‘Munduko hizkuntzei buruzko txostena’ren inguruko zenbait jakingarri

Txostenak, beraz, komunitate linguistikoengan eragina duten faktoreak aztertu ditu, hizkuntzen heriotza geldiarazteko proposamen batzuk egiteko

Galdeketaren bidez hizkuntzen zein hiztunen nolakotasunez itaundu da. Hizkuntza deitzeko erak (hiztunena zein auzokoena), hizkuntza erabilera, hizkuntzaz hiztunek dituzten jarrerak eta, oro har, hizkuntzak gizartean eta hiztunengan duen tokiaz

Zabaldutako 5.100 inkesta horietatik 1.000 inguru jaso dira, 700 bat hizkuntzei buruzko informazioa bilduz. Bestalde, datari egokitzeko beharraz, Txostena idazteko erabili den lagina ausaz aukeratutako 525 hizkuntzez osatua egon da

argi utzi nahi dugu arriskuan dauden hizkuntzak, gure ustez, informatzaileek eurek aitortzen dituztenak baino gehiago direla

Eraso fisikoak alde batera utziz, kasurik bortitzenak diren arren, norberaren hizkuntza ordezkatzea hizkuntzarekiko jarrera ezkorraren ondorioz gerta ohi da, baldin eta jatorriko hizkuntzarekin lehian dagoen hizkuntzarenganako hobespen sentimendua bada

%46ak, argi islatzen du hiztunen pertzepzioan hizkuntza arriskuan egotearen erantzukizuna estatuek duten eragin zuzena dela

oso aipatua izan da informatzaileen artean estatuek buruturiko hizkuntza politika, bereziki bi arlotan: administrazioan, ofizialtasunik ezari dagokiona, eta hezkuntza sisteman, hizkuntzak duen tratamenduari dagokiona

migrazio mugimenduek berebiziko garrantzia dute

mugitzen diren hiztunen hizkuntzek helmugako komunitatearen hizkuntzek baino estatus apalagoa edo txikiagoa badute, oso denbora gutxian, belaunaldi batean edo bitan, galdu egiten dira

talde honetan azpimarratu nahi genituzke, alde batetik, talde ekonomiko baztertuetan egotearen ondorioz hizkuntzak galtzeko zorian egoten direnaren kasua, eta bestetik, akulturazio prozesuak

Arrazoi fisikoak izenburupean lerroturikoek arrazoi guztien artean %8 hartzen dute. Askotan, era honetako arrazoiak hiztun galera bortitzaren erantzule izaten dira

Oso zaila zaigu sinestea arrazoi fisiko hauen guztien ondorio bortitzak neurri handi batean behintzat saihestu ezin direla

1. SARRERA

Munduko hizkuntzei buruzko txostena hizkuntza ordezkapen prozesuek eragiten duten homogeneizazio arazo larriak bultzaturik sortu da. Izan ere, orain arte bildutako datuen arabera, argi ikusten da azken hogeita hamar urteotan hizkuntza kopurua murrizten joan dela (Sasse, 1992; Comrie, Matthews eta Polinsky, 1996; Wurm, 2000; Hagège, 2000), hizkuntza gehienetako hiztun kopurua gutxitzen ari dela, eta hedapen prozesuan dauden hizkuntzetako (ingelesa, gaztelera, swahilia, tagaloa edo pilipinera, indonesiera, e.a.) hiztun kopurua, berriz, goraka doala (Junyent, 1999; Dixon, 1997; Nettle, 1999; Moreno Cabrera, 2000). Esanak esan, hizkuntz desagerpena mende honetako arazorik larrienetakoa da (Hale, 1992; Krauss, 1992). Askotan, gainera, hiztunak ez dira konturatzen euren hizkuntza hiltzen ari dela, harik eta ordezkatze prozesua oso aurreratua dagoen arte. Beraz, garbi dago premiazkoa dela munduko hizkuntza aberastasunaren babesa bultzatuko duen konponbideren bat aurkitzea (Crystal, 2000).

UNESCOk sustatu eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Munduko hizkuntzei buruzko txostena lagungarri izan daiteke, ez bakarrik heriotza arriskua duten hizkuntzen inguruan arreta lortzeko, baita hizkuntzen arteko hierarkizazioak saihesteko formulak sortzeko ere. Izan ere, 2003. urtean argitaratuko den Txosten honekin munduko hizkuntzen egoera azaldu nahi izan da, euren ezagutza, erabilera eta bilakaeran eragina duten zenbait faktore aztertuz. Halaber, era askotako errealitate soziolinguistikoen azterketak burutu dira, desagertzeko arriskuan edo gutxitutako egoeran dauden hizkuntzen sustapen eta berreskurapenerako politiken arloan hartu beharreko erabakiei buruzko zenbait irizpide emateko. Ez da ahantzi behar gaur egungo gatazka asko eta asko kultura eta hizkuntzekin zerikusia duten gaiekin lotuta agertzen direla, hizkuntzak desagertzeak biziraupenerako baliabideen murrizketa dakarrela, eta, askotan, talde patologien sortzaile direla. Txostenak, beraz, komunitate linguistikoengan eragina duten faktoreak aztertu ditu, hizkuntzen heriotza geldiarazteko proposamen batzuk egiteko. Izan ere, beharrezkoa da munduan hizkuntza politika egokiak gauzatzea, gizakien arteko bizikidetasun egokirako oinarriak ezartzeko.

2. TXOSTENAREN EGITURA

Txostenak hiru eremu nagusi ditu: hizkuntzen egoerari buruzko azalpena ematen duten hamabi atal, nazioarteko zenbait adituren testu laburrak eta aurkezten den informazio orokorra osatzeko baliagarriak diren eranskinak. Gainera, testuetan ematen den informazioa osatzen duten mapak eta zenbait grafiko ere baditu Txostenak.

Hamabi ataletan zehar honako gai hauek aurkezten dira: hizkuntza komunitateak, hizkuntza ondarea, hizkuntzen ofizialtasuna, administrazioan hizkuntzek duten erabilera, hizkuntzen eta idatziaren arteko harremanak, hizkuntza eta hezkuntza, komunikabideetako erabilera, erlijioaren eragina, hizkuntzen transmisioa, erabilera, jarrerak, eta hizkuntzek jasaten dituzten zemaiak. Hamabigarren atalean, hizkuntzen etorkizunei buruz egiten da hausnarketa, hizkuntza aniztasunaren babeserako proposamenak eginez. Amaierako eranskinetan bibliografia, hizkuntzei buruz diharduten web guneen zerrenda, datu bilketako informatzaileen zerrenda, testuan zehar aipatutako eta ikertutako gaiak, hizkuntza eta aldaera zerrenda, eta datuak jasotzeko erabilitako galdetegia ematen dira.

Hamabi kapitulu eta eranskinez gain, hogeita hamahiru nazioarteko adituk hizkuntzekin zerikusia duten gai zehatzen bati buruz idatziriko testu laburrak daude. Euren iritziak erakusten dituztenak honakoak dira: Abbi, Hamers, Bamgbose, Grimes, Renard, Yéschenko, Khaleeva, Mühlhäusler, Lauder, Bellin, Favereau, Annamalai, Comrie, McConnell, Meliá, Moreno Cabrera, Mana Kaxinawa, Bronckart, Pattanayak, Pianko Ashaninka, Cunningham, Siguán, Wurm, Intxausti, Albó, Strubell, Koul, Skutnabb-Kangas, Romaine, Dorian, Dalby, Hongkai, Xing, Bandhu eta Fishman. Aditu hauen partehartzea garrantzitsua begitandu zaigu Txostena osatzeko, eta munduan zehar hizkuntzen inguruan dauden iritzi, jarrera edota ikuspuntu adierazgarrienak agertzeko.

3. INFORMAZIOA BILTZEKO ERABILI DEN GALDEKETAREN ZENBAIT EZAUGARRI

Txostena idazteko erabili den informazio berri eta originala munduan zehar zabaldu den galdeketaren bidez jasoa izan da. Galdeketa honek 40 itaun ditu. Ordubete eta ordu t’erdi bitarte behar da galdera guztiei erantzuteko, eta euskaraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errusieraz eta gazteleraz dago idatzia. Helburu nagusietako bat ahalik eta gehien hedatzea izan den heinean, ezinbestekoa izan da munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzetara itzultzea.

Galdeketaren bidez hizkuntzen zein hiztunen nolakotasunez itaundu da. Hizkuntza deitzeko erak (hiztunena zein auzokoena), hizkuntza erabilera, hizkuntzaz hiztunek dituzten jarrerak eta, oro har, hizkuntzak gizartean eta hiztunengan duen tokiaz. Galdeketa egiteko soziolinguistikaren arloan sarritan erabilitako irizpideak izan ziren kontuan (Haugen 1972).

Galdera gehienak irekiak dira, hau da, ez zaie mugarik jarri informatzaileen erantzunei. Gauza jakina da teknika honen bitartez lortutako datuen azterketan eragozpen gehiago sortzen direla erantzunak kodifikatzeko. Hala ere, munduko hizkuntzek bizi dituzten errealitate, testuinguru eta egoera aniztasuna kontuan hartuz, egokitzat jo da galdera irekiak egitea, ez-ohiko eta ustekabeko erantzunak jasotzeko.

Galdeketak posta arruntez bidali dira eta, ahal izan denean, posta elektronikoz. Bai urruntasunagatik bai informatzaileekin harremanetan jartzeko izan diren eragozpenengatik ere, beste modu batean lortuko ez zen informazioaren bilketa erraztu egin da horrela.

Asko dira metodo honek eskaintzen dituen alde onak:

· Datu bilketa egiteko pertsona gutxiago behar dira eta, ondorioz, merkeago da. Kontuan izanik bitarteko mugatuak izan ditugula, posta bidez egindako galdeketa izan da teknikarik aproposena.
· Galdeketa pertsonalak baino merkeago direnez, lagin zabalagoak har daitezke, eta, honenbestez, esparru handiagoak ikertu.
· Galdeketa pertsonaletan baino errazago da informazio bilketa antolatzea, beraz, dirua eta denbora aurrezten dira.
· Beste modu batean galdeketa egin ezingo geniokeen lagunengana edo iritsi ezingo ginatekeen lekuetara heltzea ahalbidetzen du metodo honek.
· Galdetzaileak erantzunetan izan dezakeen eragina murrizten da.
· Bestalde, informatzaileari asti gehiago ematen zaio erantzunak prestatzeko. Alde horretatik, inkestatzaileen bitartez jasotakoak baino baliagarriagoak izan daitezke horrela lortutako erantzunak.

Dena den, gogoan izan behar dugu mota honetako inkestek ere badituztela euren eragozpenak, hala nola:

· Ezinbestekoa da ikertu beharreko biztanleria osatzen duten lagunen helbideak edukitzea, kasu honetan, hizkuntzei buruzko informazioa emateko prest dauden gizaki eta erakundeena. Ikerketa honek izan duen arazorik handienetako bat informatzaileen helbideak lortzea izan da, hain zuzen ere.
· Galdera irekiak dituen posta bidezko inkesta denez, gerta liteke idaztera ohituta ez daudenek erantzuteko motibaziorik ez izatea.
· Baliteke galdeketa gaian aditua ez den norbaitek erantzutea, edo zuzenak ez diren erantzunak ematea. Azterketa honetan, zalantzak sortzen zituzten edo helbide ezezagunetatik zetozen galdeketako informazioa liburu, artikulu eta era askotako lanetatik lortutako informazioarekin alderatu da.

Goian esan dugun legez, ikerketa hau gauzatzeko izan den arazorik handienetarikoa galdeketa bete zezaketen pertsona eta erakunderen helbideak lortzea izan da. Informazio hori lortzeko hainbat iturri mota erabili da, besteak beste, direktorioak, liburuak, web orrialdeak eta nazioarteko hainbat erakundek, bereziki UNESCOk antolatutako sare, mintegi eta biltzarrak. Horien artean aipagarriak dira nazioarteko hainbat erakunderen laguntzarekin eratu diren honako mintegiak: Boliviako Cochabamban 1999an, Errusiar Federazioko Kalmykiako Elistan 1999an, Burkina Fasoko Ouagadougoun 1999an, Indiako Mysoren 2000an eta, azkenik, Australiako Melbournen 2001ean. Bilera horietan, Txostenaren helburuak eta galdeketa aurkeztu dira, inguru horretako hizkuntzen egoera zuzenean ezagutu da eta, batez ere, han bildutako adituen laguntza zuzena eskatu.

Azkenik, informatzaileak beste balizko informatzaile batzuen iturri bihurtu direla esan beharra dago. Elur bolaren eragina deritzana da. Beste hitz batzuekin esanda, galdeketari erantzun diotenekin lortzen den harremana (batez ere posta elektronikoz egiten dena), beste informatzaile batzuk ezagutzeko balio du.

Iturri horietatik guztietatik abiatuz, informazioa eman zezaketen helbide posible guztiekin lehen zerrenda egin zen, guztira, 2.703 lagun, instituzio eta erakundek osatutako zerrenda, eta horiei 5.100 galdeketa bidali zitzaien. Kontuan izan behar da hizkuntza bat baino gehiagoren berri eman zezaketen pertsona eta erakunde asko daudela. Zabaldutako 5.100 inkesta horietatik 1.000 inguru jaso dira, 700 bat hizkuntzei buruzko informazioa bilduz. Bestalde, datari egokitzeko beharraz, Txostena idazteko erabili den lagina ausaz aukeratutako 525 hizkuntzez osatua egon da.

4. ZENBAIT EMAITZA

Artikulu honetan, adibide gisa, hizkuntzak arrisku egoeran jarri ditzaketen mehatxuei buruz Txostenak emaniko datu eta ondorio batzuk erakutsiko ditugu.

Hizkuntzen arriskuaren definizioaz ezagunak dira teoria desberdinak (Giles et al. 1977; Fishman, 1991; Wurm, 2000; Hagège, 2000). Halere, ikerlari guztiek berebiziko garrantzia ematen diote belaunaldien arteko hizkuntzaren transmisio naturalaren egoera aztertzeari (transmisioa eteteak hizkuntzaren heriotza baitakar epe laburrean), eta, halaber, belaunaldien arteko hizkuntza transmisioaren balizko eteteak edo gutxitzeak zer faktorerengatik gertatzen den ezagutzeari.

Gehienetan, transmisioa eteten eragina duten faktoreak hizkuntzaren estatusa, hizkuntzaren prestigioa gizartean, hiztunen demografia datuak, gizataldearen egoera ekonomikoa eta antzekoak izaten dira toki gehienetan, gizataldeak inguruko komunitateekin dituen harreman sozio-politikoak eta ekonomikoak nolakoak diren ahantzi barik. Horrela, bada, aldagai beregainak aztertuz, ondorioak ateratzen ahalegindu izan dira hizkuntzalariak, kausa eta efektua ahalik eta modu independentean emateko asmoarekin.

Txostenaren kasuan, hitza hiztunei beraiei ematea izan da helburuetako bat. Egindako galderek informatzaileen iritzia eta balorazioa eskatzen dituzte. Esaterako, Uste duzu hizkuntza arriskuan dagoela? Zergatik? bezalako galderek informatzailearen iritziari ematen diote bidea. Ikerlarien lana izan da, ordea, erantzun horiek kontuan hartzea, eta, galdetegiko beste erantzunekin erkatuz, informatzailearen iritziaren koherentzia aztertzea. Hau da, gerta daiteke hizkuntzaren arriskuaren kontzientziarik ez izatea informatzaileak, eta, esate baterako, ikerlarien interpretazioan informatzaile berak ematen dituen belaunaldien arteko erabilera datuak aurkakoa erakustea, eta hizkuntza epe ertainean arrisku bizian egon daitekeela ondorioztatzea. Izan ere, jakina da hiztunak, sarri, ez direla euren hizkuntzaren arriskuaz jabetzen ordezkatze prozesua oso aurreratua dagoen arte.

Bestalde, hizkuntzaren arriskua eragiten duten arrazoiak eskatzerakoan, informatzaileak mugarik gabeko erantzunak emateko erabat beregain izan dira, eta, hortaz, sarri erantzunek ez dituzte kausak eta efektuak bereizi.

Arazo horiek guztiak kontuan izan arren, azpimarratu nahi dugu ikerketaren alde aberasgarrienetarikoa berau izan dela, hots, informatzaileen iritziak gordinean izatea. Izan ere, hiztunen kontzientzia, kezka, eta sentimenduen berri zuzena izan dugu, eta zenbait ikerlariren lehentasunak zalantzan jarri izan dira. Esan nahi baita, erantzunek bere subjektibotasunean duten aberasgarritasuna bizipenak islatzeko gaitasunean dagoela.

Horrela, bada, azterturiko hizkuntzen artean, gure informatzaileen erantzunen arabera, arriskuan dauden hizkuntzen kopurua eta portzentaia hona ekarri nahi dugu:

1. Taula: hizkuntzen arriskuari buruzko erantzunak

Hizkuntza arriskuan dago? Maiztasuna Ehunekoa
Bai 243

46.3

Ez 226 43.0
Ez daki / ez du erantzuten 56 10.7
Guztira 525 100
Iturria: UNESCOren Munduko Hizkuntzei Buruzko Txosteneko datutegia

1. taulak adierazten duenez, informatzaileen ia erdiek sumatzen dute beren hizkuntzak arriskuan daudela. Datu hau oso hur dago ikerlariek eman izan dituzten datuetatik (Crystal 2000; Moreno Cabrera, 2000; Wurm, 2000). Txostenak, hala ere, transmisio datuak eta belaunaldietako erabilera aztertuz gero, emaitzak askozaz ere ezkorragoak direla erakutsi du. Hau da, azterturiko hizkuntzen arteko arrisku egoera informatzaileen pertzepzioa baino handiagoa dela, gutxienez epe ertainean. Ez dugu artikulu honetan erabilerari buruzko zehaztasunak emateko lekurik, argi utzi nahi dugu arriskuan dauden hizkuntzak, gure ustez, informatzaileek eurek aitortzen dituztenak baino gehiago direla.

Interesgarria da beren hizkuntzak arriskuan daudela erantzun duten informatzaileen arrazoiak aztertzea. Arrazoi horiek, oso sarri, elkarloturiko aldagaiak dira, ez independenteak. Adibidez, kasu batzuetan gerta daiteke hizkuntza arriskuan dagoen pertzepzioa hiztunen jarrera ezkorren ondorioz dela adieraztea. Alabaina, horrelako kasuetan interesa duena hiztunen ezkortasun horren zergatia aztertzea da.

Esan bezala, hemen ekarriko duguna, informatzaileek emaniko arrazoien bilketa da. Jakina, oso gutxitan ematen dute informatzaileek arrazoi bakarra, informatzaile askok eta askok ere faktoreak multzoka edo bata bestearen ondoren datozela uste dute eta. Halere, bereizi nahi izan ditugu, informatzaileen erantzunetatik, hizkuntzak arriskuan jartzen dituzten sakoneko eragileak eta eragile horiek eragindako kausak, sarritan bigarren hauek baitira informatzaileek aipatzen dituztenak. Hiztunen hizkuntzarekiko jarrera ezkorra, lehenago esan dugun legez, ez da sakoneko eragilea, sakoneko eragileek eragindako aldagaia baino.

Horregatik, datuak erakusten astean, bereizi nahi izan dugu jarrera ezkorra, informatzaileek esplizituki aipatzen dutenean, eta bestelako eragileak (2. taula).

2 Taula: hiztunen hizkuntzarekiko jarrera ezkorrak eta arriskurako oinarrizko arrazoiak

Hizkuntzaren arriskuaren arrazoiak Maiztasuna Ehunekoa
Jarrerei loturiko arazoak 103 25,1
Bestelakoak 297 74,9
Emaniko arrazoiak, guztira 410 100
Iturria: UNESCOren Munduko Hizkuntzei Buruzko Txosteneko datu-basea

4.1. Hizkuntzarekiko jarrera ezkorrak

Eraso fisikoak alde batera utziz, kasurik bortitzenak diren arren, norberaren hizkuntza ordezkatzea hizkuntzarekiko jarrera ezkorraren ondorioz gerta ohi da, baldin eta jatorriko hizkuntzarekin lehian dagoen hizkuntzarenganako hobespen sentimendua bada, hau da, norberaren hizkuntza ‘bestea’ baino balio gutxiagokoa dela pentsatzen bada. Jarrera ezkorrak bideratuko du, tokian tokiko berezitasunak baldintzaturik, transmisioa etetea, erabilera murriztea edota kanpo eraginaren aurrean erresistentzia ez izatea.

Bestalde, egia da jarrera eta jokamoldeak ez datozela beti bat; hau da, ez dela beti aitortutako jarrera baikorra espero daitekeen jokamoldearekin bat etortzen. Oso ezaguna da, batez ere egoera gutxituan dauden hizkuntzetan, horrelako aldentzeak gertatzea. Baina kasu honetan, jarrera ezkor esplizituak ekartzen ditugularik, adierazgarriena hizkuntzaren arriskurako emaniko arrazoi guztien artean, %25 jarrera ezkor modura definitu direla da. Beste erantzunak aztertuz gero, jarreretan eragina izango dutela argi dago, baina, hemen, esplizituki aipatutako jarrera ezkorrak bildu ditugu, hau da, hiztunek, bereziki gazteek, beste hizkuntza batzuk nahiago dituztela, hizkuntza gorrotatzen dutela, edota hizkuntzarekiko axolagabekeria adierazten dutela.

Hiztunek horrelako jarrerak dituztela diote, besteak beste, Mexikoko otomieraren eta Nigeriako jukuneraren informatzaileek:

Las nuevas generaciones están perdiendo su lengua ancestral. En la percepción de muchos otomíes esta lengua se asocia con la pobreza, la explotación y una actitud negativa y racista hacia los pueblos indígenas y los individuos (Mexikoko otomieraren informatzailea).
Definitily threatened due to a loss of prestige, inferiority feelings of their speakers, cultural dominance of neighbouring ethnic groups such as Hausa and Fulbe (Nigeriako jukuneraren informatzailea).

Informatzaileek aipatutako sakoneko eragileak aztertuz gero, erraz ondorioztatzen da, era batean edo bestean, hizkuntzarekiko jarrera ezkorra eragingo dutela hiztunengan, edota, hala definitu ez badu informatzaileak, gertatu egin dela.

Ondoren erakutsiko dugun taulak eragile edo arrazoi horien sailkapena biltzen du (3. taula). Bertan informatzaileek emaniko arrisku arrazoi edo eragile guztiak, jarrerari buruzko erantzun zuzenak alde batera utziz, bost ataletan multzokatu ditugu: arrazoi politikoak, demografiako arrazoiak, arrazoi ekonomiko eta sozialak eta arrazoi fisikoak.

Egin dugun sailkapeneko kategoriak ez dira beregainak, jakina. Esan nahi baita, adibidez, faktore politikoek ekonomikoetan eragina izan ohi dutela, eta horiek, nola ez, sozialetan. Baina, lehen esan den legez, sailkapenean (3. taula) informatzaileek emaniko arrazoi edo eragile nagusiak lerrotu ditugu.

3. Taula: Hizkuntza arriskuan jartzen duten oinarrizko arrazoiak

  Emaniko arrazoiak % etan
ARRAZOI POLITIKOAK (Kolonizazioak, hizkuntza politikak, ofizialtasun estatusa) 46
DEMOGRAFIAKO ARRAZOIAK (Hiztun kopuru murritza, kopuruaren jaitsiera, zahartzea, ezkontza edo elkartze mistoak, migrazioak) 27
ARRAZOI EKONOMIKO ETA SOZIALAK (Ekonomia krisiak, menpekotasunak, esplotazio ekonomikoa, gizarte prestigio baxua, akulturazioa) 16
ARRAZOI FISIKOAK (Katastrofe naturalak, epidemiak, eraso fisikoak) 8
Bestelakoak 3
GUZTIRA 100
Iturria: UNESCOren Munduko Hizkuntzei Buruzko Txostena

4.2. Arrazoi politikoen azpian lerroturikoak

Arrazoi politikoak izenburuaren barruan arrazoi mota asko bildu dugu. Bertan sartu ditugu kolonizazioak, era bateko edo besteko eraso militarrak, errepresio zuzena, hizkuntza politika erasokorrak -ofizialtasunaren arazoa barne- eta autonomia politiko eza.

Taulak erakusten duen kopuruak, %46ak, argi islatzen du hiztunen pertzepzioan hizkuntza arriskuan egotearen erantzukizuna estatuek duten eragin zuzena dela. Azalean zaila izan badaiteke hain ezberdinak diren kasuak bateratzea, nabaria gertatzen da informatzaileek eurek seinalatzen dutela estatua erantzule.

Ez dugu artikulu honetan arrazoi hauek zehazteko lekurik, baina ezin utzi aipatu barik arrazoi politikoengatik sorturiko egoera fisiko dramatikoak: gerrak, deportazioak eta antzekoak. Jarraian adierazitako lekukotasunek halako egoera latzak salatzen dituzte.

The language is currently threatened by the on-going civil war in the country, frequent use of other languages by the members of this languages community who living in the urban centres plus the educated class. The cause is the war which has forced the members to come to live in towns or migrate to other many places (Sudaneko virieraren informatzailea).
Son evidentes los intentos de contribuir a la promoción de la lengua ingusha por parte del Estado y de la propia comunidad, pero la influencia negativa de tales factores como guerras, deportaciones, asimilación cultural no permite afirmar que la lengua ingusha no se encuentra en peligro (Errusiar Federazioko ingusheraren informatzailea).
Durante más de 500 años el idioma kaqchikel fue objeto de exterminio. La cultura dominante tiene implementada toda una estructura ajena a la cultura kaqchikel lo cual ha marginado y provocado el desuso del mismo cotidianamente (Guatemalako kaqchikeleraren informatzailea).
The cause is mainly political situation and policy of Burmanization which was introduced by the military regime of Burma. The Burmese military regime has a slogan that there shall be "one race, one religion and one language in Burma". One language means only Burmese will be used in Burma. Therefore, the regime is discouraging the use of the language of other ethnic groups. In addition, the regime is tryng to wipe out those languages and replace with Burmese.�» (Bangladesheko laieraren informatzailea).

Egoera larri horiez gain, oso aipatua izan da informatzaileen artean estatuek buruturiko hizkuntza politika, bereziki bi arlotan: administrazioan, ofizialtasunik ezari dagokiona, eta hezkuntza sisteman, hizkuntzak duen tratamenduari dagokiona. Bi eremu horietako hizkuntzaren tratamenduak erabateko garrantzia izan du arrazoi politikoen barnean lerrotu ditugun erantzunetan.

Yes, the school system which does not allow minority languages is the real cause. (Botswanako kalangeraren informatzailea).
La lengua ndau se encuentra en peligro porque en las escuelas está prohibido hablar la lengua materna. Claro que esto no permite su perfección. Muchos jóvenes van olvidando su lengua por esta obligatoriedad oficial en las escuelas (Mozanbikeko ndaueraren informatzailea).
Falta de atención primaria (salud, educación) a sus hablantes. Existencia de un bilingüismo desigual en las escuelas bilingües interculturales, donde se privilegia el uso del español. Falta de metodología y material didáctico que permitan al maestro dinamizar su uso en la aula (Kolonbiako arzarioeraren informatzailea).
A falta de una buena política educativa bilingüe lo cual no cuenta con una cobertura nacional, se suma a la misma el proceso de castellanización que no era más que previo a entrar a la primaria el niño indígena tenía que aprender el castellano. También se cuenta con ello la utilización del castellano en toda la administración pública (Guatemalako mameraren informatzailea).
The government of today prohibits the use other languages other than English and Setswana. Those that were tought in school before independence, Government stopped the use. Shiyeyi was stopped and the people who developed its orthography were imprisoned.�» (Botswanako shiyeyieraren informatzailea).

4.3. Arrazoi demografikoak herri eta kultura askoren osaketa aldatzen

Arrazoi demografikoak aipatzerakoan datu hauetaz ari gara: hiztunen kopuru absolutua eta erlatiboa, hiztunen kopurua gutxitzea, jaiotza tasa jaistea, biztanleria zahartzea, ezkontza mistoak eta migrazio mugimenduak. Ikusten denez, behin eta berriro aipatzen diren arrazoiak oso heterogeneoak dira, eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren beste aldagaiekin aztertu beharrekoak.

Informatzaileek emaniko arrazoien artean %27 demografia arazoekin lotzen da, 3. taulan ikus daitekeen legez.

Hiztun kopuru absolutuak ez du informazio nahikorik ematen hizkuntza arriskuan dagoela ondorioztatzeko. Historiak erakutsi du milaka urtetan bizi izan diren zenbait erkidego txiki, esate baterako 1000 hiztun dituzten zenbait, bizirauteko gai izan dela, hala nola, Kaukasoko hinukhera hiztunena edo Etiopiako baisoera hiztunena. Besterik da hori ahalbideratu duten arrazoiak ikustea, euren artean, identitate sentimendu indartsua edota isolamendu erlatiboa. Aldiz, hiztun asko izan duten zenbait hizkuntza, arriskuan daude, hala nola, bretoiera. Kopuru erlatiboak, hau da, beste hizkuntza bat hitz egiten dutenekiko proportzioak, ostera, egoera hierarkizatuetan saihestu ezinezko ondorioak izan ditzake.

Hemen ekartzen dugun adibidea erkidego txiki baten lekukotasuna da. Ikusten den moduan, informatzailearen balorazioa deigarria da. Ez du egun arriskurik ikusten, komunitatea isolatua dagoen heinean, baina isolamendu hori hausten ari denez, arriskua sortuko da.

El tanimuca no está en peligro de extinción gracias a que hay fuertes (aunque no tan grandes) asentamientos que se encuentran bastante alejados selva adentro. El peligro se da en la medida en que la gente empieza a migrar y descender cerca de la población blanca del río Caquetá (Kolonbiako tanimuca hizkuntzaren informatzailea).

Bestalde, deigarria da ezkontzek edo erlazio mistoek sortzen dituzten jokamoldeak ere arriskutzat hartzea. Informatzaile askorengan kezka bizia da kontu hau. Antza denez, herrialde askotan sendian lehian dauden hizkuntza biren hiztunak biltzen badira, prestigio gorena duen hizkuntza soilik transmititzen da.

Azkenik, migrazio mugimenduek berebiziko garrantzia dutela aipatu behar da: arrazoi politiko edo ekonomikoengatik buruturikoak, banakakoak edota taldean eginikoak, estatu barnekoak edota estatutik kanpora eginikoak, eta, batez ere, landa edo herrixketatik hirietara gertaturikoak. Horietako bakoitzak berezitasun propioak ditu, baina bateratzen dituen egitate bat ere bada: mugitzen diren hiztunen hizkuntzek helmugako komunitatearen hizkuntzek baino estatus apalagoa edo txikiagoa badute, oso denbora gutxian, belaunaldi batean edo bitan, galdu egiten dira. Kontuan hartuz egungo gizartean bortxazko arrazoiak direla, edota arrazoi ekonomikoak direla, historian zehar gertaturiko migrazio mugimendu zabalena eta hedatuena gertatzen ari dela, pentsa daiteke berebiziko garrantzia izan dezakeela migratzaile guzti horien hizkuntzen kudeaketa egokia bideratzeak.

4.4. Arrazoi ekonomiko eta sozialak

Arrazoi ekonomiko eta sozialen artean bildutakoek %16 osatzen dute (3. taula). Hemen sartu dira hizkuntza erkidego desberdinetako harremanek eragindako aldaketa ekonomikoak, sozialak eta kulturalak: alde batetik, lurraldearen eta hezkuntzaren modernizazioa, beste kultura edota erlijioaren eragina, identitate kulturalaren galera eta asimilazioa; beste aldetik, harreman asimetrikoek sorturiko mendekotasuna, prestigio eza, diskriminazio soziala, bazterketa eta degradazio soziala. Ikusten denez, hemen ere arrazoi sorta zabala.

Unaccustomed large incomes related to drugs are turning the young guambianos to outside interests and culture, and disrespect for community customs, leaders, parents, school and other authorities (Kolonbiako guambieraren informatzailea).
Se debe a la discriminación cultural que existe en el país. Las personas son forzadas, de muchas maneras, a hablar sólo el castellano (Guatemala achieraren informatzailea).

Artikulu hau idazten dugunontzat, oso zaila da gai zerrenda hau era honetan ematea, bakoitzak dituen ezaugarrietan sartu gabe. Izenburu bakoitzaren baitan bizipen egoera dramatiko zehatzak gordetzen dira, eta errespetuzko sentimenduek axolagabekerian erortzetik saihestera bultzatzen gaituzte. Horrela esanda, adibide modura, talde honetan azpimarratu nahi genituzke, alde batetik, talde ekonomiko baztertuetan egotearen ondorioz hizkuntzak galtzeko zorian egoten direnaren kasua, eta bestetik, akulturazio prozesuak.

Talde baztertuetako hizkuntzaren pertzepzioen artean aurkitzen da, besteak beste, hizkuntzaren eta pobreziaren arteko lotura estua. Lotura horrek dakar, maiz, komunitatean egoera hobeagoaren bila hizkuntza aldatu beharraren sentimendu hedatua.

Akulturazioak, berriz, informatzaileek sarri aipatu duten egoera islatzen du. Presio politiko, ekonomiko edo kulturalak bultzaturik, kanpo hizkuntzaz jabetu beharraren sentimenduarekin nagusitzen da. Ondorioz, elebitasun egoera hedatzen joan ohi da, bertako hizkuntzaren erabileraren esparruak murrizten joanez. Azkenik, hizkuntza berriarekiko identifikazioa hedatzen denean, gazteek jatorrizko hizkuntza beharrezko ez dela uste dutenean, akulturazio prozesua burutua izaten da.

Aipa ditzagun labur-labur beste arrazoi batzuk, izan ere, egitura ekonomikoen aldaketak, krisi ekonomikoak, lurraren propietatearen galerak, lur urritasunak, bizi mailaren gutxitzeak, gehiegizko ustiaketa ekonomikoak edo langabezia, hizkuntzen aniztasunaren aurka baitoaz.

The jaru people do not have their own land where they can live away from white people. b) Ringer soak is a predominantly Jaru community, but because there are no job opportunities there, young people have to leave it in order to get a job. c) Increasing contacts with white people. d) Mass media, in particular, TV.�» (Australiako jarueraren informatzailea).

4.5. Arrazoi fisikoak

Arrazoi fisikoak izenburupean lerroturikoek arrazoi guztien artean %8 hartzen dute. Askotan, era honetako arrazoiak hiztun galera bortitzaren erantzule izaten dira. Munduko zonalde guztietan ezagunak izan badira ere, egun, eremu txiroenetan izaten dute eragin zuzenagoa. Katastrofe naturalak, uholde eta lehorte bortitzak eta, batez ere, gaixotasun pandemiak ondorio latzak izaten dituzte munduko komunitate pobreenetan. Oso zaila zaigu sinestea arrazoi fisiko hauen guztien ondorio bortitzak neurri handi batean behintzat saihestu ezin direla. Eta egiten ez bada, gutxienik Afrika eta Asiako hizkuntza erkidego asko arrisku fisikoan egongo dira.

4.6. Bestelakoak

Azkenik, aipatu nahi genituzke ‘bestelakoak’ multzoaren barnean (3. taula) sartu ditugun zenbait lekukotasun, multzo honetan baitaude, batez ere, egoera linguistikoari loturikoak. Kasu honetan ere, arazo linguistikoak beste arrazoi askoren ondorio dira, baina azpimarratzekoa da informatzaileek dituzten iritziak, batetik, hizkuntzen arteko harreman asimetrikoak eragindakoari buruz, eta, bestetik, hizkuntza beraren egokitzapen prozesuan sortzen diren arazoak islatzen dituztelako. Aipatzen direnak, besteak beste, gehiegizko mailegu linguistikoak, estandarizazioa eta dialektoen arteko gehiegizko banaketa, forma idatziaren eza, eta hizkuntzaren modernizazioan sorturiko arazoak dira.

Hona hemen, adibide moduan, lekukotasun zenbait:

Se está mezclando demasiado con el castellano, motivo por el cual urge que se apoye a la comunidad sakapulteka para normalizar el idioma (Guatemala sakapultekeraren informatzailea).
Currently the language is under constant pressure of Aryan language domination, like HINDI and ASSAMESE. Slowly the language patters that was monosyllabic has been transformed into a general structure governed by inflections obviously borrowed from Bengali and assamese.�» (Indiako bodoeraren informatzailea).
Cette langue est en danger d'extinction, comme toute les autres langues maliennes non véhiculaires. Le dogon est en danger de mort par ce qu'il subit largement l'impérialisme du bambara.�» (Maliko eta Burkina Fasoko dogoneraren informatzailea).
...Por confiar que todavía el embera es muy funcional, se va deteriorando poco a poco, sobre todo en léxico a expensas del español (Kolonbiako embereraren informatzailea).

4.7. Ondorioak

Laburbilketa legez, interesgarria begitantzen zaigu ondoko ideia hauek aipatzea:

  • Hasteko, kontuan izan behar da arazo hauek, ia gehienetan, elkarloturik agertzen direla. Hau da, hizkuntzen desagertzea faktore anitzen elkarrekintzaren ondorioa izaten dela, eta ez faktore bakarrarena.
  • Hizkuntza komunitate bakoitzak bere berezitasun espezifikoak dituela eta azterketa banakakoa egin beharra dagoela. Lan honetan lortu nahi izan dena, egoera orokorraren deskribapena da, eta ez komunitate guztientzat orokortasunak ematea.
  • Hizkuntzak arriskuan jartzen dituzten arrazoien artean, informatzaileen ustez behintzat, berebiziko garrantzia hartzen duela arrazoi politiko zuzenak (arrazoien %46). Hauei arrazoi demografikoak (%27) eta arrazoi ekonomikoak eta sozialak (%16) jarraitzen zaizkio. Arrazoi hauen guztien ondorioz hizkuntzarekiko jarrera ezkorra gertatzen dela jakina izanik, deigarria da arrisku arrazoi guztien %25,1 jarrera ezkorrarekin loturikoak izatea.
  • Oso kontuan izan behar dela aipatutako faktoreek, hizkuntzak ez ezik, komunitateak eurak ere jartzen dituztela arriskuan.

Arazo hauen guztien aurrean, Txostenean zerrendatzen diren gomendioek hiru ardatz nagusi dituztela azpimarratu nahi genuke:

  • Lehenik, gure ustez, nazioarteko erakunde bat beharrezkoa dela hizkuntzen aurkako zemai hauek guztiak aztertzeko eta hizkuntzen heriotza gelditzeko beharrezko neurriak hartzeko. Horrekin batera, ezinbestekoa da komunitateen eskuetan baliabideak jartzea, hizkuntzen babesa komunitateen ikuspegitik egiteko.
  • Bigarrenik, erakunde publikoek eta hizkuntzei buruz erabakiak hartzeko gai direnek hizkuntzak, batez ere zemaitutako edo gutxitutako hizkuntzak, babestu eta sustatu beharko lituzketela maila guztietan.
  • Azkenik, guztiz beharrezkoa dela neurri egokiak hartzea hizkuntzen heriotza bultzatzen duten mehatxuak gainditzeko. Nagusiki, hizkuntzak arriskuan jartzen dituzten arrazoi politikoak nabarmentzen direnez, eremu horretako neurriak hartzea ezinbestekoa deritzogu. Abiapuntu horretatik beharrezkoa da, besteak beste, biztanleriaren tokiz aldatzea bultzatzen duten arazoak (gerrak, gosea, langabezia...) konpontzen hastea. Izan ere, ez da ahantzi behar hizkuntzak eta kulturak, gizakiak bezala, berdinak direla duintasunari dagokionez, nahiz eta ikuspegi demografiko, politiko eta ekonomikotik desberdintasun nabarmenak egon euren artean.

Amaitzeko, txosten honetan euskararen egoeraren aipamenik egiten ez bada ere, euskara hilzori bidean diren hizkuntzen artean dagoela nabarmendu nahi genuke; galtzeko arriskurik handienekoa duten hizkuntzen artean, hain zuzen ere.

BIBLIOGRAFIA

Comrie, B., Matthews, S. eta Polinsky, M. (1996): The Atlas of languages. The origin and Development of Languages Throughout the World. New York: Facts On File.
Crystal, D. (2000): Language Death. Cambrige: Cambrige University Press.
Dixon, R. M. W. (1997): The rise and fall of languages. Cambrige: Cambrige University Press.
Fishman, J. (1991): Reversing Language Shift. Theoretical and empirical Assistance to Threatened Languages. Clevedon: Multilingual Matters.
_________ (ed.) (2001): Can threatened languages be saved? Reversing language shift, Revisited: A21st Century Perspective. Clevedon: Multilingual Maters.
Giles, H., Taylor, D.M. & Bourhis, R (1977): “Towards a theory of language in ethnic group relations�» in Giles, H (ed). Language Ethnicity and Intergroup Relations. London: Academic Press, 307-348.
Hagège, C. (2000): Halte � la mort des langues. París: Éditions Odile Jacob [2002. No a la muerte de las lenguas. Barcelona: Paidos].
Hale, K. (1992): “Endangered Languages�» in Language 68-1, 1-48.
Haugen, E. (1972): The ecology of Language. California: Stanford University Press.
Junyent, C. (1999): La diversidad lingüística. Didáctica y recorrido de las lenguas del mundo. Barcelona: Octaedro.
Kraus, M. (1992): “The World´s Languages in Crisis�» in Language 68-1, 4-10.
Moreno Cabrera, J. C. (2000): La dignidad e igualdad de las lenguas. Crítica de la discriminación lingüística. Madrid: Alianza.
Nettle, D. (1999): Linguistic Diversity. New York: Oxford University Press.
Sasse, H.J. (1992): “Theory of language death�» in Brenzinger, M. (ed.): Language Death: Factual and Theoretical Explorations with Special Reference to East Africa. New York: Mouton de Gruyter.
Wurm, S. A. (2000): Atlas of the world’s languages in danger of disappearing. Paris-Camberra: UNESCO Publishing / Pacific Linguistics.
BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Egilea(k): 
Andoni Barreña; Itziar Idiazabal; Patxi Juaristi; Belen Uranga
Urtea: 
2003