Baiona-Donostia Eurohiria: gune eleaniztuna

Euskal Eurohiriaren proiektuak bi euskal lurralde mugakide biltzen ditu, historia eta iragan luze batek lotzen dituena hizkuntzaren, kulturaren, bizimoldearen edo ekonomiaren aldetik, baina –aitor dezagun– elkarri bizkar emanda bizi izan direnak zernahi gisaz

Bi aldeon arteko harremanak betidanikoak izan dira, hori gauza jakina da, baina argi samar dago Iparraldea ez dela Hegoaldera begira bizi izan ere, Hegoaldea bizi izan ez den bezala Iparraldeari begira

Hor sortzen da, hain zuzen, Baiona-Donostia Eurohiriaren behar sakona: muga zaharraren bi aldeetara, arrazoi desberdinek eraginda gerta daitezkeen joera negatiboak berdindu eta irtenbideak elkarrekin aiseago aurkitzeko aukera bat da

oinarri-oinarriko datu soil batzuk besterik ez ditugu emango, Eurohiriaren hegoaldearen eta iparraldearen gainean, hiru elementu hauek kontuan hartuta:

- Hizkuntzen jakintza maila.

- Euskarazko irakaskuntza hezkuntza sistema ofizialean.

- «Atzerriko» hizkuntzen irakaskuntza hezkuntza sistema ofizialean

Egoera asimetrikoa dago, beraz, hizkuntzen lege estatusaren alderdian, herri erakundeek batean zein bestean aurrera daramaten hizkuntza politikaren alderdian, gizarte zabalkundearen eta begiramenaren alderdian, hezkuntza munduan hizkuntza bakoitzak duen hedaduraren alderdian, eta abar

Euskarari bi aldeon elkar lotura izateko ate guztiak iltzez eta giltzaz hertsi nahirik, Espainiak eta Frantziak horma handi bat sortu dute, horma sinboliko eta psikologiko ikaragarri bat, ez bakarrik euskaldunen komunitatea banatzeko gauza izan dena, baizik, oro har, Iparraldeko eta Hegoaldeko biztanleak ere elkarri bizkar emanez bizi izatera behartu dituena

Baiona-Donostia Eurohiriko arduradunak ohartzen hasiak dira Eurohiriaren izatea ez daitekeela soil-soilik oinarritu azpiegitura eta zerbitzuen lankidetza batean

Azpiegiturek eta zerbitzuek, ordea, nekez emango diote nortasun bat Euskal Eurohiriari; nekez sortuko dute Eurohiriko herritarrengan partaidetza zentzu bat, barruti edo proiektu bakar baten barruan bizi izatearen kontzientzia, are gutxiago guraria

Gaur gaurkoz, identifikazio erreferentzia indartsurik sortzeko, egia esan, oso tresna urriak daude Euskal Eurohirian. Beraz, hizkuntza kudeaketa argi eta burutsu bat egitea oso lagungarri izan daiteke Eurohiriaren barruan kohesio eta bateratasun handiagoa sortzeko

IPARRALDEAREN HEGOA, HEGOALDEAREN IPARRA

Orain hamar bat urte abiatu zen, lehenengoz, Baiona-Donostia Euskal Eurohiria sortzeko eta gauzatzeko proiektua. Artean, Europa Batuaren garapena gaur baino atzerago zegoen, mugak muga ziren oraindik, eta mugaz gaindiko lankidetza proiektu batek jende gehienaren begietara ez zuen zentzu handirik, ez eta aurrera egiteko ikuspegi argirik ere.

Gerora, Europa eraikitzeko prozesuan, garrantzi handiko bi erabaki hartu dira Europako Batasunaren barnean: bata, estatuen arteko muga politiko eta administratiboak ezabatzea, eta bestea, euroa ezartzea. Egun, estatuen arteko muga zaharren bi aldeetara dagoen Euskal Eurohiriak zentzu berri bat izan dezake: mugaren hegoaldean nahiz iparraldean Eurohiriak biltzen dituen lurraldeen borondate hutsaz gaindi, badago alde biak definitzen dituen izatasun bakar bat, Europarena alegia.

Alabaina, Europako batasunaren barnean estatuen arteko behinolako mugaren estumen politikoa ezabatua baldin bada ere, mugak hortxe dirau. Urte luzeetako muga politikoak, administratiboak edo ekonomikoak beste lerro banatzaile bat sortu dute, jendarmez eta poliziez inguratutako langa zuri-gorrietan izatasun fisikoa hartzen zuen muga bera baino indartsuagoa: muga psikologikoa. Euskal Eurohiriaren proiektuak bi euskal lurralde mugakide biltzen ditu, historia eta iragan luze batek lotzen dituena hizkuntzaren, kulturaren, bizimoldearen edo ekonomiaren aldetik, baina –aitor dezagun– elkarri bizkar emanda bizi izan direnak zernahi gisaz. Nago adimenaren muga hori gainditzeak ez ote digun, honez gero, lan gaitzagorik ekarriko, Bidasoaren ubideak adierazten zuen muga politiko hain gorrotatu hura berdintzeak baino.

Argi dezadan, aurrera baino lehen, terminologia ñabardura bat, esan nahi direnak ez daitezen izan inorentzat nahasbide: lerrotan iparralde eta hegoalde agertzen denean, ez naiz Euskal Herriaren kontzeptu kultural eta linguistiko baten ikuspegiaz uler daitezkeen zati kontinentalaz eta penintsularraz ari, baizik kontzeptu administratibo askoz ere mugatuago batez: Eurohiriaren iparraldea (BAB Aglomerazioa, Baionak, Angeluk eta Biarritzek osatzen dutena) eta hegoaldea (Gipuzkoa).

IPARRALDEAREN HEGOA

Frantziako Euskal Herria lurralde periferiko bat izan da betidanik Frantzia zentralizatuaren barruan. Parisetik urrutien dagoen eskualdea da, frantziar herrialde handiaren azken muturrean dago. Hego Euskal Herriarekiko mugaz bestaldean zer zegoen axola gutxiko kontua izan da Iparraldeko biztanle gehienentzat, eta aro modernoan, frankismoaren garaian, gertatutako gorabehera politikoetara etorri beharko litzateke, ziur aski, euskal lurralde horietan Hegoaldearekiko interes apur bat ikusteko. Bi aldeon arteko harremanak betidanikoak izan dira, hori gauza jakina da, baina argi samar dago Iparraldea ez dela Hegoaldera begira bizi izan ere, Hegoaldea bizi izan ez den bezala Iparraldeari begira.

Bere izate periferiko hori kontuan harturik, galdera bat plazaratzen du Eurohiriaren proiektuak Euskal herriaren Iparraldeari buruz. Izan ere, mugaren oztopo psikologiko eta politiko hori garrantzi handiko behaztopa dela aitorturik ere, agian «mugaz bestaldera» dagoenarekin batera jokatuta, lurraldearen balorazio berri horren bidez lor dezake bere burua indartu eta Frantziako estatuaren barruan beste kontsiderazio bat erdiestea.

HEGOALDEAREN IPARRA

Eurohiriaren hegoaldea Gipuzkoa da, lurralde trinko bat, baina izatasun metropolitar bakarra izatetik oso urrun dagoena oraindik. Alde batetik, Gipuzkoako herri eta eskualdeen nortasun ezaugarriak oso bizirik daude herritarren kontzientzia kolektiboan, Gipuzkoak osorik hiri handi baten irudipena eta gorputza har dezan. Beste aldetik, gobernu propioa duen arren (sustrai historiko sakonekoa, bestalde), ez dago ukatzerik udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ere eskumen handiak dituztela, zeinek bere esparruan. Beraz, ez bakarrik ekonomiaren edo gizartearen ikuspegiaz dago Gipuzkoa zatiturik, baizik alderdi instituzional hutsean ere, Gipuzkoa lurralde bat dela kontsideratzeko eragozpen handiak daude oraindik.

Bestalde, hegoalde honetan ere periferizazio potentzial bat dago, Europako koordenada nagusien barruan Euskal Herriaren kokapen geografikoak hartara eraman dezakeena. Europako erdialdeko, Mediterraneoko eta Ipar Atlantikoko ardatz nagusietatik urrun samar dago, eta joera «naturala» leku periferiko bat hartzea izan daiteke, ekonomian, azpiegituretan, garraioetan eta abar.

EUROHIRIAREN OINARRIAK

Hor sortzen da, hain zuzen, Baiona-Donostia Eurohiriaren behar sakona: muga zaharraren bi aldeetara, arrazoi desberdinek eraginda gerta daitezkeen joera negatiboak berdindu eta irtenbideak elkarrekin aiseago aurkitzeko aukera bat da.

EUROHIRIAREN HIZKUNTZA EGOERARI BEGIRATU AZKAR BAT

Egitate soil batetik abiatu behar dugu, nire ustez, Baiona-Donostia Eurohiriaren hizkuntza egoera aztertzeko. Eurohiriaren lurralde esparruan, hiru hizkuntza ofizial daude, inmigrante gero eta ugariagoen hizkuntza alofonoak albo utzirik, noski: frantsesa, gaztelera eta euskara. Baten batek esango dit, arrazoi apur batez beharbada, BABen egon daitezkeela oraindik gaskoin zahar batzuk, gaskoieraz mintzatzeko gai direnak, alegia; baina datu fidagarririk ezean, ez dut uste kontuan hartuak izateko kopurua osatuko luketenik, inolaz ere.

Bistan da, baina, lege estatusaren aldetik hiru hizkuntzak ez direla egoera berean: iparraldean frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, eta hegoaldean gaztelerak eta euskarak, biek dute izaera ofizial bat. Zer esanik ez, hiru hizkuntzon egoera ez da bakarrik desberdina legeen aurrean, baizik alderdi soziolinguistiko nagusi guztietan: populazioaren jakintza maila, banakuntza geografiko eta demografikoa, gizartearen eragin indarrak, hizkuntza politika ofiziala, eta abar.

Labur aldatuko ditugu hona hizkuntza egoeraren datu nagusi batzuk, Eurohiriaren irudi linguistiko bat egiteko behar adinakoak. Datu ezagunak dira gehienak, han eta hemen maiz errepikatutakoak; beraz, gehiegizko xehetasunetan inor ez aspertzearren, oinarri-oinarriko datu soil batzuk besterik ez ditugu emango, Eurohiriaren hegoaldearen eta iparraldearen gainean, hiru elementu hauek kontuan hartuta:

- Hizkuntzen jakintza maila.

- Euskarazko irakaskuntza hezkuntza sistema ofizialean.

- «Atzerriko» hizkuntzen irakaskuntza hezkuntza sistema ofizialean.

Eurohiriaren hegoaldean [1]


   

Eurohiriaren iparraldean [2]


Albo batera utziko ditugu hizkuntzen erabileraren inguruko datuak, gure xedea ez baita informazio soziolinguistiko zehatza ematea, baizik hizkuntza egoeraren karakterizazio orokor bat egitea.

Zer esan datuon inguruan? Lehenik eta behin, egoera asimetrikoa da, alde guztietatik begiratuta: Eurohiriaren iparraldean frantsesa da nagusi alde guztietarik, euskara egoera sozial larrian dagoela esan daiteke, eta gaztelerak badu oihartzun apur bat, bere apalean bada ere, ikasle gazteen artean. Hegoaldean, berriz, gizartean euskara eta gaztelera gero eta orekatuago daude, populazioaren jakintza mailaren aldetik begiratuta, euskara galdutako terrenoa pixkanaka berreskuratzen ari baita; irakaskuntzaren hizkuntza ereduen aldetik, zer esanik ez, euskara nagusiturik dago guztiz; azkenik, gipuzkoar ikasleen artean «atzerriko» hizkuntzetan ia ingelesa besterik ez dago: «gainerako» hizkuntzek, horien artean frantsesak, %3 egiten dute ozta-ozta.

Egoera asimetrikoa dago, beraz, hizkuntzen lege estatusaren alderdian, herri erakundeek batean zein bestean aurrera daramaten hizkuntza politikaren alderdian, gizarte zabalkundearen eta begiramenaren alderdian, hezkuntza munduan hizkuntza bakoitzak duen hedaduraren alderdian, eta abar.

MUGA BAT BAINO GEHIAGO

Eurohiriaren hegoaldea eta iparraldea, hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, elkarri bizkar emanda bizi direla esan daiteke, beraz. Bi aldeek era ohargarrian duten hizkuntza elementu komun bakarra euskara da, eta hori oinarri aski ahula izan daiteke oraingoz Eurohiriaren barnean integrazio edo bateratze maila handiago bat lantzeko, kontuan izanik iparraldean biztanleen % 20 eskas bat besterik ez dela elebidun, euskaraz egiteko ez bada, ulertzeko bederen. Beste era batean esanda: Eurohiriaren iparraldean frantsesak duen nagusitasun ia erabatekoaren alboan, hegoaldean gazteleraren nagusitasunari lehiatzen zaio euskara, baina:

  • - ez iparraldean euskarak du garapen indar handirik, hegoaldean daukan zabalkunde aski indartsuak ez baitu han inolako eraginik;
  • - ez batean ez bestean, albokoaren erdarak du hedapen bide ikusgarririk, iparraldekoentzat gaztelera betiere «atzerriko» hizkuntza baita, eta hegoaldekoentzat frantsesa ez bakarrik «atzerrikoa» baizik guztiz arrotza baita.

Luzaz mintzatu izan gara Frantziako eta Espainiako estatuen indarraz, eta Bidasoako mugak alderdi guztietan, batez ere kulturaren eta hizkuntzaren alderdietan, izan duen eraginaz. Alabaina, eragin horren ondorioak gutxi aztertu ditugulakoan nago, ez baititugu batere ongi azaldu Euskal Herriaren bi aldeak bereizi eta banatzeko jokoan izan diren mekanismoak. Azterkizun hori agortu nahi izan gabe, hipotesi bat luzatzera ausartuko naiz: Euskal Herria banatzen duen lerro hori estatuen arteko ez-ohiko muga bat izan da hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegiaz begiratuta. Euskarari bi aldeon elkar lotura izateko ate guztiak iltzez eta giltzaz hertsi nahirik, Espainiak eta Frantziak horma handi bat sortu dute, horma sinboliko eta psikologiko ikaragarri bat, ez bakarrik euskaldunen komunitatea banatzeko gauza izan dena, baizik, oro har, Iparraldeko eta Hegoaldeko biztanleak ere elkarri bizkar emanez bizi izatera behartu dituena. Europako gainerako herrialde mugakideei begiratu besterik ez dago: hizkuntza txiki edo minorizaturik tartean dagoenean ere, estatu mugakideen indarraren adierazleetako bat izan ohi da hizkuntza estatalak mugaz gaindi aldameneko herrietara hedatzea, gehienean inolako estatus ofizialik gabe, baizik populazioaren harreman ekonomiko edo sozialen eraginez.

Euskal Herrian, aldiz, muga iragazgaitz bihurtu izan da hizkuntza kontuetan, alboko bi estatuek konfigurazio moderno batera lerratu zirenez geroztik, behintzat. Behinola, herri xehea mugaz bi aldeetara euskaraz soilik mintzatzen zen garaietan, harreman ekonomiko eta sozial urriak (ez dezagun kontrabandoaren garrantzia gutxietsi) euskaraz gertatuko ziren ziurrenik. Alabaina, estatu bietan hizkuntza uniformatzeko saioak (eskola, administrazioa, hedabideak) aurreratu ahala, hizkuntza ondare komun bakarra (euskara, alegia) atzeraraztea gertatu zen, Iparraldean bezala Hegoaldean, lehentasun estatal bat. Estatu bakoitzak landu nahi (izan) duen hizkuntza esklusibitatearen ondorio da, hain zuzen ere, ez bakarrik euskararen lotura ahultzea, baita albo erdarak muga estatalen hesi barrura gordetzea ere. Gezurra dirudi: Europako Batasunaren barnean, muga estatalak jarduera ekonomiko eta sozial gehienetarako indargabetu edo, gutxienez, lasaitzera zihoazenean, orduantxe hasi zen, esate baterako, Gipuzkoako irakaskuntzan ingelesa «atzerriko hizkuntzaren» lekuan guztiz nagusitzen, eta frantsesa erabat atzeratzen.

EUSKAL EUROHIRIA, ELEANIZTASUNAREN HABI?

Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren barruan hizkuntzak zein neurritako garrantzia duen, edo, bestela esanda, identifikazio faktore gisa hizkuntzak zein eragin indar izan dezakeen aztertu beharra dago, zalantzarik gabe.

Auzia ez da alderdi teoriko hutsean eztabaidatzekoa: Euskal Herrian zinez ditugun hizkuntza nazionalak zein diren, azkoitiar batentzat euskara bezala, sartagudar batentzat gaztelera, edo baiones batentzat frantsesa ote diren ez bakarrik hizkuntza propioak (norberarenak, esparru pribatu edo indibidualean benetako balioa dutenak), baizik aldi berean baita hizkuntza nazionalak ere, bizitasun kolektiboaren tresna eta proiektu nazional baterako oinarri.

Auzia ez da aitzakia bilatzea ere, Eurohiria dela eta, euskara nola aitzinarazi Iparraldean, Hegoaldeko herri erakundeen jokabide «euskaltzaleagoa» oinarri harturik. Abertzaletasun politikoak, Hegoaldeko herri erakundeetan nagusitasuna izan duen hein berean, Iparraldearekiko hizkuntza politika bat antolatu eta zuzentzeko tentazioa izan du beti, alde batean eta bestean den errealitate politiko eta sozialari jaramonik egin gabe. Tentazio horren emaitzak ez dira aldekoak izan, ez Iparraldeko elkarte euskaltzaleen egoera edo eragin indarra aitzinarazteko, ez bertako herri erakundeetan euskarari buruzko jokabide arduratsu edo, gutxienez, ulerberagoa lantzeko. Alderantziz, Iparraldeko elkarte euskaltzaleek sinesgarritasun sozialean aurrera egiteko zailtasunak izan dituzte, besteak beste Hegoaldeko laguntza artifizial baten susmopean jarri izan dituztelako batzuetan; eta Pariseko zentralismo zorrotzari lotutako herri erakundeetako arduradunek mesfidantzaz jaso izan dute Hegoaldeko agintari abertzaleen «mutur sartzeak», hizkuntza kontuetan izanik ere.

Baiona-Donostia Eurohiriaz ari garenean, esparru guztiz instituzionalaz ari gara, hori ezin dugu ahantzi. Erakundeen arteko lankidetzak bere mugak ditu, jakina, estu samarrak askotan, egia da, baina muga horien barruan jokatu beharra ezinbestekoa da. Eurohiriaren jardueraren oinarria, hain zuzen, instituzionala da: Eurohiria sostengatzen duten erakundeek (oraingoz, Iparraldean BAB Mankomunitatea, eta Hegoaldean, Gipuzkoako Foru Aldundia) elkar harturik lan proiektu edo programak sortzen dituzte, eta nor bere eskumenen esparruan saiatzen da proiektu horiek garatzen eta azken burura eramaten. Norberaren barruti instituzionala errespetatu eta aintzat hartu gabe, noski, era horretako lankidetza bat aitzinera eramatea ezina da.

Ezer egitekotan, beraz, hortik abiatu beharko dugu: hizkuntza egoera ez da oso desberdina den bakarra Eurohiriaren alde batean eta bestean, baizik, batez ere, alde bateko edo besteko herri erakundeen jokalekua, eskumenak, jarrera eta politikak dira oso bestelakoak direnak, hizkuntzari gagozkiolarik.

Zernahi dela ere, muga eta oztopo guztiak kontuan izanik ere, Baiona-Donostia Eurohiriko arduradunak ohartzen hasiak dira Eurohiriaren izatea ez daitekeela soil-soilik oinarritu azpiegitura eta zerbitzuen lankidetza batean. Jakina, lankidetza mota material hori ezinbestekoa izango da, Europako esparruak zabalik uzten baititu aukera berriak, esate baterako, zerbitzu jakin batzuk modu zentzuzko eta orekatuagoan kudeatzeko (zaborrak, garraioak, ingurumena zaintzea...). Aukera horiei behar bezalako etekina ateratzea ez da, honez gero, hautazko eginkizun bat Euskal Eurohiriaren barruan diren erakundeentzat, baizik ezinbestekoa, herri zerbitzuek behar duten eraginkortasuna zuzen kudeatu nahi baldin bada.

Azpiegiturek eta zerbitzuek, ordea, nekez emango diote nortasun bat Euskal Eurohiriari; nekez sortuko dute Eurohiriko herritarrengan partaidetza zentzu bat, barruti edo proiektu bakar baten barruan bizi izatearen kontzientzia, are gutxiago guraria. Nortasun eta identifikazio elementuak esparru subjektibokoak dira gehienetan, kulturari, hizkuntzari edo gertakari sozialei askoz ere lotuagoak, izate objektiboei baino.

Gaur gaurkoz, identifikazio erreferentzia indartsurik sortzeko, egia esan, oso tresna urriak daude Euskal Eurohirian. Beraz, hizkuntza kudeaketa argi eta burutsu bat egitea oso lagungarri izan daiteke Eurohiriaren barruan kohesio eta bateratasun handiagoa sortzeko. Baiona-Donostia Eurohiriko arduradunek lehen urrats bat egin zuten 2002ko maiatzean, hizkuntzen inguruko hausnarketa mintegi bat antolatuta. Bertan, Eurohiriko herri erakundeetako arduradunez gain, Europako Batzordeetako nahiz unibertsitateetako adituak, mugaz gaindiko hizkuntza lankidetza programatan murgildurik diren erakunde publiko nahiz pribatuetako ordezkariak, eta Euskal Herriko kultur edo hezkuntza erakundeen adituak izan ziren, xede bakarrarekin: Eurohiriaren barruan hizkuntza antolamendu baten oinarriak identifikatzea. Baionan eta Donostian egin zen mintegiaren amaieran, Xarles Videgain UPPAko euskal hizkuntza eta zibilizazioko irakasleak ongi laburtu zuen gisan, mintegiaren ondorio eta gomendioa izan zen, Eurohiriko arduradunei, «hizkuntzaren erabilera ez dela soilik esparru pribatuko auzi bat, baizik eremu publikora jalgitzen dena, eta beraz hizkuntzen erabilera hori nahitaez aztertu behar dutela herritarrek eta erakunde publikoetako arduradunek, beste fenomeno publiko askotan egiten den gisan, plangintza bat bideratzeko»[3].

Lehen urrats hori, neurri apalekoa izan arren, garrantzizkoa gertatu da Eurohiriko arduradunek, batez ere iparraldekoek, alde batetik kontzientzia argiagoa har dezaten hizkuntzaren arazoaz; eta bestetik, hizkuntzaren erabilera auzietan egon ohi den mesfidantza apurka-apurka bazterrean geldi dadin.

Tradizio, usadio eta lan molde oso desberdinetatik abiatzen diren herri erakundeen arteko lankidetza ez da esparru aproposa, lanaren emaitza sendo edo ikusgarriak berehala erdiesteko. Aitor dezagun: oraindik berdindu beharreko koska asko gelditzen dira, alde bateko eta besteko instituzioek hizkuntza plangintzaren esparruan lankidetza bizkor, malgu eta estua lor dezaten. Halabaina, urrats apal batzuk egiten diren neurrian, aiseago egingo dugu bidean aurrera. Hona hemen, amaitzeko, etorkizuneko bide hori ibiltzeko mugarri batzuk:

  • - Euskarari leku zentralago bat eman behar zaio Eurohiriaren barruan, bi aldeen zubi hizkuntza izateaz gain, Eurohiriaren benetako kultur ondare nagusietarikoa denez.
  • - Eurohiriaren bi aldeen arteko harreman sozial eta kulturalak, ez bakarrik ekonomikoak, sustatu nahi baldin badira, hizkuntzaren muga gainditzeko urratsak egin behar dira, astiro baina etengabe.
  • - Ez da zentzuzkoa frantsesaren ikaskuntza Gipuzkoako (eta, oro har, Hego Euskal Herriko) hezkuntza sistematik kanporatua gelditzea, ikasleen eta gurasoen eskari ia aho batekoaren aitzakiaz. Hezkuntza arautuaren amaieran, Gipuzkoako ikasleek Eurohiriaren hiru hizkuntzetan gutxieneko gaitasun bat izatea hezkuntzaren helburuen artean ezarri behar da berandu gabe.
  • - Eurohiriaren bi aldeetan diren kultur baliabideak era normalagoan erabili behar dira, alde bateko zein besteko herritarren zerbitzuan.
  • - Gazte aroan, Eurohiriaren barneko mugikortasuna sustatu behar da, gipuzkoar gazteentzat Baionara joatea ez dadin nazioarteko txango bat izan, eta donibandar gazteentzat Donostia ez dadin bakarrik asteburuko gauen entretenigarri izan.

 

[1] Iturria: EUSTAT http://www.eustat.es. Irakaskuntzari buruzko datuak, unibertsitate mailatik beherako ikasleak bakarrik kontuan hartuta.

[2] Iturria: Hezkuntza Ministerioko Ikuskaritza. Irakaskuntzari buruzko datuak, unibertsitate mailatik beherako ikasleak bakarrik kontuan hartuta. Eskerrak eman nahi dizkiot Germaine Hacala-ri datuok biltzeko emandako erraztasunagatik.

[3] Baiona-Donostia Euskal Eurohiria (12003) Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan. Argitara gabeko txostena.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Gotzon Egia
Urtea: 
2003