Elkartasuna eta estatusa hizkuntz jarreretan: euskararen erabilera aurreikusten?

Euskal gizartean, berriz, aldaera baten edo bestearen hiztunak ezin ditugu maila sozio-ekonomiko jakin bategaz lotu, ezta talde etniko edo sozial jakinekin ere. Batua egiten dutenak ez dira gipuzkera edo bizkaiera egiten dutenen aldean aberatsago edo boteretsuago.

Mendeetan euskaldunen komunitatetik kanpoko estatus soziala eskasa izan da. Euskaldun boteretsuek, gainera, erdarara jotzen zuten arrazoi erabiltzaile eta integratzaileengatik.

Zorionez, estatus mailako prestigio handia ez bazuen ere, euskarak bazuen elkartasun mailako balio oso indartsua. “Euskara da euskaldun egiten gaituena»

Gazteen arteko euskararen erabilera aurreikusi asmoz, eta zeharka neurtzeko, euskara eta erdararekiko aipatutako dimentsio biotan ematen diren jarrerak aztertu ditugu

Baina denborak eta propio egindako ikerketek erakutsi dutenez, hizkuntza baten aldeko jarrera eta interesa egonda erabilera ez da ziurtatzen. Jarreren gaineko galderak eginda, jendeak benetan irizten diona baino une horretan modan zer dagoen, zer den politikoki egokia edota zer uste duen ikertzaileak jaso nahi duela kontuan izanda erantzuten du askotan.

neska batek euskaraz egin duenean elkartasun mailan jaso duen emaitza erdaraz egin duenean baino altuagoa bada eta bataz besteko biak estatistikoki ezberdinak[9] badira, ikasleek barru-barruko harremanetarako erdara eta erdaldunak baino euskara eta euskaldunak hobesten dituztela ondorioztatuko genuke.

euskararen erabilera egoera informaletan apurka-apurka gehituz badoa ere igoera oso motela da (Altuna 1998) eta askoren ardura da harreman intimoetan gazteen artean erdarara jotzeko joera (Esnaola 1998, kasurako). Hemen aurkezten dugun ikerketaren helburua euskaraz eskolatu diren gazteen euskara eta erdararekiko jarrera neurtzea da.

lekukoek somatutako euskarazko hizkuntz gaitasunak garrantzi handia dauka hiztunak profesionaltasun mailaz egingo izango duen iritzian, baina ez elkartasun mailan

Horregatik, hizkuntz plangintzari begira, euskararen elkartasun mailako balioa eta integratzeko funtzioa bultzatzeko ahaleginen garrantzia azpimarratu behar dira.

SARRERA

Hizkuntz plangintzaren arloan garrantzi handia eman zaie jarrerei. Komunitate linguistiko baten aldaketa soziala eragin nahi bada, gure kasuan hizkuntza minorizatuaren erabilera sendotu eta zabaldu nahi bada, hiztunen hizkuntz horrekiko jarrerak oso garrantzitsuak izango dira, aldaketa onartzea eta gauzatzea jarrera ona edukita errazagoa izango da eta. Horregatik, egoera linguistikoaren diagnosia egiten denean beti aztertzen dira hizkuntzarekiko eta bere aldeko plangintzarekiko jarrerak.

Baina hizkuntz plangileek ez ezik psikologo eta soziologoek ere interes handia daukate hizkuntz jarreretan. Aldaera (dela dialektoa dela hizkuntza) batekiko jarrerak aztertuta aldaera hori egiten duten hiztunekiko dauden aurreiritzi eta estereotipoak azalarazten dira. Aldaera ezin da hiztunengandik banatu, haien adierazlerik argiena baita. Beraz, aldaerarekiko jarrera eta haren hiztunekikoa bat bera izango da.

Euskara eta euskaldunekiko jarrerak etorkizuneko erabileran izan lezakeen eragina aztertzeko asmoz belaunaldi gazte eta euskaraz eskolatuen jarrerak aztertu ditugu. Jarreratik beti jokabide linguistikoa segurtatu ezin bada ere, estatus eta elkartasun mailan euskara eta erdararekiko jarrerak azaleratuta dimentsio biotan ze erabilera egin daitekeen aurreikus genezake.

DIMENTSIOAK

Hizkuntz eta gizartearen munduan sarri kontrajarri dira estatusa eta elkartasuna. Estatusak boterearekin eta alde profesionalarekin zerikusia daukan bitartean elkartasuna lagunen alde intimoarekin eta harreman pertsonalekin erlazionatuta dago. Hizkuntz jarrerei dagokienez, azterketa askok jarrerak bi dimentsio hauetan ematen direla erakutsi dute eta, gainera, bi dimentsiook independenteak direla. Edo, beste modu batera esanda, hizkuntz edo aldaera batekiko estatus mailan jarrera ona izan arren, elkartasun mailan jarrera negatiboa eduki daitekeela edo alderantziz.

Aldaera bat hobesten edo gaitzesten denean, dudarik ez dago aldaera hori egiten duten hiztunak epaitzen direla. Gainera, hiztunak ez dira bakarka eta isolatuta ebaluatzen baizik eta taldekide moduan. Edwards-ek adierazi bezala, “individuals -with all their personal strengths and weaknesses- are viewed in stereotypical group terms» (1999:103). Askotan jendeak bestela uste badu ere, aldaerak ez dira berez politak, atseginak edota hobeak.[2] Horrelako ebaluaketak egiten ditugunean arrazoi sozialak izaten ditugu. Alemaniera oso hotza egiten zaie askori alemanekiko daukagun perfekzio eta hoztasun estereotipoagatik. Hurbilago joanda, zuberera oso gozo eta polita ei da, agian zuberotarrekiko dugun estereotipoaren (baserritarra, kantari ona, erromantikoa) aldeko garelako.[3] Berez, hiztunen behar komunikatiboei erantzuteko zuberera ez da alemanera edo frantsesera baino hobea edo egokiagoa eta bata bestea baino gehiago gustatzea hiztunekiko ditugun estereotipoek bultzatuta eta hiztunen inguruan dauden beste alderdi sozial edota kulturalei erreparatuta gertatzen da.

Hizkuntz jarrerak azalarazteko azterketa asko egin dira. Hizkuntz jarrerak hizkuntz aldaerarekiko barik hiztunekiko estereotipoak islatzen dituztela pentsatuta, lehen azterketetan pertsonaren hiru dimentsiori erreparatuta aztertzen ziren: gaitasun intelektuala, pertsonaren zintzotasuna eta erakargarritasun soziala (Lambert 1967). Hala, hizkuntz jarrerak azalarazteko hiztunen hiru ezaugarri horiek ebaluatzeko eskatzen zitzaien jarrera-emaileei. Hiru dimentsiook gero bitan murriztu ziren: estatusa eta elkartasuna.

Estatusaren dimentsioan, hiztunek beste hiztun bat ebaluatzeko haren estatus sozio-ekonomikoari, heziketa-mailari eta ogibideari erreparatzen diete, Lambertek proposatzen zuen gaitasun intelektualari, hain zuzen. Elkartasunaren dimentsioan, ondo zehaztutako talde etniko edo sozialak egonda, hiztun hori jarrera ematen duenaren taldekidea den ala ez erabakitzailea izango da berarekiko jarrerak ematerakoan. Taldekideak izanda, epaileak normalean hiztun hori hobetsiko du. Elkartasunaren dimentsioak lehen hizkuntz jarreren gaineko azterketen pertsonaren zintzotasuna eta erakargarritasun soziala batzen ditu.

Dimentsiook independenteak dira. Askotan, estatus edo profesionaltasunaren mailan oso positiboki somatzen den hiztuna elkartasun mailan negatiboki somatzen du jendeak. Esaterako, ingelesaren “Received Pronunciation» (edo Bretainia Handiko erregina-familiak erabiltzen eta eskola garestiek irakasten duten aldaera) erabiltzen zuten hiztunak nahikoa negatiboki antzeman ziren elkartasun edo maila pertsonalean (Coupland, Williams eta Garrett 1994). Beste ikerketa batek erakutsi duenez, eskoziar azentua zuten hiztunak elkartasun mailan oso ondo antzeman ziren, estatus mailan gaitzetsi arren (Romaine 1980). Kasu bi hauetan, beste gizarte askotan legez, gaitasun intelektuala estatus eta botere sozio-ekonomikoagaz lotzen da. Edo beste modu batera esanda, boterean daudenen aldaera bera erabiltzen duen hiztuna errez onartzen da. Bretainia Handian maila sozio-ekonomikoak zorrotz sailkatzen du gizartea eta hiztunekiko eta haien aldaerarekiko jarrerak ematerakoan aldagai sozio-ekonomikoak garrantzi handia dauka jendea ez kargutuagatik.

Euskal gizartean, berriz, aldaera baten edo bestearen hiztunak ezin ditugu maila sozio-ekonomiko jakin bategaz lotu, ezta talde etniko edo sozial jakinekin ere. Batua egiten dutenak ez dira gipuzkera edo bizkaiera egiten dutenen aldean aberatsago edo boteretsuago. Erdaldun elebakarrak, ezta euskaldun elebidunak ere, ezin ditugu gaur estatus sozio-ekonomiko jakin bategaz erlazionatu. Gure gizartea, Giles eta Ryan-en berbetan (1982), taldeari baino gizabanakoari begira dago. Aldaera bat edo beste erabiltzen duen hiztuna modu estereotipatuan ebaluatzerakoan, estatus, klase sozial eta botereari erreparatu beharrean, gaitasun intelektual eta profesionaltasunari erreparatzen diegu. Hala, estatus edo profesionaltasun mailan aldaera baten hiztunak ondo antzeman ezkero, aldaera hori egiten duen edonor oso pertsona argi, langile eta arduratsu somatuko dugu. Elkartasun mailan, ez gara saiatuko hiztun hori talde jakin batean kokatzen, erakargarritasun sozialagaz zerikusia daukaten ezaugarriak hartuko ditugu kontuan: eskuzabaltasuna, zintzotasuna, pertsonaren izaera atsegin eta lagunkoia, esate baterako.

Estatus eta elkartasunaren dimentsioak beste arlo batzuetan ikerturiko dimentsio pareekin badaukate zerikusirik. Batetik, lehen esan bezala, soziolinguistika bariaziozalean erabiltzen diren ageriko (ingelesez ‘over prestige’) eta ezkutuko (ingelesez ‘cover’) prestigio kontzeptuak ildo beretik doaz. Kontzeptu hauek maila sozial -edo sozio-ekonomikoan- txarto ikusita dauden taldeek haien aldaerari utzi eta talde boteretsuena zergatik ez duten hartzen azaltzeko asmatu zituen Trudgill-ek (1974). Estatu Batuetako beltz edo hispanoak, esate baterako, badaki gizarte amerikarrean haiek erabilitako hizkera maila sozio-ekonomiko baxuko jendearekin lotuta dagoela eta maila sozio-ekonomiko baxuko jendea gaitzetsita dagoela. Afroamerikar edo hispanoak badaki haien aldaerak ageriko prestigio oso eskasa izan arren, talde barruan ezkutuko prestigio handia daukala, euren identitatearen adierazgarria da eta. Estatus mailan prestigio gutxi izan arren elkartasun mailan handia dauka eta horregatik ez da aldaera bertan behera uzten.

Hizkuntz edo aldaera bati eusteko, gordetzeko zein eskuratzeko, motibazio berberak egon litezke. Estatus eta elkartasunaren dimentsioak bigarren hizkuntzen eskurapenaren arloan erabiltzen diren motibazio erabiltzaile eta integratzaileekin (Gardner eta Lambert 1972) aldera ditzakegu. Bigarren hizkuntza bat ikasten duenak lan merkatuan aukera gehiago izan dezan ikasten badu, estatus mailako motibazioa dauka. Komunitate jakin baten hobeto integratzeko egin ezkero elkartasun mailako motibazioa izango du. Aldaeren erabilerari dagokionez, aldaera batek estatus mailan edota elkartasun mailan prestigioa izan ala ez garrantzi handikoa izango da gero hiztunek aldaera hori egoera profesional edota lagunartekoetan erabiliko duten ala ez.

ESTATUSA ETA ELKARTASUNA EUSKARAREN KASUAN

Euskararen bizi luzean bi dimentsiook indar ezberdina izan dute. Mendeetan euskaldunen komunitatetik kanpoko estatus soziala eskasa izan da. Euskaldun boteretsuek, gainera, erdarara jotzen zuten arrazoi erabiltzaile eta integratzaileengatik. Batetik, Euskal Herritik kanpo eskaintzen zitzaizkien merkataritza eta lan aukerak zirela eta, ama-hizkuntzari utzi eta boteretsuagoena hartzen zuten. Bestetik, beste taldean integratu asmoz, taldekide izateko, haien modu sozial eta kulturaletan murgiltzen ziren eta erdaldunen munduan sartzeko “barbaroen hizkuntza» zen ahaztu behar zen lehen gauza.

Zorionez, estatus mailako prestigio handia ez bazuen ere, euskarak bazuen elkartasun mailako balio oso indartsua. “Euskara da euskaldun egiten gaituena» esaldi famatuak eta “euskaldun» -euskaradun- berbak berak argi azaltzen dute euskararen elkartasun eta identitate mailako funtzio intimoa. Historian zehar euskara galdu ez badugu gure identitatearen alderik garrantzitsuena delako izan da, gure harreman estuetan, gure modukoen taldean (dela familia dela lagun taldea) besterik, berez, ezin dugulako egin.

Euskararen aldeko hizkuntz plangintza modernoaren hasieran elkartasunak eta motibazio integratzaileak garrantzi handia izan dute. Hirurogeita hamargarren hamarkadako euskara berreskuratzeko mugimenduan lan egiten zuen jendeak arrazoi integratzaileengatik egiten zuena ez dago dudarik. Euskaldun izateak ez zeukan inolako abantailarik lana bilatzeko eta euskarari eutsi gura zionak edo eskuratu nahi zuenak euskaldunen komunitateko kide izateko egiten zuen.

Hizkuntz politikaren hasieran, euskararen ofizialtasuna eta administrazio publikoan eta hezkuntza-sisteman bultzatzeko lege eta arau instituzionalak zirela medio, euskararen balio erabiltzailea indartu nahi zen. Euskarak aurrera egin zezan “zer edo zertarako» balio behar zuen: euskaldun izateak, administrazio publikoan behintzat, lana bilatzeko orduan abantaila izan behar zuen. Estatus edo profesionaltasun mailako egoera guztietara zabaldu behar zen euskararen erabilera.

Euskara berreskuratzeko plangintzan lau hamarkada pasatuta, atzera begiratu eta euskararen aldeko jarreran eta, batez ere, jokabide linguistikoan (erabileran, hain zuzen) aldaketa sozialik egon den ebaluatzea proposatzen dugu. Jarrera ona edukita, horren aldeko jokabidea beti ezin bada ziurtatu ere,[4] aldaera baten hiztunekiko jarrera txarra izanda nekez onartuko da haien hizkuntza, eta nekez erabiliko da.

Gazteen arteko euskararen erabilera aurreikusi asmoz, eta zeharka neurtzeko, euskara eta erdararekiko aipatutako dimentsio biotan ematen diren jarrerak aztertu ditugu. Estatusaren dimentsioan ematen diren jarrerak aztertuta, gazteok euskarari maila profesionalean ematen dioten balioa ikus genezake eta elkartasun mailan ematen diren jarrerak[5] azaleratuta harreman intimoetan egon daitekeen erabilera aurreikus genezake. Erabilera eta prestigio mota biak, bai profesionaltasun edo estatus mailakoa bai elkartasun mailakoa, oso garrantzitsuak dira euskararen biziraupena ziurtatzeko. Euskara beti erdararekin lehian dagoenez, hizkuntz biekiko aztertuko ditugu jarrerak, hau da, beti ere erdara eta euskararekiko ematen diren jarrerak alderatuta. Horretarako, metodologia berezia erabiliko dugu.

EUSKARAREN ALDEKO JARRERAK: METODO ZUZENAK ETA ZEHARKAKOAK

Ugari dira euskararekiko jarrerak eta interesa aztertu dituzten lanak. Arestian esan bezala, hizkuntz minorizatuen kasuan eta bigarren hizkuntzaren eskurapenaren arloan jarrerek jokabide linguistikoan, hau da erabileran, eragin zuzena dutela suposatzen da: termino orokorretan esanda eta salbuespenak salbuespen, jarrera ona izanda, bigarren hizkuntzaren ikasleak errazago eskuratu eta erabiliko du hizkuntz hori eta ama-hizkuntz duenak ere erraz eutsiko dio.

Euskara eta erdarekiko hizkuntz jarrerak neurtzeko erabili diren metodoak gehien bat zuzenak dira (Azurmendi 1986,1998; Argüeso 1988; Eusko Jaurlaritza 1995; Martínez de Luna 1995; Ramírez 1991, besteak beste). Jendeari zuzenean galdetu zaio zein iritzi duen euskararen aldeko plangintza dela eta: ea ezinbestekoa den haur guztiek euskara ikas dezaten, ea Euskal Herrian ikusi eta entzuten diren telebista eta irratiek programa askoz gehiago izan beharko lituzketen euskaraz eta ea Euskal Herriko administrazio publikoan sartzeko beharrezkoa izan beharko litzatekeen euskara jakitea (Eusko Jaurlaritza 1995), kasurako. Sarri ikusi da lekukoa elebiduna ala erdal elebakarra izan eragina duela emango dituen hizkuntz jarreretan. Ez da harritzekoa euskaldunek erdaldunek baino euskararekiko jarrera hobea izatea.

Jendeak dituen interes eta jarrerak neurtuta, zuzenean lekukoak diona jasota, erabilera eta plangintzaren arrakasta aurreikusi daitekeela suposatzen da sarri: plangintzaren aldeko jarrera zabala egonik plangintza hori arrakastatsua izango da, hizkuntz plangileen ustez.

Baina denborak eta propio egindako ikerketek erakutsi dutenez, hizkuntza baten aldeko jarrera eta interesa egonda erabilera ez da ziurtatzen. Jarreren gaineko galderak eginda, jendeak benetan irizten diona baino une horretan modan zer dagoen, zer den politikoki egokia edota zer uste duen ikertzaileak jaso nahi duela kontuan izanda erantzuten du askotan. Horrelako aurre-planteamenduek baldintzatuta jasotako jarrerak jokabide linguistikoan izango duen eragina murriztuko da. Izan ere, hizkuntza minorizatuen kasuan, eta batez ere taldekideen artean galera estrukturalaren kontzientzia dagoenean, esandako jarrera askotan ekintzazko jarrera baino baikorragoa izaten da (Dorian (1980) Eskoziako gaeliko eta Silva-Corvalán (1994) Kaliforniako espainierarako, besteak beste).

Hizkuntz jarreren arloan aspaldi hasi zen zeharkako metodoak erabiltzen (Lambert 1972), kontzientziapeko jarrerek kontzienteek baino erabileran eragin zuzenagoa izango dutelakoan. Zeharkako metodologia erabilita, lekukoari ez zaio zeren atzetik gabiltzan jakiten uzten. Edo beste modu batera esanda, kontzientziapeko jarrerak batzeko ez zaio esaten bere jarreretan daukagula interesa.

Lambert ikertzaile famatuak egin zuen izen handiko azterketa hartan metodologia aitzindaria erabili zen: matched guise deritzon teknika, hain zuzen. Euskaraz teknika hau izendatzeko bikote ezkutua terminoa proposatu nahi genuke, nahiz eta batzuetan bikoteak barik hirukoteak eta laukoteak ere izan daitezken. Bikote ezkutua erabiliz gero, lekukoa bere jarrerak neurtu gura ditugula konturatu barik jaso daitezke aldaera ezberdindun hiztunekiko jarrerak. Teknika esperimental honen bitartez, aldaera (dela hizkuntza dela dialektoa) izan ezik jarreretan eragina izan lezaketen aldagai guztiak kontrola ditzakegu, aurretik prestaturiko estimuluak erabilita. Hiztun elebidun edo dialektobidunari ahozko testu bera, aldaera bitan, sortzea eskatzen zaio. Lekukoak estimulu bezala entzunarazten zaizkion hiztunak (bikote ezkutua osatzen dutenak) ebaluatu behar ditu, hiztun bera bi estimuluren egile dela jakin gabe. Hiztun batek sortutako estimuluen artean beste estimulu batzuk sartzen dira tartekaturik, lekukoak ahots bi lagun batenak direla ezagutu ez ditzan.

Modu honetan, hiztun berak sorturiko estimulu biekiko jarrera ezberdinak topatuz gero, hiztun bat denez (ahots bera duenez, beraz) aldaerak berak eragindako jarrerak baino ezin dira izan jasotakoak. Hala, zeharka, lekukoei zuzenean hizkuntza baten hiztunei zer deritzen galdetu barik haiekiko jarrera kontzientziapekoak batu ditzakegu.

Montrealen Lambert eta bere lankideek lehenengoz bikote ezkutuaren teknika erabili zutenean emaitza harrigarriak aurkitu zituzten (Lambert 1972). Ama-hizkuntzatzat frantsesa zuen talde batek eta ingelesa zuen beste batek hiztun elebidunak epaitu zituzten, hiztun berak zirela jakiteke. Ez zen harrigarria izan ingeles elebakarrek ingelesdun hiztunak hobetsi izana, haien taldekideak ziren eta. Harritzekoa izan zena zera da: frantsesdun lekukoek frantsesdun hiztunak hobetsi beharrean ingelesdunak hobetsi zituzten, hau da, haien taldekideak hobetsi beharrean beste komunitate etnolinguistikoko hiztunen alde jo zuten. Eta ez hori bakarrik, frantsesdun lekukoek ingelesdun lekukoek baino jarrera eskasagoa erakutsi zuten frantsesdun hiztunekiko. Garai hartako frantsesaren estigmatizazioa agerian gelditu zen. Ez bakarrik ingelesdun jendearen artean, frantsesdunen artean are agerikoagoa zen komunitate frankofonoarekiko pertzepzio eskasa.

Bikote ezkutuaren teknikarekin batera semantika-diferentziala erabiltzen da sarri jarrerak neurtzeko. Semantika-diferentziala mutur biko mailaz-mailako eskala da eta egitura dimentsioanitza dauka. Pertsonaren izaerari dagozkion adjektiboak agertzen dira[6] bost graduko eskalan (oso-tik ez da batere-raino) eta lekukoek estimulu-hiztunak eskala horietan ebaluatu behar dituzte. Adjektiboak jarreren profesionaltasun eta elkartasunaren dimentsio biak neurtzeko aukeratuta daude eta, metodo estatistikoen bidez, Osagai Nagusien Azterketa (ONA)[7] erabiliz, dimentsio bi horien adierazle egokiak direla frogatuko dugu. Funtsean, ONA-k bariazio-murrizketa bideratzeko balio du. Berdin antzean agertzen diren aldagaiak, hau da, estu koerlazionatzen dutenak batzen dira. Batuketa hauek osagai edo dimentsio bana islatzen dute. Dimentsio bakoitzari dagozkion aldagaiak estatistikoki batuta, ikertzaileak, aldagaiok kontuan hartuta, osagaia identifikatu behar du. Dimentsioak neurtzeko erabili ditugun adierazleak egokiak badira, guk proposatutakoak batuko dira osagai bakoitzean. Adierazleak estatistikoki fidagarriak direla frogatuta, osagai baten aldagaien arteko bataz besteko emaitza kalkulatu daiteke, hau da, lekuko bakoitzak zelako kalifikazioa eman dion estimulu bakoitzari profesionaltasun mailan eta elkartasun mailan.

Bestetik, bikote ezkutuaren teknika erabilita, hiztun baten aldaera biek (bikote ezkutuak) eragindako jarrerak alderatzeko Bariantzaren Azterketa erabil daiteke. ANOVA azterketen bitartez, euskara ala erdara egiteagatik neska bati[8] emandako bataz besteko kalifikazioa estatistikoki ezberdina den ala zoriz gertatu den argituko dugu. Esate baterako, neska batek euskaraz egin duenean elkartasun mailan jaso duen emaitza erdaraz egin duenean baino altuagoa bada eta bataz besteko biak estatistikoki ezberdinak[9] badira, ikasleek barru-barruko harremanetarako erdara eta erdaldunak baino euskara eta euskaldunak hobesten dituztela ondorioztatuko genuke.

EUSKARAREN ETORKIZUNA: GAZTE ESKOLATUAK

Euskararen aldeko plangintzaren lau hamarkada pasatuta, aldaketa nabariak egon dira euskararen distribuzio funtzionalaren arloan. Euskarak inoiz ez izandako funtzio asko betetzen ditu gaur, batez ere hezkuntza, administrazio publiko eta komunikabide munduan. Euskarak estatus hobea lortu du: “baserri hizkuntza» izatetik gizarte moderno eta bizitza profesionalaren arlo askotako hizkuntza izatera heldu da. Talde sozialei dagokienez, bai herrietako bai hirietako gazte asko euskara egoera gehienetan normaltasunez erabiltzera ohitu dira. Ikasketa asko euskaraz egin daitezke eta euskararen presentzia estatus handiko egoeretan inoizkorik onena da.

Dena den, euskararen erabilera egoera informaletan apurka-apurka gehituz badoa ere igoera oso motela da (Altuna 1998) eta askoren ardura da harreman intimoetan gazteen artean erdarara jotzeko joera (Esnaola 1998, kasurako). Hemen aurkezten dugun ikerketaren helburua euskaraz eskolatu diren gazteen euskara eta erdararekiko jarrera neurtzea da. Gazteok hizkuntzaren etorkizuna ez ezik, umeetatik euskara egoera “prestigiodun» askotan (eskolan, komunikabideetan eta abarretan) normaltasunez erabili duten lehenengotariko belaunaldia dira. Euskararekiko estatus edo maila profesionalean duten jarrera aztertuta euskara egoera profesionaletan erabiltzeko izan dezaketen joera azalera genezake. Era berean, euskarak elkartasun mailan duen balioa neurtuta lagun eta familiartekoen harremanetan euskara erabiltzeko joera aurreikus genezake.

Azterketa atal honetan[10] parte hartu zuten lekukoen ezaugarriak lehen taulan jasota daude.

Lurraldea Sexua Jabekuntza
Bizkaia
Gipuzkoa
Araba
113
42
2
Mutilak Neskak 20
137
euskaldun zaharrak
ikastolakoak
euskaldun berriak
104
52
1
Guztira 157   157   157
I Taula: Lekukoen ezaugarriak

Lekukoek Euskal Herriko Unibertsitateko euskal adarreko ikasleak ziren 1998-99 ikasturtean. Lagina zoriz egin zen. Ikerketa eremua ahalik eta gehien murriztu asmoz, Autonomia Elkarteko ikasleen jarrerak baino ez genituen aztertu. Nafarroa eta Iparraldeko plangintzari dagokionez prozesu sano ezberdina bizi dutenez, hango gazteen euskara eta erdararekiko jarrerak Autonomia Elkargokoenetatik urrun daitezke. Iparralde eta Nafarroako gazte euskaldunen jarrerak beste ikerketa batek azaleratu beharko lituzke.

Aztertuko ditugun aldaerak, beraz, euskara eta gaztelera dira. Euskararen barruan aldakortasun handia dagoenez, hiru aldaera hartuko dira kontuan: bizkaiera,[11] batua eta gaitasun eskaseko batua.

ELKARTASUNA ETA ESTATUSA GAZTE EUSKALDUNENTZAT

Gazteok emaniko jarreren arabera, agerian dago jarrerak bi dimentsioetan ematen direna, eta gainera dimentsioak elkarrekin independenteak dira. Osagai Nagusien Azterketak argi uzten du dimentsio biak neurtzeko tresnak, pertsonalitate-ezaugarriak hain zuzen, egokiak direna. ONAk bi osagai azalerazi zituen eta osagaiok bariantzaren %54 azaltzen dute. Osagai batek semantika-diferentzialean erabilitako ‘eskuzabala’, ‘maitagarria’, ‘atsegina’, ‘bihotz onekoa’, ‘zintzoa’, eta ‘zabala’ izenondoak batu zituen eta beste osagai batek, berriz, ‘ikasle ona’, ‘langilea’, ‘arduratsua’, eta ‘argia’. Lehen osagaiak dimentsio afektiboa neurtzeko erabilitako tresnak egokiak direla baieztatzen du, estu koerlazionatzen dutenez gauza bera neurtzen dutela erakusten baitigu eta bigarren osagaiak estatus edo profesionaltasunaren dimentsioa neurtzeko erabiliko tresnak egokiak direla baieztatzen du. Dimentsio biak identifikatuta, lekuko bakoitzak estimulu bakoitzari dimentsio bakoitzean emandako kalifikazioa kalkulatu daiteke. Ondoren, lekuko guztiek hiztun batek sortutako estimulu biekiko egiten duten ebaluazioa erkatzen da, pertsona berak egindako estimulu biri emandako bataz bestekoa estatistikoki ezberdina den ikusteko. Arestian esan bezala, bikote ezkutuak ateratako bataz besteko biren erkaketa ANOVA azterketen bidez egiten da.

Estatus edo profesionaltasun mailan aldaera bat hobesteak ez dakar nahitaez elkartasun mailan ere hobestea. Horixe da joera, hain zuzen, gaitasun oneko euskara eta erdararen kasuan. Unibertsitate-ikasleek euskaldunak (3.15) erdaldunen (2.97)[12] aldean hobesten dituzte estatus mailan baina elkartasun mailan ez da talde bat hobesten.[13] Edo beste modu batera esanda, hiztunek euskaraz egiten dutenean erdaraz egiten dutenean baino langileago eta argiago somatzen dira baina ez eskuzabalago eta lagunkoiago.

Azterketa honetan beste bikote ezkutu bat erabili zen. Euskara hain ondo erabiltzen ez dutenekiko jarrerak aztertu nahi ziren. Horretarako, erdara eta gaitasun eskaseko euskara egiten zuen neska batek sorturiko bi estimuluak ere sartu ziren tarteka. Bikote ezkutu honen kasuan ere elkartasun mailan ez da jarrera ezberdinik agertzen euskaraz zein erdaraz egin.[14] Hiztunak oso euskara ona ez duela egiten somatu arren jarrera ona dago berarekiko, edo behitzat erdaraz eginda bezalakoa. Profesionaltasun mailan, berriz, gauzak aldatzen dira. Euskara eskasa eginda, hiztuna ez da somatzen oso argi edota profesional, eta kasu honetan hobeto epaitzen da erdaraz (3.58) eginda euskaraz (3.00) eginda baino.[15]

Jarrerak bi dimentsiootan aztertzea egokia dela agerian gelditzen da, berriro ere, somatutako hiztunaren hizkuntz gaitasunak jarreretan duen eragina aztertuta. Izan ere, lekukoek somatutako euskarazko hizkuntz gaitasunak garrantzi handia dauka hiztunak profesionaltasun mailaz egingo izango duen iritzian, baina ez elkartasun mailan, jarrerak neurtzen dituen aldagaia eta somatutako hizkuntz gaitasuna neurtzen duen aldagaia gurutzatuta ikus daitekeenez. Profesionaltasun mailan emandako jarreren eta somatutako hizkuntz gaitasunaren[16] arteko koerlazioa estatistikoki adierazgarria izateaz aparte esanguratsua ere bada (R= .390**) baina elkartasun mailan emandako jarreren eta hizkuntz gaitasunaren artekoa estatistikoki adierazgarria bada ere ez da hain esanguratsua (R=.152**). Lekukoek hiztunengan antzematen duten hizkuntz gaitasunak garrantzia dauka hiztuna profesionaltasun mailan epaitzeko orduan baina elkartasun mailan ebaluatzen denean gaitasuna ez da ia aintzakotzat hartzen.

Emaitzok ez dira harrigarriak euskaldun berrien presentzia garrantzitsua kontuan hartuta. Batetik, hiztun batek euskara hain ona egiten ez duela somatu arren hiztun hori ez da erlazionatzen kanpoko taldearekin edo baztertuta egon litekeen gizatalderen batekin. Izan ere, erdararen ezaugarri linguistikoak erabiltzen dituen hiztun euskaldun berriari harreman pertsonaletan harrera ona egiteko joera dago, azken baten, euskara ikasteko ahalegina saritzen da eta. Bestetik, baina, profesionaltasunari lehentasuna ematen zaion egoeretan gaitasun eskaseko somatutako hiztuna gaitzestea ere ez da harritzekoa, egoera profesionaletan gizarte guztietan hizkuntzak duen garrantzia kontuan hartuta.

INPLIKAZIOAK: ERABILERA

Arestian erakutsitako emaitzek zer pentsa ematen dute, batez ere euskararen erabilera etorkizunean zein izan daitekeen aurreikusi gura badugu. Profesionaltasunaren dimentsioan unibertsitate-ikasle euskaldunek euskaldunak hobestea berri ona da eta euskarak azken urteotan prestigioa (profesionaltasunari lotutako prestigioa) irabazi duenaren seinale. Lekukoak euskaldunak izanda eta irakaskuntza prozesu osoan euskaraz ihardun izanda ez da harritzekoa euskarak haientzat balio ona izatea. Izan ere, azterketa honetan parte hartu duten unibertsitate-ikasle asko ohituago daude lan/ikasketa kontuetan euskaraz egiten erdaraz baino.

Ez dago dudarik oraindik euskararen erabilera egoera prestigiodun askotan oso urria dela eta egoera guztietara zabaldu behar dela. Esaterako, euskararen presentzia justizia eta osasun arloan oso eskasa da. Baina guk estatus mailako prestigioari barik elkartasun mailakoari emango genioke garrantzi gehiago momentu honetan, harreman pertsonaletan euskararen etorkizuna ziurtatzeko azken honek baitauka lehentasuna.

Eta, azterketa honen bitartez erakutsi bezala, elkartasun mailan gazte euskaldunak hobetsi ez izana ez da berri ona. Euskara ez da gaitzesten harreman pertsonaletarako baina hobesten ere ez, eta euskara hizkuntz minorizatua izanda erraza izango da lagunartean erdarara jotzea. Ez da ahaztu behar euskaldunok elebidunak garela eta erdaraz euskaraz bezain eroso sentituz gero, harreman pertsonalak egikeran, erraz jo genezake gehiago erabiltzen den hizkuntzara.

Euskararen etorkizunerako gazteek euskara elkartasun mailan ez hobesteak oso ondorio kaltegarriak ekar ditzake. Azken baten, hizkuntza batek estatus mailako funtzio asko bete barik ere iraun dezake, diglosia egoeran baina modu iraunkorrean, euskararen historiak berak erakutsi duenez. Baina, benetan biziraupena ziurtatzen duena hizkuntzak identitate-adierazle duen balioa da. Soziolinguista bariaziozaleek erakutsi bezala, ezkutuko prestigioa da aldaera bat biziraunarazten duena, elkartasun mailan eta taldekide-seinale bezala indarra duen neurrian.

Horregatik, hizkuntz plangintzari begira, euskararen elkartasun mailako balioa eta integratzeko funtzioa bultzatzeko ahaleginen garrantzia azpimarratu behar dira. Azken urteotan egindako plangintza, neurri handi baten, ildo horretatik joan da. Berba lagun eta koadrilategi programak eta Bilboko Zenbat Gara elkartearen inguruan sortzen diren ekintza eta jarduerak, esaterako, hizkuntzaren alde integratzailea indartzeko sortu dira. Harreman pertsonaletan euskararen erabilera ahalbideratuz, ez bakarrik hizkuntz jokabidea bultzatu eta euskaldun berrien gaitasun komunikatiboa hobetzeko bidea egin, euskararen elkartasun mailako eta balio integratzailea indartzen da. Azterketa honek erakutsitako emaitzak ikusita, hizkuntzaren balio pertsonala bultzatzen dituzten jardueren beharra eta balioa azpimarratu gura genituzke.

Era berean, soziolinguistikaren arloan prestigioaz hitz egiterakoan prestigioaren alde biak, bai elkartasun eta bai estatus mailakoa, kontuan hartu behar direla azpimarratu nahi genuke. Normalean hizkuntz baten prestigio eta desprestigioaz jardun beharrean, hizkuntz plangintzaren arloan zein soziolinguistikaren arloan, maila bitako prestigioaz aritu beharko genukeela iruditzen zaigu, ikusi dugunez, prestigio maila biak oso ezberdin izan litezke eta emaitza kontrajarriak ere aurki genitzake eta.

AIPATUTAKO LANAK:

Altuna, Olatz (1998). Euskararen kale erabilpena Euskal Herrian. Bat Soziolinguistika Aldizkaria 28:15-64.

Amorrortu, Estibaliz (2000). Linguistic Attitudes in the Basque Country: The Social Acceptance of a New variety. Argitaratubako doktorego-tesia: University of Southern California.

 

_____ (2001). Unibertsitate-ikasleen euskalki eta batuarekiko jarrerak. Euskalkia eta Hezkuntza, 61-80. Bilbao: Mendebalde Kultur Alkartea.

Argheso, Mari Angeles (1988). Actualidad y perspectiva del euskera en Bilbao, Austin: University of Texas Press.

Azurmendi, M. Jose (1986). La juventud en Euskadi en relaci al euskera. Juventud Vasca 1986, 327-383, Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.

_____ (1998). Hizkuntza eta identitate etnosoziala Euskal Herrian. In Azurmendi (arg.), Hizkuntza eta talde-nortasuna, 237-265. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

Bagozzi, Richard P. (1992). The Self-Regulation of Attitudes, Intentions, and Behavior. Social Psychology Quarterly 55, no. 2:178-204.

Eusko Jaurlaritza (1995). Euskararen Jarraipena. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.

Coupland, Nikolas; Williams, Angie; & Garrett, Peter (1994). The Social Meanings of Welsh English: Teachers’ stereotyped judgements. Journal of Multilingual and Multicultural Development 15, no. 6:471-487.

Dorian, Nancy (1981). Language Death. Philadelphia: University of Pensylvannia Press.

Edwards, John R. (1999). Refining our understanding of language attitudes. Journal of Language and Social Psychology 18, no. 1:101-120.

Esnaola, Imanol (1998). Gazteen hizkera aztertzetik HEArako zenbait irakaspide. Ele 18:103-115, Bilbo: AEK.

Gardner, Robert C. & Lambert, Wallace E. (1972). Attitudes and Motivations in Second-Language Learning. Rowley, Massachussets: Newbury House Publishers.

Giles, Howard; Bourhis, R. Y; & Davies, A. (1979). Prestige Speech Styles: The Imposed Norm and Inherent Value Hypotheses. In McCormack, W. & Wurm, S. (arg.), Language and Society. Anthropological Issues. The Hague: Mouton Publishers.

Gyles, Howard eta Ryan, Ellen B. (1982). Prolegomena for developing a social psychological theory of language attitudes. In Ryan and Giles (eds.), Attitudes toward Language Variation. Social and Applied Contexts. London: Edward Arnold.

Lambert, Wallace, E. (1967). A Social Psychology of Bilingualism. Journal of Social Issues 23, no. 2:91-109.

____ (1972) (1960). Evaluational Reactions to Spoken Languages. In Anwar S. Dil (arg.), Language, Psychology, and Culture, 80-97. Stanford: Stanford University Press.

Martínez de Luna, Iñaki (1995). Etorkizuna aurreikusten: Euskal Autonomi Elkarteko gaztetxoen egoera soziolinguistikoa. In Euskara, atzo eta gaur, CD-roma. Ihardun Multimedia eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Administrazioa.

Ramírez, Eugenia (1991). De jóvenes y sus identidades. Socioantropología de la etnicidad en Euskadi. Madrid: Centro de Investigaciones Sociológicas.

Romaine, Suzanne (1980). Stylistic variation and evaluative reactions to speech: problems in the investigation of linguistic attitudes in Scotland. Language and Speech 23, no. 3:213-232.

Silva-Corvalán, Carmen (1994). Language Contact and Change. Spanish in Los Angeles. Oxford: Clarendon Press.

Trudgill, Peter (1974). The Social Differentiation of English in Norwich. Cambridge: Cambridge University Press.

(1983). On Dialect. Social and Geographical Perspectives. New York and London: New York University Press.

 


 

[1] Eskerrik asko bihotz bihotzez azterketa honetan parte hartu zuten ikasle, irakasle eta lagun guztiei. Baita Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ere, ikerketa beka baten bidez diruz lagundu baitzuen.

 

[2] Gizarte gehienetan zabal dabilen uste honi Berezkotasunaren Hipotesia (“the Inherent Hypothesis») deitu zaio. Hipotesi honen arabera, hizkuntz edo aldaera batzuk besteak baino “hobeak» eta prestigiotsuagoak dira berez politagoak edota logikoagoak direlako. Berezkotasunaren Hipotesiaren kontra, Emandako Arauaren Hipotesia (“the Imposed Norm Hypothesis») proposatu da (Giles, Bourhis eta Davies 1979): aldaera ez-estandarrak ez dira eskasagoak edo itsusiagoak; haien hiztunen kontrako presio kultural eta sozialak daudelako gaitzesten dira.

 

[3] Trudgillek Konnotazio Sozialaren Hipotesia (“the Social Connotations Hypothesis») terminoa proposatzen du (1983: 217 eta hur.), dialekto geografikoekiko Europako hizkuntz nagusietan agertzen diren jarrera onak kontuan hartuta. Izan ere, gizarte askotan baserritarren aldaerak giro urbanokoak baino “atseginago eta estetikoki politago» somatzen dira, baserritar bizimoduak iradokitzen dituen jatortasun eta garbitasun ideiengatik. Normalean dialekto geografikoak dialekto urbanoak baino kontserbadoreagoak direnez, hau da, hizkuntz aldaketa gutxiago izan dutenez, eta zahartasuna eta jatortasuna, aldaketarik eza hain zuzen, gizarte gehienetan hobeto antzematen denez, dialekto kontserbatzaileekiko eta haien hiztunekiko jarrera ona izaten da giza talde askoren artean.

[4] Ikus Liska (1984), Bagozzi (1992),adibidez.

[5] Momentu jakin batean euskarak duen funtzio sinbolikoak eragina izan lezake erabileran. Funtzio sinbolikoa eta elkartasun mailakoa ezberdindu gura genituzke. Euskarak abertzaleentzat oso balio sinboliko handia izan dezake, euskaltasunaren muinaren definizioan. Era berean, askorentzat euskarak elkartasun mailako balio eskasagoa izan dezake, edo beste modu batera esanda, oso euskararen aldeko izan daiteke laguna eta barru-barruko behar komunikatiboetarako hizkuntza honek nahikoa balio ez izan. Elkartasun mailako prestigioaz jardutean, hizkuntzaren barru-barruko eta kontzientziapeko aldeari erreparatu nahi diogu eta ez alde sinboliko eta kontzienteari.

[6] Adjektibook hauexek dira: argia, langilea, pertsona ona, atsegina, arduratsua, zintzoa, zabala, ikasle ona, bihotz-onekoa, maitagarria, profesionala eta eskuzabala.

 

[7] Ingelesez “Principal Components Analysis» (PCA).

 

[8] Hiztuna neska ala mutila izan eraginik egon ez dadin estimulu denak neskek sortu dituzte.

[9] Alde estatistikoa F balioaren bidez adierazten da.

[10] Ikus baita Amorrortu (2000) eta (2001). Hemen aurkezten dena azterketa zabalago baten atal txikia baino ez da.

[11] Aurreko azterketa baten gipuzkera ere sartu zen baina lekukoek gipuzkera eta batuari esanahi sozial bera eman zietenez gipuzkera azterketa honetatik kanpo uztea ebatsi zen. Euskarari dagozkion datuak bizkaierari eta batuari dagozkionak batuta eta bataz bestekoa eginda aurkeztuko ditugu. Argibide gehiago Amorrortu (2000)-n aurki daitezke.

[12] F(1, 386)= 7.482, p=.007

[13] Euskaldunak: 3.43; erdaldunak: 3.37, baina aldea ez da estatistikoki adierazgarria: F (1, 386)=.703, p=.402

[14] Euskaldunak: 3.49; erdaldunak:3.38, baina aldea ez da estatistikoki adierazgarria: F (1, 281)= 2.309, p=.130

[15] F(1, 281)= 47.297, p=.000

[16] Aldagai hau lekukoei zuzenean galdetuta neurtu zen.

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Estibaliz Amorrortu
Urtea: 
2001