Makroikerketa Soziolinguistikoei buruzko irakurketa kritikoa

zenbait nazioarteko ikerketa makrosoziolinguistikoetan, edo “makroetan�», euskararen egoera erlatiboa, hau da, beste hizkuntzekin alderatu eta horren araberakoa, nolakoa den azaltzen da

Artikulu honetan ikerketa makro hauetako batzuk bakarrik hartuko dira kontuan: Europako Batasunak (EB) azken urteetan zuzenean edo zeharka bultzatu dituen ikerketak, batik bat bertako “hizkuntza ez-ofizialak�» (eskualdekoak edo gutxiengoak, EBko deiturak erabiliz) eta hauen “hizkuntza taldeak�» aztertzeko bideratu direnak

Hizkuntza motak eta hizkuntza horien hiztun multzoak izendatzerakoan etengabe gertatzen den nahasketa terminologikoa handia da eta ideologikoki interpretagarria

Euskara bezalako hizkuntzak, “hizkuntza ez-ofizialak�» deitu beharko lirateke EBn; baina, zoritxarrez, ez da horrelako erabilerarik aurkitzen aipatutako edo bestelako argitalpenetan

“taldea�» zer den ulertu beharrean gaude, “hizkuntza taldea�» EBn nola kontsideratuko den ulertzeko. Hau ez da arazo terminologikoa, zuzenean ideologikoa baizik; terminologiaren aukerek batzuetan esanahi ideologiko bereziak adierazten baitituzte eta, bestetan, berriz, esanahi argirik ez dute adierazten

talde linguistikoak eta hauen hizkuntza gutxituak “arazo�» modura tratatu ohi dira, gizartearen eta pertsonen fenomeno erdi-patologiko modura; arazoak egoeraren alderdi negatiboak bakarrik azpimarratzen ditu, alderdi positiboak ezkutatuz

hizkuntza batekin loturiko talde ezberdinen arteko harremana zaila eta oztopoz betetakoa izaten da, estatuek ez dutelako “hizkuntza komunitate�» maila onartu nahi, nahiz eta zenbait argitalpenetan, teorian, hizkuntza bereko hizkuntza taldeen artean harremanak bultzatu

Harrigarria da, horren ondoan, nola azpimarratzen diren, adibidez:

hizkuntza ez-ofizialek, praktikan, gizartean etengabeko lehian diren hizkuntza ofizialekin parekotasunean funtzionatu beharra dute, nahiz eta horretarako oso egoera ezberdinean izan bi horiek

Identitateak adierazten dituelako, besteak beste: berezitasunak, ezagutzak, nahiak, helburuak, barne indarra, barne sorkuntza, elkartasuna, etab.; guztiak ezaugarri indartsuak dira hizkuntza komunitateak aurrera egiteko. Nahiz eta teorikoki horrela aipatu, badirudi praktikan ez dela horren erraz onartzen, hizkuntza eta hizkuntza komunitate batzuentzako: nola ulertu, bestela, euskal identitateari kanpotik jartzen zaizkion oztopoak?

Gauzak horrela, egoera nahiko nahasia eta nekeza da euskara bezalako hizkuntzentzat, EBko kokagunean ere

nola jar daitezke abiapuntu berdinean horren egoera ezberdinean dauden bi hizkuntza mota?

Aldizkariaren zenbaki honetako dosierrean zenbait nazioarteko ikerketa makrosoziolinguistikoetan, edo “makroetan�», euskararen egoera erlatiboa, hau da, beste hizkuntzekin alderatu eta horren araberakoa, nolakoa den azaltzen da. Aspaldidanik egiten dira mota askotako ikerketa makroak, 1960ko hamarkadaz geroztik batik bat, eta helburu ezberdinen pean bideratzen dira:

1) Batzuetan hizkuntza izan da ardatz nagusia eta, horrelakoetan, euskarari buruz, soilean, edo euskara hizkuntza erregionala, gutxiengoena, gutxitua, menpekoa, eta abarren inguruan mintzatzen da; besteetan, berriz, hiztun multzoa izan da ardatz hori eta, orduan, deitura ezberdinak erabiltzen dira: euskara hiztun taldeak edo euskaldun taldeak, euskal gutxiengo linguistikoa, euskal komunitatea, Euskal Herria, etab.
2) Deskribatzaileak dira, gehienetan, zenbait alderdiren arabera: hizkuntza familiak, hizkuntza tipologia, kokapen geopolitikoa, hiztun kopurua, ahozkoa / ahozkoa eta idatzizkoa den, hizkuntza estandarizazio maila, etab.; baina badira teorizazioan oinarrituta egin direnak ere: korpusa eta estatusa bereiztuz, bizitasun edo bizindar etnolinguistikoa, hizkuntza berreskuratzea, giza eskubideak, adibidez.
3) Batetik, batez ere helburu zientifikoaren pean egindakoak ditugu, inozenteak edo, ezagutza soziolinguistikoa areagotzeko; bestetik, batez ere helburu politikoaren pean bultzatu direnak, ez horren inozenteak, esate baterako, hartuko diren edo jadanik hartuta dauden zenbait erabaki justifikatzeko.
4) Batzuek hizkuntza guztiak (6.000 inguru, gehienen iritziz) jaso nahi dituzte; beste batzuek, ordea, hizkuntza gutxi aztertzen dituzte, baina gutxi horiek nahiko adierazgarriak izan daitezkeenak, prototipo gisa, guztien ordezkari modura hartuz.
5) Diziplina baten pean antolatu direnak; hizkuntzalaritzan sar daitezkeenak dira gehiengoak. Baita diziplinanitzak edo disziplinartekoak direnak ere, sozio-psiko-linguistikoak gehienetan.
6) Ikerlari, unibertsitate eta herri berezi batzuen inguruan garatu direnak daude; baita sakabanatuta egin direnak ere. Hau da, ikerketa makro mota askotakoak, eta mota ezberdinen artekoak ere, badaude. Hauetan, euskararen eta euskal komunitatearen presentzia ziurtatua egon ohi da, gehienetan.

Mereziko luke euskara, euskal komunitatea eta Euskal Herria sartuz kanpotik bideratu diren ikerketak nolakoak izan diren eta nolako emaitzak eman dituzten aztertzea; baina beste baterako utzi beharko dugu. Artikulu honetan ikerketa makro hauetako batzuk bakarrik hartuko dira kontuan: Europako Batasunak (EB) azken urteetan zuzenean edo zeharka bultzatu dituen ikerketak, batik bat bertako “hizkuntza ez-ofizialak�» (eskualdekoak edo gutxiengoak, EBko deiturak erabiliz) eta hauen “hizkuntza taldeak�» aztertzeko bideratu direnak. Hauen artean ondorengoak aukeratuko dira, soziolinguistika alorrean aipatuenak direlako, beharbada: 1) Europako Kontseiluak landu eta 1992an onartu eta argitaratutako European Charter for Regional or Minority Languages/Charte européenne des langues régionales ou minoritaires, 2) Europako Batzordeak agindua eta 1996an argitaratua: Euromosaic. Production et reproduction des groupes linguistiques minoritaires au sein de l´Union européenne, nahiz eta argitalpenean ondorengoa esan: “txostena Batzordeko zerbitzuen barne erabilerarako ezarri da. Publikoen eskura jarri bada ere, ezin da Batzordeko posizio ofizialaren azalpen modura hartu�», 3) ECMIk edo Gutxiengo Egoeratarako Europako Zentroak 1999an argitaratutako The cost-effectiveness evaluation of minority language policies: Case studies on Wales, Ireland and the Basque Country ikerketa.

EBko kontestuan azken urteetan hizkuntza ez-ofizialei ematen ari zaien lekua positiboa da, gutxienez, ez izatetik edo isiltasunatik � izatera edo presentziara pasatu direla uste dutelako. Hau nahiko berandu gertatu bada ere, ongi etorria eman beharrean gaude. Hala ere, ikusten den presentziak bereziegia dirudi; zalantzaz eta kontraesanez beteta dago. Euskara bezalako hizkuntzentzat, nolako presentzia eraikitzen ari den garrantzitsua delako, artikulu honetan alderdi kezkagarriak direnak azpimarratuko ditugu, hauek ezaguztuz, sartzen ari garen egoera nahiko berri honetan errazago mugitu ahal izateko. Bestalde, ikerketa hauen alderdi kezkagarri batzuk bakarrik hartuko dira kontuan hemen, orokorrak eta ideologikoak diren batzuk, hain zuzen ere:

1. Hizkuntza motak eta hizkuntza horien hiztun multzoak izendatzerakoan etengabe gertatzen den nahasketa terminologikoa handia da eta ideologikoki interpretagarria. Lehen puntu honetan, gehien erabiltzen diren deiturak jasoz, argitze lana egingo dugu:

· Argitalpen hauen izenburuetan argi adierazten da zein den aztergai komun nagusia: EBko “hizkuntza gutxiengoak�» (minority, minoritaire, minoritaria) eta “hizkuntza-talde gutxiengoak�». Hizkuntza hauek dira EBko hizkuntza ez-ofizial guztiak. EBn orain arte partaide diren estatuetako hizkuntza ofizialak dira, definizioz, EBko hizkuntza ofizialak ere (salbuespen gutxirekin), oraingoz behintzat; beste guztiak, hizkuntza gutxiengoak izango dira, definizioz. Horrela, EBn gehiago dira hizkuntza gutxiengoak hizkuntza ofizialak baino. Zentzu honetan, badirudi ez dela oso deitura egokia “hizkuntza gutxiengoa�»; egokiagoa litzateke zuzenean “hizkuntza ez-ofiziala�» deitzea, hobeto adierazteko zein den, funtzionalki, tipologia nagusia EBn: “ofiziala/ez-ofiziala�», inongo disimulurik gabe. Horrela, argiago adieraziko litzateke “hizkuntza ofizialaren�» ezaugarriak zeintzuk diren: hauek dituztenak eta besteek ez dituztenak, hain zuzen ere: derrigortasuna, presentzia normala eta bermatua, erabilgarria eta erabiltzekoa, etab. Honetaz, BAT aldizkariaren 44 eta 45 zenbakietako hitzaurre gisakoan ere hitz egin genuen.
· “Gutxiengo�» deiturak koantitatibotasuna eta erlatibotasuna adierazten du, bere kontrako terminoarekin alderatzen bada, batez ere: “gutxiengo/gehiengo�». Koantitatibotasuna ez da, ordea, adierazi nahi den esanahia; EBn ezingo litzateke gainera, zeren, esate baterako: katalan hizkuntzak 10 milioiko hiztun kopurua du, gutxiengo hizkuntzen artean sartzen badute ere; Daniera hizkuntzak, berriz, 6 milioiko hiztun kopurua du, eta hizkuntza ofizialtzat hartzen duten. Erlatibotasuna ere ez da adierazi nahi dena, zeren gutxiengoa/gehiengoa multzo baten partaidetasunaren arabera uler baitaiteke; esate baterako, lurralde batean partaidetza banatzeko moduaren arabera. Lurraldea maila ezberdinetan uler daiteke: EB, estatua, estatuaren eskualdea, etab. Gure kasuan, Euskal Herria (EH) hartzen badugu, euskara eta espainiera EHn nola banatzen diren erlatiboki aztertzean, hau ikus daiteke: euskarak gutxiengo lekua betetzen duela, erlatiboki, EHko biztanle guztiek ezagutzen eta erabiltzen ez dutelako, eta espainierak, berriz, gehiengoa, EHko biztanle gehienek ezagutzen eta erabiltzen dutelako. Gutxiengo deitura desegokiagoa da, ordea; esanahi koantitatiboa badu ere, esanahi koalitatiboa balu bezala erabiltzen da; hau da, gutxiengo deitura “ez-ofizial�» esanahiarekin erabiltzen da. Horrela, ez da soilik egoera erreala disimulatzen, baizik areago, egoera nahasten da; egoeraren ulermena eta azterketa eragozten da. Nahasketa honetaz BAT 44 zenbakiko hitzaurre gisakoan ere mintzatu ginen.
· Beste terminologia nahasketa bat ere badago hizkuntza gutxiengo eta gutxituen artean: gutxiengoaren esanahia batik bat koantitatiboa da; gutxituaren esanahia, berriz, koantitatiboa eta koalitatiboa ere bada. “Hizkuntza gutxitua�» izateak, txikiagotze eta murrizte prozesuaren ondorioz gertatzen den bizindar eskaseko hizkuntza dela esan nahi du, zentzu guztietan: linguistikoki, nahiko garatua eta eguneratua ez egotea; funtzionalki, nahiko egokitua eta baliagarria ere ez izatea; demografikoki, nahiko sare puskatuan gertatzea: adina eta belaunaldia, lurraldetasuna, arloa eta eremua, etab. Horregatik, agian, aipatutako argitalpenetan “hizkuntza gutxiengoak�» aipatzen dira gehienetan, eta oso gutxitan “hizkuntza gutxituak�»; gutxitu egoeran sartu gabe, egoera horren ardura isiltzea lortzeko izan daiteke hau, besteak beste. “Hizkuntza gutxitua�» terminoak “menpeko�» egoera baten bilakaeraren ondorioa adierazten du; menpekotasun kontzeptu hau ere, ordea, oso gutxitan aipatzen da, ziurraski ideologikoki ez komenigarria dela pentsatzen dutelako. Zentzu honetan, euskara EHn bertan hizkuntza gutxiengoa izateaz gain, hizkuntza menpekoa eta gutxitua ere bada.
· EBko hizkuntza ez-ofizialak aipatzeko “eskualde-hizkuntza�» deitura ere erabiltzen da: horrela gertatzen da 1992ko Kartan; ez, ordea, hurrengo argitalpenetan. “Eskualde-hizkuntza�» deiturak lurraldetasun mugatua eta kokatua adierazten du, hau da, EBn kokapen berezia duen hizkuntza. Zentzu honetan, estatuak ere uler daitezke EBn kokapen berezia betetzen duten eskualde modura. Horregatik, eskualde-hizkuntza deiturak egokiagoa dirudi, ideologikoki itxura neutroagoa azalarazten duelako. Baina, berriz ere, ez dela horren neutroa ikus daiteke, EBn ez baitira hizkuntza ofizialak inoiz horrela deitzen, baizik, bakarrik, ez-ofizialtzat hartzen direnak. Beraz, linguistikoki deitura neutroa zena, geopolitikoki esanguratsua bihurtu da, ideologizatu egin delako. Euskara bezalako hizkuntzak, “hizkuntza ez-ofizialak�» deitu beharko lirateke EBn; baina, zoritxarrez, ez da horrelako erabilerarik aurkitzen aipatutako edo bestelako argitalpenetan. Hala ere “hizkuntza gutxiengo�» izena erabili ordez, egokiago izan zitekeen “eskualde-hizkuntza�» deitzea EBn, horrek adierazpen itxaropentsuagoa baitakar. Edo, agian, “hizkuntza gutxitua�», EBn eta EHn egoera erreala zuzenago adierazteko.
· Jakina da EBko muga geopolitiko eta geolinguistikoen artean ez dagoela adostasunik; ezaguna da muga geopolitikoek estatuen arteko mugak adierazten dituztela ere. EBko eraikuntza prozesuan, estatuek dute oraindik botere nagusia; estatuek ezarri dituzte bertan dauden hizkuntzak, eta baita hizkuntzekin lotzen diren hiztun multzoak nola kontsideratu eta deitu ere. Hizkuntza ofizialekin ez dago arazo handirik, ez estatu batean kokatzen direnean (portugesa edo espainiera, adibidez), ezta estatu bat baino gehiagotan ageri direnean ere (alemaniera edo frantsesa, esate baterako). Egoera oso ezberdina da hizkuntza ez-ofizialak direnentzat. Hauekin lotzen diren hiztun multzoak aipatzerakoan, berriz ere erabilera nahasiarekin topo egiten dugu. Zentzu honetan, EBko argitalpen hauetan (bestelakoetan ere bai) gehien erabiltzen diren deiturak hauek dira: 1) frantsesak, britainiarrak, espainolak, alemanak, etab. Zuzenean estatuen izena hartzen da bertako hiztun multzo nagusiak aipatzeko, hizkuntza ofizialetako hiztun multzoak direlako; 2) “talde linguistiko euskalduna�», “talde linguistiko katalana�», etab. erabiltzen da, ordea, ofizialak ez diren hizkuntzen hiztun multzoak aipatzeko; “taldea�» da, beraz, onartzen den analisi eta aplikazio maila.

2. Baina “taldea�» zer den ulertu beharrean gaude, “hizkuntza taldea�» EBn nola kontsideratuko den ulertzeko. Hau ez da arazo terminologikoa, zuzenean ideologikoa baizik; terminologiaren aukerek batzuetan esanahi ideologiko bereziak adierazten baitituzte eta, bestetan, berriz, esanahi argirik ez dute adierazten. Adibidez:

· TALDEA horrela uler daiteke: 1) gizarteko edozein aplikazio maila hartzen dela ere (EB, estatuak, hizkuntza komunitateak, etab.), horretan orokorragoa den multzoaren azpimultzoa izango da; horregatik deitzen zaio taldea, “talde linguistikoa�», kasu honetan: zatia adierazten duelako eta ez osotasuna; zerbait partziala eta ez orokorra. 2) Talde batzuk luzaroan iraunkorrak izaten badira ere, gehienetan ez da hori gertatzen. Fenomeno sozial esporadikoak izan ohi dira, esate baterako, soldadutzaren kontrako taldeekin edo talde feministekin gertatzen den bezala. Agian, horregatik daude talde linguistikoen hizkuntza gutxituak desagertzeko zorian, edo horregatik da erraza hortaz mintzatzea, fenomeno normal modura hartuz. 3) Beren neurrien presentzia ziurtatzeko, neurriren baten ikusgarritasuna (bisibilitatea) agertu behar badute, ikusgarritasuna eta presentzia eskasa eta esporadikoa izan daitezke; horregatik onartzen dira ez agertzeak ere normaltasun osoz. Horrela, talde linguistikoetako hiztunek batzuetan bakarrik erabiltzen dute beren hizkuntza gutxitua modu naturalean; hori da gehien espero daitekeen fenomenoa. 4) Honegatik guztiagatik, taldeak erdi-beharrez eta erdi-nahiez sortzen diren fenomenotzat onartzen dira: gizarteko behar batzuekin lotzen dira. Behar sozial horiekin lotzea, ordea, gizabanakoaren aukera da; honek, taldeak sozialki ez-derrigorrezkoak eta soilik pertsona mailan hautazkoak izaten laguntzen du. Horrela, talde linguistikoen hiztunen zeregin nagusia pertsona mailakoa litzateke, eta ez gizarte mailakoa. 5) Horregatik, talde linguistikoak eta hauen hizkuntza gutxituak “arazo�» modura tratatu ohi dira, gizartearen eta pertsonen fenomeno erdi-patologiko modura; arazoak egoeraren alderdi negatiboak bakarrik azpimarratzen ditu, alderdi positiboak ezkutatuz. Horregatik, EBn, nahiz eta hizkuntza ez-ofizialei eutsi eta teorikoki, batzuetan, garatu beharreko ondare eta altxor kultural moduan deklaratu, praktikan, gehiago egiten da horiek desagertzeko garatzeko baino. Horrela bukatu nahi da arazoarekin; euskaldunok badugu esperientzia honetan.
· HIZKUNTZA TALDEA, berriz, oso era berezian kontsideratzen da EBn. Adibidez: 1) “hizkuntza talde�» batek ez ditu jasoko, nahitaez, hizkuntza ez-ofizial bakoitzaren hiztun multzo guztiak hiztun multzo bakar gisara. Estatu ezberdinen arteko muga geopolitikoen arabera eta/edo estatu barnean ezarri diren eskualde juridiko-administratibo ezberdinen arabera hartuko ditu. Zentzu honetan, ondoko hizkuntza ez-ofizialen tipologia eskaini daiteke: (1) talde linguistiko bakarreko hizkuntza ez-ofiziala; adibidez, Waleseko “gaeliko taldea�» Britainia Handian; (2) estatu bat baino gehiagotako talde linguistikoen artean banatzen den hizkuntza ez-ofiziala; esate baterako, “okzitaniera taldeak�» Frantziako, Espainiako eta Italiako estatuetan; (3) estatu bat baino gehiagotako hizkuntza ez-ofiziala, eta estatu barnean ere lurralde administratibo ezberdinetako talde linguistikoen artean banatzen dena; hori gertatzen da euskararekin, “euskal taldeak�» ikusten baitira bai Frantziako eta Espainiako estatuetan, baita Espainiako estatuan bi Erkidego Autonomoetan banatuta ere; (4) bestalde, “hizkuntza talde�» moduan hartzen da hizkuntza ofizial bateko hiztun kopurua ere, beste hizkuntza ofizial bat duten estatuetan kokatzen direnean: esate baterako, “alemaniar taldeak�» Belgikan, Frantzian, Italian eta Dinamarkan. Nahiz eta hizkuntza talde hauek ezberdinak izan alderdi gehienetan (historikoki, juridikoki, politikoki, sozialki, ekonomikoki, demografikoki, soziolinguistikoki, etab.), berdinak balira bezala tratatzen dituzte EBn eta EBko argitalpenetan. 2) Horrela, erraz gerta daiteke taldetasuna eta lurraldetasuna beraien artean ez lotzea. “Hizkuntza taldea�» definitzerakoan, EBn historikotasuna eta lurraldetasuna kontuan hartzen badira ere, honen erabilera erabat malgua da praktikan; esate baterako, Nafarroan “euskal taldearekin�» horrela gertatzen da, eta bertan hiru azpilurralde linguistiko markatzen dira. 3) Gainera, hizkuntza taldea ez da talde mota berezi moduan hartzen; beste edozein gizarte-talde moduan hartzen da, bai teorikoki eta baita praktikoki ere. Horrela, ez dago zalantzarik hizkuntza taldeak dituen ezaugarriak nolakoak diren; hauetako batzuk aipatu ditugu artikulu honetan. 4) Soziolinguistikan horren zabaldua den “hizkuntza komunitate�» kontzeptua ere, analisi eta aplikazio maila moduan berezia kontsideratuz, ezinezkoa gertatzen da EBn; kontzeptu hau modu anbiguoan erabiltzen da EBko argitalpenetan aipatzen den kasu gutxietan: (1) batzuetan, edozein hizkuntzarekin erabil daitekeelako: “alemaniar hizkuntza komunitatea�», “hizkuntza komunitate frantsesa�», edo “euskal hizkuntza komunitatea�», adibidez; (2) besteetan, berriz, gertuko harreman sare gisa erabiltzen delako, eta ez aplikazio gisa, esate baterako, estatu eta talde mailan; (3) analisi eta aplikazio maila berezi gisa, behar lukeen bezala, oso gutxitan erabiltzen da; horrela egiteak, alde batetik, hizkuntza talde bakoitza berezia dela eta bereziki tratatzea justifikatua dagoela erakusten du; eta bestetik, berriz, hizkuntza talde guztiak berdinak balira bezala trata daitezke, EBn eta EBko estatuetan, bakoitzaren komenientziaren arabera aukera gehiago emanez. Ondorioz, hizkuntza batekin loturiko talde ezberdinen arteko harremana zaila eta oztopoz betetakoa izaten da, estatuek ez dutelako “hizkuntza komunitate�» maila onartu nahi, nahiz eta zenbait argitalpenetan, teorian, hizkuntza bereko hizkuntza taldeen artean harremanak bultzatu behar direla esaten den; berriz ere, esan behar da, hau guztia ondo ezaguna dugula bertan, euskal komunitatean. 5) Hala ere, hizkuntza komunitate maila anbiguoa da soziolinguistikaren tradizioan ere, eta ez da nahikoa hizkuntza ez-ofizialak zer diren eta zer izan nahi duten ondo ulertzeko; alderdi honetatik, “herri�» maila erreibindikatzea komeni da. Zentzu honetan, euskaldun multzoa aipatzeko, zuzenean “Euskal Herria�» deitzea litzateke onena.

3. Aipatutako argitalpenetan kontraesanak ugariak dira: batzuk nahiko esplizituki azaltzen dira, eta beste batzuk, berriz, nahiko inplizituki gordetzen dira. Honek azterketa sakonagoa ere merezi du: 1) gertatzen zaiguna hobeto ulertzeko eta gerta daitekeena azkarrago aurreikusteko; 2) baina, gehienbat, besteengandik zer jaso daitekeen hobeto ulertuz, hizkuntza komunitatean bertan berezko estrategiak ireki ahal izateko. Nahasketa eta/edo anbiguitate hauen artean, ordea, batzuk bakarrik aztertuko dira hemen, adibide gisa:

· Juridikotasunaren erabilera. Ezaguna da errealitate sozial guztiak ez direla juridikoki eratzen eta, askotan, eratzen direnean gizartean arazoak direlako eratzen direla, hizkuntzen kasuan bezala: estatuetako konstituzioetan, autonomi estatutuetan, edo EBko 1992ko Kartan. Espainiako Konstituzioan, adibidez, bi hizkuntza mota bereizten dira: 1) espainiera, hizkuntza ofizial bakarra estatu guztiarentzako, eta, horregatik, derrigorrezkoa + eskubidezkoa guztientzako; 2) autonomi elkarte batzuetan dauden berezko hizkuntzak (euskara, katalana, galiziera), beren eskualdeetan ko-ofizialak izango direnak, baina eskubidez bakarrik, ez derrigorrez, mundu juridikoan hautazkoa kontsideratzea erabat ezohikoa bada ere. Frantziako Konstituzioan, berriz, orain gutxira arte ez zen hizkuntzekiko ezer aipatzen, hizkuntzekiko isiltasuna egon zitekeelako; baina arazoa handitu zenean, Konstituzioa aldatu zuten, hain zuzen ere, hizkuntzarekiko aipamena sartzeko; orduan, frantsesa zela frantziar estatuko hizkuntza ofizial bakarra esaten zen, horrela errazago izango baitzitzaien EBko 1992ko Karta sinatzea. Horregatik, ez da harritzekoa EBko Karta derrigorrezkoa ez izatea partaide diren estatuentzako; hala ere, estatu gehienek sinatu dute beren jarrera demokratikoa azaleratu nahian, horrekin hartzen zuten erantzukizuna handiegia ez zelako.
· Teorian defendatzen direnen eta praktikan egiten direnen arteko kontraesan ugariren artean, bat “hizkuntza aniztasuna�» eta “kultur aniztasuna�» kontzeptuak ondare eta altxor gisa tratatzerakoan azaltzen da. Askotan aipatzen diren ondare eta altxor horiekiko babesa eta garapena ziurtatzearen beharra ere azpimarratzen da. Baina badirudi geroz eta gehiagotan aipaturiko hori guztia, orduan eta gutxiagotan hartzen dela kontutan praktikan. Berriz ere, horrelako aipamenak (juridikoak direnak barne) ugariak dira mota ezberdinetako argitalpenetan: estatu mailako konstituzioetan, autonomi elkarteko estatutuetan, EBko 1992ko Kartan, eta EBko hizkuntzen inguruko edozein txostenetan. Harrigarria da, horren ondoan, nola azpimarratzen diren, adibidez: 1) hizkuntza eta hizkuntza talde bakoitza adi izan behar dela, barneko babesaz eta garapenaz gain ezin delako kanpotik gehiegi espero, bakoitza izango baita bere etorkizunaren arduradun eta erantzule. 2) Gutxiengo hizkuntza gutxituak historikoki debekatuak eta jazarriak izan direla aitortu arren, egoera horren errudun izan diren estatuak, gaur egun eta etorkizunean ere, inongo konpentsazio edo eginbeharrik gabe azaltzen dira. 3) Horregatik, hizkuntza ez-ofizialek, praktikan, gizartean etengabeko lehian diren hizkuntza ofizialekin parekotasunean funtzionatu beharra dute, nahiz eta horretarako oso egoera ezberdinean izan bi horiek.
· Etorkizunarekin lotzen direnak. Helburuak, plangintzak, eginbeharrak, ebaluaketak, etab., egungo ideologi neoliberal gogorrenarekin lotzen dira. Horregatik, salbuespenik eta baldintzarik gabeko lehian ondoen mugitzen diren hizkuntzak eta hizkuntza taldeak izango dira etorkizuna ziurtatuko dutenak. Horretarako, obsesiboa gertatzen da ebaluaketa egiteko erabiltzen den eraginkortasun kontzeptua: eraginkorren gertatzen diren hizkuntza eta hizkuntza taldea izango dira, irabazi eta iraungo dutenak izateaz gain, gehiago bultzatu eta lagundu behar direnak ere, eraginkortasunaren indizea handituz. Hau guztia, aparatu eta tresneri ugarirekin loratzen da, bai teorikoki eta baita enpirikoki ere, eredu matematikoak eskainiz. Horren adibide argia Grin & Vaillancourt (1999) autoreen argitalpenaren balorazioari buruzko azken kapitulua da: 1) zein ezaugarri edo baldintzaren arabera, eta nola eginez lor daitekeen arrakastatsu gertatzea; 2) kostu-eraginkortasun erlatibo indizearen arabera. Zazpi baldintza hauek aztertzen dituzte: (1) aurrebaldintza politikoa, hizkuntz-politikaren eta plangintzaren helburuen arabera, hizkuntzaren erabilera beti ardatz izanez; (2) gizarteko baliabide ekonomikoen eta sinbolikoen birbanatze helburuekiko baldintza; (3) normalitate politikoaren baldintza; (4) inplementazioaren eraginkortasun teknikoaren baldintza; (5) prezio erlatiboaren baldintza; (6) gizabanako mailan, hizkuntzaren mantentze eta atxikimendu baldintza; (7) aukera zorrotzaren baldintza. Ikusten den bezala, baldintza edo ezaugarri kualitatiboak dira, nahiz eta kuantitatibotasuna ere kontuan hartzen duten kasu hauetan, behintzat: kostua eta errendimentuaren arteko indizeak erabiltzerakoan; honen arabera eraginkortasuna ulertzerakoan; kuantitatibotasunari balio kualitatiboa ere emanez, batez ere hizkuntza gutxiengoak, menpekoak, gutxituak, eta ez-ofizialak aztertzerakoan.
· Argitalpen honetan eta besteetan, obsesiboki errepikatzen direnak dira honako ideia hauek: 1) estatuen errola ez dela plangintzatzea, gizarte zibilak plangintzatzen duena bultzatzea baizik, “estatu-probidentziatik�» � “ahalbidezko estatura�» igaro garelako. Hala ere, oraindik behintzat, estatuak dira hizkuntzen eta hiztunen politika linguistikoak egin eta martxan jartzen dituztenak. 2) Gizarte zibila dela protagonista nagusia nahi duena egiteko, multzo eta talde bakoitzak bere gidaria izanez; baina, berriz ere, praktikan alderantzizko joerak ikusten dira. Euskararen eta euskal herriaren kasuan, erraz ikus daiteke nolako kontraesan egoeran bizi garen, teorikoki esaten direnak eta praktikan egiten direnak erkatzen baditugu. Gure kasuan, estatu espainiarrak eta frantsesak, pakean ez uzteaz gain, oztopatu egiten gaituzte, lagundu edo bultzatu ordez.
· “Identitatea�» da askotan aipatzen den beste kontzeptu bat, edo “identitate etnolinguistikoa�» (literaturan erabiltzen den terminologia hemen ere erabiliko bagenu), gezurra badirudi ere, zenbait zentzutan duen garrantziarengatik: 1) identitatearekin lotzen diren atxikimendu, leialtasun eta antzeko kontzeptuak beharrezkoak direlako: hizkuntza ez-ofizialak eta hauen hizkuntza komunitateak orain arte nola iraun duten, eta etorkizunean ere nola iraun nahi duten ulertzeko. 2) Identitateak jasotzen duelako talde, multzo, hizkuntza komunitate edo herri baten historizitatea; alde batetik, historia horren ondorio izanez, eta bestetik, etorkizunerako sortzaile ere badelako. 3) Identitateak adierazten dituelako, besteak beste: berezitasunak, ezagutzak, nahiak, helburuak, barne indarra, barne sorkuntza, elkartasuna, etab.; guztiak ezaugarri indartsuak dira hizkuntza komunitateak aurrera egiteko. Nahiz eta teorikoki horrela aipatu, badirudi praktikan ez dela horren erraz onartzen, hizkuntza eta hizkuntza komunitate batzuentzako: nola ulertu, bestela, euskal identitateari kanpotik jartzen zaizkion oztopoak?
· Neoliberalismo eta neoliberalismoaren kontrako joerak aldi berean aplikatzen dira, eta hori kontraesan handienetakoa da. Hau da, alde batetik, hizkuntza eta hizkuntza talde bakoitzak gai den neurrian hartu behar du parte lehian; baina, hizkuntza eta hizkuntza talde batzuek eskua sartu eta inposizioak sor ditzakete beste hizkuntza talde batzuetan, hauek oztopatuz; gainera, oztopogileak hizkuntza ofizialak eta hizkuntza talde nagusiak eta menperatzaileak dira eta, alderantziz, oztopatuak hizkuntza ez-ofizialak eta hizkuntza talde gutxituak eta menpekoak. Hau guztia, talde, hizkuntza komunitate edo herri mailan sartuz, menperatzaile/menpeko taldeen arteko botere erlatiboaren arabera ulertu beharra dago, aldizkariaren 44. Zenbakiaren hitzaurre gisakoan esaten zen moduan.

Gauzak horrela, egoera nahiko nahasia eta nekeza da euskara bezalako hizkuntzentzat, EBko kokagunean ere. Badirudi esaten diren hauek EBko hizkuntza guztientzako direla, eta EBko ideologia hori dela ez-ofizialak eta ofizialak diren hizkuntzentzako ere; esplizituki, ordea, hizkuntza ez-ofizialei buruzko argitalpenetan azaltzen da: zergatik horrela? Gainera, nola jar daitezke abiapuntu berdinean horren egoera ezberdinean dauden bi hizkuntza mota? Praktikan aplikatzen dena, zergatik da ezberdina hizkuntza ofizialekiko eta ez-ofizialeko? Zenbat galdera sortzen zaizkigun argitalpen hauek irakurtzerakoan! Horregatik, besteak beste, oso garrantzitsuak dira: 1) jasotzen ditugun ideologiak, teorizazioak, proposamenak, etab. nahiko begi kritikoekin ikus ahal izatea; hau da, kanpotik datorkiguna prebentzioz hartzea; 2) bertan, edo barrutik, sortzeko ahalmen nahikoa gordetzea, eta barne askatasun teorikoa eta enpirikoa bultzatzea, egoera honetan euskararen normalizaziorako bidearekin asmatu nahi badugu. Hau da, hain zuzen ere, aldizkari honen helburuetako bat.

BIBLIOGRAFIA

Council of Europe/Conseil de l´Europe (1992). European Charter for Regional or Minority Languages/Charte européenne des langues régionales ou minoritaires. Strasbourg: Council for Europe.

Grin, F. & Vaillancourt, F. (1999). The cost-effectiveness evaluation of minority language policies: Case studies on Wales, Ireland and the Basque Country. Flensburg: Europear Centre for Minority Issues (ECMI).

Nelde, P., Strubell, M. & Williams, G. (1996). Euromosaic. Production et reproduction des groupes linguistiques minoritaires au sein de l´Union Européenne. Luxembourg: Commission Européenne.

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Europa
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003