Ahozko erabilera neurtzeko metodoa
Behaketa bidezko ahozko hizkuntza-erabileraren neurketak 80ko hamarkadan hasi ziren Euskal Herrian erabiltzen. Udalerri zehatz bateko kaleetan hizkuntzaren egoera ahalik eta modurik fidagarrienean ezagutzeko helburuz heldu zioten metodologia honi zenbait ikerlarik.
25 urte baino gehiago igaro direlarik, esan daiteke ordutik hona neurketek ibilbide aberatsa eta emankorra egin dutela. Soziolinguistika Klusterrak baliagarritasun handia ikusten die erabilera-neurketei hizkuntzaren egoera erreala ezagutzeko eta hizkuntza-plangintzarako oinarri gisa erabiltzeko. Behaketak hobetu eta sendotzeko etengabeko berrikuntza beharrezkoa dela ikusten da, orain arte izan den bezala. Klusterrak metodologia honen garapenerako ildo bat martxan du eta azken urteetan urrats esanguratsuak eman dira, proiektu ezberdinen bidez.
Prozesu horretan, Soziolinguistika Klusterrak NPLDren eskariz (Network to Promote Language Diversity) eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean, "Hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko gida metodologikoa - A guide to language use observation survey methods" liburua idatzi du. Liburuaren egileak, Soziolinguistika Klusterreko teknikari Olatz Altuna eta Asier Basurto dira.
Liburuaren euskarazko bertsioa eta ingelesezkoa eskuragarri dituzue lotura hauetan.