Eleaniztasunaren erronkak eurohirian: komunikazio etenak eta mugaz gaindiko joera berriak

Azken bi hamarkadetan muga politikoen inguruko ikerketek geroz eta indar handiago hartu dute antropologian, muga eta identitatearen arteko lotura, mugaz gaindiko harremanak edota mugak eragindako etenak ikertzeari bide eginez. Ikerketa lerro berri bezain emankorra den honen baitan hutsune nabarmenetako bat, ordea, hizkuntza jardueraren ingurukoa dugu, ikerlan gehientsuenek ez baitute hizkuntza mugaz gaindiko harremanetan elementu egituratzaile gisa kontsideratzen

Hiztun komunitate bat mugaz bi aldetara banaturik egoteak ez du halabeharrez hizkuntzaren eta identitatearen arteko lotura sistematikoki bermatzen edo indartzen. Halakoetan jokoan daude hizkuntz komunitate horren identitate irudikapena, mugaren esanahia eta hizkuntzaren pisu sinbolikoa, bai eta beste hizkuntzekiko jarrera ere

Identitate auziak, bai eta hizkuntzarenak ere, bigarren mailako kezka besterik ez dirudite gisa honetako proiektuen artean. Kontuan hartu beharreko aldagaia dugu, ordea. Nazioz haratagoko erakundeei buruz egindako ikerlanetan, ikerlariek behin eta berriro azpimarratzen duten erronketako bat horixe baita: nola sorrarazi kidetasun eta atxikimendu sentimendua egitura guztiz berria denean?

Bestelako ezaugarrien gainetik, eurohiriaren ardatzetako bat eleaniztasuna da, ezbairik gabe. Bertan mintzo diren hiru hizkuntzen eremuak eta funtzioak arras desberdinak izanik ere, herritarren arteko komunikazioa bermatzeko hizkuntz politika baten falta sumatzen da eurohirian, hiztunen kasuistika zabalak agerian uzten duen moduan

Iraganean euskara mugaz bi aldetako biztanleriak elkar ulertzeko tresna izan bada ere, egun, euskarak ia erabat galdua du eremu honetan komunikazio hizkuntza funtzioa

Mugaz bi aldeetako bilakaera arras diferentea izanik ere XX. mendean, euskara mugaz gaindiko komunikazio hizkuntza nagusia ez izatea ezbairik gabe eten garrantzitsua izan da elkar ulertzeko

Badira, ordea, komunikazio hori hobetze aldera egindako zubi lanak. Bereziki irakaskuntza alorrean euskararen inguruko adibide pare bat ekarriko ditut hona. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Nolega programaren baitan Ikabil izeneko ekimena da lehenengo esperientzia

2003-04rako, Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Eskualde kontseiluaren eskutik Elkarbide programa abian jartzea aurreikusten da

Orain artean, salbuespenak salbuespen, apenas sumatzen zen gisa honetako joerarik; are gutxiago hezkuntza alorrean. Bere apalean bada ere, aldaketa esanguratsua da: arestian aipatu bezala, Hegoaldetik Iparralderako joera izan da nagusi, bai irakaskuntzari, bai lan munduari zein bestelako epe luzeko esparruei dagokionez

Hortaz, ikasketak euskaraz burutze aldera egindako hautuak Iparraldetik Hegoalderako joera adierazten duenez, zedarri dugu mugaz gaindiko harremanen alorrean

Mugaldea behatoki aparta da hizkuntzen erabilera eta funtzioak ikertzeko: mugaz gaindi hedatzen diren hizkuntz komunitateak, estatu mugakideek hizkuntza nazional gisa hautatukoen arteko harremanak... Azken hauei dagokionez, mugak definitzen du euren eremua administrazio alorrean, hezkuntzari eta orokorrean eguneroko bizitzari dagokionez ere. Banaketa hau, ordea, ez da inoiz zehatza ez definitiboa izaten, muga politikoek nekez egiten baitute bat kultur eta hizkuntz komunitateekin, euskaldunok ondo dakigun moduan. Jarraian, mugaldea eta mugaz gaindiko hizkuntz jarduna izango dugu hizpide.

Lehenik eta behin, border studies delakoan antzemandako hutsunea izan du abiapuntu honako lan honek. Zuzenki hizkuntzaren ikerketarekin lotuta ez dagoen arren, harrigarria da ikerketa lerro honetan orain artean ganorazko ikerketarik egin ez izana hizkuntz jardunaren inguruan. Bada beste hutsune aipagarri bat ere: erakunde supranazional deiturikoak, hau da, Europar Batasuna gisako nazioz haratagoko erakundeak, zientzia politikoen zein antropologiaren eskutik ikertzerakoan, hizkuntzari arreta gutxi eskaini izan dio. Oro har, mugaz gaindiko testuinguruetan hizkuntzaren inguruan dagoen ikerketa falta ikusirik, txalotzekoa da gisa honetako zenbaki monografikoak prestatzea. Bestalde, mugaldean burututako antropologia doktoregorako lekuan lekuko lanak bultzaturik, lan honen xedea ikertzeke dauden zenbait gertaera agerian jartzea da. Egungo egoera soziolinguistikotik abiatuta euskal eurohiria deritzon mugaz gaindiko esparruan kokatuko gara. Lehen hurbilketa honetan, batik bat, hezkuntzari lotutako hizkuntz jarduerak eta mugaz gaindiko harremanak izango dira ardatz.

Azken bi hamarkadetan muga politikoen inguruko ikerketek geroz eta indar handiago hartu dute antropologian, muga eta identitatearen arteko lotura, mugaz gaindiko harremanak edota mugak eragindako etenak ikertzeari bide eginez. Ikerketa lerro berri bezain emankorra den honen baitan hutsune nabarmenetako bat, ordea, hizkuntza jardueraren ingurukoa dugu, ikerlan gehientsuenek ez baitute hizkuntza mugaz gaindiko harremanetan elementu egituratzaile gisa kontsideratzen (ekonomia, gizarte antolaketa, lurraldetasuna, eta kultura izan ohi dira arlo hori betetzen dutenak), hizkuntzen inguruko aipamen solteak, modu anekdotikoan, han eta hemen ageri badira ere. Hutsune harrigarria suertatzen da, identitateaz jardutean –hala nola identitate nazionala deiturikoan[1]- hizkuntzari aitortu izan zaion garrantzia eta tokia kontuan harturik.

Antzeko hutsunea sumatzen da estatuz gaindiko egituren inguruko ikerketetan ere. Antropologo zein politologoek, bai eta teknikari eta kudeatzaileek ere, nahiago izan dute orain arte Europar Batasunaren baitako egituren, instituzioen edota burokraziaren analisian sakondu (Shore 2000; Wilson 1998; Bellier 2000). Nazioz haratagoko erakundeetan presente dagoen gaia izanik ere (erakundearen egunerokotasuna arautzen duten irizpide eta kode formal, zein maila informaleko harremanetan edota arlo sinbolokoan) arreta gutxi eskaini zaio hizkuntz jardunari, guztien gainetik instituzioen garapena lehenetsiz eta alde teknokratikoak landuz. Adibidez, eurokraten -goi mailako funtzionarioen- identitate korporatiboa eta nazionala ikertzeari ekin badiote ere (Shore 1993), darabiltzaten hizkuntzei (zeintzuk, norekin, noiz, nola...) apenas egiten zaion tarterik. Gertuan badugu honen adibiderik: 1990eko hamarkadaz geroztik, muga gai harturik eta bereziki eurohiriari buruz Euskal Herrian burutu diren topaketetan hizkuntzaren eta eleaniztasunaren gaia azaletik ukitu besterik ez da egin. Aipamen solteak besterik ez ditugu aurkituko, kulturaren eremu zabalaren baitan kokatuak[2].

ERAKUNDE BERRIAK ETA AINTZINAKO LOTURAK: EUROHIRIA, OSATZE BIDEAN DEN ESPARRUA

Eurohiriaz jardutean, ordea, identitatearen eta hizkuntzaren arteko lotura egitura berriaren aurkezpen txartel gisa ageri zaigu: “Eurohiria berria eta zaharra da aldi berean. Euskal Herriaren bihotzean kokatuta dago, eta bertako hiritarrak Europako herri zaharrenaren kulturakoak dira: euskaldunak» Bayonne-San Sebastián euskal eurohiria aurkezpen liburuxka. Bi ideia uztartzen dira hemen: egitura berria (Europar Batasuna, estatuz gaindiko erakundea) lotura zaharrez bermatua (mugaz bi aldetako euskaldunak[3]). Hizkuntzaren aipamena ere ez da nolanahikoa, jakin bai baitakigu euskara identitatearen euskarri eta definitzaile izatea adierazten duela “euskaldun» kontzeptuak. Euskararen eta euskal identitatearen arteko lotura ukaezina bada ere, mugaldean hizkuntza eta identitatearen arteko jokoak zeresan berezia du.

Begira diezaiogun lehenik, bada, mugaren, hizkuntzaren, eta identitatearen arteko jokoari. Mugaldea berez gune konplexua da. Hiztun komunitate bat mugaz bi aldetara banaturik egoteak ez du halabeharrez hizkuntzaren eta identitatearen arteko lotura sistematikoki bermatzen edo indartzen. Halakoetan jokoan daude hizkuntz komunitate horren identitate irudikapena, mugaren esanahia eta hizkuntzaren pisu sinbolikoa, bai eta beste hizkuntzekiko jarrera ere. Mugaz gaindiko identitate partekatua azalera daiteke, askotan suertatu ohi den moduan. Baina gerta daiteke estatuarekin bat egiten duen identitate nazionalari atxikitzea ere, eta berau mugaz gaindi partekatzen diren ezaugarrien gainetik – hizkuntza barne- gailentzea, Alsazia eta Lorraineko kasuan ikus daitekeen moduan; bertan, alemaniar hiztun komunitatea mugaz bi aldetara egon arren, estatuekiko identifikazio maila oso altua da[4]. Honez gain, mugalde osoan kontuan hartu beharreko aldagaiak antzekoak izan arren, tokiaren arabera egoera arras desberdinak topa ditzakegu: euskararen erabilerari dagokionez, adibidez, ez da gauza bera Hendaia eta Irun arteko mugaldea, zein Baztan eta Baigorri, edota Izaba eta Santa Garazi artekoa. Konplexutasun hau kontuan harturik, eurohiria kokatzen den eremuari erreparatzen badiogu egoera jakin bat aurkituko dugu bertan.

Euskal eurohiriak Baiona eta Donostia bitarteko eremu zabala biltzen du 50-80 kilometrotan zehar luzatzen den 600.000 biztanleko “metropoli gune» deitzen den honetan. Bata bestearengandik apenas bereizten diren kostaldeko gune urbano edo konurbazioaz gain, barnealdera hedatzen da, Lapurdiko eta Gipuzkoako tamaina ertaineko herriak bilduz. Guztira 42 herri eta hiri hartzen ditu bere baitan eurohiriak (ikus mapa). Hartara, errealitate anitzaren erakusleiho da, mugaz gaindiko izaeraz gain, probintzia eta eskualde desberdinetako errealitateak biltzen baitira bertan. Kontrastez beteriko esparrua dugu hortaz: hiriak (Donostia, Baiona, Irun), eta landa inguruak (Larresoro, Zuraide, Aia, Oiartzun) industria guneak (Pasaia, Lasarte-Oria, Hernani, Bokale) zein turismo guneak (Donibane Lohitzun, Sara, Zarautz) uztartzen dituena. Zonalde euskaldunak eta ez hain euskaldunak bateratzen ditu bere baitan eurohiriak.

Osatze bidean dagoen egitura dugu euskal eurohiria. 1993an ekin zioten mugaz bi aldetako erregio administrazioek mugaz gaindiko lankidetza proiektua bideratzeari, euskal eurohiria helburu. Eurohiriaren proiektua Europako Batasunaren egituraketaren baitan kokatzen da bete-betean, integrazio eta bateratze politikaren baitan. Euro-eskualde deritzon egituraren haritik, mugaz gaindiko egitura hiri sarearen[5] kontzeptuarekin uztartu nahi da euskal eurohirian. Eskala handiko garapen proiektuek dute lehentasuna: sistema logistikoa, errepideen berregituraketa, garraio alorreko gune berrien sorrera eta kudeaketa...

Identitate auziak, bai eta hizkuntzarenak ere, bigarren mailako kezka besterik ez dirudite gisa honetako proiektuen artean. Kontuan hartu beharreko aldagaia dugu, ordea. Nazioz haratagoko erakundeei buruz egindako ikerlanetan, ikerlariek behin eta berriro azpimarratzen duten erronketako bat horixe baita: nola sorrarazi kidetasun eta atxikimendu sentimendua egitura guztiz berria denean? Europako Batasuna dugu adibide argienetarikoa. Euskal eurohiriaren kasuan, Euskal Herriaren baitan kokatzeak historikoki oinarri sendo bat ematen dio egiturari. Zer gertatzen da, baina, oinarri gisa kultur erreferentzia baino hizkuntza hartzen badugu? Ikuspegi praktiko hutsetik begiratuta ere, nola elkar ulertuko dute 600.000 pertsona horiek euren artean? Iraganean euskara harreman hizkuntza izaki mugaz gaindiko lotura sendoa bermatzen zuela onartzen badugu, egun egoera dezente konplikatuagoa da, bi aldeen arteko komunikazioa kasik etenik baitago. Zer leku –eta zer pisu- izango du euskarak eurohiriak biltzen duen mugaz gaindiko eremuan?

“EUSKALDUNON HIRIA»[6]: VALE, D’ACCORD, ADOS, OK? ELEANIZTASUNA MUGALDEAN

“Hizkuntzak, euskarak gaitu gehienik lotzen, frantsesa eta gaztelania bakoitza bere habian ihesi joan direlarik ingelesaren begirunez eta beldurrez» aipatzen du Txomin Peillenek, halabeharrez, frantsesaren eta espainieraren ordez, ingelesaren gailentzea – eta are gehiago, ingeles eskasa – gertatuko ote den kezkatuta[7] (Peillen 2001:252). Euskarak lotzen gaitu, bai, baina ez antza elkarren artean euskaraz jarduteko lain: mugaz gaindiko harremanetarako, salbuespenak salbuespen, ezinbestekoa da beste hizkuntzetara jotzea. Testuinguru honetan, euskara maila sinbolokoari lotua legoke: identitate ikur ukaezina, baina eguneroko komunikazio esparruari dagokionez, hutsala. Apurka, gauzak aldatzen ari dira, ordea.

Bestelako ezaugarrien gainetik, eurohiriaren ardatzetako bat eleaniztasuna da, ezbairik gabe. Bertan mintzo diren hiru hizkuntzen eremuak eta funtzioak arras desberdinak izanik ere, herritarren arteko komunikazioa bermatzeko hizkuntz politika baten falta sumatzen da eurohirian, hiztunen kasuistika zabalak agerian uzten duen moduan: elebakarrak (frantsesera ala gaztelera soilik mintzo direnak), elebidunak (gaztelera-frantsesa, euskara-erdara) eta eleanitzak (euskara-gaztelera-frantsesera) topa ditzakegu. Azkenik, bada mugaz gaindiko komunikazioari dagokionean egun kontuan izan beharreko laugarren aldagai bat ere: ingelesa.

Elebidunen multzoari dagokionez, alde batetik, hizkuntzetako bat euskara denean, euskal-elebidunak, erdal-elebidunak, zein elebidun orekatu deitzen direnak topa ditzakegu. Bestetik, frantsesa eta gaztelera menperatzeko eta erabiltzeko gai diren elebidunak ditugu. Mugaldeko egoera soziolinguistikoa bere hartan oraindik ere aztertzeke dagoenez, azken multzo hau nahikoa ezezaguna da. Euskarari dagokionez mugaren alde bakoitzekoa aztertu da, bai, baina ez bi aldetakoa bere osotasunean, jokoan diren aldagai guztiak kontuan harturik. Izendapen berezirik ere ez zaie eman. Elebidun kategoriak biltzen duen eremua ia era esklusiboan euskararekin lotu ohi da, aipaturiko izendapenek erakusten duten moduan. Soziolinguistikan sortu eta erabiltzen diren izendapen eta kategoria hauek guztiak, estatistikarekin gertatu ohi den moduan, errealitatea eraikitzeko tresna edo mekanismoa dira, gizarteak helburu desberdinetarako modu batera zein bestera baliatzen duena (Urla 1998). Beronen baitan eratzen diren kategoriek eta pentsatzeko tresnek errealitatea aztertzeko zein azterketak berak sortzen duen ikuskera analizatzeko bide ematen digute. Mugaldeko biztanleriari dagokionez, aipaturiko elebidunen kasuan kategoria zehatz bat sortu behar ez izana, euskararen elebitasunaren inguruan finkatutako terminologia oparoa[8] bezain adierazgarria dugu.

Eurohiriak, hortaz, gutxieneko hizkuntz politika baten beharra du. Orain artean, kanpo komunikazioari dagokionez, Mugaz Gaindiko Agentziak formalki hiru hizkuntzak hartu ditu aintzat -urtean lautan euskaraz, gazteleraz eta frantsesez argitaratzen duen berripaperean zein webgunean ere[9]-. Hizkuntzei buruzko mintegi bat antolatu zen CICERO sarearen testuinguruan 2002ko maiatzean. Baina mugaz bi aldeen arteko komunikazioa bermatzeko erabilera formala ez da nahikoa.

Iraganean euskara mugaz bi aldetako biztanleriak elkar ulertzeko tresna izan bada ere, egun, euskarak ia erabat galdua du eremu honetan komunikazio hizkuntza funtzioa. Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoek eta esparru honen baitan biltzen diren errealitate desberdinek (bai hiztun kopuruari, bai eta erabilerari dagokionez ere) agerian utzi dute mugaz bi aldeetako egoera, ale honetan berean ikus daitekeen moduan. Mugaz bi aldeetako bilakaera arras diferentea izanik ere XX. mendean, euskara mugaz gaindiko komunikazio hizkuntza nagusia ez izatea ezbairik gabe eten garrantzitsua izan da elkar ulertzeko[10].

Euskara ez jakiteak eragindako etenak izan du bigarren parterik ere. Berriki arte, euskaraz gain, edo bere ordez, frantsesa izan da harremanetarako hizkuntza mugaz gaindi. Eurohiriaren esparruan frantsesaren gailentasuna aspaldikoa da. Europako tradizioari jarraikiz, frantsesa zibilizazio hizkuntza, maila jasokoa, eta eliteek mintzatzen zutena izan da. XIX. Mendean, erret etxeei jarraikiz, elkarren artean frantsesez mintzo zen Europako aristokrazia, eta goi mailako burgesiak Miarritze eta Donostia opor-gune hautatu izanak badu zerikusirik. Frantsesa nahitaezko bilakatu zen mugaz bi aldetara, bereziki turismorako eta komertziorako. Hizkuntza kultua kontsideratuagatik, gerora orokortu eta eskoletara zabaldu zen.

Erreparatu diezaiogun, beraz, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari. Mugaz hegoaldera, 1980ko hamarkadara arte, irakaskuntzan frantsesa izan da atzerriko hizkuntza nagusia, eta ia bakarra. Nazioarteko joerei jarraituz, atzerriko hizkuntzaren alorrean ingelesaren alde egin du hezkuntza munduak, publikoak zein pribatuak. Ordutik landa, LOGSE erreforma bitartean, frantsesa bigarren mailara igaro da irakaskuntzatik ia desagertzeraino, mugaldean izan ezik. Aldaketa honek izan du eraginik mugaz gaindiko harremanak lotzerakoan, ordura arte frantsesa balia baitzezaketen euskaraz ez zekitenek elkarren artean jarduteko. Mugaldean bertan, joera orokorraren aurka frantsesa mantendu den arren (Leizaola 1998), oro har gaur egun hegoaldean frantsesa adin batetik gorakoek besterik ez dakite. Bestalde, frantsesarekin gertatu ez bezala, arrazoi desberdinak tarteko –prestigio ezari lotutakoak, besteak beste- gazteleraren jakite maila orokorrean nahikoa desorekatua izan da Iparraldean, nahiz eta ingelesaren ondotik, eta alemanerarekin lehian, atzerriko hizkuntza moduan irakasten den. Honez gain, XX. mendean zehar hegoaldetik etorritakoen eragina[11] aipatzekoa litzateke.

Hizkuntzen funtzionaltasunaren ideia kontuan harturik, mugaz gaindiko komunikazioan berebiziko lekua izan duen fenomeno bat ekarri nahi nuke gogora hemen. Mugaldean, hegoaldetik iparralderako joera ohikoa izan da. Gazteek aspaldidanik hartua dute frantsesa ikasteko asmoa, lanerako zein prestigioagatik. Bereziki Lapurdiko ikastetxeetan nabarmentzen den joera da hori, gerra ondorenean muga ireki zenetik arrunta, eta gaurdaino denboran zehar mantendu dena. Sarritan, eskolaratze osoa egin ordez, hegoaldeko ikasleek urte pare bateko egonaldia soilik egiten dute frantsesa menperatu artean. Zenbait adituk gertutasuna argudiatu izan du joera hau azaldu nahian, herri kaskoetatik urrun eta aldiz mugatik gertu diren etxeen edo baserrietako umeen kasuan adibidez (Gómez-Ibáñez 1975:88). Gertutasuna, ordea, ez da beti funtsezko arrazoia: frantsesez ikasi asmoz, Hendaiako haur hezkuntzako ikastetxe publiko zein pribatuetara jo izan dute Irun, Hondarribia, Donostia eta zenbaitzuetan urrutiagotik etorritako ikasleek[12]. Ikasketen jarraipenari dagokionez, gainera, distantzia areagotu egiten da, Donibane Lohitzunera joaten baitira, Ravel Lizeora eta St Thomas ikastetxe erlijiosora.

ZUBI LANAK

Etenez edo komunikazio arazoez jardun dugu, gehienbat, orain arte. Badira, ordea, komunikazio hori hobetze aldera egindako zubi lanak. Bereziki irakaskuntza alorrean euskararen inguruko adibide pare bat ekarriko ditut hona. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Nolega programaren baitan Ikabil izeneko ekimena da lehenengo esperientzia. Euskal komunitateko ikastetxeei zuzendurik dagoen programa da honakoa, euskara sendotzeko eta ikasleen artean sortzeko helburua duena: finean, ikasle euskaldunen arteko truke bat burutzen da epe jakin batez (5-6 egun) bi ikastetxeen artean adostua. Zuzenean ez du mugaz gaindiko inolako inplikaziorik. Baina bada mugaz gaindiko harremanak sendotzeko aukera gisa baliatu duenik: Hiru urtez, Donostiako Xabier Zubiri B.H.I.ak Donibane Lohitzuneko Ravel lizeoko sekzio elebidunarekin burutu zuen trukea, ikastetxe bakoitzak beste ikastetxeko ikasleak hartzen zituelarik txandaka[13]. Koordinatzaileek finkatutako helburuen artean, ikasleek mugaz gaindiko errealitatea ezagutzeak toki esanguratsua du: elkarren arteko elkar ulertzea garatu, euskalkiak landu... oro har, mugaz beste aldekoaren berri zuzena izateko aukera ikusten zen truke honetan, hegoalde zein iparraldekoentzat. Lehen urteko emaitzak guztiz positiboak izan zirenez, beste bi urtez ekin zioten trukea prestatzeari.

Datorren ikasturtera begira, 2003-04rako, Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Eskualde kontseiluaren eskutik Elkarbide programa abian jartzea aurreikusten da. Aurrekoa ez bezala, honako hau bereziki, mugaz gaindiko ikuspegi batetik garatutako programa izango da, dirulaguntzak Euskadi-Akitania lankidetza fondoak emango dituelarik. Programa honen helburua mugaz bi aldeetako ikasle euskaldunen arteko elkarketa da, egonaldi laburren bidez “elkarri hizkuntzaren eta kulturaren berri eman asmoz». Lehenagoko antzeko esperientziak egon badaude, bai ikastolen bidetik antolatutako trukeetan, zein udaleko moduan prestaturikoetan ere. Honako hauek, bereziki azken adibideak, berrikuntza nabarmena dakarte: mugaz gaindiko harremanak sendotu asmoz administrazioek bultzaturiko ekimena izateaz gain, euskara ardatz duena da. Urriak izaten dira halakoak. Administrazioaren eskuartzeak, hain zuzen ere, Europako Batasunak hizkuntz gutxituen inguruan dituen irizpideak uzten ditu agerian; politika zehatz baten faltan, ekimenak bestelako dirulaguntza programen barruan (Interreg, Leader...) biltzen dira[14] (Grin 2002). Euskal komunitatea trinkotzea baino, programa hauen helburua mugaz gaindiko harremanak sendotzea baita. Hizkuntza estrategiaren atal bat da, ez helburua bere horretan.

JOERA BERRIAK

Honek guztiak mugaz gaindiko joeren alorrean hiztunen indarra azpimarratzen du. Euskal hiztunak funtsezko eragile izan daitezke eurohiriaren baitan. Dagoeneko eraldaketa garrantzitsuak eragin dituzte mugaz gaindiko harremanen norabideari dagokionez. Aurten jakin berri dugu selektibitatea lehen aldiz euskaraz, hots, ikasketak burutu dituzten hizkuntzan, egiteko aukera izan dutela Iparraldeko hainbat ikaslek, Eusko Jaurlaritzak UNEDekin burututako akordio bati esker (UNED arduratzen da azterketak prestatu eta gaztelerara itzultzeaz ere). Unibertsitateko ikasketak euskaraz egin asmoz, urtero Iparraldeko zenbait ikaslek Espainiako selektibitateko hautaproba pasatzen zuten gazteleraz Parisen[15]. Iparraldean, baxoa euskaraz egiteko aldarrikapena aspaldikoa da. Honakoa erdibideko aurrerapausoa bada ere, albiste izateagatik baino, lehenagoko joera baten berri uzten duelako da garrantzitsua: ikasketak egin asmoz Iparraldetik Hegoalderako bidea hartzen duten ikasleen kasua.

Lehenik eta behin, mugaz gaindiko harremanei dagokionez, honek norabide aldaketa garrantzitsua adierazten du. Orain artean, salbuespenak salbuespen, apenas sumatzen zen gisa honetako joerarik; are gutxiago hezkuntza alorrean. Bere apalean bada ere, aldaketa esanguratsua da: arestian aipatu bezala, Hegoaldetik Iparralderako joera izan da nagusi, bai irakaskuntzari, bai lan munduari zein bestelako epe luzeko esparruei dagokionez. Oinarrian arrazoi politikoak egon izan dira - Francoren garaian bai eta ondoren ere- baina baita ekonomikoak ere, luzaz soldata eta lan baldintza hobeak izan baitira Iparraldean. Ondorioz, mugaz bestaldera aldikako edo sasoi-lanerako joatea oso zabaldua egon da mugaldean, baina baita mugaldetik at ere[16]. Hortaz, ikasketak euskaraz burutze aldera egindako hautuak Iparraldetik Hegoalderako joera adierazten duenez, zedarri dugu mugaz gaindiko harremanen alorrean.

Aurrekariak mugaldean bertan topa ditzakegu: Duela hamabost-hogeiren bat urtez gero, Iparraldeko ikasle gutxi batzuk batxilergoa euskaraz egitera Irungo eta Hondarribiako ikastetxeetara joaten ziren urtero. Denboran zehar, joera hau mantendu ez ezik finkatu ere egin dela ikus dezakegu. Kuantitatiboki kopuru txikia izan arren, kualitatiboki erabateko aldaketa suposatzen du joera honek. Azken 150 urtetako mugaz gaindiko harremanak kontuan hartuz gero,–noizean behineko joan etorriak alde batera utzirik, erosketak zein festa girokoak kasu-, joera nagusia hegoaldetik iparralderakoa izan da.

ONDORIO GISA

Eurohiriaren egoera soziolinguistiko konplexuaren baitan, apalki bada ere, gauzak mugitzen ari dira. Hizkuntza komun eta partekatu baten beharra eurohiriaren egituraketa sendotu ahala geroz eta gehiago sentituko da, behar-beharrezko bihurtzeraino. Oraindik ere definitzeke dagoen atala dugu honakoa, ikusi dugun moduan eurohiriaren esparru eleanitza komunikazio ezak baldintzatua baitu. Erronkak handiak dira, eta lehenbailehen aurre egin beharrekoak.

Arlo honetan, euskarak aparteko tokia izan dezake mugaz gaindiko harremanetan kohesio tresna gisa, oraindik ere komunikazioa bermatu ahal izateko dauden mugak nolanahikoak ez badira ere. Edonola ere, azpimarratzekoa da euskal hiztunek eragin dutela joan den mendeaz geroztik mugaz gaindiko harremanei dagokionez egiturazko aldaketa bakarrenetako bat. Bere apaltasunean, funtsezko berrikuntza adierazten du, eurohiriak aldarrikatzen duen mugaz gaindiko eremu bateratuaren adibide. Publizitate sloganek goraipatzen duten “euskaldunon hiri»rantzerako urratsa. Euskaldunona, hitzaren berezko zentzuan.

BIBLIOGRAFIA

(1997): Alliances territoriales et frontières européennes. Azkoaga Cuadernos de Ciencias Sociales y económicas. 5. zenb.

(2001): Baiona-Donostia Euskal Eurohiriari buruzko gogoeta jardunaldiak. Azkoaga. Cuadernos de Ciencias Sociales y económicas. 11. zenb.

Arrizabalo, J. M. eta Zavala, A. (1979): Baso-mutillak. Tolosa, Auspoa.

Comité de Desarrollo Territorial (1999): Estategia Territorial Europea. Hacia un desarrollo equilibrado y sostenible del territorio de la UE. Luxemburgo. Oficina de Publicaciones Oficiales de las Comunidades Europeas.

Douglass, W. A. (1976): Serving Girls and Sheepherders: Emigration and Continuity in a Spanish Basque Village, in D. W. Aceves (1976) The Changing Faces of Rural Spain. (45-61. or).

Gomez-Ibañez, D. A. (1975): The Western Pyrenees. Differential Evolution of the French and Spanish Borderland. Oxford, Clarendon Press.

Grin, F. eta Moring, T (2002): Support for Minority Languages in Europe. EBLUL, ECMI. (www.behatokia.org -en eskurragarri).

Itcaina, X. (2001): Dantza Ipar Euskal Herrian, in Sukil. Cuadernos de cultura tradicional. 3. zenb.

Lask, T. (1994): 'Baguette heads' and 'spiked helmetts': children's constructions of nationality on the German-French border, in H. D. T. Wilson. (1994) Border approaches. Anthropological Perspectives on Frontiers. (63-73. or).

Leizaola, A. (1998): Mugaren eragina hizkuntza jarduera eleanitzean, in Ankulegi. Revista de Antropologia Social. 2. zenb. (81-89. or).

Martínez de Luna, I. (2000) Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara. Bilbo, Iñaki Martinez de Luna.

Peillen, T. (2001): Kulturan Donostiatik Baionara aspaldiko eurohiria/ Communauté de culture dans l'Eurocité Bayonne-Saint-Sébastien, in Azkoaga. Cuadernos de Ciencias Sociales y económicas. 11. zenb. (251-261. or).

Shore, C. (2000): Building Europe : the Cultural Politics of European Integration. London, Routledge.

Shore, C. (1993): Inventing the 'people's Europe': critical approaches to European Community 'cultural policy', in Man.28. zenb. (779-800. or).

Urla, J. (1998): Lengua y estadística, in Ankulegi. Revista de Antropología Social. 2. zenb. (11-20. or).

Urteaga, E. (2002):Euskararen erabileraren bilakaera Ipar Euskal Herrian, in Bat. 43. zenb. (51-63. or).

Wilson, T. M. (1998): An anthropology of the European Union, from above and below, in S. Parman. (1998) Europe in the anthropological imagination. (148-156. or).

Aipatutako webguneak:

www.euskal-eurohiria.org

www.eurocite-basque.org

www.eurociudad-vasca.org

www.basque-eurocity.org

www.behatokia.org

 


 

[1] Hain zuzen ere, identitate eraikuntza, nazio-estatuei zein estaturik gabeko nazio edo komunitateei lotutakoa, mugen antropologiaren gai kuttunetakoa da.

[2] Ikus, adibidez, Eusko Ikaskuntzaren eskutik eurohiriaren inguruan antolatutako topaketen emaitzak biltzen dituzten Azkoaga aldizkariaren ale bereziak (1997 #4; 2001 #930).

[3] Euskarazko bertsioko “euskaldunak» basques eta vascos bilakatzen dira erdal bertsioan. Hizkuntza kultur erreferentzia zabalago baten baitan ageri zaigu. Beste hainbestetan bezala, itzulpena ez da berehalakoa.

[4] “It is still quite common to meet elderly people in Lorraine who refer to the Germans as 'Prussians'. These people, are in the main, German-speaking Lothringians who cannot, or do not, speak French, yet they identify with the French state, nation, and way of life. Their reduction of the socio-linguistic category of "Germans" to "Prussians" not only reflects a long historical and cultural memory in the region (one of successive conquests), but it is a way of distancing themselves from all things German». (Lask 1994:71)

[5] 1999an Potsdamen Europako Batasuneko ministroek adostutako Europako lurralde garapenerako ardatz nagusien artean hiria eta hirien garapenak duen garrantzia berretsi zuten, bai eta hiri sareen beharra azpimarratu ere (Comité de Desarrollo Territorial 1999).

[6] Ikus webgunean izen bereko atala (frantsesez, “l’eurocité des Basques»).

[7] “Si bien que de chaque côté on s'achemine vers un anglais obligatoire dont 20 % des gens se serviront alors que des langues d'assez grande diffusion comme le français et le castillan se tournent le dos, bien que tous leurs locuteurs voisins puissent l'utiliser dans leurs échanges hebdomadaires. Il est lamentable que des élèves de collège de l'eurocité soient obligés de communiquer dans un baragouin anglo-américain mal prononcé pour essayer de se faire comprendre» (Peillen 200:258).

[8] Ikus, adibidez, gaztetxoei eta euskarari buruzko ikerketa batean finkatutako terminologia: euskarazko gaitasunaren arabera hiztunek eratutako tipologia bost atalez osatua dago, hauetako bat aipaturiko hiru azpi atal edo kategoriatan banatzen den elebidunen multzoak osatzen duelarik (Martínez de Luna 2000).

[9] Hizkuntzaren arabera antolatutako lau webgunek ematen dute eurohiriaren berri: www.euskal-eurohiria.org, www.eurocite-basque.org, www.eurociudad-vasca.org, www.basque-eurocity.org.

[10] Kontuan hartu beharrekoa da mugaldeko populazioaren bilakaera, XX. mendean zehar kanpotik jende andana etorri baita, bai Hegoaldera zein Iparraldera ere. Azken honi dagokionez, populazioren hazkundeari erreparatzen badiogu, oraindik ere etengabea dela ikus dezakegu, biztanleria osoarekiko euskaldunen bataz bestekoan eragin zuzena duelarik (Urteaga 2002).

[11] XX. mendean zehar Iparraldera ihesi joandako Hegoaldekoen eragina handia izan da eremu desberdinetan. Hizkuntza alorrean, azpimarratzekoa izan da euskararekiko jarrera kontzientzia hartzea, Iparraldean garatzen ari zen mugimenduarekin bat eginez. Sarritan, baina, euren hizkuntza bakarra gaztelera zen. Kultur eredu jakin batzuen bultzatzaile eta eragile ere izan ziren, zenbaitetan bertako ereduekin talka eginez. Honen adibide ditugu dantza alorrean gertatutako eragin eta moldaketaren arteko tentsioak (Itçaina 2001). Hizkuntz jarduerei dagokionez, ikertzeke dagoen gai honek azterketa sakona merezi luke.

[12] Adibidez, Frantziako Kanpo Harremanetarako Ministerioak finantzaketa eten ondoren, Donostiako Lycée Français ikastetxea 1998an itxi zenean, ikasle askok Iparraldera joatea nahiago izan zuten.

[13] Truke esperientziari buruzko informazio beronen koordinatzaile izandako Miren Egaña Goyari, Xabier Zubiri B.H.Iko euskara katedradunari, zor diot.

[14] Europar Batasunak hizkuntz gutxiagotuei bideratutako aurrekontua urria izan da, eta ez dirudi aldaketa nabarmenik aurreikusten denik. Are gehiago aurrekontu orokorrean 1983az geroztik abian zen hizkuntz gutxiagotuentzako dirulaguntza partida 2001ean eten zelako, Europako Justizia Epaitegiaren epaiaren ondorioz. Ikus, bereziki, txostenaren amaieran hizkuntza jarduerek jasotzen dituzten dirulaguntzen diagrama (Grin 2002:242). Aipaturiko txostena behatokiaren webgunean eskura daiteke.

[15] Aipatzekoa da egundaino Iparraldean euskaraz burutu den doktorego tesi bakarra EHUrekin kotutelan egin dela.

[16] Iparraldera ez ezik, Frantzia aldera lan bila jo izan dute hegoaldeko euskaldunek. 1950eko hamarkadaren bueltan guztiz finkatuak dauden emigrazio joerak ikus daitezke, generoaren arabera definitutakoak gainera: gizonezkoak baso-mutil eta emakumeak hiri handietara zerbitzatzera. Aldizkako lana, sarritan, lan finko bilakatu ohi zen. Ikus, adibidez, William Douglassek Etxalarren egindako azterketa (1976), bai eta Irati aldean baso mutil ibilitako Jose Manuel Arrizabaloren testigantza ere (1979).

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Aitzpea Leizaola
Urtea: 
2003