Lanbide heziketaren euskal adarra azken urteotan ikasmaterialgintzaren ikuspegitik

95-96 ikasturtean, LH berria ezartzen hasi zenean, 3.374 ikasle, %7'6, ari ziren Lanbide Heziketa osoko euskal ereduan (Lanbide Heziketa zaharra gehi berria). Ikasle kopuru hori ez da berriz lortuko 00-01 ikasturtera arte (portzentaia bera, ordea, 99-00 ikasturtean, %7'8).

materia espezifiko berriak ikasi behar dira, lan-profilari loturikoak. Ikasleriaren jaitsiera eta sakabanaketa aldi berean gertatu denez, ezinezkoa bihurtu zaie argitaletxeei eskaerari erantzutea, proiektu gehienak bideragarriak ez direlako.

Egia da, alabaina, euskal ereduak berreskuratu behar duen esparrua handia dela, baina jaiotza-tasagatiko ikasle murrizketak ez dio oraingoz kalterik egin. Datuok erakusten duten joeraren arabera, badirudi oraindik hazten segituko duela – A ereduaren kasuan garbi ikusten ez dena, beheranzko joeran sartuta baitago -.

oraindik bost familia ez dira hasi D ereduko ziklorik eskaintzen. Arrazoiak arrazoi, hainbatetan gutxi hedatutako familia izateak zer ikusi handia izango du, oraindik A eta D ereduetako ikasleak nahastu beharko dituztelako

Taulak agerian uzten duenez, 1.743 ikasle (euskaraz ari direnen %36’3) biltzen ditu guztira ikasle gehien duen familia edo lanbide arloak

Ez da sekula izan Hezkuntza Sailaren asmoa argitaletxe bihurtzea, eta oraingo honetan irizpide bera erabili da: urteetako esperientzia duen EIMA programa – euskal ikasmaterialgintza sustatzeko programa, alegia – erabili da (bere lau atalak: EIMA I, II, III eta IV) eta egokitu Lanbide Heziketaren beharrizanetara, beti ere kontuan hartuta, ahal dela, ikasmaterialak argitaletxeen eskutik bideratu behar direla.

Ikasmaterial beharrak non dauden aztertu ondoren, deialdi bat egiten da landu beharreko modulu edo materia zerrenda batekin. Irakasleek aukeratu behar dute zein materia landu nahi duten. Ikasturteko 1.lauhilabetekoa eskaintzen zaie horretarako, erabateko liberazioarekin eta IRALE programaren barruan garatzeko.

Eboluzioa atalean ikusi den bezala, ia bikoizten joan da ikasle euskaldunen kopurua urterik urte, 97-98 ikasturtetik hona.

Hazkunde hau mantenduz gero, errezago izango zaie argitaletxeei hedatuen dauden familietarako materialak kaleratzea.

Gutxi zabalduta dauden familien kasuan, lehengo egoeran mantenduko dira, material behar handiarekin, EIMA eta IRALEren bidez sor daitezken materialak salbu.

ABIAN

Erreforma edo Lanbide Heziketa berriaren ezartze-aldiak hankaz gora jarri zuen euskal adarraren sendotze-prozesu motela: ikasle eta irakasle euskaldun kopurua gero eta handitzenago, LHrako liburu-bilduma osatze bidean… Ez Erreforma kaltegarria zelako – uste dut denok aitortu behar dugula onuragarria izan dela Lanbide Heziketarako – ordura arteko prozesu guztiak birmoldatzea eskatzen zuelako baizik, planteamendu berri batera egokitzera behartuz.

Lanbide Heziketa berria ezarri aurretik, ikasleak, orohar, hiru adar edo familia nagusitan metatzen ziren eta honek euskalduntze prozesua errazten zuen:

  • Posible zen espezialitate beraren barruan hizkuntz eredu desberdinak antolatzea
  • Argitaletxeei begira, bezereria potentzial egokia, nolabait testuliburugintza bideragarria egiten zuena.

Ezin esan, bestalde, prozesu hau erabat garatua zegoenik, baina nabarmenki sendotzen ari zen (gero eta ikasle gehiago D ereduan, gero eta euskal testuliburu gehiago), goranzko joera geldiezina zelarik. 95-96 ikasturtean, LH berria ezartzen hasi zenean, 3.374 ikasle, %7'6, ari ziren Lanbide Heziketa osoko euskal ereduan (Lanbide Heziketa zaharra gehi berria). Ikasle kopuru hori ez da berriz lortuko 00-01 ikasturtera arte (portzentaia bera, ordea, 99-00 ikasturtean, %7'8).

ETENALDIA

Lanbide Heziketa berriak erabateko aldaketa eragin du ikasketon antolamenduan. Ekarri dituen berrikuntza akademiko-formatiboak alboan laga, ez baitira lantxo honen helburua, eta euskalduntze prozesuan eragin handia izan duten egiturazko aspektuak aipatuko dira bakarrik.

Arestian aipatu bezala, ikusi dugu ikasleria, orohar, hiru adar nagusitan metatzen zela eta zer-nolako eragina zuen egituraketa honek euskalduntze prozesuan. Oraingo antolamendu berriak ia hutsetik abiaraziko dio, aldaketa hauek ekarriko baititu:

  • Ikasketa eskaintza zabaldu: hiru adar edo familia nagusitik hogeita bat familiara zabaldu da eskaintza akademikoa.
  • Ikasketa plan berriak: irakasgai zaharrak egokitu beharra eta irakasgai berriak ekarri.

Honek guztiak, nahigabe, etenaldi bat sortu du euskalduntze prozesuan arrazoi hauengatik:

  • Ikasleria sakabanatu egiten delako egun dauden 21 familietan. Baina ez hori bakarrik; familia, adar edo lanbide arlo bakoitzak bere eskaintza propioa du: familia osatzen duten Heziketa Zikloak (ehundik gora, guztira). Lehengo ikaslegai batek hiru familien artean aukeratu ohi bazuen (bazen bestelakorik baina guztiz testimonialak edo hedadura mugatukoak: nekazaritza, itsasoko eta arrantzako jarduerak, ileapainketa, automozioa, zurgintza…), egungo ikaslegaiak guztiz desberdinak diren hogeita bat familien artean aukeratu behar du. Hori erabaki eta gero, familiak eskaintzen dituen Heziketa Zikloen artetik bat aukeratu beharko du, erabat independienteak diren heziketa zikloen artetik, hain zuzen ere.
  • Ikasmaterial eskasia dagoelako. Lehengo ikasmaterialak LH zaharrerako eginak ziren eta, baliagarriak baziren ere, egokitu beharra suertatu da hainbatetan; bestetan, ez zegoen ikasmaterialik irakasgaia (modulua, hobeto esanda) erabat berria delako edo beste ikuspegi batetik irakatsi behar delako.

ONDORIOAK

Ikusten denez, orokortasunetik espezifizitatera pasatu da eta ikasleak metatzetik sakabanatzera, egoera berriari egokitutako ikasmaterialik eza nabariarekin. Honek guztiak ondorio hauek ekarri ditu:

  • D ereduaren murrizketa: ikasleen sakabanaketaren (A eta D ereduetako ikasleena) ondorioz, hasiera batean bi ereduotako ikasleen nahasketa eragin du euskal adarraren kaltetan, talde bikoizketa posible ez delako.
  • Modulu edo irakasgaien ugalketa: materia espezifiko berriak ikasi behar dira, lan-profilari loturikoak. Ikasleriaren jaitsiera eta sakabanaketa aldi berean gertatu denez, ezinezkoa bihurtu zaie argitaletxeei eskaerari erantzutea, proiektu gehienak bideragarriak ez direlako.

EBOLUZIOA

Ikus dezagun ondoko grafika:

A GRAFIKA

97/98 ikasturtean LH zaharra eta berria elkarrekin ari ziren, azken hau bi urte lehenago ezartzen hasia zela. Oraindik ikasle asko zaharrean ari zen, baina ikasmaterial proiektu guztiak bertan behera geratu ziren, egoera berria ezagutu arte. 674 ikasle bakarrik ari ziren LH berriaren orduko familietan barreiatuta (denak ezarri gabe oraindik). Esan dezakegu urte hartan behea jo zuela euskal adarrak eta ordudanik hona ikasle kopurua ia bikoizten joan dela urtez urte, A grafikak erakusten digun moduan:

  • 97-98: 674 ikasle (%8’1) (LH berriaren totalarekiko)
  • 98-99: 1.737 (%6) (portzentaia behera egiten du LH berria orokortzen ari delako)
  • 99-00: 2.401 (%7’7)
  • 00-01: 4.791 (%16’4)

Azken lau urteetako datuen arabera, euskal adarra gorantz ari da etengabe, testimoniala izatetik gero eta zabalduago egotera pasatuz (Gipuzkoan %32’3 ari da 00-01 ikasturtean euskal ereduetan, B+D. B eredua arautu gabeko eredua da, antolatze irizpideak ikastetxearen esku geratzen direla. Azterketa honetarako B eta D ereduak batu egin dira, zeren finean B ereduak erakusten baitigu bezereria potentzial bat badagoela eta ikastetxeak gutxieneko azpiegitura bat baduela euskal adarrean sartzeko).

B GRAFIKA

B grafikan A eta D (B+D) ereduak erkatzen dira. Bi ereduen arteko aldea handia bada ere, ikusten da 99-00 ikasturtetik hona (99-00.ean LH berriaren orokortze prozesua ia bukatua zegoen, LH zaharraren hondar testimonial batzuk besterik ez dira geratzen) A ereduak beherantz egin duela. Ikasle berrien kopuruak, bestalde, behera egin du jaiotza-tasagatik, baina ikasle galera honek ez dio eraginik egin D ereduari, hazten segitu duela.

Egia da, alabaina, euskal ereduak berreskuratu behar duen esparrua handia dela, baina jaiotza-tasagatiko ikasle murrizketak ez dio oraingoz kalterik egin. Datuok erakusten duten joeraren arabera, badirudi oraindik hazten segituko duela – A ereduaren kasuan garbi ikusten ez dena, beheranzko joeran sartuta baitago -.

Familien eboluzioa ere aipatu beharko da LHri buruzko ikuspegi orokor bat izateko. Artikuluan zehar azaldu da 21 familia direla Lanbide Heziketa berria osatzen dutenak, baina den-denak ez dira sartzen euskal adarrean; hobeto esanda, denek ez dute gutxienez heziketa ziklo bat eskaintzen D ereduan. Hauxe izan da eboluzioa:

97-98 ikasturtea: alferrik da daturik ematea, oraindik testimoniala baitzen LH berria eredu guztietan.

  • 98-99: 13 familia
  • 99-00: 15 familia
  • 00-01: 16 familia

Beraz, oraindik bost familia ez dira hasi D ereduko ziklorik eskaintzen. Arrazoiak arrazoi, hainbatetan gutxi hedatutako familia izateak zer ikusi handia izango du, oraindik A eta D ereduetako ikasleak nahastu beharko dituztelako(zonalde desberdinetako ikasleak hartzen dituzte): Irudi Pertsonala; Komunikazioa, Soinua eta Irudia; Itsas-arrantza iharduerak; Arte grafikoak, eta Jantzigintza.

GAURKO EGOERA

Aurreko atalean datu nagusiak aipatu dira; hots, kopuruak eta eboluzioa. Ikus dezagun orain, nola banatzen den euskal adarra Erkidegoko lurraldeetan: (ehunekoetan)

ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIRA
A B D A B D A B D A B D
99’63   0’36 90’64 4’82 4’53 67’61 7’39 24’98 83’59 5’03 11’36

ARABA:

Euskal adarra guztiz testimoniala da. Hala ere, mantendu egin da eta zertxobait gora egin ere: heziketa ziklo bakarretik bi ziklo eskaintzera pasatu da azken urteotan.

BIZKAIA:

Ez da %10era iristen euskal ereduetan ari diren ikasleak. Gorantz ari da urtetik urtera. B eta D ereduei dagokienez, bata bestea bezain hedatua dago.

GIPUZKOA:

Lurralde honetan nabarmenki indartzen ari da euskal adarra, %32ra ailegatuz. B eta D ereduei dagokienez, D eredua da gailentzen dena.

NAFARROA:

Eskura datu ofizialik ez badago ere, Arabako egoeraren antzekoa da. Hiru ikastetxeetan (Beran, Elizondon eta Iruñean) bakarrik eskaintzen da.

Laburbilduz, iaztik hona bikoiztu egin da Euskadiko Autonomi Erkidegoan euskal ereduetan ari diren ikasleen portzentaia, %7’7tik %16’4ra igoz.

Sareei erreparatuz gero, ikusten da Sare Publikoa dela ikasle kopuru handiena biltzen duena, bertan D eredua nabarmenki gailentzen dela. Sare Pribatuan, aldiz, B eta D ereduek antzeko portzentaiak dauzkate, B eredua zertxobait nagusituz:

EREDUAK PRIBATUA PUBLIKOA
B 976 (%51) 495 (%17’2)
D 938 (%49) 2382 (%82’8)
GUZTIRA 1914 (%100) 2877 (%100)

Orotara euskal ereduetan ari diren ikasleetatik %40 Sare Pribatuan ari da eta %60 Sare Publikoan.

Azkenik, gainetik bada ere irakurlea ez asperrarazteko, aipatu egin behar da familien ezarpen maila, erabateko erlazioa baitu ondoren helduko diogun gaiarekin: ikasmaterialgintzarekin, hain zuzen ere.

Hauexek dira hedatuen dauden familiak:

LANBIDE ARLOA EDO FAMILIA % Ikasle kopurua
1. Fabrikazio mekanikoa
36’3 1743
2. Elektrizitatea eta elektronika
14’3 688
3. Administrazioa
9’9 478

Taulak agerian uzten duenez, 1.743 ikasle (euskaraz ari direnen %36’3) biltzen ditu guztira ikasle gehien duen familia edo lanbide arloak (37 ikasle guztira, gutxien dituena!).

Erdal ereduan ere, ordena-aldaketak gorabehera, hiru familia hauek dira ikasleek nagusiki aukeratzen dituztenak.

Esan beharrik ez dago, zenbaki hauek ikusita, zaila dela behar bezalako erantzun bat ematea egun LH berrian dauden ikasmaterial beharrei; areago, Fabrikazio mekanikoa familian ari diren 1.743 ikasleak familiako 4 Heziketa Zikloetan barreiatzen dira, ikasle gehien dituen Heziketa zikloa Mekanizazioa delakoa izanik, 786 ikaslerekin guztira.

IKASMATERIALAK

Urteotan LH berrian hasi den irakasleak ohiko egokitze problemez gain, beste problema batekin egin du topo: ikasmaterialik eskasia.

Esan daiteke beharrizan hori denek nozitu dutela, A eta D ereduetako irakasle orok. Baina, A ereduko irakaslearen kasuan bestelako abiapuntutik hasten zen:

  • Hizkuntza teknologikoa garatuagoa eta finkatuagoa
  • Erreferentzi liburu eta informazio iturri gehiago
  • Euskal ereduaren kasuan errealitatea hauxe zen:

  • Ikasle gutxi eta sakabanatuta
  • Argitalpenak bideragarriak egingo zituen bezereriarik ez.

Egia da, aitzitik, ordura arteko esfortzuaren emaitza (liburu-bilduma bat eta esperientzia) oraindik baliagarria zela, baina, hutsetik birrabiatu behar ez bazen ere, eskola duintasunez emateko eta egoki prestatzeko baliabide berriak behar ziren. Gainera, teknologien eboluzio geldiezinak problema areagotu egiten du (A eta D ereduetan, bestalde), zenbait material segituan zaharkituz.

Azkenik, gutxi dira LHrako ikasmaterialgintzan gutxieneko tradizio bat duten euskal argitaletxeak eta halako egoera ez da arlo honetan estraineko aldiz sartzeko bat ere erakargarria.

Horiek horrela, eta lantegiaren tamaina ikusita, material eskasia murrizteko plan bat diseinatu zuen Hezkuntza Sailak:

  1. Lanbide Heziketarako ikasmaterialgintzaren koordinatzaile figura sortu.
  2. Hezkuntza Sailaren ikasmaterialgintza baliabideak erabili eta egokitu Lanbide Heziketaren egoera bereziari.
  3. IRALE programa erabili ikasmaterialgintzarako

Azken bi hauek planaren gunea direnez, bakoitza zertan den azalduko da jarraian:

B) Ez da sekula izan Hezkuntza Sailaren asmoa argitaletxe bihurtzea, eta oraingo honetan irizpide bera erabili da: urteetako esperientzia duen EIMA programa – euskal ikasmaterialgintza sustatzeko programa, alegia – erabili da (bere lau atalak: EIMA I, II, III eta IV) eta egokitu Lanbide Heziketaren beharrizanetara, beti ere kontuan hartuta, ahal dela, ikasmaterialak argitaletxeen eskutik bideratu behar direla.

Hauek dira, besteak beste, hartutako neurriak:

  • - EIMA programaren aurrekontua handitu, LHren beharrei erantzun ahal izateko.
  • - Lehentasuna eman Lanbide Heziketarako proiektuei.
  • - Diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzak egokitu Lanbide Heziketaren egoera bereziari.
  • - Internet onartu argitarabide bezala.

Azken bi urteetan EIMA programaren bidez lortu da zehar-lerroko modulu guztietarako testuliburuak izatea eta zenbait material espezifiko liburu moduan edo interneten bidez, den-denak argitaletxeek argitaratuak.

C) Urteetako esperientzia ere duen IRALE programa (irakasleak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programa, alegia), erabili da ikasmaterialgintza sustatzeko, R ikastaroak, hain zuzen.

R400 ikastaroak antolatu dira horretarako, bi helbururekin:

- Irakasleen euskara maila hobetu.
- LHrako ikasmaterialak sortu.

Ikasmaterial beharrak non dauden aztertu ondoren, deialdi bat egiten da landu beharreko modulu edo materia zerrenda batekin. Irakasleek aukeratu behar dute zein materia landu nahi duten. Ikasturteko 1.lauhilabetekoa eskaintzen zaie horretarako, erabateko liberazioarekin eta IRALE programaren barruan garatzeko.

Bi urteko esperientziak eta ebaluazioak erakusten du oso bide egokia eta emankorra dela, bere mugak baditu ere. Honi esker argitaletxeek materialak eskuratu ahal izan dituzte (ez da bide bakarra, EIMA programa ere bere fruituak ematen ari da eta), gero liburu moduan argitaratzeko edo interneten jartzeko.

Bi bide hauetatik, EIMAtik eta IRALEtik alegia, jasotzen diren material guztiek ez dute erantzun bera izaten argitaletxeen aldetik lehen aipatutako arrazoiengatik.

Materialok zabaltzea Sailaren xedea denez, Hezkuntza Sailak “Toribio Etxebarria�» bilduma sortu berri du asmo horrekin, argitaletxeek argitaratu ezin dituzten lanei ahalik eta zabalkunderik handiena emateko.

Bestetik ikusten da EIMA zein IRALE programak berebizikoak direla hedadura txikiko familietarako (lehen ikusi dugun bezala, zenbait kasutan 40 ikasle inguru guztira), epe luzera begira zaila izango baitzaie materialik lortzea argitaletxeen eskutik.

Ondoko koadroak erakusten dizkigu ikasmaterialgintza sustatzeko bi zutabe nagusiak :


Beharrak handiak direnez, 21 familiatik 16 familiatan bada eskaintzarik euskaraz, hirugarren bide bat jorratzen hasi da, aurreko bi hauen osagarri moduan: HETELek eta IKASLANek, LHko ikastetxeen Elkarteek, proposaturikoa: ikasmaterialak euskaratzea interneten jartzeko.

Dagoeneko material hautaketan eta finantzazio bilatze prozesuan ari dira. Helburua da erabilera zabaleko testuliburu edo material egokiak euskarara itzuli eta interneten jartzea.

ETORKIZUNEAN ZER?:

Orain arte erabiltzen ari diren baliabideak mantenduz gero eta D eredurako aurrikusten den hazkunde-joera gauzatuko balitz, hauxe izan liteke epe motz eta luzerako aurrikuspena:

EPE MOTZEAN:

Eboluzioa atalean ikusi den bezala, ia bikoizten joan da ikasle euskaldunen kopurua urterik urte, 97-98 ikasturtetik hona.

Hazkunde hau mantenduz gero, errezago izango zaie argitaletxeei hedatuen dauden familietarako materialak kaleratzea.

Gutxi zabalduta dauden familien kasuan, lehengo egoeran mantenduko dira, material behar handiarekin, EIMA eta IRALEren bidez sor daitezken materialak salbu.

Beraz, D ereduko ikasleen matrikulazioak gora egitea guztiz erabakiorra gertatzen da ikasmaterialgintzarako. Gakoetako bat, nagusia ez esateagatik, hor dago.

EPE LUZE-ERTAINEAN:

Hedatuen dauden familiak gero eta hobeto hornituak egongo dira ikasmaterialen aldetik.

Hazkunde-joera honela segituz gero, egun taularen erdialdean dauden zenbait familiak argitalpena bideragarria egiten duen gutxieneko kopuru hori lortuko dute, eskasia hori txikiagotuz.

Gutxi zabalduta dauden familien kasuan, EIMA eta IRALE programak izango dira beren ikasmaterial-iturri bakarra (edo HETEL-IKASLANen ekimena). Gainera, hedadura urriko familiak izatez urriak dira, honelako koalifikaziorik duten langileen eskaera urria izango baita produkzio- edo enpresa-sektoreen aldetik; kasurako, elikagaien industriak, komunikazioa eta irudia, nekazaritza...

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
EAE
Egilea(k): 
Xabier Aramendi
Urtea: 
2001