Europar Batasunaren hizkuntz sistema: aurreikuspenak zabalkunde prozesuaren aurrean

2. eta 3. artikuluetan zehazten dira instituzioetara idatziz jotzerakoan erabili behar diren hizkuntzak: hiritarrek edozein hizkuntza ofizial erabil dezakete, eta erantzuna hizkuntza berberean jasoko dute

Hedapenaren ondoren, Europar Batasuneko instituzioen gaur egungo hizkuntz sistemak eta sistema horren bideragarritasunak izango duten etorkizuna zenbait ikuspegitik iker daiteke (eta egin ere, horrela egin da). Legearen ikuspuntutik instituzioen eleaniztasunaren beharra azpimarratzeko joera dago Europako hiritarren segurtasuna ziurtatzeko; izan ere, horiei aplikatzen zaie zuzenean Batasunaren jurisdikzioa. Ikuspegi politikotik, aldiz, beste bi alde azpimarratzen dira: batetik, Europako aniztasun linguistikoa hiritar guztientzat zabalik egongo den eztabaida gune baten sorrerarekin bateragarri egitea; eta, bestetik, Europako hiritar eta herri guztiek instituzio dinamikan parte hartzeak izan ditzakeen ondorio linguistikoak. Azkenik, azterketaren abiapuntua instituzio eleaniztasuna izango balitz, orduan, arreta hizkuntz sistemaren kostuari, eraginkortasunari eta funtzionaltasunari emango litzaioke.

Ikuspegi hauek guztiak baliagarri eta beharrezkoak dira baina, dimentsio bakarrekoak direnez, bakarka hartuz gero, ez ligukete hizkuntz sistemaren gaur egungo egoeraren ikuspegi orokorra azalduko, ezta EBren zabalkunde prozesuaren inguruan etorkizunerako aukera egokienak zein diren ere. Komenigarria da denak kontuan hartzea eta, are gehiago, hizkuntz sistema instituzionalaren arazoa EBko hizkuntza politikaren testuinguru zabalagoan ezartzea, bere dimentsio guztietan; baina Batasuneko programetan hainbat hizkuntza parte hartzerik gabe utzi gabe edo Europako eremuan hizkuntzen erabilera publikoa arautzea ahaztu gabe (biltzar honen beste ekarpenetan ari dira jorratzen bi alderdiok).

Segur aski Europako hizkuntza politika guztien ikuspegi orokor honetan aurkitu genitzake oreka eta adostasun faktore guztiak, Batasunaren instituzioetako hizkuntz sistemaren birmoldaketa baliagarria izan dadin beharrezko direnak.

EBKO EGUNGO HIZKUNTZ SISTEMAREN OINARRI LEGALA

Europar Batasuneko komunitateek hizkuntz funtzionamenduari buruz hartutako lehenengo erabakiek balio izan zuten itunen jatorrizko bertsioak zeintzuk izango ziren zehazteko, Batasunaren instituzio eta erakundeetara jotzerakoan hiritarrek zein hizkuntza erabili beharko lituzketen jakiteko, eta instituzio horien hizkuntz sistema sortzeko prozedura ezartzeko. Hasierako xedapen guztien lehen helburua Batasunaren arau eta baliabideen eraginkortasuna eta segurtasun juridikoa ziurtatzea zen. Geroago, Batasunaren politika hizkuntzak garrantzizko tokia hartzen duen arazoetan nabarmentzen hasi zen.

Hala, Europar Batasuneko Ituna[1] 53. artikuluan[2] (lehenagoko S artikulua) oinarritzen da:

  • “"Itun hau ale bakarrean idatzita dago, alemanez, danieraz, espainieraz, frantsesez, grekoz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, nederlanderaz eta portugesez, eta testu horiek zinezkotasun bera daukate hizkuntza horietako bakoitzean. Ituna Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan gordeko da, eta kopia zertifikatu bana bidaliko dio hark ituna izenpetu duten gainerako estatuetako gobernuei.

1994ko atxikipen itunaren indarrez, itun honen finlandierako eta suedierako bertsioek ere zinezkotasun bera daukate."

Era berean, 1957ko martxoaren 25ean Erroman izenpetutako Europar Batasuneko Itunaren testu finkatuan, xede berdinerako adierazpen bat dago 314. artikuluan, (lehenagoko 248. artikulua): [3]

“"Itun hau ale bakarrean idatzita dago, alemanez, frantsesez, italieraz, eta nederlanderaz, eta lau testu horiek zinezkotasun bera daukate hizkuntza horietako bakoitzean. Ituna Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan gordeko da, eta kopia zertifikatu bana bidaliko dio hark ituna izenpetu duten gainerako estatuetako gobernu bakoitzari.

Atxikipen itunen indarrez, itun honen danierako, espainierako, finlandierako, grekozko, ingeleseko, irlanderako, portugesezko eta suedierako bertsioek ere zinezkotasun bera daukate."

Europako Batasuneko Itun bereko 21. artikuluaren (lehenagoko 8d artikulua)[4] 3. paragrafoan zera adierazten da:

  • “"Batasuneko herritar orok, bestalde, artikulu honetan eta 7. artikuluan aipatutako edozein instituzio edo erakundetara jo dezake idatziz, 314. artikuluan aipatutako hizkuntzetakoren batean, eta hizkuntza berean jaso erantzuna."[5]

Europako Batasuneko Itunaren bertsio finkatuaren 290. artikuluan (lehenagoko 217. artikulua)[6] zera adierazten da:

  • “"Kontseiluak finkatuko du Batasuneko instituzioen hizkuntz sistema, aho batez, baina Justizia Auzitegiaren estatutuan aurreikusitako xedapenen kontra egin gabe."

Bi itunetan azaltzen diren jatorrizko bertsioei buruzko aipamenak dira "“Itun hizkuntza" terminoaren jatorria. Termino hori EBko Itunaren 53. artikuluan eta Europar Batasuna Eratzeko Itunaren 314. artikuluan zehazten diren hizkuntzei buruzko aipamenetan maiz erabiltzen da. Hala ere, jabetu behar dugu irlandera ez dela "“Itun hizkuntza" soilik, zeren eta edozein hiritarrak eskubidea du hizkuntza horretaz edozein Europako Batasuneko instituzioari idazteko, eta erantzuna hizkuntza berean jasotzeko (baina eskubide hori gauza dezake ala ez).

EEEKO KONTSEILUA: 1. XEDAPENA, EUROPAKO EKONOMI ELKARTEAN[7] ERABILIKO DIREN HIZKUNTZAK FINKATZEKO

Gaur egungo hizkuntz sistema Kontseiluaren 1. xedapenean[8] finkatzen da. Xedapen horrek Europako Ekonomia Elkartean, eta Energia Nuklearraren Europako Elkartean zein hizkuntza erabiliko diren zehazten du; eta zuzendu egin dute Europar Batasuneko kide berrien hizkuntzak sartu behar izan dituzten bakoitzean.

Xedapen horren Hitzaurrean gogorarazten da Kontseiluari dagokiola, aho batez, Batasuneko instituzioen hizkuntz sistema finkatzea (Justizia Auzitegiaren prozedura arauen kontra egin gabe). Aurrerago aipatzen du: “"baldin eta Ituna idatzita dagoen lau hizkuntzetariko bakoitza Europar Batasuneko estatu batean edo gehiagotan hizkuntza ofizialtzat hartzen bada". Hori dela eta, hitzaurrean argi uzten dute, 1. artikuluan, parametro hori erabiliko dela Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak eta lan hizkuntzak finkatzeko.

2. eta 3. artikuluetan zehazten dira instituzioetara idatziz jotzerakoan erabili behar diren hizkuntzak: hiritarrek edozein hizkuntza ofizial erabil dezakete, eta erantzuna hizkuntza berberean jasoko dute. Batasunaren instituzioek Batasuneko estatu bati edo estatu horretan bizi den norbaiti dokumentu bat bidaltzerakoan, estatu horren hizkuntza erabiliko dute.

4. eta 5. artikuluetan ziurtatzen da xedapenak eta irizpide orokorreko bestelako dokumentuak, bai eta Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala ere ("“Official Journal of the Community"), lau hizkuntza ofizialetan idatziko direla (segurtasun legala ziurtatzearren).

6. eta 7. artikuluetan Batasuneko erakundeei eskumena ematen zaie beren prozedura arauetan finkatzeko auzi bakoitzean zein hizkuntza erabili erabakitzeko; bestalde, artikulu horiek agintzen dutenez, Justizia Auzitegietako prozesuetan erabiliko diren hizkuntzak Auzitegiko prozedura arauetan finkatuko dira.

Azkenik, 8. artikulua hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten Batasuneko estatuei dagokie, eta horren arabera, erabiliko den hizkuntza, estatu horrek agintzen duen moduan, estatu horretako legearen arau orokorrek arautuko dute. (ikus Araudia Eranskinean).[9]

Araudi horren alderdi batzuei buruzko zenbait ohar eta azalpen egin behar dira.

HIZKUNTZA OFIZIALAK ETA LAN HIZKUNTZAK AUKERATZEKO IRIZPIDEA

a. Kontuan hartu behar dugu, lehenik eta behin, hizkuntza hauek instituzio europarren hizkuntza ofizial eta lan hizkuntza bihurtzeko parametroa Batasunaren “"estatu bat edo gehiagotan" ofizialtzat onartuta egotea dela. Ez da inon aipatzen Batasuneko estatu baten lurralde osoan ofizialak izan behar dutenik. Interpretazio murriztatzaile hori geroago azaldu da, edo parametro hori era murriztatzailean ulertzeko joera egon da[10]. Beraz, Araudiak ez du konponezineko eragozpenik ezartzen Batasuneko estatu bateko zati batean hizkuntza ofiziala den hizkuntza Europa mailan hizkuntza ofizialtzat onartzeko, katalana, adibidez.

Segur aski interpretazio murriztaile hau –soilik Batasuneko estatu bateko lurralde osoan ofizialak diren hizkuntzak izan daitezke EBko hizkuntza ofizial- ziurrenik segurtasun legalaren baldintzen alderantzizko interpretazio bitxi baten ondorioz sortu da, eta merezi du hori aztertzeak. Egia da, legedi europarra hiritar guztiei ezartzekoa denez, segurtasun legalaren printzipioak eta arauen publikotasunaren printzipioak beharrezko egiten dute arauak hiritarrek ezagutzen duten hizkuntza batean eskura egotea. Beraz, hiritar guztien segurtasun legala ziurtatzeko nahikoa da Europako legedia indarrean jartzea Batasuneko estatu bakoitzeko lurralde osoan ofiziala den edozein hizkuntzan, baina horretarako ahalik eta hizkuntza gutxien erabilita[11].

Hala eta guztiz ere, hizkuntza ofizialen gutxieneko kopurua zehazteko baliagarria izan daitekeen nahikotasun printzipio hau, muturreraino eraman eta baztertze printzipio bihurtu dute, eta onargarria den hizkuntza ofizialen gehienezko kopurua finkatzeko erabiltzen dute. Interpretazio hau are zabarragoa da europar hizkuntza asko Europar Batasuneko egitasmoetatik kanpo uzteko erabiltzen dela kontuan hartzen badugu –eta erabaki horrek ez du zerikusirik hizkuntzen segurtasun legalarekin, ez eta hizkuntzen onarpen ofizialarekin ere (Ó Riágain Jaunaren txostena arduratzen da arazo honetaz).

Hizkuntza eskubideak murrizteko nahikotasun kontzeptuaren erabilera berdina dago Justizia Auzitegiaren prozedura arauetan; horiek auzitegian erabiltzen diren EBz aparteko hizkuntzen erabilera arautzen dute, baina soilik lekukoak edo adituak azaltzen badute inongo hizkuntza ofizialean ez dutela egoki adierazteko adinako gaitasunik[12] (estatu askotako politikak, guk aurrera egin dezaten nahi dugun horiek, ahaleginak egin dituzte, eta horretan jarraitzen dute, halako ezintasunik inoiz ez gertatzea ziurtatzeko).

“"Hizkuntza ofizialen" irizpidearen bitartez “"hizkuntza Europarren" eta “"Batasuneko" edo "“EBko hizkuntzen" kontzeptuei buruz egiten den identifikazio murriztatzailea ez dator bat, gure ustez, eta ez da bateragarria 2000ko uztailak 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1934/2000/EB erabakiaren 4. azalpenean, Hizkuntzen Urte Europarra 2001[13] egitasmoari buruzkoa, baieztatzen denarekin:

  • "“Europako hizkuntza guztiak, ahoz nahiz idatziz, berdinak dira balioz eta duintasunez, eta Europako kultura eta zibilizazioaren zati dira."

b. Segur aski, Batasuneko estaturen bateko lurralde zati batean ofizial diren hizkuntzak Batasuneko hizkuntza ofizialaren estatusetik kanpo geratzea lotuta dago Estatu bakoitzak Araudiaren beraren 8. artikuluan ematen diren aukeren aurrean azaltzen duen jarrerekin.

Estatuaren jarrerak izan behar du azalpen posible bakarra (nahiz eta ez justifikazioa) 10 milioitik gora europarrek hizkuntza ofizialtzat duten hizkuntza Batasuneko hizkuntza ofiziala ez izateko. Hiru Parlamentutan erabiltzen da bere ahalmen esklusiboen erabileraz legeak eztabaidatzeko eta indarrean jartzeko, lurralde administrazio maila guztietan: Estatuan, autonomiatan eta herri administrazioetan. Segur aski ere horrek azaltzen du zergatik irlandera ez zen Europako hizkuntza ofizialtzat hartu, nahiz eta "“Itun hizkuntza" den (Itunaren jatorrizko bertsio baten hizkuntza) eta hiritarrek erabili ahal duten (ikusi dugunez) instituzio europarretara jotzerakoan. Irlandak Batasunerako bere atxikipen itunean akordio hauek onartu zituen[14].

Gaineratu behar dugu, hala eta guztiz ere, ez dagoela inolako eragozpenik Batasuneko estatuak (benetan bere hiritarren interesak ordezkatzen badituzte, dagokien hizkuntza eta kulturekin) 8. artikuluan emandako ahalmenaz baliatzeko, instituzio mailan hizkuntzaren erabilera sustatzeko, bai eta hizkuntzak Batasunaren egitasmoetaz baliatzeko ere; beti ere, hizkuntza bakoitzak dagokion estatuan duen egoera berdina bada. Guzti hau azpi estatuko instituzioek beren hizkuntzen erabilera publikoa arautzeko duten defentsa ahalmena ahaztu gabe (batzuetan, halere, azpi estatuko komunitateen ordezkari politikoek berek ahazten dute defentsa ahalmen hori).

Nolanahi ere, Milian-ek azpimarratu duenez[15], irlanderan egoerak erakusten du hizkuntza batentzat hizkuntza ofizial eta lan hizkuntza egoeraz aparte bestelako estatusak izatea ere posible dela. Beraz, Milianek ateratzen duen ondorioa da Batasuneko estatuek hala eskatuz gero, hizkuntza eredu Europarraren eredua garatu daitekeela.

Komentatzea merezi duen beste kasua luxenburgerarena da: bere estatuaren[16] lurralde osoan hizkuntza ofiziala bihurtu ondoren, ez da Batasuneko hizkuntza ofiziala bihurtu, Luxenburgok ez zuelako halakorik eskatu.

Horren emaitza, Milianek azaltzen duenez, Europar hizkuntzen sailkapen hierarkikoa da:

a) Hamaika lan hizkuntza ofizial.

b) Irlandera, erakundeetara jotzeko erabil daitekeen Itun hizkuntza.

c) Luxenburgera, egitasmotan beste hizkuntza ofizialekin batera parte hartzen duena.

d) Norbere lurraldean ofizialak diren hizkuntzak, esaterako, katalana.[17]

e) Europar Batasunean historikoki hitz egiten diren beste hizkuntzak.

HIZKUNTZA OFIZIALEN ETA LAN HIZKUNTZEN ARTEKO BALIOKIDETASUN (EZA)

Merezi du 1. artikuluan, Europako erakundeetako hizkuntza ofizialen eta lan hizkuntzaren arteko bereizketaren atzean dauden arrazoietaz eta bere ondorioei buruzko azalpen zehatza egitea.

Erabakiak, kasu honetan, zerikusi handiagoa du berdintasun zehatza irizpide duen ordezkaritza eta partaidetza politikoaren sistema ezartzeko gogoarekin segurtasun legalaren eskakizunekin baino: Batasuneko estatu bakoitzeko hiritarrek eta bere ordezkariek baldintza berdinetan egon behar dute, bai beren hizkuntz nortasunaren onarpen sinbolikoaren ikuspegitik, bai arlo praktikoan, instituzioen barruan egiten diren eztabaida demokratikoetan ere. Bigarren alderdi hau bereziki aipagarria da Batasuneko estatu baten izenean eztabaidetan parte hartzen duten ordezkari politiko eta teknikarientzat.

Europar hiritar guztiek eztabaida demokratikorako eremu publiko batean parte hartzeko hizkuntza zailtasunek (Dieter Grimm eta Jürgen Habermas-ek[18] jorratu duten beste gai politikoaz gain) gainditu egiten dute instituzioen hizkuntz sistema bera.

Erabateko eleaniztasun printzipio honi buruzko zainketa politikoa bereziki zehatza izan da beti. Europako Parlamentuarentzat “Europar Batasuna eta "Gutxien Erabiltzen diren Hizkuntzak" txostenean (argitaratu gabea, 2002) honakoa adierazten da:

“1994ko bukaeran Ministro Frantziar batek bost lan hizkuntza bakarrik egotea proposatu zuenean, proposamena berehala atzera bota behar izan zuen[19].

Parlamentuak bizkor jokatu zuen ideia hori atzera botatzeko, EBko[20] hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko xedapen bat onetsi zuen, 1982ko xedapen[21] baten antzekoa.

Baina oker ginateke pentsatuko bagenu aipatu dugun esaldian agerian geratzen den hizkuntza ofizial eta lan hizkuntzen arteko bereizketarik ezak Batasuneko instituzioetan eleaniztasun orokortua dagoela adierazten duela. Legez ezarritako lan hizkuntzak askoz urriago diren kasuei ere begiratu behar ditugu, ahaztu gabe kasu askotan lan hizkuntzen de facto kopurua ere murriztu egiten dela. Lan hizkuntzen murrizketa, hamaika hizkuntza ofizialekin konparatuz gero, puntuz puntu komentatzea merezi duten bi bereizketetan oinarritzen dira:

  1.  Europar Batasunaren instituzioen eta 1/58 araudiaren[22] pean ez dauden beste erakunde edo agentzien arteko bereizketa.
  2.  Zenbait prozedura arauk egiten duten barruko lan hizkuntzen eta kanpo komunikaziorako hizkuntzen arteko bereizketa.

EUROPAR BATASUNAREN INSTITUZIOEN ETA BESTE ERAKUNDE EDO AGENTZIEN ARTEKO BEREIZKETA.

Lehen bereizketari dagokionez, 1993ko abenduaren 20ko 40/94 Kontseiluaren Araudia daukagu, Batasuneko marka erregistratuei buruzkoa (ikus Annex). Hemen adierazten denez, Barne Merkaturako Harmonizazio Bulegoak (marka erregistratuak eta diseinuak) bost hizkuntza ditu, eta hiritarrek Batasuneko marka erregistratu batentzat eskaera hamaika hizkuntza ofizialetako edozeinetan egiteko eskubidea eduki arren, eskatzaileak bigarren hizkuntza bat adierazi behar du, Bulegoaren hizkuntza izango dena ondoko edozein prozeduratarako.

Horrek hiritarren eta Europako diputatuen[23] kexak sorrarazi ditu. Arazoa EBko Lehen Instantziako Auzitegira ere iritsi da: Christina Kik Barne Merkaturako Harmonizazio Bulegoaren aurka auzia[24].

Auzi horren epaiak (58. puntua) dio:

  • "“1. araudia bigarren mailako lege egintza soila da"
eta
  • "“Itunaren 217. artikuluak eskumena ematen dio Kontseiluari, aho batez ekinez, instituzioen hizkuntz sistemaren estatutuak finkatu eta aldatzeko, eta hizkuntz arau desberdinak sortzeko. Artikulu honek ez du aukerarik ematen behin Kontseiluak arau hauek sortu eta gero aldatzeko."

Auzitegiaren iritziz beraz ezin daiteke alegatu 1/1958 Xedapenak zehazten duela….

  • "“hizkuntzen arteko Batasunaren legezko berdintasun printzipio zehatza".

Interpretazio honen ondorioak oso sakonak izan daitezke, zeren eta zehazki instituzio ez diren erakundeetan (EE Eratzeko Itunaren 7. eta 21. artikuluetan aipatzen direnak) lan hizkuntzen kopuruen murrizketa legitimatzeaz gain, atea zabaltzen dio hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna printzipio baztertu dezaken hizkuntz sistemaren aldaketa bati (besterik gabe, segurtasun juridikoaren gutxieneko eskakizunak betetzearekin).

Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar dugu lan hizkuntzak murriztea ez dela oraindik irizpide orokortua Ituneko[25] 21. artikuluan[26] instituzioen artean aipatzen ez diren Batasuneko erakundeetan.

Hala, bada, adibidez, 1994ko uztailaren 18ko Kontseiluaren 2062/94 Araudiak (EE), Laneko Higiene eta Segurtasunerako Agentzi Europarra[27] sortzen duenak, zera dio:

  • "“Batasunaren instituzioen hizkuntza estatutuak Agentzian aplikatu beharko dira"

Hamaika hizkuntza ofizialen arteko berdintasun printzipioa hausteak haserrea eta kexak sortarazi ditu. Adibide gisa, Rosa Miguelez Ramos-ek (Europako Diputatua, PSE) 2002ko otsailaren 22 ingelesaren aurrera egitea zela eta, gainerako hizkuntza ofizial gehienek jasotzen zuten ustezko tratamendu baztertzaileari buruzko idatzizko galdera egin zion[28] Batzordeari.

Erantzunean[29], Batzordeak hori horrela zenik ukatu zuen, eta erantzuna barruko eta kanpoko erabileran arteko bereizketan oinarritu zuen:

Honi buruz Batzordeak bere praktika gogorarazten du; eta honakoa du helburu:
  • kanpora doazen dokumentuek Batasunen hizkuntza ofizialetan idazten dira izaera orokorreko egintzak direnean; beste kasuetan hartzaileen hizkuntzetan.
  • -barnean erabiltzen diren dokumentuak Batzordearen beharrei dagokien hizkuntzetan idazten dira, bere operazio eraginkortasuna ziurtatzearren.

BARNEKO LAN HIZKUNTZEN ETA KANPOKO KOMUNIKAZIORAKO HIZKUNTZEN ARTEKO BEREIZKETA

Honelako bereizketa egiten dela adierazten duten adibide asko daude, bai instituzio europarren prozedura arauetan ere.

Kontseiluari dagokionez, Kontseiluaren Prozedura Arauak onartzeko (2000/396/CE, ECSC, Euratom) (aipamena)[30] 2000ko ekainaren 5eko Kontseiluaren Erabakiak, 14. artikuluan, lan hizkuntzak izugarri txikitzeko baimena ematen du.

Eztabaida eta erabakiak, indarrean dagoen hizkuntz sistemak ezartzen dituen hizkuntzetan idatzitako dokumentuen eta zirriborroen arabera

"“Batasunaren instituzioen hizkuntza estatutuak Agentzian aplikatu beharko dira"
  1. Kontseiluak aho batez eta premiaz bestelakorik erabakitzen duenean salbu, Kontseiluak eztabaidatu eta erabakiak hartuko ditu, indarrean dagoen hizkuntz sistemak ezartzen dituen hizkuntza zehatzetan idatzitako dokumentuetan eta zirriborroetan oinarrituta.
  2. Kontseiluko edozein kidek oposizioa azal dezake proposaturiko edozein zuzenketaren testuak 1. paragrafoan aipatutako hizkuntzetan idatzita ez badaude.

Batzordearen[31] Prozedura Arauek hizkuntzei buruzko aipamen gutxi egiten dira (ikus Eranskinaren 6, 12, 18 eta 25. artikuluen testuak), baina aukera zabala uzten du praktikan Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetako gutxi batzuk erabiltzeko.

Gehiago zehazteko, 25. artikuluak -lan hizkuntzari buruzko beste xedapenek erreferentziatzat aipatzen dutenak- askatasun maila zabala ematen dio Batzordeari barneko hizkuntz erabilerari dagokionez. Funtzionamenduari dagokien neurri osagarrien artean, besteak beste, hauek aipatzen ditu:

  • “"Batzordeak, hala behar bada, arauak ezarriko ditu Prozedura Arau hauek indarrean jartzeko.
  • “Batzordeak berak Batzordearen eta bere sailen funtzionamenduari buruzko neurri osagarriak onar ditzake, eta Prozedura Arau hauei erantsiko zaizkie ondoren."

Bere aldetik, Europako Parlamentuaren Prozedura Arauetan (ikus Annex)[32] hizkuntza auziei buruzko zenbait aipamen daude (zehazki 117, 121, 138, 151 eta 174. artikuluetan).

Kasu honetan, merezi du azpimarratzea, batetik, Parlamentuak eleaniztasun osoa aldarrikatzeaz eta praktikatzeaz gain, EBko hizkuntza ofizial ez diren beste hizkuntzen noizbehinkako erabilera ere aurreikusten duela. Hala eta guztiz ere, 117. artikuluaren interpretazio oharrean, hizkuntza ofizial baten idatzitako testu bat baliozko bertsioa den ala ez erabakitzeko Presidenteari ematen zaio eskumena, jatorrizkoaren eta beste hizkuntzen bertsioen arteko desadostasunak egonez gero.

Europako Arartekoak hartutako erabakiak, bestelako neurriak ezartzeko onesten dituenak (berrikuspenaren data: 2000/09/11; aipamenerako ikus Annex)[33], hizkuntza erabilera aipatzen du artikulu batean (14. artikulua). Laburtuz, hau adierazten du: Arartekoak argitaratutako dokumentu publikoak hizkuntza ofizial guztietan idatzi behar dira; kexak Batasuneko edozein hizkuntza ofizialean aurkeztu daitezke, eta prozedura hizkuntza ofizial bakar batean eramango da: kexa idatzi den hizkuntzan.

Azkenik, Europako Batasunen Justizia Auzitegiak ere bere Prozedura Arauak[34] ditu, eta hizkuntza erabilerari dagokien aipamen zehatzak ditu (22, 22, 27.4, 37, 104, 110, 123a, 123b, 127 eta, batez ere, 6. kapitulua –29-31. artikuluak-; ikus Annex). Auzi batean edozein hizkuntza ofizial (edo irlandera) erabil daiteke. Zenbait kasutan, auziaren hizkuntza ez den beste hizkuntza ofiziala ere erabil daiteke. Lekukoek edo adituek, bere aldetik, Auzitegiaren hizkuntzetako baten batean egoki mintzatzeko gai ez direla adierazten badute, lekukotza beste hizkuntza batean egiteko baimena izan dezakete. Auzitegiaren argitalpenak 1. artikuluan (30.2. artikulua) aipatutako hizkuntza guztietan egiten dira, baina zenbait epai auziaren hizkuntzan[35] bakarrik azalduko dira, bereziki langile arloko arazoei buruzkoak.

Lehen Instantziako Auzitegiak oso antzeko Prozedura Arauak ditu (ikus Annex).

Oro har, bai barneko Prozedura Arauek bai hizkuntzen benetako erabilerari buruzko oharrek baieztatzen dute hizkuntza ofizial guztiak ez direla neurri berdinean erabiltzen lan hizkuntza moduan. Ingelesa, frantsesa eta, batzuetan, alemana dira benetan erabiltzeko garaian nagusitzen diren hizkuntzak.

Aipatutako adibideetako batzuetan ikusteko aukera izan dugunez, lan hizkuntzak murrizteko joera honek, bereziki barneko funtzioetarako, bi arrazoi ditu: lan hizkuntza askoren kostu ekonomikoa jasateko zailtasuna, batetik, eta horrek dakartzan operazio eta logistika arazoak, bestetik.

ERABATEKO ELEANIZTASUNAREN KOSTUA.

Honako baieztapena guztiz zuzena da: “"EBak dirutza handia ematen du bere erakundetan hizkuntz aniztasuna kudeatzeko: 1999an bere 11 hizkuntza ofizialentzako itzulpengintza, interpretazioa eta ikerkuntza terminologikoren kostua 723 milioi €koa izan zen"36]

Huhne (ELDR) Europako Diputatuak idatzizko galdera aurkeztu zion Batzordeari (1999ko abenduaren 1ean)[37] itzulpengintza eta interpretazio kostuari buruz (eta hizkuntza ofizialen kopurua hamaikaraino gehitzeak ekarriko zituen kostuen aurreikuspenari buruz). Batzordeak bere erantzunean[38], itzulpengintza eta interpretazio kostuak, 1999ko aurrekontuetan sartutakoa Europako instituzioen kalkuluen arabera, eman zituen: gutxi gorabehera 686 milioi €. Hau da instituzioka egindako sailkapena.

(Milioi Eurotan)

Instituzioa

Itzulpengintza

Interpretazioa

Guztira

Parlamentua

103,1

61,1

164,2

Kontseilua

131,0

46,0

177,0

Batzordea

218,7

42,5

261,2

Justizia Auzitegia

37,6

4,9

42,5

Kontuen Auzitegia

8,2

0,4

8,6

Ekonomia eta Gizarte Batzordea (ESC)

0

6,0

6,0

Eskualdeko Batzordea (COR)

0

2,3

2,3

Antolakuntza Egitura komuna (ESC/COR)

24,1

0

24,1

Guztira

522,7

163,2

685,9

 

Gaur egungo hizkuntza ofizialei hizkuntza beste hizkuntza batzuk gehitzeak zekarren eragina erantzun osagarri batean azaltzekoa zen, behin Europako instituzio guztien kalkuluak bildu ondoren. Baina egileek ez dute halako erantzun osagarririk aurkitu.

Kostu hauen balorazioa anbibalentea da: batetik, esaten da jadanik 1993an EBko administrazio aurrekontuaren %40 baino gehiago zela; bestetik, zifra hauek dagokien tokian jarri dira, EBko administrazio aurrekontua aurrekontu osoaren %5,2koa[39] dela azpimarratu baitute.

Nolanahi ere, kontuan hartu beharko litzateke kostu hauek oso handiak direla, eta ia-ia esponentzialki gehituko direla lan hizkuntzen kopurua handitzen den heinean: itzulpenetarako hizkuntz pareak p = n(n-1) formularekin kalkulatu daiteke. Gaur egun dauden hizkuntzekin, 110 pare dira. Bost lan hizkuntza gehituko bagenitu, 240 pare izango lirateke: bikoitza baino gehiago. Kontuan hartu behar litzateke kostu hauek jasangarriak diren ala ez; baina, nahiz eta aurrekontua gehituz gero jasangarriak izan, saihesteko zailak izango diren beste logistika eta operazio zailtasunak aztertu beharko lirateke. Aipa ditzagun laburki bada ere.

Erabateko eleaniztasunaren operazio zailtasunak

Lan hizkuntza kopuru handia edukitzearen lehen arazoa denborarena da: hizkuntza orotan bertsioak prestatzea ezin da guztiz berehalakoa izan. Itzultzaileek azkar egin behar dute lan, baina era berean lan zehatza egin behar dute, askotan bertsioak legezko ondorioak izango baitituzte, eta zinezko bertsiotzat hartuko dira itzulpenak. Onartezina da zehaztasuna galtzea lan azkarregia egiteagatik.

Logikoa da lan prozesuak luzatzea, eleaniztasunaren funtzioa baita.

Dena den, oso zaila da hizkuntza guztietako itzultzaileak (adibidez, grekoa-finlandiera) eta instituzioetan eztabaidatzen diren gai guztietako itzultzaile adituak eta terminologia fidagarria aurkitzea. Eta asko lagundu dezaketen itzulpengintza sistema automatikoak ez daude beti eskura kasu hauetan. Zailtasuna are eta handiagoa da aldi bereko interpretazioaren kasuan; izan ere, aukera bakarra dago: landu behar diren gaiak bilkura aurretik zertxobait prestatzea.[40]

Gaiaren konplexutasunak beste alderdi bat ere badu: Batasuneko instituzioetan lan egin behar duten langileen hizkuntza eskakizunak dira.

Ingelesa eta frantsesa ohiko lan hizkuntzek garrantzia handia dutela nabaritzen da, Batasuneko erakundeetan lanpostuak betetzeko hizkuntza horietan zein gaitasun maila eskatzen den ikusita. Horrek, era berean, Europako Parlamentarien artean nolabaiteko frustrazioa sorrarazten du. Hala, Klife egitasmoaren bulegorako eskainitako lanpostuetan honakoa aipatzen zen:

"Talde buruak, talde buru ordeak eta Batzordearekiko koordinazio erantzukizunak dituen pertsonalak, ingelesa edota frantsesaren ezaguera aktiboa edukitzeaz gain, beste hizkuntzaren baten ezaguera pasiboa eduki beharko luke gutxienez. Bi hizkuntza hauek izango dira Batzordearekin harreman guztietarako hizkuntza ofizialak"

Europako Diputatu bik, Karla Peijsek (PPE-DE) eta Marianne Thyssenek (PPE-DE), 2001eko azaroaren 30ean[41] idatzizko galdera aurkeztu zioten Batzordeari, lanpostu horretan hizkuntza bereizkeria ez ote zegoen galdezka, eta hala jokatuz lehia ez ote zuen itxuragabe distortsionatzen galdezka.

Hala eta guztiz ere, baita langile trebeen kasuetan ere, testuen zinezkotasunari dagokionez arazo larriak egoten dira. Bost motako arazoak hauteman dira[42]:

  • Bertsio batek gainerako bertsioetan esaten denarekin bat ez datorren zerbait adierazten du.
  • Bertsio batean esanahi nahasiko hitza erabiltzen da, nahiz eta gainerako bertsioetan esanahi argiko hitza erabiltzen den.
  • Bertsio batean esanahi ezberdinak dituen hitz bat erabiltzen da, nahiz eta gainerako bertsioetan kasu bakoitzerako hitz desberdinak erabiltzen diren.
  • Bertsio baten erabilitako hitzak gainerako bertsioetan erabilitako hitz baliokideak baino esanahi zabalagoa dauka.
  • Bertsio batek gainerako bertsioetan agertzen ez den kategoria bat erabiltzen du.
  • Testuek zinezkotasun berbera dutenean, arazo hauen konponbideak bestelako arazoak sorrarazten ditu. Arazo horiek konponbide oso zaila dute eta, gainera (hau bereziki larria da), erabateko eleaniztasuneko sistema eragin zuen segurtasun legala mehatxatzen dute.

Aukerak zabalkunde aurrean

Europar Batasuneko gaur egungo hizkuntz sistemari buruz egindako ia azalpen guztiak bat datoz hamabi estatu berri eta hamaika hizkuntza gehiago gehitzen direnean eutsiezina bihurtuko dela pentsatzen. Izan ere, ikusi dugunez, hizkuntza ofizial guztiak ez dituzte lan hizkuntzatzat erabiltzen, inondik ere; eta hizkuntza ofizial eta lan hizkuntzen arteko itxura bateko berdintasun ofizial hori bertan behera uzten du.

Lan hizkuntzen kopurua murrizteko joera (Prozedura Arauetan, instituzioen barruan ofizialak ez diren erakundeen arautegian, eta, oro har, barneko lan ohituretan ikusi duguna) indartsuagoa eta orokortuagoa bihurtuko da. Hizkuntza ofizial gutxi batzuk (ingelesa, frantsesa, agian alemana eta, litekeena da, baita espainiera ere), Europar Batasuneko[43] hiritarrek gaur egun gehien ezagutzen dituzten hizkuntzak dira Batasuneko instituzioetan eta erakundeetan barneko lan hizkuntza bihurtzeko aukera handiena dutenak.

Beraz, horixe bera izango da, segur aski, Batasuneko hizkuntz sistemaren erreformarako abiapuntua: hizkuntza ofizialen eta lan hizkuntzen arteko bereizketa onartzea, jarrera irekiaz, esplizituaz eta formalaz. Gaur egun, halako onarpenik bada zenbait arauditan, baina ez dira beti agerikoak izaten. Horrek barneko lan prozesuen eraginkortasuna areagotuko luke, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna alde batera utzi gabe. Berdintasun hau gorde daiteke berdintasunezko partaidetza demokratikoko eginkizun guztietan[44], hiritarrekiko kanpo komunikazioetan[45], eta segurtasun legala ziurtatzeko beharrezko hainbat testutan[46].

Honelako bereizketak hizkuntza ofizialak gehitzea ekarriko luke, irlandera, luxenburgera eta norbere lurraldean onarpen ofiziala duten beste hizkuntzak sartuko bailirateke, dagokien estatuarena[47] baino txikiagoa izan arren.

Batasuneko instituzioei norbere hizkuntzan idazteko eskubidea zabaltzeak (baldin eta Batasuneko estatu baten barruan onarpen ofiziala badu) eta hizkuntza berdinean erantzuna jasotzeko eskubidea zabaltzeak dagoeneko onartuta dagoen hiritarren eta estatu agintaritzen arteko harremanari eragiten dio, behintzat dagokion hizkuntza ofiziala den lurralde barruan eskumenak dituztenei. Adibidez Katalunian, 1/1998 Legea Hizkuntza Politikoari buruzkoa dugu (ikus annex); eta baita estatuko 30/1992 Legea ere, azaroaren 26koa (285 EAO, 1992/11/27; ikus annex). Beste estatuetan, ordea, ez dute halako onarpenik adierazi.

Beraz, egoera inkongruentea sortu daiteke: hiritarrek bere hizkuntzan erakunde azpi-estataletara eta supra-estataletara jotzeko eskubidea eduki dezakete, baina estatuko erakundetara jotzeko. Hala eta guztiz ere, aukera horrek inor asaldatu baino lehen, esan beharra dago, gertatu gertatzen dela halakorik; esaterako, Hego Tirolgo alemanez egiten duten hiritarren kasuan, bai eta antzeko egoera geografikoan dauden hizkuntzen kasuan ere.

Beraz, ez gara proposamen kaskarin bat egiten ari. Hemen azaldutako kasuekin konparatuz ezberdina da; izan ere, gorago aipatutako Itun artikuluan azaltzen diren Batzordean eta beste instituzioetan alemanez hitz egiten dutenak daudela pentsa genezake; aldiz, segur aski, frisiera, euskara edo galesera hitz egiten duten gutxi egongo dira. Dena den, berdina esan daiteke irlandarrez hitz egiten dutenei buruz, baina horrek ez luke harridurarik sortuko.

Honelako erabakia ezartzearen kostua, segur aski, orekatuta geratuko litzateke lan hizkuntzak gutxitzeak ekarriko lukeen aurrezteari esker. Horretaz gain, Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22. artikuluan aldarrikatutako printzipioa indarrean jartzeko aurrerapauso itzela izango litzateke. Bestalde instituzio europarrek artikulu hori onartzea ontzat eman zuten Europako Kontseiluaren Nizako Bilkurako[48] Presidentziaren Ondorioetan:

Batasunak kultur, erlijio eta hizkuntz aniztasuna errespetatuko ditu.[49]

Bestalde, Parlamentuan interpretariak gero eta beharrezkoagoak izango dira estatu berriak sartu ahala (Eslovenia, Txekiar Errepublika, Estonia eta abar) eta, beraz, ez dirudi ulertezina egiten zaienik interpretari espainiar egotea, Europako Diputatu edo Batzorde funtzionario katalanek edo euskaldunek, adibidez, parte hartzen dutenean: katalanaren kasuan, hain zuzen, erabili izan den bakoitzean (gutxitan), horrela izan da. Berriro ere, irlanderazko partehartzeak gutxi eta bakanduak dira, baina kasu horietan, interpretazio zerbitzuek konponbidea ematen dute.

Hala eta guztiz ere, dagoenekoz agerian jarri den komunikabide eta politika munduko oposizioa kontuan hartzekoa da oso, zeren eta dudarik gabe berriro agertuko da erreforma honen aurrean. Hizkuntza sistema berria aplikatzeko erak xehetasun handiz aztertu beharko dira, bere hizkuntza ofizialak lan hizkuntza izateari utziko dion Batasuneko estatuentzat konpentsazio onargarriak adosteko (baina, egun, estatus hau benetakoa baino formalagoa da). Dena den, erabaki hau politikoki konplikatua eta teknikoki konplexua izango denez, onartezina izango litzateke Batasunerako erreforma horri buruzko eztabaida lagungarri eta lasaia ez piztea eta, bere ordez, bi edo hiru lan hizkuntza inposatuko lituzkeen ezkutuko egoera ezartzen saiatzea. Arazo horri buruzko eztabaidarik eza eta, oro har, Europar Batasuneko hizkuntza politikari buruzkoa eztabaidarik eza kezkagarriagoa bihurtzen ari da, bai zabalkundea bera bai instituzioen erreforma hurbiltzen ari den heinean. Dirudienez, badaude hizkuntz sistemaren erreformaren[50] txosten teknikoak detaile horiek aipatzen hasita daudenak, eta aditzera ematen dute erreforma ezkutuka (ia subertsiboki) sartu behar dela diote nolabait. Hala eta guztiz ere, gomendioak zentzuzkoak dira: itzulpengintzan eta interpretazioan berrikuntza teknologikoa sendoa ezartzea; kanpo itzulpengintza erabiltzea isilpekoak ez diren testuetan; itzulpenentzako lehentasunak ezartzea eta abar.

Noski, prozesu honen galdera zailenen erantzunak bilatu eta landu behar dira: zein izan daitezke konpentsazio egokienak bere hizkuntza ofizialak lan hizkuntza izateari utziko dion (edo inoiz izango ez den) estatuentzat?

Irtenbideak aurkitzeko bilaketa honetan, hasieratik esan dugun moduan, Batasunaren hizkuntza politika orokorra kontuan hartu beharko da. Eta, horretaz gain, kostuen eta onuren banaketari buruzko eta eleaniztasunaren abantaila eta oztopoei buruzko laburpen osatua aurkeztu beharko zaio alderdi bakoitzari.

Sarritan joera daukagu pentsatzeko erabateko eleaniztasuneko sistema batean etekin gehien aterako dutenak hizkuntz komunitate txikienak (komunitate horietako kideak) direla[51]. Ikuspegi hau mugatu beharra dago: batetik, hizkuntz komunitate txiki hauetakoek, segur aski, hedatuago dauden hizkuntzetako bat gutxienez ikasita izango dute, eta horrek baliabide publiko eta pribatuen inbertsioa jaso behar izan du; baina hedatuago dauden hizkuntzen hiztunek normalean ez dute halako inbertsiorik egiten beste hizkuntzak ikasteko). Itzulpengintza kostuak (bai inportazioetan bai esportazioetan egiten diren itzulpenenak) ziurrenik handiagoak dira komunitate hauentzat nazioarte mailan hedatua dagoen hizkuntzentzat baino.

Honetaz gain, argi dago merkatu indarrak eta globalizazioaren dinamikak abantaila nabarmena ematen dietela hedatuago dauden hizkuntzei. Lingua Action-ek (Sokrates egitasmoan barne) onartzen du lehentasuneko babesa eman behar zaiela demografikoki hizkuntza ofizial ahulenekin (leunago esateko “"gutxien erabili eta irakasten diren hizkuntzak" edo “"LWUTL" izendatzen direnak)[52] erlazionatutako ekimenei. Beraz Batasunak kontuan hartu beharko lituzke egitasmo europarren laguntzak, eta aurrekontu sailak Batasunaren lan hizkuntzaz erabiltzen diren hizkuntzentzat ahalik eta gehien murriztu eta, konpentsazio moduan, laguntza hau ofizial baina lan hizkuntza ez diren hizkuntzentzat gehitzea.

Era honetako konpentsazioa, gutxienez, lagungarri izango litzateke bere hizkuntza lan hizkuntzen talde murritzean sartu nahiko luketen zenbait herrialderen egarria.

 


 

[1] Europar Batasuna Eratzeko Ituna (Maastricht-en sinatua 1992ko otsailean), (1997ko urriak 2an Amsterdamen sinatutako Amsterdamgo Itunaren zuzenketak eransten dituen bertsio bategina, Europar Batasuneko Ituna, Europako Batasunak eratzeko Itunen eta erlazionaturiko zenbait lege aldatzen dituena). (C-340 EEAO, 1997.11.10, 145-172 orr.). http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/selected/livre1_c.html. Ikus, baita ere http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/dat/treaties_en.pdf. Luxenburgo: Europako Batasunen Argitalpeneko Bulego Ofiziala (Luxembourg: Office for Official Publications of the European Communities), 1999 ISBN 92-824-1661-5 Batasun Europarrak (European Communities), 1999

[2] http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/selected/livre109.html

[3] Europako Batasuna Eratzeko Itunaren testu bateratua (1957ko martxoaren 25ean Erroman sinatua) xede berdinerako adierazpen bat dago 314. artikuluan (lehengo 248. artikulua):

http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/selected/livre258.html

[4] http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/selected/livre203.html

[5] [7 oharraren bertsio ingelesa]

[6] http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/selected/livre257.html

[7] 017 EEAO 1958.10.06, 385. orr. (ikus eranskina)

9 http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=31958R0001&model=guichett

10 ikus eranskina (“annex)

11 Honelako aipamena aurkitu dugu hizkuntzen baztertzearen justifikazio gisa 1995eko Sokrates egitasmoaren Ebazpenaren hitzaurrean, kasu honetan, luxenburgotarra sartzearen justifikatzeko ahaleginduz, (ikus annex) eta 1990eko Reding Ebazpenaren hitzaurrean (ikus annex).

12 Hau da, adibidez, A. Milian-en ikuspegia, Berdintasun printzipioa EBko instituzio eta Batasuneko Zuzenbidean (Le principe d’égalité au sein des institutions de l’UE et dans le droit communautaire). Workshop of the Robert Schuman Centre for Advanced Studies. 2001. Milian-en ustez, Batasuneko sei Estatu fundatzaileek ez zituzten bere lurraldeen hitz egiten ziren beste hizkuntzak onartu zeren eta (a) segurtasun juridikoa ziurtatzeko ez zen beharrezkoa, (b) kostuak gehiegizkoak izango ziren, (c) hizkuntza hauen hiztunen kopurua txikia zen, (d) garai hartan (1958) ez zegoen eskualdeko hizkuntzenganako ardura politiko handiegia. Gaur egungo egoera nahiko desberdina da, hauetako zenbait hizkuntza ofizial bihurtu baitira bere lurraldeetan.

13 6. Kapitulua HIZKUNTZAK

29. Artikulua

(…)

“4. Lekuko edo aditu bat Artikulu honen (1) paragrafoan aipatutako hizkuntzetan egoki mintzatzeko gai ez dela adierazten duenean, Auzitegiak baimendu diezaioke bere testigutza beste hizkuntza batean ematera. Idazkaria arduratuko da auziaren hizkuntzara egin beharreko itzulpenaz.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=31991Q0704(02)&model=guichett

 

14 Dok. Ref. 300D1934. 2000ko uztailak 17ko Europako Parlamentua eta Kontseiluaren 1934/2000/EC Hizkuntzen Urte Europarra 2001i buruzko Erabakia. L 232 Aldizkari Ofiziala, 2000/09/14, (6). orr.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=32000D1934&model=guichett

15 ikus Atxikipen Baldintza eta Itunekiko Adostasunari buruzko Agiria (Act concerning the Conditions of Accession and the Adjustments to the Treaties), Art. 155, EEAO L 073, 1972/03/27,. 157 orr. eta ff. Ref. 11972BN11/9/PT1A21.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=11972BN11/8&model=guichett. Milian-en ustez (op. cit.) ukapen honek Batasuneko estatu baten lurralde oron hitz egiten den hizkuntza bat Batasunaren hizkuntza ofiziala bihurtzen dela dioen printzipioaren haustura garrantzitsua suposatzen du, baina Irlandako biztanleriak orokorrean, ingelesa ez bezala, irlandera ezagutzen ez duela esanez justifikatzen du.

16Op. cit.

17 1984ko otsailak 24ko Legea, hizkuntz sistemari buruzkoa. Testurako ikus

http://www.troc.es/ciemen/mercator/LUX2-gb.

18 Katalanak ere nolabaiteko onarpen maila jaso zuen, eraginkorra baino sinbolikoagoa, 1990eko abenduaren 11n onetsitako Europako Parlamentuaren erkidegoko hizkuntzen egoera eta hizkuntza katalanarenari buruzko Xedapenean (Resolution of the European Parliament on the situation of languages in the community and that of the Catalan language), 19 EEAO, 1991/01/28, 42. orr. Ikus Annex.

19 Ikus Manuel Alcaraz, Hizkuntzak eta instituzioak Europar Batasunean (Llengües i institucions a la Unió Europea). Documents de treball, 5. Mercator/CIEMEN, 2001.

20 Bost hizkuntzak frantsesa, alemana, ingelesa, italiera, eta espainiera izango ziren. Lamassoure Jaunak, Arazo Europarrentzako Ministro Frantziarrak, Batasuneko 11 hizkuntza ofizialak bost lan hizkuntzaz ordezkatzeari buruzko egindako adierazpena (1994ko abendua).

21 http://www.troc.es/ciemen/mercator/UE28-GB.htm: ikus Annex.

22 1982ko urriaren 14ko Europako Batasunaren hizkuntz aniztasunari buruzko Ebazpena. http://www.troc.es/ciemen/mercator/UE17-GB.HTM Ikus Annex.

23 Ikus Annex.

24 Adibidez, Christos Folias-ek (PPE-DE) Batzordeari egindako Idatz-galdera E-0446/00 (2000ko otsailak 24a) Gaia: Hizkuntza ofizialak eta Barruko Merkaturako Bateratzeko Bulegoa.

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQ&L=EN&PUBREF=-//EP//TEXT+WQ+E-2000-0446+0+DOC+SGML+V0//EN&LEVEL=3&NAV=S.

25 61999A0120

2001eko uztailak 12ko Lehen Auzialdiko Auzitegiaren (Laugarren Epaimahaia, osaketa hedatua) Epaia.

Christina Kik v Barruko Merkaturako Bateratzeko Bulegoa (Marka erregistratu eta diseinuak) (OHIM).

T-120/99 auzia. Auzitegi Europarraren txostena 2001, II-02235 orr.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=61999A0120&model=guichett

26 Oroigarria: Kontseilua, Batzordea, Europako Parlamentua, Justizia Auzitegia, Kontuen Auzitegia eta Arartekoa.

27 http://europa.eu.int/eur-lex/en/treaties/selected/livre203.html

28 1994ko uztailaren 18ko Kontseiluaren 2062/94 Xedapenak (EE), Laneko Higiene eta Segurtasunerako Agentzi Europarra sortzen duena. L 216 Aldizkari Ofiziala, 1994/08/20, 1-8 orr.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=31994R2062&model=guichett

29 Rosa Miguélez Ramos-ek (PSE) Batzordeari egindako idatzizko galdera E-0615/02 (2002ko otsailak 2a). Oraindik argitaratu gabea (2002ko maiatzak 2a). Gaia: Hizkuntza ofizialen tratamendu baztertzailea.

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQ&L=EN&PUBREF=-//EP//TEXT+WQ+E-2002-0615+0+DOC+SGML+V0//EN&LEVEL=3&NAV=S

30 Ref. E-0615/02FR. R. Prodiren erantzuna, oraindik argitaratu gabea (2002ko maiatzak 2a) 2002).

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQA&L=EN&PUBREF=-//EP//NONSGML+WQA+E-2002-0615-N+0+DOC+WORD+V0//FR&LEVEL=3&NAV=S&SAME_LEVEL=1

31L 149 EEAO, 2000/6/23, 21-35 orr.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=32000D0396&model=guichett

32 Dok. C(2000) 3614].L 308 EEAO, 2000.12.8, 26-34 ORR..

3314. edizioa, 199ko ekaina L 202 EEAO , 1999.8.2, 1 orr.

34 http://www.euro-ombudsman.eu.int/lbasis/en/provis.htm

35 2001eko ekainaren 1ean eguneratutako testua, 2001.2.1eko C 34 EEAOean argitaratua, 2001.4.27an L 119 EEAOean zuzenketa batekin argitaratua.

http://europa.eu.int/smartapi/cgi/sga_doc?smartapi!celexapi!prod!CELEXnumdoc&lg=EN&numdoc=31991Q0704(02)&model=guichett.

36 N. Nic Shuibhne, op. cit., 16. oharra.

37 Europako Parlamentuarentzako txostena, 2002 – inprimatzen – Europar Batasuna eta hizkuntza gutxiengotuak (The European Union and lesser-used languages).

38 C 219 E EEAO,2000/08/01 (128 orr.).

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQ&L=EN&PUBREF=-//EP//TEXT+WQ+E-1999-2239+0+DOC+SGML+V0//EN&LEVEL=3&NAV=S

39 Schreyer Andreak Batzordearen izenean emandako erantzuna (2000ko urtarrilak 19a).C219E EEAO,2000/08/01(129 orr.).

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQA&L=EN&PUBREF=-//EP//TEXT+WQA+E-1999-2239+0+DOC+SGML+V0//EN&LEVEL=4&NAV=S&SAME_LEVEL=1

40 Knox, Susan R.: Europar Batasuneko Hizkuntz ugaritasuna: Arazoak eta Proposamenak (Multiplicity of Languages in the European Union: Problems and Proposals). Harvard Law School. Academy of European Law online. Advanced Issues in Law and Policy. Jean Monnet seminar, 1998.

http://www.law.harvard.edu/Programs/JeanMonnet/seminar/dpapers/draft15.html

41 Bitarteko itzultzaileen partehartzea zaila bihurtzen da isilekotasuneko egoerengatik, akordio partikularren bat lortu aurretik hizkuntza guztietan bertsioak eskatuz erabili daitezken luzamenduko azpijokoak alde batera utziz.

42 P-3446/01 i P-3447/01. Oraindik argitaratu gabeko galderak (2002 maiatzak 2a)

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQ&L=EN&PUBREF=-//EP//TEXT+WQ+P-2001-3446+0+DOC+SGML+V0//EN&LEVEL=3&NAV=S

http://www2.europarl.eu.int/omk/OM-Europarl?PROG=WQ&L=EN&PUBREF=-//EP//TEXT+WQ+P-2001-3447+0+DOC+SGML+V0//EN&LEVEL=3&NAV=S

43 Ikus Susan R. Knox, op. cit.

44 %41 dakite ingelesez, %19 frantsesez, %10 alemanez eta %7 espainieraz, Eurobarometre 54 “Europarrak eta Hizkuntzak (2001eko otsaila) ikerketa bereziak dioenez. Nabarmenki, zabalkundearekin portzentaia hauek aldatuko lirateke.

http://europa.eu.int/comm/education/languages.html

45 Parlamentuaren kasuan, adibidez, interpretazioan zubi-hizkuntzen sistemaren hedapena edozein hizkuntza ofizialaren erabilera erraztu ahal izango luke, ulertze falta balego.

46 EE eratzeko Itunaren 21. artikuluan ezartzen denez.

47 Batasunaren legediaren argitalpena adibidez.

48 Europar Batasunean historikoki hitz egiten diren beste hizkuntzetan idatzitako dokumentuak onartzekoak beharko lirateke behintzat hiritarren eta Batasuneko instituzioen arteko harremanetan, beste administrazio mailetarako Eskualdeko eta Gutxiengo Hizkuntzen Europar Gutunaren 10. artikuluak ezartzen duen moduan. Harreman klase hauetan Irlanderaren erabilerarekin (segur aski urria eta ez garestia) izandako esperientziak zabaldu beharko luke bidea esku zabaleko irtenbide bat aurkitzeko beste hizkuntza europarrentzako.

49 http://db.consilium.eu.int/Newsroom/LoadDoc.cfm?MAX=1&DOC=!!!&BID=76&DID=64245&GRP= 3018&LANG=1:

Presidentziaren Ondorioak. Europako Kontseiluaren Nizako Bilkura, 2000ko abenduak 7, 8 eta 9a: “2. Europako Kontseiluak pozaz hartzen du Kontseiluak, Europako Parlamentuak eta Batzordeak egindako Oinarrizko Eskubideen Gutunaren aldarrikatze bateratua, orain arte nazioarteko, europar edo nazio-iturrietan ezarrita zeuden eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, eta sozialak testu bakanean konbinatuz. Gutunaren Testua:

http://europa.eu.int/comm/justice_home/unit/charte/pdf/texte_en.pdf

50 http://europa.eu.int/comm/justice_home/unit/charte/en/charter-equality.html

51 N. Nic Shuibhne-k (op. cit.) aipatzen ditu: dokumentuaren izenburua Kontseiluaren Operatze Zabaldutako Batasun baten Aurrean (Operation of the Council with an Enlarged Union in Prospect). Europar Batasuneko Kontseilua, SN 2139/99. Brusela, 199ko Martxoak 10a. 12. Kapitulua bereziki aproposa da (Idazkaritza Orokorra), 13. Kapitulua bezala (Esparru Praktikoa).

52 Adibidetzat, ikus gorago aipatutako Susan R. Knox-en artikulua.

53 Ikusi, adibidez, Batzordeak Lingua egitasmoari buruz ematen duen informazioa: http://europa.eu.int/comm/education/languages/actions/lingua2.html:

Egitasmo guztian, erkidegoko gutxien erabili eta irakasten (“LWULT hizkuntzak) diren hizkuntza ofizialei buruzko trebetasun garapenari arreta berezia ematen zaio.
BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Isidor Marí; Miquel Strubell
Urtea: 
2002