Botere publikoaren eskuhartze behartzaileak eremu pribatuan, Antoni Milian i Massanaren gogoetak

Administrazioa zerbitzu emaile bihurtu zen heinean hizkuntzaren ofizialtasunaren izaera aldatzen hasi zen. Hasiera batean ofizialtasuna legearen esana azpimarratzeko baldin bazen, aro honetan beste funtzio bat hartzen hasi zen, herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatzeko funtzioa.

Ordena publikoa babestu beharrak gizabanakoaren ondasun juridikoak, eskubideak, babestu beharra ekarri du.

Arauok etiketaian edo produktuari buruzko argibideetan derrigorrezko informazioa gazteleraz ematera behartzen dute, eta beraz, alor pribatua ez da hizkuntzazko eskuhartzeetatik kanpo gelditzen. Bistan denez, eskubide hori hizkuntza guztietako hiztunona da, ez gaztelera dunena soilik.

Suitzako Konstituzioaren arabera ordena publikoa arriskuan dagoenean onartutako eskubideak ez dira absolutuak. Edo bestela esan, Epaitegiarentzat kantoi baten hizkuntza identitateari eustea gizabanakoen askatasuna mugatzea ahalbidetzen duen gertaera da.

1. Estatu demokratikoetako legediek arlo pribatuari zuzendutako hizkuntza arloko eskuhartzeak jasotzen dituzte. 2. Eskuhartze hauek zilegi dira hizkuntza bat babesteko. 3. Legez arlo pribatuan hizkuntza baten erabilera behartzea arrazoizko urratsa da helburua hizkuntza bat gordetzea baldin bada. 4. Zilegi da derrigortasuna duen hizkuntzaren erabilera ziurtatutzeko tratamendu parekidea ezartzen duten arauak indarrean jartzea

Beraz Kataluniako legearen 30, 31,32, 33 xedapenek ez dute eragozten aldi berean beste hizkuntza bat erabiltzea, eta nazioartean ditugun legedia asko baino apalagoak dira.

Honakoa Antoni Milian i Massana, Bartzelonako Universitat Autònomako Zuzenbide Administratiboko Katedradunaren “ Algunes reflexions sobre les intervencions lingüístiques públiques constrictives en el sector privat a propòsit del capítol V de la llei 1/1998, de 7 de gener, de política lingüística» artikuluaren laburpen iruzkindua da ( Revista de Llengua i Dret, (1999), 31. zka. (31-65. Or.). Hemen esandakoa, halaber, ondoren datorren artikuluan aipatzen den sententziarekin batera aztertu behar da.

Artikulu honek hizkuntza normalkuntza prozesuak indarrean dauden eremu guztietan oso gatazkatsua gertatu ohi den gat bat jorratzen du: botere publikoak eremu pribatuan hizkuntzarekin loturiko eskuhartze behartzaileak egiteko duen legitimitatea.

Egileak, Kataluniako 1/1998 Hizkuntza Politikako legearen inguruko eztabaidan agerian gelditutako hainbat jarrera agerian utzi nahi ditu. Izan ere, legelariak artikulu osoan zehar hamaika adibideren bidez frogatzen du estatuen ohiko jarduera dela eremu pribatuan eskuhartze behartzailea egitea hizkuntzarekin loturiko auzietan.

Egileak bere gogoeta honetatik kanpo utzi du sustapen jarduera. Izan ere, sustapena Kataluniako legedian bide luze eta sakona egina da. Egilea erabilera behartuko duten araudiak arduratzen du, horren inguruan sortu baitira eztabaidarik ozpinduenak.

Eztabaida zaratatsuena legea prestatu zen garaian gertatu baldin bazen ere, egileak gogorarazten digu Kataluniako legean badela eremu pribatuan ezarri asmoz indarrean jarritako legerik, esaterako Kontsumitzailearen estatutua (1993). Horretan oinarrituz, ezarri ziren hedabideetako hizkuntza kuotak. Aipatutako araudiaz gain, automobilen konponketa tailerren jarduera arautzen duen dekretuan bertan ere, garajeetako zerbitzuen prezioak gutxienez katalanez ematera behartzen da. Bergauza agintzen da bidaia ajentzien prezioetarako.

Egileak ibilbide labur bat egiten du eskuhartze mugatzaile publikoak gainbegiratuz. Azterketa horretan “ofizialtasuna» deitzen den kontzeptuak historian izan duen adiera zer-nola aldatu den azaltzen digu: ofizialtasuna jada ez da legeak agindutako betebehar soila, herritarren hizkuntza eskubideak zaintzen dituen aterkia baizik.

1/1998 legeak arlo honetan dakarren berritasuna eremu pribatuari zuzendutako irizpideak indarrean jartzeko proposaturiko neurrien sistematizazioa eta sendotzea da. Neurri hauen zilegitasuna azaltzeko egileak historian topa daitekeen hainbat kasu aipatzen du.

Aro modernoan, hizkuntza jarduera legez arautzen zenean helburu nagusia legearen nagusigoa argi uztea zen, alegia, inork ez zezala esan legea ez betetzeko arrazoia hizkuntza ez ezagutzea zela. Hizkuntza ofiziala izendatutakoa zen, eta hizkuntza horretan idatzitako legeak bete behar ziren herritarrek ulertu nahiz ez.

Estatu-nazioen sorrerarekin, boterearen asmo homogeneizatzaileek herritarren arteko komunikaziorako hizkuntza bakar bat orokortu nahia ekarri zuten. Xede horrekin eragin nahi izan zen indar homogeneizatzaile handia zuten eremuetan, hezkuntzan esaterako.

Beraz, legea nagusi, horixe izan zen hizkuntza arloko eskuhartzearen helburua XIX. mendearen bukaera bitartean. XIX: mendean zehar era honetako eskuhartzeak ugaritu egin ziren.

XX. mendearen hasierarekin botere publikoaren protagonismoa handitu egin zen. Geroz eta handiagoa zen administrazioak gizarte bizitzan zuen eragina, eta horrek, ezinbestean, hizkuntza mailako eskuhartzeak ugaritzea eta sakontzea ekarri zuen.

Administrazioa zerbitzu emaile bihurtu zen heinean hizkuntzaren ofizialtasunaren izaera aldatzen hasi zen. Hasiera batean ofizialtasuna legearen esana azpimarratzeko baldin bazen, aro honetan beste funtzio bat hartzen hasi zen, herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatzeko funtzioa.

Ordena publikoa babestu beharrak gizabanakoaren ondasun juridikoak, eskubideak, babestu beharra ekarri du. Ondasun horiek babesteak, ondorioz, administrazioak eremu pribatuan hizkuntzazko eskuhartze behartzaileak eragin ditu. Esaterako, herri aginteak produktuen etiketaia edo argibide horrietan erabili beharreko hizkuntza zein den zehaztera bultzatu ditu. Espainiako legediak irizpide hori indarrean jarria du dagoeneko, izan ere, ugari dira etiketaia kontuan gutxienez, gaztelera erabiltzea agintzen duten arauak. Espainiako Konstituzioak berak, 43 eta 51 artikuluetan erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideak gorde eta babestu beharra aldarrikatzen du.

Arauok etiketaian edo produktuari buruzko argibideetan derrigorrezko informazioa gazteleraz ematera behartzen dute, eta beraz, alor pribatua ez da hizkuntzazko eskuhartzeetatik kanpo gelditzen. Bistan denez, eskubide hori hizkuntza guztietako hiztunona da, ez gaztelera dunena soilik. Badirudi irizpide horretan oinarrituz onartu zuela Epaitegi Konstituzionalak Generalitateak bertan saldutako produktuak katalaneraz etiketatuak izan behar zutela zioen araua ontzat emanez kaleratu zuen epaia.

«A partir de la prescripción estatal con arreglo a la cual los datos obligatorios del etiquetado “se expresarán necesariamente al menos en castellano» la Generalidad se encuentra plenamente habilitada para establecer igual necesidad por lo que hace a la lengua catalana, si en atención a lo establecido en el artículo 3 EAC lo considera procedente.»

Aukera honen atzean, ordea, ezinbestekoa da zehaztea zer den zerbitzu publikoa, non dagoen muga, horrela soilik lortuko dugu eremu pribatuan eskuhartze publikoa zilegi egitea.

Zehaztu behar horren muinean oinarrizko eskubideak dira gakoa, izan ere horien defentsa da eskuhartzea arrazoitzen duen ardatza.

Ofizialtasunaren kontzeptuak historian izan duen bilakaera aztertu ondoren, egileak ahalegin berezia egiten du zuzenbide konparatuan estatu demokratikoetan banakoen eskubide eta askatasuna mugatzen duten hizkuntza arloko eskuhartzeak aztertzeko.

Suitza, Kanada eta Frantziako esperientzietan oinarrituz egileak ondorioztatzen du arlo pribatuan hizkuntza jakin bat erabiltzera behartzen duten arauak bidezkoak direla beren helburua hizkuntza hori gordetzen lagundu eta beste hizkuntzen erabilera galaraztea ez bada.

Suitzari buruz ari delarik Tizinoko kantoiari erreparatzen dio. Italieraz mintzo den kantoi honek geroz eta arazo handiagoak ditu bereari eusteko alemanieraren bultzada dela eta. 1931ko lege batek komertzioetako eta orohar jendeari irekitako zerbitzu guztietako iragarkiek ezinbestean italieraz idatzia izatea agintzen zuen. Lege horrek berak, beste hizkuntzarik erabili nahi izanez gero beronen testua italierazkoak duen neurriaren erdia izan behar duela agintzen du.

Lege honek italieraren erabilera inposatu arren, Epaitegi Federalaren 1932ko ebazpen batek adierazten du dekretuak ez duela konstituzioa bortxatzen, bigarren hizkuntzari eman behar zaion tamainaren arauan izan ezik. Legeak italiera erabiltzea behartzen badu ere, ez du debekatzen beste ezein hizkuntzaren erabilera, eta horretan oinarrituz dio Epaitegi Federalak dekretuak ez duela urratzen jatorrizko hizkuntza erabiltzeko eskubidea.

Suitzako Konstituzioaren arabera ordena publikoa arriskuan dagoenean onartutako eskubideak ez dira absolutuak. Edo bestela esan, Epaitegiarentzat kantoi baten hizkuntza identitateari eustea gizabanakoen askatasuna mugatzea ahalbidetzen duen gertaera da.

Auzitegi horrek berak 1990eko epai batean tokiko hizkuntzaren aldeko ebazpena eman zuen. Kasu honetan erromantxeradun eskualde batean izen italiarra zuen taberna zabaldu nahi zuten. Epaitegiaren aburuz, erromantxera indarrean dagoen eskualdeetan berau gordetzera bideraturiko neurriak interes publiko handikoak dira, eta beraz, erromantxeraz idatzita ez dauden iragarkiak debekatzeko araua interes publiko gorenak justifikatzen duela dio.

Kanadako auzi zenbait ere aipatzen ditu Milian i Massana jaunak. Kanadako kasuan Quebec-eko gobernuak onartutako legeekin sorturiko auzi zenbait aipatzen ditu, besteak beste, iragarki publikoak eta publizitate komertziala frantsesez bakarrik egin zitezkeela arautzen zuten xedapenak edo enpresen jardueraren azalpena ezinbestean frantsesez ematea ezartzen zutenak. Bertako epaitegiaren aburuz xedapen horiek adierazpen askatasunaren kontrakoak dira. Dena den, epaian bertan auzitegiak onartu egiten du xedapen horren atzean dagoen asmoa garrantzitsua dela eta horrezaz gain Quebec-eko hizkuntzazko errealitatea bertako paisaia linguistikoan agertzea zilegi dela. Labur esanda, epaitegiak baztertu egiten du hizkuntza bakar bat inposatuz gainerakoak baztertzea, baina onartu egiten du hizkuntza bat inposatzea ekinbide pribatuetan honek gainerakoak baztertzen ez dituen bitartean.

Azken adibidea Frantziakoa da. 1994ko abuztuaren 4ko lege honek eremu pribatuan eskuhartze sendoa xedatzen du. Kontseilu Konstituzionalak xedapen horiek azterturik bakarra ematen du Konstituzioaren aurkakotzat, atzerriko ezein hitz edo esamolderen erabilera debekatzen zuena. Kontseiluaren arabera komunikazio, pentsamendu eta adierazpen eskubidearen kontrakotzat jotzen zuen arau hori. Ebazpenaren ondorengo ataletan, berriz, gainerako xedapenak ontzat ematen dira hizkuntza frantsesaren erabilera inposatzen duten horietan, izan ere, bertan ez da galarazten gainerako beste hizkuntzen erabilera. Bestela esanda, Kontseilu Konstituzionalak ontzat ematen du arlo pribatuan esku hartzea. Hizkuntzaren hiztegi jakin bat inposatzea gaitzesten duen arren, ez du galarazten hizkuntza frantsesaren erabilera inposatzea.

Aztertutako adibideetan oinarrituz egileak lau ondorio ateratzen ditu:

  • 1. Estatu demokratikoetako legediek arlo pribatuari zuzendutako hizkuntza arloko eskuhartzeak jasotzen dituzte. 2. Eskuhartze hauek zilegi dira hizkuntza bat babesteko. 3. Legez arlo pribatuan hizkuntza baten erabilera behartzea arrazoizko urratsa da helburua hizkuntza bat gordetzea baldin bada. 4. Zilegi da derrigortasuna duen hizkuntzaren erabilera ziurtatutzeko tratamendu parekidea ezartzen duten arauak indarrean jartzea

Ondorio horietatik abiatuz, egileak 1/1998 Hizkuntza Politikako legearen V. Atala aztertzen du. Azterketa horretatik ondorioztatzen du ez dela zilegi hizkuntza gaitasunaren irizpidea aintzat hartzea erabilera behartzeko. Legearen baitan erabilerari dagozkion xedapenak, berriz, zilegi direla irizten dio, ez baitute beste hizkuntzen erabilera baztertzen.

Arestian aipatutako jurisprudentzia kontuan izanda, bistakoa da ezin dela legez ezarri saltzaileak eroslearen hizkuntzan erantzuteko beharra. Muga hori jartzea ez litzateke zilegi izango, horrek berorrek adierazpen askatasuna mugatuko bailuke. Beraz, harreman ekonomiko pribatuetan ezin da hizkuntza baten ahozko erabilera derrigortu hauek edozelakoak direla ere. Alegia, bat derrigortzeak ezinbestean gainerakoen erabilera onartzea eskatzen du. Hala eta guztiz ere, legezko muga horiek zilegi izan litezke aldez aurretik grabaturiko mezuetan eta egoera berezietan: mezu hauek giza multzo orokor bati zuzentzen zaizkionean edo megafonia bidez emandako mezuak, esaterako. Horregatol jarri behar dira kuotak izaera pribatuko irrati eta telebistetan.

Kataluniako legeak ez du jasotzen gizarteari zuzentzen zaizkion mezu finkoetan (errotulu, iragarki...) hizkuntza bat, kasu honetan katalanera, erabiltzeko derrigortasunik. Hori egin beharrean igorleen artean bereizketak egiten ditu bidenabar derrigorrez katalanez eman behar direnak zein diren zehazteko. Legedia, beraz, arestian ikusi ditugun hiru kasuetan baino askoz apalagoa da. Are gehiago, arlo pribatuko eskuhartzea dirudiena baino txikiagoa da kontuan hartzen badugu enpresa publikoak, esleipenak dituzten enpresak edo administrazioaren zerbitzuak ematen dituztenak administrazio publikoaren pareko direla hizkuntza betebeharrei dagokionez.

Beraz Kataluniako legearen 30, 31,32, 33 xedapenek ez dute eragozten aldi berean beste hizkuntza bat erabiltzea, eta nazioartean ditugun legedia asko baino apalagoak dira.

Amaieran egileak legearen atal honi buruzko zenbait iruzkin egiten du. Bere aburuz jendaurreko establezimenduen artean txiki eta handien arteko bereizketa egiteak, handietan finkoa ez den errotulazioan (eta ez finkoan soilik) katalaneraren erabilera behartzea erraztuko zukeen. Bestalde, legean ez dago egokiak izan zitezkeen zenbait kategoria, hala nola, esleipenez administrazioak besteren esku jartzen dituen zerbitzuak. Azkenik Legearen eraginpean dauden zerbitzuak xehetasun handiagoz zehaztea egokia izan zitekeela ere aipatzen du.

Aurretik egindako ibilbidearen ondoren egileak, legelari denez, arauen egokiera, zuzentasuna eta komenientziari buruzko gogoeta egin nahi du. Horretarako legearen V. atalari erreparatzen dio.

Legearen 32.3 atalak komertzioak informazio orokorra katalanez errotulatzera behartzen ditu. Egileak bestelako kategoria juridiko batzuk erabili beharraz gogoeta egiten du. Izan ere, ezartzen zaien betebeharrari ez deritzo gehiegizkoa denik. Bere ustez eraginkorragoa zatekeen jada indarrean dauden kategoria juridikoak erabiltzea, esaterako, azalera handiko komertzioena. Edo bi komertzio mota bereizi langile kopuruaren arabera, txikiak eta handiak. Hala eginez jarduera pribatua mugatzeko arauak azalera handiko komertzioari ezar zekizkiokeen. Bistan da horrek komertzio asko eta asko albo batera utziko zukeela baina era berean ezarritako arauak askoz mugatzaileagoak izan zitezkeen, eta errotulazio finkoaz gain finkoa ez den hori ere arautu. Horren ondoan, berriz, establezimendu hauei aholkua emateko administrazioan unitate berezi bat sortzea proposatzen du. Unitate honen lana laguntza ematea izango litzateke.

Administrazioak esleitutako zerbitzuetan ere eskuhartu beharra ikusten du. Legeak ez duenez ezer arautzen finkoa ez den errotulazioaz, esleipenez kudeatzen diren kaleko hainbat eta hainbat zerbitzuk (Kioskoak, estankoak...), besteak beste Ramblako loradendak, bere informazio nagusia ez dute katalanez jarri beharrik.

Legeak ez du “zerbitzu publiko» deitzen den kategoria ahazten, baina kategoria honek definizio ugari izan ohi du. Hori dela eta, honen ondoan beste kategoria batzuk jarri behar zirelakoan dago egilea. Beste era batera eginez gero, zerbitzuen zerrenda osoa egin zitekeen. Izan ere, eta jurisprudentzia lekuko, taxi zerbitzua zerbitzu publikoa baino interes publikoko zerbitzua dela esan izan dute epaitegiek. Zerbitzu askoren liberalizazioak hori bera ekarri du, egileak hileta zerbitzuen adibidea hartzen du. Alor honetan zerbitzuen liberalizazioak enpresa multinazionalak ezartzea ekarri duela kontuan izanik, nork daki zein jarrera hartuko duten hizkuntzarekiko?. Horregatik dio, hain zuzen, arau hauei loturiko zerbitzuen zerrenda zehatza egin beharra zegoela legearen izpiritua behar bezala betearazteko.

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2001