Euskararen kale erabilera Araban: 1989-2001

Auzi korapilatsua dugu, beraz, eta erabileraren beheranzko joera adierazi duten eremu horietako aurrekariak, oraingo egoera eta urteetako gorabeherak gertuagotik aztertu beharko lirateke, joera ulergaitz horien zinezko arrazoi metodologikoak zein soziolinguistikoak zeintzuk diren ondorioztatu ahal izateko

Haurren hizkuntz portaera erdaldunagoaren azalpena ez da erraza eta hipotesi gisa, umeen zaintzaileena bota daiteke: hau da, haurrek euskara gehiago erabili ohi dute pertsona nagusiekin haien artean baino, baina, horretarako nagusiek ere euskara jakin behar dute, eta baliteke Araban baldintza horren gabezia orain duela urte batzuk baino nabarmenagoa izatea

Kalean behaturiko solaskideen sexuari erreparatuz gero, Arabako eta Gasteizko emakumezkoen euskararen erabilera zertxobait altuxeagoa da gizonezkoena baino (puntu batetik hamarren batera doan tartearekin, kasuen arabera), eta Euskal Herriko datuetan ere berezitasun bera aurkitzen dugu 2001ean, baina ez 1997an

Bestalde, nagusi eta haurren arteko euskara erabilera altuagoa da Araban eta Gasteizen, soilik haurren arteko hizketaldian baino (%9,4tik %13,7ra eta %0,3tik 7,8ra pasatuz, hurrenez hurren). Berezitasun hori bera Hego Euskal Herrian ikus daiteke, baina ez Iparraldean

2. HIPOTESIA: Euskararen gaitasunak gora egin du Araban, Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan bezala, baina ez erabilera.

Bigarren hipotesi horretan oinarrituta, Araban gertatu den euskararen ezagutzaren gorakada handia erabileran ez islatzea, kezkagarria litzateke

ingurune horren erdaldun batean euskaldunek euskara erabiltzeko aurki ditzaketen motibazioak ez dira gaur egun oso indartsuak izango; ez, bederen, gizartekotze-sari, politikazko ordain-sari edo erlijiozko ordain-sari gisakoak (Zalbide 2002: 48-49). Egun motibazioak egotekotan, gehienbat Euskal Herrikoa sentitzetik sortutako motibazio izanarazleak eta lanpostua bilatzeko erraztasunetik trukeordaineko motibazioak egongo dira

Euskal Herriko euskararen kale erabilera laugarren aldiz neurtzen duen ikerketa honek euskalgintzan eta hainbat gizarte eremutan interes guztiz ulergarria piztu du. Arabari dagokionez ere, bilduriko informazioak hainbat puntu azpimarragarri eskaintzen digu, ondoko lerroetan ikus daitekeen bezala.

Ikus dezagun, beraz, Araban gehien gailentzen diren zifrak eta joerak zeintzuk diren, datu orokorrenetatik abiatuta.

  KALE ERABILERA, ORO HAR (%)
URTEA Araba Gasteiz Euskal Herria
1989 3,9 1,9 10,8
1993 3,9 2,5 12,0
1997 3,8 2,9 13,0
2001 3,3 2,8 13,5

1. taula

Araban, 1989tik 2001era bitarteko kale-erabilera, oro har, mantendu bada ere, lehenengo begiradan begi bistan agertzen zaigunak jaitsierarako joera baten susmoa pizten digu, azkeneko zortzi urteetan erabilera %3,9tik %3,3ra bitartean apaldu baita. Baina, esan dezagun, aldiz, Gasteizko datuek ez diotela ildo berdinari jarraitzen, 1989tik 1993rako igoeraren ondoren, erabilerak, jaitsi partez, lorturiko maila berdinari eusten diolako.

Azter ditzagun norabide ezberdineko joera horiek eginiko gogoeten argira, ahalegin horretan beste datu batzuez baliatuta.

Lehendabiziko gogoeta. Kontuan hartzen badugu 1981etik 1996ra bitartean euskararen ezagutza asko hedatu dela Arabako lurretan, bi urtetik gorako biztanlerian (Eustat & Eusko Jaurlaritza 1998), deigarriagoa da hizkuntza horren erabilerak pairatzen duen geldiune edota higadura.

Bigarren gogoeta. 1981etik 1996ra bitartean euskararen ezagutza Araban eta Gasteizen proportzio berdintsuetan hazi da: hiriburuan, biztanleriaren %3,5 izatetik 13,6ra, eta, Araban, %3,8tik %14,6ra. Bestela esanda, euskaldunak Gasteizen 3,84 bider hazi badira eta Araban 3,88, ez dirudi Arabako erabileraren beherako joera eta Gasteizko egonkortasuna ezkongarriak direnik. Hau da, zergatik portaera ezberdin horiek erabilerarekiko Araban eta Gasteizen, bi eremuotan euskaldunen proportzioak oso antzera igo direnean?

Hirugarren gogoeta. Euskararen erabilera behatu diren udalerriz udalerriko azterketan murgildu gabe ere, erabileraren ustezko moteltzearen gaineko susmoa sendotzen doa joera bateko eta besteko udalerrien pisu demografikoari erreparatuta. Izan ere, batetik, Arabako biztanleriaren %84 biltzen duten udalerrietan (Aramaio, Gasteiz eta Laudion) erabilera mantendu edo igo bada eta, bestetik, biztanleriaren %5,4 dutenetan (Agurain, Amurrio, Bernedo eta Kanpezun) jaitsi bada, ez da logikoa Arabako batez bestea jaistea. Nola baldintza dezakete pisu demografiko txikiko udalerriek Arabako joera nagusia? Are zalantza gehiago sortzen da, 1981 eta 1996 bitartean behaturiko udalerri horietan guztietan euskaldunen proportzioak gora egin duela jakinda.

Azkenik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ezaugarri demolinguistikoak eta soziolinguistikoak oso diferenteak izanik ere, EAEko esparru administratibo -eta, beraz, hezkuntza sistema- berdina duten aldetik, Arabako euskararen kale-erabileraren etena nabarmenagoa eta harrigarriagoa litzateke Bizkaian eta Gipuzkoan agertzen den goranzko joerarekin alderatuta.

Auzi korapilatsua dugu, beraz, eta erabileraren beheranzko joera adierazi duten eremu horietako aurrekariak, oraingo egoera eta urteetako gorabeherak gertuagotik aztertu beharko lirateke, joera ulergaitz horien zinezko arrazoi metodologikoak zein soziolinguistikoak zeintzuk diren ondorioztatu ahal izateko.

Egin dezagun aurrera, baina, erabilera beste ikuspuntu batzuetatik aztertzen.

Kale erabilera, adin taldeka

  KALE ERABILERA, ADIN-TALDEKA (%)
URTEA Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak
  Araba Gasteiz Araba Gasteiz Araba Gasteiz Araba Gasteiz
1989 5,7 2,7 3,3 2,0 3,4 2,0 4,8 0,7
1993 5,8 4,2 3,5 2,0 3,5 2,6 4,1 0,9
1997 5,4 4,7 3,6 3,4 3,4 2,4 1,4 0,9
2001 4,4 3,5 3,7 3,4 3,2 2,9 0,9 0,3

2. taula

Adin tarteka hartuta, interes handiko datuak aurkitzen ditugu Araban. Gainera, horiek arakatzea lagungarri gerta dakiguke egoera eta joera orokorren muinetara hurbiltzeko:
· Adinekoen artean agertzen da jaitsierarik handiena, adin-multzo horrek Araban ia lau puntu galduz (%4,8tik 0,9ra) eta Gasteizen ere hamabi urteko datuen segidan balio apalena 2001ean lortuz (%0,7tik %0,3ra bitartean). Gogoan izan behar dugu, era berean, Hegoaldeko -ez Iparraldeko- datuen poderioz beste horrenbeste gertatzen dela Euskal Herrian, adin talde horren euskararen erabilerarekin, Arabakoa baino jaitsiera txikiagoaz bada ere (%13,7tik %12,0ra bitartekoa).
· Haurren, gazteen eta helduen artean norabide ezberdineko joerak agertzen zaizkigu Araban eta Gasteizen. Araban, beheranzko joera marrazten da haur eta helduentzat (5,7tik 4,4ra eta 3,4tik 3,2ra, hurrenez hurren), baina ez gazteentzat (%3,3tik %3,7raino igotzen baita). Gasteizen, aldiz, hiru adin-talde horietan gora egiten du erabilerak (%2,7tik %3,5era, %2,0tik %3,4era eta %2,0tik %2,9ra, hurrenez hurren).

Adin taldeka begiratuta, beraz, ezin dugu ondorio garbirik atera, Arabako eta Gasteizko joerak bat ez datozelako, adinekoen kasuan salbu. Itxuraz, gainontzeko adinetan Gasteizen goranzko joera apala gertatzen den bitartean, Araban, oro har, denetik dago, adin taldeen arabera.

Adin taldekako euskararen erabilerak Araban duen norabide garbirik gabeko ibilbide ulergaitzek arestian sortu zaizkigun informazioaren gaineko zalantzak berresten dituzte. Halere, aurre-hipotesi gisa ondoko usteak botatzera ausartuko gara:

· Azken urteotan erretiro-sasoira iristen ari den belaunaldia, dagoeneko jubilatuta zegoena baino erdaldunagoa da. Araban, bereziki, duela 40-50 urte etorritako etorkinen pisua gero eta handiagoa da adinekoen artean, azken hauen euskara erabilera jaitsaraziz.
· Haurren hizkuntz portaera erdaldunagoaren azalpena ez da erraza eta hipotesi gisa, umeen zaintzaileena bota daiteke: hau da, haurrek euskara gehiago erabili ohi dute pertsona nagusiekin haien artean baino, baina, horretarako nagusiek ere euskara jakin behar dute, eta baliteke Araban baldintza horren gabezia orain duela urte batzuk baino nabarmenagoa izatea. Araban umeen zaintzarako pertsona euskaldunak bilatu eta aurkitu dituzte guraso erdaldun askok, aurreko urteetan; orain, berriz, eta lan aukera hobeak direla medio, euskaldunek bestelako lan eskaintzak nahiago dituzte, ume-zaintza kanpotarren edota aiton-amona erdaldunen (gero eta erdaldunagoen) eskuetan sarriago utzita.

Kale erabilera, sexuaren arabera

  KALE ERABILERA, SEXUAREN ARABERA (%)
URTEA Araba Gasteiz Euskal Herria
  Emakume. Gizonez. Emakume. Gizonez. Emakume. Gizonez.
1997 5,1 4,6 4,7 3,7 13,1 13,4
2001 3,8 3,0 3,0 2,9 13,8 13,4

3. taula

Kalean behaturiko solaskideen sexuari erreparatuz gero, Arabako eta Gasteizko emakumezkoen euskararen erabilera zertxobait altuxeagoa da gizonezkoena baino (puntu batetik hamarren batera doan tartearekin, kasuen arabera), eta Euskal Herriko datuetan ere berezitasun bera aurkitzen dugu 2001ean, baina ez 1997an.

Urrats bat gehiago emanez, ikus dezagun sexuaren araberako hizkuntz portaera behaturiko hiztunak adin tarteka bereiztuta.

2001 urtea EMAKUMEZKOEN ETA GIZONEZKOEN KALE ERABILERAREN ARTEKO ALDEA (*)
  Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak
Euskal Herria 1,8 3,4 0,6 -1,7
Araba 0,3 3,9 0,2 -0,2
Gasteiz -1,1 4,2 -0,7 -0,1
(*) Balio positiboak, emakumezkoen aldeko diferentziak dira

4. taula

Sexuaren araberako erabilera aldi berean adin tarteka aztertuz gero, Araban ere Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan nagusitzen den joera batekin egiten dugu topo: emakumezkoen erabilera handiagoa da gizonezkoena baino haur, gazte eta helduen artean, baino ez adinekoengan. Eta emakumezkoen aldeko erabilera hori are nabarmenagoa da gazteengan, beste adin taldeetan baino. Iparraldean, berriz, nagusitzen den joera guztiz kontrakoa da: adin talde guzti-guztietan da handiagoa gizonezkoen euskararen erabilera emakumezkoena baino.

Hego Euskal Herriko hiriburuetako datuak aztertuta, alabaina, lurraldeetan antzemandako joera horiek kasu batzuetan mantendu arren beste batzuetan nahasten dira, Gasteizen gertatzen den bezala; hiri honetan, soilik gazteengan da handiagoa emakumezkoen euskararen erabilera ginezkoena baino, 4,2 puntuko aldearekin.

Gauzak horrela, zaila da, benetan, interpretazio ahalegin koherentea burutzea, sexuaren araberako joera garbi eta orokorturik antzematen ez delako. Alabaina, adinduen arteko gizonezkoen euskararen erabilera hedatuagoa, batetik, eta (hiriburuetako portaera nahasia salbu) Hego Euskal Herriko emakumezkoek euskaraz gehiago egiteko erakusten duten joera, bestetik, kontuan hartzekoak direlakoan gaude.

Horregatik, eta Euskal Herriko Iparralde eta Hegoaldeko oraintsu arte euskara ondorengotaratzeko zein jarrera eta portaera ezberdinak nagusitu diren ikusita, ez dirudi astakeri bat ondoko hipotesia luzatzea -tentu handiz bada ere-: kulturalki emakumezkoek garai eta hizkuntz exijentzia berriei egokitzeko gaitasun handiagoa erakusten dute eta gizonezkoek, aldiz, ohitura eta usadioei eusteko joera sendoagoa.

Ideia horren arabera, euskararen transmisio eta berreskurapenerako interes eta ahalegin handiak agertu diren gizarte eremuetan (Hegoaldeko askotan) emakumezkoak aitzindari dira gizonezkoen aurretik, batetik; eta, bestetik, ospe eta balio sozialik handiena duen hizkuntza erdara (frantsesa) izan denean, emakumezkoek gehiago jo dute horren alde, hizkuntz aldaketaren aurrean gizonezkoek portaera zurrunagoa dela medio, euskarari estuago lotuz. Ideia ausarta, dudarik gabe, geroak berretsi edo gaitzetsi beharko duena.

Kale erabilera haurren presentziaren arabera

2001 urtea KALE ERABILERA, HAURREN PRESENTZIAREN ARABERA
  Nagusien arteko erabilera Haur-Nagusien arteko erabilera Haurren arteko erabilera
  Haurrak tartean daudela (A) Haurrik gabe (B)
Indizea:
(A – B) x100

B
Euskal Herria 25,1 11,4 120 29,5 29,0
Araba 11,5 2,8 310 13,7 9,4
Gasteiz 4,4 1,8 144 7,8 0,3

5. taula

Behaturiko solaskideen arteko euskararen erabilera asko areagotu da nagusiak eta haurrak batera aurkitu ditugunean, mintza jardunean soilik nagusiak nahiz haurrak direnekiko. Joera hori Hego Euskal Herriko lurralde guztietan –ez Iparraldean- eta, beraz, baita Araban eta eskualde honen hiriburuan, Gasteizen, agertu da. Eta haurrak tartean direnean euskarak duen igoera izugarri hori argi adierazten du horren gainean sorturiko indizeak: Euskal Herrirako igoera-indizea 119koa den bitartean, Araban 309koa eta Gasteizen 148,3koa dira.

Bestalde, nagusi eta haurren arteko euskara erabilera altuagoa da Araban eta Gasteizen, soilik haurren arteko hizketaldian baino (%9,4tik %13,7ra eta %0,3tik 7,8ra pasatuz, hurrenez hurren). Berezitasun hori bera Hego Euskal Herrian ikus daiteke, baina ez Iparraldean.

Zalantza izpirik ez dugu horren azpian dagoena, euskara ondorengotaratzeko Hegoaldean nagusitu den kezka dagoela. Haurrei (eta txakurrei?) euskaraz egin behar zaiela, belaunaldi batzuen leloa izan da; baliteke, dena den, ez oraingo gazteena. Gizarte sinesmen eta jokaera horiek ziurtatu dute gurasoengandik umeenganako transmisioa, gurasoen gaitasun eskasa (askotan) tartean bazegoen ere.

ONDORIOAK ETA GOGOETAK

Arabako datuak itsumustuan begiratuta euskararen erabilera higatu dela pentsatzeko motiboa topa dezakegu; halere, informazioan sakondu ahala bat-bateko uste hori zalantzan jartzeko susmoak baditu sustrai sendoak, arestian azaldu diren datuetan oinarrituta.

Horregatik, Arabako kale neurketan datuen segidatik ondorio sendo eta borobildurik atera partez, hipotesi irekiak luzatzea zentzudunena litzatekeelakoan gaude.

1. HIPOTESIA: Arabako erabilera datuak lagin-errorearen baitako tartean erraz ezkuta daitezke.

Izan ere, Arabako euskaldunen proportzioa (Aramaiokoa, salbu) oso apala izanik, erdararen giroan murgilduta bizi diren euskaldunei dagokien erabilerak ere apala behar du izan, derrigorrez. Eta laginketaren bidezko datu guztietan ezinbestez gertatzen den lagin-errorea kontuan hartuta, euskararen erabileran balizko aldaketa txiki oro -goranzko nahiz beheranzkoa- lagin-alboraketa horren barnean suerta daiteke, benetako joera nolakoa den ezagutzeko parada galaraziz.

Beraz, baliteke hautematen diren aldaketa txiki horiek metodologiaren baitako gora-beheretan ulertu behar izatea, zinezko errealitatea diferentea izanik.

2. HIPOTESIA: Euskararen gaitasunak gora egin du Araban, Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan bezala, baina ez erabilera.

Bigarren hipotesi horretan oinarrituta, Araban gertatu den euskararen ezagutzaren gorakada handia erabileran ez islatzea, kezkagarria litzateke. Errealitate gordin horren funtsean ondoko baldintzak egongo lirateke:

· Euskararen aldeko plangintzarik eza; hau da, Arabako instituzio publiko eta eragile pribatu gehienek –salbuespenak salbuespen- ez diote plangintza serio bati ekin euskara berreskuratu eta erabilera areagotu ahal izateko.
· Jendeak –baita euskaldun askok ere- uste izan du euskara ikastearekin nahikoa zela, baina, ez da horrela; edozein hizkuntzarekin gertatzen den bezala, erabilerarik ezean euskara galdu egingo da, norberak ahaztuko duelako, eta gizarteak erdararekin ordezkatuko duelako.
· Beraz, ume nahiz eta gazteek azken hamarkadotan berreskuratutako euskarazko gaitasuna erabileran isla dadin, gizartean elebitasuna bermatzen duten beste neurri eraginkorragoak beharrezkoak lirateke.

Arabako errealitatea gertutik eta zehatz ezagututa, bigarren hipotesi honek ere zinezkoa dirudi, euskaldunen ugaritze berriak erabilerarako baldintza guztiz desegokiekin egin baitu topo, ondoko analisi-eskemaren (Martínez de Luna 2001: 49-66) baitan ikus daitekeenez:

· Norbanako baldintzak (gaitasuna eta motibazioa): euskararen gaitasunak aurrera egin badu ere, oraindik oso maila apalean dago Araban eta Gasteizen; baina gaitasun hori nolakoa den ere ezin dugu ahaztu, arabar elebidun gehienen gaitasun erlatiboa (Eusko Jaurlaritza et al. 1997, 1. alea, 39) erdararen aldekoa baita (erdara hobeto dakite euskara baino). Bestalde, ingurune horren erdaldun batean euskaldunek euskara erabiltzeko aurki ditzaketen motibazioak ez dira gaur egun oso indartsuak izango; ez, bederen, gizartekotze-sari, politikazko ordain-sari edo erlijiozko ordain-sari gisakoak (Zalbide 2002: 48-49). Egun motibazioak egotekotan, gehienbat Euskal Herrikoa sentitzetik sortutako motibazio izanarazleak eta lanpostua bilatzeko erraztasunetik trukeordaineko motibazioak egongo dira (Larrañaga 2000: 243-244).
· Komunitate hurbileko baldintzak (aldeko baldintza demografikoak eta harreman sareak): hiztun-komunitate baten indarra bere partaideen dentsitatean eta euren arteko harreman sare trinkoetan datza neurri handian (Eusko Jaurlaritza et al. 1997, 1. alea, 39). Urrutitik ere ez da halako baldintzarik Arabako lurretan betetzen (beti ere, Aramaio salbu).
· Gizarte-egitura mailakoak (erabileraren ageriko onarpena eta gizarte ospea nahiz erakargarritasuna): euskararen erabilerari zilegitasuna emango lioken kaleko nahiz erakunde publiko edo pribatuetako baldintza egokirik ez dago; are gehiago, gehienbat kontrakoak dira, eta Arabako euskaldunek jendaurrean euskara erabil dezaten, militantzia porrokatua (eta lotsarik eza) agertu behar dute. Ildo horri jarraiki, lehenago aipatzen genuen euskararekiko interesa ez dela jendaurrean nagusituko, argi dago.

3. HIPOTESIA: Bai lehenengo hipotesiak baita bigarrenak ere funtsa erreala izan dezakete, bi hipotesi horiei dagozkien arrazoiek euskararen erabileraren gaineko emaitzetan eraginez.

Hau da, datuen ustezko kontraesanak laginaren bidezko izaeran (gora beherako tarte baten baitan) dautzala, baina, era berean, euskararen erabilera suspertzeko neurriak, Araban, eskasak dira eta ez dute ahalmenik euskarazko gaitasuna erabilera bihurtzeko.

Dena den, hipotesi hauetatik guztietatik zinezkoena zein den ziurtasunez jakiteko, eta, ondorioz, ustezko joera horiek berretsi edo gaitzetsi ahal izateko, hurrengo neurketa bateko emaitzei itxoin beharko diegu, ezinbestez.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

Eustat & Eusko Jaurlaritza (1998) II. Soziolinguistikazko Mapa (2. alea).

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Kultur Erakundea (1997) Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta 1996. Euskararen Jarraipena II. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Kultur Erakundea (argitar.).

Larrañaga, Nekane (2000) Jarrerak eta jokabideak euskararen etorkizunari begira. In Hainbat Egile (2000) Etorkizuna Aurreikusten 99: Euskal Herriko Gaztetxoak eta Euskara (Martínez de Luna, argit.).

Martínez de Luna, Iñaki (2001) Euskal Herriko gaztetxoen hizkuntz egoera aztertzeko eredu orokorraren proposamena. Bat Soziolinguistika aldizkaria 40.

Zalbide, Mikel (2002) Ikasleek ba al dakite euskaraz? Eta erabiltzen dute?. Bat Soziolinguistika aldizkaria 42.

BAT aldizkaria: 
43. 2002ko ekaina. Kale erabileraren IV. neurketa, 2001...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Araba
Egilea(k): 
Iñaki Martínez de Luna
Urtea: 
2002