Mondragon Unibertsitatea eta euskara: gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkak.

. Irakasleriaren %80tik gora da euskalduna. Hala, azken bi fakultateetan, esan dezakegu euskaraz ikastea eskatzen duen ikasle batek ikasgaien %75a gutxienez euskaraz egiten duela. Beraz, beti hobe badaiteke ere, ontzat eman daiteke euskararen egoera. Erdara nagusitu egiten da bi talde osatzeko adina jende ez denean egoten

Hala, ingeniaritzan esaterako, nahi izaten da enpresa batetan urte bete egin dezatela ikasleek proiektu bat egiten jardunaldi osoz. Proiektua txosten batean biltzen da bukaeran eta, sarri, gazteleraz egoten da, enpresak hala eskatuta. Lan handia dago hor egiteko. Iazko datuetan oinarriturik, txostenen %80tik gora erdaraz, gutxienez, daude.

Finean, unibertsitate ona nahi dugu izan. Funtsezkoa da hori. Euskaran ez dugu atzera pausurik eman nahi, baina aurreranzkoak gainerako baldintzek mugaturik egongo dira. Edozein euskaltzalek euskal unibertsitatea du amets, baina horretarako ezinbestekoa da lehenbizi unibertsitatea izatea, Europan errekonozitua, eta ez da erraza.

Hizkuntzaren ikuspegitik, Mondragon Unibertsitateak mantendu egingo ditu erdal lerroak, euskararik gabekoak. Euskaraz ikasi nahi duenari ziurtatuko dio euskara nagusi izango dela bere ikasketetan, baina ez da hizkuntza bakarra izango. Ingelesak geroz eta presentzia nabariagoa edukiko du, geroz eta gai gehiago izango dira ingelesez irakatsiko direnak.

 

Sarrera gisa, laburki, deskriba dezagun Mondragon Unibersitatea, hots, atera diezaiogun argazki bat.

 Hiru fakultatek osatzen dute Mondragon Unibertsitatea: Humanitate eta Hezkuntza Zientziena, Enpresa Zientziena, eta Eskola Politeknikoa. Debagoienean dago kokaturik, nahiz eta Gipuzkoako eta Bizkaiko beste toki batzuetara ere iristen den. Unibertsitate txikia da, guztira bost mila ikasle biltzen ez dituena, eta enpresara bideratzen diren titulazioetan zentratzen da (irakasletza da salbuespena), nola diren enpresen eta enpresetako pertsonen kudeaketa eta ingeniaritza. Kooperatiben munduari estuki lotuta dago. Unibertsitate kooperatiboa da, izpirituz eta funtzionamenduz. Datozen ikasleen %75a gutxienez D eredutik dator, alegia, ikasleria oso euskalduna da.

Zein da euskararen egoera Mondragon Unibertsitatean?

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean oso ona. Sartzen diren ikasle guztiak euskaldunak dira, eta eskoletan, lezioetan, euskara da nagusi. Lantzen dira, ex professo, gaztelera eta ingelesa ere, uste baita beste bi hizkuntza horietan ere ondo moldatu behar dela ikaslea. Eskola Politeknikoan eta Enpresa Zientzien Fakultatean ziurtaturik dago erdal lerroa, alegia, euskararik gabeko ikasketak egin nahi dituztenentzat ziurtaturik daude ikasketak. Alabaina, nola talde bat baino gehiago sortzeko adina jende egoten den, sortzen den bigarren taldea euskalduna izaten da. Irakasleria ere oso euskalduna da, eta ez da arazorik izaten irakasleak euskaraz hitz egiteko. Irakasleriaren %80tik gora da euskalduna. Hala, azken bi fakultateetan, esan dezakegu euskaraz ikastea eskatzen duen ikasle batek ikasgaien %75a gutxienez euskaraz egiten duela. Beraz, beti hobe badaiteke ere, ontzat eman daiteke euskararen egoera. Erdara nagusitu egiten da bi talde osatzeko adina jende ez denean egoten, eta hori gerta daiteke espezializazio maila handiko gaietan.

 MUk, orokorrean hartuta, alegia, hiru fakultateak barne, helburu du bertako ikasleak euskaraz trebatzea ere. HUHEZIn sartzen diren ikasle guztiak euskaldunak dira eta esan genezake, irakaskuntza ertainetako ereduak kontuan hartuz, D ereduan irakasten dutela, nahiz eta zenbait gai, hala nahi delako, bestelako hizkuntzetan irakatsi, gazteleraz eta ingelesez. Beste bi fakultateetan, D ereduan egon nahi luketenei euskarazko eskaintza handia eskaintzen zaie. Adibide gisa, ingeniaritza tekniko mekanikoan kreditu guztien 5/6ak euskaraz ematen dira. Hala ere, ikasle asko dago, %20ren bueltan, erdal eredua eskatzen dutenak, eta horiei erdal eredua eskaintzen zaie. Horiek ez dira euskaraz trebatzen, non ez den beren borondatez, aukera askeko ikasgai gisa, euskara ikastea. Zergatik eskaintzen da? Arrazoia sinplea da: Unibertsitate ona izateko ikerkuntza ona egin behar da; ikerkuntza ona egiteko ikasle kopuru handia behar da, kantitatetik kalitatea irteteko. Egun nahi genituzkeen ikasleak baino gutxiago dauzkagu, erdaldunak zein euskaldunak. Ikasle gehiago nahi ditugu eduki helburu horiek lortzeko.

 Zenbait esparrutan ordea makalagoa da egoera. Gure unibertsitateak garrantzi handia ematen dio enpresekiko harremanari. Hala, ingeniaritzan esaterako, nahi izaten da enpresa batetan urte bete egin dezatela ikasleek proiektu bat egiten jardunaldi osoz. Proiektua txosten batean biltzen da bukaeran eta, sarri, gazteleraz egoten da, enpresak hala eskatuta. Lan handia dago hor egiteko. Iazko datuetan oinarriturik, txostenen %80tik gora erdaraz, gutxienez, daude. Arrazoia izaten da enpresa gehienek erdarazko txostena nahi izaten dutela. Sarri, enpresako proiektuaren arduraduna ere erdalduna izaten da, edo ez behar bezain euskalduna. Hala, gehienetan, euskarazko txostena izateko ikasleak lan bikoitza egin behar izaten du, erdarazkoa eta euskarazkoa. Nolanahi den, utzikeria ere egon daiteke guzti horretan, eta lana eginez gero txosten euskaldun elebakar gehiago egon litezke.

 Euskararen kalitateari gagozkiolarik, ez dago aparteko ezer esateko. Hemen ere euskal hiztunen ajeak errepikatu egiten dira, alegia, euskal gizartearen ispilu da.

 Euskal testuak urriak dira. Jakina da. Mondragon Unibertsitateak profitatu egiten ditu beste erakundeek ateratako euskal liburuak; ez du ahalegin berezirik egiten arlo hori jorratzeko.

Goi Eskola Politeknikoaren kasua jarriko dut. Bere aurrekontua 18 milioi euroren bueltan dabil. Aurrekontu horretan, bostena ere ez dator administraziotik, eta datorrena ikerkuntza proiektuak finantzatzeko izaten da. Horrek esan nahi du gainerakoa bere gestiotik atera behar duela: ikasleen matrikulak, enpresei saldutako ikastaroak, enpresei eginiko proiektuak edo zerbitzuak, ... Unibertsitate publikoetan baino askoz estuago lan egiten du bataz beste bertako langileriak. Demagun liburu bat sortzeko proposamen bat dagoela. Idatzi egin behar da. Irakasleak liberazioa behar du. Nondik ordaindu liberazioa? Liberazioa ordaintzeko, nondik kendu dirua? Hortxe dago gakoa. Beste ekintza batzuk lehenesten dira. Euskara Institutua gisako lantaldea garesti izan liteke, esan nahi dut euskal testuak ateratzeko, esaterako.

Zer dela-eta ditu MUk aipatu irizpideak?

Mondragon Unibertsitatea “pribatua” da. Kakotxen artean jarri dut, adierazi nahi baitut kudeaketa pribatua duela, ez dela Administrazioak sortua, ez dela Administrazioak finantzatua; alabaina, ez da elitista, gizarteko jende guztiarengana nahi du iritsi, eta gizartean hainbat balio zabaltzea du helburu, kooperatibismoaren filosofian sustraituta daudenak. Ematen duen zerbitzuak kostu handia du; ez da nahi izaten ikasleek ordaintzen duten prezioa handiegia izan dadin. Horrek behartzen gaitu dirua ondo administratzera, alegia, zertan gastatu eta zertan ez. Esaterako, gutxitan bideratzen da dirua irakasle batek libururik sortzeko. Era berean, behin baino gehiagotan, ezetz esan behar izaten zaio talde bat erdibitzeari gai bat gazteleraz ez ezik euskaraz ere irakasteko. Finean, diruak ematen duena ematen du eta oreka bilatu behar izaten da. Oreka bilatzearen ondorioek ez dituzte beti asetzen ikasle euskaltzaleenak.

Zein dira MUk hizkuntzari dagokionean dituen irizpideak eta helburuak?

Orain lau urte egin zen MUren plan estrategikoa. Aurten berrikusten ari gara, lau urtero berrikusten da-eta. Bertan definitzen da hizkuntza politika eta nahi litekeen eszenatokia. Hala, bere misioan esaten du: "Euskal Herrian errotutako eta espiritu globala duen unibertsitate bat bezala definitzen da. Bere kultura eta euskal gizartearen integraziotik abiatuz, pentsamendu unibertsal garatuago eta  munduko beste zentro, pertsona eta entitateekin elkarraldatze eta elkarlanean aritzeko zabalik dago". Eta, ikasleetaz: "Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, beraien profesioa aurrera eramateko gai izango dira". Beraz, nahiz eta euskara  sustatzeko konpromezua hartzen duen, irizpide eleanitza du.

Eta etorkizunari begira?

Saia gaitezen aurkituko dugun eskenatokia irudikatzen.

Demografia arazo latza bizi dugu, gutxienez gure unibertsitatearen premiak asetzeko. Jaiotze tasa minimoa 1992an izan omen zen, eta horrek esan nahi du 2010ean iritsiko zaigula guri minimo hori. Euskal Herrian, ikasle gutxi eta nora joateko aukera asko.

 Asko dira, oraindik, Euskal Herriko erdaldun elebakarrak ere; %60 inguru, 2001eko soziolinguistikako inkestaren emaitzetan oinarriturik.

 Bestalde, Europan sustatzen ari da unibertsitateko ikasleen Europan zeharreko mugimendua, difusioa, europar izatea eta naziotasuna sendotzeko. Esan nahi dut, egun ikasle atzerritar gutxiegi dugula Mondragon Unibertsitatean eta, epe laburrera, askoz gehiago izatea nahi dugula; era berean, adosten ari gara, esaterako Frantziako Unibertsitate batekin, ikasketak uztartu eta titulazio bikoitzak eskaintzea; alegia, “hemengo eta hango ingeniaria” bezalako tituluak. Orain gutxira arte, Goi Eskola Politeknikoa dena Eskola Politeknikoa baino ez zen, esan nahi baita, ingeniaritza teknikoa baino ez zen ematen. Tradizioa zegoen gure ikasle onenak, bigarren zikloak egin zitzaten, atzerrira bidaltzeko. Egun ordea, berton dauzkagu bigarren zikloak, baina ez da galdu nahi hain fruitu onak eman izan duen tradizioa. Hala, oraindik gauzatu ez bada ere, ari gara lantzen atzerriko zenbait unibertsitaterekin, oraingoz Frantziakoekin, titulazio bikoitzen eskaintza. Alegia, ikasle batek bere formazioko epe bat egingo luke berton, beste bat kanpoan, eta bi titulazioak jasoko lituzke. Eskaintza bertokoentzat zein kanpoko unibertsitatekoentzat izango litzateke.

 Dauzkagunak baino askoz ikasle gehiago behar ditugu, hazi nahi dugu, ikerkuntzan ditugun erronkak betetzeko. Piramidearen erroan jende asko behar da erpinean doktoretza tesiak egiten ari den jende bikaina izateko; ikerkuntzako arloren batean bederen errekonozimendua nahi dugu lortu Europan, ospea, izen ona.

 Finean, unibertsitate ona nahi dugu izan. Funtsezkoa da hori. Euskaran ez dugu atzera pausurik eman nahi, baina aurreranzkoak gainerako baldintzek mugaturik egongo dira. Edozein euskaltzalek euskal unibertsitatea du amets, baina horretarako ezinbestekoa da lehenbizi unibertsitatea izatea, Europan errekonozitua, eta ez da erraza. Euskaren alde ezin da bizkorregi egin, tamalez, kolokan jar baitaiteke unibertsitatearen proiektua bera. Ideala litzateke, Britainia Handiko unibertsitateetan bezala, Pakistango ikasle bikainak erakarri, euskaldundu, eta aldizkari onenetan makina bat paper argitaratu, gure unibertsitateak sinatuta. Ez du erraz euskarak, ordea. Ez du erraz Euskal Herriak. Ezinbestez, esaerak dioen bezala: baraxe-baraxe, jauna, armiarmak amarauna. Edonola ere, zeharka bada ere, Euskal Herriko Unibertsitateen erdal jardun bikainak onurak dakarzkio euskarari. Egia esan, gizartearen egoera ekonomiko onak ere onura handiak dakarzkio euskarari. Balioetsi behar dugu azken 25 urteetan euskarak egin duen aurrerakada unibertsitateetan. Ez naiz hori esaten ari zilborrari begira gera gaitezen, asko baitago egiteko, baina asko egin du aurrera. Gure gizartea punta-puntan badago, euskara ere ondo egongo da. Euskara sustatzeko diru gehiago: euskara plan gehiago enpresetan, euskarazko baliabide gehiago,... Unibertsitate onak, ikuspegi guztietatik, ikerkuntza jardun erdaldun bikaina barne, bere ekarpentxoa egingo du puntako kokapen horretan egon gaitezen.

 Hizkuntzaren ikuspegitik, Mondragon Unibertsitateak mantendu egingo ditu erdal lerroak, euskararik gabekoak. Euskaraz ikasi nahi duenari ziurtatuko dio euskara nagusi izango dela bere ikasketetan, baina ez da hizkuntza bakarra izango. Ingelesak geroz eta presentzia nabariagoa edukiko du, geroz eta gai gehiago izango dira ingelesez irakatsiko direnak. Ba al du zentzurik hainbat ikastolek irizpide hori izan eta izaera unibertsala behar lukeenak ez izateak? Gizarteko beste eragileekin batera enpresetan euskara sar dadila bultzatuko du, titulatu berri euskaldunak bidaliz.

 Ilusioz, elkarlanez, lortuko dugu. Atzera pausurik ez.

 

BAT aldizkaria: 
50. 2004ko martxoa. Unibertsitatea eta euskara
Kokapen geografikoa: 
Europa
Euskal Herria
Egilea(k): 
Javier Arrasate
Urtea: 
2004