Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)

Ikerlana galdesortaren bidez egin zen 2002ko apirilean, Lasarte-Oriako 13 eta 24 urte bitarteko 167 lagunen lagina hartuta. Lagin honen konfiantza-tartea % 95,5 izan da, eta errore-tartea % 7

Bereziki, hizkuntzazko gaitasunari lotutako alderdiak nabarmen aldatu dira euskararen alde, bai ahozko trebetasunean baita idatzizkoan ere

Euskarazko gaitasunak aurrera egin ahala, berez aldatu da euskaldunen dentsitatea1 harreman-sareetan. Gure ikerlanak etxea eta lagunartea harreman-sareak baino ez ditu nolabaiteko xehetasunez aztertu

Etxeetan anai-arreba euskaldunen kopurua % 47,7 zen 1992an, eta % 67,6 da 2002an.

- Lagunartean kide guztiak euskaldun dituztela aitortzen dutenen kopurua % 16,4 zen 1992an, eta % 55,1 da 2002an

hizkuntzazko gaitasuna eskolari lotuta agertzen zaigu, eta hizkuntzazko erabilera, berriz, talde informalei atxikirik dagoela dirudi. Hori dela eta, familietan ama euskaldunen kopurua eta ama horien euskararen erabilera nabarmen aldatu ez denez gero, kalean erabiltzen den euskara ere ez da nabarmen aldatu

euskara etxean amarengandik jaso dutenek gaur egun kalean lagun euskaldunekin euskaraz egiteko joera handia erakusten dute; hots, % 78,6k erabili ohi du euskara lagunekin

euskara irakasleengandik jaso zuten, eta ez amarengandik. Azken hauen hizkuntzazko jokaera oso ezberdina da aurrekoekin alderatuta, hau da: % 20,4k baino ez du euskara ohituraz erabiltzen bere lagunekin

Gazte guztietatik erdiek (%50,9k) ez dute izan gizarte-eremu egokirik euskarari dagokionez. Testuinguru horietan hazitako gazteek nekez eskuratzen dute euskaraz mintzatzeko oso gaitasun onik.

Kopuru txiki batek (%20,3k), ordea, izan ditu gizarte-testuinguru egokiak, hala etxean nola eskolan. Hemen hazitako ia gazte guztiek (%97k) egiten dute oso ongi euskaraz

badirudi, joera nagusi gisa, euskaraz egiteko gaitasun ona duten lagunak sortzea kostatzen dela gehien, bereziki “ama eta eskola» eremua ez beste guztietan. Baina, behin gaitasun onaren jabe izandakoan, datozen gizarte-eremutik datozela ere, jokaera berdintsua erakusten dute gazteek euskara erabiltzean

Emakumezkoek gizonezkoek baino hizkuntzazko gaitasun altuagoa eskuratzen dutela ikusten dugu. Emakumezkoen % 40,2 euskaraz “oso ongi» hitz egiteko gauza da, gizonezkoen % 25aren aldean. Seme-alaben hizkuntzazko jokaeraren erroak finkatzeko amaren figura bada garrantzizkoena, orduan, aipatu berri dugun datua oso baikorra da etorkizunari begira, emakume ugari baitago euskaraz aritzeko gaitasun onarekin

Baina puntu honetara iritsiz gero, berdin eusten al diote euskara erabiltzeari? Ez; orain proportzioak aldatu egiten dira. Multzo honetako gizonezkoen % 80k eusten dio euskarari (normalean lagunekin); emakumezkoen artean, berriz, % 62,9k

SARRERA

Hamar urte pasa dira 1992. urtean Jose Mari Iraola lasartearrak “Euskara eta gazteak Lasarte-Orian» ikerlan bikaina egin zuenez geroztik. Zertan aldatu dira kontuak bitarte horretan? Horri erantzun nahian egin dugu aurten izen bereko ikerlana. Funtsean, orduko galdera eta diseinu berari eutsi diogu oraingoan, datuak ahalik eta gehien alderatu ahal izateko.

Ikerlana galdesortaren bidez egin zen 2002ko apirilean, Lasarte-Oriako 13 eta 24 urte bitarteko 167 lagunen lagina hartuta. Lagin honen konfiantza-tartea % 95,5 izan da, eta errore-tartea % 7.

Lasarte-Oriako Udalak, bere Euskara Batzordearen bidez, argitaratu berri du lana eskuko edizio pedagogiko txukunean. Datu zehatzen egarri denak bertan ditu xehetasun guztiak. Hortaz, artikulu hau datuz eta taulez betetzeak ez hankarik ez bururik ez duela uste dugu. Estilo literarioari eutsiko diogu, ahal den guztietan bederen, irakurlearen mesedetan.

ZERTAN ALDATU DA HIZKUNTZAZKO EGOERA?

Bereziki, hizkuntzazko gaitasunari lotutako alderdiak nabarmen aldatu dira euskararen alde, bai ahozko trebetasunean baita idatzizkoan ere. Aldaketa hamar urteotan handia izan dela aipaturik, ikus dezagun jarraian eta laburbildurik zein den oraingo egoera komunikazio trebetasunari dagokionez:

  • - % 80,8k “nahiko ongi» edo “oso ongi» ulertzen du euskara.
  • - % 78,4k “nahiko ongi» edo “oso ongi» irakurtzen du euskara.
  • - % 70,6k “nahiko ongi» edo “oso ongi» idazten du euskaraz.
  • - % 63,4k “nahiko ongi» edo “oso ongi» hitz egiten du euskaraz. Aipatu beharra dago, hala ere, bereziki hazi, “nahiko ongi» hitz egiten dutenen kategoria hazi dela: % 13,3tik % 30,5ra. “Oso ongi» hitz egiten dutenen kategoria, ordea, gutxi-gutxi aldatu da: % 29,7tik % 32,9ra.

Datuak ez dira, egia esan, nolanahikoak, eta zergatiak bilatzekotan, begirada haur heziketara eta derrigorrezko hezkuntza sistemara zuzendu beharra daukagu. Bi horietan euskarazko ereduek izan duten hazkundea ikaragarrizkoa izan da. Ikus itzazue ondorengo datuak esaten ari garenaren erakusgarri:

  • - Euskara 0-3 urte bitartean jaso dutenen kopurua % 26,2tik % 51,5era pasatu da hamar urteotan.
  • - Lehen Hezkuntza D ereduan egin dutenen kopurua % 16,4tik % 44,3ra pasatu da. B ereduan ibili direnen kopurua % 3,6tik % 35,9ra pasatu da.

Euskarazko gaitasunak aurrera egin ahala, berez aldatu da euskaldunen dentsitatea1 harreman-sareetan. Gure ikerlanak etxea eta lagunartea harreman-sareak baino ez ditu nolabaiteko xehetasunez aztertu. Horiei buruzko datuek, berriz, erakusten digute zein nolako hazkunde handia gertatu den euskaldunen kopuruari dagokionez. Ikus bestela:

  • - Etxeetan anai-arreba euskaldunen kopurua % 47,7 zen 1992an, eta % 67,6 da 2002an.
  • - Lagunartean kide guztiak euskaldun dituztela aitortzen dutenen kopurua % 16,4 zen 1992an, eta % 55,1 da 2002an.

Honaino, hortaz, aldaketarik esanguratsuenak. Gainerako hizkuntzazko ezaugarrietan daturik aipagarriena aldaketa eza da, hain zuzen ere.

Esaterako, gazteek nola hautematen zuten eta duten euskararen egoera, bai unean bertan bai etorkizunean: datu berdintsuak jaso ditugu. Ez dira orain ezkorrago edo baikorrago orain hamar urte baino.

Hizkuntza politikari buruzko beren iritziak orduan eta orain antzekoak dira. Salbuespen bakarra, baina esanguratsua, aipatu beharra dago, ordea. “Euskal Herrian jende guztiak euskaraz hitz egin beharko lukeela» dioen iritziaz galdetuta, gazteetatik % 57,5 “ados» edo “oso ados» zegoen 1992an, baina hamar urteren buruan % 38,4ra jaitsi dira iritzi horretakoak. Nolabait esatearren, euskararen erabilera gizarteratzeari buruzko motibazioa epeldu egin da. Gainerako iritzietan, hala nola “Euskal Herrian jende guztiak euskaraz jakin beharko lukeela» dioenarekin, aldekotasun beretsua erakusten dute gaur egun eta orain hamar urte.

Euskararen erabilera bera ere ez da gehiegitxo aintzinatu ez lagunarteko lagun euskaldunekin, ez anai-arrebekin, ez gurasoekin ere. Zenbakietan hazkunde txiki bat antzematen da, baina ez gaude ziur honek esanahi soziologikoa duen ala ez. Horretan kontu metodologikoek zeresan handia daukatenez, ohar bat eskainiko diogu kontu horri artikuluaren bukaera aldean. Bien bitartean, eta zuhurtasun handia eskatuta, hona hemen datuok:

  • - Amarekin euskaraz “beti» edo “gehienean» egiten zutenen kopurua % 14,9 zen 1992an eta % 18,6 da egun.
  • - Aitarekin euskaraz “beti» edo “gehienean» egiten zutenen kopurua % 11,3 zen 1992an eta % 14,4 da gaur egun.
  • - Anai-arrebekin euskaraz “beti» edo “gehienean» egiten zutenen kopurua % 13,3 zen 1992an eta % 19,2 da egun.
  • - Lagun euskaldunekin euskaraz “beti» edo “gehienean» egiten zutenen kopurua % 23,5 zen 1992an eta % 30 da egun.

Lagunartean eta anai-arreben artean euskaldunen kopurua nabarmen hazi dela esana genuen lehen, eta eskola-sistemaren eraginez gertatu dela gehitzen genuen. Atzekoz aurrera, gurasoen artean ez da euskaldunen kopurua zabaldu. Ama erreferentzia nagusitzat harturik, ikus dezakegu nola ama euskaldunen kopurua 1992an % 27,2 zen eta 2002an % 26,4 den. Berdina, beraz. Guk hemendik honako hipotesi hau ateratzen dugu: hizkuntzazko gaitasuna eskolari lotuta agertzen zaigu, eta hizkuntzazko erabilera, berriz, talde informalei atxikirik dagoela dirudi. Hori dela eta, familietan ama euskaldunen kopurua eta ama horien euskararen erabilera nabarmen aldatu ez denez gero, kalean erabiltzen den euskara ere ez da nabarmen aldatu.

Hipotesi horretan gehiago sakondu beharra daukagu. Hortik tiraka kontu interesgarri ugari atera dezakegulakoan gaude. Hurrengo lerroetan helduko diogu horri.

ZER GERTATZEN DA ERABILERAREKIN?

Gaitasunak zerikusi handia dauka. Hala, euskaraz arazorik gabe hitz egiten dutenek, alegia gure galderari “oso ongi» erantzun diotenek, lagun euskaldunekin euskaraz aritzeko joera nabarmena erakusten dute. Hala da, behinik behin, kasuen % 69,1ean, non “beti» edo “gehienean» egiten duten. Nahikoa da, hala ere, gaitasunaren eskalan maila bat jaistea, hots, gure galderari “nahiko ongi» hitz egiten dutela erantzun diotenak gogoan hartzea, euskararen erabilera izugarri jaisten dela konturatzeko. Datua honakoa da: kasuen % 21,5ak soilik egiten du normalean euskaraz lagunekin.

Gaitasunarekin gertatzen den moduan, euskara noiz eta norengandik jaso izateak ere zerikusi ikaragarria dauka. Bi multzo bereiz daitezke hemen: batetik, etxean amarengandik jaso dutenena eta, bestetik, haur eskolan ikasi dutenena. Oso hizkuntzazko jokaera ezberdina agertzen dute batzuek eta besteek. Hala, euskara etxean amarengandik jaso dutenek gaur egun kalean lagun euskaldunekin euskaraz egiteko joera handia erakusten dute; hots, % 78,6k erabili ohi du euskara lagunekin. Aurrekoek bezala, bigarren multzokoek ere euskara oso goiz bereganatu zuten: 0-3 urte bitartean; hauek, ordea, euskara irakasleengandik jaso zuten, eta ez amarengandik. Azken hauen hizkuntzazko jokaera oso ezberdina da aurrekoekin alderatuta, hau da: % 20,4k baino ez du euskara ohituraz erabiltzen bere lagunekin.

Etxea eta eskola, gaitasuna eta erabilera. Lau aldagai hauek harrotu ditugu aurrekoan, baina elkarrekin gehiago uztartu nahi genituzke, beraien arteko barne-loturak are argixeago ikusteko. Hasteko tipologia bat egin dugu, gogoan harturik, gazteak zein gizarte-eremutan euskaldundu diren. Batetik, etxeko erreferente modura ama eta haren euskarazko gaitasuna hartu ditugu. Bestetik, eskolari dagokionez, lehen hezkuntza egitean aukeratutako hizkuntza eredua. Honako lau testuinguru hauek aukeratu ditugu:

1) Ama eta eskola
a. Ama oso ongi mintzatzen da euskaraz eta eskolatzea D ereduan
b. Ama nahiko ongi mintzatzen da euskaraz eta eskolatzea D ereduan
2) Ama soilik
a. Ama oso ongi mintzatzen da euskaraz eta eskolatzea B ereduan
b. Ama oso ongi mintzatzen da euskaraz eta eskolatzea A ereduan
3) Eskola soilik
a. Ama erdalduna eta eskolatzea D ereduan
4) Ez bata ez bestea taxuz
a. Ama erdalduna eta eskolatzea A edo B ereduan
b. Ama nahiko ongi mintzatzen da euskaraz eta eskolatzea A edo B ereduan

Ikus ditzagun lehenengo datuak hurrengo taulan:

Euskara jaso duten gizarte-eremua eta lorturiko hizkuntza gaitasuna

 

Gazte guztiak

Euskaraz oso gaitasun ona

Ama eta eskola

20.3

97.0

Ama soilk

4.8

50.0

Eskola soilik

24.0

30.0

Ez bata ez bestea taxuz

50.9

7.1

Guztira

100

 

Gazte guztietatik erdiek (%50,9k) ez dute izan gizarte-eremu egokirik euskarari dagokionez. Testuinguru horietan hazitako gazteek nekez eskuratzen dute euskaraz mintzatzeko oso gaitasun onik.

Kopuru txiki batek (%20,3k), ordea, izan ditu gizarte-testuinguru egokiak, hala etxean nola eskolan. Hemen hazitako ia gazte guztiek (%97k) egiten dute oso ongi euskaraz.

Tarteko egoeretan ditugu gainerako %28,8koak. Hauek etxeko egoera bai baina eskola ez, edota alderantzizko egoeran daude; hau da: bietatik testuinguru bakarra bizi izan dute. Euskaraz nola egiten duten ikusirik, berehala ohartzen gara tarteko puntuazioetara jaisten direla. Hala ere, ama soilik izatea edo eskola soilik izatea alderatuz gero, badirudi amaren eragina eskolarena baino altuxeagoa dela.

Gizarte-eremu batean hizkuntza bilakaera nolakoa den ikusi nahi izan dugu, hasieratik hizkuntzazko jokaeraraino iritsi bitartean. Hala, honelako urratsak egin ditugu:

1) Gizarte-eremu batean hazitakoak 100 badira, horietatik zenbatek eskuratu dute euskaraz mintzatzeko oso gaitasun ona?
2) Eta euskaraz mintzatzeko oso gaitasun ona eskuratu duten horietatik zenbatek erabili ohi dute euskara lagun euskaldunekin?

Gizarte-eremuaren, gaitasunaren eta erabileraren arteko kateamendua

 

Gizarte-eremu batean hazitakoak

Euskarazko oso gaitasun ona

Euskara erabili ohi du

Ama eta eskola

100

97.0

76.4

Ama soilk

100

50.0

25.0

Eskola soilik

100

30.0

20.0

Ez bata ez bestea taxuz

100

7.1

2.4

Aurreko taulako zutabeen artean kenketa eginez gero, ikus dezakegu zenbatekoa den euskarak urrats bakoitzean jasaten duen galera. Ikus dezagun bada:

Euskararen galera urrats bakoitzean

 

Gizarte- eremutik gaitasunera

Gaitasunetik erabilerara

Gizarte- eremutik erabilerara

Ama eta eskola

3

20.6

23.6

Ama soilik

50

25

75

Eskola soilik

70

20

80

Ez bata ez bestea taxuz

92.9

4.7

97.6

Zalantzarik gabe, galerarik gutxien duen ibilbidea amaren eta eskolaren uztarketatik datorkiguna da. Hala ere, gogoan hartu beharreko gertaera da gaitasunetik erabilerara duen 20 puntuko galera.

Hizkuntzaz jabetzeko gizarte-eremu bakarra amarena denean, galera, erabileraren ikuspegitik azterturik, handia da: 75 puntukoa. Antzerakoa da (80 puntukoa) eremu bakarra eskolarena denean. Eta oso urruti ere ez dabil eremu bakar bat bera ere egokia ez denean, galera 97 puntukoa baita.

Ohar gaitezen gaitasunera bitarteko jauzian gertatzen dela galerarik handiena, batez ere “ama eta eskola» eremuetan ez beste guztietan. Eta, gero, hemendik erabilerara bitarteko jauzian, berdindu egiten direla galerak, “ez bata ez bestea» eremukoa salbu.

Beraz, badirudi, joera nagusi gisa, euskaraz egiteko gaitasun ona duten lagunak sortzea kostatzen dela gehien, bereziki “ama eta eskola» eremua ez beste guztietan. Baina, behin gaitasun onaren jabe izandakoan, datozen gizarte-eremutik datozela ere, jokaera berdintsua erakusten dute gazteek euskara erabiltzean.

Eremu informala eta afektiboa irudikatzen digu “ama» kategoriak. Eskolak, berriz, eremu formal eta neutroa. Bien arteko osagarritasunetik datozkigu emaitzarik hoberenak, hala gaitasunean nola erabileran. Eskolan azken hamar urteotan eman diren aldaketak aipatu izan ditugu lehen atalean, eta aurrerantzean ere askoz gehiago ibil daiteke bide honetan zehar. Hazkundea, hala ere, kopuruetan izan daitekeela uste dugu, baina ez horrenbeste kalitatean (kalitatea, beti ere, kaleko hizkuntzazko jokaeraren terminoetan neurtuta). Kezka handia sortzen digu, ordea, honen funtsezko osagarri den etxeak. Datuek garbi erakutsi digutenez, erabileraren zabalkundeak hemen du iturririk onenetakoa. Zoritxarrez, ordea, ez da familia euskaldunen kopurua handitu, eta ez, bereziki, ama euskaldunen kopurua. Geldirik gaude. Zer gertatuko da aurrerantzean atal honetan? Nola zabalarazi eremu hau? Ez dira nolanahiko galderak, baina bai, ordea, funtsezkoak.

Zergatik aipatzen dugu behin eta berriro “ama», etxeko gizarte-eremuaz hitz egiterakoan? Gure datuen arabera, amaren eragina aitarena baino askoz ere handiagoa da seme-alaben hizkuntzazko gaitasunean zein hizkuntzazko jokaeran. Hurrengo taulan garbi asko ikus daiteke gurasoen hizkuntzazko gaitasunak nola eragiten duen seme-alaben hizkuntzazko jokaeran.

Gurasoen hizkuntzazko gaitasuna eta seme-alaben hizkuntzazko jokaera lagunekin

  Unibertso osoa Euskara darabil Gaztelania darabil Guztira

Guraso euskaldunak

17.4

72.4

27.6

100

Ama besterik ez euskalduna

9.0

78.6

21.4

100

Aita besterik ez euskalduna

7.2

25.0

75.0

100

Guraso erdaldunak

65.3

12.8

87.2

100

Bestelakoak

1.1

     

Guztira

100

     

Azpimarratzekoa da bikote mistoen kasua, hari eskerrak bereiz baitezakegu hobekien hizkuntzaren transmisioan amak eta aitak jokatzen duten egitekoa. Hala, ama soilik euskalduna denean haren seme-alabek bikote euskaldunen seme-alaben kaleko hizkuntzazko jokaera berdintsua erakusten dute. Aita soilik euskalduna denean, berriz, haren seme-alaben hizkuntzazko jokaerek bikote erdaldunen seme-alaben kaleko hizkuntzazko jokaerarekin hartzen dute antza.

Hortaz, amaren zeregina horren handia izanik, sexuaren araberako hizkuntzazko ezaugarriek zerikusi handia izan dezakete euskararen biziberritzea etxetik bertatik abiatuko bada. Gure ikerketak 24 urtetan jarri zuen muga. Horraino besterik ez dakigu. Adin horretatik aita edo ama izateraino oraindik 10 urte inguruko tartea egon daiteke, egungo joera soziologikoei kasu eginez gero. Batek daki zer gerta daitekeen tarte luze horretan. Guk, bederen, ikus dezagun oraingo joerek zer adierazten duten.

Emakumezkoek gizonezkoek baino hizkuntzazko gaitasun altuagoa eskuratzen dutela ikusten dugu. Emakumezkoen % 40,2 euskaraz “oso ongi» hitz egiteko gauza da, gizonezkoen % 25aren aldean. Seme-alaben hizkuntzazko jokaeraren erroak finkatzeko amaren figura bada garrantzizkoena, orduan, aipatu berri dugun datua oso baikorra da etorkizunari begira, emakume ugari baitago euskaraz aritzeko gaitasun onarekin.

Hortaz, euskaraz ongi aritzeko adinako gaitasuna eskuratu dutenen artean, emakumezkoen proportzioa gizonezkoenaren bikoitza da. Baina puntu honetara iritsiz gero, berdin eusten al diote euskara erabiltzeari? Ez; orain proportzioak aldatu egiten dira. Multzo honetako gizonezkoen % 80k eusten dio euskarari (normalean lagunekin); emakumezkoen artean, berriz, % 62,9k. Datu honek aurrekoari zerion baikortasuna epeldu egiten du. Oso garrantzitsuak izango dira ikasketa garaia bukatu ondorengo urteak. Lan eta helduen munduak hartuko dio txanda eskola eta gazte giroari. Eta mundu hura eskolakoa baino dezente erdaldunagoa da. Zenbat jende geldituko da bidean? Zenbat emakume iritsiko da amatasun garaira euskarazko gaitasun ona duela? Hori da gakoetako bat.

HAUSNARKETA METODOLOGIKOAK

Lehenengo hausnarketa euskaldun kontzeptuari dagokio. Sentimendua bazter utzirik, zein nolako hizkuntzazko gaitasuna hartu behar dugu kontuan pertsona bat euskalduntzat hartzeko? Han eta hemen, ikerlan ia guztietan, euskaraz “oso ongi» eta “nahiko ongi» mintzatzeko gauza direnak jotzen dira euskalduntzat. Ez zaigu bidezko iruditzen. Guk datuetan antzeman dugu bi multzo horiek ez dutela kategoria bakar bat osatzen, bi ezberdin baizik. Hurrengo taulan ikus daitekeenez, adierazle garrantzitsu guztietan bi jokaera oso bestelakoak erakusten dituzte batzuek eta besteek. Horregatik, gure ustez, “oso ongi» hitz egiten dutenek soilik burutu dute euskalduntze prozesua, beti ere gaitasuna gogoan dugula, eta haiei soilik dagokie zinez euskaldun kontzeptua. “Nahiko ongi» hitz egiten dutenek burutu gabea dute oraindik prozesua, tarteko egoera batean daude eta, gertu egon arren, ezin dira nahastu euskaldun kategoriakoekin.

“Euskalduna» versus “Nahiko ongi mintzo dena»

Aldagaia

Balorea

Eukaraz oso ongi mintzatu

Euskaraz nahiko ongi mintzatu

Euskarazko alfabetatzea

Oso ongi

83.6

21.6

Amaren euskarazko gaitasuna

Oso ongi

52.7

9.8

Kuadrillako lagunen euskarazko gaitasuna

Denek dakite

76.4

54.9

       
       

Barne hizkuntza

Beti euskaraz

40.0

2.0

Amarekiko hizkuntza

Beti euskaraz

41.8

3.9

Lagun euskaldunekiko hizkuntza

Beti euskaraz

52.7

7.8

       
       

Hizkuntza kuttuna

Euskara

58.2

9.8

Nazio identitatea

Euskalduna soilik

49.1

17.6

Iritzia: euskalduna izateko euskara jakin beharra

Handia

70.9

35.3

Iritzia: denok euskara jakin beharra

Guztiz ados

45.5

23.5

Iritzia: denok euskara hitz egin beharra

Guztiz ados

30.9

9.8

Hautematea: euskararen egoera

Oso ona

1.8

3.9

Bigarren hausnarketa metodologikoak “ama hizkuntza» kontzeptura garamatza. Hainbat ikerlanetan, kontzeptu hau erabiltzerakoan, hizkuntza jaso deneko adinari begiratzen diote funtsean, ahazturik zein eremutan eta norengandik jaso den. Hala, “ama hizkuntza» kontzeptua “hizkuntza 0-3 urte bitartean jaso izana» kontzeptuaren pareko hartzen da. Hau ez zaigu bidezko iruditzen. Adinari begiratu behar bazaio ere, are garrantzizkoagoa da ea amarengandik jaso duen, eta beraz bere lehenengo hizkuntza ote den, begiratzea. Guk bi kategoria bereizi ditugu: “ama hizkuntza», norberaren ama euskalduna dela adierazteko batetik eta “bigarren hizkuntza: 0-3 urte bitartean jasoa», euskara lehenengoz haur eskolan ikasi dutela adierazteko bestetik. Hurrengo taulan ikus daitekeenez, batzuen eta besteen hizkuntzazko adierazleak oso bestelakoak dira eta, hortaz, ongi bereiztea komeni dela azpimarratu nahi dugu.

“Ama hizkuntza» versus “Bigarren hizkuntza: 0-3 urte»

Aldagaia

Balorea

Euskara ama hizkuntza

Euskara 2. hizkuntza: 0-3 urte

Euskarazko gaitasuna

Oso ongi

88.1

29.5

Euskarazko alfabetatzea

Oso ongi

78.6

36.4

Amaren euskarazko gaitasuna

Oso ongi

78.6

0.0

Kuadrillako lagunen euskarazko gaitasuna

Denek dakite

69.0

59.1

       
       

Barne hizkuntza

Beti euskaraz

47.6

4.5

Amarekiko hizkuntza

Beti euskaraz

59.5

0.0

Lagun euskaldunekiko hizkuntza

Beti euskaraz

54.8

15.9

       
       

Hizkuntza kuttuna

Euskara

71.4

9.1

Nazio identitatea

Euskalduna soilik

52.4

20.5

Iritzia: euskalduna izateko euskara jakin beharra

Handia

81.0

40.9

Iritzia: denok euskara jakin beharra

Guztiz ados

50.0

27.3

Iritzia: denok euskara hitz egin beharra

Guztiz ados

33.3

13.6

Hautematea: euskararen egoera

Oso ona

2.4

6.8

Azkeneko hausnarketa datuen interpretazio soziologikoaren ingurukoa da. 1992ko neurketatik 2002kora 6,5 puntuko aldea dago, esate baterako, gazteen lagunarteko euskarazko erabilera aldagaian. Matematikaren ikuspegitik ez dago zalantzarik baieztatzeko batetik bestera hazkundea egon denik. Baina soziologiaren ikuspegitik? Horrelako hazkunde matematikoak gizarte gertakizun berri baten aurrean gaudela adierazten al du? Zenbateko hazkunde matematikoa behar genuke gertakizun soziologiko berriaz hitz egiteko? Ez dira, inondik inora, erantzuteko errazak galdera hauek. Guk gure ikerketa bidean zuhurtasun handiz jokatu dugu eta 15 puntuko hazkunde matematikoaren muga gainditu beharra eskatu dugu aldaketa soziologiko batez hitz egiteko. Ez da inongo arrazoi zehatzik 15 izateko; 14 edo 16 ere izan zitezkeen. Gure intuizioaren mugatze bat besterik ez da. Hala ere, badugu motibo mamitsurik zuhurtasuna justifikatzeko.

Behin datuen elaborazioa bukatu ondoren, bina lagun aukeratu genituen, zoriz, bost tipologietan banatuta. Haiekin ikerketa berezi bat egin genuen. Telefono mugikorra eskaini genien eta astebeteko epean gure 30 dei jaso zituzten eguneko ordu ezberdinetan eta, beti ere, ustekabean. Deia jasotzeko unean zein hizkuntzatan, norekin eta zein hizkuntzazko trebetasun erabiliz (hitz eginez, pentsatuz, irakurriz...) ari ziren idatzi behar zuten eta guri helarazi telefono-mezu bidez. Modu honetara jasotako hizkuntzazko jokaerari buruzko informazioa, galdetegian emandako erantzunekin aldera genezake, bien arteko koherentzia maila aztertuz. Emaitzarik esanguratsuenak ondorengo taulan ikus ditzakegu:

Euskaraz egiten al duzu lagun euskaldunekin?

Tipologia

Kasua

Galdeketan esanikoa

Ikerbide berezian jasotakoa2

1

1

Euskaraz erdaraz baino gehiago

%90.0 euskaraz

2

Beti euskaraz

80.0

2

3

Inoiz ez euskaraz

83.3

4

Bietan berdin

100

3

5

Euskaraz erdaraz baino gehiago

10

6

Beti euskaraz

50

4

7

Bietan berdin

0

8

Bietan berdin

50

5

9

Erdaraz euskaraz baino gehiago

16.7

10

Inoiz ez euskaraz

0

Gogoeta egiteko, zein hizkuntza erabiltzen duzu?

Tipologia

Kasua

Galdeketan esanikoa

Ikerbide berezian jasotakoa3

1

1

Beti euskaraz

%83.3 euskaraz

2

Beti euskaraz

83.3

2

3

Inoiz ez euskaraz

0

4

Beti euskaraz

100

3

5

Bietan berdin

37.5

6

Erdaraz euskaraz baino gehiago

83.3

4

7

Inoiz ez euskaraz

0

8

Bietan berdin

50.0

5

9

Inoiz ez euskaraz

0

10

Inoiz ez euskaraz

0

 

Belztuta agertu ditugu, gure ustez, koherentziazkotzat har daitezkeen emaitzak eta zuriz koherentziagabekotzat joko genituzkeenak. Batetik, pozgarria da kasu ugaritan datuak nahikoa koherenteak direla ikustea, honek datuen irmotasunaren berri ematen duelarik. Baina, bestalde, gutxi ere ez dira koherentziarik gabe agertzen zaizkigunak. Honek iritzi subjektiboen aldakortasunaren berri ematen digu. Beraz, datuak irmoak dira, baina, aldi berean, badute aldakortasun tasa ez txikia. Aldakortasun hau (zenbatekoa, ordea?) kontuan hartu behar da hazkunde matematikoaren irakurketa linealak saihesteko. Horrela, gure hasierako adibidea berriro hartuz, 6,5 puntuko hazkundea, benetako fenomeno soziologiko baten adierazlea baino gehiago, iritzien aldakortasun tasaren barruko fenomenotzat hartuko genuke.

 


 

1 Zehazki besterik esaten ez dugun bitartean guretzat “euskaldun» izango dira euskaraz “nahiko ongi» edo “oso ongi» mintzatzen direnak.

2 Datuok ehunekotan agertzen dira eta adierazi, lagun euskaldunekin izan dituzten harremanetatik euskaraz zenbat izan diren adierazten dute.

3 Datuok ehunekotan agertzen dira eta adierazi, lagun euskaldunekin izan dituzten harremanetatik euskaraz zenbat izan diren adierazten dute.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Pello Jauregi
Urtea: 
2003