ELKARRIZKETA. ITZIAR IDIAZABAL, Euskal curriculumaren dimentsio linguistikoaz EHUko Euskal Filologiako Irakasle katedra

Ezagutzaren eraikuntza ingurukoan arakatuz eta ingurukoarekin elkar eraginez eraikitzen dela gauza ezaguna da, eta elkarreragin hori gauzatzeko elementurik hurbilena hizkuntza da

nabarmenago gelditzen da eskolak alderdi formalen azterketa eta ikasketari garrantzia handiagoa ematen diola hizkuntzaren erabileran trebatzeari baino

euskarak eskolatik kanpo ikasteko lekurik ez duen eremuetan euskara hankamotz gelditzen da, eskola ez baita denetara iristen. Eta eskolan ere egin beharko liratekeen gauza asko ez dira egiten dauzkan tradizio eta aspaldiko joera, formazio mailako gabezia askoren eraginez. Baina eskolan gauzak gaizki egiten ari direla esaten duten hizkuntzalari, akademia eta gainontzekoek jakin behar dute hemen ardura ez dela eskolaren gain bakarrik utzi behar

Euskararen aitzakiarekin, hezkuntzaren hobekuntzan, oro har, eragin handia izan duela uste dut aspalditik gurasoen parte hartze zuzenak, udalekuak, barnetegiak, eta beste hainbat ekimen bultzatu izanak

Gurea bezalako erronka batean, gurasoak nola edo hala eskolaren ekimenean integratzen ez badira ez dago zer eginik

Eskolaren tradizioa eta eskolak duen irudia oraindik hizkuntzaren eredu estandar edo normatiboaren transmisioarekin lotzen da. Hori da, hala nahi izan nahiz ez, eskolak betetzen duen funtzioa eta gizarteak eskatzen dion eginkizuna

euskara erabiltzeko nolabaiteko konpromezua txertatu beharko litzatekeela normalizazio ezari aurre egiteko oinarrizko jarrera bezala. Eta hori nola erakusten da? Zentzu handi batean, irakaslea bera izan daiteke eta izan ohi da hizkuntza jarrera horren eredu

Ni hika mintzatzen naiz baina nire amarekin ez dut inoiz hika egin eta irakaslearekin ez dut uste egin behar denik. Eskola eremuak ez du hori uzten, erabilera formalak hobesten direlako

Zergatik aitortzen zaio horrenbesteko garrantzia tokiko edukiak eskolaratzeari, eta beraz, tokiko hizkuntzan eskolatzeari?

Eskolan, tokiko hizkuntzari, eta hizkuntzari oro har, garrantzia berezia eman izan zaio beti, toki guztietan eta hizkuntza komunitate guztietan, ahal izan duten heinean. Gurean ere, oinarri nagusitzat hartu izan dugu. Beraz, gurean ematen diogun garrantziak ez du ezer berezirik, nahiz eta nahikoa larria den gurea bezalako hizkuntzek duten arazoa.

Bertakoari zergatik horrenbesteko garrantzia? Teoriko asko izan da horri buruz pentsatu duena. Ezagutzaren eraikuntza ingurukoan arakatuz eta ingurukoarekin elkar eraginez eraikitzen dela gauza ezaguna da, eta elkarreragin hori gauzatzeko elementurik hurbilena hizkuntza da. Gure kasuan, euskararekin, hori ez da haur guztientzat berdin. Hala eta guztiz ere, gure curriculumean euskara lehentasunezkoa da. Galde diezaiogun gure buruari zergatik den hori horrela.

Hizkuntzaren dimentsioaz ari garela, ordea, ez dugu ahantzi behar dimentsio estrukturala, linguistikoa badugula, baina baita soziala ere. Orain arte, dimentsio linguistikoa lehenetsi izan da eta soziala bazterrean gelditu zaigu. Curriculumak nola erantzun behar dio gai honi?

Eskolak joera hori betidanik izan du. Eskolak hizkuntza hartu du langai, baina hizkuntza eskolan sartu den heinean, hizkuntzaren alderdi formalak lantzera jo du. Eskolaren historia aztertzen bada, horrela izan da beti. Eta guk ere tradizio hori oso barruan daukagu. Hizkuntza edozein delarik ere, ez dugu bereizketa handiegirik egiten. Eskolan hizkuntzari buruzko ezaugarri formalak, gramatika eta gainerako arauak irakasteari ekiten diogu.

Beste hizkuntzetan ere teorikoak horretan ari dira. Europako iparraldekoak eta anglosaxoiak, esaterako, garbi dute aspalditik erabileraren garrantzia, alegia, hizkuntza elkar komunikatzeko eta elkar ulertzeko baliabide soziala dela. Gure artean ere, teorian, hori esan esaten da. Hizkuntzaren irakaskuntza batez ere hizkuntzaz baliatzeko gaitasunean trebatzea da. Baina, hori esan ondoren, zer egiten da? Zer baloratzen da? Zer zaintzen da bereziki? Hizkuntzari buruzko ezagutza formala. Hau da, hizkuntzari buruzko gauzak ikasten ditugun arren, hizkuntza bera erabiltzeko gaitasun eta trebetasunak askotan ez dira nahikoa lantzen. Gizartean hizkuntza bizirik eta indartsu dagoenean gabezia hori konpentsatu egiten da. Gure kasuan, ordea, hori gutxitan gertatzen denez, nabarmenago gelditzen da eskolak alderdi formalen azterketa eta ikasketari garrantzia handiagoa ematen diola hizkuntzaren erabileran trebatzeari baino.

Horrek ez al du agerian jartzen irakaskuntzan hizkuntza zuzentasunari erreparatzen zaiola hizkuntza egokitasuna kontuan hartu gabe?

Horri buruz gogoeta sakonagoa egin behar da. Gure artean nahikoa era arinean erabiltzen diren kontzeptuak dira. Zuzentasuna eta egokitasuna, zer dira? Hizkuntzaren kalitatearen inguruan asko hitz egiten da eta nik ez dut uste bereizketa hori, itxuraz horren argia dena, hain erraz egin daitekeenik.

Zer da zuzentasuna? Zer egokitasuna? Hori ondo ulertzeko gure artean oraindik egin ez den hizkuntzaren funtzionamenduaren inguruko hausnarketa sakonago bat egin beharra daukagu. Errazkeria asko esaten da kontu honetan. Zeren arabera erabakitzen da ekoizpen bat zuzena dela? Gramatikaren legeak betetzen direlako? Batzutan gramatikaren legeak beteta ere hizkuntza ez da zuzena. Orduan, zerk ematen digu zuzentasuna eta zerk egokitasuna?

Hizkuntzak nola funtzionatzen duen jakin behar dugu. Hizkuntza produktu sozial bat da, ekintza komunikatibo-linguistikoetan gauzatzen dena. Ekintza komunikatibo oro gauzatzeko parametroek jokatzeko aukera eskaintzen digute. Parametro horien baitako jokoak ematen dio hizkuntzari bere egokitasuna eta aldi berean zuzentasuna. Izan ere, ezin dira bereiztu. Horren arabera, mezu bat egoera baterako guztiz egoki eta zuzena izan arren, beste egoera batean ez du horrelakoa izan beharrik. Bereizketa hori egiten jakin behar dugu. Gramatikarekin bakarrik, ordea, ezinezkoa da. Gure artean horri buruzko gogoeta behar bezain sakon egin gabe dagoenez, dikotomia erraz horiekin gauzak errazak balira bezala irudikatzera jotzen dugu, eta benetan ez dira horren errazak.

Dena den, alderdi linguistikoan bertan ere gabeziak handiak dira. Gaur egun badugu aski datu esateko gure ikasleek ez dutela euskaraz trebe eta egoki mintzatzeko behar den gaitasuna eskuratzen eskolan. Curriculum mailan zein helburu jarri behar litzateke arazo honi erantzuteko?

Gabezia horren muina ez dago eskolan. Hori ere jakin behar da. hizkuntzaren egoera den bezalakoa delako gertatzen da hori gure artean. Egia da eskolak hutsune batzuk bete ditzakeela, eta betetzen ditu. Gertatzen dena da, eskolak ez dituela hutsune guztiak inon betetzen, beste hizkuntzetan ere ez. Zenbait eremutako ikasleengan ia eskola bakarrik daukagu hizkuntzaren alderdi guztiak lantzeko. Eta egoera horretan eskola iristen den lekura iristen da. Horrek ez du esan nahi eskolan gauzak hobeto egin ez daitezkeenik. Askotan gure burua “egoera hain txarra denez zer eskatuko dugu? Ezin da gehiago egin�» esanez babesten dugu. Ni horren kontra nago erabat.

Hizkuntza handietan, ordea, hizkuntza eskolatik kanpo ikasten da, eta hori guk hemen oso ongi frogatua daukagu. Hemen eskolan gaztelerari zenbat ordu eskaintzen zaizkio? Eta gero, erdara maila batzuetarako eta erabilera batzuetarako ez dago inolako arazorik. Hizkuntza eskolatik kanpo ikasten delako. Eta orduan euskarak eskolatik kanpo ikasteko lekurik ez duen eremuetan euskara hankamotz gelditzen da, eskola ez baita denetara iristen. Eta eskolan ere egin beharko liratekeen gauza asko ez dira egiten dauzkan tradizio eta aspaldiko joera, formazio mailako gabezia askoren eraginez. Baina eskolan gauzak gaizki egiten ari direla esaten duten hizkuntzalari, akademia eta gainontzekoek jakin behar dute hemen ardura ez dela eskolaren gain bakarrik utzi behar.

Ikasle gehienek etxean ez dute euskararik jaso. Nabarmena da, beraz, etxetik euskaldun direnekiko aldea. Ikasle guztiak euskaraz mintzatzeko trebetasun egokia izatera iristeko, zein ikuspegitatik begiratu behar dio curriculumak ikasleen hizkuntza jatorriari?

Ikasleen jatorria gauza guztietarako ezagutu behar da eta ahaleginik handiena egin behar da ondo deskribatzen eta ondo ezagutzen. Haiekin lan egin behar baduzu jakin behar duzuna ez da ez nolako aurpegia duten bakarrik, bai eta sorterria non duten, zein kultur tradiziotik datozen, zein hizkuntza ezagutzen dituzten, eta jakina, euskararen kasuan, badakiten ala ez, inguruan egiten den, ez den. Hori behar beharrezko kontu bat da. Hala ere, horrek ez du esan nahi, esaterako, euskaldunak alde batetik eta erdaldunak beste batetik jarri behar direnik, euskaldunek euskara gal ez dezaten. Uste dut hori oso abiapuntu traketsa dela.

Guk, eta Euskal Herrian eskolak zerbait aurrera egin baldin badu, horrexegatik izan da. Hain zuzen ere, askorentzat etxekoa ez den hizkuntza bat, eskolaren bitartez erakutsi eta eskolan lan egin daitekeela demostratu dugu, eta munduan beste askorentzako eredugarri gertatu da. Orduan, orain, bat batean, euskaldun direnak erdaldun direnekin nahastu ezin ditugula esaten hasten bagara, euskaldunak galtzen ateratzen direlako, gure printzipio guztiek porrot egin dutela esan nahi du. Nik uste dut, inoiz baino gehiago, lan egiteko modu inteligenteagoak asmatu beharko ditugula. Ezin da esan “orain banatu egingo ditugu eta ghetto batean mantendu, hala gutxienez salbatu egingo gara�». Hori, iruditzen zait, guztiz atzerakoia eta pedagogiaren kontrakoa dela. Jakina, horrela irakasleari errazagoa egingo zaio, baina irakaskuntza ez da gauzak errazago egiteko pentsatutako lekua, jendeak eskatzen duena eta behar duena emateko eta pentsatutako zerbitzua baizik. Hau da daukagun desafioa. Oso aberatsa da, hemen desafio handiei egin diegu aurre eta hezkuntza mailan inon ez bezala.

Zonalde erdaldunenetan, gurasoak ere eskola bidez euskaldunduak dira gehien bat. Ezaugarri hau baliagarria ote da inguru horretan curriculumaren helburuak lantzeko? Gurasoen parte hartzearen inguruko planteamenduren bat beharko litzateke?

Hala uste dut, eta helburu horrekin iniziatiba eta ahalegin asko landu da Euskal Herrian. Euskararen aitzakiarekin, hezkuntzaren hobekuntzan, oro har, eragin handia izan duela uste dut aspalditik gurasoen parte hartze zuzenak, udalekuak, barnetegiak, eta beste hainbat ekimen bultzatu izanak. Aipatzen dituzun egoera horietan, are gehiago, inguru oso erdaldunetan, formulak pentsatu eta asmatzea oso garrantzitsua da. Horrek aurreko tradizioari jarraitzen dio. Gertatzen dena da, beharbada, garai bateko soluzioek ez dutela balio eta beste modu batzuk bilatu behar direla. Gurea bezalako erronka batean, gurasoak nola edo hala eskolaren ekimenean integratzen ez badira ez dago zer eginik.

Esanguratsua al da curriculumari dagokionez, ikastetxea Arbonan, Barakaldon edo Tafallan kokaturik egotea?

Mailaren arabera. Curriculumaren maila batean lekuan lekuko ezaugarriak hartzen dira kontuan eta horietatik abiatuz, besteetara heldu. Hezitzaileek jakin behar lukete ezin dela bere ingurutik aterata heziketarik egin. Hizkuntza gaietan, eta are gehiago hizkuntzaren egoera horren berezia izanda, horrek nahi eta nahi ez sartu behar du curriculumaren diseinuan. Kasu bakoitza dagokion moduan diseinatu beharko da, helburuak garbi edukiz, eta helburu horietara heltzeko pausoak eta hurrenkerak diseinatuz. Bertan dagoena aprobetxatzen jakin behar da.

Euskara hizkuntza bizi eta normala bailitzan eskaini nahi baldin bada, eta presentzia nabarmenik ez baldin badu, hori lortzeko modua asmatu egin beharko da eta ez da berdina izango Azkoitian edo Barakaldon. Bi horietan bada, ordea, berdina den zerbait. Alegia, Azkoitian izanda ere, euskarak askotan bigarren hizkuntzaren tratamendua behar duela. Azkoitian euskara egunerokoa eta bizi-bizia da, baina neuk ez dakit oraindik Azkoitiko batek sendagai bat erosten duenean argibideak euskaraz irakur ditzakeen, nik hori euskaraz ez dut inoiz ikusi. Bada hizkuntzaren erabilera ugari Azkoitian bertan ere oraindik euskaraz egiten ez direnak. Beraz, euskarak, Azkoitian ere, bigarren hizkuntzaren tratamendua beharko duela iruditzen zait. Jakina, Barakaldon, oinarrizko gauzak, eta ageri-agerikoak ez dira euskaraz egiten hainbat eremutan. Hala eta guztiz ere, Barakaldon Gipuzkoan uste dena baino gehiago egiten da euskaraz. Barakaldon oso jende euskalduna eta euskaraz oso modu aberatsean bizi duena ezagutu dut, nahiz eta euskaldun berria izan.

Gaitasunak erabilerarekin lotura estua du. Gaitasunak erabiltzeko aukera ematen digu, eta erabilerak, berriz, mintzatzeko trebetasuna. Eta trebetasunak, aldiz, sarritan, mintzatzeko motibazioa pizten du. Hots, trebetasunik ez duenak nahiago izaten duela euskaraz ez mintzatu. Arazo hau etxetik euskararik ez dakarten horiena bakarrik al da? Curriculumari dagokionez, eskolan euskara estandarra ikasteko helburua ikaslearen jatorri linguistikoari soilik lotu behar al zaio?

Eskolaren tradizioa eta eskolak duen irudia oraindik hizkuntzaren eredu estandar edo normatiboaren transmisioarekin lotzen da. Hori da, hala nahi izan nahiz ez, eskolak betetzen duen funtzioa eta gizarteak eskatzen dion eginkizuna. Ez dakit eskolak hori ez den beste ezer egiteko ahalmenik duen. Instituzio modura eskolari ongi irakurtzen eta ongi idazten irakastea eskatzen zaio. “Ondo�» dagoen hori, zorionez edo zoritxarrez, komunikabideetan jende ospetsuak eta akademiaren ordezkariek eta izen ezaguneko idazleek erabiltzen duten hizkuntza da. Eskolak hori transmititu eta hori zabaltzeko modua egin dezake, eta gizarteak hori eskatzen dio. Egia da irakasle asko dagoela gai horrekin kezkatuta, baina eskolak ezin ditu “que guai�» eta antzekoak irakatsi. Beharbada, eskolatik kanpo, “tranpa�» batzuk egin ahal dira, antzerkiak eta hizkuntza erabilera arruntak irudikatuz, baina, hala ere, nekez.

Ingelesak horretan oso iaioak izan dira. Ingelesa ikasteko, eta maila guztietarako, pentsa zeinen material aberatsak dauzkaten, eta hala eta guztiz ere, nahiz eta ingeleseko “proficiency-a�» eskuratua izan, ingelesez mintzo diren lurralde batean bizi izan ez bazara erabilera arrunt horiek ezin dituzu menderatu, ezin dituzu ulertu. Zenbat bitarteko dituzu? Pelikulak esamolde kolokialez josita dituzu. Gauza horiek beste bide batzuetatik etorri behar dute. Eskolak bideratu egin ditzake, udalekuen bidez, aisian… Uste dut askoz gehiago etorriko dela komunikabideetatik eskolatik baino. Eskakizun faltsua dela iruditzen zait.

Horrek ez du esan nahi ahozko hizkuntza landu behar ez denik. Gertatzen dena da, ahozko hizkuntza, idatzizkoa bezala, oso dibertsoa da. Oso erabilera desberdinak daude ahozkoan eta eskolak bere-berea duen eremua da ahozko formala. Jende aurrean hitz egiteko modukoa den hori. Hori bai erakutsi behar dela. Eta hori eskolak egin behar du. Eta eskolak egiten ez badu ez du beste inork egingo. Eta hori erakusteko, ordea, eskolak ereduak behar ditu. Jakin egin behar da euskaraz jende aurrean nola hitz egiten den, eta hori hizkuntzalariok deskribatu egin behar dugu. Gaur egun gutariko asko ez gara horretan ari. Euskaltzaindiak fonologiaz zenbait gauzatxo aholkatu ditu baina nik ez ditut ezagutzen zehazki deskribapen onak egin direnik, “euskaraz emandako hitzaldi on baten ezaugarriak horrela dira�». Ahozko hizkuntzaren ezaugarriak deskribatu, didaktizatu, eta irakasleari lanerako materialak pasa behar zaizkio. Ezin da ez dagoenetik eskatu.

Euskara ez da gure ikasleen begietan normalizaturik agertzen den hizkuntza. Alderdi hori curriculumean txertatzekoa al da? Eta hala bada, euskararen historia soziala, bilakaera eta egungo egoerari buruzko ezagutza nola uztartu behar dira curriculum proiektuan?

Nolabait esateko, euskararen egoera soziolinguistikoa zein den erakutsi daiteke kontzeptu moduan. Eta nik uste hori agertzen dela gaurko eskola liburuetan era. Beste kontu bat normalizazioak beharko lukeen hizkuntza jarrerak erakustea da, alegia, euskara erabiltzeko nolabaiteko konpromezua txertatu beharko litzatekeela normalizazio ezari aurre egiteko oinarrizko jarrera bezala. Eta hori nola erakusten da? Zentzu handi batean, irakaslea bera izan daiteke eta izan ohi da hizkuntza jarrera horren eredu; eta hori gertatzen den eskoletan, nabaritu egiten da ikasleen euskararekiko konpromezuan. Aspaldian ez dut berririk, baina Lizarrako ikastolan gertatzen zena nahikoa paradigmatikoa zen zentzu honetan.

Beste kontu bat, bereziki zaindu behar dena, edozein irakasgai euskararen ikasteko aukera eta eskakizuna izan behar duela. Eta hau, pentsa ezazu guretzat zeinen garrantzitsua den. Ikasle askok eskolan bakarrik du euskara entzun eta lantzeko aukera. Matematikak, edo natur zientziak euskaraz egiten ari direnean hor erabiltzen den hizkuntza inportantea da, eta ez da ulermena bakarrik landu behar, idatziaren ulermenean nahikoa trebe badira gure ikasleak. Ekoizpenak dira zailak. Eta ekoizpenak landu, kontrolatu eta ebaluatu egin behar dira gai horietako euskara ere kontrolatuz.

Euskararen aldaera geografikoei geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaie. Hainbat ikastetxek eskolara ekartzeko ahalegina ere egina du. Tokiko aldaerak eta euskalkiek zein leku izan behar dute eskolan? Eta zein helburu nagusi jarri behar litzateke curriculum proiektuan?

Nik uste dut ez dagoela nahikoa gogoeta eginda. Garai batean gauza batzuk esan genituen, Bizkaiko egoerak kezkatuta batez ere. Izan ere, Bizkaian bizkaiera baztertuz egiten ari zen hizkuntza politika guztiz ezkorra zela ikusten baikenuen. Bizkaiko euskaldunek bere euskalkiaren transmisioari uko egiten zioten beren hizkuntza eredua ontzat ematen ez zelako eta hori izugarria izan zen. Horrek kasu askotan hainbat hiztun galtzea ekarri du. Gaur ez gaude egoera horretan, euskalkiak badute prestigioa. Eremu batzutan oso garrantzitsua da, eskolatik kanpo euskara bizirik dagoen eremuetan euskara euskalkiz bizi da. Horrek esan nahi du euskararen iraupenerako oso garrantzitsua dela euskalkiak bizirik mantentzea eta bizirik irautea.

Ez dakit zenbateraino sartu behar den bertako euskalkia eskolako programazioan, modu idatzian sartu behar duen edo ez duen, esaterako. Nik ez dut pentsatzen gehiegizko eragina izango duenik bertako euskara indartzeko, Bergaran, Azkoitian edo Leitzan bertan esaten den moduan eskolan ere hala hitz egin eta idazten hasten baldin badira. Beste gauza bat da, esaterako, Bizkaian, bertako hizkuntzan oinarritutako estandar bat nahikoa eraikia eta nahikoa zabaldua eta normalizatua dagoen lekuetan. Batek badu tradizioa, besteak ez. Nik ez dut esango bertako hizkuntza herri aldizkarietan edo literatur aldizkarietan egon behar ez duenik, baina eskolari zeregin hori eskatzea ez dut uste zuzena denik.

Euskarak dituen tratamenduak, toka eta noka batez ere, gainerakoak ahantzi gabe (berorikakoa, xuka eta zuka) curriculumean txertatzeko aski entitatea al dute? Zein mailatan?

Ni hika mintzatzen naiz baina nire amarekin ez dut inoiz hika egin eta irakaslearekin ez dut uste egin behar denik. Eskola eremuak ez du hori uzten, erabilera formalak hobesten direlako. Horrek ez du esan nahi ikasleen artean erabili ezin denik, baina hori ez du irakasleak erabakitzen.

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2003