Hizkuntzen osasunari beha

Crystal jauna hizkuntzen heriotzak kezkatu egin behar gintuzkeelakoan dago. Eta egoera horren aurrean ezer egiterik badagoen galdetzen dio bere buruari. Bere erantzuna argia da: badago zer eginik eta beharrezkoa da egitea. Hizkuntzei zuzendutako egitasmo iraunkor eta eraginkorra indarrean jartzea aldarrikatzen du.

Hiltzen direnez gain, ordea, aurkitzen diren hizkuntzei ere erreparatu behar zaio. Izan ere, oraindik ez dira “aurkitu�» munduan bizi diren hizkuntza guztiak

hizkuntza asko eta asko oraindik behar bezala ikertu gabe daudenez, ez dakigu auzoko hizkuntzen aldaera dialektalak diren edo hizkuntza beregainak

Zenbat hiztun behar dira hizkuntza batek bizirik jarrai dezan?

hiztun kopuruari erreparatzearekin batera ondoan duen komunitatearen eraginari ere erreparatu behar zaiola azpimarratzen du

Munduko populazioaren zatirik handiena hizkuntza kopuru oso txiki batean biltzen da

Munduko hizkuntza kopuruaren %4ak munduko hiztunen %96a biltzen du

hurrengo 100 urteetan hizkuntzen %50-a galduko da. Crystal jaunak, iragarpen hori zenbakitara ekarriz dio, horren arabera, epe horretan 3.000 hizkuntza hilko direla, hots, hizkuntza bat bi astean behin

Arriskua hizkuntza mailako irizpideen bitartez neur daiteke. Bi dira bilakaera hori jarraitzeko aipatzen dituen adierazleak: 1.- Hizkuntzaren funtzioen bilakaera; 2.- Hizkuntzaren egitura mailako aldaketen bilakaera

Oharra: Honako lan hau David Crystal-en La muerte de las lenguas (Crystal 2001) liburuko lehen atalaren laburpena da. Honen bitartez ondoren datozen lanak eta hizkuntzen inguruan egin diren makroikerketak zer diren eta zein egoeretan gauzatzen diren ulertzeko atari lana egingo zuen azalpen bat osatu nahi izan dugu.

Gaur egun Arriskuan dauden hizkuntzen atlasa eta Arriskuan dauden hizkuntzen liburu gorria ezagunak bazaizkigu ere, hizkuntzak zenbatu eta sailkatzea aspaldidanik datorren lana da. David Crystal-ek hizkuntzen heriotzaz egindako lanak horrelako ikerketak zergatik egin behar diren, nola egin izan diren, zein arazorekin topo egin duten… azaltzen digu.

Egileak UNESCO-k hizkuntzen heriotzaz egindako lanaren hasiera 1992an kokatzen du. Quebec-en egindako Nazioarteko Hizkuntzalaritza Kongresuan, hain zuzen. Nazioarteko kongresu hori honako aipamen hau eginez amaitu zen (guk itzulia):

“"Edozein hizkuntza galtzea gizateriarentzat kalte konponezina denez, UNESCOri dagokio erabateko premia duen lan honi erantzutea. Gramatikak, hiztegiak eta testuak sortzeaz gain, arriskuan dauden hizkuntzen ahozko literatura erregistratu, edo gaurdaino ikertu gabe dauden hizkuntzak dokumentatzeko lana sustatuko du eta, ahal izango balu, lan horretan ari diren erakundeak babestuko."

1993an UNESCOk dei horri “Arriskuan dauden hizkuntzen proiektua�» onartuz erantzun zion. Proiektu horren baitan zegoen, besteak beste, Arriskuan dauden hizkuntzen liburu gorria. Honela zioen egitasmoaren jarraipen txosten batek (guk itzulia):

“Hedadura zehatza ezagutzen ez badugu ere, egia da hizkuntzen heriotza bizkor dabilela munduko hainbat eremutan, eta erabat garrantzitsua da hizkuntzalariak oro har deskripzio lana bikoiztu beharraz jabe araztea.�»

Horren ondoren arriskuan dauden hizkuntzen egoera aztertzeko eta jarraitzeko zenbait erakunde sortu ziren, horien artean Clearing House for Endangered Languages Tokioko unibertsitatean eta Foundation For Endangered Languages Britainia Handian (1995).

 

Egileak Clearing House-k bere sorrera agirian dioena azpimarratzen du (guk itzulia):

“Historian zehar hizkuntzak hil egin izan dira, baina inoiz ez dugu gaur egun munduak duen neurriko arazo baten aurrean ikusi geure burua. Hizkuntzaren profesionalok errealitate gordin honek adierazten diguna onartu beharrean gaude; izan ere, hurrengo belaunaldiek ezin izango dute jaso guk gaur egun ikertzen dugunaren zati bat, herri askoren kultur ondarea zatika desegiten ari baita gu begira gauden bitartean. Prest ote gaude erruaren zati bat gure gain hartzeko besoak gurutzaturik ezer egin gabe egon izan garelako?�»

Britainia Handiko “Foundation�»ak, berriz, honela zioen 1995ean egoera deskribatzen ari zela (guk itzulia):

“Gaia ikertu duten hizkuntzalariak bat datoz munduan dauden hizkuntzen erdia hilzorian daudela esatean. Hots, hurrengo belaunaldiari ezin izango zaiela transmisioa ziurtatu. Gu eta gure seme-alabak, beraz, bizi dugun gizateriaren historiaren une honetan litekeena da bi belaunaldiren buruan munduko hizkuntza gehienak desagertzea.�»

Egilea, urrats horiek aintzat hartuz, aldaketa garrantzitsua gertatzen ari delakoan dago. Besteak beste, profesional eta adituak, orain arte inoiz ez bezala, hizkuntzaren egoerarekin geroz eta kontzientziatuago ikusten baititu. Jarrera horrek mundu mailan oihartzun geroz eta zabalagoa duela ikusten du.

Dena den, oihartzun horren eraginez kaleratzen diren iritzi eta informazioetan sarritan gehiegizko alarmismoa edo oinarri handirik gabeko ebazpenak zabaltzen direlakoan dago.

Crystal jauna hizkuntzen heriotzak kezkatu egin behar gintuzkeelakoan dago. Eta egoera horren aurrean ezer egiterik badagoen galdetzen dio bere buruari. Bere erantzuna argia da: badago zer eginik eta beharrezkoa da egitea. Hizkuntzei zuzendutako egitasmo iraunkor eta eraginkorra indarrean jartzea aldarrikatzen du.

HIZKUNTZAK HIL?

Hizkuntza heriotzaz egiten duen definizioa aski argia da: Hiztun guztiak galdu dituen hizkuntza hilda dago. Dena den, bere kezka ez dago definizioan, mendebaldeko hizkuntza indartsuenen hiztunen kontzientzian baizik. Ulertuko al dute mendebaldeko herrietan bizi diren hiztunek hizkuntzak hiltzen ari direla? Ulertuko al dute zergatik gertatzen den? Eta nola gertatzen den?

Gaian jantzi gabe dagoen irakurleari zuzenduz hainbat hizkuntza egunero hiltzen ari direla esaten du eta horren adibide diren kontinente desberdinetako hamaika kasu aipatzen ditu. Irakurle euskaldunak, mendebaldarra izan arren, ederki daki horren berri.

Zenbat hizkuntza daude, ordea, hilzorian? Zenbat daude arriskuan? Egilearen aburuz, argitu beharreko lehen auzia munduan dagoen hizkuntza kopuruarena da. Hori argitzeko lan egin duten iturrietara jotzen du horretarako. Laurogehiko hamarkadaz geroztik argitaratu diren erreferentziazko liburuetara joz, gehienek 6.000 eta 7.000 bitartean dauden kopuruak aipatzen dituztela azpimarratzen du. Erreferentzia berrienen artean 3.000 edo 10.000 aipatzen dituztenak ere badaudenez, horrenbesteko aldea zeri zor zaion argitzen ahalegintzen da.

Diferentzia honen muinean dagoen lehen arazoa maila enpirikoan kokatu behar dela deritzo. Ikerketa kuantitatiboak historian aski berriak dira. Are gehiago, XX. mendearen lehen erdia bitartean, hizkuntza kopuruaren estimazioak besterik ez ziren egiten. Horietako gehienek, gainera, oso kopuru txikiak ematen zituzten. Dwight Whitney-k[1] 1.000 hizkuntza zeudela iradoki omen zuen, Bodmerrek, berriz, 1.500, Peik 2.796[2]. XX. mendeko lehen hamarkadetan hizkuntzalariek kopuru bat emateari uko egin zioten. Horien artean salbuespena izan zen Whatmough jauna, zeinak 3.000 hizkuntza zeudela zioen[3]. Kopuru horiek emateko orduan, ordea, ez zegoen ez sailkapen irizpiderik, ez eta metodo argirik ere.

1974an Ethnologue-k mundu mailako ikerketa bati ekin zion eta ikerketa horrek munduan 5.687 hizkuntza zeudela ebatzi zuen[4]. Egileak, ordea, 1980az geroztik datuak biltzeko teknikek bizi izandako garapenari esker, erabateko aldaketa gertatu zela dio. Ethnologue-ren hamairugarren edizioak (1996) 6.703 hizkuntza izendapen jasotzen ditu eta International Encyclopedia of Linguistics delakoak (1992ko edizioa) bizirik dauden 6.300 hizkuntzen berri ematen du. Atlas of the World´s Language[5] delakoaren aurkibidean, berriz, 6.796 hizkuntza izen aipatzen dira.

Sailkapena eragozten duten arazoetan bigarrena, Crystal jaunaren aburuz, ikerlarien portaera da. Bere ustez, ikerlariek jakin badakite estimazio horiek ez direla erabat zehatzak eta horrek datuak egokitzera eramaten ditu. Batzuetan uste dutena baino kopuru txikiagoak aipatzen dituzte eta bestetan handiagoak. Hizkuntzen heriotzak badu aipatzen diren kopuru horietan eraginik, besteak beste, hizkuntzak hiltzen diren neurrian sailkatutako hizkuntzen kopurua aldatu egiten baita. Hiltzen direnez gain, ordea, aurkitzen diren hizkuntzei ere erreparatu behar zaio. Izan ere, oraindik ez dira “aurkitu�» munduan bizi diren hizkuntza guztiak. Munduko hainbat txokotatik noizean behin gainerako giza taldeekin harremanik izan ez duen giza taldeen berri iristen zaigu. Dena den, ezagutzen ez ditugun giza taldeez gain, ezagutzen ditugun horietan ere ikerketa lanak hainbat ustegabeko eragiten du. Ethnologue-ren sailkapenean sailkatutako 6.703 hizkuntzetatik 3.704k “ikertzeke�» dioen oharra daramate. Honek mahai gainean jartzen digun auzia hizkuntzen taxonomiarena da. Izan ere, hizkuntza asko eta asko oraindik behar bezala ikertu gabe daudenez, ez dakigu auzoko hizkuntzen aldaera dialektalak diren edo hizkuntza beregainak. Beraz, sakon aztertuta soilik jakin daiteke lurralde eremu batean hizkuntza bakarra mintzo den (aldaera zenbait duena) ala bat baino gehiago diren. Sarritan ageriko diferentziak sakonean ez dira bereizketa egiteko esanguratsuak. Horrelakoetan hizkuntza beraren adierazpen desberdinen aurrean gaudela onartu behar da. Sailkapen irizpideak aplikatzeko orduan hartutako erabakien arabera, ordea, hizkuntzen kopuru orokorrak gora ala behera egingo du.

Kopuru orokorrean eragiten duen beste arazo bat hizkuntzen izendapenak eragiten du, izan ere, izendapenari soilik erreparatuz askotan ezin jakin dezakegu hizkuntza bakar bati buruz mintzo garen ala bat baino gehiago diren. Egileak oso aintzat hartu beharreko auzia dela azpimarratzen du. Ethnologue-n, esaterako, bildutako izendapenak orotara 39.304 dira.

Beraz, nola sailkatu jasotako laginak? Antzinako eztabaida da hori hizkuntzalarien artean. Hizkuntza zer den eta dialektoa zer den bereizteko hautatutako irizpideen arabera ebazpenak oso desberdinak izan daitezke, eta ondorioz, baita kopuru orokorra ere. Egileak horren adibide aski argigarria ematen du. Global Language Register (GLR), Observatoire Linguistique[6] delakoarentzat egindako bilduman, Dalbyk 1997an auzi honi erantzun asmoz egindako formulazio proiektu baten baitan hiru terminoko nomenklatura proposatzen zen: tongue (edo kanpo hizkuntza), langue (edo barne hizkuntza) –edo idiom, ondorengo proposamenean- eta dialect. Bereizketa horren helburua bi termino besterik ez zituen sailkapen modua (hizkuntza eta dialektoa) gainditzea zen. Sailkapen hirukoitz horrekin baliatuz egindako lehen txostenek zioten langue kopurua 10.000 ingurukoa izango zela. Azalpena metodologian dago, izan ere, beste ikuspegi batzuen arabera dialektotzat hartzen direnak honetan hizkuntzatzat hartzen baitituzte.

Non dago, ordea, hizkuntza eta dialektoaren arteko aldea? Egilea galdera horrek berez dakarren auziaren tamainaz jabetzen lagundu nahi dio irakurleari. Elkarren arteko ulergarritasunaren irizpideari erreparatuz (hots, elkar ulertzen badute hizkuntza beraren bi dialektotzat hartuko lituzkeen irizpidea), lanak izango genituzke, cockney-a (Londres ekialdeko auzoetan mintzo den ingelesaren aldaera) eta scot-a (eskoziako hegoaldean mintzo den jatorri saxoia duen hizkuntza) bereizteko! Bereizketa, ordea hizkuntza irizpideen arabera ala irizpide soziopolitikoen arabera egin behar da? Sarritan irizpide soziopolitikoek hizkuntzazko irizpideak bazterrean utzi izan dituzte, eta elkar ulertzeko modukoak ziren aldaerak hizkuntza desberdintzat hartu izan dira. Suediera, Daniera eta Norbegieraren kasua da hori. Serbo-kroateraz beste horrenbeste esan daiteke Izan ere, gerra zibila bitartean Serbo-Kroateraren lurralde eremutzat hartzen zen horretan gaur egun: Bosniera, kroatera eta serbiera bereizten dira.

Beraz, komunitateen arteko lehiak etorkizunean hizkuntzen kopuru orokorrean aldaketa ekar ditzake eta horrek sailkapen berriak egin beharra ekarriko luke. Ezin esan, beraz, geldirik dagoen eremua denik. Egileak, gaur egun identitate etnikoa aitortzeko indarrean dagoen jarreraren ondorioz etorkizunean munduko hizkuntzen kopuruan gorakada nabarmena gerta daitekeela azpimarratzen du. Fenomeno hau, halaber, hizkuntzarik hedatuenetara ere zabal daiteke. Ingelesaren kasuan, gaurko hainbat aldaera (Ghanakoa, Singapurkoa, Karibekoa…) horren aldeko mugimendu soziopolitikoek hizkuntza mailara jaso ditzakete.

Hori guztia kontuan hartuta, munduan dagoen hizkuntza kopuruari buruzko kalkuluak kontu handiz hartu behar direlakoan dago. Bere kezkaren adibide moduan hilzorian edo hiltzeko arriskuan dauden hizkuntzen kopurua ematean gertatzen dena aipatzen du. Izan ere, ez baita gauza bera, 6.000 hizkuntza daudela esanez 3.000 hilzorian daudela esatea edo 10.000 daudela esanez 3.000 hiltzera doazela esanez kaleratzea. Bere aburuz, hedabideek errazkeria handiz kaleratzen dituzte kopuru horiek eta horrek auziari buruz gizartean dagoen ikuspegian eragin izugarria duela deritzo.

Crystal jaunak, ordea, kopuru hori zehazte aldera gutxienez 5.000 eta gehienez 7.000 hizkuntza daudela esatea arrazoizko kopuru baten inguruan ibiltzea dela deritzo.

ARAZOAREN DIMENTSIOA

Zenbat hiztun behar dira hizkuntza batek bizirik jarrai dezan? Galderak erantzun zaila duela dio. Bere aburuz, ordea, gauza bat argi esan daiteke: biztanle kopuru osoari erreparatzeak ez du zentzurik. Populazioa bere testuinguruan ulertu behar delakoan dago. Horren adibide argia jartzen du: isolaturiko nekazal gune batean 500 lagun aski izan daitezke hizkuntza bati eusteko, aldiz, 500 horiek hedapen bizkorra bizi duen hiri bateko periferian nekez eutsiko diote talde kohesioari. Beraz, hiztun kopuruari erreparatzearekin batera ondoan duen komunitatearen eraginari ere erreparatu behar zaiola azpimarratzen du. Egileak honako galdera hau egiten du: “Zein da hizkuntza bat desagertzeko arrisku eremuan jartzen duen hiztun kopurua? 500? 10.000? 20.000?�» Esan bezala, erantzuna zaila da eta auzoko komunitateen eragina aintzat hartzea eskatzen du. Milioika hiztun eta estatus ofiziala duten hainbat hizkuntza desagertzeko arriskuan daudela deritzo, arazoa beraz, ezin da kopurua edo estatusaren arabera soilik neurtu.

Crystal jaunaren lehen gogoeta esku artean ditugun datuen adierazgarritasuna da. Bere irudiko hizkuntzen bilakaera eta galerari buruzko ikerketa oraindik berriegia da eta ditugun datuak murritzegiak dira epe luzeko iragarpen sendoak egiteko. Egun esku artean ditugun datuek epe laburreko eboluzioa jasotzen badute ere, datu nagusiekin egoeraren argazki orokor bat egiten ahalegintzen da. Ondoriorik aipagarrienen artean honako hauek daude:

  • Munduko populazioaren zatirik handiena hizkuntza kopuru oso txiki batean biltzen da. 100 milioi hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak 8 dira munduan (mandarinera, espainiera, ingelesa, bengalera, hindua, portugesa, errusiera eta japoniera) eta orotara 2.400 milioi hiztun dituzte. Multzo berean, hiztun gehien dituzten 20 hizkuntzak jartzen baldin baditugu, 3.200 milioi hiztun dituztela ikusiko dugu, munduko populazioaren erdia baino gehiago. Munduko hizkuntza kopuruaren %4ak munduko hiztunen %96a biltzen du.
  • Munduko hizkuntzen laurdenak 1.000 hiztun baino gutxiago du. 10.000 hiztun baino gutxiago duten hizkuntzak, berriz, erdia inguru dira. Batez beste, beraz, hizkuntza bakoitzari 6.000 hiztun dagokio.
  • Hizkuntza arrisku eremutik kanpo dagoela esateko gutxienez 20.000 hiztun behar badira, munduko hizkuntzen bi heren arriskuan daude.
  • 100 hiztun baino gutxiago duten hizkuntzak 500 inguru dira, 1.000 baino gutxiago dutenak 1.500 inguru eta 3.340k 100 baino gutxiago. Beraz, 20.000 hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak 4.000 inguru dira eta gehienak hiztun gehien duten hizkuntzen eremuetan kokaturik daude.
  • Hiztun bakarra duten hizkuntzak 51 dira.
 

Kopurua

%

Goitik beherako batura (%)

Behetik gorako batura (%)

100 milioi baino gehiago

8

0,13

 

99,9

10-99 milioi

72

1,2

1,3

99,8

1-9,9 milioi

239

3,9

5,2

98,6

100.000-999.999

795

13,1

18,3

94,7

10.000-99.999

1.605

26,5

44,8

81,6

1.000-9.999

1.782

29,4

74,2

55,1

100-999

1.075

17,7

91,9

25,7

10-99

302

5,0

96,9

8,0

1-9

181

3,0

99,9

 

1. taula

Egilearen aburuz, populazioaren bilakaeran soilik oinarrituz hizkuntzen desagerpen erritmoa iragartzea zaila da. Izan ere, 100 hiztun baino gutxiagoko hizkuntzak hartuz gero, %25 desagertzeko zorian dagoela esango genuke eta 100.000 baino gutxiago dituztenak hautatuz, berriz, %80a dagoela.

Datu horietan oinarrituz egileak mundu mailako egoerari buruzko iritzia eman daitekeela irizten dio. Krauss[7] jaunaren lana aipatzen du eta honen lanaren ondorioetan dioena jasotzen du (guk itzulia):

“Nire iritziz, honakoa kalkulu onargarria da: egungo erritmoari eutsiz, hurrengo mendeak gizateriaren hizkuntzen %90aren heriotza edo gainbehera ikusiko du.�»

Kraussek dionaren arabera, munduan 600 bakarrik dira salbu dauden hizkuntzak. Gaian ari diren adituak, beraz, egoeraren larriaz erabat ados daude. “Foundation-ak�» honela dio (guk itzulia):

“Munduko hizkuntza gehienak gainbehera arriskuan egoteaz gain, desagerpen arriskuan ere badaude.
Munduan dauden hizkuntzen erdia baino gehiago hilzorian daude, hau da, ez zaizkio eraginkortasunez transmititu hurrengo belaunaldiari.�»

Dena den, egileak muturreko irakurketa alarmistak baztertuz erdibideko ikuspegi baten alde egiten du. Krauss jaunak aipatzen duen hiru hizkuntzalari independienteren[8] ondorioa da bere ustez onargarrienetako bat. Ikuspegi horren arabera, hurrengo 100 urteetan hizkuntzen %50-a galduko da. Crystal jaunak, iragarpen hori zenbakitara ekarriz dio, horren arabera, epe horretan 3.000 hizkuntza hilko direla, hots, hizkuntza bat bi astean behin.

ARRISKU MAILA

Nola sailkatu hizkuntza bakoitzaren osasuna? Nola ebatzi kasu bakoitzaren diagnosia? Arestian esandako guztian oinarrituz Crystal jaunak arrisku maila neurtzea aski zaila dela deritzo. Oinarrizko faktore batzuen bilakaerari lotzen dio hizkuntza bakoitzaren bilakaera: haurren artean dagoen hizkuntza jabekuntza indizea, ondoan dituen beste hizkuntza batzuen eragin maila…

Arrisku mailaren sailkapena egiteari garrantzitsua deritzo. Hiru sailkapen aipatzen ditu:

Krauss-ena. Lau mailatan sailkatzen ditu hizkuntzak:

1. Egoera ziurrean daudenak,
2. Arriskuan daudenak,
3. Desagertutako hizkuntzak,
4. Hilzorian dauden hizkuntzak (Hilzorian dauden hizkuntzak berez erreproduzitzeko gaitasunik ez dutenak diren horiek dira, alegia, belaunaldien arteko transmisiorik ez dutenak)[9].

Kincade-rena[10]. Hizkuntzak bost mailatan sailkatzen ditu:

1. Bideragarriak (populazio aski sendoa dutenak);
2. Bideragarriak izan arren txikiak direnak (1.000 hiztun baino gehiago dute eta isolaturiko komunitateetan erabiltzen da. Komunitate hauek antolaketa sendoa dute eta bere identitatean hizkuntzak duen eginkizunaz jabetzen dira);
3. Arriskuan daudenak (biziraupena ziurtatzeko behar adina hiztun badute, baina aldeko egoera izanez gero eta komunitatearen babesa areagotuz gero);
4. Ia desagerturikoak (bizirauteko aukera gutxi dutenak. Adineko hiztun batzuk besterik ez dira mintzatzen);
5. Desagerturikoak (hizkuntza horretan mintzatzeko gai zen azken hiztuna hilda duten hizkuntzak. Ez dute biziberritzeko itxurarik).

Wurm-ena[11]. Honek ere hizkuntzak bost mailatan sailkatzen ditu:

1. Arriskuan egon daitezkeenak (hizkuntza hegemonikoaren presiopean bizi dira eta desabantaila sozial eta ekonomikoak pairatzen dituzte, haurtzaroan bertan hasten dira hiztunak galtzen);
2. Arriskuan daudenak (hizkuntza ikasten duten haurrak gutxi dira, edo, jada haurrek ez dute ikasten);
3. Arrisku larrian daudenak (gaitasun erlatiboa duten hiztun gazteenek 50 urte edo gehiago dituzte);
4. Hilzorian daudenak (gaitasun erlatiboa duten hiztun multzo txiki bat besterik ez da gelditzen, gehienak oso zaharrak);
5. Hilda daudenak (ez dute hiztunik).

Arriskua hizkuntza mailako irizpideen bitartez neur daiteke. Bi dira bilakaera hori jarraitzeko aipatzen dituen adierazleak: 1.- Hizkuntzaren funtzioen bilakaera; 2.- Hizkuntzaren egitura mailako aldaketen bilakaera. Hilzorian dagoen hizkuntza, bistan da, funtzioak galtzeko prozesu batean sartzen da, bazterreko funtzioetara mugaturik gelditu arte. Crystal jaunak, funtzioen murrizketaz ari dela, arazo honi ematen dion dimentsioa azpimarratzekoa da. Izan ere, Afrikako hainbat herri eta hizkuntzen kasua laburki aipatu ondoren Europako hizkuntza modernoei begira jartzen baita, horietako zenbaitek arrisku hori bizi duela dio.

Nederlanderaren egoerari aipamen berezia egiten dio, horretarako Nederlandse Taalunie erakundearen kide den Van Hoorderen[12] hitzak hartzen ditu (guk itzulia):

“Epe labur eta ertainera nedelanderak ez du desagertzeko mehatxurik bizi, baina zenbait eremutan atzera egiteko arriskua du. Hizkuntza kolokiala bilakatzen amai dezake, etxean senideekin erabiltzen den hizkuntza –zure emozioak adierazteko ongien menderatzen duzun hizkuntza- baina ez bizitzako gauza serioetarako erabiltzen duzuna: lana, dirua, zientzia, teknologia.�»

Heriotza somatzeko bigarren eremua hizkuntzaren alderdi estrukturalari dagokiona da. Berlexikalizazioa edo bergramatikalizazioa hartzen ditu hizpide. Alegia, atzeraka doan hizkuntzak bere joskeran eta lexikoan nozitzen dituen aldaketak bultzaka datorren hizkuntza indartsuago horren eraginez.

Baina egitura edo funtzio mailako aldaketak aztertzea garrantzitsua dela onartu arren, egileak kontu handiz egin beharreko lana dela deritzo. Bilakaera hizkuntzen berezko ezaugarria dela azpimarratuz, bilakaera eta ordezkapen prozesua ez nahasteko oharra egiten du.

AZKEN AIPAMENA

Crystal jaunak emandako argibideek auziaren lerro nagusiak agerian jartzen dituzte. Zein da, ordea, hizkuntza bakoitzaren egoera? Zein euskararena? Komenigarria litzateke, beraz, euskaldunok gure hizkuntzaren egoera ebaluatzeko indarrean dauden parametroez hausnarketa egitea. Beharbada guk badugu zer iradoki metodologia horiei. Izan ere, Humboldt edo Victor Hugok, beste askoren artean, aspaldi iragarri zuten euskararen heriotza ez gertatu izanak badu bere baitan soziolinguistikarentzat ikertu beharreko ikasgairen bat.

BIBLIOGRAFIA

Bauman, J., A guide to issues in Indian language retention, Center for Applied Linguistics, Washington, 1980

Bodmer, F., The loom of language, Allen and Unwin, 1944

Crystal, D, La muerte de las lenguas. Cambridge University Press, DL 2001

Dalby, D., “Exploring the Logosphere: review of results�». Logosphere Tailerrean aurkeztutako artikulua, Escuela de Estudios Africanos y Orientales, Londres, 1977

Grimes, B. (ed.), Ethnologue: languages of the world, 13. ed., Summer Institute of Linguistics, Dallas, 1996

Kincade, M., The decline of native languages in Canada, in Robins & Uhlenbeck (ed.), 1991, 160-163 or.

Krauss, M., “The world’s languages in crisis�», Language, 68, 1992, 7.or.

Moseley, C., eta R.E. Asher (ed.), Atlas of the world’s languages, Routledge, Londres, 1994

Pei, M., The story of language, Fourth Estate, Londres. [Gazt. itzulp.: La maravillosa historia del lenguaje, Espasa-Calpe, Madrid, 1965]

Silverstein, M., (ed.), Whitney on language, MIT Press, Cambridge (MA), 1971, 113. or.

Van Hoorde, J., “Let Dutch die? Over the Taalunie’s dead body�», InfoNT 2 (Europako Estatuen Itzulpen

Zerbitzuen Konferentzia, La Haya), 1998, 6. or.

Whatmough, J., Language: a modern synthesis, Secker and Warburg, Londres, 1956, 51. or.

Wurm, S., “Methods of language maintenance and revival, withselected casesof language endangerment in the world�», en Matsumura (ed.), 1998, 192. or.

 


 

[1] Ikus Silverstein 1971, 113. or.

[2] Bodmer (1994, 405. or). Pei (1952, 285. or); ondorengo liburu batean (1954, 127. or) kopuru horri bat kendu zion.

[3] Whatmough (1956, 51. or)

[4] Ikus Grimes-en (1996) 13. Edizioa; bai eta www.sil.org/ethnologue. Lehen edizioa benetan 1951koa da, Richard S. Pittman hamar orrialdeko zenbaki mimeografiatu bat argitaratu zuenean, Summer Institute of Linguistics-en ikasten zuten pertsonei egin elkarrizketetan oinarritutakoa.

[5] Egileak Mosely eta Asher-en oinarrituz egindako batura (1994).

[6] School of Oriental and African Studies delakoan egindako Logoesfera mintegitik ateratakoak dira xehetasunok. Londres, 1997ko iraila. Zehatzago esanda, Dalbyk (1997) topaketa horri buruz egindako laburpen artikulutik.

[7] Krauss (1992. 7.or.)

[8] Krauss (1992, 6. or)

[9] Krauss (1992, 4. or)

[10] Kinkade (1991, 160-163. or)

[11] Wurm (1998, 192. or) Bost kategoriako ereduak ohikoak dira. Honakoaz gain, Bauman-ek (1980) loratzen ari dena, iraunkorra, gainbehera doana, hilzorian dagoena eta desagertutakoa bereizten ditu.

[12] Van Hoorde (1998, 6. or)

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2003