Jean Dorionekin elkarrizketa

Nolabait esateko, indiarrak izan ziren Quebec-eko lehen biztanleak, baina Quebec-eko gaur egungo gizartea frantsesek sortu zuten. Ameriketan lurralde bat garatzea lortzen zuen talde europarra herri fundatzailetzat jo ohi zen.

Nik ez dut uste jatorrizko hizkuntzen irakaskuntza mehatxua denik frantsesarentzat, irakaskuntza hau frantsesez funtzionatzen duten ikastetxeetan egiten bada.

95eko erreferendumean, esate baterako, frogatuta dago Kanadako Gobernua oso modu liberalean eta oso bizkor jokatu zuela “ezezkoaren» aldeko boto gehiago lortzeko.

kezka politikoa sentitzen dugu alofonoak, oro har, ez direlako oso sentikorrak Quebec-eko hiritarren nahiekiko

Garrantzitsua da hizkuntz legediak argi uztea, eta ziurtatzea Quebec-eko hizkuntza publikoa frantsesa dela; baina frantses hiztun elebidunek, oro har, alofonoekin ingelesez hitz egiteko jarrera dute. Jarrera hori aldatu egin behar da.

Montrealen jaio zen 1942an. Azken 6 urteotan Quebec-eko ordezkari nagusia izan da Tokion. Aurretik, 1976tik 1984ra Jacques Couture ministroaren (Inmigraziokoa) eta Gérald Godin ministroaren (Komunitate kulturaletakoa eta inmigraziokoa) aholkulari politikoa izan zen. 1984an, Gérald Godin ministroaren Kabineteko Zuzendaria izan zen, frantses hizkuntzaren Gutuna ezartzeko arduradunarena, alegia. 1985etik 1987ra komunitate kulturalen eta Komunitate Kulturaletako eta Inmigrazioko ministerioen arteko bitartekaria izan zen. 1989tik 1994ra bitartean, Tokiora joan aurretik, Montrealgo San Juan Bautista Elkarte ezaguneko Presidente Nagusia izan zen.

Montrealgo ingurune soziolinguistiko berezian[1] etorkinen hizkuntz integrazioaren gaia jorratzeko, interesgarria iruditu zaigu pertsona aditu horri elkarrizketa egitea. Eta aditua diogu, bere eskarmentu profesionalaz gain, bizitza aberatsa duelako: alde batetik, Hiromi Tsunezuka japoniarrarekin ezkonduta dago eta 3 seme-alaba ditu; eta bestetik, poliglota handia da.

Elkarrizketaren ardatza etorkinen integrazio soziolinguistikoa den arren, Quebec-eko frantsesentzat garrantzi handia duten beste hainbat gairi buruzko iruzkin eta iritziak ere azaltzen dira.

Orrialdearen oineko oharren bitartez informazio gehigarria emango dugu irakurleak errazago ulertu eta interpreta ditzan elkarrizketan zehar egiten diren zenbait iruzkin. Dena den, gai honetan interesaturik daudenek informazio gehiago aurki dezakete ondorengo helbideetan: 1) www.olf.gouv.qc.ca 2) www.stat.gouv.qc.ca 3)www.statcan.ca

Quebec-en inmigrazioa aipatzen denean, nori buruz hitz egiten da? Zer iritzi duzu “herri fundatzaileei» buruz?

XVII. mende hasieran, gaur egun Frantzia izenez ezagutzen dugun lurraldetik etorritako jendea ezartzen hasi zen gaur egungo Quebec-en. Kontuan izan behar da orduan Quebec-era iritsi zen jende guztiak ez zuela frantsesa hitz egiten, baizik eta hexagonoko beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten zituztela. Horregatik, hizkuntz bideratzaile –vehicular- lana egin zuen garai hartako frantsesak, orduan emigratu zuten askok ez baitzuten hizkuntza hori hitz egiten.

Frantsesak iritsi zirenean, lur hauetan indiarrak bizi ziren, baina oso gutxi ziren. Maisonneuve Montrealgo uhartean ezarri zenean 1642an indiarren beldur zen, baina sei hilabete igaro ondoren ikusi zuen lehenengo indiarra.

Nolabait esateko, indiarrak izan ziren Quebec-eko lehen biztanleak, baina Quebec-eko gaur egungo gizartea frantsesek sortu zuten. Ameriketan lurralde bat garatzea lortzen zuen talde europarra herri fundatzailetzat jo ohi zen. Gero iristen ziren etorkinak lehen talde horretan integratzen ziren. Argentinan, esate baterako, espainiarrak ziren aurrena iritsi zirenak, nahiz eta gaur egun euren ondorengoak gutxiago diren italiar jatorrikoak baino. Dena den, gaur egun italiar bat Argentinara joaten bada, espainiera ikasiko du joaten da hango italiar jatorrikoek espainieraz hitz egiten dutelako. Kontu horretan oso salbuespen gutxi daude. Salbuespen hauetako bat herbeheretarrena da. New York herbeheretarrek sortu zuten, baina oso gutxi zirenez, kolonia ingelesei saldu eta ez zioten gehiago jaramonik egin. Baina oro har, lurraldea kolonizatu zuen lehen talde europarrean integratzea izan da Ameriketara joaten zirenen ohitura.

Baina Quebec-era ingelesak ez ziren etorri etorkin arrunt gisa, “ama aberriaren» izenean indar armatu gisa baizik. Gobernua, indar militarrak, merkataritza eta abar gutxiengo ingelesak menderatu zituen eta jende horri ez zitzaion iruditu ez garrantzitsua ez probetxugarria gehiengo frantsesean integratzea. Horregatik, Quebec 1760an fundatu zela esatea ez da egia, ezta gutxiagorik ere. Hura ez zen fundazioa izan, herri batek beste herri bat konkistatu, menperatu eta kolonizatzea baizik.

Ingelesak herri fundatzailetzat ez jotzeak ez du esan nahi hiritarren eskubiderik ez dutenik izan behar. Lanean eta gainerako kontuetan eskubide beretsuak dituzte, baina aldarrikatzen dituzten hizkuntz eskubideena beste kontu bat da.

“Jatorrizko herriek» (nazio indiarrek) zer iritzi dute kontu hauei buruz?

Oso gai konplexua da. Egoera guztiz desberdina izango litzateke gaur egun indiarrak Quebec-eko gehiengoa balira oraindik. Herri bati bere lurraldean gerta dakiokeen gauzarik okerrena gertatu zitzaien indiarrei: gutxiengo bihurtu ziren.

Baina eskubideez hitz egiten dugunean, eskubide horiek erabiltzea oso gai korapilatsua da, izan ere, orain, indiarrak Quebec-eko[2] biztanlegoaren %1 bakarrik dira. Bestalde, kontuan izan behar da, jatorrizko nazio edo herriak aipatzen ditugunean 14 talde desberdinez hitz egiten dugula. Gainera, jatorriz hizkuntza desberdinak dituzte eta oso egoera desberdinetan bizi dira. Badira gaur egun frantsesez bakarrik hitz egiten dutenak eta beste batzuk ingelesez bakarrik hitz egiten dutenak. Egoera desberdin asko daude eta ezin da hitz egin indiarrez edo jatorrizko herriez multzo bakar bat balira bezala. Jatorrizko herriei ahalmen fisikoa falta zaie euren eskubide eta nahiak ezartzeko. Dena den, presioa egiteko ahalmena dute, hori begi bistakoa da azken urte hauetan. Baina ahalmen honek zenbait kontzesio lortzeko bakarrik balio du, ez biharko egunean zer izango diren eta zer izango duten erabakitzeko.

Frantsesaren eta ingelesaren arteko erlazioari dagokionez, zein dira zure iritziz une historiko erabakigarriak?

Denetan erabakigarriena 1760ko porrot militarra izan zen. Ameriketako iraultzari (1791) esker kontzesio garrantzitsuak lortu genituen (probintzia bat sortu zen frantsesa erabiltzeko aukerarekin), eta horri esker, ingelesek ezin izan gintuzten erabat menperatu. Horregatik, gure hizkuntza oraindik ere nagusi da Quebec-en. Honek 1837-38 arte iraun zuen; hau da, abertzaleen matxinada zapaldu eta eragotzi zuten arte. Oso garai gogorra izan zen 1840an, Quebec eta Ontario batzar bakar batean elkartu baitzituzten eta horrek ingelesaren ofizialtasuna eta frantses hiztunak gutxitzea ekarri baitzuen. 1867an, gaur egungo Kanada sortu zenean, kanadiar-frantsesek ofizialki berdina zen hizkuntza estatutua lortu zuten Parlamentu federalean eta Quebec-ekoan eta baita administrazioan ere. Baina esan dudan bezala, “ofizialki» bakarrik izan zen, errealitatean beste gauza bat izan baitzen. Bankuko bileteak, esate baterako, ingelesez bakarrik atera zituzten 1930 arte. Seiluak, gobernuko txekeak, etab. ingelesez bakarrik atera ziren 1960 arte. Armadan ere beste horrenbeste gertatu zen. Gogoan dut garai hartan gobernuko txekeak frantsesez ere izatea aldarrikatzen genuela. Kontua da, ofizialki elebiduna zela, baina errealitatean elebakarra. Gaur egun ere halaxe da oraindik, baina oso ondo gogoratzen dut garai hartan dena ingeles hutsez zela. Federazioko funtzionariek ingelesez aritzen ziren lanean.

Lorpenik garrantzitsuenak 60ko hamarkadan izan ziren. Garai horri “Révolution tranquille»[3], hau da, “Iraultza lasaia» deitu zitzaion. Orduan gauza asko lortu genituen. Hori historia berria da, eta harrezkero gauzak hobetuz joan dira Parti Quebecois izenekoak boterea hartu zuenetik. Baina alderdi hau eta Alderdi Liberala boterean txandatuz ibili dira, eta horrek bere eragina izan du hizkuntzaren alorrean[4].

Badago kontuan hartu beharreko beste gauza bat ere: 1867tik 1960ra bitartean, frantses hiztunen kopurua %75etik %81era igo zen, izan ere, Quebec oso herri katolikoa zen eta jaiotzak kontrolatzeko neurriak hain urriak zirenez, frantses hiztunen arteko jaiotza tasa ikaragarria zen. Hori dela eta, frantsesaren egoera ofizialki gutxiengokoa zen arren, frantses hiztunen gehiengoa areagotu egin zen garai hartan.

Eta alofonoen[5] integrazio soziolinguistikoari dagokionez, zein dira une historiko erabakigarriak?

60ko hamarkada arte guk ez genuen ulertu etorkinak integratzeak zuen garrantzia. Lehenago etorri ziren etorkinek ezin izan zuten murriztu gure gehiengoa, lehen esan dudan bezala, jaiotza tasa handiagoa zelako frantses hiztunen artean.

Bestalde, kontuan izan behar da hasiera batean Quebec-en ezartzen ziren etorkinak, gero lurralde honetatik alde egin eta Kanada eta Estatu Batuetako beste eskualde batzuetan ezartzen zirela.

Baina 1965etik aurrera, frantses hiztunen jaiotza tasa jaisten hasi zenean, garrantzia ematen hasi zitzaion alofonoen integrazioari[6]. Italiar jatorriko etorkinek, esate baterako, seme-alaba asko izaten zituzten eta ingelesez hitz egiten zen hezkuntza sarean eskolatzen zituzten. Eta italiarrek bezala, Quebec-era inmigratzen zuten talde etniko gehienek gauza bera egiten zuten[7]. Horren ondorioz, sare anglofonoa asko ugaldu zen. Politikariek 1980 eta 1985 bitartean hartu zituzten neurriak hartu izan ez balituzte sare ingelesa sare frantsesaren parera iritsiko zen, eta, beharbada, baita gainditu ere.

Nik uste dut posible dela alofonoak sare frantsesean integratzea, baina Ipar Ameriketako merkatuaren indarrak kontuan hartzen baditugu, ez da prozesu naturala izango. Lurraldeari eta erabilgarritasunari dagokienez ingelesa nagusi dela kontuan hartuz, gauza segurua da alofonoek hizkuntza hau aukeratuko dutela. Agian, hirugarren hizkuntza (frantsesa) ere ikasiko dute batzuetan erabilgarria izan daitekeelako, baina ingelesaren erakarpen ahalmena handiago izango da. Gaur egun ingelesa eta frantsesa dakitenen artean ere, gehienek nahiago dute ingelesez hitz egitea. Beharrezkoa delako hitz egiten dute frantsesez, frantsesez bakarrik hitz egiten duen jende asko dagoelako, baina bestela ingelesez hitz egingo lukete bai ingeles jatorrikoekin eta bai jatorri desberdineko alofonoekin hitz egiteko ere. Ingelesaren aldeko faktore nagusia munduan zehar hain hedatua egotea da.

Nik uste dut posible dela alofonoak integratzea. Ezagutzen ditut frantses hiztun bihurtutako alofonoak eta euren burua quebec-tartzat jotzen dutenak. Baina, bestalde, asko dira bide hori hartzen ez dutenak ere. Gai korapilatsua da. Etorkin askok ingelesez hitz egiten dute iritsi aurretik, eta euren joera naturala gero ere hizkuntza horretan hitz egitea da. Izan ere, euren langile edo lankide alofonoekin hasieratik hitz egin dezakete hizkuntza horretan eta baita frantses jatorrikoak izan arren, ingelesa jakin eta alofonoekin hizkuntza horretan hitz egiteko inolako arazorik ez dutenekin ere.

Frantses hiztunek ingelesez hitz egiteko arazorik ez izate hori hizkuntza erabiltzeko faktore negatiboa da, eta ez da aldatzen erraza.

Alofonoak frantsesteari dagokionez zein dira azken 25 urteotako gertaerarik garrantzitsuenak?

Araurik garrantzitsuena ingelesez hitz egiten den eskolarako sarbidea lehen hezkuntza ingelesez Quebec-en egin dutenen seme-alabei bakarrik murriztea izan da. Horrek esan nahi du alofono gehienek frantsesez hitz egiten den eskoletara eraman behar dituztela derrigorrez. Arau hau 1977an jarri zen abian 101 legearen bitartez, eta orain ikusten dira emaitzak[8]. Dena den, ez dugu ahaztu behar derrigorrezko heziketa frantsesez egin ondoren, hizkuntzaren mugarik ez dagoenean, alofonoen erdiek edo ikasketak ingelesez egitea aukeratzen dutela[9]. Portzentaje hori oso handia da. Alofonoen %80k ikasketak frantsesez egiten jarraitzea lortu behar genuke. Honek esan nahi du hizkuntz politika emaitza onak lortzen ari dela, baina orain arte lortutako horrek ez du ziurtatzen egoera normalizatuta egotea, ezta gutxiagorik ere.

Frantses hiztunen artean ere %5ek ingelesez jarraitzen du ikasketak egiten, baina horren helburua ingelesa gehiago lantzea da. Baina alofonoen kasuan, helburua ez da hizkuntza lantzea. Alofono askok gehiago hitz egiten dute ingelesez frantsesez baino, nahiz eta lehen eta bigarren mailako hezkuntzak frantsesez egin, eta hori oso kezkagarria da.

Beraz, alofonoen artean, gaur egun nagusi den elebitasunak ingeleserako joera du. Gauza bera gertatzen al da jatorrizko ingeles edo/eta frantses hiztunen artean?

Elebitasun mailaren konparaketa hori egiteko orduan kontuan izan behar da jatorrizko ingeles hiztunak Quebec-eko biztanlegoaren %10 direla gutxi gorabehera. Gutxiengoa izanik, gehiengoaren hizkuntza ikastea izango litzateke normala. Quebec-eko jatorrizko ingeles hiztunen egoera ezin da alderatu Kanada osoko frantses hiztunen egoerarekin[10]. Aldea ikaragarria da, izan ere, jatorrizko frantses hiztunek askoz hobeto ikasten dute ingelesa jatorrizko ingelesek frantsesa Quebec-en baino. Hori nabarmena da.

Ezin da alderatu Quebec-eko gehiengo frantses hiztunen elebitasuna gutxiengo ingeles hiztunen elebitasunarekin. Guztiz desberdina da. Gainera, nire iritziz, elebitasun horien izaera ere desberdina da. Frantses hiztunek jarduera sofistikatuetarako erabiltzen dute ingelesa eta ingeles hiztunek, aldiz, jatetxeetan eskatzeko, erosketak egiteko eta antzeko gauzetarako erabiltzen dute frantsesa. Frantses hiztunek asko erabiltzen dute ingelesa goi mailako jardueretarako. Esate baterako, frantses hiztun elebidunek askoz liburu gehiago irakurtzen dituzte ingelesez ingeles hiztunek frantsesez baino. Hori ikusteko nahikoa da ondorengo adibide hau: gehiengoa zein den eta gutxiengoa zein den kontuan hartuz, ingelesezko prentsaren portzentajea askoz handiago da frantsesezko prentsarena baino.

Ingeles hiztun elebidunek ez dituzte frantsesezko egunkariak irakurtzen, ez dute frantsesezko telebista ikusten, eta ez dituzte Quebec-eko abeslari eta antzezleak ezagutzen. Guk askoz gehiago ezagutzen dugu ingelesez egiten diren bizimodu kulturala, zientzia, teknologia eta eguneroko gauza praktikoak.

Honek guztiak ez du eragin psikologiko berbera multzo guztietan. Harreman bat hasten denean, batak bestea ez du modu berean antzematen.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar ingeles eta frantses hiztunak proportzio berean dauden tokietan, esate baterako Montreal uharteko mendebaldeko udalerrietan, frantses hiztunak elebidunago direla. Ingeles hiztunen artean bizi diren frantses hiztunak elebidunago dira frantses hiztunen artean bizi diren ingeles hiztunak baino. Chicoutimi edo Sept Iles-eko frantses hiztunak elebakarrak dira ez dutelako inolako harremanik ingeles hiztunekin, baina portzentajea berdintsua den tokietan –Montrealgo ekialdeko auzo batzuetan- frantses hiztunak ingeles hiztunak baino elebidunago direla nabarmentzen da. Ez dugu hori ahaztu behar[11].

Zein dira Montrealgo alofonoen ezaugarriak Kanada eta Estatu Batuetako beste hiri batzuetakoekin alderatuz?

Badago datu objektibo bat: jatorrizko hizkuntzen atxikipen maila Ipar Ameriketako handiena da. Montrealen bi hizkuntza garrantzitsu daudelako eta bien arteko aukera egin behar dutelako izango da hori seguruenik[12]. Baina hori ez da beti erraza izaten. Prozesu honen ondorioa izaten da euren hizkuntzari eta esperientzia soziolinguistikoari balio handiagoa ematen diotela, eta horregatik, ez direla beste edozein hiri handitako alofonoak bezaikon bizkor asimilatzen; eutsi egiten dietela luzaroagoan euren jatorriko hizkuntzei.

Toronton, esate baterako, komunitate txinatarra oso handia da. Egunkariak eta telebista kateak dituzte txineraz, baina denek pentsatzen dute ingelesa dela hizkuntza nagusia. Eurentzat funtsezkoa da seme-alaben hezkuntza ingelesez izatea. Baldintza hori denentzat berdina da Toronton. Baina Montrealgo auzo txinatarrean egoera desberdina da; edo, agian, gauza berbera da. Montrealgo txinatarrek, orobat, pentsatzen dute ingelesa oso garrantzitsua dela, baina egoera aldatzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Oraintxe bertan ez dakit zein den Montrealgo komunitate txinatarraren integrazio maila, baina irratian eta telebistan ikusten dudanez, komunitate horretako zenbait gaztek Quebec-eko frantsesa hitz egiten dute. Beraz, egia da auzo txinatarrean bertan ere nolabaiteko aldaketa egon dela. Oraindik asko dago egiteko, baina azken urteotan aldaketa bat egon dela ikusten da.

Zer deritzezu haur eta gazte etorkinek euren jatorrizko hizkuntzak ikasteko programei?

Nik ez dut uste jatorrizko hizkuntzen irakaskuntza mehatxua denik frantsesarentzat, irakaskuntza hau frantsesez funtzionatzen duten ikastetxeetan egiten bada. Nire seme-alabek, esate baterako, japoniera ikasten dute larunbat goizetan, baina frantses hiztunen artean bizi direnez, eleanitzak izango dira frantsesa hizkuntza nagusi dutela. Berriro diot, nire iritziz jatorrizko hizkuntzak ikastea ez da mehatxua frantsesarentzat. Eta are gehiago esango nuke, uste dut hizkuntza horiek irakasteak integrazio prozesuari lagundu egiten diola, desberdintasunak onartzen dituen baina aldi berean hizkuntza publiko komun bat –frantsesa– behar duen gizarte ireki baten irudia ematen duelako.

Ni ziur nago epe luzera PELO programetatik igaro diren alofono gehienak frantsesez hezten badituzte, eta ume quebec-tarrekin harremanak izaten badituzte quebec-tar bihurtuko direla. Horrez gain, gurasoengatik edo inguruagatik beste hizkuntzaren bat ere ezagutuko dute, baina frantsesa izango da hizkuntza nagusia. Hori da nire iritzia.

Dena den, beste gauza bat adierazi nahi dut: jatorrizko hizkuntzen irakaskuntza programetan seme-alaben izena emateko orduan eragozpen burokratikoak gehiegizkoak direla. Funtzionario izanik eta kontu horietara ohituta egonik, nik hori esaten badut , uste dut nekagarria eta gogaikarria izango dela euren seme-alabak matrikulatu nahi dituzten guraso gehienentzat. Programa horietan sartzeko modua erraztu egin behar da eta ez oztopo gehiago jarri.

Zein dira zure iritziz alofonoen integrazio sozialaren alorrean ondorengo hamarkadetan bete beharreko helburu nagusiak? Eta zein da horretan parte hartzen duten instituzioen egitekoa?

Nik uste dut etorkinei frantsesa irakasteko orduan orain egiten dena baino askoz gehiago egin daitekeela. Ni 101. legearen izaeraren guztiz aldekoa izan naiz eta hala naiz oraindik ere, baina uste dut askoz gehiago egin daitekeela alofonoei eta jatorrizko ingeles hiztunei frantsesa ikastea errazteko. Uste dut diru gehiago inbertitu behar dela eta orain arte ez direla egin behar diren ahalegin guztiak[13]. Ikastaro gehiago antolatu behar dira lantokietan, bizi diren auzoetan, etab.

Ez dugu ahaztu behar etorkinen bizimodua oso gogorra dela, batez ere hasieran. Nire emaztea etorkina da eta nik lagun etorkin asko ditut. Oso ondo dakit etorkinak kezkatuta egoten direla lehen mailako arazoekin, besteak beste, lana bilatu, etxea jantzi, umeentzako eskola bilatu, etab. Etorkinen lehenengo 6 urteetan behar asko sortzen dira eta nolabaiteko egonezin emozionala dago hainbat eta hainbat arrazoirengatik.

Bestalde, kontuan izan behar da Couture ministroak (nik berarekin egin nuen lan) sinatutako akordioetatik abiatuz, Quebec-eko gobernuak ahalmena duela Quebec-eko lurraldean bizitzen jarriko diren etorkin burujabeak aukeratzeko. Errefuxiatuak eta lehendik bizi diren etorkinen senitartekoak onartzea Otawako gobernuaren egitekoa da oraindik ere.

Quebec-eko gobernua oso zorrotza da alofonoen integrazio linguistikoari dagokionez. Ezarri duten helburua etorkin burujabeen %85ek frantsesez hitz egitea da. Hori dela eta, ahaleginak egiten dira etorkin berriak frantsesa hitz egiten den tokietakoak izan daitezen. Horren ondorioz, gero eta jende gehiago etortzen da Afrikako iparraldetik (Maroko, Aljeria, Tunisia, etab.). Etorkin horietako batzuk laikoak dira, eta euren herrialdetik ihesi etortzen dira gizarte laikoan bizi nahi dutelako. Baina integrista islamdarrak ere etortzen dira eta ikusiko dugu zein izango den azken emaitza. Dena den, uste dut gehiago egin daitekeela. Horretarako, hizkuntza eta kultura integrazioaren bide hori erraztu egin behar da.

Kanadan eta Quebec-en azken urteotako inmigrazioaren inguruan eraman den politikaren dinamikari dagokionez, zein izan dira ezaugarri aipagarrienak?

Kanadako politika berdintasun osokoa izan da frantsesari eta ingelesari dagokienez. Gainera, kontuan izan behar da Kanadara iristen diren etorkin gehienek ez dutela ezagutzen ez ingelesa ez frantsesa. Arazo honek ez du Kanadako gobernua kezkatzen, badakielako politika liberal honekin ingelesa irabazten aterako dela. Arazoa eurena ez denez, eurek ez daukate konponbidea aurkitu beharrik. Errealitateak euren alde jokatu eta juzkatzen du. Mundu osoan duen egoerak inmigrazioaren alorrean ere mesede egiten dio ingelesari.

Etorkinen erabilera politikoari dagokionez, zeresan ugari ematen du hauteskundeetan. 95eko erreferendumean, esate baterako, frogatuta dago Kanadako Gobernua oso modu liberalean eta oso bizkor jokatu zuela “ezezkoaren» aldeko boto gehiago lortzeko. Horixe egin zuten 80ko erreferendumean ere[14]. Zer kopuru? Ni 95ean Japonian nengoen eta ez nion gaiari hurbiletik jarraitu. Milaka lagun ziren, baina nik ez daukat informazio zehatzik.

Badakit, baita ere, Quebec-etik alde egindako jendea itzuli egin zela botoa emateko. Kontuan izan behar da erreferendumaren aurreko bi urteetan Quebec-en bizi izandako jendeak botoa emateko eskubidea zuela. Nahikoa zen adieraztea Quebec-etik ez zuela behin betiko aldegin. Bazen , haatik, duela hainbat urte Quebec-etik aldegin, baina bertan familia izan eta botoa ematera etorri zen jendea ere. Erakunde federal batek kanpaina handia egin zuen kazetari askoren laguntzarekin jendea ezezko botoa ematera animatuz.

Nola baloratuko zenuke alofonoek Montrealgo errealitate soziopolitikoari egiten dioten ekarpena? Zein dira datozen urteotarako itxaropenak?

Nik aniztasuna maite dut. Harro nago jatorri desberdineko pertsonak dituen gizartean bizitzeaz. Gogoko dut jende eta esperientzia desberdinak ezagutzea.

Uste dut nazionalista gehienek nik bezala pentsatzen dutela, aniztasun kulturalari atea zabaltzen diotela. Baina aldi berean, kezka politikoa sentitzen dugu alofonoak, oro har, ez direlako oso sentikorrak Quebec-eko hiritarren nahiekiko, hau da, nazio bat izan eta edukitzeko nahiarekiko. Eta hori lortzea ez da batere erraza.

Quebec-tar batek ikusten duenean alofono talde batek bere kausarekin bat egiten duela, ongi etorri oso beroa egiten zaio. Frantsesaren nagusitasuna aldarrikatzeko 80ko hamarkadaren amaieran egin genituen manifestaldiez gogoratzen naiz. Hizlarien artean oso hizkera berezia zuten alofonoak zeuden, baina Quebec-eko hiritarrak oso sentikorrak ziren manifestazio horiekiko.

Baina zoritxarrez, alofonoek ez dituzte era horretako manifestaldi gehiegi egiten. Zer dela eta? Nik uste dut arrazoi asko daudela, baina garrantzitsuenetako bat da gutxiengo etnikoek ez dakitela zertan hobetu daitekeen euren egoera Quebec-ek independentzia lortzen badu. Ez dute ikusten zertan izango den hobea eurentzat. Denek ez dute uste “per se» txarra izango denik, baina ez dute arriskatu nahi. Bestalde, ez dugu ahaztu behar alofono horietako batzuk ingeles hiztunak direla, eta jasotzen duten informazio guztia iturri ingelesetatik datorrela. Horren ondorioz, jarrera arraroak sortzen dira quebec-tarra izatea zer den eta horrelako gauzei buruz.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar, etorkin asko asaldura ugari izan dituzten herrialdeetatik datozela, eta ondorioz, asko estimatzen dutela egonkortasuna. Hori dela eta, gaur egungo egoera zergatik aldatu behar den galdetzen dute. Nire iritziz, modu honetan uler daiteke euren arrazoibidea: “ea horrekin jolasean hasi eta gauzek okerrera egiten duten».

Egoera desberdina izatea nahiko nuke, baina ulertzen dut etorkin gehienen sentimendu hori.

Dena den, hizkuntz politikak erantzuna eman behar dio frantses hiztunen gehiengoak eskatzen duenari. Jarrera irekia eduki behar dugu frantsesez hitz egiten ez duten taldeekin. Ados ez bagaude ere, hori zergatik gertatzen den ulertzen ahalegindu behar dugu. Baina aldi berean, jarrera itxia ere eduki behar dugu, babestekoa. Nire iritziz, hemen bizitzen geratzeko asmoa duen jendeak argi eduki behar du Quebec frankofonoa dela. Horretan ez du zalantzarik egon behar. Quebec liberala da eta hizkuntza etnikoen erabilera baimentzen du, jatorrizko hizkuntzak irakasteko programak babesten ditu, etab., baina Quebec-eko bizitza publikoko hizkuntza, hizkuntza desberdineko pertsonen arteko hizkuntza frantsesa izan behar da. Gaur egun ematen du frantsesa edo ingelesa bietako edozein izan daitekeela, edo biak batera. Gai hori oso argi utzi behar da. Dudarik gabe, alofono askok eta askok ingelesez hitz egiteko joerarekin jarraituko dute, eta jakinaren gainean egon behar dugu hauek integratzea zaila izango dela.

Baina horrez gain, kontuan izan behar da jatorrizko frantses hiztunen artean ere zenbait jarrera aldatu egin behar direla Garrantzitsua da hizkuntz legediak argi uztea, eta ziurtatzea Quebec-eko hizkuntza publikoa frantsesa dela; baina frantses hiztun elebidunek, oro har, alofonoekin ingelesez hitz egiteko jarrera dute. Jarrera hori aldatu egin behar da. Hizkuntz jarrera horrek kalte handia egiten du, etorkinak egoera horretara moldatzeko joera sortzen baitu. Hasiera batean esaten dute: “Ingelesez hitz egiten badidate, nik ingelesez erantzungo diet»; eta gero: “zertarako ikasi frantsesa eurek ingelesez hitz egiten badidate?». Arazo larria da. Hizkuntza bat gutxiengotua izatearen ondorioak dira. Arazo hori oso gertutik bizi dut nik. Nahikoa dut quebec-tarrek neure familiarekin dituzten harremanei erreparatzea. Jende askori ez zaio buruan sartzen ekialdeko itxurako zenbait pertsonak ingelesez baino frantsesez hitz egitea nahiago izatea, eta ingelesa baino frantsesa hobeto jakitea. Badakigu hizkuntz ohitura hauek aldatzeak bere denbora beharko duela, baina garrantzitsuena joera hori aldatzea da.

Julen Arexolaleiba BAT aldizkarirako 2001eko abuztuan eginiko elkarrizketa.

Aipamen garrantzitsuak:

  1. Ameriketan, lurralde bat garatzea lortzen duen talde europarra herri fundatzailetzat jo ohi da. Ingelesak ez ziren Quebec-era etorri etorkin arrunt gisa, “ama aberriaren» izenean indar armatu gisa baizik. Hemengo jatorrizko herriei gertatu zitzaiena herri bati bere lurraldean gerta dakiokeen okerrena izan zen: gutxiengo bihurtu ziren. Gaur egun, jatorrizko herriei ahalmen fisikoa falta zaie euren eskubide eta nahiak ezartzeko. 1965etik aurrera, frantses hiztunen jaiotza tasa jaisten hasi zenean, garrantzia ematen hasi zitzaion alofonoen integrazioari. Lurraldeari eta erabilgarritasunari dagokienez ingelesa nagusi dela kontuan hartuz, gauza segurua da alofonoek hizkuntza hau aukeratuko dutela erabaki politikorik hartzen ez bada. Frantses hiztunek ingelesez hitz egiteko arazorik ez izate hori, bere hizkuntza erabiltzeko faktore negatiboa da eta ez da aldatzen erraza. Alofonoen %80k unibertsitateko ikasketak frantsesez egiten jarraitzea lortu behar genuke. Ingeles hiztun elebidunek ez dituzte frantsesezko egunkariak irakurtzen, ez dute frantsesezko telebista ikusten eta ez dituzte Quebec-eko abeslari eta antzezleak ezagutzen. Uste dut askoz gehiago egin daitekeela alofonoei eta jatorrizko ingeles hiztunei frantsesa ikastea errazteko. Ez dugu ahaztu behar etorkinen bizimodua oso gogorra dela, batez ere hasieran. Ezarri duten helburua etorkin burujabeen %85ek frantsesez hitz egitea da. 95eko erreferendumean, esate baterako, frogatuta dago Kanadako Gobernua oso modu liberalean eta oso bizkor jokatu zuela “ezezkoaren» aldeko boto gehiago lortzeko. Kezka politikoa sentitzen dugu alofonoak, oro har, ez direlako oso sentikorrak quebec-tarren nahiekiko; hau da, nazio bat izan eta edukitzeko nahiarekiko. Gutxiengo etniko gehienek ez dakite zertan hobetu daitekeen euren egoera Quebec-ek independentzia lortzen badu. Hizkuntz politikak erantzuna eman behar dio frantses hiztunen gehiengoak eskatzen duenari. Nire iritziz, hemen bizitzen geratzeko asmoa duen jendeak argi eduki behar du Quebec frankofonoa dela. Frantses hiztun elebidunek, oro har, alofonoekin ingelesez hitz egiteko jarrera dute. Jarrera hori alde batera utzi behar da.

 


 

[1] Quebec Ipar Amerikako ipar-ekialdean dago. Kanadako 1996ko erroldaren arabera, 7.045.085 lagun bizi dira Quebec-en, Euskal Herria baino 80 aldiz handiago den lurraldean. Quebec-ek Kanadako azaleraren %25 du eta biztanleen beste %25. Hizkuntza ofizialen ezaguera kontuan hartuz, Quebec-eko probintziako 3.951.710 lagunek (%56) frantsesa bakarrik dakite, 358.505 lagunek (%6) ingelesa bakarrik, 2.660.590 lagunek (%37,7) bai frantsesa eta bai ingelesa hitz egiten dakite, eta 74.275 lagunek (%0,1) ez frantsesa eta ez ingelesa hitz egiten ez dakite. Errolda beraren arabera, Montreal hirian eta beronen inguruetan 3.287.645 lagun bizi dira eta hauetatik 1.634.000 lagunek (%50) frantsesa eta ingelesa hitz egiten dakite, 1.309.150 lagunek (%40) frantsesa bakarrik hitz egiten dute, 280.205 lagunek (%8,5) ingelesa bakarrik, eta 63.500 lagunek (%0,2) ez bata ez bestea.

[2] 1996ko erroldaren arabera, Kanadan bizi diren 28.528.125 lagunetatik 799.010 indiartzat jotzen dira, populazio osoaren %3. Quebec-en bizi diren autoktonoak Kanadako indioen %10 osatzen dute eta Quebec-eko populazioaren %1 dira, gutxi gorabehera.

[3] 1961ean Gai Kulturaletako ministerioa eta l’Office de la langue française (Frantses hizkuntzaren bulegoa) sortu ziren. 1969an, 63. legearen bitartez, frantsesa laneko hizkuntza eta idatzi publikoetako hizkuntza nagusia izateko helburuari buruzko lehen aipamena egin zen, eta ingelesa hitz egiten zen eskoletan frantsesa ikastera behartu zituzten. 1974an, 22. legearen bitartez, neurri horiek sakondu egin ziren: ingelesa hitz egiten zen eskoletarako sarbidea hizkuntza hori behar bezala ezagutzen zutenetara mugatu zen. 1976an, 101. lege ezaguna aldarrikatuz, “Charte de la langue française» (Frantses hizkuntzaren Karta) eta honek ekarri duen guztia jarri ziren abian: era guztietako iragarki, etiketa eta abarretan eta merkataritzako publizitatean frantses hutsa erabili beharra; frantsesteko programak ezarri beharra 50 langile baino gehiago dituzten enpresetara hedatu zen, eskola anglofonoen sarerako sarbidea gehiago murriztu zen, eta legearen bertsio frantsesa bakarrik zela ofiziala adierazi zen.

[4] Azken urteotako txandaketa politikoan, 1976an “Charte de la langue française» izenekoaren bitartez hartutako neurriak murriztu edo sakontzen zituzten beste hainbat lege ezarri dira. Lege hauen artean aipatzekoak dira Parti Quebecois izenekoaren garaiko 57. legea (1983koa) eta 40. legea (1997koa) eta Alderdi Liberalaren garaiko 178. legea (1988koa) eta 86. legea (1993koa).

[5] Alofonoak lehen hizkuntzatzat ingelesa, frantsesa eta bizi diren tokiko hizkuntza ez dutenei deitzen zaie. Quebec-eko etorkinen proportzioa biztanlegoaren %10 da gutxi gorabehera, eta Montrealgo biztanlegoaren %17. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1946 eta 1970 bitartean, Europatik etorritakoak (italiarrak, ingelesak, frantsesak, alemanak eta greziarrak batez ere) etorkin guztien %60 baino gehiago izan ziren. Baina 70eko hamarkadatik aurrera joera hori aldatu egin zen eta beste kontinente batzuetatik etorritakoak gehiago ziren: haitiarrak, vietnamdarrak, libanoarrak, etab. Jatorrien aniztasunaz ohartzeko aski da esatea Montrealgo Eskola Batzordeak 110 ama hizkuntza desberdinetako ikasleak eskolatzen dituela.

[6] 1950ean Quebec-eko biztanleen arteko ugalkortasun tasa 4 umekoa zen emakumeko. 1986 eta 1991 bitartean, frantses hiztunen eta ingeles hiztunen arteko ugalkortasun tasa 1,5ekoa zen eta alofonoen artekoa, aldiz, 1,8koa. Aurreikusten den eboluzioaren arabera, badirudi Montrealgo uhartean 2011. urtean senitarteko harremanetan frantsesez hitz egingo dutenak erdiak baino gutxiago izango direla (48,8) eta alofonoak (26,3) gehiago izango direla ingelesez hitz egiten dutenak baino. Quebec-eko probintzia osoan, 2011. urtean , %79,4k etxean frantsesez hitz egingo du, %10,9k ingelesez eta %9,7k beste hizkuntza batean.

[7] “Frantses hizkuntzaren Karta» indarrean sartu baino lehen (1976), frantsesez hitz egiten zen eskoletara joaten ziren etorkinak ez ziren %10era iristen.

[8] Arau horren ondorioz, 1994an Montrealgo uharteko ikasleen %74k frantsesez egiten zituen derrigorrezko hezkuntzako ikasketak eta %26k ingelesez. 1976tik aurrera, ikasketak ingelesez egiten zituztenen portzentajeak %10eko beherakada izan zuen jatorrizko ingeles hiztunen artean eta %60koa alofonoen artean. 94-95 ikasturtean, uharteko alofonen %21ek egiten zituen ikasketak ingelesez.

 

[9] 1980tik 1994ra bitartean, frantsesez egiten zen kolegioetako irakaskuntza %28 gehitu zen. 1994an, “cegep» deiturikoetan izena emandako ikasle alofono gehienek (%56) ingelesezko irakaskuntza aukeratu zuten. Alofonoen %46k frantsesez ikasten zuen eta baita frantses hiztunen %96k eta jatorrizko ingeles hiztunen %5ek ere. Urte horretan, unibertsitateko irakaskuntzan erabiltzen zen hizkuntzak-ereduak kolegioetako irakaskuntzakoaren konstante berberak zituen.

 

[10] Quebec-etik kanpo, Kanada osoan 970.000 lagun dira euren burua frantses hiztuntzat dutenak. Hauetako lautik hiru New Brunswicken (akadiarrak) eta Ontarion bizi dira. Gainerako probintzietan desertzio maila oso kezkagarria da. Azken urteotan kopurua etengabe murrizten joan da, Quebec barne: 1951tik 1996ra bitartean Kanadako biztanlegoaren %29tik %26ra jaitsi da.

[11] Ñabardura hauek garrantzi handia dute. Datu estatistikoen arabera, 1996an Quebec-eko jatorrizko ingeles hiztunen %62k frantsesa dakite eta jatorrizko frantses hiztunen %34k ingelesa daki. Datu hauek jakitea bezain garrantzitsua da datuen benetako interpretazioa. Lehen hizkuntza erreferentziatzat hartuz, frantsesaren eta ingelesaren ezagutza mailari dagokionez, frantses hiztunen %32k, ingeles hiztunen %59k eta alofonoen %47k diote gai direla hizkuntza batean nahiz bestean hitz egiteko.

[12]1976ko erroldak erakusten zuenez, komunitate alofonoko transferentzia linguistikoen saldoa hamar aldiz handiagoa zen ingelesaren alde. Baina azken urte hauetan joera aldatzen joan da, eta gaur egun transferentzia kopurua frantsesaren aldekoa da 2 eta 1eko proportzioan. Proportzio hori areagotu egiten da 14 urtera bitarteko umeen kasuan, frantsesak dituen transferentziak ingelesak dituenak baino lau bider handiagoak baitira.

[13] Testuinguru honetan, l’Office de la langue française-k prestatutako hiru urteko Garapeneko Planak (1998-2001) dituen 8 helburu estrategikoetako batek honako hau proposatzen du: “Alofonoen integrazio linguistikoa bizkortzea laneko ingurunean».

[14] Komeni da gogoratzea Quebec-eko gobernuak bi kontsulta egin dituela biztanleen iritzia jakiteko Quebec-ek autogobernu maila handiagoa izateko neurriak hartzeari buruz. 80ko erreferendumean EZEZKOAREN aldekoak %59 izan ziren eta 95ean %51.

BAT aldizkaria: 
40. 2001eko iraila. Quebec
Egilea(k): 
Julen Arexolaleiba
Urtea: 
2001