Txillardegi-Paulo Agirrebaltzategi: ELKARRIZKETA “Euskal Herri euskaldun baten aldeko plangintza bat aurrera eraman ahal

Euskaltzaindiak Euskaltzaleen Biltzarra antolatu zuen 1956an Arantzazun, Gogarte-etxean. Bildutakoen artean bazen gartzelatik pasa berriren bat; gaua inguruko beste ostatuetako batean eman izan zuen, bere burua ezkutatu beharrean edo

bera Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea zelarik, eta dirudienez baita PNV-ko orduko teoriko nagusia ere, honela esaten zidala: "“¡Ya cogerias tu también una Euskadi libre sin euskera!". Eta nik erantzuten nion: “"¿Para qué quiere usted una Euskadi libre sin euskera? Euskadi tiene que ser un instrumento al servicio de lo vasco"

: Euskalgintza ongi dagoela esango nuke. Hemen, galga goitik dator. Nola esplikatzen dira Osakidetzako 1715 plaza horiek? Nola Montero errektoreak euskara eta euskal irakaskuntza gutxietsiz esaten dituenak? Euskara ez da baloratzen

Bai, atzerantz egiteko arriskua dago. Euskararen erabileran ere bai; horren kaleko erabileraren azken neurketak kezka berezia sortu du, batez ere Iparraldean. Egindako aurrerapenei eutsi eta berriak irabazteko mugimendu sozial indartsu eta egituratua behar da, aldeko baliabide juridiko eta erakunde publikokin batera

Erakunde sozialen eta erakunde publikoen arteko lankidetza ez da erraza gertatu. Batetik, erakunde publikoek mugimendu sozialarekiko susmo txar eta beldurrez edo jokatu izan dute sarritan; ez dute jakin izan mugimendu horren baliabideez baliatzen euskararen aldeko benetako dinamika politiko indartsua bultzatzeko. Bestalde, euskalgintzako hainbat jendek nolabaiteko uzkurtasunez ikusi izan du maiz erakunde publikoen eginkizuna eta politika euskararen normalkuntzan

Erakunde askotan, udal askotan ere bai, oraindik ez dago hizkuntza prozesua planifikatu eta landu beharraren kontzientziarik. Oraindik bada hainbat udal euskara teknikaririk ere ez duena

Hizkuntz harremanak isotropikoak izanez gero, erabilpen minimoa lortzen da : % 4,62 , lehenengo hurbilpenean. Eta anisotropia osoa balego, aldiz, erabilpenak % 26,91 iritsiko luke, maximoa. Hots, neurketek erakutsi dutenez, gaur egun %13,8an gaude

Egoera honetan espero daitekeen maximoa geroz eta hurbilago dagoela dirudi eta puntu txarrean gaude. Kurba behera joaten hasiko da horren ondoren. Badirudi erabilerak %15 inguruan planto egingo duela

BAT aldizkariak zenbaki honetan aldizkariko zuzendari eta EKBko lehendakari izan zirenei elkarrizketa egin nahi izan die. Izan ere, biak izan ditugu BAT aldizkariaren sorreran eta garapenean laguntzaile. Ardura horiek utzi dituztelarik eta euskalgintzan ibilbide luze eta sakona egina dutenez, euskara eta honen geroari buruz elkarrizketa bat egin nahi izan diegu.

Euskalgintzan ardura lanak bete dituzuen bi gizon zarete. Euskararen berreskurapena eta normalizazioaren zurrunbiloan bete-betean sartuta egon ondoren, orain zezenei hesiaren “"beste aldetik" begiratzen diezue.

Zuen ibilbideak euskarak eta Euskal Herriak izan dituen erronken eboluzioa ikusteko aukera eman dizue. Zein bilakaera izan dute erronka horiek? Zein ziren euskararen erronkak frankismo garaian? Behar bezala erantzun al zitzaien?

Paulo A.: Aurrenik, ez nuke esango zezen-plazako armailetan kokatuak gaudenik Txillardegi eta biok; euskalgintza eta euskal kulturgintzaren plazan mota eta era askotako lanak eta lan-moduak daude.

Baina galderara etorriz, Frankismoak berrogei urte iraun zuen eta seguru asko tarte horretan aldian aldiko erronkak diferenteak izan ziren. 50.eko urteetan Arantzazuko Egutegia izan zitekeen orduko erronkaren sinboloa: idatzizko euskararen eguneroko presentzia xumearena eta hizkuntz eta kultur erresistentziarena. Ondoren prentsaren erronka etorri zen: Argia aldizkaria, 1963an berpiztua, eta Anaitasuna. Horiekin bateratsu eta ondoren, euskal eskolaren eta helduen euskalduntzearen erronkak: Iikastolak eta AEK. Euskararen batasuna (idazleen eta Euskaltzaindiaren eraginez), eta horren modernizazioa (kultur hizkuntza bihurtzea: Jakin, Elhuyar, etab.) izan zen beste erronka nagusietako bat. Frankismoaren azken garaietan euskal Unibertsitatearen erronka, UEUrekin. Inguru horretan idazle gazteak ere lanean ari ziren, euskal literaturari bide berriak irekitzen, Txillardegi horien artean.

Txillardegi: Egun, garai hura ezagutu ez zutenek ez dute somatu ere egiten zer zen. Garai hartan, Euskararen Eguna San Frantzisko Xabierkoaren egunean ospatzen genuen. Gogoratzen naiz nola ibiltzen ginen elkartzeko. Talde txikitan joaten ginen eta afari bat egiten genuen. Lau katu elkartzen ginen, egun atentatu bat egitearen moduko ekintza zen hura. Arriskutsua zen. Ez da ahaztu behar Euskaltzaindia bera nola ibili zen. Hamarbat urtez erabat itxita egon zen. Azkue zaharra bizi zen bertan, eta kaleratu ez bazuten etxea berea zelako izan zen.

Paulo A.: Euskaltzaindiak Euskaltzaleen Biltzarra antolatu zuen 1956an Arantzazun, Gogarte-etxean. Bildutakoen artean bazen gartzelatik pasa berriren bat; gaua inguruko beste ostatuetako batean eman izan zuen, bere burua ezkutatu beharrean edo. Garai hartan euskararen normalkuntzarako plangintza handirik egiterik ez bazegoen ere, aipatutako erronkak hor zeuden eta nahikoa ongi erantzun zieten orduan: Helduen euskalduntze-alfabetatzea, ikastolen mugimendua, Euskaltzaindiaren suspertzea eta euskararen batasun prozesua, etab. Franko hil ondoren bazen itxaropenik. Bazegoen indar sozialik euskararen alde ekiteko. Horretan, eragin berezia izan zuen Txillardegik berak ere. Euskarari garrantzi politikoa eman zioten orduko abertzale batzuk, abertzaletasunaren oinarritzat jarriz hori. Beraz, frankismotik irtetean bazegoen euskararen alorrean eta horren aldeko langintzan errealitate sozial garrantzitsua.

Paulo A.: Dena dela, mugimendu abertzaleko sektore garrantzizko batek behintzat barneraturik zuen euskararik gabe ez zegoela Euskal Herririk. Ez dut esango denek berdin pentsatzen zutenik horretaz, gaur egun ere ez. Zuek bultzatutako “"Ez dago Euskal Herririk euskararik gabe" abiaburua barneratua zuen frankismoaren azkenaldean sektore inportante batek. Hori izan zen garai hartako lorpenik handienetako bat. Orduko erronkei emandako erantzunak gorpuztuz joan dira zenbait alorretan: Komunikabideak, beren xumetasun eta zailtasun eta guzti, euskarazko irakaskuntza… indartuz joan dira, Autonomi Erkidegoan batez ere; Iparraldean eta Nafarroan neurri askoz apalagoan, jakina. Lorpenen alorrean ezin dugu ahantzi euskararen batasunarena. Hori izan zen orduko beste erronka garrantzitsuetako bat, gerora bide sendoa ireki duena.

Txillardegi: Esan beharrekoa da garai hartan euskara ez zela nahitaezko elementua abertzaletasunarentzat. Gogoratzen naiz, garai hartan, Landabururekin hitz egiten, bera Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea zelarik, eta dirudienez baita PNV-ko orduko teoriko nagusia ere, honela esaten zidala: "“¡Ya cogerias tu también una Euskadi libre sin euskera!". Eta nik erantzuten nion: “"¿Para qué quiere usted una Euskadi libre sin euskera? Euskadi tiene que ser un instrumento al servicio de lo vasco". Arazoa maila horretan zegoen. Arazoa ez zen erabilera falta soilik. Euskara ez zen beharrezko ikusten. Oraindik ere badago horrela pentsatu eta horrela jokatzen duenik.

Paulo A.: Dena dela, mugimendu abertzaleko sektore garrantzizko batek behintzat barneraturik zuen euskararik gabe ez zegoela Euskal Herririk. Ez dut esango denek berdin pentsatzen zutenik horretaz, gaur egun ere ez. Zuek bultzatutako “"Ez dago Euskal Herririk euskararik gabe" abiaburua barneratua zuen frankismoaren azkenaldean sektore inportante batek. Hori izan zen garai hartako lorpenik handienetako bat. Orduko erronkei emandako erantzunak gorpuztuz joan dira zenbait alorretan: Komunikabideak, beren xumetasun eta zailtasun eta guzti, euskarazko irakaskuntza… indartuz joan dira, Autonomi Erkidegoan batez ere; Iparraldean eta Nafarroan neurri askoz apalagoan, jakina. Lorpenen alorrean ezin dugu ahantzi euskararen batasunarena. Hori izan zen orduko beste erronka garrantzitsuetako bat, gerora bide sendoa ireki duena.

Txillardegi: Hasieran ez zen Euskara Batuaren beharrik ikusten. Orixe bera, Grezia aipatuz, kontra zegoen. Euskara euskalkiak ziren eta alor horretan egin beharrekoa horiek lantzea zen, orduko ikuspegiaren arabera. Euskara batuaren beharra askoz beranduago sozializatu zen, 1955etik aurrera. Hasieran lau katu ginen, gero etorri zen sozializazioa, frankismoaren azken hogei urteetan batez ere.

Zein dira, berriz, gaur egun euskarak dituen erronkak?

Paulo A.: Gaur egun administrazio publikoen ahaleginak batez ere irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazio publikoaren beraren euskalduntzean ari dira nola-hala gauzatzen. Beste eremu batzutan, berriz, askoz zailagoa gertatzen zaie sartzea, baliabide legalik ezean, edota horiek bilatzen ez dituztelako. Eremu pribatuaz ari naiz. Mundu pribatuko ildo berri horiek euskararentzat zabaltzeak nahitaezko erronka izaten jarraitzen du. Horrekin funtsean, ordea, une honetan, euskararen ofizialtasunaren erronka dago. Euskal Herri euskaldunaren aldeko plangintza orokorra eta sendoa aurrera eraman ahal izateko ofizialtasuna behar dugu euskararentzat Euskal Herri osoan. Ezaguna da, ordea, euskararen ofizialtasunaren eskasia eta mugak nola dauden, batez ere Nafarroan eta Iparraldean. Badakit ofizialtasunak ez duela salbatuko euskara, baina hori gabe plan orokorrik nekez egin daiteke, ezin daiteke egin. Euskal Herrian Euskaraz ahalegindu da gehien kontradikzio hori gizarteratzen.

Txillardegi: Iparraldeko problemaz asko hitz egin da, eta badakigu egoera terminala dela, baina Nafarroan ere, Sanz eta PPk agintzen duten bitartean ez dago ezer egiterik. Beraz, gutxienez ofizialtasuna behar da.

Baina bizi dugun egoeran jendeak fartsa betean gaudela ikusten du. Hor dago Osakidetzak egin duen hizkuntza eskakizunik gabeko 1.715 lanpostuen deialdia. Egoera aldatzen ez den bitartean, zaila izango da jendearen pertzepzioa aldatzea.

Paulo A.: Komunikabideena ere erronka handia da. Zabalkunderik handiena duten komunikabideetan euskararen presentzia badakigu nolakoa den: hutsa edo guztiz eskasa. Nahi dutena egiten dute; eta botere publikoa ez da horien eremuan sartzen. Gauza beretsua gertatzen da zinemaren alorrean eta bestelako kultur produzitzaile eta banatzaile handiekin. Kataluniako Generalitatea eremu horietan eragiteko ahaleginetan ari da; izan ere, hizkuntzaren erabileraren normalkuntza politika eraginkorrak eremu horietan sartzea eskatzen du. Autonomi Erkidegoan horrelakorik egiten ez bada, pentsa Nafarroan edo Iparraldean zer izango den. Oso urrun gaude.

Txillardegi: Atzerrian begiratuta ikusiko dugu bide hori hartu dutela hizkuntza politika arrakastatsuenek. Flandrian hori aspaldi egin zuten.

Euskalgintza gaur egun erronka horien aurrean behar bezala kokaturik ikusten al duzue?

Txillardegi: Euskalgintza ongi dagoela esango nuke. Hemen, galga goitik dator. Nola esplikatzen dira Osakidetzako 1715 plaza horiek? Nola Montero errektoreak euskara eta euskal irakaskuntza gutxietsiz esaten dituenak? Euskara ez da baloratzen. Irlandako kasuan gaude zoritxarrez. Mundu guztiak daki Irlandako hizkuntza ofiziala irlandera izan arren, ez dela egiazkoa, eta onarturik dago jada. Ni oso beldur naiz, Irlandakoaren antza handia du gure egoerak.

Paulo A.: Euskararen aldeko mugimendu soziala nahikoa indartsua da eta neurri batez egituratuta dago; ezinbesteko oinarria da hori, euskararen aldeko plangintza orokorra bideratu eta burutzeko, administrazio publikoa alde ala kontra egon. Hala ere, azken urteotan euskararen berreskurapenaren aldeko tentsio soziala galdu dugula iruditzen zait; kezkatu egiten nau horrek.

Baina euskalgintzak ba al du botererik, esaterako, Unibertsitateko errektore baten hautaketa baldintzatzeko?

Paulo A.: Oraingoa erdalduna da. Horrelakorik lehenago gertatu izan da, horri aurre egiteko baliabide juridikorik eta sozialik ez zegoelako. Oraindik zergatik gertatzen den horrelakorik? Badago euskal botererik, badugu euskararen ofizialtasuna –EHUn ere euskara ofiziala da– eta, hala ere, zergatik gertatzen da oraindik horrelakorik? Seguru asko, eta dauzkagun indar juridiko-politikoak dauzkagula ere, euskararen aldeko tentsio sozial handiagorik bagenu, EHUko errektorearen eta horrelakoen hautaketek eskandalu handiagoa sortuko lukete; eta orduan beharbada ezinezkoak izango lirateke. Batzuetan badirudi ez dutela eskandalu handirik sortzen horrelako izendapenek, nahiz eta berez sinestezinak eta guztiz “"anormalak" izan euskaldunentzat. Garai batean Donostiako alkatetzat erdalduna jarri zenean (Odon Elorza), izan zen eskandalurik eta protestarik euskalgintzaren munduan. Bilboko apezpiku erdaldunaren izendapenak ere sortu zuen zaratarik; baina oraingo Euskal Herriko bost apezpikuetatik bik bakarrik zekiten euskaraz, izendatu zituztenean. Horrelako egoerak eta izendapenak saihesteko gauza ez bagara, zera esan nahi du horrek: ahalbide juridikorik ez izateaz gain, galdu egin dugula tentsio soziala eta horrelako gertaeren aurrean biziki asaldatzeko gaitasuna.

Txillardegi: Nekatu egin gaituzte. Herri hau nekatuta dago. Zergatik dagoen nekatuta? Azken bi mendeotan egurra besterik jaso ez duelako. Eta hori nabaritu egiten da.

Beraz, euskararen alde azken urteotan "“irabazitakoa" ez da betirako. Oraindik atzera egiteko arriskurik bada?

Paulo A.: Bai, atzerantz egiteko arriskua dago. Euskararen erabileran ere bai; horren kaleko erabileraren azken neurketak kezka berezia sortu du, batez ere Iparraldean. Egindako aurrerapenei eutsi eta berriak irabazteko mugimendu sozial indartsu eta egituratua behar da, aldeko baliabide juridiko eta erakunde publikokin batera. Baina euskararen aldeko tentsioa egon dadin aurrera egitea garrantzitsua da, bestela etsitzeko arriskua baitago. Aurrera-pausoak ematen diren neurrian aurrerako tira horri eustea errazagoa da.

Txillardegi: Hemen tentazio bat egon da, Irlandako eredua aplikatzekoa: "“Goazen hemen gauza ofizialak finkatzera, eta irabaziak berez etorriko dira". Eta hori ez da egia. Herri mugimendua beharrezkoa da, hor dago edozein plangintza edo aldaketa prozesuren oinarria. Goitik datorren diskurtsoak dio, berriz, herri mugimendua arriskutsua dela atzean ezker abertzalea omen dagoelako eta abar.

Paulo A.: Alderdi ideologikoan," “euskararik gabe ez dago Euskal Herririk" ideia oso lorpen garrantzizkoa izan zen, eta indar sozial garrantzitsua zuen –eta du– euskarritzat. Azken urteotan, ordea, kontrako ideiarik ere indartu zaigu: "“euskara ez da beharrezkoa", “"hemen euskararik gabe ere bizi ahal izango gara"… Alderdi ideologikoan indartzen ari da “"Euskara zertarako?" edo “"Euskara ezertarako ez!" esaten duen sektorea. Geroak esango digu atzerakada ideologiko horrek nolako eragina izango duen euskararen ezagutza eta erabilera mailan. Dena dela, borroka ideologikoa guztiz garrantzizkoa du euskarak.

Txillardegi: Ideien mailako mugimendua gainerakoen aurretik joaten da. Lehenik kontzientzia sortzen da eta gero, pixkanaka, mugimendua etortzen da. Hemen goitik somatzen den diskurtsoaren muina oso txarra da. Lehen Frankoren garaian, gazte jendeak batez ere, ikusten zuen auzia politikoa zela eta gauzak aldatuz gero urratsak emango zirela. Baina orain ez. Hori gaindituta dago, hemen onartua dago "“statu quo"-a eta “"statu quo" honetatik ez goaz inora, ez hizkuntza mailan eta ez herri gisa. Nik ez ditut bereizten, gauza bera dira, planteamendu politikorik egin gabe “"salba dezagun" euskara esatea hogeitamar-berrogei urte atzera egitea da. Herri honek proiektu nazionalik ez badu euskarak ez du salbatzerik

Euskararen berreskurapen eta normalizazio lanetan eragile direnen artean adostasun estrategikorik ba al zegoen aurreko hamarkadetan? Nola ikusten duzue hori etorkizun laburrean?

Paulo A.: Aurrenik esan beharra dago, Euskal Herrian baditugula hiru lurralde juridiko-politiko, beren arteko inolako adostasunik eratu ezinean daudenak: Nafarroa, Iparraldea eta Erkidego Autonomoa. Baina horietako bakoitzean ere, nik uste, askotan gertatu izan da alderdi bereko agintariak eta erakunde publikoak ere hizkuntz politikan ados ez jartzea. Hori kezkatzekoa da, euskararen aldeko politika koherentea egin nahi baldin bada. Euskalgintzako erakunde edo talde sozialei dagokionez, berriz, azken hogeitabost urteotan mugimendu oso ugaria eta aberatsa eratu da. Horietako bakoitzaren hurbileko helburuak gora-behera, gehienen arteko adostasun estrategikoa nahikoa handia izan dela esango nuke. Zailagoa gertatu izan da sektore eta taldeen arteko koordinazio eta lankidetza konkretua, projektu zehatzak edo hurbileko planak jorratzeko orduan. Erakunde publikoen eginkizunei buruzko ikuspegi ezberdinek, eta unean uneko interes partikularrek ere bai, zaildu dute batzutan koordinario-lankidetza hori. Lehen aipaturiko hiru lurralde juridiko-politikoetako egoera ezberdinek zailduago egiten du erakunde sozialen arteko elkarlana ere.

Erakunde sozialen eta erakunde publikoen arteko lankidetza ez da erraza gertatu. Batetik, erakunde publikoek mugimendu sozialarekiko susmo txar eta beldurrez edo jokatu izan dute sarritan; ez dute jakin izan mugimendu horren baliabideez baliatzen euskararen aldeko benetako dinamika politiko indartsua bultzatzeko. Bestalde, euskalgintzako hainbat jendek nolabaiteko uzkurtasunez ikusi izan du maiz erakunde publikoen eginkizuna eta politika euskararen normalkuntzan –hainbeste urte bizi izanik euskaldunok erakunde publikoetatik urrundurik eta tirabiran, ondorioz horiekiko mesfidantza barneratua dagoela dirudi–; eragin kaltegarria izan du uzkurtasun horrek, kosta egiten nonbait gainditzea.

Dena dela, eta arazoak arazo, Euskararen gizarte erakundeen Kontseilua eratzea oso lorpen garrantzitsua izan dela uste dut, bai euskalgintzako sektore eta erakunde ezberdinen koordinazio eta elkarlanerako eta bai bestelako sektore sozialekiko eta erakunde publikoekiko lankidetzarako.

Txillardegi: Kontseiluaren arriskua da, diru arazo eta pragmatismoaren izenean aparatu ofizialaren mende jartzea.

Paulo A.: Agintari baten ahotik entzun berria dut: “"Jaurlaritzaren Biziberritzeko planaren kontra Plangitza estrategikoa egin du Kontseiluak". Ziurrenik ez bata eta ez bestea, ez dituzte elkarren kontra aritzeko egin. Datuak baditut esateko Kontseiluaren plana ez doala Biziberritze planaren kontra. Baina badago agintarien artean hori uste duenik. Horrelako egoeran erne egon beharra dago erakunde soziala aparatu ofizialaren transmititzaile hutsa bihur ez dadin.

EKB eta BAT aldizkariko lehendakari izan zaituztegu. Ardura horietatik hizkuntzaren auzia kokatu eta hori ulertzeko iritzia sortu eta informazioa hedatzeko lanetan aritu zarete. Gaur egun hizkuntza gizartearen gora-beherekin lotuta ikusten da eta soziolinguistika hizkuntzaren eztabaidarako oinarrizko erreferentzia bihurtu da. Benetan soziolinguistika alorreko jakinduriari serio erreparatzen al zaio euskararen berreskurapen eta normalizazio egitasmoak abian jartzerakoan?

Txillardegi: Herri mugimendutik gertu daduen erakundeek seriotan hartzen dute eta harrigarria da nola sartu diren zenbait kontzeptu: plangintza, normalizazioa… Hori lorpen handia da, baina beste alderdi askotatik ez zaio jaramonik egiten. Soziolinguistikari susmo txarrez begiratzen zaio, oinarri politikoa ikusten zaio askoren aldetik.

Paulo A.: Euskararen erabileraren normalizazioa hizkuntzalaritzaren eta soziolinguistikaren metodoen bidez arrazionalki aztertu eta bideratzeko urrats aipagarriak eman ditu euskalgintzako alorrak azken urteotan. Plangitzaren kontzeptua oso garrantzitsua da bide horretatik, boluntarismoa eta inprobisazioa gainditzeko. BAT aldizkaria bera edo SEI aurrerapen horren fruitu dira. Dena dela, batzutan neure susmoa dut, aldizkari hau berau ez ote den gehiegi lerratzen azterketa matematiko-estatistikoetara, euskal gizarteak beharrezkoak dituen hizkuntzaren eta euskararen gai eta motibazio antropologikoak lantzea ahaztuz.

Txillardegi: Erakunde askotan, udal askotan ere bai, oraindik ez dago hizkuntza prozesua planifikatu eta landu beharraren kontzientziarik. Oraindik bada hainbat udal euskara teknikaririk ere ez duena.

Euskararen erabilerari berebiziko garrantzia eman izan diozue biok. Horri esker zuen bultzadaz erabileraren neurketa eta erabilerari buruzko teoria matematikoa gure ondare zientifikoan leku aipagarria betetzen dute. Kostata bada ere, egun soziolinguistikan badakigu erabiltzeko benetako aukerak eta erabilera maila elkarri loturik doazela; euskalduna ez dela euskaraz gehiago mintzatzen egoerak mugatzen diolako eta ez bera errudun delako... Dena den, gizartean horren erroturik dagoen aspaldiko uste oker hori gainditzea lan handia ematen ari zaigu Zer eragin izan du ikuspegi horrek gizartean, euskalgintzan eta administrazioaren hizkuntza politikan?

Paulo A.: Sarritan erabili izan dute batzuk euskaldunon borondaterik eza euskara erabiltzeko, eta herritarron erantzukizuna gure hizkuntzaren aulezia sozialean; batzutan neurri politikoen eskasia edo eraginkortasunik eza estali nahian gainera. Euskaren kale-erabileraren neurketek erakutsia dute, euskaldunek oro har leialtasun handia dutela euskararekiko, baldintza sozio-kulturalak eta politikoak kontuan izanik, eta, uste izatekoa zitekeen baino gehiagotan erabiltzen dutela euskara. Hala ere, euskararen erabileraren—era guztietakoaren— garrantzia behin eta berriro nabarmentzekoa da, eta, beraz, herritarron –euskaldunon– erantzukizuna euskararen biziraupenean eta horren berreskurapenean. Horren kontzientzia eta horren araberako jokabideak sendotu eta indartu behar dira.

Txillardegi: Askok esaten didate euskaldunek ez dutela euskara erabiltzen. Horren aurrean erantzuna neurketak dira. Nik beti erantzuten dut esanez neurketak egiten ari garela, asko egin direla azken urte hauetan eta horren arabera erabilera gora doala. Eta euskaltzale askok ez didate sinisten. Beraz, hor, beharbada, gure ahulezia dago. Ez dakigu jendeari azaltzen behar bezala erabileraren fenomenoa eta uste oker horrek indarrean jarraitzen du.

Txillardegi: Hizkuntz harremanak isotropikoak izanez gero, erabilpen minimoa lortzen da : % 4,62 , lehenengo hurbilpenean. Eta anisotropia osoa balego, aldiz, erabilpenak % 26,91 iritsiko luke, maximoa. Hots, neurketek erakutsi dutenez, gaur egun %13,8an gaude. Urrun gaude minimotik, baina maximotik ere urrunsko. Eta hor dugu tartea. Nola bete ? Alfabetatze lanaz, euskaldun elebidunen leialtasuna azkartuz, eta hizkuntz harremanen anisotropia ere azkartuz.

Paulo A.: Kontuan hartzekoa da, bai, erdaldun elebakarren eragina euskararen erabilera oztopatu edo zailtzean, egoera formal eta informaletan. Baina euskara erabiltzeko oztopoak kentzeaz gain, euskara erabiltzeko aukerak ere zabaldu behar dira. Euskara ez da familian edo lagunartean erabiltzekoa bakarrik; euskarazko kultur eskaintza handitu eta zabaldu behar da, euskararen erabilera zabalduko bada, horrek ematen baitu hizkuntzaren bizitasunaren neurria.

Txillardegi: Hemen euskaraz ez dakien erdaldunak erdararen erabilera frankoren garaian bezala inposatzen du. Orain gutxi abertzaleen arteko bilera batean izan nintzen. Talde osoan pertsona bakar bat zen euskararik ez zekiena, mahaiaren buruan zegoena, hain zuzen. Beragatik denok erdaraz aritu behar izan genuen.

SEI elkarteak neurketaren emaitzak kaleratu berri ditu. Zein balorazio egiten duzue adierazle honek izan duen bilakaeraz? Eta etorkizunean izango duenaz? Eta emaitza hauen aurrean izan diren erantzunak nola baloratzen dituzue?

Paulo A.: Euskaren kaleko erabileraren neurketak garrantzi handia du. Egoera informaletan euskaldunok euskararekiko dugun jokabidea neurtzea kontu handikoa da.

Txillardegi: Neurketak dagoeneko lau dira, modu berean eginak denak, eta emaitzak oso logiko eta koherenteak dira. Zifra horiek sinesgarriak dira, lau urtean behin egindako lanak barne-koherentzia erakusten du. Emaitzak ikusita hazkundea abiadura moteltzen ari da. Egoera honetan espero daitekeen maximoa geroz eta hurbilago dagoela dirudi eta puntu txarrean gaude. Kurba behera joaten hasiko da horren ondoren. Badirudi erabilerak %15 inguruan planto egingo duela. Kurba horiek Irlandan ikusi genituen, %12ra iritsi zen eta hortik behera joaten hasi ziren. Beraz, gauzak aldatzen ez badira, urte gutxitan ezagutza eta erabileran maximora iritsiko gara. Oso maximo exkaxa da guretzat. Erabilpenaren maximoa hein horretan gertatzen bada, kitto. Gure hizkuntza bigarren mailakoa da erabat, horri egoera globala erantsita ez dago optimista izateko modurik.

Paulo A.: Hainbatek azken neurketak erakutsitako datu negatiboren batzuk nabarmendu dituelako, haserrerik ere agertu da hortik. Aurreko batean laguna dudan agintari politiko batek esan zidan, neurketaren irakurketa hori Jaurlaritzaren Euskararen Biziberritze plana zalantzan jartzeko erabiltzen ari direla. Baina neurketaren emaitzak hor daude; ezin dira ukatu, eta politikariek beren lana egiteko kontuan izan behar dituzte; eta ez, besterik gabe, neurketa-metodoa bera deskalifikatu, horien zorroztasun metodologikoa eta seriotasuna ukatuz edo. Bestalde, jende asko kezkaturik dago prentsan ikusitako datu negatiboen, batez ere Iparraldekoen, aurrean. Zalantzarik gabe, larriak dira datuok, batez ere joera horiek iraultzeko tresna egokirik ezean. Kezka hori etsipen bihurtuko ez bada, eta euskaldunen konfiantza suspertzeko, neurriak behar dira hartu, hain zuzen, eta baliabideak –juridikoak, politikoak, sozialak– eratu, euskararen biziraupena segurtatzeko, eta horren berreskurapen osoa eta erabileraren normalkuntza bultzatzeko.

BAT aldizkaria: 
44. 2002ko iraila. Europako Batasunaren geroa I Hizkuntz...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2002