Llengua, dialects i estandarditzacio (Carles Castellanos). Liburua

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Itzulpengintza eta Interpretalaritzako Saileko irakasle dugun Castellanos jaunak berriki argitaraturiko liburu hau benetako harribitxia dugu. Bertan, bere Doktorego Tesiaren alde teorikoa aurkezten badigu ere ( "El procés d´estandarització de les llengües. Aplicació a la llengua amaziga"-1998-), 126 orrialde besterik ez dituen liburutxoa etika eta gizarte-zientzien artean dauden harremanei buruzko ikasgaia emateko baliagarria da.

Izan ere, hizkera, dialekto, hizkuntz-erregistro eta mintzairaren artean mugak lausotzeko joera indarrean dagoen honetan, non hizkuntz zientzien teoriak erlatibismo handienaz ari diren, hiztunak eta hizkuntz guneak aurretik onartua zuten funtsezko erreferentzialtasuna galtzen ari dira.

Liburuak hamabi kapitulu ditu eta horrekin batera hizkuntza, aipu eta erreferentzien indize lagungarria. Liburuaren lehen ataletan hizkuntza standarra zer den argitu ondoren hizkuntzaren gizabankotze prozesuak aztertzen ditu eredu dialektikoa erabiliz (hemen dago, nire ustetan, Carles Castellanosen ekarpen nabarmenena) Seigarren ataletatik aurrera estandarizazioaren garapena, grafitazioa, hautu morfoxintaktikoak, lexikalal eta estilikoak aztertzen ditu. Bederatzigarren atal osoa hizkuntza politikari buruzkoa duzue. Kodifikazio arazoei, berriz, hamargarrenean ekiten die. Eta hamaikagarrenean hizkuntzen modernizazioak berarekin dakarrena argitu ondoren, amazigh-hizkuntzaren (berberea) estandarizaziorako proposamen zehatzak egiten ditu.

Egun, teoriaren mesederako edo, liberalismo linguistikoa dugu zabaltzen ari dena, eta indar handiz gainera. Hizkuntza gutxituek, berriz, ordezkapenaren itzala inoiz baino nabarmenago antzematen dute beren eguneroko sasi-bizitzaren iraupen ahaleginetan ari diren bitartean.

Castellanosen liburuan ordezkapen eta bizi-grina horren adibideak erudizio handiz jantzita eskaintzen zaizkigu. Egilea, ordea, gertakizunen narraziotik haratago doa, eta arazoaren aurrean duen konpromiso etiko-linguistikoa jarraiki, proposamenak ere egiten dizkigu.

Egileak hizkuntzalaritzarekiko jarrera etikoa agertzen du, ez baitie ihes egiten hizkuntzaren arazoei irtenbide errazen atea zabalduz. Aitzitik, arazo bakoitza: grafizazioa, morfosintaxia, lexikografia, estilistika, konposizioa eta abar behar besteko sakontasunez aztertzeko gai da. Ezin esan, ordea, deskripzio antzuan geratzen denik, Castellanos jauna egoera hauek gainditzeko bideak eskaini eta ate berriak irekitzen maixua denik ezin uka.

Herri hizkuntza eta hizkuntza jasoaren arteko mugak ezartzerakoan egilearen jarrera etikoa dugu, hiztunarekiko begirunea erabatekoa du (idazkeraren gainetik betiere...). Dudarik gabe, soziolinguistika katalanarentzat ekarpena joria dugu aipatzen ari garen testua, baina horrezaz gain, mundu osoko hizkuntzalaritza konparatuan ere erreferentzi berri baten aurrean aurkitzen garela esateko ez nuke nik erreparo handirik izango. Irakurketa gomendagarria, beraz.

 

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Egilea(k): 
Fito Rodriguez
Urtea: 
2001