Kontzeptu nagusiak Europako estatuetako hizkuntz eskubideak aitortzeko

Arraza, jatorria, generoa, erlijioa eta hizkuntza, besteak beste, kontuan hartzen zituen edozein ekintza publiko edo politiko estatal legearen aurreko berdintasun printzipioaren aurkakotzat jotzen zen

Lurraldetasun printzipioaren arabera, hizkuntz erregulazioa lurraldeka ezartzen da; beraz, lurralde bateko biztanle guztiek tratamendu bera jasotzen dute. Aipatutako lurraldea estatu osoa izan daiteke edo haren zati bat baino ez

Bestalde, berdintasun printzipioaren ikuspegi berri horren ondorioz, estatu berean hainbat hizkuntz erregulazio egon daitezke batere arazorik gabe; adibidez, lurraldetasun printzipioan oinarritutako eredua

Hizkuntza ofizialak edo aitortutako hizkuntzak ikasteko eskubideak zenbait ondorio dakar: alde batetik, hizkuntzak irakatsi behar dituzten irakasleak gai izatea eta, bestetik, ikasleek ikasteko betebeharra izatea. Dagokion ziurtagiriaren edo dagokion mailaren tituluaren bidez egiaztatu beharko da betebehar hori bete egin dela

administrazioak haren hizkuntzan aintzat hartu behar du administratua, administrazioak ezin du argudiatu ez dakiela administratuaren hizkuntza, eta ezin dio eskatu hiritarrari beste hizkuntza batean hitz egin dezala edo komunikatu nahi duenaren itzulpena ekar dezala. Hori guztia hizkuntzagatiko diskriminaziorik gertatu gabe

nabaria da egungo estatu interbentzionistan ez dela koherentea botere publikoek merkatua zenbait gaitan arautzeko duten eskuduntza onartzea eta, aldi berean, haien abstentzioa eskatzea hizkuntz alderdiei dagokienez

estatu eleanitzek, hau aldarrikatzen dute: lehenik, lurralde osoan eta estatuko administrazio guztietarako hizkuntza ofizial bat baino gehiago izatea; bigarrenik, estatuko hizkuntzen eta hizkuntz komunitateen berdintasun formala, juridikoa, soziala eta politikoa; hirugarrenik, hiritarren hizkuntz eskubideak –bai eta eskubide horiek eraginkor bihurtzeko mekanismo legegileak, administratiboak eta judizialak ere– eta gizabanakoen arteko harreman publikoetan hizkuntzen erabilera erregimena arautzea; eta azkenik, hizkuntza ofizialak ikasteko eta hizkuntza ofizialetan ikasteko sistema

Hizkuntza horiek ondare gisa eta kultur ondasun gisa babesteak beste dimentsio bat ematen dio hizkuntz eskubideen babesari. Hala ere, dimentsio hori ez da hain eraginkorra eta berak ematen duen bermea gizabanakoaren eskubide gisa hartzeak ematen duen bermea baino txikiagoa da

1. SARRERA

Azalpen honen helburua hizkuntz eskubideen babesaren gaiari heltzean sortzen diren kontzeptu eta gai nagusiak labur aurkeztea da, batez ere Europa arloko esperientzia konstituzional eta legegileetatik abiatuta.

Europako erreferentzia esparru hori eleanitza da batik bat. Eleaniztasun hori munduko estatu guztiek dute ezaugarri: gutxi gorabeherako datuen arabera, estatuen %90 eleanitzak dira, eta %75ek hizkuntz klausulak dituzte euren konstituzioetan[1]. Europako estatuei dagokienez, bereziki Europar Batasuneko estatu kideei dagokienez, gehienak estatu eleaniztunak dira, gutxi batzuk izan ezik (Portugal, Islandia eta sortu berri diren estatu nazionalak, hala nola, Kroazia...); alegia, estatu horietako lurraldean hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen da. Hala ere, gizabanakoen eta hizkuntz gutxiengoen hizkuntz erregimenarekin lotutako printzipioak eta eskubideak aitortzeari eta arautzeari dagokienez, aniztasun handia dago, aipatutako estatu horietan dagoen aniztasun historikoaren, soziologikoaren eta politikoaren ondorioz.

Erregimen juridiko-linguistikoei erreparatu baino lehen, komeni da gaur egungo hizkuntz egoera eragin duen integrazio prozesu estatala gogoratzea, prozesu horren helburu politikoak nabarmendu asmoz. Halaber, agerian jarriko da ikuspegi bikoitza jada estatu nazionalaren jatorritik hartu behar dela. Ikuspegi bikoitz horrek gizabanakoen zein komunitateen hizkuntz eskubideak aitortu behar ditu. Beraz, eskubideek lurraldearekin, askotan estatuarekin, edo haren zati batekin duten lotura aztertu egin behar da.

Oso laburki, eta ikuspegi historiko batetik, nazio-estatuaren eraikuntza liberalismoaren postulatuetan oinarritzen da. Liberalismoak Erregimen Zaharraren gizarte antolamenduaren aniztasunari (estamentutan banatutakoari) aurka egiten dio, bai eta banaketa horretatik sortzen diren pribilegioei eta desberdintasunei ere. Bada, liberalismoa hiritar kontzeptu jakin batetik abiatzen da, hiritarra oinarrizko gunea eta unitatea izanik, eta ez da nazio-estatuaren azpiko mailako taldeez fidatzen; izan ere, nazio-estatua legezko erakunde bakarra da. Gainera, liberalismoaren hiritar kontzeptua abstraktua da, eta balizko eskubide unibertsalak aitortzen zaizkio; beraz, eskubideak berdinak dira hiritar guztientzat, euren ezaugarri pertsonalak edozein direla ere eta edozein talde sozial edo kulturaletan daudela ere. Alde horretatik, bada, liberalismoa gizabanako abstraktuaren ideian oinarritzen da, eta, beraz, gizarte uniformearen ideian.

Horrelaxe eratzen dira estatuak entitate homogeneo gisa, haien lurraldeetako barruko aniztasuna, aniztasun etnikoa, kulturala eta linguistikoa edozein direla ere. Alabaina, praktikotasunaren ikuspuntutik, komunitateetako bat –oro har, gehiengoarena, hots, estatala– aitortzen dela esan nahi du horrek, eta komunitate horrek besteak bereganatzen dituela. Azken batean, integrazioaren helburua beste taldeen akulturazioa lortzea eta talde horiek gehiengoaren taldean sartzea da.

Susmatu denez, biztanleria bateratzeko erabilitako tresna juridikoa berdintasun formalaren kontzeptua izan da. Hortaz, berdin tratatu izan dira errealitate sozial eta kultural desberdinak. Arraza, jatorria, generoa, erlijioa eta hizkuntza, besteak beste, kontuan hartzen zituen edozein ekintza publiko edo politiko estatal legearen aurreko berdintasun printzipioaren aurkakotzat jotzen zen. Lege horrek, hain zuzen ere, legearen jasotzaileak direnen egoera juridikoaren izaera aldarrikatzen du.

Dena den, berdintasun materialaren ikuspegiak planteamendu hori gainditu du. Ikuspegi horren arabera, berdintasun materiala botere publikoek lortu beharreko helburua da, eta ez aurresuposizioa. Berdintasun printzipioaren hedadura material berri horrek ez du inposatzen arauen hartzaile guztiek eskubide eta betebehar berdinak izan behar dituztenik, baizik eta egoera desberdinetan egoera juridiko desberdinak behar direla. Hots, ez du uniformitatea exijitzen; ordea, bidegabeak eta diskriminatzaileak diren trataera desberdintasunak debekatzen ditu, ez baitaude justifikatuta. Berdintasun printzipioaren eraldaketarekin batera, nolabaiteko aniztasun soziala aitortzen ari da, bai eta estatuen barruan gutxiengoak daudela onartzen ere. Aitorpen horren ondorioz, aniztasunaren printzipioa sortuko da uniformitatearen aurka. Ikuspegi horretatik, bereizketa elementuak ezaugarri sozialetan, etnikoetan, kulturaletan, ekonomikoetan edo, abiapuntu dugun honetan, linguistikoetan oinarritzen dira.

Bestalde, nazioarte mailan ere gertatzen dira homogenizazioa lortzeko presioak, ekonomiaren edo komunikazioen globalizazioak eta zibilizazio jakin bateko presio demografikoak edo nagusitasun kulturalak egiten dituztenak. Presio horiek beste arrisku bat dira aniztasunerako. Zorionez, internazionalizazio prozesu horretan, aniztasunaren aldeko indarrek ere hartzen dute parte; adibidez, aniztasuna aitortzeko eta babesteko nazioarteko hitzarmenek[2].

2. ESTATU ELEANIZTASUNA

Estatuetako barne legedian, hizkuntz eskubideak edo eskubideen katalogoak arau konstituzionaletan daude maiz, edo hizkuntz aniztasuna aldarrikatzen duten printzipio orokorren ondorioak izaten dira. Azken hauetatik hasiko gara; alegia, hizkuntz aniztasuna estatu mailan aitortzeko moduetatik, hizkuntz eskubide jakinen iturria eta, batzuetan, haien euskarri positibo bakarra baitira.

2.1. Hastapen nagusiak

Hizkuntz aniztasuna aitortzeko, hizkuntzen estatutu juridikoa ezarri behar da. Oro har, estatutu horrek lurraldean erabiltzen diren hizkuntzetatik hizkuntza ofizialaren maila zeinek izango duten adieraztea dakar; hizkuntza bat ez denean estatu mailakoa, hizkuntz gutxiengoez (lurraldeko zati batean ofizialak izan daitezkeenak) edo hizkuntza gutxituez (babesteko eta sustatzeko neurriak dituztenak) hitz egin behar dugu.

2.1.1. Hizkuntzen estatutuak

Behin betiko definiziorik ez badago ere, hizkuntza bat ofiziala da botere publikoek euren borondatea adierazteko baliabide egokitzat hartzen badute. Beraz, komunikaziorako hizkuntza arrunta da, bai botere publikoen barruan bertan bai haien harremanetan subjektu pasiboekiko, eta baliotasun zein ondorio juridiko guztiak ditu[3].

Are zehatzago, hizkuntza baten ofizialtasunaren adierazpenetik honako hauek ondorioztatu beharko lirateke[4]:

1. Ofizialtasunaren definizio bakarra, ofizialtasunaren balio juridikoa berdin-berdina izateko. Horren arabera, hizkuntza ofizial bat baino gehiago dauden estatuetan, ezin da besteak baino ofizialagoa den hizkuntzarik izan; hau da, hizkuntza bat ezin zaio besteari nagusitu.
2. Hizkuntza ofizialak harremanerako eta komunikaziorako baliabide arrunta izan behar du, botereei eta administrazio publikoei dagokienez zein hiritarrei dagokienez.
3. Izaera publikoko edo pribatuko ekintzen eta negozioen (lurralde mailan edo dagokien sektorean egindakoen) baliotasuna eta eraginkortasuna; beraz, administrazioaren antolamendu edo egitura zentralizatua eta lurraldekoa dela eta, ez dago hizkuntzaren erabilera murrizterik.
4. Hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea; hortaz, komunikazioaren hartzaileak ezin du komunikazioaren subjektu aktiboa behartu beste hizkuntza ofizial bat erabiltzera edo esandakoaren itzulpena egitera.
5. Aurreko puntutik hizkuntza ofiziala ezagutzeko betebeharra eta presuntzioa ondorioztatzen da, ezin baita eraginkortasun juridikoz argudiatu hizkuntza ez jakitea (defentsa gabeziaren kasuetan izan ezik), nahiz eta hiritarrak hizkuntza ofiziala ahoz zein idatziz komunikatzeko adina ezagutzak ez izan. Edonola ere, hizkuntza ez jakitea egiaztatu egin behar da.
6. Amaitzeko, azkeneko eta funtsezko ondorioa honakoa da: hizkuntza ofiziala hezkuntza sistema publikoan derrigorrezko ikasgai gisa ezartzea. Hori ezean, ezin da ulertu aurreko atalean aipatutako hizkuntza ofiziala jakiteko exijentzia.

Elementu horiek bereziki garrantzitsuak dira hizkuntza ofizial bat baino gehiago ezartzen direnean[5]. Hala izatekotan, partikularrek edozein hizkuntza ofizial erabiltzeak erabateko baliotasun juridikoa du edozein botere publikorekin dituzten harremanetan[6]. Hizkuntza baten baino gehiagoren izaera ofizialetik honakoa ondoriozta daiteke: hiritarrek hizkuntza bat ala bestea berdin erabiltzeko eskubidea dute jarduera publiko zein pribatu guztietan, inolako diskriminaziorik gabe. Azken batean, benetako subjektua hiritarra da, hautatzeko aukera baitu[7].

Hala ere, hizkuntza ofizial bat baino gehiago daudenean, erabilera ofizialak modulatzen du errealitatean ofizialtasun printzipioaren aldarrikapena; izan ere, erabilerak gizarte baldintzekin bat etorrarazten du ofizialtasun printzipioa. Hala, erabilera ofiziala sektoreka ezar daiteke (administrazio publikoarekiko harremanetan –bai eta administrazioaren barrukoetan ere–, justizia administrazioan, edo erakunde parlamentarioetan, hezkuntzan edo hedabideetan, besteak beste), edo lurraldeka, eremu geografikoak ezartzen direnean –horietan hizkuntza jakin batzuk ofizialak izanda–. Era berean, aldi baterako erabilera ofiziala modula daiteke, hizkuntza mailaka ezartzeko neurriak hartu behar badira.

Doktrinak bi eredu edo mota teorikoren inguruan ordenatzen ditu ofizialtasun printzipioen adierazpen guztiak; kontuan hartu behar da, alabaina, ez direla inoiz ere modu puruan ematen errealitatean. Lurraldetasun eta nortasun printzipioak dira.

  • · Lurraldetasun printzipioaren arabera, hizkuntz erregulazioa lurraldeka ezartzen da; beraz, lurralde bateko biztanle guztiek tratamendu bera jasotzen dute. Aipatutako lurraldea estatu osoa izan daiteke edo haren zati bat baino ez. Edonola ere, lurraldea hizkuntz eremutan banatzeak eta hizkuntza baten edo bestearen erabilera zehazten duten mugak ezartzeak hiritarren hizkuntz askatasuna mugatzen dute; hiritarrek dauden lurraldeko hizkuntza ofiziala erabili beharko dute, euren ekintzek eraginkortasun eta baliotasun publikoak eta ofizialak izan ditzaten.
  • · Ordea, nortasun printzipioaren arabera, hiritarrek estatuko lurralde osoan dituzte hizkuntzaren ofizialtasunetik datozen hizkuntz eskubideak, lurralde mugarik gabe, aurretik zehaztutako ondorio juridikoekin. Izan ere, hizkuntz arauak pertsona erasanen ezaugarrien arabera ezartzen dira. Ezaugarriak honakoak dira, besteak beste: ama hizkuntza, aurreko hezkuntza mailetako hizkuntza, gurasoen heziketa maila eta hizkuntz lehentasuna. Hau da, aukeratzeko eskubidea aitortzen da.

Banaketa horretatik zenbait ondorio juridiko ateratzen dira, hizkuntz eskubideei dagokienez. Dagokion atalean ikusiko dugu.

Boterearen lurralde antolaketari erreparatuta, kontuan hartu behar da maiz hizkuntz aniztasunak berariazko egitura estatal deszentralizatuarekin bat egiten duela, eta, beraz, lurralde mugapenak hizkuntz aniztasunaren araberakoak direla. Horrek ahalbidetu beharko luke hizkuntz estatutuari buruzko erabakiak hiritarrengandik hurbilen dauden agintariek hartu ahal izatea, eta irizpide demokratikoagoen arabera, gainera. Dena den, litekeena da lurralde mugak hizkuntz mugekin bat ez etortzea, edo lurralde mugek hizkuntz mugak kontuan ez hartzea. Kasu horretan, estatu zentralari dagokio hizkuntz erabilerak arautzeko ardura. Honako kasua ere ematen da: arautze estatalak jarraitzen duen eredua bat izatea eta erakunde azpizentralarenak jarraitzen duena, berriz, beste bat izatea[8].

Estatu deszentralizatu bateko hizkuntz eskubideei dagokienez, baldintza gehigarri bat dago, hizkuntz gaiak arautzeko eskuduntzaren esleipenak sortzen duena. Antolamendu orokorra egin daiteke bi aukeraren inguruan. Lehenengoari dagokionez, hizkuntz eskuduntza funtsezkoa eta zeharkakoa da eta hizkuntzari dagozkion gai guztiei ezarriko litzaieke, sektore materiala edozein dela ere; era berean, eskuduntza hori titularrarena da. Ordea, bigarren aukerari dagokionez, hizkuntza arautzeko funtzioa gaiari dagokion eskuduntza da eta, hortaz, hizkuntza arautzeko eskuduna izango den lurralde boterearen instantzia gai nagusiaren arabera ezarri behar da. Edonola ere, antolamendu juridikoak honakoa zehaztu behar du: zein eskuduntza mota den eta zein lurralde instantziari dagokion.

Ofizialtasunaren ondoan, eta hizkuntza ofizial bat baino gehiago ezartzeko aukerarekin bat etorrita, eleaniztasunak jasotzen duen erabaki aniztasuna azaltzeko erabilitako beste kontzeptu batzuk aurki ditzakegu; hala nola, hizkuntz modalitatearena, lurralde bateko berezko hizkuntzarena, eta hizkuntza gutxituarena. Hizkuntz modalitateak, ikuspegi juridiko batetik, ofizialtasunarena baino txikiagoa den garantia estatutua ezartzen du; oro har, errespetu eta berme jarrera eskatzen da. Modalitatea ez da predikatzen hizkuntza jakin batetik, baizik eta hizkuntza horrek lurralde jakin batean duen egoera juridikotik. Beraz, hizkuntza bat ofiziala izan daiteke estatu batean eta, beste batean, ordea, hizkuntz modalitateko erregimena izan dezake.

Berezko hizkuntza edo hizkuntza nazionalaren ideia, berriz, jatorrizko, tradiziozko eta herrialdean sustraitutako hizkuntzari dagokio[9]. Hizkuntza horrek, berez, herri gisa nabarmentzen du komunitatea; hortaz, konnotazio kolektibo garbia du. Halaber, hizkuntza bateko berezko izaerak duen konnotazioak baztertze sentimendua aitortzea dakar, komunitate horri atxikita ez dauden beste faktoreei dagokielarik. Komunitate horrena ez den hizkuntza kontrajartzen da, eta, beraz, berezko hizkuntzak lehentasunezko erabilerako eta, zenbait kasutan, erabilera esklusiboko hizkuntza izan behar du, hiritarren hizkuntz eskubideei kalte egin gabe[10]. Horrela, normalizazioan zehaztu daitekeen sustapen agindua ondorioztatzen da; segituan ukituko dugu gai hori.

Hizkuntza gutxituak estatu bateko biztanle talde gutxituek hitz egiten dituztenak dira. Gainera, hizkuntza gutxitu horiek hizkuntza ofizialaren edo ofizialen desberdinak dira. Alderdi hori azpimarratzen du, hain zuzen ere, Eskualde Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak. Nabarmendu behar da Gutun hori ez dela hizkuntz gutxiengoen arazoei buruz aritzen, baizik eta hizkuntza gutxituei buruz. Horrek esan nahi du Gutunak hizkuntzak dituela helburu, Europako kultur aberastasunaren zati diren neurrian. Hala ere, ez du sortzen gizabanakoaren eskubiderik, ezta kolektiborik ere. Gainera, haren eraginkortasuna barne legerian hartzen diren neurrien araberakoa izango da[11].

2.1.2. Berdintasun printzipioa

Hizkuntz eskubideak arautzearekin batera doan beste irizpide orokor bat berdintasun printzipioa da. Printzipio hori gizabanakoaren eskubide gisa eta eskubide kolektibo gisa ere azaltzen da. Arestian aipatu denez, berdintasun printzipioak eraldaketa handia izan du, uniformitatearen alde egiten zuen berdintasun formaletik (lehenengo liberalismoari dagokiona) desberdintasun sozialak, politikoak, ekonomikoak, kulturalak edo ekintzakoak kontuan hartzen dituen berdintasunera pasatu baita. Eraldaketa horren eraginez, desabantaila egoeran dauden hiritarren eta taldeen aldeko diskriminazio positiboa onartu egin da, betiere proposatutako neurrien eta eraldatu nahi den egoeraren arteko proportzionaltasuna errespetatzen bada.

Hizkuntz gutxiengoei zuzendutako politika estatalak justifika daitezke, ez badugu onartzen gizartearen erakunde komunak neutralak direla; ikusi dugunez, hauxe gertatzen da: neutral itxura dute, gehiengoaren erakundeak baitira; beraz, unibertsaltasun kamuflajea dute. Eskema horretan, gehiengoaren hizkuntzak dohainik lortzen du babesa. Horregatik, hizkuntza gutxituen aldeko diskriminazio positiboko politikak egin edo haiek diruz lagundu behar dira. Ildo horren barruan daude hizkuntz normalkuntzaren politikak. Normalkuntza bi hizkuntzen artean sortu den desberdintasun egoera gainditzeko hartutako neurri multzoa da. Normalkuntza prozesu horren helburua diskriminazio historikoari edo hizkuntza baten erabilera sozialean azaltzen diren gabezia demolinguistikoei aurre egitea da, eta, beraz, prozesu horrek hiritarren berdintasuna sustatzen du, haien hizkuntz eskubideei eta betebeharrei dagokienez.

Bestalde, berdintasun printzipioaren ikuspegi berri horren ondorioz, estatu berean hainbat hizkuntz erregulazio egon daitezke batere arazorik gabe; adibidez, lurraldetasun printzipioan oinarritutako eredua eta nortasun printzipioan oinarritutako eredua. Italian, nortasun printzipioa nagusitzen da Aostako haranean, eta lurraldetasun printzipioa, berriz, Tiroleko hegoaldean; Espainian, bereizteko eta batzeko hizkuntz eskola ereduak daude; Belgikako egoera ere antzekoa da. Baina desberdintasun horiek ez dute hiritarren arteko diskriminaziorik sortzen; egoera demolinguistiko jakin batekin bat baitatoz.

2.1.3. Ordezkari diren erakundeen eleaniztasuna

Oro har, konstituzioek hizkuntz klausulak dituzte, estatua ordezkatzen duten erakundeetan, alegia, ganbera legegileetan, erabili beharreko hizkuntzei buruzkoak. Izan ere, erakunde horiek ofizialtasunarena baino zabalagoa den irizpideari jarraitu ohi diote. Lehenik, erakunde adierazgarrienei legitimotasun handiagoa ematen zaie. Bigarrenik, segurtasun juridikoaren printzipioa zaintzen da; izan ere, arauen itzulpen ez-ofizialek kalte egin diezaiokete printzipio hari: itzulpen desberdinak batera daudenean, beharrezkoa izango da benetako bertsioa edo bertsioak ezartzea eta haiek indarrean sartzeko momentua zehaztea, argitalpen dataren arabera. Azkenik, eleaniztasuna berdintasun printzipioarekin ere bat dator, baita hizkuntzagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioarekin ere, hiritarren artean edo hizkuntz komunitateen artean, estatuak direla edo erakunde azpiestatalak direla.

Parlamentuko eztabaidei dagokienez, aipatzen ari garen printzipio horretatik hizkuntza kopuru ahalik eta handiena onartzeko irizpide orokorra ondorioztatzen da. Horrek itzulpengintza eta aldi bereko interpretazio zerbitzuak sortzea dakar berekin. Adibidez, Finlandian, suomieratik (finlandieratik) suedierarako itzulpengintza zerbitzua aurreikusten da behar dutenentzat, suediera gutxiengoaren hizkuntza baita. Horrela, inor baztertzea edo diskriminatzea saihesten da, hiritarren ordezkari legitimoekiko. Bigarrenik, botere zentralek hiritarren eskariak haien hizkuntzan onartzen dituzte, batez ere estatuko hizkuntza ofizialaren desberdina denean. Espainian, horrela gertatzen da; esaterako, Senatuan, lurralde ordezkaritzaren ganbera delakoan. Ez da hain ohikoa hizkuntz ordezkaritzaren kuotak aurreikustea parlamentuetan, gobernuetan eta auzitegi gorenetan edo konstituzionaletan. Suitzako eta Belgikako parlamentuen goiko ganberetan, berriz, suposizio hori bete egiten da.

Eleaniztasun printzipio zabal horrekin amaitzeko, Europar Batasunean gertatzen den egoera azpimarratu behar da. Egoera hori, hain zuzen, Europar Batasuneko organoen eleaniztasun integraletik sortzen da. Eleaniztasun integral horretatik, Batasuneko hiritar orok erakundeekin komunikatzeko erabili nahi duen hizkuntza aukeratzeko eskubidea duela ondorioztatzen da. Gainera, ororen eskueran egon behar duten ekintza juridikoak hizkuntza ofizial guztietan argitaratu behar dira[12].

2.2. Hizkuntz eskubideak onartzea

Hizkuntz eskubideak gizabanakoei eta taldeei onartzen zaizkie; azken hori ezinbestekoa da hizkuntza pertsona bat baino gehiago izatea behar duen komunikazio tresna delako eta, gainera, agerian jarri denez, talde baten berezitasunaren adierazgarria delako. Hala ere, hizkuntz eskubide subjektiboak oso dokumentu konstituzional gutxitan ezartzen dira, zuzenean eta eduki jakinekin. Izan ere, dokumentu horiek, alde batetik, aipatutako hizkuntzaren ofizialtasun printzipioekin edo hizkuntzagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioarekin lotzen dira normalean, eta, bestetik, oinarrizko eskubideen katalogoan dauden eskubide batzuekin. Azpimarratu behar da eskubide horiek, salbuespen gutxi batzuk alde batera utzita, gizabanakoarenak izaten direla tradizio liberalaren arabera[13].

Hizkuntzaren ofizialtasun irizpideari (aurreago aipatua) dagokionez, hizkuntza hitz egiteko eta ezagutzeko eskubidea ondorioztatzen da. Horrek hizkuntza ikastea du ondorio. Era berean, norberak aukeratutako hizkuntzan aintzat hartua izateko eskubidea administrazio publikoen pertsonalaren hizkuntz gaitasunari lotzen zaio. Orain, lehenago aipatutako printzipio orokorrak modu ohizkoenean adierazten dituzten eskubideetako batzuk aztertuko ditugu.

2.2.1. Hizkuntz aukeraren eskubidea

Hizkuntza aukeratzeko eskubidea, eremu publiko eta pribatu guztietan norberaren hizkuntza edo ama hizkuntza erabiltzeko eta hautatzeko eskubide gisa ulertuta, onarpen autonomo zailekoa da. Beraz, beste eskubide batzuen edukiaz baliatuz justifikatu behar da. Ildo horretan, norberaren hizkuntza erabiltzeko eskubidea hizkuntzak giza nortasunaren garapen librean duen funtsezko zereginean oinarritzen dela aitortzen da; adierazpen askatasuneko eskubidearekin ere erlaziona daiteke, bai eta eskubide kolektibo baten edo hizkuntz gutxiengo baten zehazpen indibidual gisa ere. Baina ofizialtasun printzipioari ematen zaion onarpenak eskubidearen ikuspegi hori mugatu egiten du, nortasun eta lurraldetasun irizpideen arabera. Nortasun printzipioak gizabanakoaren eskubideak ezartzea dakar; eskubide horiek pertsonei dagozkie, lurraldea edozein dela ere. Aitzitik, lurraldetasun printzipioak eskubide kolektiboak gailentzen ditu, lurraldeetako hizkuntz komunitateak babesten baititu.

Lurralde sistemetan, horrek honakoa esan nahi du: beste hizkuntz eremuetatik etorri berriak eta etorkinak lurralde berrira moldatzea eta lurraldeko hizkuntza aintzat hartzea. Hala ere, nortasun printzipioak zuzendutako ereduetan, lurralde batetik beste batera joateak ez die hiritarrei eragiten; beraz, horrela, zirkulazio askatasuna ahalbidetzen da, baina, aldi berean, komunitate hartzaileko hizkuntz egonkortasuna arriskuan jartzen da. Nortasunean oinarritutako sistemetan ere ez dago erabateko aukera askatasunik. Aldiz, talde jakin batzuei –baldintza jakinen menpean daudenak, bai kopuruaren arabera, bai sektorearen arabera– eskubideak murrizten zaizkie. Bestela, egoera egokia lortzea oso garestia izango litzateke, eta, agian, Estatuak ezin izango luke hori dena ordaindu[14].

2.2.2. Irakaskuntza eskubidea

Hizkuntza ofizialak edo aitortutako hizkuntzak ikasteko eskubideak zenbait ondorio dakar: alde batetik, hizkuntzak irakatsi behar dituzten irakasleak gai izatea eta, bestetik, ikasleek ikasteko betebeharra izatea. Dagokion ziurtagiriaren edo dagokion mailaren tituluaren bidez egiaztatu beharko da betebehar hori bete egin dela. Gainera, irakaskuntza bi motatakoa izan daiteke: alde batetik, hizkuntza ikas daiteke, alegia, irakaskuntzaren helburua hizkuntza da –irakaskuntza mota hori, oro har, babes berezia duten hizkuntzekin lotzen da– eta, bestetik, hizkuntza horretan ikas daiteke, hots, hizkuntza garraiobidea da –hori, berriz, hizkuntza ofizialekin lotzen da oro har–. Hizkuntza talde etniko jakin bateko kultur alderdietako bat denez, irakaskuntza eskubidearekin batera kultura aipatzea beharrezkoa izan daiteke; hain zuzen ere, ikasten den hizkuntza kultura horren garraiobidea da.

Hizkuntza ofizial bat baino gehiago daudenean –eta, beraz, irakasteko hizkuntza bat baino gehiago–, eskubide horrek hainbat aukera ditu errealitatean, bi hizkuntz sistema edo ereduren inguruan antola daitezkeenak: hizkuntzaren arabera ikastetxeak edo ikasgelak banatzeko sistema (Euskadi), eta erabateko elebitasun edo hizkuntz elkarketaren sistema (Katalunia). Lehenengo sistemak begirune handiagoa izaten dio gizabanakoaren askatasunari; izan ere, gizabanakoak irakaskuntzaren hizkuntza garraiobidea aukeratzeko askatasuna errespetatzen da. Baina normalean zenbait muga ditu; hala nola, lurraldetasun printzipioa, ikasle kopuru jakin bat izatea, etab. Gainera, komeni da ikastetxe batera ala beste batera joatea guztiz hautazkoa izatea, diskriminaziorik ez izateko[15]. Bestalde, irakaskuntza elebidunaren sistemak, irakaskuntza bi hizkuntza ofizialetan hartzean oinarritutakoak, ez ditu ikasleak diskriminatzen hizkuntza dela eta, baina hizkuntz aukeraren eskubidearen erabilera mugatzen du; izan ere, ikasleek ezin diote hizkuntz ofizialetako bat ikasteari utzi.

Sistema malgutzeko, ikasleek irakaskuntza ulertzeko moduko hizkuntzan hartzeko eskubidea bermatzen da, batez ere beheko mailetan. Neurri zuzentzaileak eta laguntza pedagogikoa ere bermatzen dira. Baliabide horien bidez, beste komunitate batzuetako ikasleak errazago sartzen dira komunitate berrian eta hezkuntza prozesuan. Era berean, hiritar ororen zirkulazio askatasunaren eta eskubide berdintasunaren printzipioak bete egiten dira[16].

2.2.3. Norberak aukeratzen duen hizkuntzan aintzat hartua izateko eskubidea

Eskubide hori hiritar orok botere publikoekiko duen hizkuntz aukeraren eskubidearen ondorio da. Arestian aipatu den moduan, horrek ondorengoa eskatzen du: administrazioak haren hizkuntzan aintzat hartu behar du administratua, administrazioak ezin du argudiatu ez dakiela administratuaren hizkuntza, eta ezin dio eskatu hiritarrari beste hizkuntza batean hitz egin dezala edo komunikatu nahi duenaren itzulpena ekar dezala. Hori guztia hizkuntzagatiko diskriminaziorik gertatu gabe. Hiritarren eskubide hori bermatzeko, funtzionario linea bikoitza ezar daiteke haien hizkuntzaren arabera; halaber, administrazioaren hizkuntz gaitasuna susta daiteke, hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzen duten funtzionario plazetarako puntu gehiago emanez. Gutxienez, gaitasun hori jendaurreko funtzionario plazetan eska daiteke.

Eskubide horren edukiari dagokionez, inoiz saiatu izan da eskubide horren alderdi aktiboa eta alderdi pasiboa bereizten. Alderdi pasiboaren arabera, botere publikoek hiritarraren komunikazioa jasotzeko eta komunikazioari bide emateko betebeharra dute, bai eta hari erantzuteko ere. Baina botere publikoek ez dute derrigorrean erantzun behar hiritarrak aukeratutako hizkuntzan. Aitzitik, azken alderdi hori, alegia, administrazioak administratuak erabilitako hizkuntzan berean erantzutekoa, alderdi aktiboaren barruan dago. Dirudienez, eskubidearen eduki logikoaren arabera, eskubidearen bi alderdiak hartzen dira kontuan; izan ere, hiritarrak hautatzeko aukera du, eta herri administrazioek, berriz, erantzun egin behar diote. Hala ere, zenbaitetan –adibidez, hizkuntza bat ezartzeko eta normalizatzeko prozesua hasierako fasean dagoenean–, eskubidearen alderdi pasiboa onartu da. Desberdintasun egoera hori botere publikoen eta administratuen artean harremana ematen ez denean ere gerta daiteke. Harreman hori beste arlo batzuetan eman daiteke, ordea; adibidez, arlo sozio-ekonomikoetan, enpresetan, izaera publikorik gabeko erakundeetan...[17]

2.2.4. Eskubideak arlo judizialean

Arlo horretan, atxilotuek atxiloketaren arrazoiez azkar, xehetasunez eta ulertzen duten hizkuntza batean informatuak izateko eskubidea dutela onartuta dago[18]. Ondorioz, interprete baten zerbitzuak eman behar zaizkio atxilotuari, dohainik, baldin eta ez badu ezagutzen auzitegian erabiltzen den hizkuntza. Eskubide hori atzerritarrentzat eta beste hizkuntz komunitateetako hiritarrentzat da, horrela erabakitzen badu estatuak. Aitzitik, zentzu zorrotzean, hizkuntz erregimena nortasun printzipioan oinarrituko balitz, ezin izango litzateke eskubide horretara jo. Halaber, eskubide horrek defentsa eskubidean eragin dezake; alegia, hiritar batek hizkuntza ez dakiela egiaztatzeak defentsa gabezia ekar dezake. Gainera, babes judizial eraginkorrean, luzapen bidegaberik gabeko prozesu judiziala izateko eskubidea ere onartuta dago eta, beraz, behin-behineko itzulpenek ez dute justifikatzen jardueretako atzerapenik.

2.2.5. Bestelako eskubideak

Eskubide zerrendarekin amaitzeko, eta asmo sakonik izan gabe, komunitateek duten autoidentifikazio eskubidea ere aipatuko dugu. Eskubide horren arabera, hizkuntz komunitateak bere lurraldeko izendapen toponimikoak ezarriko ditu, gehiengoaren komunitatearen izendapenen aurrean. Gizarte teknikoki aurreratuetan, informazioa berezko hizkuntzan jasotzeko eskubidea defenda daiteke –horrek esan nahi du komunitate bakoitzak bere komunikazio taldeak izango dituela–, bai eta hain ahulak ez diren hizkuntzen aldeko erabilera linguistiko batzuk ere. Horrek honakoa ekar dezake botere publikoen eskutik: askotariko informazio hori sustatzeko politikak eta dirulaguntzak.

Hizkuntz eskubideei dagokienez, badira kontuan hartzeko bi alderdi. Lehenengo eta behin, aipatutako eskubide guztiek botere publikoak ukitu dituzte, erakunde pribatuetan (hain zuen ere, jarduera sozio-ekonomiko pribatuan) gertatzen denari buruz iritzirik eman gabe. Halaber, nabaria da egungo estatu interbentzionistan ez dela koherentea botere publikoek merkatua zenbait gaitan arautzeko duten eskuduntza onartzea eta, aldi berean, haien abstentzioa eskatzea hizkuntz alderdiei dagokienez. Hitz bitan esanda, estatuak produktu eta zerbitzu jakin batzuen prezioa arautu ahal baldin badu, fakturak eta merkataritza kartelak, besteak beste, zein hizkuntzatan egin behar diren ere arautu behar du. Gaia konplexua da; izan ere, estatuak ekonomia eta merkatuaren batasuna arautzeko esku hartzearekin batera, eskubide batzuk azaltzen dira –hala nola, enpresa askatasuna eta, horren ondorioz, enpresari pribatuen autoantolaketa askatasuna–. Gainera, zuzenbide komunitarioa ere hartu behar da kontuan. Zuzenbide hori ondorengo printzipio hauen mendean dago: salgaien zirkulazio librea eta hedapen etengabean dagoen lehia librea. Printzipio eta eskubide desberdin horien arteko loturak gaur egungo gaiei eragiten die; esaterako, produktuen etiketei, enpresetako barne komunikazioei, ekoizpen zinematografikoei, etab.

Aipatu beharreko bigarren alderdia honako hau da: eskubideen berme eraginkorrari buruz hitz egitean, maiz aipatu ditugu sustapen neurriak. Baina planteatu behar da sustapen neurri horiei ez ote litzaiekeen penalizaziorik erantsi behar, baldin eta hizkuntz eskubideetatik sortutako betebeharrak ez badira betetzen. Berriz ere, eskubideek topo egiten dute bereziki kontuz hartzeko gai batean, bai gizabanakoaren eskubideei dagokienez bai arauak emateko erabakiek izan ditzaketen ondorio ekonomikoei dagokienez. Alde horretatik, kaltetuak elkarrekin bat etortzea, eskubideen eta betebeharren arteko oreka eta, batez ere, sustapen neurriak hobesten dira, baldin eta eraginkorrak badira.

3. ESTATU EREDU ELEANIZTUN BATZUK

Hizkuntz gaiaren egoera argitzen amaitzeko, doktrinak egiten dituen sailkapenetako bat erakuts dezakegu. Sailkapen horren helburua estatu eleaniztunen artean estatu eleanitzak eta hizkuntz gutxiengoak dituzten estatuak bereiztea da[19].

Lehenengo taldean dauden estatuek, alegia, estatu eleanitzek, hau aldarrikatzen dute: lehenik, lurralde osoan eta estatuko administrazio guztietarako hizkuntza ofizial bat baino gehiago izatea; bigarrenik, estatuko hizkuntzen eta hizkuntz komunitateen berdintasun formala, juridikoa, soziala eta politikoa; hirugarrenik, hiritarren hizkuntz eskubideak –bai eta eskubide horiek eraginkor bihurtzeko mekanismo legegileak, administratiboak eta judizialak ere– eta gizabanakoen arteko harreman publikoetan hizkuntzen erabilera erregimena arautzea; eta azkenik, hizkuntza ofizialak ikasteko eta hizkuntza ofizialetan ikasteko sistema.

Lehen sailkapen horren barruan dago bigarren desberdintasun bat, nortasun irizpidearen edo lurraldetasun irizpidearen arabera. Alde batetik, eleaniztasun horizontala aipa daiteke (lurraldea hizkuntz mugen bidez banatzen da) eta, bestetik, eleaniztasun bertikala edo gainjartze eleaniztasuna (nortasun irizpideari heltzen dio). Adibidez, lurraldetasun irizpidea Belgikan dago; bertako konstituzioak hiru hizkuntz talde onartzen ditu: nederlandera, frantsesa eta alemanera. Hiru talde horiek lau hizkuntz eskualdetan banatzen dira: hiru elebakar eta bat, Brusela, elebiduna. Irakaskuntzari dagokionez, elebakartasuna dago ezarrita; beraz, irakaskuntza lurraldeko hizkuntzan ematen da, Bruselan izan ezik, non aukera librearen printzipioa dagoen. Suitzan ere lurraldetasun printzipioa dago; bertan, hiru hizkuntza nazional daude –alemanera, frantsesa eta italiera–. Lurraldetasun printzipioarekin bat, kantoi gehienak elebakarrak dira (23 kantoitik 19), hiru elebidunak dira (alemanera eta frantsesa) eta bat hirueleduna da (Grisons). Nortasun irizpidea, berriz, Finlandian dago, esaterako. Herrialde horretan, suomiera eta suediera berdintasun osoko egoeran daude, nahiz eta azkeneko hizkuntza hori gutxienena izan.

Aitzitik, hizkuntz gutxiengoak dituzten estatuetan, gutxiengoen hizkuntzek ez dute estatu hizkuntzen trataerarik, baina horrek ez du esan nahi ez daudenik aitortuta. Nazioarteko zuzenbideak babes ditzake hizkuntza horiek, bi estatuen arteko hitzarmenen bidez (Italian, esaterako) edo estatu bakoitzeko konstituzioaren eta arau legalen bidez. Gutxiengoen hizkuntzak hizkuntza ofizialtzat har daitezke hizkuntz gutxiengoak bizi diren lurralde zatietan (Italian eta Espainian). Bestalde, hizkuntza horiek berariazko eskubide linguistikoak, indibidualak eta kolektiboak izan ditzakete, bai eta irakaskuntzari lotutako eskubideak ere.

Hizkuntz gutxiengoak dituzten estatuen barruan, gutxiengoen hizkuntza bereiztea komeni da. Hizkuntza horiek ondare gisa eta kultur ondasun gisa babesteak beste dimentsio bat ematen dio hizkuntz eskubideen babesari. Hala ere, dimentsio hori ez da hain eraginkorra eta berak ematen duen bermea gizabanakoaren eskubide gisa hartzeak ematen duen bermea baino txikiagoa da.

Aurreko sailkapen saiotik abiatuta, nolabaiteko mailaketa dagoela baiezta daiteke, estatuen barruan dauden hizkuntzen arteko berdintasun eraginkorrari begira. Mailaketa hori gutxiengoen hizkuntza jakin batzuk babesteko agindu soiletik estatuko erabateko funtzionamendu eleanitzera bitartekoa izango litzateke. Alde horretatik, erabateko berdintasuna lortzen da hiritarrek beren hizkuntza estatuko lurraldeko edozein lekutan modu eraginkorrean erabil dezaketenean.

 

 


 

[1] Datu horiek honako artikulutik lortu dira: Jaume VERNET i LLOBET, "Hastapen konstituzionalak eta eskubideak estatu eleaniztunetan ", in Javier de Lucas (Zuz.) Gutxiengoen eskubideak gizarte kulturanitzetan, Botere Judizialaren Batzorde Orokorra, Madril, 1998, 18. orrialdea.

[2] Besteak beste, Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena, New Yorken 1966ko abenduan sinatutakoa. 27. artikuluan honakoa esaten du: “Gutxiengo etnikoak, erlijiosoak edo linguistikoak dauden estatuetan, ez zaie ukatuko aipatutako gutxiengoetako kideei, euren taldeko beste kideei bezala, dagokien eskubidea, hain zuzen ere, euren kultur bizitza izateko eskubidea, euren erlijioa praktikatzeko eskubidea eta euren hizkuntza erabiltzeko eskubidea�»; berriagoak dira, Europako Kontseiluaren esparruan, Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen Esparrua (1995), indarrean 1998ko otsailetik dagoena, edo Herrialdeetako eta gutxiengoen hizkuntzen Europako Gutuna (1992), 1998ko martxotik indarrean dagoena. Azken horretaz aurrerago hitz egingo dugu.

[3] Ikusi, besteak beste, Jaume VERNET i LLOBET, Hizkuntz normalkuntza eta funtzio publikoan sartzea, Fundació Jaume Callis, Bartzelona,1992, 22. orrialdea eta hurrengoak, bai eta bertan aipatutako bibliografia ere.

[4] Irizpide horiek doktrinak gehien onartzen dituenak dira. Katalunian, Antoni MIRABELL i ABANCO (“Hizkuntz Politikako urtarrilaren 7ko 1/1998 Legea: Kataluniako Autonomia Estatutuko 3. artikuluaren hedadura berria eta berezko hizkuntzaren eta hizkuntza ofizialaren kontzeptuak, Revista de Llengua i Dret, 29. zk., 1998koa, 74. orrialdea) eta A. MILIAN MASSANA (“Hizkuntz antolamendua" Kataluniako Autonomia Estatutuari buruzko iruzkinak, I. liburukia, Ikerketa Autonomikoen Institutua, Bartzelona, 1998) aipa ditzakegu.

[5] Hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten lurraldeak mugatzeak ofizialtasun bikoitzeko edo hirukoitzeko erregimena ekar dezake. Suitzako kantoietako egoera da, hain zuzen ere, kantoiak elebidunak edo hirueledunak izan baitaitezke (frantsesa, alemana eta italiera), edo Bruselakoa, Belgikan (nederlandera eta frantsesa), edo Espainiakoa, autonomia erkidego batzuetan: Galizia, Euskadi, Katalunia.

[6] Hala aitortzen da Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko STC 82/1986 epaian, ekainaren 26koa: “hizkuntza bat ofiziala da, gizarte fenomeno gisa bere errealitatea eta pisua edozein direla ere, botere publikoek komunikazio bide arrunt gisa hartzen dutenean, bai haien barruan eta euren artean bai subjektu pasiboekiko harremanetan ere, erabateko baliotasun eta ondorio juridikoekin; “hizkuntz koofizialtasuneko estatutua –alegia, ofizialtasun bikoitza– duten lurraldeetan, partikularrek edozein hizkuntza ofizial erabiltzeak erabateko baliotasun juridikoa du aipatutako lurraldean dagoen edozein botere publikorekin dituzten harremanetan.

[7] Horren ondorioz, Luis JOU i MIRABENTek honakoa esan du “Hizkuntza propioa eta hizkuntza ofizialak Hizkuntz Politikaren 1/1998 (urtarrilaren 7koa) Legearen ataletan artikuluan, Revista de Llengua i Dret, 29. zk. 1998, 11. orrialdea: “hizkuntza ofizialaren kontzeptua, beraz, gizabanakoarena da eta eskubide subjektiboa eta pertsonala da.

[8] Kanadaren kasua da; Kanadako agintari federalek nortasun ereduari jarraitzen diote, eta Quebec probintzian, berriz, lurraldetasun irizpideari jarraitzen zaio.

[9] Irlandako Errepublikaren Konstituzioko 8. artikuluan, irlandera hizkuntza nazional eta lehen hizkuntza ofizial gisa definitzen da; ingelesa, aldiz, bigarren hizkuntza ofiziala baino ez da.

[10] Hizkuntza bateko erabilera esklusiboa hizkuntza hori ofiziala den lurraldeko berezko erakunde publikoetatik predikatzen da, bai eta hezkuntzatik eta toponimiatik ere; lehentasunezko erabilera, berriz, aipatutako lurraldeko beste erakunde publikoetatik, Antoni MIRAMBELL i ABANCOren arabera, "Hizkuntz Politikako urtarrilaren 7ko 1/1998 Legea...", op. cit., 70. orrialdea. Ildo beretik, Josep M. PUIG SALELLAS, "Ofizialtasun bikoitzaren kontzeptu handiak Hizkuntz Politikako 1/1998 Legean", Revista Llengua i Dret, 29. zk., 1998koa, 25. eta 26. orrialdeak.

[11] Gutunaren 7. artikuluak oinarrizko printzipioak ezartzen ditu: eskualde hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak aitortzea (horrek haien erabilera legitimo bihurtzen du), hizkuntza ofizialaren kontzeptuaren desberdina den kontzeptua; eskualde hizkuntza edo hizkuntza gutxitu bakoitzaren eremu geografikoa errespetatzea (eremu geografikoak ez du bat etorri behar barruti administratiboarekin; eskualde hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen aldeko jokabide positiboa; eskualde hizkuntzen edo hizkuntza gutxituen irakaskuntza eta ikasketa bermatzea; eskualde hizkuntza edo hizkuntza gutxitu bera hitz egiten duten taldeen arteko harremanak ahalbidetzea; eta, azkenik, hizkuntzaren araberako diskriminazioa debekatzea. Gutunak hizkuntzen lurraldetasun irizpidearen aldeko iritzia agertzen du, nahiz eta nortasun irizpidearekin lotuta egon.

[12] Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren (TCE) 290. artikulua: "Erkidegoko erakundeen hizkuntz erregimena Kontseiluak zehaztuko du aho batez, Justizia Auzitegiko arautegian aurreikusitako xedapenak ahaztu gabe". Beraz, erabaki politikoa da, arauak ez baitio beste baldintzarik ezartzen Kontseiluari; alegia, hizkuntzek estatu kideetan duten trataera juridikoak ez du hizkuntz erregimen hori aurretik zehazten, eta ez da beharrezkoa hizkuntza estatala izatea. Dena den, badirudi aipatutako korrelazioa gertatzen dela. 1. arautegiak garatu zuen jatorriz tratatuetako artikulu hori. Arautegi horretan, Europar Elkarte Ekonomikoko Hizkuntz arautegia zehazten da, 1958. urriaren 6ko Egunkari ofizialeko 17. zenbakian argitaratutakoa. Hizkuntz arautegiak ondoz ondoko aldaketak izan ditu, estatu kideak elkartean sartuz joan diren heinean. 8. artikuluak honakoa zehazten du: "Hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten Estatu kideei dagokienez, Estatu horietako araudiaren arau orokorrek zuzenduko dute hizkuntza baten erabilera, estatu interesdunek eskatuta". Hala ere, gaeleraren egoera aipatzea komeni da: nahiz eta tratatuen hizkuntzetako bat izan, Irlandak uko egin zion elkarte erakundeetako hizkuntza ofizial eta lan hizkuntza gisa ezartzeari.

[13] Salbuespenak nazioarteko eskubideen deklarazio testuetan daude oro har. Eskubide horietako batzuk azaldu ditugu jada 2. oin oharrean.

[14] Esaterako, botere publikoek hezkuntza hizkuntza jakin batean eskaintzea hala eskatzen duen ikasle kopuruaren arabera egin zitekeen.

[15] Hala ere, Trentino-Alto Adige eskualdeko Bozen/Bolzano probintzian (Italia), 1946. urteko Parisko Hitzarmena betetzeko (De Gaspari-Gruber Hitzarmena izenez ezaguna), Estatutuko 19. artikuluak hautazkoa ez den hizkuntz bereizketako sistema bat ezartzen du, italieraz eta alemaneraz, ama hizkuntzaren arabera. Kanadan, antzeko ereduari jarraitzen zaio, 1982ko Konstituzioko 23. artikuluaren arabera.

[16] Hainbat herrialdetako ereduen azterketa zehatzagoak ikusteko, ikus Antoni MILIAN MASSANA, Hizkuntz eskubideak eta hezkuntzaren oinarrizko eskubidea. Ikerketa alderatu bat: Italia, Belgika, Suitza, Kanada eta Espainia, Ikerketa Autonomikoen Institutua, Bartzelona, 1992.

[17] Esaterako, eskubide horren alderdi aktiboaren arabera, merkatariek ere izango lukete bezeroei haiek erabilitako hizkuntzan erantzuteko betebeharra, hizkuntza hori ez dutela ezagutzen argudiatzeko aukerarik izan gabe.

[18] Europar arloan, eskubide hori Oinarrizko Eskubideak eta Askatasun Publikoak babesteko Europar Hitzarmeneko (1950) 6. artikuluan dago; hirugarren atalean, ondorengoa zehazten du: "Atxilotu orok honako eskubide hauek ditu, gutxienez: a) leporatzen zaion akusazioaz ahalik eta eperik laburrenean, ulertzen duen hizkuntza batean eta xehetasunez informatua izateko eskubidea; (…)"

[19] Merce CORRETJA I TORRENS, Hizkuntz eskubideak babesteko europar ekintza, Kataluniako Herri Administrazioaren Eskola, Bartzelona, 1995, 17-24. orr.

BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Neus Oliveras
Urtea: 
2002