Erabileran Eragin Jardunaldian ateratako ideia nagusiak

Erabilera bultzatu edo erraztu dezaketen arloetan (transmisioa, eskola bidezko euskalduntzea, aisialdia, hizkuntza errepertorioa…) hutsune handiak ditugu. Tresna gehiago eta hobeak behar dira arlo horietan

Gizarteak bizi dituen aldaketen eraginez familia ez da hizkuntza transmisioa egiten duen bakarra. Transmisioaren kontzeptua berritu egin behar dugu

Hurrengo urteetan ezinbestekoa izango da ezagutza maila %25 edo hortik gorakoa izatea, kale erabileran hazkunde aipagarririk gerta dadin

Erabilera indartzea helburu duten egitasmoek diziplina zientifiko desberdinen ekarria aintzat hartu behar dute eta haien arteko uztardura bilatuz jokatu behar dugu

Erabilera orokortzeko balio izango duten egitasmoak abian jartzeko hizkuntza politikaren definizio berriak behar dira, erabilera erdigunean jarriko dutenak eta hiztunak erabiltzera eramango dituztenak

Euskararen erabilera eskola orduetatik atera eta ikaslearen eguneroko bizitzan txertatzeko, eskolaz kanpoko erabilera aukera atseginak bilatu behar dira

2001. urtean SEI elkarteak Kale Erabileraren IV. Neurketa egin zuen. Neurketaren emaitzak eta ondorioak 2002. urtean kaleratu ziren. Bi urte horietan zehar, SEI elkartearen xedea, datuak eta datu horien irakurketa gizarteratzeaz gain, erabilerari buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatzea izan zen.

Asmo horrekin 2002ko abenduaren 20an, Erabileran Eragin Jardunaldia antolatu zuen. Martin Ugalde Parkeko mintegian 120 lagun bildu ziren. Horien artean euskararen normalizazioan esparru guztietan diharduten adituak eta teknikariak.

Egunak egitura oso oinarrizkoa zuen: hiru mahai inguru: orain arte egindakoa, etorkizunak iragartzen duena eta etorkizunean egin beharrekoa. Bistan da hiru gaiak mardulegiak zirela mahai-inguru bakar batean agortzeko. Ez zen hori antolatzaileon asmoa. Balio izan zuen, ordea, galdera eta zalantza nagusiei erantzunak emateko, iritziak trukatzeko…

Lan honetan, egunean zehar esandako guztiak laburbildu eta ardatz nagusietan antolatu nahi izan ditugu. Dena den, hizlariek esandakoa xeheago ezagutu nahi duenak jo beza www.sortu.org helbidera.

EGUNAREN EGITARAUA

9:00-9:20: Dokumentazioa eta akreditazioak jaso

9:20-9:30: Jardunaldiaren aurkezpena

9:30-9:50: Hitzaldia: Kale erabilera: erabilera-maila eta gaitasun-maila. Olatz Altuna

09:50-11:30: 1. MAHAI INGURUA: Zein bilakaera izango du erabilerak?

Hizlariak: Iñaki Mtz. de Luna, Xabier Isasi, Eguzki Urteaga eta Mikel Arregi
Moderatzailea: Imanol Esnaola

11:30-11:50: ATSEDENALDIA

11:50-14:00: 2. MAHAI INGURUA: Erabilera areagotzeko ekimenak: zertan asmatu dugu zertan ez?

Hizlariak: Pello Jauregi, Elias Zumalde, Joxe Jabier Iñigo, eta Iñaki Artola
Moderatzailea: Iñaki Marko

14:00-16:00: BAZKARIA

16:00-18:00: 3. MAHAI INGURUA: Zer egin erabilera ohiturak aldatu eta erabilera areagotzeko?

Hizlariak: Iñaki Arruti, Kike Amonarriz, Iñaxio Agirre, eta Rosa Ramos.
Moderatzailea: Pablo Suberbiola

18:00-18:30: ONDORIOAK eta amaiera

ZER IKASI DUGU?

Hizkuntza politika
ERABILERAN ERAGIN TXIKIA: Euskal Herrian indarrean dauden hizkuntza politikek (batetik bestera alde handia egonda ere) oso eragin mugatua dute. Hiztunen eguneroko erabilera ohiturak aldatzeko edo euskararen erabilerari bidea zabaltzen dioten portaera positibo berriak bultzatzeko mugatuegiak dira.

Normalkuntza egitasmoak
TRESNA GEHIAGO ETA HOBEAK: Erabilera bultzatu edo erraztu dezaketen arloetan (transmisioa, eskola bidezko euskalduntzea, aisialdia, hizkuntza errepertorioa…) hutsune handiak ditugu. Tresna gehiago eta hobeak behar dira arlo horietan.

DISKURTSOAK HOBETO ZUZENDU: Erabileraren inguruko mezuak eta kanpainak prestatzerakoan lehenik hartzailea nor izango den zehaztu behar da. Horren arabera, hautatutako taldean eragiteko moduko mezua erabiliko dugu. Mezu berarekin ez ditugu euskaldun trebeak eta traketsak mintzatzen jarriko.

IKUSPEGI HOLISTIKOA EZINBESTEAN: Erabileran eragiteak ikuspegi holistikoa eskatzen du. Erabilera eragile ugariren menpeko emaitza da eta ikuspegi horrekin jardun behar gara.

AMAREN PROTAGONISMOA: Hizkuntza planifikazioan amaren eragina handia dela dakigun arren, ez zaio neurriko protagonismoa aitortu normalkuntza egitasmoetan.

ERREPERTORIOA OSATZEKO EGITASMOAK: Oso gutxi dira erregistro gabeziak edo erregistroaren hutsuneak gainditzera bideratutako egitasmoak.

Transmisioa
GAITASUN ERLATIBOA ETXEAN: Hiztunaren gaitasun erlatiboak berebiziko garrantzia du euskaraz mintzatzeko. Gaitasun erlatibo hori, etxeko hizkuntza euskara izateak bakarrik bermatzen du egun.
HIZTUN AKTIBOAK, ETXEKOAK: Egun euskarak dituen hiztun aktiboak euskara etxean ikasitakoak dira gehien bat.
INGURU HURBILA EZ DA ASKI: Euskal Herrian hiztunaren inguru hurbila euskalduna izatea ez da aski euskararen transmisioa ziurtatzeko.
GIZARTE ALDAKETAK ERAGIN HANDIA: Gizarte egituran gertatzen diren aldaketek berebiziko eragina izango dute euskararen erabileran. Arretaz jarraitu behar dira familian edo lagunartean gertatzen ari diren aldaketa sozialak.
KONTZEPTUA BERRITU BEHARRA: Transmisio eragile berriak sortzen ari dira. Gizarteak bizi dituen aldaketen eraginez familia ez da hizkuntza transmisioa egiten duen bakarra. Transmisioaren kontzeptua berritu egin behar dugu.

Erabilera gizartean
EUSKALDUNGOA ALDATU: Azken hogeita hamar urteotan euskaldunen proportzioa aldatu ez bada ere, euskaldunen komunitateak errotiko aldaketa bizi izan du. Garai bateko komunitate euskaldunaren ezaugarri nabarmenak ziren: zahartua, baserri-girokoa, eta eskolatu gabekoa. Gaur egun komunitate gazte, kaletarra eta eskolatua da.
OHITURAREN INDARRA: Erdaraz mintzatzea euskaldunen artean, ongi errotutako ohitura da eta euskaldunak eroso sentitzen dira portaera horrekin. Euskaldunen artean egoera hori deseroso bihurtzeko behar den indarrik ez dugu oraindik.
ARAU ERDALZALEAK: Gure gizartean gutxi dira euskara erabiltzea eskatzen/eragiten duten egoerak. Onenean jarrita ere, egoera horiek ez dute hiztun guztien hautuan erabateko eraginik.
ERABILERA GERTAERA KOLEKTIBOA: Erabilera taldeari dagokion fenomenoa da. Erabilera eragiten duen indarra ez da indibiduala, kolektiboa, soziala baizik.
ERABILERA MODUAK: Ukipen egoeran, hizkuntzaz baliatzeko modu ugari dago. Zenbaitentzat lehen hizkuntza dena, beste batzuentzat lan hizkuntza izan daiteke. Erabileraz mintzatzean eta normalkuntza egitasmoak prestatzean horri arreta handiz erreparatu behar zaio.
KOMUNITATEAREN BIZI-INDARRA: Eremu geografiko bakoitzean erabilerak izango duen bilakaera bertako komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoak baldintzatuko du.
AHULAK ETA INDARTSUAK: Erabileraren bilakaeran bi izango dira eskenatoki nagusiak: bizi-indar indartsua dutenak eta bizi-indar ahula dutenak. Indartsu dabiltzan horietan erabilerak aurrera egingo du eta ahul dabiltzan horietan, berriz, atzera. Erdibidean dauden kasuak ugari izango dira eta horietan serio lan egin beharko da komunitatea indartze aldera.
ERABILERAREN BILAKAERA: Hurrengo urteetan ezinbestekoa izango da ezagutza maila %25 edo hortik gorakoa izatea, kale erabileran hazkunde aipagarririk gerta dadin.

Gaitasuna eta erabileraren arteko lotura
DENTSITATEA ERABAKIOR: Hizkuntza gaitasun egokia eta erabilera ohiturak sendotzeko berebiziko garrantzia du hiztunaren sarean dagoen euskaldun dentsitateak.
DENTSITATEA HANDITU BEHARRA: Erabileran hazkunde nabarmena gerta dadin, gizartean dagoen euskal hiztunen proportzioan aldaketa kuantitatiboa gertatzea ezinbestekoa da.
ERREPERTORIO HORNITUA: Errepertorioa behar bezain hornitua izateak hiztunari hizkuntzaz baliatzeko aukerak ugaritzen dizkio.
GAITASUN ERLATIBOA BEHARREZKOA: Erabileran eragin nabarmena duen faktoreetako bat GAITASUN ERLATIBOA da. Gaur egun, euskaraz mintzatzeko gaitasun erlatiboa ziurtatzen duen ezaugarri ia bakarra hiztunaren lehen hizkuntza euskara izatea da. Beraz, lehen hizkuntza euskara ez duten hiztunen gaitasun erlatiboa hobetzeko bideak sortu behar ditugu.

Irakaskuntza
HEZKUNTZAN ERABILERARI LEKU EGIN: Erabilera maila jakin bat izatera iritsi gabe, nekez bermatuko da hiztun baten hizkuntza gaitasuna. Hizkuntza bat ikasteko, beraz, ezinbestekoa da, ikasketa prozesuan erabilerari dagokion lekua eta eginkizuna aitortzea.
ESKOLAREN GARRANTZIA: Euskaldun proportzioa txikia den eskualdeetan eskola bidezko euskalduntzeak berebiziko garrantzia du. Hori da inguru hori euskalduntzeko bide nagusia eta maila horretako garrantzia aitortu behar zaio.
KOMUNIKAZIO GAITASUN TXIKIA: Eskola bidez euskaldundutako euskaldunak: formazio maila altukoak eta hizkuntza gaitasun txikikoak dira.
HIZTUN AKTIBO IZATEKO EZINTASUNA: Gaur egungo gazte gehienek duten hizkuntza gaitasunarekin nekez izango dira euskararen aldeko hiztun aktibo.
HIZKUNTZA ALDAEREN ERREPERTORIOA OSATU: Gaur egun, hiztun gehienek euskararen errepertorio oso murritza dute. Irakaskuntza da eredu normatiboaz jabetzeko gunea. Euskararen aldaera normatiboa ezagutu gabe sortzen diren aldaera informalak eta kolokialak ukipen linguistikoan eragin handia dute. Alternantzia linguistikoan, erdara da protagonista.

ZER EGIN BEHAR DUGU?

Normalkuntza egitasmoak

DISKURTSOA EGOKI BIDERATU: Euskararen erabileran eragitera bideratutako mezuak ongi zorroztu behar dira. Hartzaileak bere buruari egindako deia ikusi behar da mezuan. Bestela esanda, hartzaileei egokitutako mezuak kaleratu behar dira.

ERAGILEEN FORMAZIOA HOBETU: Erabilera indartuko duten egitasmoetan diharduten eragileen formazio maila emendatu beharra dago. Honek, besteak beste, soziolinguistikari lotutako ezagutza eta normalizazio egitasmoen inplementazioan trebatzea eskatzen du.

DIZIPLINARTEKOTASUNEZ JOKATU: Erabilera indartzea helburu duten egitasmoek diziplina zientifiko desberdinen ekarria aintzat hartu behar dute eta haien arteko uztardura bilatuz jokatu behar dugu.

BALIO ERANTSIA BILATU: Euskararen balio erantsia bilatu behar dugu normalkuntza lanetan. Honek berebiziko garrantzia du hainbat arlotan urratsak eman ahal izateko (etorkinen integrazioan edo enpresen salerosketetan, esaterako).

ERDAL ELEBIDUNAK HELBURU: Hiztun tipologiei erreparatuz, erdal elebidunak elebidun orekatu izatera iristeak berebiziko garrantzia duenez, laguntza egitasmo egokiak behar ditugu. Tipologia honetako hiztunei mintzatzeko aukerak eman behar zaizkie.

SORKUNTZA HEDATU: Hizkuntza sorkuntza helburu izango duten esparruak eta egitasmoak gorpuztu egin behar dira. Horrekin batera, sorkuntza hori gizarteratzeko aukera eraginkorrak eskaini behar dira.

ERABILERA AUKERAK OROKORTU: Irakaskuntzaz eta familiaz kanpoko esparruetan euskara erabiltzeko aukerak orokortu egin behar dira.

NERABE ETA GAZTEAK HELBURU: Nerabe eta gazteen artean erabilera eragiteko ahalegin berezia egin behar da.

SORKUNTZA ERAKARGARRIA EGIN: Euskara eskuragarri eta erakargarri bihurtuko duten kultur sorkuntza eta produktuen eskaintza zabala, atsegina eta erakargarria sustatu behar dira.

ERAKUNDEEN EUSKALDUNTZEA GOITIK BEHERA: Enpresetan indarrean jarritako normalizazio egitasmoek erakutsi dutenez, enpresen nahiz bestelako erakundeen euskalduntzea zuzendaritza organoen mailan dagoen gaia izatea lortu behar da.

EGOKITASUNAREN PRINTZIPIOARI ATXIKI: Normalkuntza lanetan diharduten eragileen hizkuntzaren zuzentasunaz gain, komunikagarritasunari eta egokitasunari ere erreparatu behar diote.

ATXIKIMENDUA INDARTU: Euskararekiko atxikimendua indartu egin behar da herritarren artean, euskaldunen artean batez ere.

EREMU BERRIETARA HEDATU: Eremu erdaldunetan ezin dugu euskaldunak ghettoetan elkartzera mugatu, esparru berrietara hedatzeko lana egin beharra dago.

Hizkuntza politika

DEFINIZIO BERRIAK BILATU: Erabilera orokortzeko balio izango duten egitasmoak abian jartzeko hizkuntza politikaren definizio berriak behar dira, erabilera erdigunean jarriko dutenak eta hiztunak erabiltzera eramango dituztenak. Eginkizun hori hizkuntza politikaren diseinu eta inplementazio maila guztietan uztartu behar da eta eragile orok hartu behar du aintzat.

EGIN ETA ERAGIN: Euskalgintzak bere indarrak EGITERA bideratu ditu. Indarra ERAGITERA ere bideratu beharko luke. Horrela soilik lortuko da euskara gaur egun presentziarik ez duen esparruetara iristea. Euskaltzaleen lobby-a eratu beharra dago.

OSAGARRITASUNEZ JOKATU: Erabilera ohituretan euskararen aldeko ohiturak sortu eta indartzeko instituzioak eta hizkuntza komunitatearen arteko osagarritasuna bilatu behar da. Bakoitza bere aldetik joanda eraginkortasun mugatua dute.

ETORKIZUN BALOREA EMAN: Euskarari etorkizun balorea eman behar zaio, horrek bakarrik mugi araziko ditu euskararen aurrean uzkur dauden sektoreak.

GAZTEEN PROTAGONISMOA HANDITU: Gaurko gizartean euskaldun gehienak belaunaldi gazteetan daude. Gazteek gizartean duten pisua, berriz, txikia da. Euskaldunok gure gazteei aukera eta protagonismoa emateko lan egin behar dugu.

KOMUNITATEA SENDOTU: Hiztun kopurua emendatzeak garrantzia handia baldin badu ere, komunitatearen iraupenari eta berritzeari berebiziko garrantzia aitortu behar diogu.

Transmisioa

GURASOEN LANA LAGUNDU: Euskarak presentzia txikia duen eremuetan euskaldun berriak (guraso baldin badira are gehiago) transmisio eragile bikainak gertatzen dira. Lan horretan lagunduko dieten baliabideak eskaini behar zaizkie normalizazio zerbitzuetatik.

FAMILIATIK HARATAGO HEDATU: Transmisioan eragiteko ahalegina familiatik haratago hedatu behar dugu. Kultur eragile nagusiak bere baitan hartu behar ditu.

Erabilera gizartean

ESKOLAZ KANPOKO ERABILERA AUKERAK: Euskararen erabilera eskola orduetatik atera eta ikaslearen eguneroko bizitzan txertatzeko, eskolaz kanpoko erabilera aukera atseginak bilatu behar dira.

Gaitasuna eta erabileraren arteko lotura

GAITASUN ERLATIBOA MUINEAN: Gazteen hizkuntza gaitasun erlatiboan eragin beharra dago. Horretarako, gazteen errealitatea osatzen duten esparruetan eragin behar da: irakaskuntza, lan mundua, komunikabideak, aisia, lagunartea…

Irakaskuntza

EZAGUTZA OROKORTU: Irakaskuntzaren bidez euskararen ezagutza sozialki orokortzea lortu behar da.

ESKOLAN EREDU NORMATIBOA: Eskolaren egiteko nagusia ikasleengan hizkuntzaren oinarriak eta euskararen eredu normatiboa behar bezala txertatzea izan behar du. Horrek, besteak beste, ikasleei egoerak eskatzen duenean euskara egokian mintzatzeko gaitasuna emango die, eta araua apurtu beharra sentitzen dutenean apurtzekoa.

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2003