Estatu mailako hizkuntza politiken zenbait oinarri eta eredu

Estatuen mugak gainditzen dituzten erakundeak sortzen eta tokian tokiko errealitatearen garrantzia nabarmentzen ari da. Estatuen mugen gainetik eta azpitik jarduera esparru berriak zabaltzeko joera horrek eleaniztasuna antolatzeko bide berriak zabaldu beharra ekarri du mundu osoan

Eleaniztasuna kudeatzeko lurraldetasun printzipioa aplikatzeak lurralde eremu horretan eremu geografikoen araberako banaketa egitea eskatzen du

,

lurraldetasun printzipioa eta pertsonalitatearena elkarren osagarri dira. Ezin ezar daiteke pertsonalitate printzipioa lurralde eremua zehaztu gabe. Hots, eskubidea indarrean zein eremutan dagoen zehaztu behar da

. Liberalismoak ez du bilatzen berehalakoan hizkuntza batasuna lortzea. Hizkuntza politika honek zeharkako erabakien bidez gauzatzen du bere politika eta ez elebakartasuna ezartzera zuzenean bideraturiko erabakietan

Hizkuntza politikarako sentsibilitate berezi honek estatuon jatorriarekin lotura handia du. Hauetako batzuk bere baitan dagoen populazioaren ezaugarriak zorrotz errespetatuz sortuak dira, Finlandia edo Suitza esaterako. Beste batzutan, berriz, bere baitako taldeek indar eginaz adostasun hori eraikitzea lortu dute (Belgika edo Kanada, esaterako)

Aldaketa horretan hizkuntza politika kudeatzeko autonomia bakoitzak dituen eskumenak, ordea, estatuak eta botere zentralak kontrolatzen ditu, zenbaitetan komunitateon politikak murriztu edo zapuzteko

Oharra: lan hau E. Boix eta F. X. Vila irakasleen Sociolingüística de la llengua catalana (1997, Bartzelona, Ariel argitaletxea) liburuan oinarritua dago.

1.- HIZKUNTZA POLITIKA ETA ESTATUAREN ERAKETA

Estatu gehienak eleanitzak dira, nabardura eta gradu desberdinetan agertzen bada ere, eleaniztasun hori ukaezina da. Horixe da Boix eta Vila jaunak azpimarratzen duten lehen ezaugarria, hizkuntza politikaz mintzatzera doazelarik. Non dago, ordea, estatuen arteko aldea? Abiapuntu bera izan arren, errealitate eleaniztun horren aurrean duten jarrerak bereizten ditu estatu batzuk besteengandik. Boix eta Vila jaunen asmoa da liburuaren atal honetan hizkuntza politiken arteko aldeak azaltzea.

Estatu bakoitzak nazioari buruzko ikuspegi berea, berezia, duen neurrian, bere baitan duen hizkuntza eta kultura mailako aniztasuna kudeatzeko bide arras desberdinak hartzen ditu. Zenbait estatuk "“nazioa" herri bat elkarrekin osatzeko borondatea duen herritar multzo heterogeneoa dela irizten diote. Beste batzuek, berriz, “"nazioa" kultura eta hizkuntza mailan ezaugarri berekoak diren herritarrez osatutako egitura dela erantzuten dute. Ikuspegia edozein dela ere, abiapuntu horrek erak ondorio sakonak ditu hizkuntza eta kultura politikan.

Horra hor, jakobinoen ikuspegia, zeinak hizkuntza eta kultura mailako aniztasuna garapenerako oztopo delakoan, "hizkuntza “nazional" bakarra hautatzea hobesten duten. Multzo berean sartu behar dira ikuspegi nazionalista eta esentzialistetan oinarrituz eraikitako estatuak. Elebakartasun nazionalaren aldeko hautuak aniztasuna soiltzeko ahalegin aski ezagunak sorrarazi ditu.

Bi irakasleok, egun ikuspegi berriak sortzen ari direlakoan daude. Estatuen mugak gainditzen dituzten erakundeak sortzen eta tokian tokiko errealitatearen garrantzia nabarmentzen ari da. Estatuen mugen gainetik eta azpitik jarduera esparru berriak zabaltzeko joera horrek eleaniztasuna antolatzeko bide berriak zabaldu beharra ekarri du mundu osoan. Ikuspegi elebakarrari parez-pare kontrajartzen zaio joera berri hau.

Estatuak eleaniztasunaz duen ikuspegiaz gain, ordea, bi irakasleok berebiziko garrantzia aitortzen diote demokrazia mailari eta herritarren partizipaziorako kulturari. Izan ere, eremu horren itzalean piztu dira hizkuntza gutxiagotuen aldeko mugimenduak munduko hainbat bazterretan, baita hizkuntza hegemonikoen bihotzean ere.

Nabardura bat egin beharra dago ordea. Eleaniztasuna kudeatzeko orduan, ez da gauza bera ukipenean dauden bi hizkuntzei tratamendu berdinzalea ematea, edo tratamendu bateratzailea ematea. Berdinzaletasunak, epe ertain –luzera ahulenaren desagerpena dakar, bateratasunak, berri, hizkuntza bakoitzaren egoera berezia kontuan hartuz bakoitzari dagokion tratamendua ematea.

Estatuaren interbentzioak berebiziko eragina izan dezake auzi horretan. Interbentzioaren aldekoek liberalen “"darwinismo linguistikoa" kritikatzen dute, eta, aldiz, liberalek, interbentzionisten gehiegizko esku-hartzea. Estatuaren interbentzioa, ordea, kaltegarri ala mesedegarri da? Boix eta Vila jaunen aburuz, interbentzioa, berez, ez da, ez ona, ez txarra. Interbentzioaren ondorioari erreparatu behar zaiolakoan daude. Katalaneraren adibideari erreparatzen diote. Administrazioaren esku-hartzerik gabe zaila ikusten dute katalanaren gainbehera gelditzea. Era berean, ordea, administrazioaren interbentzioa bera izan da mendez-mende katalanera idatziaren garapena eragotzi duena.

Hizkuntza politika mailako ezein interbentzio ebaluatzerakoan “"cui prodest", hots, noren mesederako gertatu den galdetzea aholkatzen dute`. Onura horiek hauteskundeetan, ekonomian nahiz nazioarteko aliantzen alorrean jaso daitezke.

2.- ELEANIZTASUNA ANTOLATZEKO ZENBAIT PRINTZIPIO: LURRALDETASUNA, HISTORIZITATEA ETA PERTSONALITATEA

Eleaniztasunaren antolaketa juridikoa lan-lerro nahikoa berria da. Mundu mailan legediak nahikoa bat datoz Giza Eskubide Unibertsalak babesterakoan. Kultura eta hizkuntza mailako oinarrizko eskubideen defentsari dagokionez, ordea, bide luzea dago egiteko. Norabide horretan doaz, 1996an Bartzelonan onartutako Hizkuntza eskubideen Deklarazio Unibertsala, edo honen bidetik sortutako Erregioetako eta Gutxiengoen Europako Ituna. Egundaino, beraz, eleaniztasuna arautzeko egin izan diren proposamen orokor guztiak, estatuez gaindiko egiturek egin dituzte, Europako Batasunak, esaterako.

Azken urteotan ibilitakoak, berriz, hizkuntza zuzenbidearen alorrean printzipio zenbait ezartzea ekarri du. Besteak bete, lurraldetasun printzipioa eta pertsonalitatearena.

Lurraldetasun printzipioak, lurralde eremu jakin bateko herritarrak berdindu egiten ditu hizkuntza eskubideei dagokionez. Honelakoetan, lurralde eremu horretan hizkuntzak historian leku berezi bat izan duela aitortzea dakar, eta beraz, printzipio hori aplikatuz lurralde eremu horretan hizkuntza horrek izan duen leku hori gordetzen ahalegintzeko borondatea agerian jartzen da. Ez da gauza bera, ordea, hizkuntza bat nagusi izan arren, eremu horretan berria izatea ala antzinakoa. Historiari dagokionez, bereizketa hori egin beharra dago. Dena den, hizkuntza batek lurralde eremu batean duen ezarpena eta herri horren historiari buruz herritarrek duten hautemateak lotura handia du gizarte horretan bizi den borroka sinbolikoarekin. Borroka hori irabazi egin beharra dago hizkuntza eskubideen defentsan aurrera egin ahal izateko.

Eleaniztasuna kudeatzeko lurraldetasun printzipioa aplikatzeak lurralde eremu horretan eremu geografikoen araberako banaketa egitea eskatzen du. Horren eraginez, Suitzak, esaterako, hiru hizkuntza ofizial ditu (alemaniera, frantsesa, italiera) eta lau hizkuntza nazional (arestian aipatutakoak eta erretorromaniera). Kantoi bakoitzak bere hizkuntza ofiziala duenez, suitzarrek kantoi batetik bestera mugitzean hizkuntza egoera berri horretara egokitu behar izaten dute. Finlandian, berriz, hizkuntza eskubideak arautzeko lurralde eremua udalerria, eta udalerriko herritarren artean hizkuntza bakoitzak duen hiztun proportzioaren arabera erabakitzen da. Dena den, lurraldetasun printzipioak ez dakar berez, elebakartasunaren aldeko politika. Finlandian ikusi bezala, lurralde eremu batean hizkuntza bat baino gehiago baldin badaude eremu batean, tratamendu bera jaso dezaten oinarriak jartzen dira.

Pertsonalitate printzipioa aplikatzeak, berriz, hiztunen ezaugarriak kontuan hartzea eskatzen du (hiztunaren lehen hizkuntza; gurasoek seme-alaben heziketan erabilitako hizkuntza; hiztunaren borondatea; eskolatzean jasotako hizkuntza…). Ezaugarri horietan oinarrituz hizkuntza jakin bat edo batzuk erabiltzeko aukera eskaintzen zaizkio hiztunari. Egileek bi kasu aipatzen dituzte: Singapurreko egoera, non, eskolan, ikasleek, ingelesa ikasi behar izateaz gain, jatorrizko talde etnikoarena ere ikasi behar duten (jatorri txinatarra baldin badu, mandarinera; malai jatorrikoa bada, malaiera; eta hindu jatorrikoa bada, hindiera). Agindu hori gurasoen nahia edo familiako hizkuntza kontuan hartu gabe egiten da (izan ere, hamaika hizkuntza aldaera dute etnia horietako bakoitzean). Bruselako adibidea da aipatzen duten bigarrena. Bruselan hiritarrak administrazioarekin nahiz enpresekin harremanak nederlanderaz nahiz frantsesez izan ditzakete eta erakunde horiek hizkuntza berean erantzutera beharturik daude.

Pertsonalitate printzipioak, ordea, ez du esan nahi hiztunak hizkuntza hautatzeko askatasuna duenik. Aipatu berri ditugun bi kasuetan ikusi dugu norberarena ez den hizkuntza bat ikasi eta erabiltzeko araua ezartzera hel daitekeela.

 

Dena den, lurraldetasun printzipioa eta pertsonalitatearena elkarren osagarri dira. Ezin ezar daiteke pertsonalitate printzipioa lurralde eremua zehaztu gabe. Hots, eskubidea indarrean zein eremutan dagoen zehaztu behar da. Bestalde, Belgikako adibideak erakusten digu, lau lurralde eremutatik hiru elebakarrak izan arren, laugarrena elebiduna dela (pertsonalitate printzipioaren arabera) eta eremu elebakar horien mugetan ere, nederlanderaren eremuan batez ere, frankofonoentzat “"erabilera erraztasunak" ematen direla (eskolatzea eta administrazioarekiko harremanetan batez ere).

Boix eta Vila jaunek azpimarratzen dute printzipio hauetako bakoitzak helburu jakin bat duela. Lurraldetasun printzipioak muga etnolinguistikoak babesten ditu eta pertsonalitatearenak, berriz, etorkin komunitate desberdinen biziraupena. Beraz, egileon aburuz, indarrean dagoen hizkuntza politikak auzitan dagoen komunitate bakoitzaren eragin indarra erakusten du. Hizkuntza gutxituari ofizialtasuna onartzera behartuak diren eremuetan, hiztun talde nagusiak pertsonalitate printzipioaren defentsa egiten du, horrek aniztasunera egokitu behar izatetik salbuesten dituelako. Aldiz, hiztun talde txikiak lurraldetasun irizpidea indarrean jartzen saiatzen dira, horren bitartez, sistema ekolinguistiko egokia eraiki eta indartsuenari presioa egiteko. Kanadako kasua adibidetzat hartuta, egileen aburuz, Quebec-eko estrategiaren arrakasta lurraldetasun printzipioa indarrean jartzean egon da, izan ere, anglofonoak hori onartzera behartu dituzte, nahiz eta horren ondorioz gainerako probintzietako eremu frankofonoetarako ingelesaren aldeko lurraldetasun printzipioa ezartzea onartu behar izan duten frankofonoek.

3.- ESTATU MAILAN ELEANIZTASUNA ANTOLATZEKO EREDUAK

Estatu batek bere baitako eleaniztasunari aurre egin behar dionean hainbat galdera erantzun behar dizkio bere buruari: Nork erabaki behar du zein zerbitzu jaso ahal izango den hizkuntza bakoitzean? Nork zerbitzu horiek betetzea nori dagokion? Zein eremutan jaso ahal izango dira zerbitzu horiek? Zein hizkuntza edo hizkuntza aldaeratan? Eta abar.

Egileen aburuz, eleaniztasuna kudeatzeko oinarri politikoak ezartzeko orduan bi dira aintzat hartu beharreko aldagai nagusiak: nork erabakitzen duen zein hizkuntza politika jarri behar den indarrean; eta estatuak zein mailatan onartzen duen eleaniztasuna. Azken batean, egileon begietara, eleaniztasuna kudeatzeko hizkuntza politika eredu desberdinak egon arren, continuum baten modukoa da eredu elebakarzale eta eleaniztasunaren aldekoen artean dagoen aldea.

Estatu elebakartzaleek hizkuntza aldaera bakar baten alde egiten dute eta ez dute aniztasuna onartzen. Denek, ordea, ez dute era berean erantzuten bere baitako aniztasun horren aurrean. Batzuk jazarpen biderik gogorrenetik doazen bitartean beste batzuk "“nolabaiteko" erabilera maila bat onartzen dute, estatuaren hizkuntza bat eta bakarra delarik beti ere. Beraz, bi eredu bereizten dituzte, muturreko elebakartzalea eta elebakartzale liberala.

Muturreko elebakartzaleak hizkuntza bakar bat nagusitzea du helburu. Eleaniztasunak gizarte horretan duen indarraren arabera, estatuak herritarren eguneroko bizitzan parte hartze maila desberdinak izango ditu. Eleaniztasuna indartsua den herrialdeetan estatuak herritarren jardun pribatuan ere zuzenean parte hartu izan du ohitura horiek zapuzteko. Estatu elebakarzaleak estatuarena ez den tokiko gainerako hizkuntzen kontrako diskurtsoa eraiki eta gizarteratzen du. Ildo honetan kokatzen dituzte, nazien Alemanian beren menpeko herriak germanizatzeko ahaleginak edo estatu-nazioaren ikuspegi jakobinoa dutenak, berdintasunaren izenean herritar guztiak estatuaren hizkuntza ezagutu eta erabiltzera behartzen baitituzte.

Elebakarzale liberalen artean Breitainia Handia eta Ameriketako Estatu Batuak aipatzen dituzte. Liberalismoak ez du bilatzen berehalakoan hizkuntza batasuna lortzea. Hizkuntza politika honek zeharkako erabakien bidez gauzatzen du bere politika eta ez elebakartasuna ezartzera zuzenean bideraturiko erabakietan. Ildo honetan dauden estatuen argudioak utilitaristak izan ohi dira, eraginkortasuna azpimarratzen dute, eta ez estatuarekiko edo honen baloreekiko fideltasuna. Dena den, egileek Ameriketako Estatu Batuen politika batzutan muturrekoa izan dela azpimarratzen dute. Historian zehar frantsesa edo gazteleraren erabilera galarazi eta elebakartasun ingelesa ezartzeko egindako ahalegin bat baino gehiago egin izan dute.

Oro har, eredu elebakartzaleek ukatu egiten dute beren gizartean aniztasunik dagoenik, hots, talde edo etnia desberdin bat dagoenik. Horretarako bi bide erabili ohi dituzte. Talderik indartsuena demografikoki erabateko nagusitasunean ez dagoenean, zigorra eta mehatsuaz balitatzen dira (erabilera zigortzen duten legediak indarrean jarriaz, esaterako). Demografikoki nagusi direnean, berriz, gehiengo demokratikoaren izenean, berea ezarri eta gainerakoen errealitatea ukatzen dute.

Eleaniztasuna ontzat ematen duten ereduen artean, berriz, bi bereizten dituzte: Kontrolatzen duen eredua eta adostasunean oinarritutako eredua.

Kontrolatzen duen ereduak talderik ahulenei autonomia maila bat onartzen die baina beti talde nagusiak ezarritako mugen barruan. Eredu hau da mundu mailan zabalduen dagoena. Normalean hezkuntza, administrazioa eta beste zenbait eremu formaletan erabilera maila jakin bat onartzen dute eta estatuaren diruz laguntzen da politika hori. Honelako ereduek lurraldetasun printzipioa eta pertsonalitate printzipioa elkarrekin uztartzen dituzte. Hau da, estatuak lurralde eremu jakin batzuetan elebitasun maila bat ezartzen du. Bi irakasleok onartzen dute urrats nabarmena dela eleaniztasunaren onarpenean, dena den,, egileek akats nagusi bat ikusten diote, hizkuntza komunitatearen garapenari mugak kanpotik ezartzen zaizkiola. Holandako frisoien kasua aipatuz, Herri horrek hizkuntza politikarako eredu oso bat eraikitzeko duen ezintasuna nabarmentzen dute. Eredu honen muga bistakoa da, komunitaterik ahulenak, indarrik gehien eginda ere, inoiz ez du estatuarekin parez pare negoziatuko.

Eleaniztasuna aintzat hartzen duen eredurik aurreratuenak adostasunean oinarritutakoak dira ("Models consocials o consensuals"). Eredu honetakoak diren estatuek eskubide eta betebehar bertsuak ezartzen dituzte hiztun talde guztientzat eta hizkuntza bat baino gehiago izaten dira estatuak beretzat dituenak. Estatua hizkuntza bakar batekin identifikatzeko joera lausotu egiten da.

Eredu honetan daudenen artean, ordea, batzuk eleaniztasun berdintzalea jartzen dute indarrean estatuaren lurralde eremu osoan. Eta beste batzuetan, berriz, lurraldetasun printzipioan oinarrituz, elebakartasuna ezartzen da lurralde eremu bakoitzean. Azken kasu honetan, lurralde eremu bakoitzak bere hizkuntza politika askatasun handiz burutzen du, beti ere, estatu mailako hitzarmenean oinarrituz.

Hizkuntza politikarako sentsibilitate berezi honek estatuon jatorriarekin lotura handia du. Hauetako batzuk bere baitan dagoen populazioaren ezaugarriak zorrotz errespetatuz sortuak dira, Finlandia edo Suitza esaterako. Beste batzutan, berriz, bere baitako taldeek indar eginaz adostasun hori eraikitzea lortu dute (Belgika edo Kanada, esaterako). Batzutan zein bestetan, ordea, komunitateen arteko nolabaiteko indar oreka indarrean dago, indartsuenak ahulena irents ez dezan, batez ere,.

4.- HIZKUNTZA POLITIKA EREDUEN BILAKAERAN AZKEN URRATSAK

XIX eta XX. mendeetan eredu elebakartzale muturrekoenak nagusi izan badira ere, egun, hizkuntza errealitatea (des)antolatzeko eredu hauek atzerabidean ikusten dituzte egileek. Eredu liberala, ordea, bizirik eta egoerari egokitzeko moldakorrago ikusten dute, hizkuntza gutxituen nolabaiteko erabilera onartuz baina hizkuntza nagusiaren lehentasuna arriskuan jarri gabe.

Eleaniztasuna ontzat ematen duten ereduen artean ere, kontrol eredua nabarmen hedatzen ikusten dute. Prozesu horretan murgildurik ikusten dituzte Europan tradizio elebakarra izan duten hainbat estatu (azken urteotan hainbat hizkuntza gutxituren onartzera iritsi dira: Bretainia Handian galesak eta eskoziarrak, Holandan frisoiak, Italian sardiniarrak…). Baina, aldaketa horrek komunitate hauen biziraupena ziurtatzen al du? Egileen aburuz, aldaketa nabarmena da aipatutakoa, baina ikusteko dago oraindik zein ondorio izango duen gutxiengoen iraupena ziurtatzeko.

Estatu espainolari dagokionez, egileek Frankoren garaiko elebakartasun muturrekoa eta honen ondorengo trantsizioan indarrean jarritako aldaketak eredu aldaketa ekarri zuela azpimarratzen dute. Aldaketa horretan hizkuntza politika kudeatzeko autonomia bakoitzak dituen eskumenak, ordea, estatuak eta botere zentralak kontrolatzen ditu, zenbaitetan komunitateon politikak murriztu edo zapuzteko. Horrezaz gain, eredu honen baitan, gaztelera ikastea estatu honen menpeko herritar orok bete beharrekoa dela azpimarratzen dute. Hori, bestalde, ezin du inongo komunitatek aldatu.

BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2002