Arlo komertzialeko hizkuntza araudi nagusiak beste herrialdeetan

Honen bitartez kontsumitzaile, langile, erabiltzaile eta publikoak berari zuzendutako aktibitateetan eta batik bat lurralde eremu nazionalean burutzen diren ekintza horietan frantsesa ohiko hizkuntza izango dela ziurtatu nahi dute.

Andorrako printzerria, 60.000 biztanleko herrialde txikia, katalanera hizkuntza ofizialtzat duen munduko estatu bakarra da.

Katalaneraren ezagutza nagusitu nahi dute, hizkuntza eskubideak aldarrikatu eta babestu. Horrekin batera, katalanera gorde eta bizitza publikoko alor guztietan, hala nola hezkuntza, hedabideak, kultur jarduerak, jarduera sozialak eta kiroletakoak katalanera erabiliko dela ziurtatzea bilatzen dute.

Komentzioen izena eta jardueren berri ematen duten idazkiak, dendetako iragarkiak eta publizitate komertzialak katalanez idatzi beharko dira (15. artikulua.) Beste hizkuntzaren bat erabili ahal izango da honek betetzen duen azalera Katalanezkoak betetzen duena baino txikiagoa den bitartean.

Katalanera erabili ahal izatea administrazio lokalarekin dituen harremanetan, zerbitzu publiko eta pribatuetan, ekimen profesional, sindikal, politiko eta hezkuntzazko guztietan.

filmeen itzulpenak balio duena txikikeria da. Arazoaren gakoa, gobernu katalanaren eskaerak ontzat ematean dago, “eskualde» batekiko “aurrekari» bat jartzen baitu, Suedian, Grezian Herbeheretan edo beste estatu burujabe batean ez dagoen aurrekaria.

Espainian, ordezkari espainolek dagoeneko uste dute euskaldun eta galiziarrek antzeko eskaerak egin ditzaketela, eta horrek logistika mailako gastuak handitu eta espainolaren merkatua txikitzea ekarriko du, kataluniao zatiaren mesedetan

kantoi honetan badute hizkuntzari buruzko zenbait lege, iragarkiak eta hezkuntzari buruzkoak bereziki. Izan ere, hizkuntza bakarreko kantoietan ez bezala, honetan, bere hizkuntza nazionala gordetzeko, Kontseilu Nagusiak (Kantoiko Legebiltzarra) legeak egin behar ditu

Aipatu testuen ondoan italierazkoaren bataz bestekoa baino handiagoa den testurik ezin izango da jarri beste hizkuntza nazional edo atzerrikoetara itzulita [...]

Araudi honen arabera eremu publikoan errotulu, idazki edo iragarki bat jarri nahi duen orok baimena eskuratu beharko du polizia administratiboaren bulegoetan. Honek, berriz, badu 1954ko legea betearazteko eskumenik.

Tizinoko italiera hiztunak animaleko ahalegina egin behar dute alemanierak euren lurraldean egiten duen bultzadari aurre egiteko, jatorri erromanikoa duten hizkuntzak “germanizazioaren» aurrean iragazkorrak dira egun.

Saltzaile orok ziurtatu behar du saltzen duen gai orok argi adierazten duela zertarako den eta nola erabiltzen den. Azalpenak idatziz edo irudi bidez eman behar dira. Idatzizko azalpenak suedieraz eman behar dira.

Ofizialtzeaz gain, babes horrek itzulpena ez den beste balore bat behar zuen Estatuko bizitzaren eremu guztietara hedatu eta bere ezagutza orokortzeko. Horregatik egin du Lituaniako Errepublikak hizkuntzari buruzko horrenbeste lege eta horregatik hautatu du politika orokor bat, benetako gizarte proiektu baten parekoa.

Kontsumitzailearen babeserako legeak (1994) ezartzen du kontsumitzaileak ondasun eta zerbitzuetatik jasotzen duen informazioa, erabilera arauak, garantiak, atzerapenak, aldaketak eta abar hizkuntza ofizialean era argi eta ulergarrian jasotzeko eskubidea duela.

Lituaniako hizkuntza politikak hizkuntza ofiziala bultzatzu eta berrezarri egiten du. Politika honek gutxiengoentzat “erasokorra» badirudi ere, zalantzarik gabe ezinbestekoa dirudi lituaniarrentzat, aurreko mendeetan bizi izandako jazarpen eta debekuen ondoren. Bere estatuaren jabe den herri batek gai izan behar du bere hizkuntza nazionala hizkuntza ofizial bihurtzeko.

Komertzioari buruzko legedia 1975ean onartutako Ley federal de protección al consumidor delakoarekin hasi zen (kontsumitzailea babesteko lege federala). Lege hau beharrezko ikusi zen kultur eragin anglo-amerikarrari aurre egiteko eta kontsumitzaile mexikarra babesteko. Izan ere, ez zituzten itzultzen etiketaiadun produktuak, kontsumo gaiak eta iragarki komertzialak.

Lege horrek debekatu egiten du Mexiko eta Latinoamerikan ekoitzitako marka komertzialetan hitz atzerritarrak erabiltzea. Munduko gainerako lekuetan ekoitzitakoen kasuan, ezinbestekoa da espainierazko bertsioa jatorrizko hizkuntzan dagoen testuaren pareko neurriaz idatzita egotea.

1977. urtearen ondoren, turkiarrak biltzen diren Komotini hiriko leku-izen eta kaleen izenak aldatu egin zituzten: izen turkiarrak kendu eta berorien ordez izen greziarrak jarri. Are gehiago, dekretu batek eremu ofizialetan antzinako izenak erabiltzea galarazten du eta zigor ekonomikoak nahiz espetxeratzea ekar dezakete.

Greziako turkiarrak ez dute salatzen Estatuak eurekiko duen jarrera. Mazedoniar gutxiengoak, esaterako, poliziaren jazarpena eta tratu txarrak jasan behar izaten dituela salatzen du eta euren adierazpen askatasuna ukatzen zaiela.

Agur andere eta jaun,

Atsegina da niretzat gaurkoan zuekin batera arlo komertziala, iragarkiak, enpresen izenak, kontsumitzailearekiko zerbitzu hizkuntza eta abarri zuzendutako legediak egin dituzten herri zenbaiti buruz aritzea. Guk egunero jorratu nahi izaten dugun komertzioaren sektore zabal hori izango dugu aipagai gaurkoan. Jakin badakizue Quebec-en arlo honek legegilea kezkatu izan duela. Zer da, ordea, beste herrietan gertatzen dena?

Oro har, herri edo estatu gehienek ez dute legediarik behar izaten arlo honetan, arazo bereziak dituzten horiek izan ezik. Alegia, atzerriko hizkuntza bat hizkuntza nazionala edo ofizialaren lekua hartzen ari den herri edo estatu horietan izan ezik. Alde batera utziko ditut arlo jakin batzuetako legediak, ohiko kontsumoa duten produktuen etiketaia esaterako, hau da, jakien kontserba ontziak edo sendagaien erabilera arauak. Kasu hauek oso bereziak dira eta gutxi dira munduan bere herritarrek produktu hauek ezagutzen ez duten hizkuntza batean jasotzea onartzen dute herrialdeak, eta are gutxiago produktu horiek herrialdean bertan ekoitzi dituztenean.

Hor hasten dira arazoak, estatuak hornitzaile atzerritarrei hizkuntza jakin bat inposatzea erabakitzen duenean. Izan ere, horiek ez ditu arduratzen kontsumo produktuetan erabiltzen den hizkuntzak; edo estatuak herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetarako hizkuntza jakin bat erabiltzera behartzen dituenean (esaterako, lan eskaintzatan); edo atzerrian ekoiztutako produktuen erabilera arauentzat, publizitate komertzialarentzt, zinema eta bestelako produktu kulturalentzat horixe bera inposatzen duenean. Kanpoko hizkuntza baten presiotik eratortzen diren arazoak estatu txikiek soilik ezagutzen dituzte horrek ekartzen dituen arazo zehatzak, eta horiek dira atzerriko hizkuntzaren nagusigoari aurre egiteko legeak egiten dituztenak. Horixe da Québec-eko kasua, Andorrako printzerriarena, Kataluniarena (Espainia), Suomiko Aland eskualdearena, Lituaniarena (eta gainerako herri baltikoena), italieraz mintzo den Suitzako Tizino kantoiarena, Hungariarena eta abar. Arlo komertzialean atzerriko partaidetza duten burujabetzarik gabeko herrialde edo estatu txikietan gertatzea ez da apetazkoa. Gutxi dira gaiari buruzko legedia indarrean jarri duten estatu handiak, horien artean daude Frantzia, Mexiko, Kolonbia eta abar. Azken hauetan, arerio berari aurre egiteko izaten da, ingelesari aurre egiteko. Auzirik gogorrena, ordea, legedia gutxiengo nazionalak gutxitu edo desagertarazteko egina denean sortzen da. Batzuk konponbideak bilatu dituzte, besteek, itxuraz, ez diote jaramonik egiten. Ikus dezagun gaia zertan dagoen zenbait adibide zehatzen bidez:

1.- Frantzia

Frantziako asanblada nazionalak 1994an Toubon legea onartu zuen, “hizkuntza frantsesaren erabilerari buruzko abuztuaren lauko legea». Ikusten dugunez, Frantziako Gobernuaren hizkuntza politikak izaera orokorra du eta arlo komertziala ez da politika honen alderdietako bat. Beronen helburua frantzian bertan frantsesa sustatzea da, baina baita nazioarteko erakundeen baitan frantsesezko eduki eta zerbitzuak sortzea, laguntzak lortzea eta ezagutza sustatzea.

Frantziako lege honek, hizkuntza frantsesaren erabilerari buruzko 19994ko abuztuaren 4ko legeak, hizkuntza frantsesa erabiltzea derrigorrezko egiten du egoera andana jakin batean, eta honela kontsumitzaile, langile eta publikoarentzat eskubide mailan jartzen du. Arau horiek errespetatu beharreko eginkizunez horniturik datoz.

Toubon legeak behin eta berriro zehazten du zein egoeratan den beharrezkoa frantsesaren erabilera. Honen bitartez kontsumitzaile, langile, erabiltzaile eta publikoak berari zuzendutako aktibitateetan eta batik bat lurralde eremu nazionalean burutzen diren ekintza horietan frantsesa ohiko hizkuntza izango dela ziurtatu nahi dute. Legediak berak onartzen du frantsesez egindako azalpena atzerriko hizkuntzan egindako itzulpen batez lagundurik joan daitekeela.

Honela 1, 2, eta 3 artikuluek frantsesaren erabilera behartzen dute kontsumitzaileari zuzendutako produktu eta zerbitzuen aurkezpena egiteko, bai eta publikoarentzat zabaldutako leku nahiz garraio publikoetako idazki eta iragarkietan ere. 4. artikuluak pertsona publikoek egindako kontratuek frantses idatzi behar direla ezartzen du. 5.ak kongresu eta jardunaldien antolaketarako oinarrizko eskabideak zehazten ditu. 6, 7 eta 8. artikuluak langileak babesteko dira eta lan kontratuak, lan eskaintzak eta langileari zuzendutako nahiz lanerako beharrezkoak diren enpresa barruko dokumentuak frantsesez idatziko direla ezartzen dute.

13.a eta 18.a bitarteko artikuluek kontrolatzeko tresneria zein izango den zehazten dute, legea behar bezala jar dadin indarrean: esaterako, laguntza publikoak atzera botatzea edo zaindari lanetan polizia judiziala, Kontsumo kodearen aplikazioaz arduraturiko ajenteak eta hizkuntza frantsesaren defentsarako elkarteek parte hartzea. Indarrean jar daitezkeen zigor penalak, kontratu izaneradunak, Estatuko Kontseiluak dekretu bidez ezartzen ditu.

Tresna juridiko honi esker, Frantziak badu bere mugen barnean frantsesaren iraupena ziurtatzeko egiazko hizkuntzako legedia. Hizkuntza politika honen baitan Legedia honen baitan Frantzia munduan estatu handi eta berezia egin nahi duen hizkuntza politika dago.

2.- Andorrako printzerria

Andorrako printzerria, 60.000 biztanleko herrialde txikia, katalanera hizkuntza ofizialtzat duen munduko estatu bakarra da. Txikia izan arren, Frantzia eta Espainaren artean dagoen herri honek, zergarik gabeko dendek erakarrita milaka turista hartzen dituena, bere hizkuntza nazionalari, Katalanerari, eusteko araudia jarri du indarrean. 1993ko Konstituzioaren 2 artikuluak jasotzen duenez, Estatuko hizkuntza ofiziala katalanera da.

Karteleria komertzialaren arloan eskuhartu du maizenik Andorrako gobernuak. Katalaneraren izaera ofizial eta derrigorrezkoa behin eta berriro azpimarratu izan da, horren erakusle dira 1938, 1953, 1957, 1966,1968, 1970, 1981, eta 1982ko araudiak, 1999an indarrean jarritako hizkuntza ofizialaren erabilera arautzeko legea (Katalaneraz: Llei d´ordenació de l´ús de la llengua oficial).

Honela, 1938ko aginduak (4. artikulua), karteleria ofizial eta semi-ofizialari buruzkoak hizkuntza ofizialean idatzi behar direla agintzen du. 1953ko maiatzaren 22ko araudiak, denda eta industrietako errotulazioak hizkuntza ofizialean idatzita behar dutela ezartzen du, eta ez du inolako salbuespenik onartzen (3. araua). 10. arauak, zinemei buruzkoak, zinemetan egindako publizitate komertzial guztiak hizkuntza ofizialari lehentasuna eman behar diola agintzen du. 1966ko uztailaren 12ko 7. arauak 1953ko araudiaren derrigortasuna azpimarratzen du eta arauok betetzen ez diren kasuetarako zigor neurriak zehaztu ditu. Araua betetzen ez dutenek 500 pezetako zigorra ordaindu eta euren iragarkiak kentzera behartzen ditu. Arauak berak onartzen ditu iragarkietan “berezko adierarik ez duten letra multzoak» agertzea.

1968ko ekainaren 28ko araudiak, Andorrako lurralde eremuan jarritako iragarki guztiek ezinbestean katalanez idatzita egon behar dutela adierazten du. Onartzen ditu, ordea, “bigarren mailan», beste hizkuntzetara egindako itzulpenak. Isunak, bestalde, 100etik 1.000 pezetakoak izatera pasa ziren, iragarkiak kentzeko aginduarekin batera. Kontseilu Orokorraren irizpideen esku uzten du urraketa berriz egiten duenaren kontra zigorrak jartzea.

Pentsatzekoa da printzerriko gobernuak zenbait arazo izan duela bere araudiak errespeta arazteko.Izan ere, 1970eko ekainaren 4ko laugarren arauak, 1953an iragarki komertzial eta industrialentzat egindutakoak berresten ditu. Hala eta guztiz ere, gatazka baretzeko, 1970ean printzerriko gobernuak iragarkietan katalaneraren nagusigoa berretsi arren itzulpenak onartzen zituen beste araudi bat jarri zuen indarrean. Komertzio horien jarduera Kontseilu Orokorreko erregistroan jaso beharra ere agindu zuen. Araua betetzen ez dutenek 500 pezetako zigorra ordaindu eta iragarkiak erretiratu beharko dituzte zortzi ordutan, bestela bahitu egingo zaizkie.

Azkenik, 1981eko 4. arauak (5. artikulua) hotel, jatetxe eta antzeko establezimenduetako menuak katalaneraz idaztera behartzen du, eta beste hizkuntzaren batean jartzeko aukera ere ematen du. 1982ko 3 arauari dagokionez (3. artikulua) saltzaileak beren iragarki publizitarioak katalanez idatz ditzaten estutzen ditu, nahiz eta, “bigarren mailan bada ere», beste hizkutzetako esaldiak baimendu. Atzerriko hizkuntzan dagoen testu horrek Katalanezko testu nagusiak betetzen duen azalera baino txikiagoa izan beharko du.

Berriki, 1999ko abenduaren 16an, Andorrako printzerriko Kontseilu orokorrak Hizkuntza ofizialaren erabilera arauzkotzeko legea jarri du indarrean. Lehen artikuluan honakoa irakur daiteke: “Estatuaren hizkuntza ofiziala katalanera da». Legearen helburuak (2. artikulua) katalaneraren erabilera ofiziala ziurtatzea da. Katalaneraren ezagutza nagusitu nahi dute, hizkuntza eskubideak aldarrikatu eta babestu. Horrekin batera, katalanera gorde eta bizitza publikoko alor guztietan, hala nola hezkuntza, hedabideak, kultur jarduerak, jarduera sozialak eta kiroletakoak katalanera erabiliko dela ziurtatzea bilatzen dute. Beste helburu nagusietako bat gizartean hizkuntza katalana herriaren iraupenerako ezinbesteko kultur heredentzia dela ezartzea da, eta horrela Andorrako hizkuntza ondarea gorde. Bestalde, legearen 4. artikuluaren arabera, andorrarrek “hizkuntza katalana ezagutzeko betebeharra dute», eta baita erabiltzekoa ere legeak hala agintzen duenean.

Hizkuntza ofizialaren erabilera arauzkotzeko legearen zenbait artikulu iragarki komertzialei buruzkoak dira. 15, 16, eta 17 artikuluek aurreko araudietan ezarritakoak biltzen dituzte. 38. Artikuluak, berriz, legea betetzen ez dutenentzat andorrarren bizimoduari egokituagoak diren zigor gogorragoak aurrikusten ditu. Legea betetzen ez dutenek haien iragarki eta errotuluak erretiratu behar izateaz gain, bestela bahitu egingo baitzaizkie, lege hauste txikien ordainetan 100 dolarretako zigor bat ordaindu beharko dute, 1.000 dolarretakoa handientzat eta 2.700 dolarretakoa oso larriak direnean.

Hizkuntza ofizialaren erabilera arauzkotzeko legeak, halaber, enpresa pribatuetako jarduerari zuzendutako zenbait artikulu ere badu. Alor honetan, enpresek katalanera erabili beharko dute Andorrako administrazioari zuzendutako dokumentazioan (9. artikulua). Turismo bulegoek, berriz, katalaneraz gain beste hizkuntzaren bat ere erabili ahal izango dute. Legearen 14. artikuluak Andorrako printzerriko toponimo ofizialek katalaneraz emanak izan behar dutela ezartzen du. Zerbitzu sozialetan, osasun zerbitzuetan, garraio publikoetan, katalanak izan beharko du derrigorrezko hizkuntza, ahozko harremanetan nahiz idatzizkoetan.

Komentzioen izena eta jardueren berri ematen duten idazkiak, dendetako iragarkiak eta publizitate komertzialak katalanez idatzi beharko dira (15. artikulua.) Beste hizkuntzaren bat erabili ahal izango da honek betetzen duen azalera Katalanezkoak betetzen duena baino txikiagoa den bitartean.

Etiketek, produktua erabiltzeko argibideek eta Andorran ekoiztu edo banatutako produktuen garantia guztiek katalanezko bertsio bat behar izango dute. Katalanez emandako azalpenek ezin izango dute testuan bazterreko lekua bete (16. artikulua.). Hotel, jatetxe, taberna, kafetegi eta abarrek menuak, prezio zerrendak nahiz beste ezein inprimaki katalaneraz idatzita beharko dute izan (17. artikulua). Gainerako hizkuntzak erabiltzea onartzen da katalanezko bertsioak baino espazio txikiagoa betetzen duten bitartean.

“Hizkuntza ofizialaren erabilera arauzkotzeko legearen 22. artikuluan legez ezartzen da katalaneraz idatzirik izan beharko dutela kontsumitzaileen artean banatutako inprimaki guztiek, alegia, formularioek, fakturek, kontratuek, erreziboek, eta abar.

Andorrak katalan irudia ematen du errepidetako seinale eta iragarki komertzialei dagokionez. Herialde osoan zaila da topatzea katalaneraz ez dagoen iragarkirik. Turistek soilik dituzte “pribilejio» bitxiak, esaterako, zergarik gabeko dendatako aldizkako iragarkietan, edo jatetxeetako menuetan (propio hala eskatutakoan soilik).

Hizkuntza ofizialaren erabilera arauzkotzeko legeak, halaber, hizkuntza katalana babesteko erakunderik ere aurrikusten du. 33. artikuluak dio Gobernuak hizkuntza politikaz arduratuko den erakunde bat sortu behar duela eta erakunde honen lana izango dela katalaneraren kalitatea ziurtatzeko behar diren neurriak jartzea. Erakunde honen bidez, gobernuak hizkuntza politikaren gaineko eskumenak dituzten eta berauen jarraipena egiten duten ministerioen arteko koordinazioa ziurtatzen du. 34. artikuluak, aldiz, hizkuntza arloko arazoetarako erakunde nagusi baten, autoritate baten sorrera aurrikusten du. Erakunde horren betebeharra da Andorran erabiltzen den katalanerarentzat, alegia, ipar-mendebaldeko katalanera, hizkuntza arau egokia topatzea. Adorrako aldaera hau kontuan hartu behar da ahozko hizkuntza nahiz hiztegiei dagozkien erabakiak hartzerakoan.

3.- Katalunia

Espainiako komunitate autonomo honek SEI milioi biztanle ditu. Katalanera eta espainola dira hizkuntza ofizialak (azken hau derrigorrezkoa Espainiako Konstituzioaren aginduz). 1983an, tokiko gobernuak, Kataluniako Generalitateak, Kataluniako hizkuntza normalkuntzaren legea onartu zuen Bartzelonako Legebiltzarrean. Lege hau, egun beste batekin hobetu eta ordezkatua, Quebec-eko Charte de la langue française-ren parekoa da. Kataluniako 101 legea dei dezakegu, Quebec-eko legediaren adibideari asko erreparatu baitio. Lege honek bertako ekitaldi eta agerraldi guztietan katalanera erabili beharra agintzen du, bai eta txosten publiko guztietan ere, ofizialak nahiz ez, eta, beraz, gaztelerarekiko parekide izatea onartzen du. Kataluniako legearen xedea hiritar orori katalanera erabiltzeko eskubidea onartzea da. Alegia, Katalanera erabili ahal izatea administrazio lokalarekin dituen harremanetan, zerbitzu publiko eta pribatuetan, ekimen profesional, sindikal, politiko eta hezkuntzazko guztietan. Hori burutzeko, gobernuak neurri juridiko handiak hartu ditu: orotara, hogeita hamarren bat lege.

Merkataritzan 106/1982 dekretua aipatuko dugu, apirilaren 16koa, errepideetako errotulazioa, tren eta autobus geltokietakoa, eta lurralde autonomo honetako zerbitzu publikoei buruzkoa: Kataluniako hizkuntza normalizazioaren legea (1983ko apirilaren 18koa, egun indargabetua); 389/1983 irailaren 15eko dekretua, Katalunian salgai jarritako produktuen etiketaiari buruzkoa; 125/1984 dekretua, apirilaren 17koa, idazki publikoetan egin beharreko katalaneraren erabilerari buruzkoa; 1986ko otsailaren 18ko erabakia, tresneria eta instalakuntzen erabilerari buruzko argibideetako hizkuntza normalizatzeari buruzkoa; 147/11987 dekretua, martxoaren 31koa, ekinbide industriala eta automobilen nahiz berauen ekipamendu eta piezen konponketarako tailerretako zerbitzuen berri emateko araudia; 1988ko urriaren 5eko dekretua Kataluniako hizkuntza normalizazioaren legearen aplikazioari buruzkoa; 1998ko urtarrilaren 7ko legea, Hizkuntza politikari buruzkoa. Esan bezala, tresneria juridiko-linguistiko osoa dute indarrean.

Hizkuntza politikari buruzko legearen 29. artikuluaren arabera, Generalitateko gobernuak baliabide egokiak eskainiaz honakoak lehenetsi eta bultzatu behar ditu: katalanera oinarri duten produktuen ikerketa, produkzioa eta salmenta hizkuntzaren industria alorrean, batik bat ahotsa ezagutzeko sistemak, itzulpen automatikoa eta aurrerapen teknologikoek posible egiten dituzten horiek guztiak. Gobernuak, halaber, honakoen ekoizpen, banaketa eta salmenta bultzatuko du: programa informatikoak, ordenagailuko jokoak, aldizkariak eta multimedia lanak, eta hala behar izango balitz, produktu hauek katalanerara itzultzea. Eta, halaber, eginahalak egitea informazio sare telematikoetan katalanez dauden informazioen presentzia ziurtatzeko. Ildo honi jarraiki, Kataluniako gobernuak 80 milioi pezeta ordaindu zituen “Windows 98» ren katalanezko bertsioa ordaintzeko.

Zinemari dagokionez, 1998ko urtarrileko legeak 28. artikuluan (3. paragrafoa) atzerriko hizkuntzan dauden filmeentzat kuotak ezarri zituen.

Zinemako eskaintzan katalanerak presentzia nabarmena izan dezan, Generalitateko gobernuak hizkuntza kuota finkatzen dituen araudiak jarri ahal izango ditu indarrean bikoizturik edo subtitulaturik banatu edo ikusgai jartzen diren zinemako produktuentzat. Katalanez bikoiztutako edo azpititulatutako zinema produkzioentzat jarritako kuotak ezin izango du gainditu eskaintzaren urteko ehuneko berrogeita hamarra eta irizpide objektiboetan oinarritu beharko du. Dagokion araudia zinema babestu eta sustatzeari buruzko ekainaren 18ko 17/1994 legeak ezarritakoa jarraituz egin beharko da,.

1998ko irailaren 8an Generalitateko lehendakiariak, Jordi Pujol-ek 1998ko urtarrilaren 7ko Hizkuntza politikari buruzko legea indarrean jartzeko dekretua sinatu zuen, horren arabera urtean zehar ekoiztutako filmeen % 25ak katalanerara itzuli behar da. Dekretuak ezartzen du Hollywood-etik datozen filmen artean 18 kopia baino gehiagoren bidez zabaltzen diren filmeen erdia katalanerara itzuli behar dela. Alegia, neurri horrek Katalunian urtean banatzen diren 3.800 kopietatik erdiari, eta oro har 700 filmari zuzenean eragiten dio. Kataluniako gobernuak urtean 80 milioi jartzen ditu filmak itzultzeko; dekretu berriarekin, promozio gastuak kontuan izan gabe, urtean 200 eta 300 milioi artean jarri beharko ditu. Dekretua betzen ez den kasuetan zigorrak 10 milioitara iritsi daitezke eta aretoa istea ekar dezake

Generalitatearen dekretuak protesta handiak eragin zituen, bai ameriketako banatzaile handien artean, bai katalan eta espainolen artean. Gertaera hau Kataluniako Generalitatea eta Ameriketako banatzaile nagusien arteko gudatzat jo da eta azken hauek ez dute Gobernu katalaneko ordezkariekin eztabaidatu ere egin nahi. Gobernu katalanarengandik laguntzak jasoko dituzten amerikarrentzat filmeen itzulpenak balio duena txikikeria da. Arazoaren gakoa, gobernu katalanaren eskaerak ontzat ematean dago, “eskualde» batekiko “aurrekari» bat jartzen baitu, Suedian, Grezian Herbeheretan edo beste estatu burujabe batean ez dagoen aurrekaria. Hollywood-eko konpainiek protesta egin dute eta eta “Eskualdeko merkatu» hau albo batetara utz dezaketela jakinarazi dute. Espainian, ordezkari espainolek dagoeneko uste dute euskaldun eta galiziarrek antzeko eskaerak egin ditzaketela, eta horrek logistika mailako gastuak handitu eta espainolaren merkatua txikitzea ekarriko du, kataluniao zatiaren mesedetan, noski. Katalanen artean zenbaitek hizkuntza abertzaletasuna garestia gerta daitekeela uste du, izan ere, Generalitateak jarritako lau milioi dolarrek aktore amerikarrek “bon dia» esanez, katalanez mintzo direla irudikatzeko balio izango dute,.

Zenbait katalanek uste du katalanera “luxuzko gaia» bihurtu dela eta hizkuntza eta kulturaren defentsak prezio bat duela. Bien bitartean, eginbehar hori gobernuarentzat “zor baten modukoa da». Beste batzuek, berriz, uste dute “denon etsaia» ez dela gaztelera ingelesa baizik.

Eremu pribatuan, gobernu katalanak ez du eskumenik ekimen komertzial, publizitario, kultural edo kirolezkoetan... erabilera bultzatzeko. Horretarako, Generalitateak ekimen iraunkorrerako programa bat jarri du indarrean arlo desberdinetan: iragarkiak, publizitate komertziala, kirolak, eta abar. 1998ko urtarrilaren 7ko legeak, bestalde, derrigorrezkoa egiten du katalaneraren erabilera txeke, ordainagiri, iragarki, karteleria publizitarioa eta bozgorailu bidezko komunikazioetan.

Iragarki eta publizitate komertzialari dagokionez, idazki komertzial oro alde batetik katalanez eta bestetik gazteleraz egitea eskatzen du, inoiz ez biak batera. Lehentasuna bietatik zeinek izango duen erabakitzeko udalerria eta bertan bizi den katalan hiztun multzoa hartu beharko da kontuan. Orohar, espainola-katalanera elebitan agertzea gaizki hartzen da eta bazterrekoa da. Esan beharrekoa da, alor pribatuan katalanerak duen sarbidea oraindik ahula dela eta enpresen errentabilitate irizpideen eraginez ez dela begi onez ikusten.

Laurogeiko hamarkadan, katalanak hizkuntza normalkuntzaz mintzo ziren, egun, ordea, katalaneraren sustapenaz mintzo dira, hori guztia itxuraz gaztelera kaltetu gabe, Espainiako konstituzioaren arabera “espainol orok ezagutzeko beharra eta erabiltzeko eskubidea duen hizuntza» baita. Katalunian hizkuntza katalana “borrokarako tresna» bihurtu da haien identitatearen aldeko eta Madrildik datozen aginduen kontrako borrokan. Generalitateko lehendakariak berak 1999ko martxoan Juan Carlos I erregeak, “beren lurrari» mintzo zitzaionean, bere diskurtsoen erdiak katalanez eman ditzan eskatu zuen. Madrilen luzaroan iseka egin diote “kuotaren txisteari» (nahiz eta Beljikan guztiz normala dirudien), eta Jordi Pujolek barkamenak eskatu behar izan ditu.

Hein berean, bistan da espainiako eskualde-hizkuntza guztien artean (euskara, galiziera, Balearretako katalanera eta baita Valentziakoa ere) Kataluniako katalanera dela, gaztelera hiztunen inmigrazio gogorra jasan arren, gaztelerari aurre egiteko gai den bakarra. Burgesia katalanaren bizitasun ekonomikoa, trebetasun politikoa eta europarzaletasunaren eraginez gertatu da hori. Horregatik, Europa federalaren baitan eskualdeen botereaen alde egingo aldaketaren itxaropenak daramatza autonomista katalanak egun duten autonomia estatutua, independentziarik ezean, konpromezu onargarria dela esatera.

4.- Tizinoko kantoia (Suitza)

Tizinoko kantoia da Suitzan italiera hizkuntza ofizialtzat duen kantoi bakarra: kantoi nagusietan hizkuntza ofiziala frantsesa edo alemaniera da, kantoi grisoian izan ezik. Kantoi horretan, berriz, hiru hizkutza dituzte (alemaniera, italiera eta erromantxera) eta 400.000 biztanle ditu. Kantoi horretako konstituzioa 1830ekoa da eta hizkuntzari ez dio aipamenik ere egiten. Konstituzioari berriki egin zaion aldaketa batek (1999), ordea, ofizialki onartzen du bere lehen artikuluan Tizinoko kantoia hizkuntza eta kultura italiarrak dituen errepublika demokratikoa dela.

Il Cantone Ticino è una repubblica democratica di cultura e lingua italiane.

Kantoiko Konstituzioak xedapen oso orokorrak besterik ez ditu jasotzen. Tizinokoa, Suitzako gainerako kantoiek bezalaxe, ez du izaera orokorreko hizkuntza legerik onartu, estatu ugaritan topa dezakegunaren modukoa, esaterako, Frantzian (1994ko abuztuaren 4ko legea Hizkuntza frantsesaren erabilerari buruzkoa), Katalunian (1998ko urtarrilaren 7ko legea, Hizkuntza politikari buruzkoa), Lituanian (1995eko legea, Hizkuntza ofizialari buruzkoa) edo Quebec-en (1977ko Hizkuntza frantsesaren eskubideei buruzko karta).

Aldiz, kantoi honetan badute hizkuntzari buruzko zenbait lege, iragarkiak eta hezkuntzari buruzkoak bereziki. Izan ere, hizkuntza bakarreko kantoietan ez bezala, honetan, bere hizkuntza nazionala gordetzeko, Kontseilu Nagusiak (Kantoiko Legebiltzarra) legeak egin behar ditu, italiera gordetzeko alegia.

Kantoiko autoritateek beti izan dituzte arazoak italiera inposatzeko iragarkien alorrean. 1931an kantoiko dekretu batek (1931ko irailaren 28koa) jatetxe, hotel eta gainerako komertzioetako jabeak beren errotuluak italierari lehentasuna emanez egitera behartu zituen. Horren arabera alemanieraz idatzitako iragarkiek gehienez ere italieraz idatzitakoen erdia izan zitezkeen. Kantoiak dekretu hori italiera babesteko jarri zuen indarrean, garai hartako negozioen jabeek alemanierari lehentasuna emateko joera izan baitzuten. Hona zer dioen 1931ko irailaren 28ko dekretuak jendaurreko errotulu eta idazkiei buruz (egun indargabetua):

Aurreko artikuluan aipatzen diren testu guztiak kantoiko hizkuntzan idatzi beharko dira, alegia, italieraz:
Aipatu testuen ondoan italierazkoaren bataz bestekoa baino handiagoa den testurik ezin izango da jarri beste hizkuntza nazional edo atzerrikoetara itzulita [...]

Aurreko dekretua bete ez zenez Tizinoko errepublika eta kantoiko Estatuko Kontseiluak (Kantoiko Legebiltzarra) 1933ko uztailaren 25ean indarrean jarri zuen 1931ko irailaren 28ko legea aplikatzeko araudia, jendaurreko errotulu eta iragarkiei buruzkoa. Hona nola deskribatzen duen 7. artikulu luzeak idatzitako testuei buruzko araudia:

Arau nagusia da 1931ko irailaren 28ko dekretuan aipatzen diren testu guztiak italieraz idatzi behar direla, eta lege horren arabera, ondoan itzulpena jartzea onartzen da, honen neurria, ordea, ezin izango da italieraz erabilitako hizkiena baino handiagoa. Honako arauak kontuan izanik beteko da:

  1. Itzultzeko eskubideaz landa, adiera berezia hartu duten hitzak eta italierazko hitzak erabiliaz bete-betan eman ezin direnak (esaterako, bazar, bar, tea-room, cocktail, eta abar.) erabiltzea baimentzen da. Hotel, Kursaal, garage, chauffeur, eta abar ez daude multzo horren barruan eta Albergo, casino, autorimessa, autista eta antzekoen bidez soilik itzuli ahal izango dira. Hein berean, baimendurik dago atzerriko hizkuntzetan adieraztea komertzio edo zerbitzu publiko batean alemanez, ingelesez eta abar mintzatzen direla. Hotel eta eraikuntza publikoen jarduera (esaterako, Â la ville de Lugano, Au Châlet d´or, Au départ, Hôtel International, eta abar) Komertzioaren Erregistro (ofizialean) jasota baldin badaude eta ondoan dagokien italierazko itzulpena baldin badute soilik; Itzulitako testuaren ondoan italierazkoa egon beharko da eta itzulpenaren pareko eremua bete beharko du ikusleen begientzat. Honela agerian utziko da itzulpenaren izaera. Ezin izango da itzulpen hori eraikuntzaren beste horma batera eraman, edo armairuko beste lekuren batera, ez eta izaera beregaina emango dion eran jarri. Bestela esanda, ez du axola non ikus edo irakur litekeen itzulpen bat, horren parean italierazko jatorrizko testuak egon beharko du ikus eta irakurtzeko moduan. Erliebea duten hizkien dimentsioak erliebeak ematen duen itzalaren arabera kalkulatuko dira.

Era guztietara, Auzitegi Federalak dekretua indargabetu egin zuen “inkostituzionala zelako» eta kantoiak xedapen berriak egin behar izan zituen 1954an. Auzitegi federal honen ekimenaren izaera berezia azpimarratu nahi nuke. Nagusiki alemaniera hiztunez osatua da eta “herritarren adierazpen askatasuna» lehenetsi du alemaniera lagunduz italieraren kaltetan. Erabaki hau kasu berezia da Suitzako jurisprudentzian, izan ere, Suitzan ohikoa izan da lurraldearen arabera hizkuntzen bereizketa egitea. Ohar zaitezte Tizinoko legeak auzitan jarri duela gehiengo nazionalaren hizkuntza: alemaniera.

1954an Estatu kontseiluak 22 artikulu dituen publikoari zuzendutako errotulu eta idazkien legea onartu zuen (1954ko martxoaren 29koa). Lege honen 5. artikuluak saltzaileak italiera erabiltzera behartzen ditu. Errotuluek, beraz, italieraz idatziak beharko dute izan, nahiz eta ondoan itzulpen bat izan dezaketen lagungarri, “jatorrizko testua baino hizki handiagoz idatziak ez dieren bitartean».

  1. Iragarkiak, iraunkorrak izan nahiz ez, italieraz idatziak beharko dute izan. Idazkien lagungarri italierazkoa baino hizki handiagoak edo lodiagoak ez dituen itzulpena jarri ahal izango da hizkuntza nazional edo atzerritarren batean, itzulpenaren izaera agerian uzteko moduan jarria beharko du izan beti ere. Artikulu hau ez da indarrean egongo Bosco-gurin komunan.

Legea ez dago indarrean Bosco-Gurin komunan bertan germanieradun hiztun ugari dagoelako (walser hizkuntzakoak). Legearen arabera jendeari zuzenduriko errotulu eta idazki komertzialek italieraz idatziak behar dute izan, eta betetzen ez dutenek 20 eta 1000 suitzar libera arteko isuna ordaindu beharko dute. Lekuko askoren arabera saltzaile ugarik nahiago izan zuen isuna ordaintzea legea betetzea baino. 1988ko urriaren 18an Kantoiko Estatuko Kontseiluak Jendeari zuzenduriko iragarki eta idazkien aplikazio araudia onartu zuen. Araudi honen arabera eremu publikoan errotulu, idazki edo iragarki bat jarri nahi duen orok baimena eskuratu beharko du polizia administratiboaren bulegoetan. Honek, berriz, badu 1954ko legea betearazteko eskumenik. Araudiaren 4. artikuluan italieraz idatzitako errotulu eta afitxak bakarrik daude baimena lortzetik salbuetsita. Hona hemen salbuespen kasuak (4. artikuluko 1. paragrafoa).

Ez dute baimen beharrik italieraz idatzita daudelako;
  • Eraikuntza publikoak adierazten dituzten argirik gabeko iragarkiak Eraikitzen, salgai edo alokatzeko daudela adierazten duten eraikuntzetako argirik gabeko iragarkiak, 150 metro karratutik gorakoa ez direnak; Izena, jarduera edo salgai dagoena soilik aipatzen duten argirik gabeko iragarkiak denda edo bulegoetan; Ibilgailuen kanpoko aldean jarritako iragarkiak, legearen 8. artikuluaren arabera egindakoak Ibilgailuen kanpoko aldean jarritako iragarkiak garrio publikoetan 26. artikuluaren arabera; 0,25 metro karratu baino gutxiagoko eta argidunak edo dizdiratsuak ez diren profesionalen lantoki, bulego, enpresen edo elkarteen egoitzatako plakak.

Honelako legedia batek adierazten du Tizinoko kantoiak nekez lor dezakeela iragarki komertzialen alorrean bere hizkuntza babestu eta hizkuntza lurraldetasunaren irizpidea indarrean jartzea. Elkarbizitzaren arazo hau ez da iragarkien kasuan bakarrik agertzen, baita eskolan ere, nahiz eta errealitate publikoa italieraz garatzen den oso-osorik, alegia, Kantonamenduko legebiltzarrean, epaitegietan, eskolan, kantonamenduko administrazioan nahiz federalean (Tizino) eta abar.

Tizinoko legedia gora-behera, alemanierak, duen indarrarekin, ziurtaturik du bere agerpena hizkuntzaz eta kulturaz italieraduna den kantonamendu honetan. Ez dugu ahaztu behar Suitzan italiera hiztun kopuruak (% 4,5) ez duela indarrik alemaniera (% 73,6) eta frantsesari (% 20,1) aurre egiteko. Are gehiago, Tizinoko italiera hiztunak animaleko ahalegina egin behar dute alemanierak euren lurraldean egiten duen bultzadari aurre egiteko, jatorri erromanikoa duten hizkuntzak “germanizazioaren» aurrean iragazkorrak dira egun. Eta hau ez da kasualitatea, Konfederazioak juridikoki eskuhartu behar izan baitu Suitzako bi hizkuntza nazionalak babesteko: Italiera eta Erromantxera.

[Konfederazioko Hizkuntza ofizialei buruzko datorren legeak hizkuntza ofizialen erabilera aktibo eta pasiboa arautzeko neurriak hartu beharko ditu; berak finkatu beharko du non erabili beharko diren erromantxera eta italiera argitalpen nazionaletako hizkuntza ofizialak direnez. Gaur egun ez dirudi Suitza italieradunean mehatxupean dagoenik italieraren geroa baina maila nazionalean bere estatutua murrizten ari da eta egunen batean “Konfederazioko hizkuntza txikia» izatera iritsi daiteke.]

5.- Aland eskualdea (Suomi)

Aland artxipielagoa Suomiko Botnie itsas golkoaren sarreran dauden 6.500 uhartek osatzen dute. Eremu hau herrialde autonomoa da Suomiren barruan, elkarte burujabea izateko estatutua lortu baitu. 25.500 biztanle ditu, %94a suedieraduna da eta %6a suomieraduna. 1990eko autonomia legearen arabera arautzen da Aland uharteen autonomia. Bere printzipio nagusia Aland uharteetako biztanleei bere barne arazoak konpontzeko ahalik eta autonomiarik handiena ematea da, “Suomiren barne nahiz kanpo segurtasuna kaltetu gabe», horrelaxe dio legeak hitzez hitz.

Funtsean, Aland uharteetan hizkuntza gaietarako benetako lege bakarra dago, “ekimen komertzialak arauzkotzeko eskubideari buruzko herrialdeko legea egokitzen duen Aland uharteetako legea» da; lege hori Marieham-en (Aland uharteetako hiriburua) jarri zen indarrean 1979ko uztailaren 5ean. Legearen 23. artikuluaren arabera, saltzaileak eskaintzen duen gai orok argi adierazi behar du zertarako den eta nola erabiltzen den, eta azalpen horiek suedieraz eman behar dira.

Hona hemen herrialde mailako lege honen testuak dioena:

23. artikulua

  1. Saltzaile orok ziurtatu behar du saltzen duen gai orok argi adierazten duela zertarako den eta nola erabiltzen den. Azalpenak idatziz edo irudi bidez eman behar dira. Idatzizko azalpenak suedieraz eman behar dira. Lehen puntuak agintzen duena, informazioa oinarrizko informazioa suedieraz ematearena, indarrik gabe gelditzen da zertarako den edo nola erabili behar den azaltzea beharrezkoa ez denean edo ahoz emandako azalpenak aski izan daitezkeenean. Azken kasu honetan, saltzaileak berak eman beharko ditu beharrezkoak diren azalpenak. 1 eta 2 puntuak ez dira indarrean egongo Aland uharteetako autonomiari buruzko legearen 11. artikuluko 2. puntuak aipatzen dituen lanbideak dituzten pertsonentzat. Lehen puntuan aipatutakoak betetzeko beharrezkoak diren baliabideak herrialdeko aurrekontu arruntean horretarako gordetako diruaz ordainduko dira [...]

25. artikulua

“Lege hau edo honetatik eratortzen diren araudiak hausten dituen saltzaileak isuna jasoko du.»

Lege hau 1980ko uztailan jarri zen indarrean.

6.- Lituania

3,8 milioi biztanle dituen herri baltiko txiki honetan lituanieraz mintzo da herritarren gehiengoa (% 75,5), eta horrezaz gain bi gutxiengo garrantzitsu ditu: erresieradunak populazioaren % 9a dira eta poloniarrak % 7a inguru. Independentziaren biharamunean Lituaniak herritarrek 1992ko urrian erreferendum bidez onartutako Konstituzio berria jarri zuen indarrean.

Lituanierak erregimen sobietarraren garaian bizi izandako kalteak kontuan izanik, ezinbestekoa zirudien lituaniera babesteko neurri bereziak hartzea, Errepublika berri horretako hizkuntza ofiziala baitzen. Ofizialtzeaz gain, babes horrek itzulpena ez den beste balore bat behar zuen Estatuko bizitzaren eremu guztietara hedatu eta bere ezagutza orokortzeko. Horregatik egin du Lituaniako Errepublikak hizkuntzari buruzko horrenbeste lege eta horregatik hautatu du politika orokor bat, benetako gizarte proiektu baten parekoa.

1992ko konstituzio berriarekin, Seimas-ak (Lituaniako Legebiltzarra) Lituaniako Errepublika Sozialistak 1989an indarrean jarritako gutxiengo etnikoei buruzko legea aldatu egin zuen, gero indarrean jarri zuen Hiritartasunari buruzko legea (1992), Udal Autonomiari buruzko legea (1994) eta Hizkuntza ofizialari buruzko legea (1995). Horri hizkuntzari buruzko xedapenak zituzten ehunen bat lege gehitu zitzaizkion; guk ondoren datozenak besterik ez ditugu aipatuko:

  • Poliziari buruzko legea (1990); Justizia Entzutegiei buruzko legea (1994); Errepublika lituaniarreko legebiltzarrari buruzko legea (1994); Kontsumitzailearen babeserako legea (1994); Jendaurrean jarritako informazioari buruzko legea (1996); Lituaniako Errepublikan dauden errefuxiatuen estatusari buruzko legea (1995); Eritetxeei buruzko legea (1996); Heziketari buruzko legea (1997);

Lituaniako hizkuntzaren izaera ofizialari buruzko aipamena bi lege agiri garrantzitsutan aipatzen da: 1992ko Konstituzioa eta Hizkuntza ofizialari buruzko legea (1995). Konstituzioko 14. artikuluak ezartzen du lituaniera dela hizkuntza ofiziala:

“Lituaniera da hizkuntza ofiziala».

Aldarrikapen hau antzera egin zen berriro 1995eko hizkuntza ofizialari buruzko legean:

“Lituaniera da Lituaniako Errepublikako hizkuntza ofiziala.»

Hizkuntza ofizialari buruzko legeak hizkuntza ofizialaren estatusari kalte egiten dion ekimen oro debekatzen du:

“Debekaturik dago Lituaniako Errepublikako Konstituzioan ezarritako hizkuntza ofizialaren kontrako ekintza oro.»

Lituaniako legediak ekonomia eta hedabideen eremuan ere arautzen du. Ez da administrazio publikoa Hizkuntza ofizialari buruzko legearen xedapenen menpe dagoena, Lituanian kokatutako entrepresa pribatuak ere hala daude. Jarduera ekonomikoaren berri ematen duen azalpena agerian izan beharko dute, berau lituanieraz behar bezala emana eta Lituanieraren Batzordeak ezarritako zuzentasun irizpideen arabera idatzia. Tanpoiek, zigiluek, menbreteek, plakek edo bulegoetako iragarkiek hizkuntza ofizialean egon beharko dute. Bistan da, iragarki publiko guztiek lituanieraz behar dute idatzita egon, eta, halaber, alfabeto latinoan behar bezala idatzirik eman behar dira. Hein berean, publikoari eskainitako zerbitzu guztiek lituanieraz eskaini behar dira. Hizkuntza ofizialari buruzko legearen 4. artikulua oso argia da honi dagokionez:

Erakunde orok, bulego orok, Lituanian kokatutako enpresa eta erakunde orok bere eginkizunak lituanieraz bideratu beharko ditu eta bere dosierrak, txostenak, agiri teknikoak eta finantzieroak hizkuntza ofizialean idatziak izan beharko ditu.

9. artikuluan, berriz

Gizabanako nahiz elkarteek buruturiko salerosketa oro hizkuntza ofizialean burutuko da. Dokumentazio horri hitzulpen bat edo gehiago gehi dakizkioke.

Edonola ere, ezinbestekoa da leku publikoetan lituaniera ezagutzea baldin eta komunikatu nahi baldin badugu. Esaterako, geltoki nahiz dendatan saltzaileak bezeroari lituanieraz zuzendu behar zaizkio araua ez errespetatzeagatik isunik jaso nahi ez badute behintzat.

Era berean, Kontsumitzailearen babeserako legeak (1994) ezartzen du kontsumitzaileak ondasun eta zerbitzuetatik jasotzen duen informazioa, erabilera arauak, garantiak, atzerapenak, aldaketak eta abar hizkuntza ofizialean era argi eta ulergarrian jasotzeko eskubidea duela.

Zinemari dagokionez, 13. artikuluak lituanieraren erabilera ezartzen du:

Lituanian jende aurrean ematen diren ikusentzuneko programazioak nahiz filmak hizkuntza ofizialera itzuliak edo lituanierazko azpitituluak beharko dituzte izan.

Lituanian zabaltzen diren idatzizko nahiz elektronikazko hedabideek derrigorrez errespetatu beharko dituzte lituaniera zuzenaren arauak (22. artikulua):

Lituaniako hedabideek (prentsa idatzia, telebista, irratia eta abar), liburu nahiz bestelakoen argitalpenen editoreek lituaniera zuzenaren arauak errespetatu beharko dituzte.

Arau horiek antroponimia, toponimia eta odonimiari (kaleen izenak) dagozkio, eta baita errusiera eta ingelestik etorritako interferentzien zuzenketari ere.

Estatuak herritarrei hizkuntza gaitasun azterketak ezarri dizkie. Azterketa horiek derrigorrezkoak dira hiritar ororentzat nahiz lituanieraz eskolatutako ororentzat. Dena den, lituaniera ezagutzea beharrezkoa da estatuarentzat lan egin nahiz jendaurrean zerbitzuak eskaintzen dituen ororentzat. Dena den, lan jarduak hiru eremu sozialetan banatuz hiru maila finkatu dira.

Lehen maila hizkuntza gaitasun mugatuenei dagokiena da, eta gizarteko mailarik baxuenak betetzen dituztenei zuzendurik dago. Bigarren mailak lituanieraren ezagutza ona eskatzen du eta lituaniera ahoz nahiz idatziz ezagutu behar dutenei zuzentzen zaio, estatuaren funtzionariei, esaterako. Hirugarren mailak, berriz, lituanieraren ezagutza sakona eskatzen du eta ardura garrantzitsuak dituzten pertsonei dagokie, estatuaren administrazioan ari direnak esaterako. Honela, eskolako zuzendariak hirugarren mailaren menpekoak izan behar dute.

Dagoeneko hainbat errusiar eta poloniarrek maila galdu dute euren arduretan ez zutelako lituaniera behar beste menderatzen. 1992 eta 1996 bitartean 15.614 lagunek gainditu zuen azterketa hori, baina 2.504k, berriz, huts egin zuten. Gaitasun azteketa hori gainditu behar duten horien erdia baino gehiago Vilnius-etik zetozen. Eskualdeetako batzordeen ardura da, berriz, lituaniarrak ez diren eskoletako jakite-maila zaintzea.

Lituaniako hizkuntza politikak hizkuntza ofiziala bultzatzu eta berrezarri egiten du. Politika honek gutxiengoentzat “erasokorra» badirudi ere, zalantzarik gabe ezinbestekoa dirudi lituaniarrentzat, aurreko mendeetan bizi izandako jazarpen eta debekuen ondoren. Bere estatuaren jabe den herri batek gai izan behar du bere hizkuntza nazionala hizkuntza ofizial bihurtzeko. Eginbehar hori zilegi da, baina hizkuntza gutxitu nazionalak ere haintzat hartzen dituen hizkuntza politika orokor eta egituratuaren baitan kokaturik behar du egon. Bestela esanda, Lituaniako hizkuntza politikak bi atal ditu: batetik lituanieraren berrabiltze eta ofizialtzea, bestetik hizkuntza gutxituen babesa.

7.- Hungaria

Enpresen jarduerak eta izen komertzialak idazterakoan, Hungariak oso dirudi interbentzionista. Barne komertzioari buruzko 1978ko legea aldatzen duen 18/1996 dekretuak (egun oraindik indarrean), denda baten izenak (gutxiengo nazionalak bizi diren udalerrietan izan ezik) hungariar jatorriko izenak edo hungarierara egokitutako hitz atzerritarrak soilik izan ditzake. Are gehiago, debekaturik dago egokitu gabeko hitz atzerritarrak erabiltzea, hungarierak adiera bereko parekorik ez duen kasuetan izan ezik. Izenak hizkuntza hungariarraren arau gramatikal eta ortografikoei erantzun behar die. Alegia, Ekonomia miniterioaren 25. dekretuaren arabera (Hau ere 1986koa) komertzioen izenak eta jarduerak ezin dituzte hungarierazko hitzak besterik jaso. Horrek esan nahi du, atzerriko hitzak Akademia Hungariarraren Hizkuntza Institutuak onarturiko arau gramatikal, ortografiko eta fonetikoetara egokitu eta idatzi beharko direla.

Gutxiengo nazionalei dagokionez, ezarrita daude lege xedapenak. Pecs-eko unibertsitatetik lortutako argibideen arabera, ez da onartuko hungarierazko iragarki elebakarrik gutxiengoak aski hedatuak diren udalerrietan, aldiz, onartzen da tokiko hizkuntza gutxituan soilik idatzitakorik: alemanieraz, errumanieraz, kroazieraz eta abar. Honela, Baranyako eskualdeko Kontseiluaren 1/1988 dekretuak udalerriak iragarkiak elebiduntzera behartzen ditu gutxiengoa aski hedatua baldin bada. Ordudanik, ez da udal eraikuntza publikoetako errotulazioa soilik elebiduna, iragarki komertzialak ere badira (jatetxe eta hotelak barne). Are gehiago, hizkuntza gutxituan dagoen iragarkiak hungarieraz dagoenaren pareko izan behar du.

8.- Mexiko

98 milioi biztanle dituen herrialde handi honek komertzioari buruzko legedia oso du landua. Mexiko eremu honetako kasu berezia da ziurrenik. Legerik garrantzitsuenak honakoak dira: Kontsumitzailea babesteko lege federala (1975), Elikagai, edari eta sendagaien iragartzeari buruzko legea (1974), Asmakuntza eta marka komertzialei buruzko legea (1976), Iragarki komertzialei buruzko legea (1976ko azaroaren 30ekoa), Iragarkiei buruzko Distritu Federaleko legea (1988).

Komertzioari buruzko legedia 1975ean onartutako Ley federal de protección al consumidor delakoarekin hasi zen (kontsumitzailea babesteko lege federala). Lege hau beharrezko ikusi zen kultur eragin anglo-amerikarrari aurre egiteko eta kontsumitzaile mexikarra babesteko. Izan ere, ez zituzten itzultzen etiketaiadun produktuak, kontsumo gaiak eta iragarki komertzialak.

Mexikar legeak kontsumitzaileari zuzenduriko produktu orotan espainola erabiltzea agintzen du. Debekaturik dago espainola ez den beste edozein hizkuntza erabiltzea Mexikon ekoiztutako produktuetan; produktu atzerritarrentzat, 1974ko araudi batek dagoeneko ezartzen zuen informazioak (ingelesez emandakoak) espainolezko testua baino karaktere txikiagotan eman behar zela. Ohikoena jakiak biltzeko ontzian eranskin bat jartzea izaten da. Dena den, bertan ez dago iragarkiei zuzenean dagokien araurik.

Iragarkiei dagokionez 1976ko bigarren lege batek (Ley de Invenciones y marcas) marka komertzialen arloa arautzen du. Lege horrek debekatu egiten du Mexiko eta Latinoamerikan ekoitzitako marka komertzialetan hitz atzerritarrak erabiltzea. Munduko gainerako lekuetan ekoitzitakoen kasuan, ezinbestekoa da espainierazko bertsioa jatorrizko hizkuntzan dagoen testuaren pareko neurriaz idatzita egotea. Are gehiago, iragarki komertzialei buruzko 1976ko azaroaren 30eko araudi batek (Diario Oficial de la Federación) debekatu egiten du erabiltzea distritu federal barruan gaztelera ez den beste edozein hizkuntza, eta idazkiaren arduradunak gramatika espainolaren arauak errespetatzera behartzen ditu.

1982ko araudi bat, oraindik indarrean dagoena, oro har zorrotz betetzen da. Araudi horren arabera, distritu federaleko iragarki komertzialak espainieraz soilik idatziko dira, eremu turistikoetan izan ezik, non espainieraz gain beste hizkuntzarik ere erabili ahal izango den.

Merkataritza ministerioaren ardura da 1975eko legea aplikatzea. Ministerio honek onartzen du herrialde honetako iparraldeko muga ondoan salgai jarritako produktuak elebitan iragartzea, 20 kilometro luze duen eremua da. Bada, halaber, dekretu bidez ezarrita, eremu frankoak: Mexiko, Cancun, Cozumel, La Paz. Nabarmen dezagun, kanpoko iragarkietan agertzen diren atzerriko hitzak fonetika espainola jarraituz idatzi behar direla. Honekin Mexikok Estatu Latinoamerikar guztietan ia berdina den tradizioari ekin dio.

Legea betetzen ez duten enpresentat zigorrak aurrekusten dira. Enpresaren kapitalari ezartzen zaizkio eta 100.000 pesokoak (5.000 pezetakoak) izan daitezke lehen hutsegitean. Legea alor honetan anbiguoa denez, isunak ezartzea zaila izan arren, 1975az geroztik entrepresa ugari zigortu izan da.

Hezkuntza miniterioari, berriz (SEP), hizkuntza kalitatearekin loturikoak dagozkio. Hizkuntzaren deformazioa egiten den kasuetan eskuhartzeko agindua eman dezake, eta horixe egin izan du publizitatea hizkuntza bat baino gehiagotan egin izan den kasuetan, alegia mezuaren erdia espainolez, erdia ingelesez, hori ez baita elebitasuna.

Bestalde, Mexikoko gobernu federalak araudi berria onartu zuen 1988an. Iragarkiei buruzko Distritu Federaleko Araudiaz ari gara (1988ko abuztuaren 19an). Araudi hau 1976koa indartzera dator. Araudiko 7. artikuluaren arabera, ezinbestekoa da iragarkiak jarri aurretik baimena lortzea. Baimen hori ez da ematen iragarkia gaztelera ez den beste hizkuntzaren batean idatzita baldin badator.

Ez da baimenik lizentziarik edo baimenik emango bortizkeria sustatzen duten iragarkientzat, morala eta ohitura onen aurkakoa baita, edo gaztelera ez den beste hizkuntzaren batean idatzita daudenentzat arraza zein gizarte bazterkeria bultzatzen baitute.

Are gehiago, 8. artikuluaren arabera, testuak espainolaren arauetara egokitu behar du:

Iragarkietako testuak espainolez idatziko da eta gramatikaren arauetara atxikirik beharko du egon; ezin izango da hitz arrotzik erabili, dialekto nazionaletatik [hizkutza amerindiarrak] edo Merkataritza eta Garapen Industrialeko ministerioan behar bezala erregistraturik dauden produktu, marka nahiz atzerriko hizkutzan dauden izen komertzialetatik datozenean izan ezik.

Iragarkiek arauaren arabera jarriak egon beharko dute gehienez sei hilabeteko epean, araudia indarrean jarri zen egunetik hasita. Pertsona fisiko edo juridiko orok jarri ahal izango du salaketa Polizia Komisaldegian araua urratzen duen ororen aurka (69. artikulua). Are gehiago, 74. artikuluaren arabera, neurri administratibo horiek iragarkiak kendu, desegin eta berauek jartzeko baimena galtzeaz gain, distritu federalean indarrean dagoen gutxieneko soldata jasoaz mila egunez lan egiteko zigorra ere ekar dezakete. Hala eta guztiz ere, legedia federala nahikoa ongi betetzen da eta merkatari mexikar ugarik Distritu Federaleko legea ez dute ezagutu ere egiten.

9.- Grezia

Grezia da mendebaldeko gizarte honetan bere hizkuntza nazionalak arlo komertzialean, iragarkietan batez ere, erabiltzea galarazten duen legedia indarrean jarri duen herrialde bakarretakoa. Greziak turkoen aurkako politika egin du batez ere. Jakin beharrekoa da herrialde honetan bulgariera eta albaniera hizkuntza kriptokomunistatzat jotzen direla, eta hein berean, turkiera Greziaren berezko etsaia den Turkiaren sinbolo moduan hartzen da. Zipreko irlaren jabegoa bi estatuek aldarrikatzen dutenez, etengabekoak izan dira Grezia eta Turkiaren arteko liskarrak eta horrek ez dio batere lagundu Greziako turkiarren kausari. Urte luzeetan Greziak “bere turkiarren» kontrako benetako jazarpen politika garatu du. Zenbait adibidek errealitate hau erraz azaltzen dute.

1977. urtearen ondoren, turkiarrak biltzen diren Komotini hiriko leku-izen eta kaleen izenak aldatu egin zituzten: izen turkiarrak kendu eta berorien ordez izen greziarrak jarri. Are gehiago, dekretu batek eremu ofizialetan antzinako izenak erabiltzea galarazten du eta zigor ekonomikoak nahiz espetxeratzea ekar dezakete. Agintariek, halaber, debekatu egin dute toponimo edo odonimo turkoa arentesi artean agertzea grekoz dagoenaren inguruan. Jarduera hau herrialde osoan hedatu da eta egun ez dago iragarkirik grekoz... edo ingelesez idatzita ez dagoenik. Hala da, eremu turistikoetan onartzen dira ingelesez dauden iragarkiak arrazoi praktikoak direla medio. Arau honek, ordea, ez du ezertan aldatzen bertako hizkuntza gutxituentzat (mazedoniera, bulgariera, turkiera, albaniera edo armeniera) dagoen grekoaren elebakartasun araua.

Agintariek, halaber, debekatu egiten dute “turkiar» izen laguna erabiltzea elkarte edo bestelako erakunde publikoak izendatzeko. Hori horrela, 1986an Mendebaldeko Traziako Irakasle Turkiarren Elkartea desegin egin zuen Kotimiko epaitegi batek. 1996an, Xanthi izeneko udalerrian gutxiengo horrek duen eskolako irakasle bat lanpostutik kendu zuten urte betez bere eskola “eskola turkiarra» deitu zuelako “gutxiengoaren eskola» deitu beharrean. Oro har, legez kanpokoa da “turkieradun / turkiar» izendatzea establezimendu publiko bat edo beste edozein elkarte. Horregatik desegin dituzte elkarte “turkiar» guztiak.

Bestalde, Greziako turkiarrak ez dute salatzen Estatuak eurekiko duen jarrera. Mazedoniar gutxiengoak, esaterako, poliziaren jazarpena eta tratu txarrak jasan behar izaten dituela salatzen du eta euren adierazpen askatasuna ukatzen zaiela. Amnistia Internazionalak Turkiako poliziak mazedoniarrak fisikoki torturatu ere egin izan dituela salatu izan du. Are gehiago, mazedoniarrek euren seme alabak etxeko hizkuntzan hezitzeko eskolak publikoak zabaltzea debekatu egiten zaiela salatzen dute. Albaniarrak (Arvanita deituak), bestalde, asimilazio politika bortitz baten jomuga izan dira; Greziako gobernuak debekatu egin du etxeko hizkuntza publikoki erabiltzea eta leku-izen albaniarrak grekoz jarri dira. Ijitoen gutxiengoari, berriz, hezkuntza, lana eta etxebizitza eskubideak ukatzen zaizkio, eta polizia greziarrak sarritan kanporatu eta jipoitzen ditu.

Ondorioa

Ikusi dugunez, bada Quebec-ekoaz gain bestelako hizkuntza legediarik. Batzuk askoz handinahi indartsuagoa dute eta are protekzionistagoak dira. Quebec ez da salbuespena, aitzitik. Hala ere, estatu batek arlo komertzialari zuzendutako legedia indarrean jartzea erabakitzen badu, bere hizkuntza ofiziala atzerantz doala konturatu delako da. Neurririk eraginkorrena legedia indarrean jartzea dela dirudi. Ekimen horrek gutxiengo nazionalen eskubideak murrizten ez dituen lekuan, ahalegina zilegi da. Hala ere, gertatzen da Estatu baten hizkuntza ofiziala inposatzeak gutxiengo horiek kaltetu edo desagertaraztea. Kasu horretan zenbait estatuk horri dagozkion neurriak aurrikusi dituzte, Hungaria, Lituania, Katalunia edo Quebec-ek esaterako. Beste zenbaitek ezikusiarena egiten dute, frantzia eta Mexikok egiten duten bezala, eta beraz, tokiko hizkuntza edo gutxituen aurka zuzenean ekin beharrik ez. Badirudi Grezia kasu bereziadela Estatua bera baita propio bere herrialdeko hizkuntza nazionalei aurre egiten ari dena dena.

2001eko otsailaren 23an

BAT aldizkaria: 
38. 2001eko martxoa. Hizkuntza eskubideak eremu pribatuan...
Kokapen geografikoa: 
Europa
Katalunia
Egilea(k): 
Jacques Leclerc
Urtea: 
2001