Euskara eta euskal eurohiria: Ipar Euskal Herriko ikusmolde bat

esan dezakegu lurralde antolaketak hizkuntz politika hitzartu bat eman digula. Baina gero, hirigintzak muga gainditu duelarik, Eurohiriaren egitasmoarekin ohartu gara Euskal Herriak ez daukala eremu guztia estaltzen duen hizkuntzarik. Hizkuntzen dinamikaz gogoeta sakona egin behar dugu muga kultural hori gainditzeko

Euskara lurralde garapenari lotua da. Euskal Herria 2010 prospektibaren lehen printzipioa zen euskal nortasunaren kontzientziak eragin handia duela garapen ekonomikoari begira, herriari buruzko atxikimenduari esker. Eta denbora berean nabari zen atxikimendua ahulduz doala, euskara ahultzen den neurrian

Obragintza Publikoa da hizkuntz politikaren erabakitzailea eta hor daude lau mailetako ordezkariak: estatu, eskualde, departamendu eta udalarteko euskal sindikatukoak

Obralariak dira Hezkuntza Ministeritza, guraso elkarteak, AEK, Euskaltzaindia, Iker, Ikas, Euskal Irratiak, ETBren hedatzaileak

Hizkuntz Kontseilua da erabakitzaileen eta obralarien arteko bilgunea ekimenak koordinatzeko, proposamen berriak egiteko, egitarauak begiratzeko eta beharrez berritzeko

Euskal Herrian ez dugula hizkuntza amankomunik. Geure lurraldean gaudelarik, estatu hizkuntza erabiltzen dugu ororekin komunikatzeko eta euskara euskaldunekin. Mugaz gainetik zerbait antolatu behar dugularik, badakigu euskara dela hizkuntza enblematikoa Euskal Herri osoan. Baina komunikaziorako euskara ez da eraginkorra, bi alderdietan gutiengoan delakotz, % 30 guti gorabehera

Euskal Herriko (eta beraz Eurohiriko) hizkuntz amankomunena, heren bat hiztunekin alde bakoitzean

mugaz gaineko komunikazioa ez dago normaltasunean. Normaltasuna hizkuntz amankomuna herri edo hiri osoarentzat izatea da, denen lehen hizkuntza ez delarik, batzuren bigarren hizkuntza izanez

Iparraldeko euskaldunek frantsesarekin egin dute beren akulturazioa, Hegoaldekoek gaztelerarekin egin duten bezala. Akulturazio ezberdinak oso bereizgarri bilakatzen dira, elkar-ulermen linguistikoa ez bada sendotzen. Zergati sakona da auzoko estatu hizkuntzaz jabetzeko

1992an, Iparraldea antolaketa dinamika batean sartu zen Euskal Herria 2010 prospektibaren bidez, eta denbora berean gure nortasun kolektiboa berriz definitu genuen, euskarari eta euskal kulturari lehen tokia emanez. Dinamika honen guztiaren bilakaera hiru idazkitan aurki daiteke: lurralde antolaketaren eskema, Baiona-Angelu-Biarritz elkarteko 2001 egitasmoa, eta euskal eurohiriaren liburu zuria (Le Schéma d’aménagement linguistique, 1996; District BAB, projet 2001: le Livre blanc de l’Eurocité Basque, 1997).

Urraspide hau laburbilduz, esan dezakegu lurralde antolaketak hizkuntz politika hitzartu bat eman digula. Baina gero, hirigintzak muga gainditu duelarik, Eurohiriaren egitasmoarekin ohartu gara Euskal Herriak ez daukala eremu guztia estaltzen duen hizkuntzarik. Hizkuntzen dinamikaz gogoeta sakona egin behar dugu muga kultural hori gainditzeko.

LURRALDE ANTOLAKETA ETA HIZKUNTZ POLITIKA HITZARTUA

Lurralde antolaketaren izpiritua hiru kontzeptutan kokatzen da: herria, garapen iraunkorra, eta gobernantza.

Herria (le pays) da lurralde antolaketaren eremu naturala, Pasquaren legeak eta Voynetenak ongi definitzen dutena. Bizitza eremu bat, jendeak harremanak dituen gune bat, lanarentzat, zerbitzuentzat, aisialdiarentzat, azpiegituren eta bideen aldetik eta beste. Gainera, herriak badu batasun bat, hobeki erranez elkartasun bat, sail anitzetan: ekonomia mailan, bai eta historian eta kulturan ere. Eta nortasun kolektibo horretan sartzen dira tokiko hizkuntzak.

Garapena da herri antolaketaren helburua. Orain arte ekonomiaz hitz egiten zen. Orain bakoitzaren atseginari eta ororen elkargoari garrantzia ematen zaie, garapena iraunkorra izan dadin. Behar biologikoak asetzea ez da aski; gizarteak edo jendarteak askoz gehiago eskatzen du.

Gobernantza da garapen iraunkorraren eragilea. Kasu, gobernantza (gouvernance) ez da gobernua (gouvernement). Alabaina, antolaketaren dinamikan parte hartzen dute bai gizarte politikoak, bai eta gizarte zibilak ere. Gobernua da erabakiak toki batean hartzen dituena eta egiketa beste toki batean eramaten duena. Hori da kudeantza klasikoa. Aldiz, antolaketa dinamikan erabakiak gune askotan moldatzen dira. Urraspide horri deitzen diote "garapen hitzartua", lehenagoko "autogestioa"ren itxurakoa. Ondorioz, Iparraldean bi erakunde sortu ziren: Garapen Kontseilua, gizarte zibilaren proposamenak biltzeko, eta Hautetsien Kontseilua, proposamen horien araberako erabakiak hartzeko.

Eta herri hizkuntzak zer du ikustekorik lurralde antolaketarekin?

Euskara lurralde garapenari lotua da. Euskal Herria 2010 prospektibaren lehen printzipioa zen euskal nortasunaren kontzientziak eragin handia duela garapen ekonomikoari begira, herriari buruzko atxikimenduari esker. Eta denbora berean nabari zen atxikimendua ahulduz doala, euskara ahultzen den neurrian. 1996ko inkesta soziolinguistikoak erakutsi zuen euskararen egoera larria Iparraldean, denbora berean Hegoaldean euskara abiadura handian garatzen ari zelarik.

Iparraldeko euskaltasunaren argazki onak baditugu bi ikerketa nagusiren bitartez. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herri osoan hiru inkesta soziolinguistiko egin ditu 1991n, 1996an eta 2001ean, Euskararen jarraipena 1, 2 eta 3 liburukietan agertu direnak. Bestalde, Frantziako 1999ko erroldan hiru galdera baziren hizkuntzen transmisioari buruz: zure gurasoek nola hitz egiten zizuten, zuk haurrei nola hitz egiten diezu, zein hizkuntzatan hitz egiteko gai zara. Bi ikerketa horiek azken ehun urte hauetako euskararen bilakaera erakusten digute. Laburpen bat egin dezagun: Iparraldeko gune euskaldunenak hustuz doaz demografiaren aldetik; transmisio naturala gaizki dabil; euskal irakaskuntzak lehen mailan % 25 ikasle hunkitzen ditu; gizarte erabilera legeak oztopatzen du. Euskararen erabilera gutitu da. Administrazioan eta zerbitzu publikoan erabilera oso ahula da betidanik, ofizialtasun faltaz. Gainera, euskarak bereak zituen eremu tradizionalak ere galtzen ari ditu: familia, lagunartea, merkatua, eliza, auzunea.

Baina denbora berean euskararen aldeko nahia pizkor dago. Euskarari buruzko jarrerak eta iritziak aski onak dira. Hiru inkestetan galde batzu egin ziren, biztanleen iritziak neurtzeko, nola ikaskuntzari buruz hala erabileraz. Adibidez :

  • «Haur guztiek euskara ikastea beharrezkoa da» (bai % 46).
  • «Herri-administrazioan lan egiteko euskaraz jakin behar da» (bai % 51).
  • «Hedabide guztiek euskarazko saio gehiago behar lituzkete» (bai % 50).
  • «Nahiago dut ingelesa ikasi, euskara ikasi eta hobetu baino» (bai % 38).

Horiek horrela, gogoan atxik oinarrizko altxor bat badagoela, oraindik Iparraldea baita lurralde euskaldunena, baina lehenbailehen zaindu behar den altxorra.

Hizkuntz antolaketa hitzartua

1995ean hizkuntz antolaketaren eskema moldatu genuen, Hegoaldea eredutzat hartuz, 40 kideko lan talde zabalean: hautetsi, irakasle, arduradun, euskaltzain, euskaltzale. Hizkuntza politika onargarri bat proposatu genuen, "ideologiarik gabekoa", bost ardatz nagusiren inguruan: euskal irakaskuntzaren aintzinaraztea eskolier guztientzat eta jende helduentzat; hedabideetan euskararen erabilera sustatzea; euskararen ezagutza sakontzea, Euskaltzaindia eta Iker zentrua lagunduz; bizitza publikoan euskaraken lekua zabaltzea; Hizkuntz Kontseilua sortzea.

"Ideologia" izpi bat ere aurreratu genuen, ofizialtasuna, onarmena, eta lurraldetasuna sinbolikoki bederen aipatuz: "Lehentasuna duten norabide hauei esker, euskararen aldeko hizkuntz politikarako zutabeak eraik daitezke, nortasun hizkuntzak hartzen duen oinarrizko estatutua ofizialki onartuz: "Euskal Herriaren hizkuntza euskara da".

Eta hara non, 2000ko abenduaren 22an, estatuak, prefetaren bitartez, bat-bateko eskaintza egiten digun: Euskal Herria hitzarmen berezia 2001 – 2006 (Convention spécifique Pays Basque 2001 – 2006). Kontratu politiko honek, Garapen Kontseiluan eztabaidatu genituen 79 proposamen hartzen ditu eta 10 kapitulutan sailkatzen: kultura, ingurumena, laborantza, arrantza, industria, turismoa, hirigintza, mugaz gaineko harremanak, Euskal Herriaren animazioa.

Lehen kapitulua "hizkuntz politika" da, esaera hau lehen aldikotz agertzen baita idazki ofizial batean. Hitzarmen Bereziak 10 ekintza hautatu ditu 6 urteko aurrekontuarekin, orotara 6 milioi euro nonbait han. Batzuk ikaskuntzaren ingurukoak: ikas-tresnen ekoizpena, eskola inguruko ekintzak, gurasoen informazioa, helduen euskalduntzeko profesionaltasuna; beste batzuk hedabidei buruz: euskal irratiak, ETBren zabalkuntza, euskara Interneten; bai eta euskalgintza sakonaere: Euskaltzaindia eta Iker zentroa.

Denbora berean definitu da hizkuntz politika hau eramanen duen erakunde hirukoitza, hemen ere gizarte zibila eta gizarte politikoa elkarrekin uztartu nahiaz. Erakundearen adar bakoitzak baditu bere eginbideak.

Bat. Obragintza Publikoa da hizkuntz politikaren erabakitzailea eta hor daude lau mailetako ordezkariak: estatu, eskualde, departamendu eta udalarteko euskal sindikatukoak. Laster, egitura informal hau erakunde ofizial bilakatuko da, IPE moldekoa (Interes Publikoa duen Elkartea). Oinarrizko akta ministeritzarteko dekretoa izanen da, Hezkuntza Ministeritza barne. Martxan jarriko denean, Iparraldeak ukanen du hizkuntza antolaketarako egitura ofiziala, erabakiak hartuko dituena eta araberako diru-laguntzak banatuko dituena euskalgintzako obralariei.
Bi. Elkarteetako eta erakundeetako Obralaritzaren gain da erabakiak diren proiektuak programatzea, gauzatzea, eta ebaluatzea. Obralariak dira Hezkuntza Ministeritza, guraso elkarteak, AEK, Euskaltzaindia, Iker, Ikas, Euskal Irratiak, ETBren hedatzaileak.
Hiru. Hizkuntz Kontseilua da erabakitzaileen eta obralarien arteko bilgunea ekimenak koordinatzeko, proposamen berriak egiteko, egitarauak begiratzeko eta beharrez berritzeko, euskararen estatutuaz arduratzeko. Mementoko gogoetaldi nagusia Euskara 2015 plana da.

Oro har, Euskal Herria 2010 egitasmoaren bide-erdian, lan itxaropentsu bat egin dezakegu: euskara berpizteko hizkuntza politika bat badugu, lurralde antolaketa orokorrari lotua dena.

MUGAZ GAINEKO HIRIGINTZA ETA HIZKUNTZ DINAMIKA

Lurralde antolaketa urrats handi batez aurreratu da, hirigintzari lotu delarik. Alabaina, hasierako helburua kostaldearen eta barnealdearen arteko elkartasuna sustengatzea zen. Acadie-Reflex bulegoak inkesta sakon bat egin zuen, 2000. urteko irailean agertu zena, (Ipar) Euskal Herrian sortzen ari den hiritasun berriaz (la ville emergente). Gaurko hiria ez da jendetza handi bat bakarrik, zerbitzuak, enpresak eta botereak metatzen dituena. Hiria gero eta gehiago da bidegurutzea, inguruari lotua dena, batzuentzat egoitza-leku, besteentzat lan-leku edo kontsumo-leku.

Hiria herri-hiri (ville-pays) bilakatzen ari da, eta hortakotz antolaketa egitasmo batean beharrezkoa da jakitea hiri bakoitzak zer dion bere izateaz. Baiona – Angelu – Biarritze (BAB) hiriartearen diskurtsoa da (Ipar) Euskal Herriaren hiriburua dela, zerbitzu askoren iturburu dela, baina, adibidez barnealdetik «ur garbia» hartzen duela. Donibane Lohizune hiria, anti-BAB bezala agertzen da, kostaldeko eta Urdazubi aldeko udalak biltzen dituela, Ziburu, Urruña, Azkaine, Hegoaldeari begira. Aldiz, Uztaritze «hiri ttipiak» euskaltasunaren aurpegia erakusten dio kostaldeari, langileen egoitza delarik, bai eta barneko ekoizpenen «portua» ere.

Hendaiak muga gainditu du, Iruneko eta Hondarribiako udalerriekin «Txingudi» hitzarmena (consorcio) izenpetuz. Baionako itunaren lehen aplikazio hau hirigintzaren beharrei erantzuteko da: garraioak, garbiketa, itsas bazterra, aireportuaren ondorioak. Denbora berean, Baiona eta Donostiaren arteko gogoetaldia eraman zen, Euskal Eurohiriaren gaia landuz. Hirigintza klasikotik, elkar-hirigintzara (conurbation) pasatu gara muga gaindituz. Alabaina, Bokaletik Donostiaraino hirigune bera da. Hiri bakoitza bere nortasunari atxikia da, baina badira arazo orokorrak eta banaka trenkatu ezin diren harreman beharrak.

Gaurko hiria gobernagarri da, ez botere zentralizatu baten bidez (udalerriak daukate botere ezin ukatua), baina gobernantzaren bidez. Diskurtsoak, interesak eta harremanak negoziatu behar dira, hitzarmen batera heltzeko, estatuak jokozain direlarik. Mugaz gaineko hirigintzaren puntu bakar bat aipatuko dugu, mintzamoldearena.

Zein hizkuntz dinamika Eurohiriarentzat?

Hemen nabarmen agertzen da gauza lazgarri bat, Euskal Herrian ez dugula hizkuntza amankomunik. Geure lurraldean gaudelarik, estatu hizkuntza erabiltzen dugu ororekin komunikatzeko eta euskara euskaldunekin. Mugaz gainetik zerbait antolatu behar dugularik, badakigu euskara dela hizkuntza enblematikoa Euskal Herri osoan. Baina komunikaziorako euskara ez da eraginkorra, bi alderdietan gutiengoan delakotz, % 30 guti gorabehera. Kulturgintza alorren harreman asko euskaldunen artean egiten dira. Baina administrazioan, ekonomia alorrean, edo eguneroko bizitzan, alde bateko euskaldunak zorte guti du beste aldeko euskaldun batekin hitz egiteko.

Mugaren gainetik begiratuz, hizkuntz egoera poliglosikoa da. Iparraldean denek frantsesa dakite eta Hegoaldean denek gaztelera. Iparraldean gutik dakite gaztelera, askok ulertzen badute ere. Hegoaldean oso gutik dakite frantsesa, batzuek ulertzen badute ere. Hegoaldean euskaldunen kopurua gehituz doa gazteen artean, oro har heren batean mugatzen delarik. Iparraldean euskaldunen kopurua gutituz doa gazteen artean, oro har oraindik heren batera heltzen delarik. Ikastetxeetan dabiltzan kasik gazte guztiek ingelesa ikasten dute, oso gutik erabiltzen dutelarik.

1999ko errolda frantsesaren ondotik ezagutzen dugu Iparraldeko hizkuntz paisaia. Alabaina, familietako inkesten 21. galdera hizkuntza arrotzei buruz norabidetua zen: «Gaur egun gertatzen zaizu zure hurbileko jendeekin (bizi-lagun, senide, adiskide edo lankideekin) frantsesaz beste hizkuntza batean hitz egiten duzula? Horrela bada, zein hizkuntzatan?» (Actuellement vous arrive-t-il de discuter avec des proches, conjoint, parents, amis, collègues… dans d’autres langues que le français. – Oui / Non – Si oui, laquelle ou lesquelles?).

Erantzunen arabera, Iparraldeko lau hizkuntza nagusiak frantsesa, euskara, gaztelera, eta ingelesa dira. Orok frantsesa dakite eta gehiengoa frantsesdun elebakarra da (% 55, 120.000 hiztun). Bigarren hizkuntz erabiliena euskara da, % 29rentzat: 63.000 ohiko hiztun eta 12.000 noizean behineko hiztun. Gazteleraz hitz egiten dutenak % 10 dira, 22.000 hiztun guti gorabehera. Ingelesa erabiltzen dutenak % 3,7 dira (8.000 hiztun) eta gaskoieradunak % 1,6 (4.000 hiztun). Jendetza erreferentziala 225.000koa da, 18 urte eta gehiago dutenak, jakina.

Eta horietarik zenbat biziko dira geroko Eurohirian? Ezin dezakegu erantzun zehatzik eman, lagin arazoengatik. Proportzio batzuk aurrera ditzakegu: hain segur, Iparraldeko jendetzaren erdia, euskaradunen herena, gazteleradunen eta inglofonoen hiru laurdenak eurohiritar izanen dira.

Hegoaldeko emaitza demolinguistikoak ezagutzen ditugu euskarari buruz, baina ez beste hizkuntzentzat eta ez zehazki Eurohiriaren eremuan, Donostiatik Hondarribiaraino. Esan dezakegu 400.000 biztanleetan, denek gaztelera dakitela eta heien erdia dela elebakar. Baditake frantsesdunek % 10a pasatzen dutela: jende anitz mugatik hurbil bizi da, baina gazte gutik ikasi du frantsesa.

Horiek horrela zer hizkuntz dinamika asma dezakegu Eurohiriarentzat?

Hizkuntz aniztasuna kultur aberastasuna da, baina ez du komunikazioa errazten. Adibidez, euskara da Euskal Herriko (eta beraz Eurohiriko) hizkuntz amankomunena, heren bat hiztunekin alde bakoitzean. Baina, bi aldeetan gutiengoan den hizkuntzak, herri hizkuntza bada ere, ez du mintzakidegoa laguntzen. Aldiz, Iparraldeko hispanofono guztientzat, guti badira ere, Hegoaldeko biztanle guztiak mintzakide izan daitezke. Eta gauza bera Hegoaldeko frankofonoentzat, Iparraldeko biztanle guztiekin hitz egin dezakete. Aldiz, ingelesak euskara baino eraginkortasun ahulagoa dauka.

Gutiengoa beste aldeko gutiengoarekin edo alde bateko gutiengo txikia bestaldeko hiztun ororekin, mugaz gaineko komunikazioa ez dago normaltasunean. Normaltasuna hizkuntz amankomuna herri edo hiri osoarentzat izatea da, denen lehen hizkuntza ez delarik, batzuren bigarren hizkuntza izanez. Gaur egun Eurohiriaren antolatzaileek nola hitz egiten dute? Ez euskara, ez eta ingelesa ere ez dira hizkuntz baliagarriak aipatu ditugun arrazoiengatik, salbuespenak salbuespen. Mementoko komunikazio erabiliena elkarrizketa gurutzatua da: bakoitzak bere estatu hizkuntza darabil eta bestearena ulertzen du. Alabaina, elebidun hartzaileak asko dira, ulermena mintzamena baino errazago baita. Nabari da jokamolde hau behin-behinekoa dela. Ezin onartua da horrenbeste hizkuntzekin, horrelako komunikazio kaskarra lortzea. Hizkuntzen arteko borrokak ez du ezer trenkatuko.

Geroari buruz, Eurohiriak egiazko hizkuntz politika bat definitu behar du, 1995ean Lurralde Antolaketa eskemak egin zuen bezala. Hasieratik onartzen da hiru hizkuntza ofizialak direla: gaztelera, frantsesa, eta euskara. Hala ere, oraingo idazkiak estatu hizkuntza batean edo bestean dira, idazlearen arabera. Bi arazo nagusi ikusten ditugu: euskararen geroa eta estatu hizkuntzen arteko lehia.

Euskaren geroa ez da argi ikusten Eurohirian, bereziki Iparraldean. Alabaina, ofizialtasunik ez dauka eta egiazko euskaldunen proportzioa ahula da. Dena dela, hizkuntza politika bat abiatua da eta pizkundearen seinale batzuk ageri dira: BABeko eremuan egiazko euskaldunen ehunekoa (% 9) ez da mugitu 10 urte hauetan, baina elebidun hartzaileen proportzioa kasik bikoiztu da 5 urtez % 5etik % 10era goratuz; bestalde, hizkuntz politikaren lehentasuna kostaldean euskararen ikaskuntza zabaltzeada; Hendaian eta BABen hizkuntz politika lantaldeak dira euskara eremu publikoan hedatzeko. Beraz, euskara aurrera doa eta Eurohiriaren Hegoaldea Iparraldearen adibide eta eredu izan daiteke. Baina epe luzerako urraspide batean gara, Eurohiria berehalako eginkizuna denean.

Ondorioz, bi estatu hizkuntzen egoera argitu behar da. Azken hamar urte hauetan ingelesari eman zaio lehentasuna, Europako hizkuntza nagusia bilakatzen ari baita, jadanik mundializazioaren hizkuntza delarik. Gai honetan norabidea aldatu behar genuke, alabaina gaztelera eta frantsesa eguneroko hizkuntzak bilakatuko dira Eurohiriarekin, orain mugako saltegietan diren bezala. Bestalde, Iparraldeko euskaldunek frantsesarekin egin dute beren akulturazioa, Hegoaldekoek gaztelerarekin egin duten bezala. Akulturazio ezberdinak oso bereizgarri bilakatzen dira, elkar-ulermen linguistikoa ez bada sendotzen. Zergati sakona da auzoko estatu hizkuntzaz jabetzeko.

EZBERDINTASUNETIK ELKAR-ONARPENERA

Hizkuntz borroka doan bezala utziz, gaztelera izanen da gehiengo demografikoaren hizkuntza Eurohirian: 400.000 hiztun versus 200.000 hiztun. Baina lehia horrek sortuko ditu anti-kolonismo erreakzioak gutiengoarengandik. Eta diskurtso ezkor horrek zalantzan ezar lezake hiri-elkarte batek behar duen batasuna. Estatu hizkuntz bakoitzak, ordezkatzen duen estatuaren indarra dauka, indar subiranoa. Elkar-onarmen linguistikoa hasierako urrats bat da. Gainera, euskaltasuna izan daiteke elkar-onarmenaren ikur eraginkorra, estatuen artetik herri hizkuntza agertzen den neurrian. Euskal eurohirian, herri hizkuntzen eurokartak indar berri bat hartuko du, euskararen honetan.

OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA

Acadi-Reflex (coopérative conseil), Le régime urbain du Pays Basque, pluralisme des représentations et nouvelles logiques politiques dans la ville émergente, Bayonne, 2000.

Baxok, E., “Euskararen prospektiba», in Jakin 114, 1999.

Casteigt, M., Le Livre blanc de l’Eurocité Basque, 1997.

Conseil de l’Europe, Charte européenne des langues régionales et minoritaires, Strasbourg, 1992.

District BAB, projet 2001.

Euskal Herriko antolaketa eta garapen eskema: norabide orokorrak 1996ko urria, deklinabide eraginkorrak 1997ko martxoa, karten bilduma.

Eusko Jaurlaritza, Euskararen Jarraipena II, 1996.

Gorostiaga, K., Kanblong, R., Olhagaray, P., “Ipar Euskal Herria egituratze bidean», Jakin 104, urtarrila-otsaila, 1998.

Toubon, Jacques rapporteur, Loi n° 94-665 relative à l’emploi de la langue française, 4 août 1994.

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Gipuzkoa
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Erramun Baxok
Urtea: 
2003