Euskararen bilakaeraren erronka

Euskararen egoera oraindik ezezaguna izanik ere, artikulu honetan etorkizunera begira izango duen garapena aztertzea interesgarria iruditu zaigu, euskara bultzatu eta zapaltzeko orduan hartu beharreko neurriak zehazteko baliagarria delakoan

Euskararen aldeko hizkuntza politika dagoen tokietan euskara sendotu edo berreskuratzen ari den bitartean, alderantzizkoa gertatzen ari dela euskararen erabilera sustatzeko politikarik ez dagoen tokietan

Euskaldunen mailara erdaldunenetik doan populazio aldaketa islatzeko, helduen hezkuntza aldagai garrantzitsua zela pentsatu genuen, euskaltegietan ematen dena alegia

Gazteen hezkuntza eta helduen fluxuek berdin funtzionatzen dute, biek erdaldunen taldetik jasotzen dute sarrera bat eta bi irteera dituzte, bata euskaldunen mailara, lorpena izendatu duguna, eta beste bat erdaldunen mailara porrota1

Gogoeta guzti hauek burutu ondoren ereduaren behin betiko ezartzeari ekin genion, Vensim programan datuak zehaztuz eta prozesua bukatzeari ekinez

Tasaren izena

Deskribapena

Balioa

irizpide orokorra euskararekiko utzikeriazko jarrera bata ematekotan zer gertatuko litzatekeen irudikatzea izan da, dirulaguntza eta prestigio mailakoa batez ere. Orokorrean jakin eta erabiltzearen garrantzia galtzekotan gertatuko litzatekeena irudikatzea da helburua eredu negatibo hau aurkeztean

Gizartean egongo litzatekeen euskararekiko susmo negatiboa edo, kasurik onenean, indiferentzia, haurren hezkuntzaren porrota tasa areagotzea ekarriko luke

Bertsio ezkorreko (negatiboa) tasekin eredua moldatzearen ondorioz, ikus dezakegu euskaldun kopurua jaitsi egiten dela eta erdaldunena igo

Beraz, hezkuntzaren inguruko neurrien garrantzia azpimarratzen dugu izan ere hezkuntzaren inguruan dagoen kontzientzia soziala oso indartsua da eta neurri zapaltzaileen aurrean ezadostasuna sortzea ezinbestekoa delako

Euskararen egungo egoeraz arduratzen diren hainbat ikerketa eta lan ikusita, lan honetan etorkizuna da helburua, gaur egun euskeraren inguruan hartzen diren neurriek hemendik mende batera zein ondorio izan ditzaketen aurrikusteko tresna izateko. Oinarrian gaur egungo neurri demografikoak hartzen dira populazio orokorraren norabidea islatzeko eta euskal eredu eta helduen euskalduntzeko matrikulazioen datuak. Vensin programa oinarri izanik, denbora kontutan hartzen duen eredu baten eraikuntza prozesua azaltzen dugu. Eraikitako eredu horrek bi tendentzia posible islatzen dizkigu, bata positiboa dena, eta euskal populazioaren hazkuntza suposatzen duena, eta bestea negatiboa, euskararen inguruko utzikeria dela eta talde honen murrizketa islatzen duena.

Euskararen egoera oraindik ezezaguna izanik ere, artikulu honetan etorkizunera begira izango duen garapena aztertzea interesgarria iruditu zaigu, euskara bultzatu eta zapaltzeko orduan hartu beharreko neurriak zehazteko baliagarria delakoan. Horrela, eredu honen bitartez euskararen garapenean eragina duten aldagai nagusiak identifikatu ahal izango direlakoan gaude beti ere helburu nagusia sinpletasunez agertzea dela kontutan izanik. Bereziki, eredu honen bidez euskara bereganatzeko orduan hezkuntzak, bai nagusiena bai umeena, duen garrantzia erakutsi nahi izan dugu; izan ere familiaren bidezko euskararen transmisioak izan duen jaitsiera nabaria da azken belaunalditan behintzat, batez ere iparraldean. Nahiz eta eskualde horretako datuak testu hau idazteko ez erabili, beste baterako ideia izan daiteke familia barneko transmisioaren beherakadaren kausa zein eraginak aztertzea.

Honetaz gain kontutan izan behar da euskara ingurune eleanitz batean ematen dela, kultura ezberdinekiko ukipen egoeran beraz eta honek badu ere hizkuntzaren bilakaeran garrantzia, alde batera ala bestera eraginez. Ukipen hau bi hizkuntzarekin da nagusiki, frantsesa eta gaztelania eta horietako bakoitza lurralde politiko ezberdin batean dagoenez legedi eta plan ezberdinen pean dago. Iparraldean hartutako azken neurriek badirudi euskararen sustapena suposatzen dutela baina aldiz EAE-ko Araban edo Nafarroan egiten direnak kontrakoa egiten dute. Nahiz eta aurkezten dugun eredu honetan EAE-ko datuak erabili ditugun, honek ez du esan nahi beste autonomi edo lurralde batzuei aplikaezina denik, eredua bera izaten jarraituko du baina beste datu batzuekin, eredua aplikatu nahi den lurraldearekiko espezifikoak. Datuekiko ereduak duen malgutasun hau garapenean izandako malgutasun ideiatik eratortzen da, garapenaren nondik norakoak erakusteko ezinbestekoak diren alderdiak kontutan hartzea, alegia.

Hizkuntzen arteko ukipen egoera hau kontutan hartuz, euskaldun bezala euskaldun elebakarrak eta elebidunak kontsideratu ditugu eta berdin hezkuntza ereduei dagokienez, eredu euskaldunak D (dena euskaraz) eta B (euskara eta erdara erdibana) kontsideratu ditugu, hezkuntza garaia bukatzean (DBH bukatzean) bi ereduetatik ateratako ikasleek euskaldun bezala kontsideratuak izateko euskara maila nahikoa izango dutela pentsatzen dugulako.

Gure eredu honetan erabiliko ditugun datuak 1996. eko inkesta soziolinguistikotik eratorriak dira eta eraikuntzan inkesta honen inguruan politika eta kultura munduko pertsonai ezberdinek izandako iritziak izan ditugu gure gogoetaren abiaburu (M. Karmen Garmendia Lasa, J.M. Rodriguez...).

Gaur egun hizkuntzaren plangintzan dihardutenentzat baliagarria izango da, egiten dituzten jarduketak eraginkorragoak izan daitezen. (M.K. Garmendia) Iritzi honekin erabat ados gaude inkesta honek aurkeztutako datuak oso baliagarriak izan direlako gure lana osatzerakoan. Azken finean eredu ororen helburua errealitate bat ulertzeko baliagarria izatea da eta hau ezagutuz jarduketarako abiaburu izateko erabili.

Euskararen aldeko hizkuntza politika dagoen tokietan euskara sendotu edo berreskuratzen ari den bitartean, alderantzizkoa gertatzen ari dela euskararen erabilera sustatzeko politikarik ez dagoen tokietan; guk honi gehituko genioke, egoera are eta latzagoa dela euskararen kontrako neurriak hartzen dituzten lurraldetan. Eredu honek adierazten digu zein alderditan lan egin behar den aurreko iritziak esaten duena baiezta dadin eta aurrerago ikusiko dugunez, gaur egun euskararen euskarri nagusia hezkuntza denez gero alor horretan emango dira euskararen bidea alde batetik edo bestetik eramateko politikak. Honen adibide argia Nafarroako gobernuaren azken neurrietan aurki dezakegu, besteak beste ikasleen curriculumean alemana euskarak baino garrantzia handiagoa hartzeko proposamenean. Argi dago hezkuntza ez den beste eremuetan ere ematen direla euskararen inguruko neurriak baina euskaldunen taldea handitu edo murrizteko orduan gure ereduaren arabera, eta beti ere sinpletasunaren printzipioa kontutan hartuz, hezkuntza da aldagairik garrantzitsuena eta horretan eragin behar da egoera aldatzeko.

Beste eremuetan ematen diren neurriak, gure ustez, ez dute euskaldun gehiago edo gutxiago egotean zuzenean eragiten, baina bai ordea zeharka, izan ere elebitasunaren abantaila ikusirik, euskara ikastera anima daitezke helduak ala semeak ikas dezaten anima ditzakete gurasoek. Gainera kontsideratzen dugu ingurua (seinale, erakusle...) euskaldun izanik pertsonak identitate euskalduna garatzen duela eta horrela identitate horrekin bat datorren hizkuntzaz jabetzera. Motibaziorako beharrezkoak diren aldagaiak dira hauek baina ez euskara jabetzeko ezinbestekoak, ez badago euskara irakasten duenik zail izango zen, nahiz eta gogoak izan, ikastea.

Behin guretzako garrantzitsuak ziren aldeak ezaguturik, hau da, eredua aldi berean ahalik eta sinpleen eta errealena izatearen beharra eta hezkuntzaren garrantzia, hori eredu batean zehaztu behar genuen eta horretarako ideia horiek maila eta fluxuetan irudikatu. Mailarekin denbora tarte batean subjektu talde bat kokatzen deneko aldagaia adierazi nahi dugu, leku batetik betetzen dena eta bestetik hustu fluxuen bidez. Fluxuak beraz mugimendua adierazten dute, kasu honetan jendea nondik nora aldatzen den denboraren eraginez. Mugimenduen kopuru edo tamaina tasek finkatzen dute.

Hasiera batean ereduan halabeharrez agertu behar ziren mailak bakarrik genituen argi: euskaldunak eta erdaldunak. Gainera hauen arteko fluxuren bat egon behar zela genekien, baina loturaren nolakotasuna zehaztea zen gakoa eta lan honen helburuetariko bat. Harreman hauek zehazteko prozesuak eredua bera eraikitzeko prozesuari hasiera eman zion.

Aipatutako bi maila hauetan, euskaldunak eta erdaldunak, bientzat tasa berdinak zituzten hainbat fluxu ezarri genituen, jaiotzak eta heriotzak, sarrera eta irteera, hurrenez hurren. Populazio mugimenduekin harremanetan baita ere, migrazio fenomenoa islatu nahi izan genuen ereduan; emigrazioa bi mailetan finkatu genuen tasa berdinean, alde egitea bi taldeetan neurri berdinean emango dela espero daitekeelako probabilitate legeen arabera.

Inmigrazioa, aldiz, soilik erdaldunen taldera bideratu genuen, izan ere euskal herrira atzerritik datorren jendea erdal eremura baitator orokorrean, errealitateari eta honek eskaintzen dizkigun datuei begira ondorioztatu genuen hau, izan ere inmigranteen parte handi bat, Hegoamerikatik datozenak kenduta, ez dator ez gaztelaniazko ez eta euskarako eremu batera, orokorrean ez dakite beraien jatorrizko hizkuntza besterik, baina beraien beharrei begira lehen ikasten dutena gaztelania izaten da. Ez dugu esan nahi euskaldundu ezin direnik. Erdaldunen mailatik euskalduntze prozesura sar daitezke, heldu bezala ala gazte moduan euskaldun eredu batean matrikulatuz. Argi dagoena zera da, ezin genuela inmigrazioaren fluxua zuzenean euskaldunen mailara lotu ukipen egoerako hizkuntza batetara lotzekotan erdarara lotuko direlako etorkinak kasu gehienetan, salbuespenak salbuespen.

Euskaldunen mailara erdaldunenetik doan populazio aldaketa islatzeko, helduen hezkuntza aldagai garrantzitsua zela pentsatu genuen, euskaltegietan ematen dena alegia. Helduen euskalduntzea denbora behar duen prozesu bat izaki, maila bezala finkatzea erabaki genuen; dagozkion fluxu eta tasekin. Fluxu hauek hasiera batean bi ziren bakarrik, bata betetzeko (matrikula) eta bestea euskaldunen mailara husteko, oraingoz izenik gabea zegoena.

Ideia hauek irudi batean islatzerakoan, jarraian agertzen dugun eredua lortu genuen (1.irudia).

1. Irudia: ereduaren lehen zirriborroa

Baina faktore eta aldagai hauekin bakarrik euskararen benetako egoera ez genuela islatzen uste genuen. Gure helburua ez zen ahalik eta exhaustiboen izatea, errealak eta sinpleak baizik; baina hala ere, nahiko ez zela iruditzen zitzaigun, euskaldunen taldean eragiten zuten fluxu gehiago egon behar zela pentsatzen genuen, horren faltan eredua herren geratzen zela sumatzen genuen, hain sinple ezen ez zen errealitateari lotzen. Ondorioz, erdaldunetatik euskaldunetara beste fluxuren bat egon behar zela susmatu genuen eta hau hezkuntza zela ondorioztatzera ailegatu ginen.

Gogoeta erraza izan zen, ez genuen gure esperientzia propiora begiratu besterik, eredu honen egileak hezkuntzak euskaldunduak baikara eta euskalduntzeko bide hori faltan botatzen zen proposaturiko ereduan. Aurreko irudian adierazi bezala, hasiera batean haur-hezkuntza fluxu bezala hartu genuen kontutan soilik eta ez maila bat bezala. Hau da, hezkuntza berehalakoa zela kontsideratzen genuen eta euskaldunen maila bat-batean betetzen zela ikusi genuen hau ezin izan zitekeelarik erreala, noski.

Honekin batera konturatu ginen hezkuntzaren bidezko euskalduntzea, helduen euskalduntzearen moduan denbora behar duen prozesu bat dela eta hortaz haurren euskalduntzea maila bezala finkatu behar genuela; bide batzuetatik bete eta besteetatik husten dena alegia. Izan ere, hezkuntza prozesuan sartzen diren guztiak ez baitira euskaldun bihurtu behar nahi eta nahi ez, honegatik euskalduntzea adierazten duten bi fluxuetaz gain prozesu horren porrota edo helburura iritzi ez dela adierazten duten beste bi ezartzea beharrezkoa iruditu zitzaigun.

Gazteen hezkuntza eta helduen fluxuek berdin funtzionatzen dute, biek erdaldunen taldetik jasotzen dute sarrera bat eta bi irteera dituzte, bata euskaldunen mailara, lorpena izendatu duguna, eta beste bat erdaldunen mailara porrota1, euskalduntze prozesua bukatzea lortzen ez dutenak; gazteen hezkuntzaren kasuan lorpena DBH bukatzea kontsideratuko genuela erabaki genuen. Gazteen hezkuntzaren maila betetzeko erdaldunetatik ateratzen zen fluxuari matrikula tasa 1 izena ezarri genion, erdaldunetatik euskal ereduetan matrikulatzen direnen kopurua, eta husteko euskaldunetara zihoan lorpenak 1, hau da lehen hezkuntzan matrikulatu zirenetatik DHB bukatzen dutenen proportzioa. Beste hirugarren fluxu bat zehaztu genuen ere, porrota 1 hezkuntza prozesu hori D edo B ereduetan bukatzen ez dutenen proportzioa, kontutan hartzen dira baita ere, besterik gabe ikasketak uzten dituzten ikasleak, hau da porrota 1 tasak ereduz aldatu edo orokorrean ikasketak bukatzen ez dituztenak hartzen ditu kontutan. Azken hauek euskal eremu batetik ez datozenez (erdaldunen mailatik eratortzen dira) suposatu genuen ez zutela euskararen eskuratze prozesua bukatzen eta ez genituela euskaldun bezala kontsideratuko gure ereduan.

Honetaz gain, hasieran ere ez genuen planteatu “deseuskalduntze�» prozesu bat eman zitekeela kontutan hartzea beharrezkotzat jo genuen, nahiz eta dagokion tasa oso handia ez izan. Beti kontutan izan behar da atzerrira joan edo dena delako arrazoiengatik euskara galtzen duenik badagoela eta hauek talde batera eramatekotan erdaldunen taldera izatea erabaki genuen. Erlazio hau ezarririk, bi mailen arteko erlazio bigizta osaturik geratzen zen biek elkarreragiten dutela ikusirik baten hazkuntzak bestean eragina izango duela argiago geratzen da bigizta itxi batean.

Gogoeta guzti hauek burutu ondoren ereduaren behin betiko ezartzeari ekin genion, Vensim programan datuak zehaztuz eta prozesua bukatzeari ekinez. Honetarako lehenik zirriborro orokor bat ezarri genuen (2. irudia).

2. irudia: ereduaren azken zirriborroa.

Behin ereduaren zirriborroa izanik (2.irudia), ekuazioak finkatzeari ekin genion. Lehenik fluxuen araberako harreman positibo eta negatiboak ekuazioetan islatu genituen eta jarraian, honi zenbakizko balio bat emateko, tasak eta hasierako balioak zehaztu genituen (1.taula). Hasierako ideiari jarraiki, jaiotza, heriotza eta emigrazioaren fluxuak erdaldun eta euskaldunen taldetan berdindu genituen bi taldeak pertsonaz osatuak dauden heinean bilakaera soziodemografiko bera dutela suposatu genuelako. Aldi berean heriotzen eta jaiotza tasek euskaldunen mailan eragiten duten beste faktore garrantzitsuagoetan eraginik ez izatearren, beraien artean berdindu genituen, horrela eragina nulua zelarik. Hau egin ostean erdaldunen taldean fluxu positibo bat gehiago geratu zen, inmigrazioari dagokiona, hain zuzen gorago aipaturiko arrazoiengatik.

Gainontzeko ekuazioak zehaztearren, tasak kalkulatzeko baliagarriak izango ziren datuak bilatu genituen interneten, EUSTAT-aren web gunean eta 1996ko soziolinguistika inkestari dagokionean.

Tasaren izena

Deskribapena

Balioa

Jaiotza tasa1

Urteko jaiotza guztiak / euskaldunak+erdaldunak

0.001

Jaiotza tasa2

Heriotza tasa1

Urteko heriotza guztiak/ euskaldunak + erdaldunak

0.001

Heriotza tasa2

Emigrazio tasa1

Urteko emigrante guztiak/euskaldunak + erdaldunak

0.008

Emigrazio tasa2

Inmigrazio tasa

Urteko inmigrante guztiak / erdaldunak+ euskaldunak

0.006

Matrikula tasa1

D eta B ereduetan matrikulatzen direnak/populazio osoa – ikasleen artean dagoen euskaldunen proportzioa.

0.02

Matrikula tasa2

Urteko euskaltegietan matrikulatzen direnen kopurua/erdaldunak

0.002

Porrota tasa1

Lehen hezkuntza eredu euskaldunetan ikasten dutenen proportzioa-DBH ikasten dutenen proportzioa (urte berean)

0.14

Porrota tasa2

Matrikulatzen direnen artean, bukatzen dutenen proportzioa.

0.7

Lorpen tasa 1

1-porrota tasa1

0.86

Lorpen tasa 2

1-porrota tasa2

0.3

Erdalduntze tasa

(estimaturiko balioa)

0.0005

1. taula: eredu positiboren tasen definizioa.

Aurrean azaldutako tasak gaur egungo datuekin sortuak dira eta gauzak gaur egun bezala jarraitzekotan gertatuko zena islatzeko baliagarriak dira. Baina egoera hau mantendu edo hobetzeko garrantzia azpimarratzeko ereduaren alderdi negatibo bat irudikatzea pentsatu genuen, modu honetan gauzak txarrera joanez zer gerta litekeen ikus genezakeelarik. Eredu honen ikuspegi ezezkorra irudikatzeko, bertan dauden hainbat tasa manipulatu ditugu (2.taula); hau da gure irizpideen arabera estimatu ditugu. Hala ere, estimazio hau jarraian tasaz tasa azalduko diren irizpideen arabera erabaki da. Dena dela irizpide orokorra euskararekiko utzikeriazko jarrera bata ematekotan zer gertatuko litzatekeen irudikatzea izan da, dirulaguntza eta prestigio mailakoa batez ere. Orokorrean jakin eta erabiltzearen garrantzia galtzekotan gertatuko litzatekeena irudikatzea da helburua eredu negatibo hau aurkeztean.

Matrikula tasa1

0.002

Matrikula tasa2

0

Porrota tasa1

0.5

Lorpen tasa1

0.5

Deseuskalduntze tasa

0.005

2.taula: eredu ezkorrean erabilitako tasak

Matrikula tasa2: gure ustez euskararen egoera ezezkorrenean helduak ez dira motibatuak egongo euskara ikasteko. Honetaz gain, zerbitzu hau eskaintzen duten organismoek behar duten diru laguntzak amaituko lirateke. Guzti honen eraginez (motibazio eskasa, euskararen desprestigio kanpaina, diru gabezia...) matrikulen tasaren jaitsiera nabaria emango litzateke eta, azkenik, mota honetako erakundeen desagerpena letorke. Horregatik matrikula tasa2-ren balioa 0 izatea erabaki dugu. Hau da, helduen euskalduntzea, edo bestela esanda eskolatik kanpokoa ezinezkoa balitz bezala hartzen dugu.

Matrikula tasa1: haurren hezkuntzan ere jaitsiera nabaria eman beharko zela uste dugu; beti ere, euskarak edukiko lituzkeen konnotazio negatiboen eraginez. Sistema publikoan euskarak ez luke tokirik edukiko eta duela 50 urteko egoerara itzuliko ginateke zentzu horretan. Beraz, soilik zenbait zentro pribatu jarraituko lirateke funtzionamenduan, inolako diru laguntzarik gabe. Zentro hauek haien seme-alabek euskara ikas dezaten ahalegintzen dirauten zenbait pertsonen determinazioan oinarrituko lirateke. Horregatik tasa honi 0 balioa ematea ez zitzaigun hipotetikoki “erreala iruditzen, baina argi geneukan jaitsiera nabaria sufritu beharko lukeela; beraz, 10 aldiz txikitu dugu: 0,002 balioa emanez. Hau da, gaurko egoeran eskolaz kanpoko euskalduntze tasari dagokion balio bera.

Porrota tasa1 eta Lorpen tasa 1: haur hezkuntzan porrota tasa handitzea erabaki dugu gizartean legokeen presio sozialaren eraginez; gainera euskara ez-beharrezko litzateke. Gizartean egongo litzatekeen euskararekiko susmo negatiboa edo, kasurik onenean, indiferentzia, haurren hezkuntzaren porrota tasa areagotzea ekarriko luke. Hala ere, euskal eredutan matrikulatzen diren haur hauen gurasoen determinazioa oso trinkoa izango litzateke, hala nola haurren euskaraz ikasteko nahia (etxean goiz irakatsitakoa). Bi jarrera hauen ondorioz, porrota tasaren handitzearen beharra argi dago, baina baita lorpen maila bat mantentzeko beharra. Beraz, bi tasa hauen balioak berdintzea erabaki dugu: 0,5 eta 0,5.

Deseuskalduntze tasa: argi dago lehen esandako arrazoi guztiei begira tasa honen balioa handitu beharko genuela. Deseuskalduntze prozesua areagotu egingo litzateke gizarte baldintza hipotetiko horien eraginez, jendea alde egingo luke, edo iritziz aldatuko luke edota bere burua behartuta ikusiko luke. Horregatik tasa hau 10 aldiz handiagoa ezartzea erabaki dugu: 0,005.

3.irudia: eredua

Goian aurkezten den 3. irudia ereduaren azken bertsioa da, vensim programan eragiteko prest. Bertan tasak eta ekuazioak finkatuta eredua eragin daiteke mailek denbora batean zehar izango duten garapena grafikoki irudikatzeko. Eredua eragin ondoren, sarreran planteaturikoa baieztatu genuen, euskararen bilakaeran hezkuntzaren garrantzia hain zuzen. Gaur egungo tasak kontutan harturik lortu genuen bilakaera 1.grafikoetan islaturikoa izan zen, eredu honen bertsio baikorra (gorriz) eta ezkorrak (urdinez) suposatuko luketena adieraziz.

1. grafikoak: erdaldunen eta euskaldunen garapena

Bertsio baikorrean (positiboa) euskaldunen taldean hazkuntza honen zergatia gehienbat gazteen hezkuntzan kokatzen da, maila honen edozein fluxuren tasetan eragindako edozein aldaketak ereduaren desitxuratzea dakarrelako. Harreman honen garrantzia, gehienbat, matrikula tasa kopuruan datza; eredu euskaldunetan matrikulatzeak soilik euskalduntze prozesurako sarrera suposatzen duelako, honek horrenbesteko garrantzia dauka porrotaren tasa txikia delako eta hortaz, prozesuan sartzen direnak maila handi batean bukatzen dutelako (helduen euskalduntzean gertatzen ez den fenomenoa).

Bertsio ezkorreko (negatiboa) tasekin eredua moldatzearen ondorioz, ikus dezakegu euskaldun kopurua jaitsi egiten dela eta erdaldunena igo. Goian aipatutako arrazoiei begira (euskaraz bizitzearen erraztasuna, euskararen desprestigioa...), gizarteak gizabanakoengan duen boterea ikus dezakegu. Baina, nola kontrolatu gizartea? Hau lortzeko modu bakarra boterea edukitzea da. Botere legislatiboak lege eta arauen bitartez eragin dezake gizartean, judizialak bere esku dauka hauen interpretazioa, eta exekutiboak lagun dezake gizarte nahia “berbideratzera. Hiru botere hauen eragina nahiko jakina daukagu jadanik; hala ere, gizartearen onuraz esan behar dugu gure ustez gizartearen guztizko kontrola edukitzea ezinezkoa dela, ez baita posible gizakion erantzuna aurreikustea.

Baina badago ere beste botere mota bat, soziologiatik landu izan dena eta bi taldeen arteko ezberdintasunetan erabakigarria izaten dena. Asimetria egoeretan boterea duena da indar handiena duena nahiz eta tamaina txikiagokoa izan. Erabakiak hartzeko gaitasuna duen taldea da boterea duena, bere interesen alde egingo dituelako erabakiak, normalean ez duelarik talde ahulagoarekiko solidaritatea erakusten. Hau berriro ere gure tesia berrestera dator, izan ere utzikeriarekin soilik euskararen garapena ez litzateke gorakoa izango, kontrakoa baizik. Boterea, ikuspegi honetatik ikusita, berdintzekotan gutxienez elebitasun orekatu bat lortzeko moduan egongo ginen gure lurraldean.

Beraz, hezkuntzaren inguruko neurrien garrantzia azpimarratzen dugu izan ere hezkuntzaren inguruan dagoen kontzientzia soziala oso indartsua da eta neurri zapaltzaileen aurrean ezadostasuna sortzea ezinbestekoa delako. Dena dela gizarteak mota honetako neurrien aurrean izan zitzakeen erantzunak ez ditugu kontutan hartu ereduaren izaera sinplea dela eta.

Guzti honen ondorioz argi ikusten da hezkuntza politikak daukan garrantzia euskararen garapenean, gure ereduaren arabera.

BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Karmele Atxaerandio; Ana Laguardia
Urtea: 
2002