Frantziako hizkuntza politika(k) epe luzera: alde sendo eta ahula

Hizkuntzak kulturaren parte dira [...]. Baina hizkuntza nozioa guztiz bitxia da eta hainbat “patois», dialekto, etab. barne hartzen ditu.

Ministro jaunak jatorrizko hizkuntzari buruz hitz egin berri du. Zein da Vosgetako jendearen jatorrizko hizkuntza? Gustura jakingo nuke. Eta Grenellekoena?2 [barreak]. Nahiago nuke esango balidate.

Glotopolitikari zegokionez unilinguismoaren bilaketa izan zen nagusi –eta horren nondik norakoen adibide dira kontatu berri ditudan bi anekdota horiek–. Unilinguismo horren biktima izan dira Frantziako hizkuntzak, hori agerikoa da, baina seguruenik baita hizkuntza frantsesa bera ere.

Iraultza frantsesa hizkuntza frantsesaren aldeko batasun linguistikoaren legitimazioko une garrantzitsuena izan zen, iraultzaile batzuek benetako plangintza linguistikoa burutzeko zuten irrika une horretan gauzatu ahal izan ez bazen ere. (Boyer eta Gardy ed. 1985).

“Federalismoak eta superstizioak behe bretoiera hitz egiten dute; emigrazioak eta Errepublikarekiko gorrotoak alemaneraz hitz egiten dute; kontrairaultzak italieraz hitz egiten du, eta fanatismoak euskara. Hauts ditzagun kalteak eta akatsak eragiten dituzten tresna hauek»

hizkuntzaren erabilera garbizale bat idealizatu zen, Erabilera Zuzena instituzionalizatu –eta ondorioz sendotu– zen, eta hori guztia, noski, aipatu berri dudan frantsesaren aldeko hizkuntz batasunerako joera sendoaren finkatze prozesuarekin bat etorriz.

André Martinet-ek, bestalde, Frantziako unilinguismoaren eragin kaltegarriak aipatu zituen, eta horrek ere arrazoi zuen. Izan ere, besteak beste, “mendeetan zabaldu den frantsesen malthusianismo linguistikoa» salatu zuen, neologia gaietan jatorrien purismo batek eragindakoa.

Badirudi, bi gertakari soziolinguistiko garrantzitsuk unilinguismoaren bilaketa prozesuaren azkenean gaudela adierazten digutela, edo, behintzat, arazo larriak dituela aipatu berri ditudan bi alderdietan –konpetentziarik eza eta desbideraketarik eza–:

OHARRA: Honako lan hau “Polítiques lingüístiques a països plurilingües» izeneko jardunaldietan Henry Boyer irakasle jaunak emandako hitzaldiaren itzulpena da.

 


Txosten honetan Frantziako estatuan izandako prozesu glotopolitikoaren1 hainbat gauza azpimarratu nahiko nituzke: batetik, prozesu horren konplexutasuna eta iraupena; eta, bestetik, horren berariazkotasuna, prozesua “salbuespeneko» bihurtzen baitu. Horra hor, zergatik dauden, milurtekoaren amaiera honetan, hain egoera kritikoan –desesperatuan ez esateagatik– Frantziako hizkuntza gutxituak, edo ofizialki –eta modu desegokian– eskualdeetako hizkuntza deitutakoak.
Frantziaren historia soziolinguistikoan –eta ondorioz glotopolitikoan– beti unilinguismoa bilatu izan da, unilinguismo zorrotza eta tinkoa. Batasuna inposatzeko joera (Bordieu-k esango lukeen bezala indarkeria sinboliko gehiago edo gutxiagorekin) bi esparrutan eman da: interlinguistikoan nahiz intralinguistikoan. Eta joera horren emaitza azpimarratzeko erabili dut, hain zuzen, Unilinguismo hitza, eta ez monolinguismoa edo elebakartasuna.

Zilegi bazait, bi anekdota kontatuz hasiko dut nire azalpena, Frantziako unilinguismoaren arazoa modu zehatz batean planteatzen lagunduko baitidate.

Lehenengo anekdota, komiko samarra da, eta zertxobait surrealista:

1982. urtean, ikus-entzunezkoei buruzko lege bat eztabaidatzen ari zirela, eskualdeetako hizkuntzei eta kulturei buruz eta haiek irratiz nahiz telebistaz sustatzeari buruz hitz egiten zuen xedapenetako batek honela zioen: “borroka gogorrak izan ziren hainbat eskualdetan eskualdeetako hizkuntzen onarpena lortzeko, eta kulturaren osagai diren neurrian, irratietan nahiz telebistetan aurkezteko eta babesteko aukera emateko» (B. Schreiner, txostengilea). RPR taldea, ordea, idazkera horren aurka agertu zen, eta xedapena aldatzeko eskaera egin zuen: proposatutako testuan “hizkuntza eta hitzak kentzeko». Horretarako, J. Toubon-ek (orduan oposizioko diputatu soila zenak) alegatu zuen arrazoia hau izan zen: “hizkuntza eskualde bateko kulturaren parte zela eta, ondorioz, hizkuntzak eta kulturak biak esan beharrik ez zegoela». Txostengilearen iritziz “nahiko interesik gabea» den aldaketa horrek eragin zuen eztabaida hitzez hitz jasotzen da J.O. (Journal Oficiel de la République Française) Frantziako Errepublikaren Aldizkari Ofizialaren 1982. urteko maiatzaren 1eko zenbakian (Parlamentuko Eztabaidak- Asanblada Nazionala). Bertan modu adierazgarrian eta nahiko garbi ikusten da aldaketa hau ez zela inolaz izaera semantikoko kezka batek eragina.

Alegia, J. Toubon, bere onerako oihartzun handiegirik izan ez duten deklarazioak egin izanagatik nabarmendu zen bere garaian. Adibidez:

Hizkuntzak kulturaren parte dira [...]. Baina hizkuntza nozioa guztiz bitxia da eta hainbat “patois», dialekto, etab. barne hartzen ditu.

Ministro jaunak jatorrizko hizkuntzari buruz hitz egin berri du. Zein da Vosgetako jendearen jatorrizko hizkuntza? Gustura jakingo nuke. Eta Grenellekoena?2 [barreak]. Nahiago nuke esango balidate.

Aurrerago: “Hemen arazo bat dago. Eztabaida honetan konponduko ez dugun eta nazioaren bi ikuskera elkarren aurka jartzen dituen auzia da.»

Hain zuzen ere, Jacques Toubon-entzat «aldaketa txiki honek auzi handia planteatzen du, bestalde denbora luzez aztertu dudana nire lankide Séguin jaunarekin, batez ere Korsikaren deszentralizazioari eta estatusari buruzko eztabaidetan. Hemizikloaren alde bakoitzean ageri diren nazioaren bi ikuskera desberdin jartzen ditu aurrez aurre».

R.A. Vivien-ek, sarritan egiten zituen parte hartze bereziki probokatzaile horietako batean, legea sustatu zutenei “eskualde autonomoak egitea, parlaments croupions (edo ipurkonkorreko parlamentuak), Bretainiako parlamentuak»3 egin nahi zituztela bota zien aurpegira. Eta horren ondoren batere lotsarik gabe esan zien “nazioa sakabanatu nahi zuela».

Bigarren anekdota berriagoa da, eta polemika publiko bati buruzkoa da; hain zuzen, prentsak sarritan plazaratu zuena –eta nolako irrikaz, gainera–. Polemikak bi urte iraun zuen (1989-1991) eta azkenean hizkuntzaren arloko aginte eskudunen –Frantziako Hizkuntzaren Kontseilu Gorena, Akademia Frantsesa eta Gobernua– porrota ekarri zuen. Agintari horiek, hain zuzen ere; frantses ortografia sakon sakonetik erreformatu beharrean –erreforma hitza tabu bihurtu zen hasiera hasieratik–, gure ortografia sistemako hainbat anomalia eta inkoherentzia zuzendu nahi zituen (dakizuen bezala, sistema horren ondorioz funtziorik gabeko grafema ugari sortzen da). Azken finean, lortu nahi zutena zera zen: adibidez, izen konposatuetan marratxoen erabilpena argitzea, guztiz alferrikakoak ziren azentu zirkunflexu batzuk kentzea eta paradigma lexiko batzuk morfologiari zegokionean bateratzea (bonhomme, bonhomie).

Hizkuntzaren integristatzat jo ditzakegunek izugarrizko oihartzuna izan zuten komunikabideetan (Journal Televisé bera barne), eta erreforma horren aitzakiarekin ortografiaren status quo defendatzeko hainbat elkarte sortu zituzten.

Ondorioa: “zuzenketak» –beste frankofono batzuek bultzatu, eta objektiboki erabilgarriak ziren horiexek– gomendio huts bihurtu ziren azkenean, eta erabiltzaileei aukeratzeko askatasuna eman zitzaien (ondorioz, 1991. urtean hiztegi garrantzitsuenetako arduradunek, hiztegien edizio berrietan, “gomendatutako» grafiak ez zituzten proposatu ere egin, ezta aukera gisa ere). (Porrot egin zuen “erreforma» honen historia kritikoa ezagutzeko, ikus Arrivé, 1993).

Bi anekdota hauek oso ondo erakusten dute, nire ustez, Frantziako estatu/nazioaren eraikuntzan zehar nabarmendu zen ideologia linguistikoari oso estu loturiko bi alderdi. Glotopolitikari zegokionez unilinguismoaren bilaketa izan zen nagusi –eta horren nondik norakoen adibide dira kontatu berri ditudan bi anekdota horiek–. Unilinguismo horren biktima izan dira Frantziako hizkuntzak, hori agerikoa da, baina seguruenik baita hizkuntza frantsesa bera ere.

Ondoren zehatz-mehatz aztertuko ditugu Frantziako unilinguismoaren bi alderdi hauek. Hain zuzen ere, honela labur daitezke: ez konpetentziarik (hizkuntza nazionalarekiko) ezta desbideraketarik ere (erabilera legitimoarekiko).

I. Konpetentziarik gabea

Hemen, zalantzarik gabe, unilinguismo hitzaren esanahia lurraldeen batasun linguistikoa da. Batasun hori Frantziaren historia soziolinguistikoarekin bat etorri zen, eta –lehen ere adierazi dudan bezala– estatu nazionalaren eraikuntzarekin nahasten da. Eraikuntza horri monarkiaren garaian ekin zitzaion –hasieratik bertatik– eta Iraultzaren ondoren, errepublika garaian areagotu egin zen.

Historia hau, dominazio linguistiko baten historia da, hainbat fase izan dituen dominazioaren historia: eleaniztasun eraginkorreko egoera batetik (bereziki alor literarioetan konpetentzia soziolinguistiko irekia zuena), gaur egungo egoera ia elebakarrera igaro da (hizkuntz herentzia kontuan izaten bada, eta ez esku hartze glotopolitiko militanteen ondorioz sortu ziren praktika berriak, adibidez “calendretes», “bressoles», "ikastolak» edo “Diwans»-ak4, eta hainbat ase multidiglosiko).

Batasun prozesu horrek erregimen zaharrean estatu monarkikoko hizkuntza administratibo bakartzat erregearen hizkuntza inposatzeko joera izan zuen, baina Iraultzaz geroztik frantsesa hizkuntza nazional gisa inposatu zen. Inposizio horren adierazpen juridiko garbienak XX. mendeko azken urteetakoak dira, 1992. urtean egindako Frantziako konstituzioaren berrikuspena zela-eta (Maastricht-eko tratatuaren berrespenerako egindakoa) bertan jasotako epigrafe batean ikus daitekeen bezala: “Errepublikako hizkuntza frantsesa da». Jakina denez, esaldi hori Europako eskualdeetako hizkuntza gutxituen Gutuna sinatzeko oztopo bat izan zen (baina gai horretara aurrerago itzuliko gara). Konstituzioaren berrikusketari buruzko eztabaidan, kongresuan emendakin bat aurkeztu zen, honakoa proposatzen zuena: “Errepublikako hizkuntza frantsesa da» esaldiari “Frantziako eskualde eta lurraldeetako hizkuntzak eta kulturak errespetatuz» gehitzea. Emendakina antijakobinoa izan arren, azken finean, moderatua zen, baina kongresuan bildutako parlamentario gehienek ezetza eman zioten.

Askotan aipatzen da 1539. urtean Frantzisko I. erregeak Villers-Cotterêts ordenantza sinatu zuen eguna dela, hain zuzen, Frantziako estatu monarkikoaren batasun linguistikorako politikaren hasiera sinbolikoa. Egia esan, data horrek, batez ere, izaera administratiboa du. Izan ere, garai hartan Okzitaniako egoera aztertzeko egindako hainbat azterlanek gauza bat utzi dute garbi: 1539. urtea baino lehen egiten ziren notario-akta gehienak frantsesez idatzita zeuden (eta ez latinez edo oc hizkuntzan) (Nacq 1979).

Egia esan, Iraultza frantsesa hizkuntza frantsesaren aldeko batasun linguistikoaren legitimazioko une garrantzitsuena izan zen, iraultzaile batzuek benetako plangintza linguistikoa burutzeko zuten irrika une horretan gauzatu ahal izan ez bazen ere. (Boyer eta Gardy ed. 1985).

Hasiera batean, 1790. urtean asanbladaren dekretuak Frantziako hizkuntza desberdinetara itzultzen zirela badakigu (hegoaldean Dugas-en kasuan bezala), eta hizkuntza horietan argitaratutako propagandako testu ugari zabaldu zirela leku askotan, bereziki Okzitanian (ikus Boyer eta beste, 1989). Hala ere, une berean hasi zuen Grégoire abadeak bere azterlan famatua (“patois» edo leku bakoitzeko hizkerari eta landako jendearen ohiturei buruzko hainbat galdera). Azterlanaren galderetako batek (zehazki, 29. galderak) garbi uzten du zein zen azterlanaren helburua: “patois-a(k) guztiz desagertaraztea».

“Patois» hitza onartu berri zuen Entziklopediak baina zentzu diskriminatzaile eta iraintzailearekin, frantsesa ez ziren Frantziako beste hizkuntzak adierazteko, frantsesa baitzen hizkuntza “nazional» gisa onartzen zen bakarra.

Egia esan, Grégoire abadeak aniztasun soziolinguistikoa ezagutzeaz gain, beste gauza bat ere lortu nahi zuen: aniztasun hori kondenatzea, komunikazio politiko ona izateko oztopo baitzeritzon. Ondorioz, Iraultzarako oztopo izatea ere leporatzen zion. 1794. urteko maiatzean egin zuen txostena benetako hizkuntz politikako deklarazioa da, eta neurri batean, 1790. urteko azterlanean ezagutzera eman zuen helburua garatzen du, modu esplizituagoan orain. Txostenaren izenburua “Patois-ak desagerrarazteko eta frantsesaren erabilpena orokortzeko beharrari eta bideei buruzko txostena» zen.

Testu hori oso garrantzitsua da unilingismoaren inguruko azterketa egiterakoan (indar ideologikoa duten adierazpen soziolinguistiko batzuk inposatzeko moduari dagokionez):

  1. Aniztasun linguistikoa ez-legitimo bihurtzen du. Aniztasuna, hizkuntz alorrean, nahasmena da azken finean. Grégoir abadeak 30 patois aipatzen ditu. Honi zera gehitu behar zaio: hegoaldean “mahatsondo berak hogeita hamar izen desberdin ditu». Ordena gabeko aniztasun hori frantsesaren “erabilpen bakar eta aldaezina»ren aurkakoa da. Ikuspegi funtzionaletik ere –komunikazioaren ikuspegitik, alegia– aniztasun linguistikoa ez-legitimo bihurtzen du. Patois besterik hitz egiten duen hiritarrak ezin du gainerako hiritar guztiekin komunikatu. Era berean, “patois hizkerek merkataritza mugimenduak eragozten eta gizarte harremanak moteltzen dituzten trabak sortzen dituzte». Are gehiago, politikan erabiltzen den hizkuntza berrirako sarbidea galarazten du, “gure hizkuntzan [frantsesean, izen hori merezi duen hizkuntza bakarra baita] politikari dagokion zatia ia sortu gabe dagoenez, zer gertatuko ote da politikari dagozkion hitzik ia ez duten hizkuntzetan» ... Ondorioz legitimaturiko hizkuntza bakarra frantsesa da, nagusiki arrazoi politikoengatik: “askatasunerako hizkuntza» da, “hiritar guztiak masa nazionalean biltzea» ahalbidetzen duen bakarra da, “hizkuntza feudalek» ez bezala; frantsesa iraultzako ordena berriaren hizkuntza da, eta “patois» hizkerak antzinako ordenaren arrastoak besterik ez dira. Argumentu hori denbora luzez erabili izan zela badakigu.

Barère izeneko beste diputatu batek ere antzeko epai bat emana zuen "Salbazio Publikorako Batzordea"ren izenean aurkeztutako txosten batean: “Federalismoak eta superstizioak behe bretoiera hitz egiten dute; emigrazioak eta Errepublikarekiko gorrotoak alemaneraz hitz egiten dute; kontrairaultzak italieraz hitz egiten du, eta fanatismoak euskara. Hauts ditzagun kalteak eta akatsak eragiten dituzten tresna hauek»

Hizkuntzen erabilpenari buruzko arauzko testu bakar bat onartu zuen "Asanbladak", Hori, hain zuzen, Merlin Douai-ren txosten baten ondorioz (Villers-Cotterêts ordenantzaren aipamena egiten zuen txostena, alegia) onartu zen, eta honakoa da: Iraultza Frantseseko egutegiaren arabera II. urteko termidorren 2ko legeak (edo 1794ko uztailaren 20ko legea). Legeak ezartzen zuenez, ordutik aurrera aktek frantses hutsean idatzita egon beharko zuten, eta “edozein funtzionario edo ofizial publikok nahiz gobernuko edozein agentek» egindako hutsegiteak zigortu egingo ziren.

Geroago ere, beste hainbat erabaki hartu ziren: Talleyrand-en txostena (1791) Frantziako lehen mailako eskolez arduratuko zen Instrukzio Publikorako Batzordearen sorrera eragin zuena; eta Barére-ren txostenaren ondoriozko dekretua, frankofonoak soilik ez ziren departamentuetarako irakasle frantsesen izendapena xedatzen zuena. Baina horiek ez ziren nahikoa izan Iraultzak amesten zuen hizkuntz batasunerako eskola politika arrakastaz martxan jarri ahal izateko, eta III. Errepublikaren amaiera arte itxaron beharko da, hau da, mende bat gehiago, eskola publiko, doan, derrigorrezko eta laikoa sortu zen arte.

II. Desbideraketarik gabea

Frantziako ideologia unilinguistikoaren5 beste alderdi bat da, batasun linguistikoa lortzeko borroka iraunkorraren –eta XIX. mendearen amaieratik aurrera eraginkorra izan zenaren– osagarria: hizkuntzaren erabilpena uniformea egiteagatiko obsesioa, forma bakar bat, hau da, Erabilera Zuzena, zorrotz-zorrotz errespetatzea. Ildo horretan, ez da kasualitatea Villers-Cotterêts ordenantza, hizkuntza frantsesaren estandarizazio garaitzat jotzen denaren hasieran promulgatua izatea. D. Trudeau-ren arabera (Trudeau 1992) garai horrek honako aldia hartzen du: 1529. urtetik –Geoffroy Tory-ren Champ Fleury argitaratu zen urtea– eta 1647. urtera –Vaugelas-en Remarques sur la langue française argitaratu zen urtea–. Garai hori, hain zuzen, Frantziako prozesu soziolinguistikoaren barruan S. Aroux-ek gramatizazio prozesua deitzen duena da: “hizkuntza bat deskribatzera eta hari baliabideak ematera eraman zuen prozesua, oraindik gaur egun ere gure ezaguera metalinguistikoaren euskarri diren bi teknologiatan oinarrituz: gramatikan eta hiztegia» (Aroux, zuz. 1992:28).

Prozesu hori hizkuntza moderno guztien sorreran eman den berbera da, mendebaldeko hizkuntzen sorreran, behintzat; baina Frantzian garapen oso berezia izan zuen. Izan ere, gramatizazioak desbideraketa bat izan zuela esan daiteke: arau gramatikal, lexiko eta ortografiko ...irekiak finkatu beharrean –hizkuntz komunitatea heldua izatera iristeko beharrezkoak, bestalde–, frantsesaren arau bakar bat sakratutzat eman zen, hizkuntzaren erabilera garbizale bat idealizatu zen, Erabilera Zuzena instituzionalizatu –eta ondorioz sendotu– zen, eta hori guztia, noski, aipatu berri dudan frantsesaren aldeko hizkuntz batasunerako joera sendoaren finkatze prozesuarekin bat etorriz.

Garbi dago frantsesa eta horren erabilera legitimo bakarra estatuaren menpe daudela, estatuaren aro modernoaren hasieratik bertatik. Frantziaren batasun politiko-administratiboa hizkuntza batu bakar batean oinarritu da, eta ez da inolaz kasualitatea Frantziako Hizkuntzaren Akademia Richelieu-k sortu izana (1635). Izan ere, XVII. mendean, estatu monarkiko absolutistaren urrezko garaian, nabaritu zen gehien gramatizazioaren “ixte» fenomeno bitxi hori: hizkuntz ideal bat (ikuspegi soziologikotik oso mugatua) fosiltzeko joera zuena, eta orduan ikus daiteke, hain zuzen, hizkuntza frantsesa erlijioa bailitzan finkatu zela, idazle ofizialen gidaritzapean, eta “bere gorentasunaren punturik altuenera» iritsi zela pentsatzen zenean (Peletier du Mans, 1549). Ordutik aurrera, hizkuntzaren perfekzioaren aurkako mehatxu gisa agertzen zen guztia arbuiatu, baztertu egingo zen “a priori».

Hizkuntzaren inguruko fetitxismo hori (Bourdieu eta Boltanski, 1975) frantsesen irudikapen kolektiboan finkatu zen. Eta XIX. mendean, hizkuntza frantsesaren unibertsaltasuna zertxobait ahuldu zen garaian, “Superego soziolinguistiko» horrek eragina izan zuen frantsesak lexiko alorrean izan zituen zailtasunetan, eta, bereziki, hizkuntzak ikuspegi lexikotik modernotasun teknologiko eta zientifikoari aurre egiteko zuen ezintasunean.

P. Knecht-ek “XVII. mendeko normalizazioa, gaur egun arte frantses modernoaren bilakaera markatu duena, murriztaileegia izan zela» pentsatzen zuen, eta arrazoi du. Baita ondorengo hitz hauek esatean ere: “arau frantsesaren historia barne logika baten arabera eta boterearen egiturak inposatutako beharretatik aldenduta garatu izan balitz», “Vaugelas izan ezik, beste edozein ikertzaile identifikatuko litzateke XVI. mendeko pentsaera nagusiarekin; izan ere, garai hartan idazleek beste eskualdeetako hitzak hiztegian jaso eta hizkuntza aberasteko gogoa azaltzen baitzuten. Eta, gainera, ziurrenik, pentsatuko zuen Frantziako hizkuntzaren arauek hizkuntza horrekin jende gehiago identifikatzea ahalbidetu behar zutela» (Knecht 1993: 79-82).

André Martinet-ek, bestalde, Frantziako unilinguismoaren eragin kaltegarriak aipatu zituen, eta horrek ere arrazoi zuen. Izan ere, besteak beste, “mendeetan zabaldu den frantsesen malthusianismo linguistikoa» salatu zuen, neologia gaietan jatorrien purismo batek eragindakoa. Berak dioenez, azken hamarkadetan erabilitako mailegu angloamerikarren ugaritasunaren errua ez da Frantziatik kanpo bilatu behar: errudunak frantsesak berak dira (eta haien gramatikak), arauen status quo-a errespetatzeko hezi baitituzte, hitz berriak sortzeko eta sistemaren produktibitatea funtzionarazteko beldurrean (Martinet 1969).

Erakundeek hizkuntza egokitzeko –batez ere, terminologiari zegokionean– neurriak hartu zituzten –C. Hagége-rentzat neologia “defentsiboa» (Hagége 1987)–. Eta horiek, azken finean, ezintasun baten aitorpena dira: kolektiboaren inpotentziaren, hizkuntz erabiltzaileen zailtasunen aitorpena. Zertan dira, bada, neurri horiek? “Hizkuntza frantsesa aberasteari» buruzko Dekretu baten bidez (1972ko urtarrilaren 7koa) Terminologia Batzordeak sortu ziren, beharrezkoa zenean estatuko edozein administrazio zentralen beharrei erantzuteko. Batzorde horiei, hasiera batean, bi zereginak esleitu zitzaizkien (dekretuaren 2. art.): “sektore jakin batentzat frantses hiztegiko hutsuneen inbentario bat egitea», eta “beharrezko hitzak proposatzea, errealitate berriak izendatzeko nahiz atzerriko hizkuntzetatik hartutako mailegu arbuiagarriak ordezkatzeko».

1973. urteaz geroztik, Frantziako Errepublikaren aldizkari ofizialean hainbat esparruri buruzko terminologia dekretuak eta zirkularrak argitaratu ziren: osasuna eta medikuntza, informatika, ikus-entzunezkoak eta publizitatea, defentsa, hirigintza eta etxebizitza, ekonomia eta finantzak, injinerutza genetikoa, injinerutza nuklearra, telekomunikazioak, nekazaritzako zientziak eta teknikak, etab. (Frantziako Errepublikaren Aldizkari Ofiziala, 1994).

1975eko dekretuaren xedapenak, hasiera batean, 1975. urteko abenduko lege batek osatu zituen: “hizkuntza frantsesaren erabilerari buruzko» legeak, Bas-Lauriol izenez ezagutzen denak. Lege hori 1994. urtera arte egon zen indarrean, eta ondoren beste bat etorri zen: Toubon legea izenez ezagutzen dena. Lege hori, urte batzuetan eztabaidatzen egon ondoren 1994. urteko abuztuaren 4ean bozkatu zuten Asanblada Nazionalean, eta, dakigun bezala, zati batean zentsuratu zuen Kontseilu Konstituzionalak. Disuasio gutxi izan zuen 1975. urteko legeak ez bezala, lege horrek zigorrak ezartzen zituen: nazioarteko produktuak aurkeztu eta solasaldiak antolatzerakoan egindako arau-hausteek 5.000 liberako zigorra zekarten pertsona fisikoentzat eta 25.000 liberakoa pertsona juridikoentzat. Gainerako arau-hausteak laneko legediaren arabera zigortuko ziren.

1996ko uztailaren 2ko dekretu baten bidez (“Hizkuntza frantsesa aberasteari buruzkoak") xedatu egiten zen nola egituratuko ziren “Terminologia eta neologia batzorde orokorra», “terminologia eta neologia batzorde espezializatuak» eta Frantziako Hizkuntzaren Akademia.

Gaur egun, bi egitura osagarri arduratzen dira Frantziako hizkuntzari buruzko erakunde politikaz: Hizkuntza Frantsesaren Kontseilu Gorena, Frantziako lehen ministroa lehendakari duelarik, eta Hizkuntza Frantsesaren Ordezkaritza Orokorra, Kultura eta Komunikazio Ministerioaren6 ardurapean dagoen erakunde “teknikoagoa».

Hagège-ren esamoldea berriro erabiliz, zein emaitza izan ditu “neologia defentsiboa»ren proiektuak? Argi dago Bas-Lauriol legea (1975) ez betetzeagatiko zigorrak barregarriak zirela, eta ondorioz ez zirela eraginkorrak; baina argi dago, halaber, terminologia batzordeak proposatzen zituen ordezko neologismoak semiotikoki ez zirela batere egokiak, eta horrek eragin handia izan zuen.

Ildo horretan, ulertzekoa da hainbat neologismo erraz inposatu izana –“baladeur» hitza walkman hitzaren ordez; beste zenbait arian-arian inposatzen joatea –“parrainage» sponsoring hitzaren ordez eta VTT (Velo Tout Terrain) mountain bike hitzaren ordez–; eta beste zenbaitek arrakasta handia izatea –“logiciel» software baino askoz gehiago erabiltzen da–. Baina ulertzekoa da, halaber, “presonorisation» hitzak play back ordezkatu ez izana, edo “message publicitaire» adierazpenak spot ordezkatu ez izana. Azkenaldian, DGLF erakundeak bultzatuta, “ezarpen terminologikorako» hainbat azterlan egin dira,. Azterlan horiek terminologiari buruzko dekretuaren eraginpeko zenbait esparrutan egin dira, adibidez informatika, teledetekzio aeroespaziala, osasuna eta medikuntza, etab. Duela 25 urte baino gehiago indarrean jarri zen “barne» hizkuntz politikaren ebaluaziorako ezinbesteko ekimenak dira: (Depecker eta Mamavi ed. 1997).

Badirudi, bi gertakari soziolinguistiko garrantzitsuk unilinguismoaren bilaketa prozesuaren azkenean gaudela adierazten digutela, edo, behintzat, arazo larriak dituela aipatu berri ditudan bi alderdietan –konpetentziarik eza eta desbideraketarik eza–:

Lehenengo datua: hizkuntz barneko disidentzia; Frantziako hiri handietako (Paris, Lyon, Marseilla, Strasburg) periferietan bizi diren gazteek, gehienak etorkinen familietan jaioak direnez (sarritan jatorriz magrebiarrak), sistematikoki eta abilezia handiz hizkuntza frantsesaren arauak gaizki tratatzen dituzte (sintaxia, fonetika eta batez ere lexikoa...), bereziki argotizazio prozesu zaharrak nahiz berriagoak erabiliz: hasteko verlan, veul7 (Bachmanm eta Basier 1984, Méla 1991, Boyer 1997a).

Bigarren datuak hizkuntz arteko izaera du: Poignat Txostena lehen ministroari bidali zitzaion 1998. urteko uztailaren 1ean. Txosten hori “Eskualdeetako hizkuntzei eta kulturei» buruzkoa da, eta Lionel Jospin-i Europako eskualdeetako hizkuntza gutxituen Gutuna firmatzeko eta berresteko eskatzen zion8.

Jarrera glotopolitiko berria nazioarteko presioek eta ekintza militanteek eragin dutela garbi dago, batez ere Europaren presioek. Hala ere, frantsesak nazioartean bere hizkuntz politikaren sinesgarritasuna eta legitimitatea bilatzeko burututako ekintzen ondorio ere izan daiteke (batez ere frankofonoei dagokionean) kontraesan ugari aurpegiratzen baitzitzaizkien.9

Bibliografia

Aracil Ll. (1983), Dir la realitat, Bartzelona, Edicions Països Catalans.

Arrive M. (1993), Réformer l’orthographe?, Paris, PUF.

Auroux S. dir. (1992), Histoire des idées linguistiques, T. 2, Lieja, Mardaga.

Bachmann C. eta Basier L. (1984), “Le verlan: argot d’école ou langue des keums?» Mots nº 8.

Bourdieu P. (1976), “Les modes de domination», Actes de la Recherche en Sciences Sociales, 2-3

Bordieu P. eta Poltanski L. (1975), “Le fétichisme de la langue», Actes de la Recherche en Sciences Sociales, 4. zk.

Boyer H. (1982), “A propos du status des langues de France. De la dénomination comme pratique politique», Lengas 12. zk.

Boyer H. (1991), Langues en conflit. Paris, L’Harmattan.

Boyer H. (1996), “Politiques linguistiques: aspects sociolinguistiques et institutionnels». Les politiques linguistiques, Actes des 15e et 16e Rencontres de l’Asdifle, Cahiers de l’ASDIFLE 7. zk.

Boyer H. dir. ( 1996), Sociolinguistique: territoire et objects, Neuchâtel, Delachaux et Niestlé.

Boyer H. éd. (1997), Plurilinguisme: “contact» ou “conflit» des langues? Paris, L’Harmattan (Coll. Sociolinguistique).

Boyer H. (1997a), “Nouveau françáis», “parler jeune» ou “langues des cités?», Langue française, 114. zk.

Boyer H. (1997b), “Un cadre de référence sociolinguistique à l’usage des acteurs de la politique de diffusion du français à l’étranger», Travaux de didactique du FLE 37. zk.

Boyer H. eta Gardy, Ph. Ed. (1985), “La question linguistique au Sud au moment de la Révolution française», Lengas, 17-18. zk.

Boyer H., Fournier G., Gardy, Ph. Martel Ph., Merle R., Pic F. (1989), Le texte occitan de la période révolutionnaire (1788-1800), Montpellier, SFAIEO.

Calvet L.J. (1987), La guerre des langues et les politiques linguistiques, Paris, Payot.

De Certeau M., Julia D., Revel J. (1975), Une politique de la langue, Paris, Gallimard.

Depecker L. eta Mamavi G. Éd. (1997), La mesure des mots, Publication de l’Université de Rouen.

Dumont P. (1990), “Francophonie, francophonies», Langue française 85. zk.

Eloy J.M. (1993), “L’insécurité en français monolithique ou quel est le salaire de la peur?» in Francard éd., 1993-94.

Etudes de Linguistique Appli quée (1987) 65. zk. (“Politiques linguistiques: études de car»).

Francard M. éd. (1993-1994), L’insécurité linguistique dans les communautés francophones péripheriques, Actes du Colloque de Louvain-la-Neuve, 10-12 novembre 1993, Cahiers de l’Institut de Linguistique de Louvain, 19.3-4 eta 20.1-2.

Gardy Ph. eta Lafont R. (1981), “La diglossie comme conflit: l’exemple occitan», Langages, 61.

Guespin L. eta Marcellesi J.B. (1986), “Pour la glottopolitique», Langages, 83. zk.

Gueunier N., Genouvrier E. eta Khomsi A. (1978), Les Français devant la norme, Paris, Honoré Champion.

Hagége C. (1987), Le français et les siécles, Paris, Odile Jacob, Coll. Points.

Houdebine A. M. (1994), “De l’imaginaire des locuteurs et de la dynamique linguistique. Aspects théoriques eta méthodoligiques», Cahiers de l’Institut de Linguistique de Louvain, 20. 1-2.

Journal Officiel de la République Française (1994), Dictionnaire des termes officiels de la langue française, Paris, Délégation Général  la Langue Française.

Knecht P. (1993), “Neutralisation diatopique et suspension de l’Histoire dans la normogenèse du français», Inventaires des usages de la francophonie: nomenclatures et méthodologies, Paris, John Libbey.

Lafont R. (1979), “La diglossie en pays occitan ou le réel occulté» in Kloepfer R. éd. Bildung und Ausbildung in des Romania, Akten des Romanistentages Giessen 1977, München, Fink, vol. II.

Lebidois R. (1966), “Purisme et laxisme», Le Français dans le Monde, 39. zk.

Leeman-Bouix D. (1994), Les fautes de français existent-elles? Paris, Editions du Seuil.

Maingueneau D. (1979), Les livres d’école de la République 1870-1914 (Discours et idéologie), Paris, Le Sycomore.

Martinet A. (1969), Le français sans fard, Paris, PUF.

Mela V. (1991), “Le verlan ou le langage du miroir », Langages 101. zk.

Nacq G. (1979), “Introduction du français et disparition du gascon dans la pratique notariale  Bordeaux et dans le Bordelais (1450-1539)», Lengas 5. zk.

Rey A. (1972), “Usage, jugements et prescriptions linguistiques», Langue français 16. zk.

Rouquette R. (1987), Le régime juridique des langues en France, Thèse de Doctorat, Université Paris X.-Nanterre.

Trudeau D. (1992), Les inventeurs du bon usage (1529-1647), Paris, Editions de Minuit.

 

 

Informazio osagarria

Hizlariak eskaini digun bibliografiaz gain, jakin ezazue Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusi honetako Soziolinguistikari buruzko Dokumentazio Zentroan ondoren aipatzen diren materialak eta beste batzuk ere baditugula. Erreferentzia bakoitzaren amaieran agertzen diren siglek ([] artean daudenek) dokumentuaren deskribapen topografikoa adierazi eta bilaketa errazten dute.

Caboche, A; Kimmel, A. et al. "La langue française en question", ale monografikoa Echos: Pour Comprendre la Societé Française Actuelle, 73-74. Sèvres: Centre International d'Etudes Pédagogiques (CIEP, 1994). [SL/Eu-Lan F]

Etats generaux de la culture bretonne: identité, condition de développement; Quimper, 27 mai 95 = Breujoùi sevenadur breizh: peadra evit an amzer-dazont: Kemper d'ar Sadorn 27 aviz Mae 95. Quimper: An Nerzh Nevez, 1995. [EL/Eu-Eta]

Hammel, E.; Gardy, Ph. L'occitan en Languedoc-Roussillon. Perpinyà : El Trabucaire, 1994. [SL/Eu-Ham]

Martel, C. (ed.) Les français et leurs langues: colloque tenu

à Montellier les 5, 6 et 7 septembre 1988. Aix-en-Provence: Publications de l'Université, 1991. [SL/Eu-Col F]

Vernes, G.; Boutet, J. France, pays multilingue: Les langues en France: un enjeu historique et social. Paris: L'Harmattan, 1987. [SL/Eu-Fra]

Viaut, A. (zuz.) Langues d'Aquitaine: dynamiques institutionnelles et patrimoine linguistique. Talance: Maison des Sciences de l'Homme d'Aquitaine, 1996. [SL/Eu-Lan V]

 


 

1 L. Guespint eta J. B, Marcellesi: “glotopolitika terminoak barne hartzen ditu gizartearen iritziz izaera politikoa duten hizkuntzaren gertakari guztiak» 1886:5).

2 Grenelle Parisko auzo baten izena da. (Itzultzailearen oharra)

3 Parlaments croupions esamoldea jada adierazgarriak ez diren parlamentuak adierazteko erabiltzen da. Eta, era berean, Bretainiako parlamentua eskumenik gabeko parlamentua adierazteko. (Itzultzailearen oharra)

4 “Calendrettes» okzitaniako eskolak dira, “bressoles» Rosselló zonakoak, “ikastolak» euskal eskolak eta “diwans» eskola bretoiak. (Itzultzailearen oharra)

5 "Ideologia" deitzen diot hemen; izan ere, doktrina corpus bat da, adierazpen koherenteen –edo ez hain koherenteen– multzoa, eta izaera politikoa duen proiektu batean inspiratuta dago: hemen glotopolitika deitu dugun horretan.

6 CSLF edo Hizkuntza Frantsesaren Kontseilu Gorena, gogoeta, aholkularitza eta ebaluaziorako erakunde bat da. Horren helburu nagusia Frantzian eta kanpoan hizkuntza frantsesa hedatu, sustatu, aberastu, egokitu eta erabiltzearekin zerikusia duten arazoak aztertzea da. DGLF edo Hizkuntza Frantsesaren Ordezkaritza Orokorraren zeregina frantsesa lurralde nazionalean erabiltzen eta sustatzen dela zaintzea da, eta nazioarteko komunikazioetarako hizkuntza gisa erabiltzeko ahaleginak egitea da, baina bere funtzio nagusia 1994. urteko abuztuaren 4ko legea betetzen dela zaintzea da.

7 Verlan eta veul, hitz batzuetako silaben ordena alderantzikatzean datzan argot baten izenak dira. Adibidez verlan hitzak l’envers (alderantziz) esan nahi du. (Itzultzailearen oharra)

8 Poignant Txostena aurrerapen glotopolitiko garrantzitsua izan bazen ere (birtualki behintzat), aurretik beste zenbait ekimen ere izan ziren (gerra ondoko gobernuak bultzatutakoak), baina horien ondorio praktikoak ez ziren errebindikazio militanteen mailakoak izan: “tokiko hizkuntzen eta dialektoen irakaskuntzari buruzko» 1951. urteko ekaineko Deixonne Savary legea auzi honetako akta sinboliko handiena bezala ezagutzen bada, 1982ko ekaineko Savary zirkularra eta 1998ko apirileko Bayrou zirkularra ere aipatu beharrekoak dira (azken honek irakaskuntza elebiduna ahalmentzen zuen: eskualdeko hizkuntza frantsesa “gurasoek hala eskatzen eta aldarrikatzen dutenean» –neuk azpimarratu dut).

9 Kontraesana, bereziki Europan hizkuntz aniztasuna bultzatu eta defendatzeko eta nazioan hizkuntz aniztasunak biziraun ahal izateko ekintzak burutzeko borondate ofiziala azaltzen zuelako (Boyer: 1997b).

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Henry Boyer
Urtea: 
2001