Etorkizuna sendotu (BAT aldizkariaren egitasmoa indartuz)

Aldizkariaren xede nagusia euskararen normalizazio prozesuari soziolinguistikaren alorreko informazioa hedatuz laguntzea da. Horren bitartez, prozesua ahalik eta argien, ondoen, errazen eta azkarren egin dadin

Bistan da, ordea, egun soziolinguistikak egunero sortzen duela informazioa. Egunero bada hizkuntzaren normalkuntzan dihardutenentzat jakingarria den hainbat informazio. Aldizkariak ezin dio aktualitate horri erantzun bere formatuarekin. Hori dela eta, SEI elkartearen webgunean “"SEIberri" berripaper elektronikoaren baitan honelakoen berri emateko gune bat sortuko dugu

Aldizkari honek Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan du zuzendari sortu zenetik 2001. urtea bitarte. Urte horretan, ordea, Txillardegik zuzendaritza lanak uzteko asmoa agertu zuen. Maria-Jose Azurmendi da zuzendaritza lanak hartzeko SEI elkarteak hautatu duena eta idazki honetan bere asmoak agertzen ditu.

SARRERA.

SEI elkarteak BAT soziolinguistika aldizkariaren zuzendari izateko eskaintza egin zidan iaz. Eskaerari baietz erantzun nion eta 2002. urte honetan hasi naiz lan hori betetzen. Eginkizun berria da niretzat eta nik ere aldizkari hau bultzatzen nire ahalegina egin nahi dut. Honela, lan honetan bildu nahi ditut aldizkariari buruzko nire ikuspegia eta Argitalpen Batzordeak hurrengo urteetarako erabaki duen egitasmoa.

Egitasmoa bideratzeko, zuzendariaz gain, koordinatzailea (Imanol Esnaola) eta Argitalpen Batzordea ditu aldizkariak eta ezinbestekoa deritzot hiruron arteko elkarlana sendotzeari aldizkariak bere onena eman dezan.

Aldizkariak orain arte egin duen ibilbidea aberatsa izan da oso, beraz, geroan ere bide berari jarraitu behar diolakoan nago. Hala ere, aldaketa zenbait eginez, geroko ibilbidea sendotzeko oinarria jarriko dugulakoan nago. Nire ustez honako alderdi hauek zaindu behar dira:

Aldizkariaren orain arteko ibilbidea, beti ere hutsuneak gainditu eta dagoena osatuz.

Aldizkariaren irakurleria, multzo honetan dagoen aniztasunari arreta berezia jarriaz (euskaltzaleak, irakasleak, normalizazio teknikariak, disziplina desberdinetako ikerlariak…) eta multzo hori handitzeko urratsak emanez.

Edukiaren ezaugarriak, lanen izaera dibulgatiboari eutsiaz, eta ikuspegi nahiz gaien aniztasuna gordeaz.

Lanen kalitatea eta luze-laburra zainduz. Ulergarritasuna eta sintetikotasuna bereziki zaindu behar dira.

ALDIZKARIAREN FILOSOFIA ETA HELBURUAK.

Aldizkariaren xede nagusia euskararen normalizazio prozesuari soziolinguistikaren alorreko informazioa hedatuz laguntzea da. Horren bitartez, prozesua ahalik eta argien, ondoen, errazen eta azkarren egin dadin. Helburu nagusia hori bada ere, honako beste helburu xehe hauek ere baditu:

Euskaren egoera eta etorkizuna izango dira aztergai nagusia. Horregatik, lehentasunezkoa izango da euskarekin loturiko gaiak, alde batetik, eta euskararen egoera ulertzeko baliagarriak izango diren teorizazio, konparazio nahiz adibideak jasotzea.

Arloko eragileen arteko elkarlana eta nolabaiteko batasuna lortzen ahaleginduko da. Horretarako, ateak zabalduko dizkio gai honen inguruan dauden ikuspegi desberdinei, eta horien arteko eztabaida eta iritzi trukea sustatzeko topagune izaten ahaleginduko da.

Euskararen normalizazioak lan esparru eta lan-lerro ugari ditu:

  1. Ekintza mailakoak (planifikazioa, ikerketa, azterketa, aktibismoa…);
  2. Eragile mailakoak (batzuk erakunde publiko ofizialek bultzatutakoak izango dira, beste batzuk, berriz, gizarte eragileek edo erakunde pribatuek bultzatutakoak);
  3. Eginkizunen mailakoak (diseinua, inplementazioa, ebaluazioa);
  4. eremuka, arloka, gaika... ere uler daiteke arloak duen errealitatea;
  5. bai eta disziplinen arabera ere… Denak dira gure soziolinguistikaren baitakoak eta denak aldizkariaren lanerako esparru.

Ahalegin berezia egingo dugu lan originalak bilatzen eta argitaratzen. Bai eta ikerlari berrienak, bai dagoeneko gure artean itzal nabarmena duten horiena.

Antzeko erronkak dituzten herrien esperientzia ezagutu eta horiek gureganatzeari arreta berezia eskaini behar diogu (guk gurea zabaltzeari eskaini behar diogun bezala). Honetarako Europako esperientziei erreparatuko diegu batez ere.

Hizkuntza gaiak jorratzen dituzten euskarazko gainerako aldizkariekin ere elkar osatzeko topagunea bultzatuko dugu.

Beraz, esandako guztiarekin aldizkariak, urteko lau aleez gain zenbaki bereziak argitaratuko ditu.

Azkenik, arloan diharduguon arteko harremanak eta elkarren ezagutza errazteko tresna izan nahi du.

ALDIZKARIAREN BARNE ANTOLAMENDUA.

Arestian esandakoak betetzeko, orain arteko antolamendua egokia dela deritzo. Dena den, berrikuntza zenbait egin beharra ere ikusten dut.

Edukien antolamendua.

  • "“Laburpenak": Argitaraturiko lanen laburpenak luzeagoak eta osatuagoak egin. Euskaraz eta ingelesez argitaratuko ditugu;
  • "Hitzaurrea": Ale bakoitzaren edukiaren irakurketa orokorra egiteko atala.
  • "“Dossierra": Gai baten inguruko artikulu bilduma monografikoa izango da.
  • "Gurean" (sail berria): Euskararen normalkuntza jorragai dituzten gogoeta, plangintza, ekintza, azterketa… lanak bilduko dituena.
  • "Gaiak": aurreko esparruetatik kanpo gelditzen dena bilduko du: elkarrizketak, kongresuen kronikak, ekintza berrien aurkezteak, foro elektronikoen emaitzak, argitalpen interesgarrien aipamenak, iruzkinak, eta abar).

Bistan da, ordea, egun soziolinguistikak egunero sortzen duela informazioa. Egunero bada hizkuntzaren normalkuntzan dihardutenentzat jakingarria den hainbat informazio. Aldizkariak ezin dio aktualitate horri erantzun bere formatuarekin. Hori dela eta, SEI elkartearen webgunean “"SEIberri" berripaper elektronikoaren baitan honelakoen berri emateko gune bat sortuko dugu. Negu honetan sortuko den aldizkari elektroniko hau laister indarrean jarriko den posta-zerrendarekin batera horrelako berriak zabaltzeko tresnak izango dira, aldizkariarekin koordinaturik eta osagarritasunean jardungo direnak uneoro. Halaber, aldizkariaren edukien berri nazioartean hedatzeko e-mail bidezko zabalkunde lana egingo dugu.

Formaren antolamendua.

Aldizkariaren egungo itxura eta neurriari eustsi behar zaiolakoan nago. Izan ere, atsegian eta egokia dekoan bainago. Dena den, egokitze zenbait behar dituelakoan ere banago:

“"Entresakak" ongi landu behar dira irakurketa azkarragoa errazteko.

Lan bakoitzak bere laburpena izango du, euskaraz eta ingelesez. Horrekin batera, bere edukiaren berri ematen duten hitz gakoen bidez deskribatuko dugu zeri buruz den. Definizio hori euskaraz eta ingelesez emango dugu, nazioarteko sare elektronikoak bere hedapena errazte aldera.

Aldizkariaren informazioa on-line jartzea, aurretik argitaratutako aleak ikusten aukera eskainiz eta argitaratu diren lan guztien eta egile guztien datu basearekin.

Aldizkariaren helburua eta ezaugarriak jasotzen dituen azalpen bat erantsiko dugu aldizkariaren hasieran (euskaraz eta ingelesez).

Antolatzaileen eraketa:

Argitalpen batzordea indartzeko lan berezia egin dugu. Azken hilabeteotan kide berriz osatu dugu eta hurrengo hilabeteetako lana izango da lan talde berria lanean jartzea. Egun dugun batzorde berri honetan ditugu : Maria-Jose Azurmendi (UPV-EHUko katedraduna), Imanol Esnaola (SEI elkarteko idazkaria), Jone Miren Hernández (Ikerlaria), Nekane Jausoro (UPV-EHUko irakaslea), Iñaki Martinez de Luna (HIZNET-eko zuzendaria), Inma Muñoa (Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko kidea), Pablo Suberbiola (SEI elkarteko formazio arduraduna).

Horrekin batera arloan diharduten lankideen artean aholkulari sare eraginkor bat sortzea egoki ikusten dugu.

“"Kanpo-Aholkularitza": Antzeko moduan eta antzeko zereginak betetzeko, baina nazioarte mailako aholkularien laguntza bilatzeko asmoa dugu

ALDIZKARIAREN KANPO ANTOLAMENDUA.

Aldizkariaren etorkizuna ziurtatzeko ezinbestekoa da “"kanpo antolamendua", edo bestela esan, aldizkariaren dimentsio soziala zaindu eta lantzea. Hemen sar daitezke, adibidez:

  • Harpidetza handitzea;
  • Aldizkariaren zabalkundea lana eraginkortzea;
  • Aldizkarian parte hartzeko moduak zabaltzea;
  • Aldizkariaren finantziazioa sendotzea;
  • Bestelako aldizkari, instituzio, ikertzaile, erakunde, argitaletxe, eta abarrekin dugun harremana estutzea.

ALDIZKARIAREN ALE MONOGRAFIKOAK.

Bistan da aldizkariak ezin dituela une oro indarrean dauden gai guztiak bere baitan hartu. Askotan, ordea, gai batek duen sakonera kontuan izanda, ez da erraza izaten artikulu bat edo biren bitartez behar den moduan jorratzea. Hori kontuan izanik, egokia deritzot, oinarrizko edo aktualitate handiko gaiak ditugunean ale monografiko bereziak kaleratzeari.

Horrekin batera, soziolinguistikazko argitalpenen alorrean gurean dagoen hutsunea ikusita interesgarria eta beharrezkoa deritzot aldizkariaren argitalpena oinarrizko liburu sail batekin osatzeari. Hori, ordea, gure gaitasunetik haratago doan kontua izanik, eta alor honetan diharduten erakunde gehiago ere badela kontuan izanda, denon arteko elkarlanaz gauzatu beharko den proiektua da. BAT aldizkaria eta SEI elkartea horretan ahaleginduko dira behintzat.

BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2002