Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan (2002)

aurretik beste zenbait alorretan egin bezala, “hizkuntzekiko» ere eztabaida-gune izateko asmoarekin, 2002. urtean bi eguneko mintegia antolatu zen, dagokien erakunde guztiei eta hizkuntzaren arloko aditu batzuei deia zabalduz: “Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan» deitu zena, hain zuzen ere

Zein alorretan: teorian edozeinetan, hizkuntzak (euskara ere) barne; baina esperientziaren arabera, orain arte garraioan, errepideetan, zaborretan, ura eta energia probetxatzean, aritu dira batik bat; hau da, ekonomiarekin eta zerbitzuren batekin lotzen direnak, gehienbat

EBn Euskal Herria ez da lurraldetasun bakar modura agertzen, asmo gisa ere; baizik: a) edo zatikatuta, Baiona-Donostia Euskal Eurohirian bezala, edo b) irentsita, Euskadi-Nafarroa-Akitania Euroeskualdean bezala. Badirudi horrela dela, batik bat Estatu Espainiarrak eta Frantsesak horrela izatea bultzatu dutelako

hizkuntza arloa: EBn dauden hizkuntza ofizialekin bakarrik osatzen duten arloa da; euskara bezalako bestelako hizkuntzak ez dira kontuan hartzen, isiltasunez mantentzen dira, ahal den neurrian behintzat. Hori da orokorrean mintegian gertatu dena ere, euskararen egoeraren deskribapena egin den hitzaldian izan ezik

EBko beste mugaz gaindiko eskualdeetan, gauzak ez dira errazak (Alsazia-Badem-Württemberg eskualdean adibidez), baina, hala ere: 1) azkeneko urteetan hizkuntzekiko hezkuntza plangintzak aplikatu dituzte; derrigorrez ezarri dituzte, nahiz eta gurasoen aukera ez izan bertan aurkitzen ziren hizkuntzak ikastea: lehendabizi, ahulago den edo diren hizkuntzak eta gero besteak, hezkuntzako lehen mailak aprobetxatuz, eta behin bertakoak jakin ondoren, ingelesa; 2) horretarako, EBko erakunde eta egitasmo ezberdinek (Cicero, barne) laguntza ematen diete

Horrek garrantzia du guretzako ere: a) euskararen aldekoak izan daitezkeelako (baina ez nahitaez), b) adibide horiek aurrekari gisara har daitezkeelako, eta c) dauden laguntza bereziak aprobetxatu ahal izateko

etorkizunari buruz garrantzitsuena, berandu ireki den prozesua jarraitzeko bidean sartzea da; zentzu honetan, ordea, egungo egoera ez da oso baikorra, galdetu baitezakegu: mintegia egin eta urte bat baino gehiago pasa ondoren, nolako jarraipena eman zaio mintegiari?, eta erantzuna: ez da ezer egin (guk dakigunez, behintzat)

SARRERA

“Bayonne-San Sebastian Eurocité Basque / Euskal Eurohiria / Eurociudad Vasca» izeneko erakundeak baditu hamar urte, nahiz eta gutxi izan orain arte egin duena eta gutxi izan ezagutzen dutenak ere. Europako Batasunean (EB) bultzatzen ari diren herrialde mugakideen arteko lurraldetasunen artean bat Euskal Eurohiri hau da; kasu honetan, Bidasoa mugaz bi aldeko herrialdeek jasotzen dute: Baiona-Angelu-Miarritze mutur batean, Hendaia-Hondarribia-Irun erdigunean, eta Donostia beste muturrean.

1999. urtean mugaz bi aldeko agentzia bat sortu zuten Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren garapenarako. Agentziaren zeregina da, besteak beste: informazioa bildu eta zabaldu, gogoetak egin, eztabaidak egiteko deialdiak zabaldu, helburuak lortzeko laguntza eman, etab. Horrela, aurretik beste zenbait alorretan egin bezala, “hizkuntzekiko» ere eztabaida-gune izateko asmoarekin, 2002. urtean bi eguneko mintegia antolatu zen, dagokien erakunde guztiei eta hizkuntzaren arloko aditu batzuei deia zabalduz: “Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan» deitu zena, hain zuzen ere. Ekintza honi buruz mintzatuko da artikulua, gehienbat.

MUGAKIDEEN ARTEKO EUROHIRIAK, EBn

EBk mugakideen arteko lurraldeak bultzatzen ditu EBn bertan, mugak gaindituz, gertuan dauden herriak lotuz, EBk lurralde bakar baten moduan funtzionatu ahal izateko, teorian behintzat. Oraindik, ordea, mugak ez dira erabat desagertu estatuen arteko EBn, estatuak mantentzen diren heinean.

Zenbait lurraldetasun maila berri bereiztu behar dira, gaur egun, EBn: EB bera, EB osatzen duten estatuak, euro-eskualde edo regioak (Euskadi-Nafarroa-Akitania, adibidez), mugakideen arteko lurraldeak (Euskal Eurohiria), euro-hiriak (Gipuzkoa osoa edo Donostialdea), espazioak edo eremuak, eta abar. Aipatutako hauek guztiek lurraldetasun maila berria adierazten dute; denak irekitzeko egoeran daude, nahiz eta beraien artean solapamenduak egon eta beraien zereginak anbiguoak edo nahasiak izan; hauek dira ekonomian erabiltzen ari direnak.

Horren ondoan, ordea, nazio-eskualde tradizionalak mantentzen badira ere (Euskal Herria, Eskozia, Katalunia, etab.), hauek administratiboki ez dira zuzenean aitortzen, onartzen, edo kontenplatzen EBn; kontraesan hauek ere tradizionalak dira, zoritxarrez, egungo EBn. Bestalde, badira beste maila batzuk modu anbiguoan eta nahasian aipatzen direnak, tradizionalki eta orain ere: pays, région, peuple. Edo lehen gehiago aipatzen zirenak orain baino: département, adibidez. Hauek kulturan eta hizkuntza gaietan gehien erabiltzen direnak dira.

Orain aztertu nahi dugun mugabideen arteko eurohiri honen ezaugarri batzuk hauek dira:

  • · Zeintzuk osatzen duten: mugakideen arteko gertuko herriek, adibidez Baiona-Donostia arteko kostaldea, Euskal Eurohiriaren kasuan. Tamainaren arabera, eurohiriak oso ezberdinak dira, bai geografikoki distantziaren arabera, baita demografikoki biztanle kopuruaren arabera ere. Dena den, EBn gehiago aipatzen dira euro-eskualdeak euro-hiriak baino, nahiz eta orain Euskal Eurohiria izan kontuan hartzeko eremua.
  • · Nola osatzen diren: administratiboki, herri horiei dagokien administrazio publikoko erakundeen arduradunen baimenarekin. Esate baterako, Euskal Eurohiriaren kasuan, erakunde hauek osatzen dute: udaletxeak, Gipuzkoako Aldundia eta Lapurdiko erakunde paraleloa, Eusko Jaurlaritza eta Pirinioa Atlantikoa erakundeak eta, azkenik, Estatu Espainiarra eta Frantsesa. Kolaboratzaile izan daitezke bestelako erakunde erdi publikoak (merkataritza-ganbarak, edo unibertsitateak, adibidez), edo pribatuak ere.
  • · Zertarako: herri horiek dituzten “beharrak», bakarka baino elkartuta “errazago» egin dezaketena elkarren artean egiteko. “Garapen iraunkorra» da, beti, azken helburua; hau da, “probetxugarritasuna» eta “onura» bilatzen da, alde batetik, eta ekintzak “erraztasunez» egin ahal izatea, bestetik. Modu honetan, EBko hiritar guztientzat “europarren mugikortasuna» posible egin eta bultzatu nahi da.
  • · Nola funtzionatzen duten: herri bakoitzaren edo mugaz alde bakoitzeko herrien berezitasunak eta nahiak errespetatuz, beraien arteko adostasunez erabakiak hartu, ekintzak bideratu, gerorako plangintzak egin, eta abar.
  • · Zein alorretan: teorian edozeinetan, hizkuntzak (euskara ere) barne; baina esperientziaren arabera, orain arte garraioan, errepideetan, zaborretan, ura eta energia probetxatzean, aritu dira batik bat; hau da, ekonomiarekin eta zerbitzuren batekin lotzen direnak, gehienbat.
  • · Nolako agertoki ideologikoan: orokorrean, egungo ideologia neo-liberalismoan; bereziki, egungo EBko lurraldetasun-estrategiaren barruan: EBren lurralde-garapen orekatuaren eta iraunkorraren estrategian.

EUSKAL EUROHIRIAREN KONTESTUA

Euskal Eurohiria da Bidasoako mugabideen arteko eurohiri berria; aurretik esan bezala, Baiona eta Donostiaren arteko kostaldean dauden herriek osatzen dute.

Baina badira aurrekariak, antzeko bestelako lurraldetasunak asmatu, aztertu, eta ezarri nahi izan direnean; baita euskal kontestuarekin zerikusia dutenak ere:

  • · Mundu mailan, lurralde-antolakuntza, hirigintza, hiri-garapena, erregionalizazio naturala, konurbazioa, metropolia, eta abar aztertu direnean, esate baterako. Gai hauek Euskal Herrira aplikatu nahi izan direnean: 1) Euskal Herri osoa unitate bakartzat hartu dute: lurralde, makro-hiri edo metropoli moduan hartuz, nahiko berezia delako eta nahiko autonomia funtzionala izan dezakeelako: helburuak ezarri, plangintzak sortu, ekintzak egin, etab.; gainera, horretarako lurralde modeliko gisa ere hartu izan da, 2) nahiz eta bere barruan azpi-eskualdeak eta auzoak bereiz daitezkeen, koordinazioa errazteko, 3) eta nahiz eta kanpora begira ere zenbait koordinazio lan egin behar izan. Horrela, modu egokian jasoko lirateke mota guztietako izaerak eta beharrak: ekonomikoak, sozialak, kulturalak, hizkuntzazkoak, etab.
  • · EBn, tradizionalak diren estatuak onartzen dira lurraldetasun nagusi gisara. Tradizionalak diren bestelako lurraldetasunak (Frantziako sailak, Espainiako erkidego autonomoak, etab.) ez dira gehiegi kontuan hartzen, zuzenean behintzat. Berriak asmatzen ari dira, ordea, funtzionaltasunaren izenean: 1) “euro-eskualdeak» edo erregioak; Euskadi-Navarra-Aquitania izenekoa, adibidez; 2) “euro-hiriak», mugabideen arteko eurohiriak barne, Baiona-Donostia Euskal Eurohiria, adibidez. Hau da, EBn Euskal Herria ez da lurraldetasun bakar modura agertzen, asmo gisa ere; baizik: a) edo zatikatuta, Baiona-Donostia Euskal Eurohirian bezala, edo b) irentsita, Euskadi-Nafarroa-Akitania Euroeskualdean bezala. Badirudi horrela dela, batik bat Estatu Espainiarrak eta Frantsesak horrela izatea bultzatu dutelako.
  • · Estatu mailan ezagunagoa dugu tradizionalki eta gaur egun lurraldetasunak nola ezarri diren. Gaur egun: 1) Euskal Herria bi estatuen artean banandua dago, orokorrean bi zati horien arteko edozein modutako harremanak onartu gabe, edo debekatuz (nahiz eta demokrazia, liberalismoa, eta antzekoak izan aipatzen diren oinarrizko ideologiak). 2) Estatu bakoitzean: a) lurraldetasun berezirik ez da onartzen, b) Euskal Herria zatikatua ageri da: Espainiar Estatuan bi erkidego-autonomotan, Frantziar Estatuan sail ezberdinetan, c) Frantziaren kasuan, Pirinio Atlantikoen Sailean ere irentsita ageri da. Hauxe da Estatuek egiten dutena eta EBri egiten uzten diotena.
  • · Euskal Herrian, berriz, nahiko lan!:
1) Alde batetik, ofizialki ezer gutxi dago: nahiz eta, Espainiako 1978ko Konstituzioaren arabera, kultura eta hizkuntza berdineko erkidegoen artean harreman instituzionalak izatea posible den (Frantziar Estatuan hori ere ez dago), mugabideen arteko harreman berriak sortzerakoan nahiko mantso doaz, erlatiboki, EBn.
2) Bestetik, dagoena eskasa da, eta mundu ofizialetik kanpo lantzen da, gehienbat.

HIZKUNTZA ARLOA EUSKAL EUROHIRIAN

Honi buruz mintzatzeko erabiliko den iturria Baiona-Donostia Euskal Eurohiria erakundeak (2002) argitaratutako txostena da: Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan izeneko txostena, mintegiko akta modukoa da. Bi egunetako mintegian landu ziren gaiak hauek dira, argitalpenaren kapituluen arabera (hasierako eta bukaerako agurrez gain):

  • · Hizkuntzen ezagutzaren garrantzia Europa eraikitzeko (A. Macphail, Europako Batzordearen Hezkuntza eta Kultura Saileko “Batasun politikoa eta hizkuntzak» arloko arduraduna).
  • · Auzokidearen hizkuntzaren ezagutzaren garrantzia mugabideen arteko eskualdeetan (R. Halink, “Hizkuntzak mugaz gaindiko eskualdeetan» arlorako Cicero izeneko egitasmoaren koordinatzailea; baita Holandako Hizkuntzen Akademiako zuzendaria ere).
  • · Baiona-Donostia Euskal Eurohiria eraikitzeko bideak (M.J.B. Lagraula, Baiona-Angelu-Miarritze konurbazioaren arduraduna, & J.M. Bujanda, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arduraduna).
  • · Egoera linguistikoaren deskribapena bi alderditan: Côte Basque eta Gipuzkoa (F. Etxeberria, UPV/EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedraduna; M.E. Urteaga, Euskararen Kontseiluko idazkari-ohia; & G. Hacala, Frantziako hezkuntzaren arduraduna).
  • · Uneko esperientziak: 1) Cicero sarea (R. Halink); 2) Strasbourg-Kehl Euro-Institutua (E. Will, Strasbourg-Kehl Euroinstitutuaren zuzendaria); 3) elkarren arteko trukeak Txingudin (A. Puche, historialaria).
  • · Nola eraiki etorkizuna? Lanerako bideei buruzko mahai-ingurua (L.M. Naya moderatzailea).
  • · Ondorioak (Ch. Videgain, “Euskal hizkuntza eta zibilizazioa» gaiaren irakaslea, Pau eta Adour-eko Unibertsitatean).

Hasteko, esan beharrekoa da Euskal Eurohiri eremuan hizkuntza arloa aztertuz egin den lehen mintegia izan dela. Berandu samar bada ere, ez dela beranduegi izango pentsatzen dugu; horrela bada, ongi etorria! Orain behar dena, ordea, jarraipena ziurtatzea da eta eztabaidatik ekintzara pasatzea.

Eremu honetan hiru hizkuntza badaude ere, bitan bakarrik gauzatu zen mintegia: frantsesez gehienbat, eta espaineraz. Horrela, euskara aipatutako hizkuntza izan zen bakarrik, ez ordea erabilitako hizkuntza; hitzaldi gutxitan aipatu zen esplizituki. Hau dela dirudi hizkuntza arloa, bereziki erabilerarako baliagarriak diren hizkuntzak osatzen duten hizkuntza arloa: EBn dauden hizkuntza ofizialekin bakarrik osatzen duten arloa da; euskara bezalako bestelako hizkuntzak ez dira kontuan hartzen, isiltasunez mantentzen dira, ahal den neurrian behintzat. Hori da orokorrean mintegian gertatu dena ere, euskararen egoeraren deskribapena egin den hitzaldian izan ezik.

Orokorrean, ideia hauek izan dira azpimarratu direnak:

  • · EBren helburuen artean daude: lurralde orekatua lortzea, garapen (ekonomikoa, batik bat) iraunkorra ziurtatzea, gizabanakoen hiritartasuna bultzatzea, hiritarren mugikortasuna erraztea, kultur dibertsitatea eta hizkuntz dibertsitatea sustatzea, hiritarren arteko harremanak eta komunikazioa samurtzea, etab. Horretarako, gizabanako kulturaniztunak eta eleaniztunak lortu behar dira. Hau da, lurralde kulturanitza eta eleanitza baino, gizabanako eleaniztunak lortu nahi dira, gizabanakoen arteko harremanak erraz bideratzeko, beti ikuspegi baliagarria jarraituz.
  • · Gizabanako eleaniztuna lortzeko, bere hizkuntza edo hizkuntzez gain, beste hizkuntzak ere ezagutu behar ditu: 1) ingelesa, alde batetik, egungo eta etorkizuneko hizkuntza unibertsala, zientziarako, enpresagintzarako, kulturarako, eta abarrerako delako; 2) auzokideen hizkuntzak, tokian tokiko “elkarguneko hizkuntzak», gehienbat mugaz gaindiko lurraldeetan (euro-eskualdeetan eta euro-hirietan). Adibidez, Maastricht, Liège, eta Aix-la-Chapelle hiriak jasotzen dituen euro-eskualdean hiru hizkuntza ofizial daude: holandesa, frantsesa, eta alemana; horregatik, bertako biztanleek, hiru hizkuntza hauez gain ingelesa ere ezagutu beharko lukete; antzera egin beharko litzateke Euskal Eurohirian: espainiera, frantsesa, eta ingelesa ere ezagutu beharko lirateke, baina zer egin euskararekin?: galdera egiten da, baina erantzun argirik gabe gelditzen da, ordea, mintegiaren argitalpenean behintzat.
  • · Beste gaia da hizkuntza hauek zein hurrenkeratan erakutsi eta ikasi behar diren. Honekiko bi jarrera aipatzen dira: 1) alde batetik, gurasoak gehienean nahiago dutena: ingelesarekin hasi eta gero inguruneko hizkuntzarekin edo hizkuntzekin jarraitu; 2) bestetik, EBn bultzatu nahi dena: lehendabizi inguruko hizkuntzak ikasi eta ezagutu, egunerokotasunean onarritzen delako, eta geroago ingelesa ikasi eta ezagutu, besteak beste, ingelesa beti ikasiko dutela dirudielako. Honi buruz, interesgarria da egin zen eztabaida: zeinen eskuetan egon behar duen azken erabakia, gurasoen eskuetan ala erakunde politiko-administratiboen eskuetan; bigarren aukera horren alde egin zuten gehienek.
  • · Bada beste gairik ere; adibidez: 1) nola erakutsi/ikasi behar den hizkuntza mota bakoitza; inguruneko hizkuntzak, adibidez: komunikazioa azpimarratuz, ahozko ezagutza-erabilera bultzatuz, ahalik eta azkarren hasiz, hezkuntzaren bitartez egiten denean lehen mailak aprobetxatuz, hizkuntza ikasi baino gehiago hizkuntza horretan biziz, etab.; 2) nolako hizkuntza mota ikasi: irizpide baliagarria erabiliz, dauden komunikazio beharrak (gehienak ahozkoak) erantzuteko adinako ezagutza maila izatea, eta modu egokienak direnak ikastea; ezberdina izango da hori gizabanako edo hiritar bakoitzarentzako; 3) ezagutu beharko liratekeen hizkuntzen behar komunikatiboak eta baliabideak ezberdinak direlako, hauen ikaskuntza ere ezberdina izan daiteke; adibidez, gertukoen hizkuntzak erabiliz edo biziz ere ikas daitezke, ingelesarekin gertatzen ez dena, oraingoz behintzat; etab.
  • · Gau egun dauden egoera larrienak ere aipatu ziren: etorkinak eta hauekin nola jokatu, adibidez. Etorkinekin egin beharrekoa eta bertakoekin egin beharrekoa antzekoa izan behar duela izan zen iritzi nagusia, haurrak euskal edo elebidun ereduetan eskolatuz, esate baterako.
  • · Aurkeztu ziren adibideetan, guretik kanpo dauden EBko beste mugaz gaindiko eskualdeetan, gauzak ez dira errazak (Alsazia-Badem-Württemberg eskualdean adibidez), baina, hala ere: 1) azkeneko urteetan hizkuntzekiko hezkuntza plangintzak aplikatu dituzte; derrigorrez ezarri dituzte, nahiz eta gurasoen aukera ez izan bertan aurkitzen ziren hizkuntzak ikastea: lehendabizi, ahulago den edo diren hizkuntzak eta gero besteak, hezkuntzako lehen mailak aprobetxatuz, eta behin bertakoak jakin ondoren, ingelesa; 2) horretarako, EBko erakunde eta egitasmo ezberdinek (Cicero, barne) laguntza ematen diete (diru-laguntzak barne). Horrek garrantzia du guretzako ere: a) euskararen aldekoak izan daitezkeelako (baina ez nahitaez), b) adibide horiek aurrekari gisara har daitezkeelako, eta c) dauden laguntza bereziak aprobetxatu ahal izateko.

 

EUSKARA, EUSKAL EUROHIRIAN

Gorago esan bezala, euskara ez zen gehiegi aipatu mintegian; zutabe birtual modukoa izan zen, erreala baino gehiago. Argitalpenaren kapituluen arabera:

  • · Kapitulu bat bakarra dago zuzenean euskarari buruz mintzatzen dena; mugaz bi aldeetan euskararen egungo egoeraren deskribapena adierazten du; nahiko zabalagoa da Hegoaldearekiko, Iparraldearekiko baino; hezkuntza arloa izan zen gehien azaldu zena. Esan ziren gehienak nahiko ezagunak badira ere, aipatu ziren zenbait gauza adierazgarri ere: 1) hezkuntzan dauden ereduak aztertuz: A ereduaren porrota, tradizionalki euskararekiko, baita gaur egun orokorrean ere; alderantziz D ereduarekin, egokiena euskararekiko, baina baita gertuko erdarekiko ere (espainera edo frantsesa); 2) hezkuntzan, atzerriko lehen hizkuntza ingelesa da, mugaz bi aldeetan, ez frantsesa Hegoaldean edo espainera Iparraldean, nahiz eta honen alde egon EBko euro-eskualdeak eta euro-hiriak; 3) hezkuntzaren garrantzia hizkuntzak lotzeko landu behar diren baloreetan (aniztasuna, demokrazia, berdintasuna, etab.) eta hiritartasunean (gizartean aktiboa izanik, informazioa jasoz, partaidetza bultzatuz, etab.) nabarmentzen da; 4) inmigranteekin egin beharrekoak, bertakoekin egin beharrekoaren antzekoa izan behar badu, beren haurrekin ere D eredua litzateke egokiena; 5) Euskal Eurohiria “hiri hezigarri» izatea proposatu, nazioarteko hiri hezigarrien elkartean parte hartu; ...
  • · Kapitulu gehienak EBn dagoeneko badauden zenbait mugabideen arteko euro-eskualde edo euro-hirien esperientziak deskribatzeko eta azaltzeko izan ziren: bai eredu gisa erabilgarri direlako, baita aurrekari moduan baliagarriak direlako ere. Esperientzia hauen ezaugarri batzuk gorago aipatu dira.
  • · Azken aurreko kapituluak “etorkizunari» buruz egin zen mahaingurua jasotzen du, eta horregatik da kapitulu itxaropentsuena. Kapitulu honetan adierazten diren gauzen artean azpimarragarriak dira:
1) Mintegian parte hartu zutenen artean euskarari buruz zeukaten ezagutza maila ezberdina: nahiko handia batzuek, baina oso eskasa besteek. Horrela, Euskal Eurohirian egin beharrekoa hutsetik abiatu behar zela zioten batzuek; beste batzuek, aldiz, nahiko aurrekari bazeudela eta egin beharrekoa jarraitzea, zabaltzea, edo sakontzea zela zioten (ikastolak, Euskaltzaindia, etab.).
2) Aurrekoaren ondorio gisara: besteen esperientzia Euskal Eurohirian aplikatzerakoan, berriz ere hiru epealditan egin beharrekoak sartzea: a) 1. epealdian: ikerketak, analisiak, harremanak irekitzea, eta abar (nahiz eta bestelako arloetan gehiago sartu, hizkuntza arloan baino); 1991-1996 urteetan beste euro-eskualdetan egin zena, orain Euskal Eurohirian egitea; b) 2. epealdian: elkarren arteko ekintza bereziak martxan jarri (azpiegitura, ekonomia, garraio, edo ingurugiro arloetan batik bat, berriz ere), 1996-2001 urteetan.
3) 3. epealdian: integrazio soziala, kultur kooperazioa eta horrelakoak lortzeko, elkarren arteko ekintza bereziak ere martxan jartzea, hizkuntza arloa ere bertan sartuz, 2001 urtetik hasita. Ekintzen artean, mintegia bera antolatzea Euskal Eurohirian (2002 urtean); ez ordea ekintzak martxan jartzeko, 3. epealdiari dagokion bezala, baizik lehen harremanak hasteko, 1. epealdi modura funtzionatuz. Hau da, hamar urteko atzerapenarekin hasitako 1. epealdiko egoeran gaude, oraindik, euskararekiko eta orokorrean hizkuntzarekiko. Hala ere, etorkizunari buruz garrantzitsuena, berandu ireki den prozesua jarraitzeko bidean sartzea da; zentzu honetan, ordea, egungo egoera ez da oso baikorra, galdetu baitezakegu: mintegia egin eta urte bat baino gehiago pasa ondoren, nolako jarraipena eman zaio mintegiari?, eta erantzuna: ez da ezer egin (guk dakigunez, behintzat).
  • · Azken kapituluak mintegiaren ondorioak jasotzen ditu, eta orain arte esandakoaren laburpena adierazten dute hauek. Azken hitzak esaten dute: “... orain zertxobait aurreraxeago gaude Euskal Eurohiriaren hizkuntza plangintza egitasmoa modu eraginkorrean martxan jartzeko, erakunde honen bestelako lanbideekin artikulatuz. Horrela bada, gure aldetik bakarrik esan dezakegu: lanera!». Hauxe bera nahiko genuke guk ere. Ikusi egin behar.

ERREFERENTZIA

Bayonne-San Sebastian Eurocité Basque / Euskal Euro-hiria / Eurociudad Vasca (2002). Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan / Séminaire sur les langues dans un espace transfrontelier / Seminario sobre las lenguas en un espacio transfronterizo. San Sebastián-Bayonne, 30 y 31 Mayo 2002 (Aktaren txostena).
BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003