Ohar zenbait euskara normaltze aldera

Hiztunen iritziz –eta, batez ere, hiztun gazteen iritziz–, gaur egungo euskarak ez dauka indarrik, ez du ematen jolasteko eta gozatzeko aukerarik, eta hizkuntzarekin jolastu eta gozatu nahirik, euskara bertan behera utzi, eta erdarara jotzen dute euskaldun askok eta askok lagunartean daudenean.

aldatu eta zuzendu egin beharko da orain arteko hizkuntza politika, eta, lehen-lehenik, hizkuntza politikaren gunea bera aldatu behar da. Herri euskaldunak izan behar dira, hemendik aurrera, egitasmo berriaren gunea, eta gune horretara hurreratu eta ekarri behar dira herri erdaldunak

OHARRA: Honako txosten hau Euskaltzaindiaren XV. Biltzarrean irakurri zuen egileak.

 

Euskaltzaindiak Euskararen Herriari onura handia ekarri zion Euskara Batua aurkeztu zuenean, 1968an. Alderdi guztietako euskaldunek batak besteari ulertzea, euskara esparrurik jaso eta teknikoenetan erabili ahal izatea, norbere herrialdea baino gorago badela Euskal Herri bat ikustea, erdaldunek euskaraz ikastea, geroz eta estuagoak ziren euskararen mugak zabaltzea, eta, azken batean, euskara hizkuntza mailara jasotzea ekarri du Euskara Batuak.

Euskarak bizirik irauteko ezinbesteko urratsa zen Euskara Batua, eta, zalantzarik gabe, bizigarri gertatu da. Baina hizkuntzak bizirik iraungo badu, bere osotasunean iraun behar du bizirik, eta hizkera estandarra edo Euskara Batua indartsu dagoen arren, hizkuntza osatzen duten hizkeretako bat besterik ez da, eta kontua zera da: gainbehera datozela gainerako hizkerak. Gainbehera dator haur hizkera, gainbehera gazte hizkera, gainbehera lagunarteko hizkera, gainbehera lanbideetako hizkerak edo argotak, eta gainbehera euskalkiak. Azken batean, beraz, –eta esan dezagun argi eta garbi– gainbehera dator oraindik euskara bera.

Euskara Batua ahalik eta lasterren hedatu nahirik, ez zaie jaramonik egin, eta ihartu egin dira, gainerako hizkerak. Bestalde, euskaldun berrien kopurua ahalik eta azkarren zabaldu nahirik, euskara soildu eta murriztu egin da, eta ikasi behar duenarendako lana erraztu bada ere, erabili behar duenarendako, erakargarritasuna galdu du. Hiztunen iritziz –eta, batez ere, hiztun gazteen iritziz–, gaur egungo euskarak ez dauka indarrik, ez du ematen jolasteko eta gozatzeko aukerarik, eta hizkuntzarekin jolastu eta gozatu nahirik, euskara bertan behera utzi, eta erdarara jotzen dute euskaldun askok eta askok lagunartean daudenean.

Beste euskaldun batzuk bide erdian geratzen dira. Erabat erdaraz jardun beharrean, erdaratik kopiatzen dute, erdaratik elikatzen dira, eta erdi-euskara erdi-erdara den hizkuntza egiten dute.

Erdaratik elikatzea ez da, berez, gauza txarra. Hizkuntza guztiak elikatzen dira bata bestearengandik, baita hizkuntzarik handienak ere. Erdaratik elikatzeak gabe, guk geuk ezer ez sortzea da kezkatzen nauena, eta horixe gertatu zaio gaur egungo euskaldunari: ihartu egin zaiola hizkuntza sortzeko sena.

Bestalde, euskaldun berrien kopurua ahalik eta gehien eta ahalik eta lasterren hazi nahirik, ez zaie jaramonik egin, edo, behinik behin, ez dira komeni zen neurrian aintzakotzat hartu betiko euskara eta betiko euskaldunak. Berdin jokatu da, eta hizkuntza egitasmo berberak erabili dira, herri euskaldunetan nahiz erdaldunetan. Egitasmo berberak Urepelen eta Miarritzen, Lesakan eta Tuteran, Markinan eta Balmasedan. Halaxe jokatu du ikastolak, halaxe jokatu dute gau-eskolek, halaxe jokatu dute hedabideek, eta halaxe jokatu dugu euskaldunok oro har ere. Eta horrek ere, jakina, ekarri ditu bere ondorioak.

Alde batetik, Euskara Batuaren izenean, orain arteko euskara bertan behera utzi, eta oso euskara arrotz eta exotikoa hedatu da, erdi-benetan erdi-txantxetan “Marteko euskara» izendatu dudana. Eta Euskara Batu horixe sartu da gure bizimoduko arlorik gehienetan.

Beste alde batetik, berriz, Euskara Batua dela euskara ona eta jasoa sinestuta, herri euskaldunetako jardun jaso guztietara hedatu da. Herri barruko batzar eta hitzaldietan, herri barruko elizetan, herri barruko bulego eta lantegietan, herri barruko irrati eta telebistetan Euskara Batua nagusitu da joan den urteotan.

Eta Euskara Batuaren erabateko nagusitasun horrek ere izan du bere eragina. Herri euskaldunetako jende xeheak bere euskara ez dela ona, ezgauza dela sinestu du, eta mututu egin da, gorde egin du bere euskara, ez die bere seme-alabei erakutsi, ez du transmititu.

Aldi berean, seme-alabek eskoletan ikasten duten euskara “berria» ez zekienez, ez da ausartu eskua sartzen seme-alaben jardunean, eta sarritan bada horren beharra, seme-alabek ere –edozein hizkuntzatako gazte jendeak bezala– egitura zuzenekin batera, egitura okerrak eta desegokiak ere maiz sortzen dituelako, urteekin hizkuntza erabat menderatzera iristen den arte. Hitz batean esateko, Euskal Herrian eten, edo, behinik-behin, nasaitu egin da guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza lotura, eta lotura hori nahitaezkoa da hizkuntzak sendo eta osasuntsu iraun dezan.

Beraz, lau gaisotasun larri ditu gaur egungo euskarak:

  1. Hiztunak erakartzeko ahalmenik ez izana. Hizkuntza sortzeko sena ihartu izana. Guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza lotura eten izana. Euskara arrotz eta exotikoa garatu izana.

Lau gaisotasun horiek sendatuko badira, aldatu eta zuzendu egin beharko da orain arteko hizkuntza politika, eta, lehen-lehenik, hizkuntza politikaren gunea bera aldatu behar da. Herri euskaldunak izan behar dira, hemendik aurrera, egitasmo berriaren gunea, eta gune horretara hurreratu eta ekarri behar dira herri erdaldunak, eta ez alderantziz, orain artean behin baino gehiagotan egin den bezala. Beste era batera esateko, herri euskaldunak izan behar dira eredua eta ardatza.

Hizkuntzari berari dagokionez, zutabe nagusi bi izango ditu egitasmo berriak:

  1. Herri euskaldunetan bertako euskara indartzea. Euskara Batua herri euskaldunetako euskaran oinarritzea.

1. Herri euskaldunetako euskara indartzeaz

Herri euskaldunetako ahozko jardunak dira, gehienbat, bertako euskararen esparrua: eskoletako Lehen Hezkuntzako zikloa, Administrazio alorreko ahozko jardunak, herri barruko irrati eta telebistak, Eliza, batzar eta hitzaldiak eta, jakina, familia eta lagunartea.

Baina jardun jasoetako hizkera ez ezik, lagunartekoa ere indartu egin behar da. Azken batean, horrelako jardunetan jolasten eta gozatzen du hiztunak hizkuntzarekin, eta hizkuntzarekin jolasten denean sortzen dira hitz eta esapide berriak, hizkuntzari bizitasuna eta erakargarritasuna ematen diotenak.

2. Euskara Batua herriko euskaran oinarritzeaz

Euskal Herri osorako egindako idatzi eta hitzaldietan, hizkera estandarra, ahal denik eta berdinena erabiltzea komeni da; jardun jasoko idatzi eta hitzaldietan, batez ere.

Ostera, eremu murritzagoko zereginetan, egokiagoa izan ohi da bertako hizkeratik gertu dagoena erabiltzea, edo, zehatzago esateko, eremu horretako hizkeratik abiatuta, eta eremu horretako hizkeran oinarrituta eraikitzea Euskara Batua.

Hiru helburu lortuko ditugu horrela jokatuta:

  1. Herri euskaldunetako hiztunak euren buruarekin lasaiago eta ziurrago jardutea, eta lotsak eta konplexuak baztertzea. Euren betiko hizkuntza eredutzat izanda, euskara hobea eta zuzenagoa egitea. Euskara Batua “berea» dela, gertukoa duela sinestea. Eta ezinbestekoa da hori, euskaldun guzti-guztiek Euskaltzaindiak aurkeztutako Euskara Batua onartu, ikasi eta eroso erabil dezaten.

Euskal Herrian, 2001.eko irailaren 17an

Koldo Zuazo

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Koldo Zuazo
Urtea: 
2001