Hiru enpresatako erabileralplanen azterketa Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzaren bidetik

prozesua era globalean jasoko duen beste kontzeptu bat behar da

Markoren ustez, iturri gehiagotatik edan behar dugu, besteak beste, antropologia, ingeniaritza, kudeaketa/management, pedagogia, psikologia, psikologia soziala, soziologia, soziolinguistika; eta diziplina zientifiko berria sortu: Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza

Pertsonen mailatik (euskara ikasi) erakunde osoaren mailara pasatu gara, eta, horrekin batera, eragin nahi den plano bereko mekanismoak erabili behar direla jabetzera

Sustatzaile nagusiak langile euskaldunak izan dira hiru enpresetan, baina ezinbestekotzat jo dezakegu zuzendaritzan babes minimoa izatea

Arazoei aurre egiteko modurik eraginkorrena, aurrea hartzea da; eta enpresak horretaz jabetu dira: kontratazio politika egokia erabili etorkizuneko arazoak saihesteko

hizkuntzen oreka berria bermatuko duen sistematika lortzeko ari dira hirurak lanean. Baina, desberdintasunak dira bidean

Sistematika hori beharrezkoa da plana eusgarria eta atzeraezina bihurtzeko, eta beharrezkoak baino ez diren baliabideak erabili behar dira lortutako kontsentsuak betetzeko; sistematika hori enpresaren neurriko izan dadin, ezinbestekoa da arduradunen parte hartzea, alegia, parte hartze kualitatiboa

planak aurrera egiteko, pausoak “gizendu�» egin behar dira (eman aurretik edo ondoren). Gizentze hori zertan datza? Hizkuntzak (erabakiak edo arauak) sortutako beldurrak uxatu (erdaldunenak ez ezik euskaldunenak ere), praktikan gatazkarik ez duela sortzen ikusarazi, eta emandako edo eman beharreko pausoak ulergarri egin

gora egin dute adierazle guztiek, baina ahozkoak ez horrenbeste

interesgarria izango litzateke Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren dirulaguntza-deialdiko ereduen koadroan bi gako horiek azaltzea, borondatez lantzeko ildo gisa besterik ez bada ere. Batetik, lan-postuen eskakizuna eta kontratazio politika zehaztea; eta, bestetik, ahozko informala jorratzeko neurriak sustatzea

Lehenagotik eraikita dauden ohiturak eta egiturak aldatzea oso zaila da; horregatik, arreta behar du enpresaratuko diren langile berrien sarrerak (giza-baliabideak); eta, zergatik ez, enpresa euskaldunak sustatzeak. Bide horretan, ezinbestekoa da fakultateak edo lanbide heziketako eskolak aktibatzea

SARRERA

Artikulu hau aurretik egindako lan baten laburpena da, eta, aldi berean, garapena. Oinarrian Hiznet[1] ikastaroan egindako sakontze lana dago, hain zuzen ere, “Lan-mundua berreuskalduntzeko marko teoriko-metodologikoaren bila: hiru erabilera-planen azterketa eta ondorioak�» (Urdangarin 2002); baina artikulua egiteko proposamenak gehiago sakontzeko aukera eman digu. Horien fruitua da eskuartean duzuena.

Hasierako lanean, AZTI Fundazioa, MAIER Taldea eta ELAY Taldeko erabilera-planen informazioa jaso genuen, eta J. Ignazio Marko Juanikorena izan genuen tutore. Datu bilketarako, hark proposatutako galdetegia erabili genuen (Marko 2001), eta analisiaz gain, sarrerako atalak ere gehitu genizkion: erabilera-planak zer diren eta zergatik lan munduan, aurrekariak, egungo egoera...[2]

Artikulu honetarako, baina, guztia berridatzi eta puntu hauetara ekarri dugu: galdetegiari buruzko azalpenak, enpresen ezaugarriak labur, erantzunen analisia eta eztabaidarako gakoak.

Irakurtzean jabetuko zarete, lanaren ekarpena erabilitako tresnan datzala. Hain zuzen ere, analisirako marko estandarra erabiltzeak, planen deskripzioa ez ezik, haien alderaketa egitea ere ahalbideratu digu. Era berean, mugak ere badituela ikusiko duzue; izan ere, hiru plan dira, eta bakoitzeko iturri bakarrarekin lan egin dugu. Ikerketa berriek berretsi beharko dituzte hemen irakurriko dituzuenak.

Sarrera ezin bukatu eskerrak eman gabe: lehenik, J. Ignazio Markori; bigarrenik AZTI eta MAIERri; eta, azkenik, bereziki, ELAY Taldeari eta Elhuyar aholkularitzari, haien lana, ikerketa eta informaziorik gabe ezingo baikenuen gurea egin.

MARKO TEORIKO-METODOLOGIKOAREN BILA: HIZKUNTZA PROZESUEN INGENIARITZA DIZIPLINA ZIENTIFIKO BERRIA

Lan-mundua euskalduntzeko aurreneko egitasmoek 70eko hamarkadara garamatzate, Debagoienako kooperatibetan sortutako Euskara Batzorde eta eskoletara. Haiek izan ziren hastapenak eta ondoren etorri ziren, 1978an, Euskaltzaindiaren “Euskararen liburu zuriak�» faktore sozio-ekonomikoei egindako aipamena, eta 1982an, ELAY Taldeak hartutako aurreneko bi erabakiak: errotuluak eta barne-funtzionamendurako agiriak bi hizkuntzetan izatea, euskarari lehentasuna emanez. Hamar urte geroago, enpresa horrek berak martxan jarri zuen aurreneko plana; eta, gaur egun, hirurogei bat esperientzia garatu ondoren, metodologia bat badugula esan dezakegu.

Hain zuzen ere, metodologia horren inguruko hausnarketa egin du J. Ignazio Markok, eta haren iritziz, metodologikoki, plangintzaren teoriatik eta organizazioaren kudeaketatik edaten ari gara bereziki, eta, ondorioz, erabili ohi ditugun “mikroplangintzak�» edo “hizkuntzaren kudeaketa�» kontzeptuek ez dituzte planaren baitan diren prozesu guztiak jasotzen, osotasunaren atalak baizik.

Horregatik, prozesua era globalean jasoko duen beste kontzeptu bat behar da, sistemen barruko erabilera prozesuen baitan kokatuz eta egoera espezifikoetarako soluzio egokiak landuko dituena. Bide batez, ikerketa zientifikoaren emaitza, prozedura teknologiko bihurtuko duena.

Horretarako, Markoren ustez, iturri gehiagotatik edan behar dugu, besteak beste, antropologia, ingeniaritza, kudeaketa/management, pedagogia, psikologia, psikologia soziala, soziologia, soziolinguistika; eta diziplina zientifiko berria sortu: Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza. Diziplina horrek hizkuntza eraldaketa lortu nahi du, egitura eta prozesuetan eraginez eta beharretara egokitutako ingeniaritza soluzioak sortuz.

Diziplina honen kontzeptuen markoa eraikitzeko, ikerketa-ekintza darabil, laborategikoak errealitatean frogatuz, eta egindakoaren gainean hausnartuz. Horretarako hartu dituen bideak: batetik, interbentzio propioa garatu eta eredua teorizatu (EusLAB egitasmoa,...); eta, bestetik, interbentzio guztien analisirako baliagarria den deskripzio markoa eraiki.

Interbentziorako egindako proposamena oso interesgarritzat jotzen badugu ere, ez dugu orain horretan sakonduko (Marko 2000); bai, ordea, gaur egungo erabilera- planak sistematikoki aztertzeko eskaini duen analisi-markoan.

Analisirako tresna horrek sei galdera ditu ikerketa egiteko beharrezkoa den informazioa lortzeko. Horiekin deskripziorako markoa eraiki nahi du, eta ikerketak egiteko beharrezkoak diren oinarrizko ezagutzak zehaztu: gehien errepikatzen diren gaiak, arazo berriak, problematika erabakigarriak..., eta, horrekin guztiarekin, orokortu eta marko teorikoa eraikiko duten irizpideak lortu; alegia, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzari ekarpen teorikoak egin.

Galdetegi hori da hiru planak aztertzeko erabili dugun tresna. Teknikariei aurkeztu diegu, eta elektroposta eta zuzeneko elkarrizketen bidez erantzunak jaso ditugu. Ikus dezagun baina, zehatz-mehatz nolakoa den galdetegia:

1. Zer lortu nahi da?
(Hizkuntza eraldaketa)
  • Eraldaketa
  • Giza-portaerak
  • Portaera organizazionala
2. Non lortu nahi da?
(Sistemetan)
  • Sistemak
  • Kulturak
  • Organizazioak eta egiturak
  • Baloreak eta politikak
3. Zertarako lortu nahi da? (Eskaera sozialari erantzuna)
  • Gizarte-organizazioak erlazioa
  • Demanda soziala
  • Intangibleen balorea
     
4. Nork sustatu du?
(Aldaketaren sustatzailea)
  • Eragile exogenoak
  • Eragile endogenoak
  • Motibazio mailak eta garrantzia
  • Lidergoa
  • Jarrerak eta portaerak
  • Eraldaketarekiko erresistentzia
  • Eragileen arteko botere erlazioak
  • Konfliktoa eta negoziazioa
5. Nola lortu nahi da? (Eraldaketaren inplementazioa)
  • Plangintza: ereduak-metodologiak
  • Estrategiak
  • Kudeaketa, ereduak eta protokoloak
  • Kalitatea eta etengabeko hobekuntza
  • Prozesuen analisia eta hobekuntza
  • Ekipo-lana
  • Marketing eta komunikazioa
6. Zer lortu da?
  • Ebaluazio sistemak
  • Emaitzen analisiak
  • Adierazle motak eta sistemak

ENPRESEN EZAUGARRIAK

Erabilitako tresna aurkeztu ondoren, eta erantzunetara pasatu aurretik, enpresen berri emango dugu testuingurua osatzeko. Horretarako, haien ezaugarri nagusiak aurkeztuko ditugu:

 

AZTI Fundazioa

MAIER Koop. E. eta Maier Tecnology Center (MTC)

ELAY Taldea

Kokapena: Sukarrieta (Bizkaia) eta Pasaia (Gipuzkoa).

Izaera: Fundazioa

Jarduera: I + G Arrantza- eta elikadura-sektoreen gizarte- eta ekonomia-garapenean dihardu, bai eta itsas ingurunearen eta natura-baliabideen babes-lanean ere

Langile kopurura: 120

Ziurtagiriak: UNE EN ISO 9001:2000; Zentzumen eta Biokimika laborategientzat UNE EN ISO 17025

Erabilera-plana: Elhuyar 2002 Planak egitura berezia du enpresan txertatzea lortzeari begira

http://www.azti.es

Kokapena: Ajangiz (Bizkaia)

Izaera: Kooperatiba

Jarduera: Automobilgintzako, etxetresna elektrikoak egiteko eta kontsumoko elektronikako osagaiak eta azpi-osagaiak

Langile kopurura: 750 eta 125

Ziurtagiriak: ISO/TS 16949; ISO 14001

Erabilera-plana: Elhuyar 1998 Bi garai izan ditu planak: lehenengoan, langile euskaldunez osatutako “hobetaldetxuak�» osatu ziren erabilera bultzatzeko, eta gidaritza lana Euskara Hobetalde batek egin zuen; bigarren fasean, plana kooperatibaren gestioan txertatzea da lehentasuna

http://www.maier.es

Kokapena: Antzuola (Gipuzkoa)

Izaera: Elkarte Anonimoa

Jarduera: Ebaketa zehatza, doitasunezko trokelak, gain-moldaketa eta tratamenduak

Langile kopurura: 282

Ziurtagiriak: (E.I. Elay industrial.- T: Trokelay .- S Seytra) (E:I) UNE EN ISO 9002:1994; UNE ISO/TS 16949:2000,;(T; S)UNE EN ISO 9001: 2000; Inguru giroa : (S) UNE EN ISO 14001:1996; (E.I, (T) Ekoscan programa; Prebentzioa: UNE 81900EXP irizpideak ezarrita

Erabilera-plana: Elhuyar 1992 Hiru garai izan ditu planak: lehenengoan, komunikazio zirkuluak eta kanpoko aholkularitza ziren oinarriak; bigarrenean, aholkularitza utzi, Euskara Batzordea osatu eta sistematizazioaren bila joan ziren prozedurak idatziz; eta hirugarrenean, sistematizazioaren ezarpena lortu dute kalitate sailaren bitartez

http://www.elay.com

GALDEREI EMANDAKO ERANTZUNETATIK ATERATAKO ONDORIOAK

Atal honetan, jasotako erantzunen analisia egingo dugu. Horretarako sintetizazio lan handia egin behar izan dugu.

Galderaz galdera egingo dugu. Hasieran, koadro batean, jasotako ideia nagusiak, eta ondoren, horien analisia.

 

1. ZER LORTU NAHI DA?

AZTI Fundazioa
Maier E.Koop /MTC
ELAY Taldea
3 urterako helburua: euskararen erabileraren hazkunde eusgarria erakundean.
Jarrerak aktibatu
Hizkuntza gaitasuna areagotu
Pauso eusgarriak eta atzeraezinak.
Zerbitzua euskaraz ere eman.
(1.plangintzaldia)
Euskara erakundearen lan hizkuntza nagusia izatea.
(2. plangintzaldia)
Erakundearen eta erakundea osatzen duten lagunen kultur aldaketa, euskararentzako eragile aktibo bihurtu.
Barne harremanetan: Euskaraz lan egin.
Kanpo harremanetan: Bezero zein hornitzaileekin harremanak euskaraz izan daitezen sistematika bat garatzea.

 

Analisia

Idatzitako helburuak irakurtzean bi idazkera ikus ditzakegu: batetik, ELAYrena eta MAIERren lehenengo plangintzaldikoa; eta, bestetik, MAIERren bigarrena eta AZTIrena. Lehenengoek esaldi labur bakarra erabili dute helburu nagusia adierazteko, eta hainbat azpi-helburu jorratu beharreko arloak zehazteko; bigarrenekoek, berriz, esaldi nagusia luzeagoa egiten dute eta prozesuaren izaerari erreferentzia egiten diote. Esate baterako, erakundearen kulturan aldaketa, pertsonen jarrera aktiboa, eusgarritasuna eta atzeraezintasuna.

Horrek bi gauza adierazten dizkigu:

Bat. Garai desberdinetako planak izanik, garai horien artean emandako kultura aldaketaren isla ere badira. Alegia, gaur egun, kalitatearen kultura medio, lan-munduaren kontzepzioa aldatu egin da, eta ohikoa da horrelako terminologia erabiltzea, eta horrelakoei erreparatzea.

Bi. Aurretik egindako planen eskarmentutik ikasita, jabetu gara komeni dela helburuan horrelako gakoak zehaztea. Izan ere, helburuaren araberakoak izan behar dute baliabideek eta tresnek, eta helburua ongi zehazteak datorkigunaren dimentsioa ikusten eta barneratzen lagunduko digu.

MAIERren kasuan, bigarren idazkerak hobeto azaldu du eman nahi den aldaketa eta egin nahi den bidea, hau da, kideak eta erakundea kultura aldaketa batean inplikatzea.

AZTIren kasuan, aurreko esperientzietatik ikasita, eta enpresaren ezaugarri propioak kontuan izanik, planaren dimentsioa, tresnak eta denbora hobeto zehaztu dituzte.

ELAY, berriz, salbuespena da, baina eredugarria; izan ere, konpromisoaren bidetik bete du helburuak duen hutsune operatiboa. Nolanahi ere, argi da, arrakasta izan badu ere, ezin dela helburuaren idazkera hori konpromiso bera ez duten enpresetara zabaldu.

Beraz, helburua zehazterakoan bihotza baino burua erabili behar dugu, eta hausnarketa prozesu baten ondorioa izatea komeni da, baliabideekin eta epeekin koherente izan behar duelako, eta aldaketaren tamaina ikusaraziko digulako.

Bestalde, badira analisiak gogora ekarri dizkigun beste bi gako:

Bat. Pertsonen mailatik (euskara ikasi) erakunde osoaren mailara pasatu gara, eta, horrekin batera, eragin nahi den plano bereko mekanismoak erabili behar direla jabetzera. Alegia, kultura aldaketaz ari bagara, kulturan eragiten duten mekanismoak erabili beharko ditugu eta horietan eragiteko helburuak jarri. Gauza bera, antolaketaz, funtzionamenduaz, edo dena delakoaz ari garenean. Hori bai, erakundea pertsonek osatzen dute eta plano pertsonalean ere lan egin behar da.

Bi. Ideia interesgarriak: eusgarritasuna eta atzeraezintasuna. Batetik, helburuek lorgarriak izan behar dute eta dagozkien baliabideez hornituak; eta, bestetik, lortutakoak atzera ez egiteko, lege izaera hartu behar du, edo aurrerago aipatuko dugun bezala, eusgarria den sistematika baten bitartez enpresaren gestioan txertatu. Eta horrela prozesua ez da egongo pertsonen borondate, egoera ekonomiko edo testuinguruko bestelako eragileen baitan.

2. NON LORTU NAHI DA?

AZTI Fundazioa
Maier E.Koop /MTC
ELAY Taldea
Erabilera-plana erakundeko egituretan eta irizpideetan txertatu nahi da, erakundeko kideen motibazio, ezagutza eta erabileran eragiteaz gainera

(1. plangintzaldia) Euskaldunengan eragin nahi da eta horien bidez enpresaren egituretan. Zeharka taldeko enpresaren batean ere eragina sortu da eta taldeko elementu komunetan (kalitatea, intraneta, dokumentazioa...)

(2. plangintzaldian) Egituretan zuzenean eta pertsona guztien kulturan (euskaldunak eta erdaldunak) liderrengandik hasita
Enpresan bere osotasunean eragin nahi da: kultura, sistemak, kontratazio politika. Prozedura guztietan txertatu eta gainontzeko irizpideekin bezala jokatu

Analisia

“Zer lortu nahi da?�» galderari erantzutean azaldu bezala (“nola�» galderan gehiago sakonduko dugu), hirurek enpresaren balore, kultura eta politikan eragin nahi dute eta horretarako sistemak eta organizazioa eraldatu eta pertsonen jarreretan eragin.

Hori guztia ez da bakarrik barrura begira eragiteko asmoz egiten ari; hirurek dute kanpora begirako ildoa. Hain zuzen ere, AZTIren kasuan, bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzea da gakoetako bat.

MAIERren kasuan, aldiz, bezero euskaldunak baditu, baina gutxi dira, eta horrek ez du hainbesteko pisurik. Orain artean, bezero eta hornitzaile zehatzekin neurriak hartu dira; esaterako, hornitzaileekin hiruhilero egiten dituzten bilerak eta horien aktak euskaraz egitea.

Amaitzeko, ELAYren kasua. Ez dute bezero euskaldunik, baina katalogoak euskaraz ere badaude. Garrantzia eman diote kanpoan eragiteari eta efektu biderkatzailea lortu nahi dute -inguruak euskaraz lan egiten badu, errazagoa izango baitzaie barnean ere euskaraz lan egitea-, eta horretarako hornitzaileekin lan egiten dute.

3. ZERTARAKO LORTU NAHI DA?

AZTI Fundazioa
Maier E.Koop /MTC
ELAY Taldea
Fundazioko langile euskaldunen aldarrikapenari erantzun
Izaera erdi publikoa
Bezero asko Euskal Herrian
Gizartearekiko eta inguruarekiko konpromisoa
Langileen arteko trinkotzerako
Arrazoi nagusia: euskararekiko atxikimendua
Gizartearekiko eta inguruarekiko konpromisoa
Giza-kapitala babestu
Arrazoi nagusia: euskararekiko atxikimendua

Analisia

Hiru kasuetan barne demandari erantzutea da arrazoi nagusia. Langile euskaldunen koherentzia dugu batetik, eta enpresa aurreratuek langilea asebetetzeko ardura (kalitatearen kultura), bestetik.

MAIER eta ELAYren kasuan barne eskari hori zabalagoa da. AZTIren kasuan, berriz, txikiagoa izanik, gainontzeko arrazoiek ere lagundu dute (bezero euskaldunak, administrazioaren partehartzea...).

4. NORK SUSTATU DU?

AZTI Fundazioa
Maier E.Koop /MTC
ELAY Taldea
Enpresan denbora luze daraman langile talde batek beti zaindu izan ditu gutxieneko batzuk
Zuzendariak ere aldeko jarrera izan du
Erresistentzia jarrerak susmatu dira, baina arazorik ez
Komunikazioa izan da klabea

(1. plangintzaldian) Langile euskaldunak eta euskaltzaleak dira eragileak

Arduradunen sustatze lana erabakiak hartzera mugatu zen

(2. plangintzaldian) Kooperatibako lehendakari berriak eta zuzendaritzako hainbat kide
Hasieran planari bultzada eman zioten bazkide sortzaileak eta bertan hiruzpalau urte daramaten bazkide gazte eta euskaldunak
Euskararen aldeko neurriak garai batean sustatu zituztenen lanak eta langile batzordeko kide guztien adostasunak sortu zituzten baldintza egokiak enpresaren baitan erabakiak hartzeko.
Enpresako jabe eta kudeatzaileek hasieratik hartu zuten konpromiso sendoa eta beharrezkoa ziren baliabidez hornitu

Analisia

Sustatzaile nagusiak langile euskaldunak izan dira hiru enpresetan, baina ezinbestekotzat jo dezakegu zuzendaritzan babes minimoa izatea. Bata edo bestea gabe ez dago plana aurrera ateratzerik. ELAYren kasuan, langileek planari egin dioten harreraz gain, bereziki azpimarratu digute nagusien jarrera. Azken finean, haiek baitira dirua jarri eta proiektua ahalbideratu dutenak.

Bestalde, sustatzaileak badiren bezala, erresistentziak eta borondate faltak ere badira hiru enpresetan. Ikus ditzagun horiek gainditzeko erabilitako mekanismoak:

AZTIren kasuan hiru dira erresistentziari aurre egiteko mekanismoak. Batetik, komunikazioa, barne-aldizkaria erabiliz eta proiektu bakoitzerako hainbat komunikazio eginez. Hasiera iragarri, parte hartzera gonbidatu; nork parte hartuko duen jakinarazi; eta, amaieran, proiektuaren emaitzen berri eman, kasu batzuetan, pertsonalizatua.

Bestetik, helburuak lantzeko taldeetan, ardura duten edo eragiten dien guztien parte-hartzea edo iritzia presente egotea, euskalduna zein erdalduna izan.

Eta, azkenik, konflikto kasuetan negoziatu eta enpresa irizpidea ezarri zuzendariak berak.

MAIERren kasuan ez da erresistentziarik eman, baina bai borondate txikiak. Enpresak ez ditu sail guztiak parte-hartzera behartu. Hogeita bat sailetatik, hasiera batean, lauk ez zuten helbururik zehaztu, eta zuzendaritzako ordezkari batek haiekin negoziatu ondoren, bakarra da 2002an helbururik zehaztu ez duena. Beraz, zuzendaritzaren jarraipena da tresnetako bat.

Gainera, planean sartuta daudenen akuilu lana egingo duen eragile sarea osatu da, gainontzeko hobekuntza programetan egin den antzera; eta departamentuen arteko demandak ere lagundu du borondateak pizten.

ELAYren kasuan, hainbat mekanismo darabilte. Enpresa talde honetan ere, gatazka egoeretan enpresa irizpidea ezarriko da, baina parte hartu nahi ez duena salbuetsita dago eta hizkuntza eskubideak errespetatuko zaizkio jubilatu bitartean.

Honekin batera, erritmoa, bai arauetan, bai euskalduntzeko eskoletan. Arauak ezarri aurretik gatazkak aterarazi, eta behin arazoak gaindituta, lege bihurtu. Ezin da arau bat finkatu, jendea mesfidati bada. Era berean, euskara-eskoletan ari diren langileen erritmoak errespetatu dira, eta ezin denean, eten; baina inoiz ez bertan behera utzi. Eragozpenak gainditutakoan berrartzeko asmoz, berrikusketa egiteko data adosten dute.

Ikusi ahal izan dugunez, ez da gatazkarik edo gorabeherarik gabeko erabilera-planik, eta horrela izango da aurrerantzean ere (euskara-eskoletan parte-hartzeko baldintzak, baliabide mugatuak, iritzi kontrajarriak, aurreiritziak...). Beraz, plana diseinatu eta inplementatzerakoan kontuan izan behar dugu hori guztia, eta besteak beste, jarrerak aztertu, kontrako jarrerak eta oztopoak aurreikusi, aldaketari beldurra edo bestelako arazoak garaiz antzeman, botere-harremanak eta ezin ikusiak ezagutu.

Horri guztiari aurre egiteko, harremanak sendotu, komunikazioa bermatu, parte-hartzea sustatu, erabakiak babestu eta negoziatzeko gaitasuna garatu behar ditugu. Arazoak izango direla jakinda, aurrea hartu, eta gure burua presta dezakegu horretarako: argudioak eta neurriak, enpatia landu, entzuketa aktiborako teknikak, hitz egiten ikasi (gutxiago hitz egiten), esandakoaren atzean dauden benetako arazoak antzematen, negoziazioak bideratzen eta gatazkak gainditzen, egindakoa saritzen ikasi eta gaizki egindakoa ez berrindartzen, harremanak arautzen ikasi irabazi-irabazi moldera ekartzeko, elkarri begirunea izateko...

Atal honi amaiera emateko, “Nola�» atalean ere egon zitekeen aipamena. Arazoei aurre egiteko modurik eraginkorrena, aurrea hartzea da; eta enpresak horretaz jabetu dira: kontratazio politika egokia erabili etorkizuneko arazoak saihesteko. AZTIren kasuan, helburuarekin batera azaldutako ildoetako bat da kontratazio politika. MAIERren, dagoeneko kontuan dute (ikusi emaitzak). ELAYn ere horrela da, eta esate baterako, duela bi urte kontratatu zuten kalitate-teknikariak ez zekien euskaraz, baina ikasteko konpromisoa hartu zuen. Bi urteko ikasketa prozesua jarraituta, bere lanpostuak eskatzen duen maila eskuratzear dago eta bera da gaur egun euskararen auditoriak egiten dituena.

Beraz, garrantzitsua da langile berriek euskara jakitea, baina ELAYkoek azpimarratu digutenez, hori bezain garrantzitsua da horiei harrera eta aurkezpenak euskaraz egitea. Era horretan, euskaraz sortuko dira harremanak, eta, euskaldun berrien kasuan bereziki, hainbat tresna eta aukera jarriko dizkiegu eskuragarri. Beraz, giza-baliabideetako arduretan dihardutenek euren lanaren garrantziaz jabetu behar dute.

5. NOLA LORTU NAHI DA?

AZTI Fundazioa
Maier E.Koop /MTC

ELAY Taldea

Erabilera, langileen gaitasuna eta euskararekiko motibazioa landu nahi dira. Erabilera eta gaitasuna lantzeko planean zehaztutako ardatzak epe zehatza duten ad-hoc sortutako taldeen bidez kudeatzen ari da. Taldeko partaideak helburuan ardura duten pertsonak dira eta Euskara Batzordeak proposatu eta Zuzendaritzak oniritzia eman die. Euskaldunak eta erdaldunak ari dira taldeotan. Orain arte 5 lan talde jarri dira martxan (aldi berean 2 lan talde baino ezin dira aritu) Landutako ardatzak hauek dira: Ahozko harrera, barne dokumentazioa, errotulazioa, barne komunikazioa eta hiztegia. Lan Taldeok iraupen desberdina dute lan kargaren arabera eta enpresaren gestioan txertatzea lortu artean (1-4 hilabete). Lan taldeon emaitzak gehienetan prozedura forma izan dute.
Motibazioa langile euskaldunekin landuko da erabilera eta trinkotzea sustatzeko.
Teknikariaren laguntzaz ari dira.
Plana zuzentzeko euskara batzorde bat dago (Fundazioko Zuzendaria, Koordinatzailea, Pasaiako Ordezkaria, martxan dauden lan taldeetako ordezkariak eta teknikaria dira, 4-6 lagun). Eginkizunak: lan-taldeetako lanei jarraipena eta proiektuen onarpena, Planaren norabidea finkatu eta Zuzendaritzarekiko harremanak. Maiztasuna: hiru hilero.
 

(1. plangintzaldia) Lan guneka Hobetaldetxuak antolatzen dira bertako proiektuak edo proiektu orokorrak lantzeko, laneko euskaran trebatzeko eta langile euskaldunak trinkotzeko. Enpresako arduradun naturalek ez dute ia parte hartu eta ondorioz erakundean eragiteko gaitasuna txikia izan da. Euskara-Hobetaldea edo batzorde bat dago langile euskaltzaleez osatua batik bat. Enpresaren kulturarekin bat datorren egitura izanik ere, periferikoa da eta ez du erabaki guneetan eragiten.

(2. plangintzaldia) Plana enpresaren eta sailetako gestioan txertatu nahi da bi neurriren bidez:

- Gestio-planetan euskara erabilera sustatzeko helburuak zehazten dira eta Kooperatibako Zuzendaritzak honen jarraipena egiten du.

- Sailetako Zuzendariei euskara-planeko helburuak kudeaketa errazteko laguntza egitura bat sortu da (eragileak, jarraipen hobetaldea eta teknikaria). Enpresak AOG (5’s) kudeatzeko erabilitako egituraren antzekoa da.

Plan osoaren zuzendaritza batzordea osatu dute: Maier Gernikako Zuzendaritzako ordezkari bi, Maier Taldeko Zuzendaritzako ordezkari bat, MTCko Zuzendaritzako ordezkaria eta teknikaria. Eginkizunak: planaren berri Kooperatibako Zuzendaritzetan eman eta planaren norabidea finkatu. Maiztasuna: hilero
(1. plangintzaldia) Proiektu pilotua. Langile euskaldunez osatutako komunikazio zirkuluak eta Euskara Batzordea. Zirkuluetan erabilera bultzatu, motibazioa eta trebakuntza lantzen ziren. Proiektu txikiak landuz ohitura berriak ezartzeko eta euskaraz lan egiteak dakarren aldaketaz jabetzeko tresna dira lan taldeok. Teknikari baten laguntzarekin dihardute.
(2. plangintzaldia) Ordura arte landutako proiektu multzoa 4 prozeduratara eta enpresako hizkuntza politika bakarrera ekarri zuten enpresako euskararen erabilera arautuz. Horretaz gainera, enpresaren kalitate sistemako gainontzeko prozedura eta jarraibideetan (dagokionetan) ere integratzen ditu euskarari buruzko irizpideak Kalitate Sailak.
Urtebetera teknikariaren figura desagertu zen. Fase honetan Euskara Batzordeak gestio organo gisa funtzionatzeari ekin zion.
(3. Plangintzaldia) Prestatutako sistematika ezarri egiten da. Kalitateko teknikariek haien gain hartu dute planaren egunerokotasunaren jarraipena auditoriak eginez, desbideraketak detektatuz, eta subjektuen akzio zuzentzaileen proposamenak jasoz.
Euskara batzordean zuzendaria eta 14 arduradunek hartzen dute parte. Planaren gidaritza egiten dute eta auditorian oinarritutako hobekuntzak nork bere sailean ezartzeko ardura dute.

 

Analisia

Planaren ibilbideari buruzkoak:
Hiru planak ez ziren garai berean abiatu, eta, beraz, garapen maila desberdina dute, eta ezaugarri propioen ondorioz, bilakaera desberdina. Ikus dezagun eskeman nola irudikatu dugun bide hori, eta ondorengo azalpena:
ELAY
MAIER
AZTI
Hazia
Hazia
Hazia
Abiatu
Abiatu
Abiatu
Aldaketa txikiak
Aldaketa txikiak
Arau partzialak
Krisia? Bidea aurkitu
Krisia? Bidea aurkitu
?
Orokortze / Erakundetzea
Orokortze / Erakundetzea
?
Sistematika
Sistematika?
Sistematika?
Txertatu
?
?
Ezarri
?
?
?
?
?

Hasierako “hazia�» eta “abiatu�» deritzegun faseetan, langile eta zuzendaritzako kide euskaldunen bultzada izan da. Nolanahi ere, gehiago sakonduko bagenu, bakoitzari ezaugarri propioak aurkituko genizkioke. Lan hori egiteko dago, eta egin beharko genuke enpresa gehiagotan eragiteari begira.

Besterik ez bada, ELAYri buruz jasotakoa aipatuko dugu. Prozesu luzea izan zen, 1987an-edo abiatutakoa. Langile batzuek zerbait egitea proposatu zuten enpresa komitean. Adostu eta hasierako azterketa egiteko baimena eskatu zioten zuzendaritzari. Erabakirik ez, kosterik ez, baina kultura aldaketari ekin zioten. Sei hilabetera egindakoaren emaitza azaldu, eta azterketa serioagoa egiteko proposamena egin zuten. Apurka, erabakia hartzeko baldintzak sortu zituzten.

Beste alde batetik, helmugari dagokionez, nahiz eta hasieran zehazki ez zuten horrela formulatu, hizkuntzen oreka berria bermatuko duen sistematika lortzeko ari dira hirurak lanean. Baina, desberdintasunak dira bidean:

ELAYk plana euskaldunez osatutako komunikazio zirkuluekin abiatu zuen, hori baitzen hobekuntzarako garaiko tresna. Talde horiek aldaketa txikiak praktikara eraman zituzten, eta balio izan zuten euskaldungoa aktibatzeko eta trinkotzeko, aldaketaren tamainaz jabetzeko, eta, aldi berean, erdaldunek planarekiko zituzten mamuak uxatzeko; baina, hiruzpalau urteren buruan, goia jo zuten.

Krisi hura desorekaren ondorioa zen: egindako esfortzuak eta lortu beharrekoak ez zetozen bat. Izan ere, ezin da langile euskaldunen bizkar jarri erakunde osoaren aldaketaren zama. Garai horretan jabetu ziren martxan jarritakoaren dimentsioaz, eta parte-hartzearen ikuspegi kualitatiboak garrantzi handiagoa hartu zuen; ondorioz, gestio organo eraginkor bat sortu zuten: Euskara Batzordea. Horrela, plana erakundetu egin zen.

Garai horretan, enpresa osoaren hizkuntza politika finkatu zuten eta sistematika bat lortu prozedurekin. Prozedura horietan euskara noiz-norekin erabili zehaztu zuten. Irizpide horiek kalitate sisteman txertatu (esaterako, erosketen prozeduretan ere azaltzea), eta enpresa osoan ezartzen ari dira azken urteotan, gainontzeko hobekuntza prozesuen antzera. Hau da, kalitate teknikariek auditoriak egin, desbideraketak detektatu, eta neurri zuzentzaileak eta hobekuntzak Euskara Batzordearen bitartez gauzatu.

MAIERren kasuan ere, langile euskaldunez osatutako taldeekin hasi ziren, eta bizpahiru urteren buruan, ELAYn aipatutakoaren antzeko egoera zegoen. Oraingoan, berriz, beste bide bati ekin zaio sistematika lortzeko: sailetako urteko gestio planen bidez sartu euskararenak enpresaren gestioan. Pauso horrek enpresaratzea ekarri du.

ELAYren bidearekin alderatuta, MAIERrenak ez du euskararen erabileran eta arduretan minimorik ezarri. Beraz, erakundetzea eta orokortzea lortu da, baina ikusteko dago garapen orekatua lortuko den, eta ez ote diren, militantzia edo lan bolumena medio, sail batzuetan aurrerapauso handiagoak emango eta besteetan atzean geratuko. Fase hori abiatu berria da, eta nola sistematizatu ikusteko dago oraindik. Hain zuzen ere, eredu gisa erabilitako AOG (5’s) hobekuntza programa bera ere, zazpi urteren ondoren, ez da prozeduretan txertatu, beharrezkotzat jo ez dutelako. Dena den, enpresa osorako euskara-arauen beharra sumatu da eta ari dira: hizkuntza eskakizunak martxan dira dagoeneko, kalitateko dokumentazioa arautu beharra...

AZTIkoa 2002an hasi zen, eta beste bide bati ekin zaio. Kontuan izan da aurrekoek egindakoa, parte hartze kualitatiboaren beharra, enpresan albait arinen sistematizatzearen eta txertatzearen garrantzia, eta erakundearen ezaugarriak (euskaldunak %45, elkarrengandik urruti bi egoitzak, planari emateko orduen muga...).

Ondorioz, euskaldun taldeekin aldaketa txikiak bideratu beharrean, arduradunen partehartze kualitatiboaren bidez euskararen erabilerarako arau partzialak garatzeko bideari heldu diote. Kasu honetan ere, ikusteko dago bideak nolako sistematikara eramango dituen, baina prozeduren bidetik hasi direnez, ELAYn dagoenaren antzeko batean buka dezakeela aurreikus dezakegu. Erne! Horrek ez du esan nahi arau horiek Antzuolako enpresaren mailako erabilera ezarriko dutenik.

Ibilbideari buruzkoekin amaitzeko, bi ideia. Lehenengoa: esan bezala, hirurek sistematikarako bidea daramate. Sistematika hori beharrezkoa da plana eusgarria eta atzeraezina bihurtzeko, eta beharrezkoak baino ez diren baliabideak erabili behar dira lortutako kontsentsuak betetzeko; sistematika hori enpresaren neurriko izan dadin, ezinbestekoa da arduradunen parte hartzea, alegia, parte hartze kualitatiboa.

Bigarrena: erabakiak, arauak edo sistematikaren premia sumatzeko eta horiek enpresan errotzeko, hau da, planak aurrera egiteko, pausoak “gizendu�» egin behar dira (eman aurretik edo ondoren). Gizentze hori zertan datza? Hizkuntzak (erabakiak edo arauak) sortutako beldurrak uxatu (erdaldunenak ez ezik euskaldunenak ere), praktikan gatazkarik ez duela sortzen ikusarazi, eta emandako edo eman beharreko pausoak ulergarri egin.

Horri lotuta, aipagarri deritzogu ELAYn adostutako kontsentsuarekin gertatzen ari denari. Aurreratze-zikloa deitu diogu:

Aurreratze zikloa

Aurreratze-zikloaren hasieran, hartutako adostasuna edo araua dago. Arau hori gizendu egiten da eguneroko praktikarekin, zabaldu egin da eta ez da zalantzan jartzen. Egoera honen guztiaren oinarrian hizkuntzen trataerarekiko desoreka bat dagoenez, araua motz geratuko deneko momentua iritsiko da; are gehiago, araua praktikan gaindituko deneko momentua. Eta hori orokortzen doan heinean, kontsentsu berri baten premia sortuko da. Baina horretarako, arauak ezin du gizartetik edo errealitatetik urruti egon; ulergarri izan behar du eta eragindakoek onartu behar dute kontsentsu berria eraikiz.

Adibidez, ELAYn dagoen egungo kontsentsuak dio tartean erdaldun bat bada, bilera-deia, bilera bera, eta akta erdaraz egingo direla, lanak ez bikoizteko. Hogeiko bilera batean pertsona bakarrarengatik hala egiten dute. Baina azken urteetako lanaren eraginez, gaur egun zalantzan jartzen ari da hori, eta erdalduna bera ere jabetu da egoeraren normaltasun ezaz. Ondorioz, kontsentsu berriak sortzen ari dira, non deialdia idatziz euskara hutsean egin daitekeen, eta erdaldunari, telefonoz jakinarazi, eta non akta euskaraz jaso daitekeen hari dagozkion puntuak izan ezik. Hau ez da araua oraindik, baina martxan da, eta nagusitze bidean dagoen praktika ematen du. Zabaldu ahala, kontsentsu berriaren premia ekarriko du eta ulergarri egingo, euskaldunentzat zein erdaldunentzat, kontsentsu berri hori zehaztea eta ezartzea.

Ziklo honi buruzko hausnarketaren haritik, planetan ematen diren aurrerapauso eta blokeoak aztertu beharko genituzke, horiek eragiten dituzten mekanismoak zein diren ondo jabetzeko.

Egiturari buruzkoak:

Egituraren inguruko hainbat kezka izan ditugu azken boladan: egitura periferikoak saihestu nahia eta erabilera taldeen krisia.

Egindako elkarrizketetatik ondoriozta dezakegu arazoa ez dela egitura, hauei jartzen diegun helburua eta epea baizik. Izan ere, batzordeak, koordinatzaileak, hobetaldeak, eragile-sareak ez dira arrotzak enpresarentzat. Hain zuzen ere, gainontzeko hobekuntza prozesuetan erabiltzen dira. ELAYkoek aipatu ziguten kalitateak ere behar duela nolabaiteko egitura, ez baitu nahikoa indarrik bere kasa aritzeko. Are gehiago euskarak.

Egituraren helburua argi izatea da kontua, eta horren arabera osatu eta iraupena jarri. Hau da, euskaldunez osatutako hobetaldeak ongi daude trinkotzeko, motibatzeko, aurreneko aldaketak eragiteko, plana barneratzeko... Baina hobetze-prozesua gestionatzeko, eragindakoek eta arduradunek egon beharko dute, euskaldunak izan edo ez. Euskara Batzordea, berriz, plana gidatzeko, jarraipena egiteko eta erabakiak ezartzeko da, beraz, arduradunak izango ditugu bertan. Baina, erne, efizientzia bermatu behar dugu, eta enpresaren zeregin nagusiari albait baliabide gutxien jan.

6. ZER LORTU DA?

Analisia

Emaitzei dagokienez, AZTIren eboluzioaren berri ez dugu, interbentzioaren hasierakoak bakarrik ditugu eta ezin konparaketarik egin.

ELAYn eta MAIERren adierazle guztiek gora egin dute, esate baterako, idatzizko komunikazioak Balzersen %10tik %67ra, edo bilerak ELAYn %0tik %77ra. Beste kasuren batean ez dute gora egin, mantendu dira, baina aurrerapausoa da hala ere, izan ere, MAIERren ezagutza %65ean mantendu bada ere, 300 langile berri hartu dituzte. Beraz, lehen aipatu bezala kontratazio politikak garrantzi handia du.

Esan bezala, gora egin dute adierazle guztiek, baina ahozkoak ez horrenbeste. ELAYren kasuan ez dugu azken urteetako neurketen emaitzarik (edo ez dira egin), eta langileek euren balantzeetan, hain zuzen, hor kokatu dute arazorik handiena, eta gehiago zehaztuta, ahozko informalean. MAIERren ere ahozko formalean eta mekanikoan ongi ari dira, esate baterako, megafonia, %100; Batzar Orokorretan euskaldunek egindako aurkezpenak, %85; Zuzendaritza Kontseilua, %100...; baina, informala, %45.

Egia da ezagutza %65 izanik ez dela gutxi, baina, datuak datu, ahozko erabilera informalean dakusagu hizkuntzaren bizi-indarra eta etorkizuna, eta datu horiek zer pentsatua eman digute; are gehiago, euskaldun dentsitate handiko enpresak izanik eta zonalde euskaldunetan egonik.

Denbora kontua izan daiteke; izan ere, erabilera-planak berriak dira, eta gestio planak eta prozedurak enpresaren egituran txertatzea-eta, atzo goizekoak. Zabaltzen ari den bidea da, ilusio handia bildu duena, eta seguruenik hoberena eman gabe duena. Epe luzera ikusiko da emaitza, ohitura berriak sortuko dituzten belaunaldientzat ari gara lanean, hamar-hamabost urtera begira. Baina denbora gure kontra ere ari da: dagoeneko euskal elebakarrik ez, eta elebidun desorekatuak gero eta gehiago.

Egoera hori izanik, planek gutxi erreparatzen diote ahozko informalari, eta asko egiturazkoak dei ditzakegun elementuei. Elementu horiek, esaterako, dokumentazioa, errotuluak, programa informatikoak, berez, legeari erreparatuta, teknikariaren ia laguntzarik gabe, enpresek epe batean bete beharko lituzketen helburuak dira. Euskal Autonomi Erkidegoan, behintzat, euskara gaztelaniaren pareko den heinean, hala beharko luke definizioz. Eta era horretan, indarrak liberatuko genituzke erabileran gehiago eragiteko, eta atzeko ataletan aipatu bezala, kontratazioaren bidez sortzen diren harreman berriei erreparatzeko.

Bide horretan interesgarria izango litzateke Hizkuntza Politikarako Sailordetzaren dirulaguntza-deialdiko ereduen koadroan bi gako horiek azaltzea, borondatez lantzeko ildo gisa besterik ez bada ere. Batetik, lan-postuen eskakizuna eta kontratazio politika zehaztea; eta, bestetik, ahozko informala jorratzeko neurriak sustatzea.

Atal honekin amaitzeko, azken problematika bat: jarraipena eta adierazle sistemak. Oraingoan ezin izan dugu gai honetan gehiegi sakondu, baina egungo planek duten arazoetako bat dela sumatu dugu. Enpresen kulturan “neurtzen ez dena ez da ezagutzen, eta ezagutzen ez dena ezin da hobetu�»[3], eta erabilera-planak enpresan txertatu nahi ditugun heinean, maxima bera jarraitu behar dute. Gaur egun, neurtu neurtzen da, emandako bilakaera ikusarazten da, baina zaila da metro bera urtez urte erabiltzea, eta egindako guztia sinplifikatu eta bi zenbakitara ekartzea.

EZTABAIDARAKO

Artikuluari amaiera emateko etorritako ideiak azaldu nahi ditugu:

Bat. Ikusi dugu, erabilera-planak konplexuak dira eta esparru eta diziplina askotatik edan behar dugu.

Bi. Analisirako galdetegia tresna baliagarria da. Izan ere, informazioa jasotzeko sistema dakar, hipotesiak egiteko, eta errealitatearekin berriro alderatu ondoren, orokortu edo egokitzeko. Dena den, kronologiak asko laguntzen dio hausnarketari, eta galdetegiak ez du nabarmentzen.

Hiru. Egindako lanetik ateratako gako, arazo eta ondorio batzuk:

  • Helburua ongi idatzi: batetik, lorgarria, hau da, enpresaren egoeraren, kulturaren eta konpromisoaren araberakoa; bestetik, prozesua ere aipatu, alegia, non eta nola eragin azalduko dituena. Gainera, hartara bideratutako baliabideek koherente izan behar dute.
  • Planak erakundeko kide guztien borondateak biltzen jakin behar du, euskaldun zein erdaldun, aldekoen babesa eta inplikazioa lortu, beldurrak uxatu, erabakiak gizendu eta erresistentziak bilatu eta gainditu.
  • Egiturazko helburuak sistematizatu egin behar dira, emandako pausoak eusgarriak eta atzeraezinak izan daitezen.
  • Erritmoari erreparatu, prozesu luzea izango da (10-15 urte).
  • Planei ekiteko argudioen arloan lan handia dago egiteko:
  • Gizarteak ulertu eta eskatu behar du lan-munduaren berreuskalduntzea. Euskalgintzako elkarteok demanda eragin dezakegu.
  • Administrazioek jarrera aktiboagoa hartu behar dute: enpresei gonbitea egin, minimoak legez arautu (langile eta kontsumitzaileen eskubideak), diruz hornitu, gizarteari ulertarazi egitasmoaren nondik norakoa...
  • Eragileak aktibatu eta elkarlanean jarriko dituen gunea sortu (Hobetuz edo Osalan modukoa).

Kalitatearen kontzeptuari lotu euskara.

Globalizazio garaiei lotutako bi ideia. Batetik, adarrak zabaltzean, sustraiak sakontzeak oreka dakar; eta, bestetik, hizkuntzen planak egin beharko genituzke, agian: euskara-gaztelania dikotomia hautsi, ingelesa, frantsesa eta enpresak erabiltzen dituen bestelakoak ere sartuz planean.

Parte hartze kualitatiboa beharrezkoa da; plana ezin da erabakitze guneetatik kanpo eraiki, arautu eta ezarri. Tokian tokiko bideak har daitezke, baina prozeduren bidez kalitateari lotzeak oreka handiagoa dakarrela dirudi.

Lantaldeek eta proiektuek helburu argia behar dute eta horrek ezarriko du iraupena eta osaketa. Euskaldunez osatutako hobekuntza taldeak edo komunikazio zirkuluak tresna egokiak dira trinkotzeko, erabilera sustatzeko, formaziorako; baina, enpresa oso euskaldunetan izan ezik, ezin dute aldaketaren kudeaketa osoa egin.

Euskara Batzordea edo dena delako zuzendaritza kualitatiboa ezinbestekoa da.

Lehenagotik eraikita dauden ohiturak eta egiturak aldatzea oso zaila da; horregatik, arreta behar du enpresaratuko diren langile berrien sarrerak (giza-baliabideak); eta, zergatik ez, enpresa euskaldunak sustatzeak. Bide horretan, ezinbestekoa da fakultateak edo lanbide heziketako eskolak aktibatzea.

Erabilera informalari ere erreparatu behar diogu.

Planaren neurketarako adierazle sistema da egungo kezketako bat.

AIPAMEN BIBLIOGRAFIKOAK

Askoren artean (1993): “Dossierra: Euskararen normalkuntza lan munduan�». BAT Aldizkaria 11 (13-73. or.)

Askoren artean (2001): “Profesionalen euskalduntze-alfabetatzea�». Hizpide monografiak 4

Aurrekoetxea, Arantza (2000): “Erakunde pribatuetako euskara-planak: datozen hamar urteetarako markoa�». Hizpide Aldizkaria 45 (3-21. or.)

Barrenetxea, Tere eta Rodriguez Ibabe, Jose Mª (199?): “Euskara lan-munduan�». Euskara Aholku Batzordearen txostenak.

http://www.euskadi.net/euskara_ebpn/txosten/barrene.pdf

Barrenetxea, Tere (2001): “Esparruz esparruzko mikroplangintzak�». Hiznet 16 irakasgaia. Eusko Ikaskuntza.

Elhuyar Hizkuntza Zerbitzua (2002): “ELAY Taldea. Euskara-planak 10 urte (1991-2001)�». Dokumentua.

Elortza, Xabier (1998): “Erabilera-plangintzak�». Hizpide Aldizkaria 43 (42-61. or.)

Euskalanen Batzorde Teknikoa (2001): “Erabilera planak direla eta�». Dokumentua.

Hizkuntza Politikarako Sailordetza (1997): “Euskararen erabilera lan munduan. Erabilera planen metodologia. (1996ko abenduaren 12an egindako mintegira aurkeztutako txostenak)�». AGIRIAK-7.

Hizkuntza Politikarako Sailordetza (2000): “Erakunde pribatuetako euskara planak: Bideragarritasun azterketa�». Dokumentua.

Marko Juanikorena, J. Ignazio (2000): “Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza. Diziplina zientifiko berria eraikitzen, organizazioetan hizkuntzaren eraldatzeko. LAB Sindikatuaren kasua adibide�». BAT Aldizkaria 34 (65-77 or.)

Marko Junaikorena, J. Ignazio (2001): “Plangintzaren funtsa teoriko eta praktikoak�». Hiznet 11 irakasgaia. Eusko ikaskuntza.

Urdangarin Montero, J. Mikel (2002): “Lan-mundua berreuskalduntzeko marko teoriko-metodologikoaren bila: hiru erabilera-planen azterketa eta ondorioak�». Hiznet Hizkuntza Plangintza Ikastaroa. KD 02-03 material osagarriak.

 


 

[1] Eusko ikaskuntzak antolatutako Hizkuntza Plangintza Ikastaroa

[2] Lan osoa irakurri nahi duenak gurekin harremanetan jarri eta elektropostaz bidaliko diogu

[3] Tom Peters-ek esandakoaren aipamena: “Gestión basándose en datos: sistemas de indicadores para la PYME�». Zaintek web-orria.

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
J. Mikel Urdangarin
Urtea: 
2003