Euskaraz Bizitzeko Hitzarmena

Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenaren helburuetako bat hitzarmenkide direnen kanpo harremanak euskaraz izan daitezen ekimenak bideratzea da. Hori lortzeko hiru ildo estrategiko finkatu ditu: hornitzaileak, administrazioa eta informatika.

EAEn, esaterako, 1992ko Euskararen Legea dugu eta bertan argi adierazten da administrazioak komunikazio guztiak elebitan egin behar dituela. Horrenbestez, hemen jarraitzen dugun bidea erreklamazioa izaten da. Tc-2 inprimakiarekin duela hiru bat urte izandako arazoa dugu horren adibide. Inprimaki hori elebitan zegoen, baina eredua aldatzerakoan euskarazkoa desagertu egin zen. Kasu horietan desobedientziarako deia ere egiten dugu, euskaraz jasotzen ez den bitartean ez ordaintzeko proposamena eginez.

Kanpaina honetan parte hartzen dutenek, euren hornitzaileei, idatzizko zein ahozko harremanak euskaraz izatea eskatzeaz gain, hornitzaile hauek kaleratzen duten publizitatea, makinetako errotuluak edoeta botiletako mezua ere euskaraz izan dadila aldarrikatzeko konpromisoa hartzen dute.

Ukatu ezina da, azken hogei urte hauetan, euskararekiko kezka hedatzearekin batera alor batzuetan, behinik behin, lan eskerga egin da. Gure artean ez dira falta izan euskararen aldeko ekimenak, baina, era berean, euskara ez da behar adina sustatu hizkuntza baten normalkuntzarako beharrezkoak diren funtzio guztietan.

Azken hamarkadak garapen, lan eta arazo berriak ekarri dizkio euskarari, eta etorkizunak gehiago dakarzkio oraindik. Horrexegatik, euskalduntze-prozesuak arrakasta izango badu, gaurtik ekin behar zaio lanari. Ezinbestekoa da euskararen erabilera bermatzea euskararen normalkuntzarako funtsezkoak diren gizarteko arlo guztietan. Hau da, administrazioan, komunikabideetan, hezkuntzan, kulturan, legerian eta, jakina, enpresen munduan. Horixe da, hain zuzen, Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenaren erronka: euskara, pixkanaka, guztion eguneroko tresna bihurtzea konpromiso zehatzen bidez.

Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenak, izenak berak dioen bezala, euskararen normalizazioaren alde lan egiteko hartzen den konpromisoan du bere oinarria; gure harreman guztiak euskaraz garatuz euskaraz bizi ahal izateko aukera izan dezagun.

Helburu nagusia hori izanik, hitzarmen honen bidez, orain arte gehiegi jorratu gabeko alor batean, hots, lan munduan, eragitea da xedea, ekonomia baita gizarte baten garapenaren ardatza. Ardatz horren inguruan sortutako zirkuitu ekonomiko-komunikatiboetan erabiltzen den hizkuntza izango da gizarteak benetan erabiliko duena eta prestigioa irabaziko duena. Gure hizkuntza, oraindik, mundu horretatik kanpo dago eta, begi-bistakoa da, normalizazio prozesua ez dela burutuko eremu hau euskalduntzen ez bada. Hori horrela izanik, Hitzarmenak abiapuntutzat hartzen ditu elkarte, erakunde, enpresa eta ikastetxeak; hauek beren barne-harremanak euskaraz izan arren kanpora begira erdaraz funtzionatzen baitute; batzuetan ezinbestean eta besteetan inertzia sozialengatik.

Beraz, Hitzarmena euskaraz funtzionatzen duen orori zuzendurik dago, eta honen bitartez euskararen erabilera elkarte, enpresa eta ikastetxeen barne zein kanpo harremanetan sustatzeari ekin nahi zaio.

Hitzarmena ongi garatzeko ezinbestekoa da ahalik eta elementu gehienen konpromisoa. Ezinbestekoa da ondokoen lankidetza: euskara talde, ikastetxe, euskal komunikabide, euskaraz lan egiten duten elkarte, erakunde, udal, enpresa, taberna, komertzio, langile, ikasle, artista eta abar. Euskararen eskaera soziala indartu beharra dago, dela publikoa, pribatua, kolektiboa zein pertsonala, eta hori lortzeko, indarrak batu, bideratu eta euskaltzale guztion elkarlana behar da.

Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenaren helburuetako bat hitzarmenkide direnen kanpo harremanak euskaraz izan daitezen ekimenak bideratzea da. Hori lortzeko hiru ildo estrategiko finkatu ditu: hornitzaileak, administrazioa eta informatika.

Ildo bakoitzean, lehenengo eta behin, egoeraren diagnostiko bat egin da, arlo horretan euskararen presentzia nolakoa den zehazteko. Bigarren pausua hutsunearen berri ematea da, bai interesatuei, bai hutsune horri irtenbide bat eman ahal dionari. Azkenik, euskarazko zerbitzua ematen ez dutenei proposamen bideragarri bat egiten zaie euren zerbitzua euskaldundu dezaten.

Hornitzaileen kasuan, hitzarmenkide gehienek batera dituzten hornitzaile eta zerbitzu emaileekin zerrenda bat egin da, lehenengo eta behin gure aldarrikapenak, eurei egiteko.

Baina, esan bezala, Hitzarmena ez da aldarrikapenera mugatzen eta zenbait proposamen ere egiten dizkie hornitzaileei. Esaterako, zerbitzu zabal bat eskaintzen zaie: laguntza eskainiko dieten enpresa eta udalen zerrenda, itzulpen zerbitzuen direktorio bat eta programa eleanitzen zerrenda helarazten zaizkie, besteak beste. Hitzarmena atal honetaz arduratzen da batez ere: sinatzaile eta hornitzaileen arteko harremanak euskalduntzeko behar diren gestio guztiak egiteaz. Dena den, enpresaren barneko lan harremanak euskalduntzea Hitzarmenaren egitekotzat hartu ez bada ere, horretan ere lagundu dezake enpresa espezializatuekin harremanetan jarriz.

Euskaraz Bizitzeko Hitzarmenak bere helburuak lortzeko jarraitzen duen prozeduraren puntu garrantzitsuetako bat hornitzaileei edo zerbitzu emaileei egiten zaien presioa da. Presioa egiterakoan lehentasuna ematen zaie sinatzaile gehienek batera dituzten hornitzaile edo zerbitzu emaileei. Zenbat eta hitzarmenkide gehiagoren hornitzaile izan, are eta handiagoa izan baitaikete presioa.

Baina hornitzaile eta zerbitzu emaile pribatuez gain badago hitzarmenkide guztiontzat bera den zerbitzu emailea: Administrazioa, gure bigarren lan ildoa.

Nafarroan, euskararen legea eremuaren araberakoa da; guk, ordea, bide bera proposatzen diogu edozein zonaldean kokaturik dagoen hitzarmenkideari: erreklamazioa jartzea eta aldarrikatzea dokumentu guztiak euskaraz jasotzeko dugun eskubidea.

EAEn, esaterako, 1992ko Euskararen Legea dugu eta bertan argi adierazten da administrazioak komunikazio guztiak elebitan egin behar dituela. Horrenbestez, hemen jarraitzen dugun bidea erreklamazioa izaten da. Tc-2 inprimakiarekin duela hiru bat urte izandako arazoa dugu horren adibide. Inprimaki hori elebitan zegoen, baina eredua aldatzerakoan euskarazkoa desagertu egin zen. Kasu horietan desobedientziarako deia ere egiten dugu, euskaraz jasotzen ez den bitartean ez ordaintzeko proposamena eginez.

Guri hori gertatu zitzaigun eta erreklamazioa egin genuen euskarazko inprimakia jaso arte ordainduko ez genuela adieraziz. Urte bete beranduago jaso genituen euskarazko inprimakiak eta jaso genituenean ordaindu genuen, baina atzerapenengatik interesak erreklamatu zizkiguten. Interes horiek ez genituen ordaindu, eskubide osoa baitugu inprimakiak euskaraz jasotzeko eta eurek legeak ezartzen duena bete behar baitute.

Aipatutako azken lan ildoak, informatika, aurreko biak jorratzean aurkitutako hutsunean du bere jatorria. Hornitzaile eta zerbitzu emaile askok euren zerbitzua euskaraz emateko prestutasuna agertu izan badute ere, programa informatiko euskaldunen eza erabili dute ezintasunaren aitzakia bezala.

Arazo berri honen aurrean egoeraren diagnostikoa egin da eta hutsune izugarria dagoela ikusi dute. Gaur egun, zerbitzuak guztiz informatizaturik daude, (ordainagiriak, kontabilitatea, Gizarte Segurantzari aurkeztu behar zaizkion dokumentuak...) eta informatika programak berehala zaharkitzen dira. Ez zaie errentagarria gertatzen programak euskaraz plazaratzea.

Hutsunearen berri momentu honetan euskalduntze plan estrategikoak bideratzen ari diren bi erakunderi eman zaie: Donostiako Euskara Patronatua eta Euskararen Kontseiluari, eta baita UEUko informatika saileko arduradunei ere.

Erakunde horien adostasuna eta gure proposamenak bideratzeko konpromisoa lortu ondoren, arazoari irtenbideak emateko proposamen konkretuak egin ditugu. Alde batetik, erakunde publikoei eta bestetik, enpresa pribatuei, euskarazko programa informatikoak sortzeko edo erdaldunak itzultzeko proposamena egin diegu. Horretarako, eskaera handiena eduki lezaketen programen berri eman diegu. Bestalde, informatikako adituekin harremanetan jarri gara eta horretarako dauden dirulaguntzen informazioa haien esku jarri dugu.

Lan ildo berri bat ez den arren, hornitzaileekin daramagun prozedurarekin bat egiten du eta, gutxi barru, ostalaritza munduan beste kanpaina bati ekingo diogu. Kontuan hartu behar da ostalaritza munduan ere hornitzaile bera izatea oso arrunta dela (Coca-Cola, Patxaran La Navarra...), eta hornitzaileontzat oso garrantzitsua dela euren irudi publikoa. Egoera horren aurrean Hitzarmena sinatzeko moduan dauden Euskal Herriko taberna, jatetxe, jai batzorde eta abarrek elkarrekin lan eginez gero, indar handia eduki zezaketela aurreikusi dugu.

Kanpaina honetan parte hartzen dutenek, euren hornitzaileei, idatzizko zein ahozko harremanak euskaraz izatea eskatzeaz gain, hornitzaile hauek kaleratzen duten publizitatea, makinetako errotuluak edoeta botiletako mezua ere euskaraz izan dadila aldarrikatzeko konpromisoa hartzen dute. Garrantzi handia emango zaio eskaerak modu egokian egiteari, eta baita, gure indarra hizkuntza eskubideetan eta aldarrikapenen kopuruan oinarritzeari ere. Horretarako, Hitzarmenak, partehartzaileei hornitzaileei zuzentzeko idatzizko eskabideak eskaintzen dizkie bai eta jarraipena egiteko ebaluazio orri batzuk ere.

Orain arte aipatutako guztia lan mundura zuzenduta dago, eta hori Hitzarmenaren lan esparru garrantzitsuena den arren, Hitzarmenak norbanakoa ere bere eguneroko harremanak euskaraz izan ditzan eskatzera animatu nahi du. Hitzarmenak horretarako, norbanakoak erabiltzeko modukoak eta guztion eskura dauden hainbat dokumentu prestatu ditu. Aldi berean, ezin dugu inolaz ere ahaztu erreklamazioen prozedura hor dagoela, erakunde publikoen aurrean erabiltzeko batez ere.


Gaur egun Euskaraz bizitzeko Hitzarmeneko kideak honako hauek dira:

Ameztoi anaiak, Antza inprimategia, Kopibat denda, Itturri Kulturgintza, Dobera Euskara Taldea, Josu Serigrafia, UEU, Kaiku Taberna, Urbieta Kopiak, Etxepe S.A., Karlos Pinturak, Zart Komunikazioak, Arrano Beltza Euskal Tokia, Bagera, Karrikiri Euskara Elkartea, Euskarabila Euskara Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Artez Euskara Zerbitzua, Kalegana Itzulpenak, Hitzez Euskaltegia, Ilazki Euskaltegia, Maizpide Euskaltegia, Karkara Aldizkaria, 7 Baietz aldizkaria, Irutxulo aldizkaria, R.M. Azkue Ikastola, Txantxiku Ikastola,UZEI, Elhuyar, Euskaldunon Egunkaria, Berdin Abokatuak, Xaho Abokatuak, Euskal Herritarrok, UEMA ( 42 udalerri), eta ZUHAR Informatika Zerbitzuak SM.

Hitzarmenkide horiekin guztiekin etengabeko komunikazioa edukitzeko Hitzarmenak, gaur egun, bi koordinatzaile ditu. Koordinatzaile hauek ildo estrategikoak garatzeaz gain, hitzarmenkideei zein hornitzaileei euren konpromisoak betetzerakoan jarraipen bat egiteaz arduratzen dira, eta baita Berripapera izeneko barne komunikazio boletina hilero argitaratzeaz ere.

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Itziar Amonategi
Urtea: 
2001