintzat UPNAn autonomia unibertsitarioa aldarrikatzen zuten hizkuntza normalkuntzarako, eta Sanzen eskuetan uzten zuten ze motatako hizkuntza politika erabili behar den UPNAn. 

Hau dena ikusita, zuen ustez, zeintzuk dira unibertsitate politikan lehentasunez eman beharreko urratsak, hizkuntza normalizazioari begira?

 R.S.: Lehenik eta behin, UPV/EHUk euskara berezko hizkuntza dela onartu beharko luke. Hori onartuz gero, planifikazio orokor bat beharko litzateke, heziketa sistemaren beste arloetan gertatzen ari dena kontuan hartuz. Epe jakin baten barruan, plaza guztiak euskaldunak izatera irtsi beharko ginateke.

 A.U.: Nik uste dut hiru arlo bereizi beharko liratekeela. Batetik, euskarazko eskaintzaren inguruan, desoreka handia dagoela aipatu dugu titulazioaren arabera; arlo teknikoetan, bereziki, planteamentu berezi bat egin beharko litzateke, txoke planteamentu bat, arlo horietarako benetan irakasle euskaldunak prestatzeko. Zeren momentu honetan plaza asko hutsik geratzen dira arlo horietan, nahiz eta lan-baldintzak ere kontuan hartu behar diren. Euskalduntze prozesuan ez da aurrera egiten, eta beraz, arlo berezi moduan hartu beharko lirateke bai arlo teknikoa eta bai osasun arloa; ikasleek karrera hauek euskaraz egiteko oraindik ere aukera oso oso txikiak dituzte.

 Bestalde, irakasleei begira, gure ustez euskalduntze prozesu bat eraman behar da aurrera, eta horretarako liberazio sistema bat, edo ez-unibertsitarioan dagoen Irale moduko programa bat (Unirale edo) serioski hartu beharko litzateke. Momentu honetan badago aukera txiki bat, eta irakasle batzuk horrela euskaldundu dira; baina gure ustez inzentibo gehiago eman beharko lirateke euskalduntze prozesuak bultzatzeko.

 Beste erronka bat ere badago, eta oraindik oso urrun gaude honetan: euskara komunikazio tresna izatea unibertsitate honetan. Dokumentu idatzi elebidunak badira, baina momentu honetan ez dago neurririk normaltasun osoz zuk euskaraz jasotzeko; edo gutxienez, euskaldun pasiboez esaten dena, behintzat ulermen maila eskatzea karguei, harreman normaletarako.

 I.G.: Ideia hauekin jarraituz, aurrera begira, oinarrian hiru zutabe daude garatu beharrekoak. Batetik, gizartearen eskubideak Goi Mailako ikasketetan euskaraz ikasteko; hori ez da gaur egun bermatzen unibertsitatean. Bereziki sindikalgintzatik gai honen inguruan oreka aurkitu behar dugu, eskakizun edo negoziazioen bidez; lan-interesak alde batetik eta gizartearen eskubideak bestetik. Askotan talka egiten dute interes hauek, bai langileen aldetik eta bai gizartearen eskakizunetatik.

 Bigarren esparru oso inportantea hau da: unibertsitatea erraldoia dela kontuan hartuz, oso zaila egiten da euskaraz bizitzea unibertsitatean. Beraz, formulak bilatu behar dira unibertsitatean euskal komunitatea trinkotzeko. Horretarako hainbat eztabaida planteatzen ari dira, interesgarriak, euskal kanpusak sortzea, euskal unibertsitatearen beharra,... Horren inguruan gogoeta sakona egin beharra dagoela uste dut. Unibertsitatean erreferente euskaldunik ez dugun bitartean oso zaila izango da erritmoak azkartzea. Gaur egun, hainbat fakultatetan ikusten dugu irakasle eta ikasle euskaldun asko dagoela, eta errealitatean, bizitza gazteleraz egiten dutela, hainbat traba daudelako euskal komunitate horrek bizitza euskaraz egiteko. Hori elementu klabea izan daiteke, zeren baliabideak jarri arren hori ez bada gauzatzen, fustrazio handiak sor daitezke epe ertainean.

 Amaitzeko, hirugarren atala kalitatearena da. Ikasleentzako behar diren testu liburuak eta materiala euskaraz gauzatu behar da; eta bestalde, unibertsitate honetan euskaraz funtzionatuko duten ikerkuntza taldeak bultzatu behar dira. Hizkuntza integratua nahi badugu, ikerkuntza ere sartu beharko da hor.

 Dena den, hiru gai horietatik lehenengoan dugu erantzukizun zuzenena sindikatuek. Irakasleei begira, Arantzak aipatu duen moduan, Unirale edo antzeko sistemaren bat asmatu beharra dago. Horrek ez du konponduko sakonean dagoen arazo estrukturala; horretarako zeharo aldatu beharko da kontratazio politika, eta serioski hitz egin beharko da hizkuntza profiletaz. Gainerakoan hemen jarraituko dugu dirua gastatuz, nora goazen ondo jakin gabe. 2010. urterako hainbat irakasle jubilatuko direla kontuan hartuz, horri begira ere lotu behar da aurrera begira komeni den kontratazio mota. Azken finean, planteamendu absolutorik ez dugu egiten, irakasle guztiak euskaldunak izatea adibidez (horizonte moduan interesgarria), baizik eta neurri arrazionalak hartzen hastea nahi da, eta benetan gizartearen eta ikasleen eskubideak bermatzea. AZPn prozesua azkartu egin behar dela uste dut, baliabide gehiago jarriz.

 Neurri hauek sindikatuekin negoziatu behar direla uste dut. Unibertsitateak ukatu egiten du hori, negoziazio kolektiboaren bidez gauza hauetan aurrera egitea.

 R.S.: AZPren kasuan, argi dago kolektibo hori handitu egin beharko dela. Lehiaketa publikoak egin beharko dira langile horien artean, eta hori ere aukera ona litzateke hor exijentziak ezartzeko.

 

Eskakizun horietan guztietan zuen eragina, sindikatuona, zenbatekoa da?

I.G.: Eragin oso eskasa. Unibertsitatean sindikatuekin dagoen harremana oso eskasa da. Adibide gisa, 1996tik ez dago lan-hitzarmenik. Behin eta berriro, horrelako gaiak sindikatuekin ez direla hitz egiten diote; azken detailetxoak besterik ez zaizkigu iristen, ez kontrataziorako irizpiderik,... Gehienez jota, euskalduntze prozesurako zenbat diru dedikatu behar den, baina hori ere...

 A.U.: Arazo orokorra izan arren, irakasleen plazak definitzeko-eta, departamentua, irakasle batzordea, eta gobernu kontseilua arduratzen dira; bide akademikoa hartzen da, eta ez da kontuan hartzen sindikatuen iritzia. Beraz, plaza baten hizkuntza eskakizuna ezartzeko, departamentuak eskatzen du nolako plaza nahi duen, eta Euskararako Errektoreordeak onespena eman behar dio horri. Guk protesta egin arren, ez digute kasu handirik egiten. Beraz, hori negoziatzeko ahalmenik ez dugu. Bestalde, Errektorego-talde honen eskutik ikusten duguna da, bigarren plangintzan ez zegoen gairik ezin dela ukitu; beraz, esate baterako, titulazio berri bat martxan jartzen bada, irakasle horiek elebidunak izatea eskatuko dugu (nahiz eta hasieran gazteleraz eman). Horren aurrean, bigarren plangintzan ez dagoela sartuta esaten dizute beti.

 

 

 

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Arantza Urkaregi, Iñaki Gonzalez, Rikardo Saez
Urtea: 
2004