Milaurteko berriaren erronka: lan mundua euskalduntzea

Elgoibarko euskaltzaleen ahaleginetako bat euskal ikastola izan zen. Euskal ikastola honen helburua ez zen euskara erakustea, Elgoibarko neska-mutilen artean euskal giroa piztea baizik. (...) Garai hartan, euskal giroa berpizteko zutabe garrantzitsu bat mendizaletasuna izan zen

Euskaltzaindiaren gidaritzapean, euskararen corpusa finkatu da

Irakaskuntza

Unibertsitatea

Argitalpenak

Euskaltegiak

Liburugintza

Komunikabideak

Gazteria

garai hartan punta puntakoak ziren langintzak euskaraz egiten zirela eta langintza horietan ziharduten teknikariak euskaldunak ziren, euskaldun peto-petoak, erdararik ez zekitenak kasu askotan: burdinoletako arduradunak, aingura fabriketako nagusiak, eta abar

Lan munduak, beste irla bat izateko joera du. Euskara plana abian jarri duen enpresa bakoitza mundu bat da, mundu isolatu bat, eta plangintza horien eragina, oso mugatua da. Beharrezkoa da emandako jauzia ematea, baina ez nahikoa

Euskarak enpresetan lekua badu, pertsonek, beren arteko harremanak euskaraz egiten dutelako da, era naturalez agitzen delako, ez enpresak egoera hori bultzatzen edo errazten duelako. Zuzendaritza inguruan, salbuespenak salbuespen, gaztelera da ama hizkuntza

Garai honetan, enpresek beren gain hartu zuten instituzioek egiten ez zuten lana, hau da, beren gain hartu zuten euskalduntze plana, Euskal Herriko irakaskuntza prozesuak eta prozesu autonomikoak gorputza hartu bitartean. Gerorako asmoa, lan guzti hori instituzioei pasatzea zatekeen

1975-1980. urteko egoera politizatuan, zeinetan askatasunaren ideiaren leherkuntza izan zen eta Franco hil ondoren autogobernuaren ideiak hartu zuen Euskal Herria, 80. hamarkadan beste arazo batzuk hartzen dira gogorago: 80ko krisi ekonomikoa, langabezia... . Euforia nazionalista baretu egiten da, eta horrekin batera, euskalduntzeari buruzko kontzientzizazioa

Planaren ardatza komunikazio zirkuluak ziren: enpresaren antolakuntzan txertatzen diren kalitate zirkulu hauen filosofiaren arabera, egiten den lana kantitatez eta kalitatez hobetzeko eta lan prozedurazko arazoak konpontzeko, langileek beraiek eman ditzakete hainbat irtenbide

Kasu askotan, plangintzak enpresetan sartzea hain zaila izan da, ezen, langilegoaren ordezkaritza eta zuzendaritzaren artean egundoko iskanbilak sortu direla.

Iskanbila guzti horiek pasatu eta gero, langilegoak areago du sentsazioa guda bat irabazi izanarena, plana martxan jartzearen lorpenarekin enpresa trinkotu izatearena baino

Enpresak euskara-plana martxan jartzea erabaki ondoren, langile bakoitzak baloratuko du eskaintzen zaion aukera horretaz baliatuko den ala ez.

Puntu honek ere badauka bere alde txarra. Borondatezkoak diren gauzek, normalean, ez dutela estimazio handiegirik izaten

Behar dena, errealitate ezberdin guztientzako balizkoa izanen den aterki babesle bat da, hau da, “"gobernuaren inplikazioa" planak martxan jartzerakoan. Ez diruz laguntzearena bakarrik, baizik estatu guztiko enpresa guztietan eskatu beharreko gutxiengoak arautzea, neurtze sistema gobernutik egitea, eta borondatearen ideia alde batera uztea

Ez dago zalantzarik, XX. mendean, eta batez ere azken hiru hamarkadetan, euskararen alorrean gauza asko eta garrantzitsuak egin direla. Baina noizbehinka, egindakoak aztertu eta egiteke dagoenari buruz hausnartzea ere beharrezkoa izaten da, eta momentu hau, XXI. mendean sartu berri garen hau, horretarako aldartea dela esan liteke.

Badakigu azken hiru hamarkadetan lortutakoak asko izan direla, batez ere, hezkuntzari dagokionean. Badakigu lan munduan egin diren saiakeren berri. Instituzioek, lan horretan, izan dute zerikusirik... Baina elkarrekin bat ez datozen zenbait ikuspegi eta egitate ere bizi ditugu eta horiei buruz ere aritu beharra dago. Afera horietako bat, euskararen aldeko borrokarekiko ikuspegia da: batzuen ustez, pozgarria da aurrerakuntzak ikustea (nahiz eta ez dakigun aurrerakuntza horiek nahikoak diren). Eta beste batzuen iritziz, euskararen esparrua eskuratzeak, mailaz-mailakoa izan behar du. Hau da, eremua, esparruz-esparru irabazten joan behar omen dugu.

Gaur, ostera, badirudi, ez dela nahikoa orain arte izan dugun erritmoarekin jarraitzea euskarak aurrera egingo badu, edo eta euskararen normalizazioaren egonkortasunerako.

Euskarak lan munduan arrakasta izango badu, ezin du ekimen isolatua izan; lan mundua euskalduntzeak, beste ekimen eta lorpen batzuk eskatzen ditu enpresak euskalduntzeko planarekin batera.

0. HAUSNARKETA ARRAZOIA

“"Eskoletan euskaraz egitea debekatuta zegoen (50. hamarkadan) eta gaztelaniaz jarduten zuten herriko neska-mutilek. Herriko haur gehientsuenak euskaldunak izan arren, eskolako eta lagunarteko harreman guztiak gaztelaniaz izaten ziren. (...) Elgoibarko euskaltzaleen ahaleginetako bat euskal ikastola izan zen. Euskal ikastola honen helburua ez zen euskara erakustea, Elgoibarko neska-mutilen artean euskal giroa piztea baizik. (...) Garai hartan, euskal giroa berpizteko zutabe garrantzitsu bat mendizaletasuna izan zen".

Testu hau Elgoibarko euskara eragile taldeak argitaratutako idatzian irakurri nuenean, honako konklusio honetara heldu nintzen: gaur egungo egoera ez dela oso ezberdina euskararen erabilerari dagokionean. Hau da, 50. hamarkadan egoera politikoak ez zuelako laguntzen, neska-mutilek gazteleraz egiten zuten kalean, eta gaur egun, kultur sinbologia eta transmisio hizkuntza gaztelera delako, neska-mutilek, euren harremanetan, gazteleraz jarraitzen dute hitz egiten.

Egia da, euskaraz dakien gero eta jende gehiago dagoela Euskal Herrian (ulertu eta hitz egin, totelka bada ere, ia-ia haur guztiek egiten dute). Baina erabilera eremuak galtzen goazenik ezin da ukatu.

1. AZKEN HIRU HAMARKADETAN LORTUTAKOAK

Xabier Mendiguren Bereziartuk Bagera elkartearentzako prestatutako txostenean (2000), pasa den mendearen azken hiru hamarkadetan euskararen inguruan lortutakoak honakoak direla azpimarratzen du:

1.1. Euskaltzaindiaren gidaritzapean, euskararen corpusa finkatu da: oraindik badago egitekorik, bai gramatika eta hiztegi arauemailea lantzen eta burutzen, eta bai araututako guztia gizarteratzen. Baina egindakoa, ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako.
1.2. Irakaskuntza: oinarrizko lorpena izan da eta gure herria euskalduntzeko hasiera. 1960an hiru ikastola zeuden (100 ikasle inguru), eta gaur egun, 180 ikastolatik gora daude eta 54.000 ikasle euskaraz ikasten.
1.3. Unibertsitatea: 1990-91 ikasturtean 3.000 ikasle euskaldun zeuden eta gaur egun, 10.000tik gora dira. Irakasleagoari dagokionean, oraindik %20 da bakarrik elebiduna.
1.4. Argitalpenak: testu argitalpen kopurua handia ez bada ere, sostengatua da.
1.5. Euskaltegiak: EGAren pareko gaitasuna lortzen duten ikasleen kopurua, 4.700 ingurukoa da urtero.
1.6. Liburugintza: gerra inguruko liburugintzarekin konparatuz, sekulako gorakada egin da. Batez ere, irakaskuntza ez unibertsitarioko liburuek eta literaturak izan dute gorakada. Ez horrela, eduki tekniko, unibertsitario eta dibulgatiboko liburuek.
1.7. Komunikabideak: irrati eta telebista publiko eta pribatuen sorrera ezagutu dugu. Astekari eta aldizkari orokor eta espezializatuek ere ikusi dute argi. Hala ere, erdal komunikabideek ere hazkunde bera somatu dute eta euskal komunikabideen merkatu-kuota gero eta txikiagoa da.
1.8. Gazteria: gazteria gero eta euskaldunagoa da baina beraientzat giro euskaldun egokia sortzea falta da. Gainera, euskaraz prestatuta dagoen unibertsoa oso gaztetxoak direnentzako da. Gazteen unibertsoak ihes egiten digu. Gazte hauek, ikasketak bukatzen dituztenean, lanaren inguruko merkatua erdaraz dute, eta beraz, ordurarte eginiko ahalegin guztiak, alferrikakoak dituzte.

Aurrerakuntza, nabarmena da beraz. Baina hizkuntza normalduta ikusteko haina? Gure politikarien lehentasunen artean ote dago hizkuntzaren berreskuraketa? Hauexek dira Xabier Mendiguren Bereziartuk planteiatzen dituen kezkak bere “"Azken urteotako ahaleginetik etorkizunari begira" txostenean.

Argi dagoena da, irla asko dauzkagula oraindik euskararen inguruan, mundu eta ahalegin isolatuak franko, eta badela, irla horiek elkarrengana hurbiltzen hasteko garaia.

2. EUSKARA LAN MUNDUAN

Iraultza industrialaren aurreko lan harremanetan euskarak presentzia nabarmena zuen, eta ez bakarrik nekazaritza eta arrantzan, baita beste zereginetan ere; hala nola, burdinoletan, zurgintzan, ehungintzan, artisautzan, eta abar. Ondoren gertatutako aldaketa bortitzen ondorioz, egungo lan mundua oso urrun dago euskaratik, eta esan genezake, normalkuntza prozesua osorik ez dela burutuko, lan munduaren eremua euskararentzat berreskuratu gabe.

Aita Larramendik bere garaiko gizartearen argazki edo errainu bat eman zigun eta garbi ikusten da, bere hitzetan, euskarak garai hartan ez zuela gaurko egoera inolaz ere. Hau da, garai hartan punta puntakoak ziren langintzak euskaraz egiten zirela eta langintza horietan ziharduten teknikariak euskaldunak ziren, euskaldun peto-petoak, erdararik ez zekitenak kasu askotan: burdinoletako arduradunak, aingura fabriketako nagusiak, eta abar.

Garai hartan, euskara erabiltzen zen langintza aurreratuenetan zebilen jendearen artean ere.

Jakina da, gizarte baten ekonomia eta garapenaren ardatzaren inguruan erabiltzen den hizkuntza izango dela, hau da, zirkuitu ekonomiko-komunikatiboetan erabiltzen dena, benetan, gizartearen aurrean baliagarria suertatu eta prestigio osoa irabaziko duena.

3. LEGE BIDEZKO BABESA

“"Gure hizkuntzan aritzeko, lan egiteko eta kontsumitzeko, LEGEA onartu behar da. Legez bermatu behar da euskaldunon eskubidea. Eta legez pertsekutatu, ez borondatez, eskubide hori errespetatzen ez den une, leku, pertsona eta praktika oro".

Halaxe nioen, 2001eko martxoan, Deia egunkarian argitaratutako zutabe batean, Quebec-eko gobernukideek Euskal Herrira egindako bisitaren ondoren, han entzundakoen harira lan munduan euskara sustatzeko borondatez dihardugula bergogoratu, eta bide batez, borondate hori ez dela nahikoa salatzeko.

Argi dago, enpresetan, legeak eta arauak betebehar bilakatzen direla. Eta betebeharrak bete egiten direla gainera, horretarako espreski jarrita dauden kontrol sistemen bidez. Borondatez hartutako hitzarmenak, esparru mugatu baterako dira, hitzarmenak lortzen diren gunetarako bakarri, alegia, eta ez langile guztientzako.

Lan munduak, beste irla bat izateko joera du. Euskara plana abian jarri duen enpresa bakoitza mundu bat da, mundu isolatu bat, eta plangintza horien eragina, oso mugatua da. Beharrezkoa da emandako jauzia ematea, baina ez nahikoa. Egundoko ahaleginak egiten ari dira zenbait enpresa, gizarte osoaren begietara, inolako oihartzunik ez daukana.

Gizartearen egituraketa politikotzat demokrazia formalaren sistema dugun herriotan, esparru sozioekonomikoa, eta batez ere bigarren sektoreko lan mundua, arlo pribatuan kokatzen da. Instituzioek, arlo horretan, ez dute esku hartzen. Badirudi, instituzioak ez liratekeela estimatuak izango lan mundua bezalako arlo pribatuan hizkuntzaren erabilpenari buruzko araubide bat ezarriko balute.

Arrazonamendu hau erabili ohi da eremu urriko hizkuntzen babeserako legediak arlo instituzionaletara muga daitezen justifikatzeko. Euskararen legeak holakoxeak dira eta baita estatuko beste hizkuntzenak ere.

Estatuek, beren hizkuntza baztertuta gelditzeko arriskua somatzen dutenean, hizkuntzari buruzko arauak ezartzen dituzte, bestelako araubide orokorrago batzuen baitan, hizkuntza hori babestu eta defendatzeko. Estatu espainiarrak, adibidez, produkzio-sistema osoaren transmisio hizkuntza gaztelera izanik, ez du gazteleraren defentsarako araubiderik, ez baitu behar. Baina produktuen komertzializazioaren kasuan, eta batez ere, Europako partaide izanik, Espainiak, produktuen etiketa eta publizitatean gazteleraren presentzia bermatzeko araubide oso bat garatu du.

Egun, euskarak ez du oraindik arlo sozioekonomikoaren egituretan sartzerik izan, eta are gutxiago transmisio hizkuntza izaterik lortu. Hala ere, zenbait esperientzia bideratu dira, Euskal Herrian lan mundua berreuskalduntzeko. Hala nola, enpresetako konbenio kolektiboak, sindikatoekin hitzarmenak, etab., baina denetan, eragile determinatzailea, langileagoaren bultzada eta nahia izan da.

Historikoki, euskal burgesiak euskara baztertu egin du, ez du barneratu euskara funtzio formaletarako komunikazio hizkuntza gisa. Eta gaur egun ere, oraindik, enpresalgoak, ez du, orokorrean, euskararen balio funtzional komunikatiboa onartzen. Konbenioetan euskararen gaia jasotzeak, euskalduntze ikastaroak emateak eta antzeko ekintza solteek ez dute bermatzen enpresaren euskalduntzea.

Egia da, gaur egun, garai batean baino era naturalagoan hartzen direla euskal ikasleak enpresetan. Baina oraindik orain, ez zaie barkatzen gazteleraz hobeto moldatzen ez jakitea. Euskarak enpresetan lekua badu, pertsonek, beren arteko harremanak euskaraz egiten dutelako da, era naturalez agitzen delako, ez enpresak egoera hori bultzatzen edo errazten duelako. Zuzendaritza inguruan, salbuespenak salbuespen, gaztelera da ama hizkuntza.

Enpresarako sarrera edo enpresak sartu berriari egiten dion harrera da, oraindik orain, beste eginkizun askoren artean, zaindu ez den puntu bat. Giza baliabideetako arduradunak erdaldunak diren lekuetan, enpresaren irudia erdalduna egiten zaio sartu berriari. Eta une horretan bertan, langile berriaren unibertso linguistikoa aldatu egiten da (nahiz eta enpresan euskaldunak izan badiren). Aspektu psikologiko hau gutxitan kontuan hartu den afera da.

Bestalde, lan munduarekin harremanetan dagoen unibertso guztia, batez ere formakuntza bideari dagokiona (masterrak, FP, eta kontratazio agentziak), ez da euskaldundu nahi haina.

Kontuan izatekoa da baita, enpresatik at ateratzen den produkzioa eta komertzializazio fasera heltzen dena, gazteleraz egiten dela. Badago, beraz, esparru bat errebindikatu beharrekoa: kontsumitzaileena, hain zuzen ere. Kontsumitzailea hiritarra den heinean, eta kontsumitzailea langilea ere baden neurrian.

4. HASTAPENAK: ULARCO (1980)

1976/77 ikastaroan hasi zen Ularco, lehen aldiz, lantegian euskarari buruzko plangintza eta antolaketak egiten, nahiz eta, aurrez, saiakera bakarren batzuk ezagutu (klaseak ematen ibiliak izan...).

Euskara Batzordea, Kontseilu Sozialean eginiko eskakizun batzuen ondorioz sortu zen, batzorde horren babesean arazoak sakondu eta intenbideak emateko asmoz. Aipatu batzordeak inkesta bat egin zuen Ulgor-eko euskal giroa, euskaduntzeko posibilitateak eta monitoreen errealitatea zein nolakoa zen jakiteko. Inkesta hartatik jasotako emaitzak, honakoak izan ziren: 600 bazkide baino gehiago ziren euskara ikasi edo sakondu nahi zutenak eta 104 pertsona zeuden prest irakasle izateko, prestakuntza egoki baten ondoren.

Kopuru hauek kontuan hartzekoak zirela irudituta, honako erabaki hauek hartu zituzten:

  • Euskaratze prozesua abian jartzea
  • Zeintzuk lanpostutarako zen euskara beharrezkoa zehaztea: pertsonalaz arduratzen zen saila, zerbitzu orokorretako jende guztia, mandoak eta exekutiboak, Euskadin ari zen sare komertziala, eta idazkariak orohar.

Lan munduan aritu arren, “"euskaldun bezala" betebehar bat zutela sentitu zuten garai hartan Ulgor-en.

“"Debe animarse un proceso de euskarización de todo tipo de personas, entendiéndose que el proceso debe realizarse en principio fuera de horas como lógica consecuencia de nuestro deber como vascos.
(...) La configuración de una estructura que coordine y elabore a nivel de Ularco la formación y actividades culturales vascas se proponen los siguientes acuerdos..."

Eta ezartzen dituzten helburuak honako hauek dira:

  • Bazkideen % 60ak bost urtetan euskaraz hitz egiten jakitea
  • Formaziorako talde bat eratzea: irakasleak.
  • Euskal liburutegi bat sortzea
  • Euskarara itzultzea: estatutuak, araudia, paperkiak, errotuloak...
  • Beste entiateekin lan egitea euskara ikasteko materiala prestatzeko
  • Propaganda kanpainak egituratzea
  • Ularco-ko egoera lingustikoa aztertzea
  • Ekintza bereziak antolatzea: hitzaldiak, aste kulturalak...
  • Enpresako hiztegia eratzea
  • Hizkuntzak ikasteko normatiba arautzea
  • "“Euskalan" astekaria argitaratzea

Garai honetan, enpresek beren gain hartu zuten instituzioek egiten ez zuten lana, hau da, beren gain hartu zuten euskalduntze plana, Euskal Herriko irakaskuntza prozesuak eta prozesu autonomikoak gorputza hartu bitartean. Gerorako asmoa, lan guzti hori instituzioei pasatzea zatekeen.

Esparru ezberdinak kontuan hartzen zituzten planteiamenduak ziren: barne eta kanpo komunikazioa, prestakuntza, ekintza kulturalak, liburugintza edo errefentzia-guneak, komunikabideak...

Planteiamendu honetatik oihartzunik handiena izan zuen ekintza, euskaraz jakin behar zuten lanpostuen zerrenda egituratzea izan zen. Prozedura bat jarri baitzuten martxan, euskara jakitea derrigorrezkoa zen postuetako jendea, euskalduna ez bazen, beste postu batera destinatzeko.

1984an, jendea gogogabetu egin zen eta Kontseilu Errektoreak ere indarra galdu zuen. Euskalduntze prozesua berraztertu ondoren, honako faktoreak ez zirela kontuan hartu ikusi zen:

  • Enpresak zituen beste formazio behar batzuk
  • Inguru sozio-politikoaren eraldakuntza
  • Jendearen motibazio pertsonalak ere aldatu egiten direla inguruko giroaren arabera.

Nazionalismoa eta euskara ideiak gehiegi erkatu ziren. Ideia hauen erkaketa dela eta, talde batzuk bildu ziren, "“euskaldun" bezala, sinbolo bilakatuz.

Jendea bolondres hasi zen lanean eta hasierako indar hori, pixkana-pixkana, hil egiten da. Gaztelerak indar handiagoa zuen euskarak baino eta jende gehienak, hobeto hitz egiten zuen gazteleraz euskaraz baino.

Irakasleak ere borondatezkoak ziren: denak ez ziren onak edo gai.

Beste hizkuntzak, enpresaren produkziorako, lehenagokoak ziren euskara baino.

Helburu utopikoak jarri ziren: bost urteren buruan langilegoaren %60ak euskara jakitea...

5. ULARCO-REN LORPENA: PLAN BAT EGITURATZEA

Ularcok, bere garaian, euskalduntze eta alfabetatze prozesuari eman zion hasiera. Gaur egun, entitate publikoek daramate ardura hori.

Egitate honek, efektiboa baino areago emozionala izanik, beste mugimendu sozial batzuk jarri zituen martxan: euskalduntzeko irizpideak, "euskaldun berri" kontzeptuaren jaiotza, ikastolen aldeko lana, elebitasuna inprimakietan, profesional berdinen aurrean euskalduna aurrejartzea... eta orokorrean, euskarazko komunikabideen jaiotza: irrati, telebista eta prentsa euskaraz. Ularcori zor zaio beraz, euskararen legitimazio ideologikoa.

Beste puntu garrantzitsu bat ere lortzen da: plan bat egituratzea, hau da, helburu eta estrategiak idaztea plan horren barruan. Enpresaren dinamikan sartzen da plana: ebaluazioak eginez, kalitatea zainduz, gaia Zuzendaritza Batzordean sartuz...

1988an, ordurarteko planek porrot egin zuten susmoarekin, honakoak liratekeela arrazoiak aztertzen da:

Euskal gizartearen eraldakuntza: 1975-1980. urteko egoera politizatuan, zeinetan askatasunaren ideiaren leherkuntza izan zen eta Franco hil ondoren autogobernuaren ideiak hartu zuen Euskal Herria, 80. hamarkadan beste arazo batzuk hartzen dira gogorago: 80ko krisi ekonomikoa, langabezia... . Euforia nazionalista baretu egiten da, eta horrekin batera, euskalduntzeari buruzko kontzientzizazioa.

Ularcon erabilitako irakaskuntza prozesua ez zen egokiena izan .

1988rarte egindakoak, plan pilototzat hartu ziren eta ikusi zen, ezinbestekoa zela, plangintza harekin aurrera ekiteko, Eusko Jaurlaritzatik edo eta Aldunditik dirulaguntzak lortzea.

6. INSTITUZIOEN BABESA

Euskal Herrian ordurarte eginiko ahaleginek, baliozkoak izan arren, hasierek dakarkizkiten mugak eta noraezak azaldu ziren. Gehienetan, eskolak antolatzea eta jarraipenik ez zuten erabaki puntualak hartzea izan zen ahalegin horien ardatza. Enpresa guztietan ez ziren neurri berberak hartu, ez eta era berean sakondu ere: hala ere, argi eta garbi geratu da, euskalduntze eta alfabetatze saioekin soil-soilik ez zela emaitza handirik lortzen eta itzulpengintzaren alorrari ez zaiola pisu larregirik eman. Enpresa osatzen duten agente guztiek plangintzarekin bat egitea ezinbestekoa zela ikusi zen.

Eusko Jaurlaritzatik abian jarri nahi zen plangintzaren helburua, barne eta kanpo harremanetan euskararen erabilera areagotzea zen, hau da, euskara, lan eta zerbitzu hizkuntza bilakatzea. Horretarako, jarri ziren helburuak, honako hauek izan ziren:

  • Enpresako barne-harremanetan, formal zein informaletan, idatziz zein ahozkoetan, euskara laneko hizkuntza bihurtze bidean jartzea.
  • Kanpo-harremanen euskalduntzea
  • Euskaraz dakitenen aldeko jokabidea izatea
  • Euskarazko dokumentuen sorkuntza eta erdarazkoen itzulpena burutzea
  • Pertsonalaren trebakuntza profesionala
  • Euskarazko terminologia euskaraz lan egin behar dutenen irizpidean jartzea

Planaren ardatza komunikazio zirkuluak ziren: enpresaren antolakuntzan txertatzen diren kalitate zirkulu hauen filosofiaren arabera, egiten den lana kantitatez eta kalitatez hobetzeko eta lan prozedurazko arazoak konpontzeko, langileek beraiek eman ditzakete hainbat irtenbide. Beraz, kalitate-zirkuluekin egiten dena zera da: antzeko zereginetan diharduten langileak talde txikitan bildu eta dauzkaten eginkizunei buruzko arazoak identifikatu eta aztertu, konponbidea proposa ditzaten.

Komunikazio-zirkuluei honako helburuak jartzen zaizkie:

  • Langileek plangintzan aktiboki parte hartzea euskararen erabilera lantzen duen planaren eragile enpresa osoa bihur dadin.
  • Proiektuaren garapenean langile bakoitzak zuzeneko partaidetza izanik proiektuarekin bat egin eta motibatzea
  • Gune ohitura-sortzailea izatea
  •  Trebakuntzarako tresna ere izan nahi dute komunikazio-zirkuluek

Helburu guzti hauek ere, hasieran, ontzat hartu eta hala behar zutela ikusi bazen ere, gerora, teorikoegiak ez ote ziren galdetzera makurtu ziren. Hau da, enpresa errealitateak beste eskakizun, metodologia, neurtze sistema, jarraipen eta motibazio behar batzuk eskatuko zizkigun, helburuen eta planaren definizioan aurreikusten ez direnak.

7. INSTITUZIOEN IKUSPEGI MUGATUA

Enpresak euskara planetan sartzearekin lortzen dituen onurak kontatzerakoan ere, teorikoegiak direla ematen du. Errealitatea besterik da.

Instituzioentzat, onuratzat hartzekoak liratekeen puntuak honako hauek dira:

1. Balio erantsia du bezeroarentzat bere hizkuntza erabiltzeko aukera eskeintzen dion enpresaren zerbitzuak: lehiakideek baino kalitate handiagoko zerbitzua eskeintzen diolako euskal merkatuari.

Puntu honi dagokionean, esperientziak erakutsi du, bezeroak ez duela pertzepzio hau. Hau da, euskara ez da kalitatea neurtzeko osagaietariko bat bilakatu. Eta bezeria euskalduna duten enpresak, bestalde, oso gutxi dira.

2. Enpresa dinamikoaren irudia islatuko duelako: euskararen aldeko ekimenak abiatzen dituen enpresak proiektu berritzaileei ekiteko gai dela frogatuko du.

Puntu hau ere positiboegia da. Plan hauek ez dute enpresaren beste planetan eragiteko haina indar. Plan hauek, oraindik orain, irlatxoak dira gure enpresetan. Eta enpresaren irudia zein aktibitatea saltzerakoan, euskara planena, normalean, ez da batera aurkezten. Enpresa askok, Euskal Herritik kanpo saldu behar dutenek, batez ere, helbiderik ere ez dute euskaraz jarri nahi, saltzeko zailtasunak suposatuko dituelakoan.

3. Trinkotze soziala eragingo du enpresaren baitan: enpresak, inguruan gertatzen ari diren aldaketen aurrean sentikortasuna agertu eta bere partaide diren gizabanakoen kezkak eta gogoak jaso eta erantzuna ematen dien neurrian, gizabanako horiek enpresarekin identifikazio handiagoa sentituko dute.

Kasu askotan, plangintzak enpresetan sartzea hain zaila izan da, ezen, langilegoaren ordezkaritza eta zuzendaritzaren artean egundoko iskanbilak sortu direla.

Iskanbila guzti horiek pasatu eta gero, langilegoak areago du sentsazioa guda bat irabazi izanarena, plana martxan jartzearen lorpenarekin enpresa trinkotu izatearena baino.

4. Honelako erabakiak hartu eta ekimenak martxan jartzeko, ezinbestekoa da enpresako alderdi guztiek proiektuan parte hartzea, hala nola, langile, zuzendari, sindikalista, etabek. Eta noski, guztien adostasuna beharrezkoa da arrakasta lortzeko.

Hau ere, zuzendaritza planean inplikatzea, enpresa guztietan lortzen ez den puntua da. Arrazoi honetxek azaltzen dituelarik, aurreko zailtasun eta muga guztien zergaitia.

Euskara abian jartzeko planetan esaten da, euskara plana, enpresaren baitan beste edozein gai bezala landu eta kudeatu behar dela. Enpresa bakoitzaren eta bere ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuz landu behar dela, alegia, euskara plana: euskaldunen proportzioa, produktu edota bezeria mota, enpresaren tamaina, enpresaren kultura eta beste hainbat ezaugarrik definituko dute enpresa horretarako planak zer nolakoa izan behar duen, bai helburuen ikuspuntutik eta bai bitartekoen ikuspuntutik ere.

Puntu honetan esan daiteke, adibidez, dirulaguntzak jasotzerakoan, irizpide hauek ez direla kontuan hartzen. Dirulaguntzak eskatzeko tenorean, berdindu egiten direla, nolabait, enpresa ezberdinen egoerak, beharrak eta bideragarritasunak.

Enpresako langileentzat, bestalde, partehartzea borondatezkoa da. Enpresak euskara-plana martxan jartzea erabaki ondoren, langile bakoitzak baloratuko du eskaintzen zaion aukera horretaz baliatuko den ala ez.

Puntu honek ere badauka bere alde txarra. Borondatezkoak diren gauzek, normalean, ez dutela estimazio handiegirik izaten.

8. GAUR EGUNGO BURUHAUSTEAK. XXI. MENDERAKO ILDOAK.

Euskalan, Arrasaten egoitza duen elkartearen helburua, euskara planetan sartuta dauden enpresei babesa eskaintzea da, eta sartuta ez dauden enpresei, gonbita pasatzea.

1991. urterarte ez zen plan zehatzik landu enpresa munduan eta urte horretan eman zitzaion hasiera mikroplangintzen edo plan pilotoen dinamikari. Aipatu datatik 1997. urterarte, plan piloto gutxi batzuk jarri ziren indarrean eta Euskalan elkarteak mikroplanen sustapenean lan iraunkorra egin zuen.

Aipatutakoak aipatu, gaur eguneko euskara planen egoera aztertuta, Euskalanek uste du, euskara planetan murgilduta daudenen bilgune, agenteen aurrean interlokutore bakar, eta arazo komunei erantzun orokorra emango dien entitate bat behar dela: “"Quebec eta Kataluniako esperientziak eredugarritzat jota, guk geuk saiatu behar dugu, munduan zehar landuta dagoena aprobetxatuz".

Euskalanen proposamenak, laburki, honakoak dira:

  • Koordinatzaileen batzordea eratzea: euskara plangintza martxan duten lantegiak, bakoitza bere aldetik ari da, eta hainbat gai elkarlanean egin beharra dagoela aurreikusten da.
  • Enpresen federazioa: enpresa bezala, indar gehiago egiteko administrazioaren aurrean, euskaltegietan, teknikariekin...
  • Teknikarien koordinaziorako komitea sortzea
  • Euskara eskolak hobetzea
  • Sentsibilizazio landu

Aintzindariak izan dira mikroplangintzen eraketan eta miresgarria ezezik, txalogarria ere ba da esku artean duten egitasmoa. Baina errealitateak oso ezberdinak dira enpresa munduan. Ezberdintasunak biltzeak ez du sekula emaitza onik ematen, indar asko galtzen baita bidean.

Behar dena, errealitate ezberdin guztientzako balizkoa izanen den aterki babesle bat da, hau da, “"gobernuaren inplikazioa" planak martxan jartzerakoan. Ez diruz laguntzearena bakarrik, baizik estatu guztiko enpresa guztietan eskatu beharreko gutxiengoak arautzea, neurtze sistema gobernutik egitea, eta borondatearen ideia alde batera uztea. Biztanlegoari helarazi behar zaio, bestalde, euskara, herri honetako hizkuntza dela eta herri honetako hiztunen eskubideak bermatzeko, euskara leku orotan egin behar dela. Guzti horrek, enpresa harremanatzen den entitate guztiak euskalduntze prozesuaren barne sartzea suposatzen du.

Eta bestetik, enpresarekin bat datozen beste bi ideia, arestian ere aipatutakoak:

  • 1. Enpresak saltzen edo eskaintzen duen produktu/zerbitzua euskalduntzea
  • 2. Kontsumitzailearen eskubideak bermatzea

Bi ideiak gauza bera esatera datozela, derrigorrezkoa da, ene iritziz, enpresen produktu/zerbitzuak euskaraz merkaturatzea. Euskaraz kontsumitzea, alegia. Eta aspektu hau kontuan hartzea dela iruditzen zait, abiapuntua. Hau da, kontsumitzailearen eskubideak bermatuko dituen legedia batean oinarritzea.

Bibliografia:

- “"Azken urteotako ahaleginetik etorkizunari begira", Xabier Mendiguren Bereziartu, www.bagera, 2001.
- “"Euskara arlo sozioekonomikoan", Eusko Jaurlaritza-Kultura Saila, 1998.
- “"Lan mundua eta euskara: gainbegirada orokor bat", J. Inazio Marko Juanikorena, BAT, 1993.
- “"Euskararen egoera lan munduan: hurbilpenerako datuak", Josean Urdangarin, JAKIN, 1993.

 

BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Ana Urkiza
Urtea: 
2002