Enpresetako normalkuntza plangintzak gaur egun. Mahai ingurua

Tere Barrenetxea (Elhuyar):

Lehen puntuari erantzunez esango nuke helburuak eta baliabideak kontrolatu behar diren edozein gaik planifikaziora eramaten duela zuzen-zuzenean. Hori da eskura dituzun baliabide mugatuak zuk jarri dituzun helburuak betetzera bideratzeko modua. Beraz, ez dut uste planifikatu beharra bolada kontua denik

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN):

Lan munduan abian jarritako planetan erronka handi bat dugu, gaur egungo plangintzetan oraindik elementu subjetibo gehiegi dugu eta horiek objetibatzea da erronka.

Patxi Alaña (Artez):

Enpresa bat euskalduntzea orain arte ezagutu dugunaren aldean oso da desberdina. Asko dira eragiten duten faktoreak eta batean egindako lanak agian bestean ez du ezertarako balio. Egitura, esaterako, eragile garrantzitsua da oso.

Patxi Larrañga (LKS):

oso kontuan hartu behar dela zein izango den planaren hartzailea.

euskararen alorrean, berriz, zeregin nagusia euskara ez duen jendearekin burutu behar da, lan eta ardura posturen batean daudelako daude euskalduntze planean, ez atxikimendu berezirik sentitzen dutelako.

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN):

iturria praktika bera da, hogei teknikaritik gora dugu enpresetan planak bideratzen, eta gure artean baditugu sortze-lanari dedikatutakoak ere. Bestalde, teknikariek pilatutako esperientzia gainerakoei etengabe jakinarazteko bidea jarri dugu.

Patxi Alaña (Artez):

Normalkuntzak asko lagun dezake baina helburua ez da normalkuntza lortzea saltzera iristea baizik. Bere produktuak saltzen dituen enpresa aurrera aterako da. Lan munduan euskarak arrakasta izango baldin badu gakoa ez dago plangintzetan eskaeran baizik.

Tere Barrenetxea (Elhuyar):

Plangintza hauen bitartez jantzi sinesgarri batekin iritsi gara administraziora edo enpresetara. Bestela euskararen leloarekin bakarrik, iristen ez ginen pertsona eta lekuetara. Ustegabeko onak izan ditut. Leku guztietan daude euskaltzaleak, enpresa eta organizazio guztietan, itxuraz euskalgintzatik urrunen daudenetan ere bai.

Patxi Larrañaga (LKS):

Diseinuak badu kalitate kontrol inplizitu bat aurkezten den unetik, benetako kalitate kontrola plana inplementatzen hasten den unean abiatzen da. Planteaturiko helburuak betetzen al dira? Egokiak al dira planteatzen ditugun ekintzak jarri ditugun helburuetarako?

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN):

argi dugu enpresetako edozein plangintzak aurrera egiteko hiru elementu behar dituela: jendearen parte hartze gogotsua; enpresak bitartekoak jarri eta erabakiak hartu behar ditu; eta horrekin batera lan teknikoa behar da, metodologia bat landu eta hori bideratu.

Patxi Alaña (Artez):

Planifikazioaren grina honen atzetik beste helburu zabalagoak daude, helburua ez da planifikazio bat gauzatzea, baizik eta soziolinguistikako egoeraren aldaketa bat lortzea. Teori mailan, eta praktikan ikusi izan da hainbat lekuetan, autore asko dago hizkuntza normalizazioaren atzetik, beti ere, beste era bateko aldaketak eragiteko gogoa dagoela diotenak.

Tere Barrentxea (ELHUYAR):

Gure artean egon litekeen sintonia-arazoa beste toki batean dago nire ustetan: batak besteari ez diogu hau edo hura egiteko eskumena aitortzen eta besteak egindako lanari ez diogu errespetu handirik izaten. Horretan indar asko alferrik galtzen dugula iruditzen zait.

Tere Barrentxea (ELHUYAR):

Ezagutzen dudan arlora etorrita berriro, enpresa pribatuetako euskara-planen arloa aipatuko dut. Arlo horretan EAEn besterik ez dago laguntza publikorik eta oraingoz, horiek HPSren bidetik etorri dira.

Bildutakoak:

  • Patxi Alaña, Artez Hizkuntza Zerbitzuak
  • Tere Barrenetxea, Elhuyar
  • Patxi Larrañaga, LKS
  • Juan Luis Arexolaleiba, EMUN.

Normalkuntzaren plangintza bide sendoa urratzen ari da azken urteotan Euskal Herrian. Katalunia edo Quebec-ek egindako bidea aztertuz, Euskal Herrian hainbat elkarte eta eragilek planifikazio lanari ekin dio. Horri buruz jarduteko bildu ditugu mahaiaren bueltan protagonista zenbait. Izan ere, nor egokiago gai honi buruz jarduteko planifikatzaileak eurak baino?

Tere Barrenetxea (Elhuyar), Patxi Alaña (Artez hizkuntza zerbitzuak), Patxi Larrañaga (LKS) eta Juan Luis Arexola Leiba (EMUN) izan genituen mahaiaren bueltan. Haien erantzun jantzi eta oparoek entzulegoa adi-adi izan zuten saioak iraun zuen bitartean.

Hemen bildutakoa mahai-inguruan esandakoaren labur-bilduma egokitua da. Labur beharrez erantzun nagusiak bildu eta galderen araberako multzotan antolatu ditugu.

Azken urteotan euskararen normalkuntzaren aldeko ekimenak plan orokor nahiz zehatzetan biltzeari ekin zaio. Asko hedatu dira normalkuntza planak. Zer dela eta planifikazio joera hori? Benetan dira beharrezko ala bolada kontua da?

Tere Barrenetxea (Elhuyar): Ezertan hasi aurretik eta sarrera moduan esan dezadan Elhuyarren ez dugula esperientziarik plan orokorretan (“Plan Estrategikoa edo “Biziberritze planaren modukoak), gure esperientzia “mikroplanen eremuan dago. Alegia, erakunde jakin batetako erabilera planetan, enpresa mailako erabilera planetan batez ere.

Lehen puntuari erantzunez esango nuke helburuak eta baliabideak kontrolatu behar diren edozein gaik planifikaziora eramaten duela zuzen-zuzenean. Hori da eskura dituzun baliabide mugatuak zuk jarri dituzun helburuak betetzera bideratzeko modua. Beraz, ez dut uste planifikatu beharra bolada kontua denik heldutasun kontua baizik, hizkuntzak ere badu beste arlotan erabiltzen diren planifikazio tresnen beharra.

Patxi Larrañaga (LKS): Elhuyar ez bezala, gu euskalgintzaren munduan plan orokorren bidez sartu gara, Donostiako plana eta Kontseiluaren planaren bidez hain zuzen. Gure esperientzia planifikazio estrategikoaren munduan dago, hori da gure betekizun nagusia, eta ate horretatik sartu ginen euskalgintzaren munduan.

Terek esan bezala, nik ere ez dut uste bolada kontua denik, planifikazioak ekintzaren aintzindari izan behar du beti. Planifikazio kontzeptuaren atzetik hausnarketa, elkarrizketa, gauzak komunean jartzea eta lehentasunak zehaztean dago. Bestalde, inguruan aldaketa nabarmena gertatu da. Orain hamabost urte SIADECOk egindako txosten batean bertan adierazten zen planifikazioa behar beharrezkoa zela, baina garai hartan zaila zela planifikazioari ekitea. Gauzak aldatu egin dira eta euskararen normalizazioaren munduan planifikazio hitzak lekua hartu du.

Patxi Alaña (Artez): Euskalgintzak muga eta ezintasun handiak izan ditu betidanik. Ezintasun horien artean erdaldunak euskara ikas dezaten komentzitzeko ezintasuna dago. Plangintzaren beharrari buruzko gogoeta eta aldarrikapena EKBri zor zaizkio. Bere helburua prozesua gizarte osora hedatzea zen eta ondorioz EKBk basamortuko ibilaldia egin zuen hainbat urtez. Kontseiluak lortu duena ezin da ulertu EKB kontuan hartu gabe.

Zorionez, Kontseiluak ganorazko plangintza bat egiteko gaitasuna erakutsi du. Zoritxarrez, aldiz, Jaurlaritzaren Biziberritze plana ere hor dago eta hori ez da bi proiekturen metaketa. Badirudi bi dinamika desberdinen emaitza direla. Plangintza arloan lehengo gauza txarrak errepikatzen ari direla ikusten dut, bi plan bateratutako bakar bat sustatu beharrean. Agian bat egingo dute, ez dakit nik, ordea, Administrazioa zenbateraino dagoen bi planak bateratzeko prest. Beraz, Euskal Herrian baten lekuan bi plan orokor ditugu.

Planifikazioaren beharra geroz eta nabarmenagoa da. Dena den, bultzatzaile lan horretan lehentasuna euskara zerbitzuetan dagoela iruditzen zait. Esperientziak erakusten digu egunkari bat euskalduntzea baino errazagoa dela egunkari euskalduna sortzea. Plan askok euskararen presentzia areagotzen lagunduko dute, sozioekonomiaren munduan euskararen presentzia egun hutsaren hurrena baita, baina arazo nagusia enpresen irabazi xedea da. Egoera horretan euskara inoiz ez da lehentasun izango. Bost urte barru ikusiko dugu, batzuk planak aurrera ateratzeko gaitasuna izango dute, beste hainbat enpresetan, aldiz, euskararen plana ongi taxutu arren, presentzia testimoniala lortzeko bakarrik balio izango du. Garrantzitsuena euskarazko egiturak sortzea da, euskaraz funtzionatuko duten enpresak.

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Gurean plangintzak lan munduan bideratzen ditugu batez ere, “EMUN, lana euskalduntzeko kooperatiba da ordezkatzen dudan entitatearen izena. Galderak azken urteak aipatzen ditu eta nik ez dut sentsazio hori. Patxik ere aipatu du eta nire ustez aspaldikoa da plangintzaren aldarrikapena. Denok ezagutzen ditugu garai bateko txosten luzeak gauzak nola egin beharko liratekeen azalduz. Besterik da, gero praktikan zer gertatu den. Desoreka nabarmena egon da teoria eta praktikaren artean, benetan zer da egin duguna? Aurrerapauso batzuk eman ditugun arren oraindik frogatu beharrean gaude txostenetan agertzen dena bideratzeko gai garela.

Garbi dago plangintzarik ez baldin badago, borondatea edo gaitasuna ezagatik dela. Plana ezertan hasteko beharrezkoa da, plangintzarik ez egotea hutsune handia da. Nire ustez, plangintza orokor baten premian gaude eta arlokako plangintzek bere zailtasunak dituzten arren askoz zailagoa da plangintza orokorrak egitea (bai herri mailan, bai Euskal Herri mailan). Sarritan planaren hasierako asmoak edo txostena jotzen dugu plangintzatzat eta plangintza hori baino gehiago da. Aurretik egin beharreko aurrelana eta ildoen jarraipenak (bitartekoak eta neurgailuak) horiek guztiek osatzen dute plangintza. Lan munduan abian jarritako planetan erronka handi bat dugu, gaur egungo plangintzetan oraindik elementu subjetibo gehiegi dugu eta horiek objetibatzea da erronka.

Planek garrantzia handia dute. Normalkuntza mailako urratsak planen arrakastaren baita daude. Euskararen normalkuntzak gaur egun dituen planak teknikoki ongi bermaturik daude ala esperimentazio hutsean ari gara? Eta Plangintza lanetan dabiltzanen formazio mailaz zer esan genezake? (Bestela esanda, euskarak une honetan dituen planifikazio beharrei erantzuteko prest al gaude teknologia zein giza baliabideen aldetik?).

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Gaur egun esku artean ditugun tresna guztien beharrean gara. Lan eremuko plangintzen inguruan 1991-96 bitartean bideratu ziren plan pilotoetan dugu abiapuntua. Hainbat enpresa plan hauetan sartu ziren, eta hortik eratorri zen “mikroplangintza izena. Proiektu hartan ikasitakoa gaur egun indarrean dago.

Ez nuke esango teknikoki ongi prestaturik gaudenik, baina ongi prestatuta egonda ere, enpresa bakoitza mundu bat da eta beti arituko gara etengabeko esperimentazioan. Prestakuntza teknikoa eta metodologia garrantzitsuak izan arren, horrek ez du plan baten arrakasta bermatzen. Guk plangintzetan dugun hutsunea oinarrizko prestaketaren falta da. Orain dela oso urte gutxi Euskal Herrian ez zegoen euskara eta lan munduan esperientzia zuen jenderik eta prestaketa falta somatzen da.

EMUNen teknikari lanetan ingeniariak, albaiteroak, filologoak... ari dira eta nabaria da gaiaren inguruko oinarrizko prestaketaren falta. Horri erantzuteko enpresan badugu formazio plan iraunkor bat eta hor denetik irakatsi eta ikasi beharra dago: zer den enpresa bat eta zein den enpresa baten funtzionamendua, soziolinguistika edo lanerako tresneria –teknikariak denetik egin behar baitu: jendea irabazi, euskaraz eta erdaraz trebe komunikatu.... Beste tresna batzuk ere lantzen ari gara: publikoan hitz egiteko tresnak eta abar-.

Planifikazioa modu eraginkor batean bideratzeko dugun arazoetako bat orohar euskalgintzan ari diren pertsonen lan baldintzak dira. Erakunde publikoetan ari direnen baldintzak ohikoak dira, duin samarrak edo. Hortik kanpo, berriz, kasu askotan baldintzak ez dira ez egokiak ez duinak eta horren eraginez asko galtzen dugu. Pertsona bat prestaturik dagoenean, onena emateko unean dagoenean, dinamika hori utzi beharrean izaten da bestelako premiak direla eta. Horrek asko kezkatzen gaituenez gure helburuetako bat gure enpresan ari direnek lan-baldintza duin samarrak izatea da.

Patxi Alaña (Artez): Enpresa bat euskalduntzea orain arte ezagutu dugunaren aldean oso da desberdina. Asko dira eragiten duten faktoreak eta batean egindako lanak agian bestean ez du ezertarako balio. Egitura, esaterako, eragile garrantzitsua da oso. Enpresa asko horizontalak dira, kooperatibak, eta ohituta daude erabakiak hartzen kalitatean, produktibitatean..., egitura malguak dituzte eta Elhuyarren metodologia, esaterako, egitura horietan oinarritu zen.

Beste egitura batzuk, berriz, bertikalak dira (banketxeak, elkarte anonimoak...) eta aginpidea goitik beherakoa da. Motibazioa, informazioaren transmisioa... erabat desberdinak dira. Honelako enpresetan ez dago parte hartzeko ohiturarik. Horrezaz gain, euskalduntze indizean diferentzia handiak egon daitezke langile batetik bestera edo sail batetik bestera. Beraz, oso zaila da euskalduntze indize oso alturik izan gabe plana arin garatzea.

Ordutegiarena ere oso aintzat hartzekoa da, izan ere, euskalduntzearena lanorduetatik kanpo izan behar da eta horrek oinarrizko baldintza –denbora izatea- indargabetu dezake. Beraz, motibazioa, euskalduntze maila eta aginte egiturak zaildu egiten dute planifikazio estandarra eta horrek esperimentatzera behartzen gaitu. Zoritxarrez, enpresa munduan esperientzia pilatu gabe dugu eta hutsuneak handiak dira, besteak beste arloko terminologian. Hastapenean gaude maila guztietan.

Enpresetan kanpoko zerbitzuek, halaber, eragin handia dute, etengabe ari dira mota guztietako zerbitzuak kontratatzen: abokatuak, garraiolariak, elektrikariak, etengabeko prestakuntzarako ikastaroak... eta inor gutxik eskaintzen du hori euskaraz. Eragile hori ere kontuan hartzekoa da.

Patxi Larrañga (LKS): Gure plangintzak gizarteari begira egindakoak izan dira eta ez enpresa jakin bati zuzendutakoak. Metodologia zehatzak izan arren, inguru berrietan lanera sartzeak esperimentazioan aritzera behartzen gaitu, metodologia ikutu, gauza berriak asmatu... Gure esperientziatik esan dezakegu planifikazio estrategikoa egitean oso kontuan hartu behar dela zein izango den planaren hartzailea. Enpresaren funtzionamendu eta produkzioarekin loturiko planetan erabatekoa izaten da inplikazioa; euskararen alorrean, berriz, zeregin nagusia euskara ez duen jendearekin burutu behar da, lan eta ardura posturen batean daudelako daude euskalduntze planean, ez atxikimendu berezirik sentitzen dutelako. Beraz, normalizazio plan hauek askotan izaten dute inplikazioa pizteko beharra eta horretarako jende asko gureganatzen saiatzen gara. Plangintza gauzatzerakoan, ordea, kezka berriak sortzen dira. Jendeak ez du ongi ulertzen zertan ari den edo euskararena bere zeregin nagusia den lan horrekin loturikoa den ala ez. Hau da, metodologia honek partaidetza eskatzen du eta partaidetza horretan gauzak ez dira egoten askotan beste inguru batzuetan bezain argi.

Planifikazio estrategiko orokorraren alorrean esperientzia handia dago, hizkuntzaren munduan, ordea, ez da gehiegi sartu. Beraz, hor badago zenbait hutsune, soziolinguistika alorreko informazioan; planifikazio estrategikoaren metodologian eta agian baita helburuetan ere. Subjetibotasun maila handia dago eta jarreran ere desberdintasun handiak daude plangintza bati ekiterakoan.

Planak egiteko zein dira eredu teoriko eta praktiko garrantzitsuenak zuentzat? (Bertako nahiz atzerriko esperientziak).

Tere Barrenetxea (Elhuyar): Guk planak egiten ditugunean baditugu metodologia eta prozedura sistematizatuak. Horretara iristeko iturri askotatik edan dugu, hizkuntza plangintzatik (orain hamar urte hasi ginenean Quebec-eko eredua ezagutzen genuen, enpresa munduan erabilitakoa) eta horrekin batera enpresa mailan planifikazio estrategiko orokorrerako zeuden tresnak. Enpresaren gestio mailan zeuden teoria eta tresnak (Kalitatearen kudeaketa edo pertsonalaren jestiorako) ere ezagutu genituen. Guk hasieratik argi ikusi genuen enpresen kulturara hurbildu egin behar genuela. Beraz, gure lanean iturri desberdinetatik hornitzen gara (enpresetan erabiltzen den planifikazio estrategikoa planifikazio sozialean erabiltzen den “marko logikoa izeneko metodologia, parte hartze teknikak...) Guk parte hartze teknikak asko erabiltzen ditugu, ez bakarrik plana lantzeko, baita plana garatzeko ere.

Patxi Larrañaga (LKS): Guri honetan sartzeko eskaera egin zaitzaigunean planifikazioan erabiltzen ziren ohiko prozesuak euskalgintzari gehitzeko izan zen. Katalunian egin zuten plana iturri oso garrantzitsua izan zen guretzat eta huraxe izan zen metodologiarako gure erreferentea. Dena dela, gure ekarpena enpresa mundutik genekarren esperientzia izan zen.

Patxi Alaña (Artez): Guk, zoritxarrez, egitura “bertikaleko enpresetan egin dugu lan. Horietan erabakia goitik etorri izan da, zuzendaritzatik. Diagnostikoa egin bezain pronto enpresa horren hizkuntza politika zein izango den zehazten dugu, alegia, enpresak non jarri duen muga. Horretarako arautegi bat egiten da egiturako kide desberdinek parte hartuz eta haiekin adosten da enpresa horrek zein hizkuntza politika jarraituko duen aurrerantzean. Estatus eta corpus mailako helburuak jartzen ditugu. Estatusarenean esaterako, euskararen ezagutza handitzeko zein neurri hartzeko prest dagoen entrepresa (kontratazio edo promozio politikan, esaterako); euskararen erabilera handitzeko zer egingo duen ahozko komunikazioetan, idatzizkoetan...; motibazioa suspertu eta partaidetza handitzeko zein proposamen egiten den. Corpusarenean, berriz, sor daitezkeen arazoak aztertu eta saihesteko neurriak proposatzen dira. Helburu eta baliabideak finkaturik, edozein lanetan egiten dena egiten da: urtez-urteko plan baten bidez helburuak mailakatu eta ekintzak zehaztu.

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Gure oinarri metodologikoa 91-96 bitartean bideratutako plan pilotoetan dago. Iturrien artean Quebec aipatu bada ere, guk gehiago hartu dugu Kataluniatik Quebec-etik baino. Gainerako iturriak askoz ere hurbilagokoak dira. Alegia, enpresa barruan erabiltzen diren planak kalitatea hobetzeko... Enpresetan badute horren berri eta bertako eragile batzuk horretan espezialistak dira eta guk eurengandik asko dugu ikasteko. Beste iturria praktika bera da, hogei teknikaritik gora dugu enpresetan planak bideratzen, eta gure artean baditugu sortze-lanari dedikatutakoak ere. Bestalde, teknikariek pilatutako esperientzia gainerakoei etengabe jakinarazteko bidea jarri dugu. Ereduak behar ditugu eta kanpotik badugu zer ikasia baina gure baitan dugun potentzialitatea erabiltzen ikasi behar dugu.

Planak urratsak emateko metodologiak dira. Egun indarrean dauden ekimenek urrats kualitatiboak ekarriko al dituzte euskararen normalkuntzan?

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Bi ideia aipatzen dira, “zailtasuna, metro karratu gutxian jende asko bildurik egotea; eta bestea “guk ez dugu egingo baina gazteek egingo dute. Guk horren aurrean beti esaten dugu ez dela gauza bera urratsak poliki-poliki ematea edo urratsik ez ematea edo atzerantz ematea. Eta gure herrian “apurka-apurka egitearen izenean urte asko egin dugu geldirik edo atzerantz. Beraz, pausoak apurka emateko ere lan egin behar da.

Plangintza hauen bidez hori lortu behar dugu. Dinamikak apala izan behar du jende askok beldur handiak baititu nahiz eta jendaurrean isildu. Bidea zabaldu beharra dago, hori egin ezean besteek egindakoa atzera botako dugu. Adibide gisa, gaur egun ohikoa da ikastoletan ibilitako neska mutikoak lan-munduan sartu eta denbora gutxira euren agenda ere gazteleraz betetzea. Bidea zabaltzen ez bazaie ez dute lan mundua euskaldunduko euskaraz ikasi duten belaunaldi berri horiek, aitzitik, lortutakoa atzerako botako da. Guk badakigu ez dela erraza eta horregatik diogu apurka-apurka joan behar dela. Enpresa heldutasunera iristen denean erabakitzen da nola jokatu, kontratazio politika, euskara zein postutan den beharrezko... Dinamika horrek aldaketa kualitatiboak ekarri behar ditu.

Patxi Alaña (Artez): Normalkuntzak asko lagun dezake baina helburua ez da normalkuntza lortzea saltzera iristea baizik. Bere produktuak saltzen dituen enpresa aurrera aterako da. Lan munduan euskarak arrakasta izango baldin badu gakoa ez dago plangintzetan eskaeran baizik.

Euskal Herrian euskarazko irakaskuntza % 0tik %40ra pasatzea munduan ez da inon gertatu. Zergatik? Eskaeragatik. Gurasoen eskaerari erantzuteko egiturak, metodologiak eta plangintzak sortu behar izan dira. Enpresetan ere eskaerak erantzungo du.

Euskalgintzaren akatsetako bat sozioekonomiaren munduan eskaera sortzeko gaitasunik ez izatea da. UEMAk erdaraz jasotako paperak atzera bidaltzeko hartutako erabakia izan da urrats bakarretako bat. Urrats hori ematen badugu enpresak sortuko dira, plangintzak hobetu egingo dira eta aurrera egingo da. Beraz, plangintzak motel joango dira, eskaeraren baitan beti ere. Enpresetan duda-mudatan daude egiten duten inbertsioari ez baitiote errendimendurik ikusten zerbitzu edo salmentan.

Egun normalizazioaren bidean sarturik dauden enpresak motibazio politikoz egin dutelakoan nago. Orain hogei urte jendea euskara ikasten hasi zenean ere motibazio indartsuena ideologikoa zen. Beraz, enpresetan zerbait ganoraz lortu nahi badugu eskaera handitzea planak hobetzea baino garrantzitsuagoa delakoan nago.

Patxi Larrañaga (LKS): Planak beharrezkoak dira eta zalantzarik gabe baliogarriak izango dira bai normalkuntzaren munduan, bai gainerakoetan. Dena dela, plangintza estrategiko bat tresna bat da eta tresna den neurrian erabileraren menpe dago, hau da, aplikaziora iritsi behar da. Eta hor ere jarraipena, azterketa, berritzea... beharrezkoak dira. Plangintza batek bere horretan ez du balio ez baldin badu zuzendaritzarik atzetik. Euskararen plan orokorra adibide hartuta, esan behar da gizartean zailagoa dela kudeatzaile egoki eta benetan inplikatuak lortzea. Horregatik uste dugu normalkuntzaren munduan garrantzitsua dela plangintzaren atzetik indarrak biltzea, jendea biltzea. Plana bezain garrantzitsua da, bestela jai dago.

Tere Barrenetxea (Elhuyar): Plangintza hauen bitartez jantzi sinesgarri batekin iritsi gara administraziora edo enpresetara. Bestela euskararen leloarekin bakarrik, iristen ez ginen pertsona eta lekuetara. Ustegabeko onak izan ditut. Leku guztietan daude euskaltzaleak, enpresa eta organizazio guztietan, itxuraz euskalgintzatik urrunen daudenetan ere bai. Lehenago inoiz iritsi izan ez garen tokietara iritsi gara eta hori garrantzitsua da euskararen marketinarentzat.

Normalkuntzak behar duen erritmoa eta planen emaitzak gauzatzeak izango duen erritmoa batera al doaz?

Tere Barrentxea (ELHUYAR): Enpresa mailan egiten ditugun planen kopurua oso azkar handitzen ari da. Baina hori horrela izanik ere, oraindik ere oso gauza txikia da gizarte osoari begira. Guk ez dugu, osotasun hori aztertu. Mikroplan bakoitza enpresa edota erakunde horren behar eta nahiei erantzuteko lantzen da eta emaitza horiei begira lan egiten dugu guk.

Biziberritze-planak edota Kontseiluarenak badute ikuspegi orokor hori eta baita beste neurri batean Donostiakoak ere. Baina zoritxarrez Donostiakoa geldirik dago eta beste biak oraintxe abiatu berriak dira. Diseinuak hor daude eta horiek balora daitezke, baina emaitzak ez ditugu oraindik bistan. Nolanahi ere, planaren diseinu-prozesu horiek eta bereziki Kontseiluko eta Donostiako planen diseinu-prozesuak landu diren moduagatik, emaitza batzuk sortu dituela uste dut eta hori, azken helburua ez bada ere, kontuan hartzekoa dela iruditzen zait.

Patxi Larrañaga (LKS): Normalkuntzak behar duen erritmoaz hitz egitea arriskutsua da bakoitzak bere iritzia baitu. Plangintza egitean hausnarketa da oinarria eta azkenean ondorio batera iristen gara. Une honen ezaugarri nagusia, helburuak eta baliabideak kontuan hartuta, maila ugaritan gauzak martxa jartzeko moduan egotea da, baina baita beste hainbatetan ere, kirola eta kulturaren munduan esaterako. Hemen ez dakigu erritmoak zein izan behar duen. Agian maila batzutan helburu batzuetara iritsiko gara eta beste batzuetan beste batzuetara, baina gogoeta hori egitea mahai inguru baterako edo gogoetarako gai egokia izan daiteke. Garai batean azterketa soziolinguistiko mordoa egin genuen, orain estrategikoak ere dezente egin ditugu, arlo bakoitzean badakigu nondik-nora doan gauza gutxi gora-behera, zein baliabide dugun... eta gizartea, erritmoak gora-behera, mugitzen hasteko unean dagoela uste dut.

Planen “kalitate kontrola egiten al du inork? Behar al litzateke halakorik? (Bai plana egitean, plana gauzatzean eta emaitzak baloratzean).

Tere Barrentxea (ELHUYAR): Hiru kalitate-kontrol egin daitezke: lehenik barne-ikuskaritza, bezeroen balorazioa bigarrena eta kanpo-ikuskaritza hirugarrena. Lehenengo biak etxe bakoitzak bere baliabideak eta berak definitutako prozedurak erabiliz gingo du. Hirugarrena aldiz, kanpoko norbaitek, hau da, proiektua landu ez duen batek eta aurretik zehaztutako parametro batzuen arabera egin beharko du eta hori, oraingoz, egituratu gabe dagoen arloa da.

Patxi Larrañaga (LKS): Bakoitzak bere kalitate kontrola egiten du, baina nire ustez kontrol nagusia helburuak betetzen diren ikustea da eta hori denboraren poderioz ikusten den gauza da. Beste gauza bat da garatzen den bitartean ere kontrol bat egotea, baina hau lehen aipatutako kudeaketarako erakundearekin lotu behar genuke. Kudeaketaren ardura duenak egin beharreko lana da kalitate kontrolarena, ez planaren diseinuarena planaren inplementazioarena baizik. Diseinuak badu kalitate kontrol inplizitu bat aurkezten den unetik, benetako kalitate kontrola plana inplementatzen hasten den unean abiatzen da. Planteaturiko helburuak betetzen al dira? Egokiak al dira planteatzen ditugun ekintzak jarri ditugun helburuetarako?

Patxi Alaña (Artez): Kalitate kontrola sortu egin beharko da. Ez dakit etorriko den “euskararen ziurtagiriarekin loturik egongo den, horretan beharrezkoa litzateke erreferentzia argiak egotea, enpresa horrek zer eskaintzen duen ahoz, idatziz eta abar. Gai honetan zein sektore inplikaturik dagoen ikusita (administrazioa, enpresak...) bai beharrezkoa dela Katalunian egin zuten Indexpláren moduko zerbait, agian sektore bakoitzari egokituagoa. Dena dela, ez da erraza. Izan ere, enpresaetan parametro batzuek neurtzea oso da erraza, produktibitatea esaterako. Ahozko harremana auditatzeko jakin beharko litzateke ahozko harremanetan, bileretan, kontsultetan zenbateraino erabili den euskara, eta hori askoz gaitzagoa da.

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Nire ustez kalitatea zaintzen da, izan ere, bezeroa exigentea da. Enpresen xedea ahalik eta diru gutxien gastatuz ahalik eta etekinik handiena ateratzea da, eta beretzat kostu bat den neurrian uste dut bezeroa orohar exigentea dela, eta gure kasuan, EMUNen kasuan, argi dugu enpresetako edozein plangintzak aurrera egiteko hiru elementu behar dituela: jendearen parte hartze gogotsua; enpresak bitartekoak jarri eta erabakiak hartu behar ditu; eta horrekin batera lan teknikoa behar da, metodologia bat landu eta hori bideratu. Hiru elementu horiek aurrera egiten badute plangintzak aurrera egingo du eta bakarren batek huts egiten badu hankamotz geldituko da. EMUNen ikuspegitik beste biak bultzatu behar ditugu, hau da, jarrera gogotsuak eta enpresak erabakiak hartu eta bitartekoak jartzea, eta ziurtatzea lan teknikoak ez duela kale egingo.

Aspalditxo honetan enpresaren munduan kalitatearen munduan bizi gara. Garrantzitsuena, beraz, ez da plangintzaren kalitatea lorpenak neurtzeko tresna baizik. Patxi Alañaren ideiaren ildotik esan behar da, adibidez, EGAk ezagutza pertsonala ziurtatzen duela, zer asmatu behar dugu enpresa baten hizkuntza zerbitzua neurtzeko? Horrelako zerbait sortu behar genuke. Nork egin behar du ordea? Garrantzitsua da bikoiztasunik ez sortzea. Kontseiluak bideratutako plan estrategikoaz urrats bat eman da, eta orain, hor sartu den erakunde bakoitzak gaiari erantzuten hasterakoan sortzen da benetako erronka.

GALDERA: Normalkuntza lana hedatuz doa eta geroz eta eginbehar gehiago eta zehatzagoak ditu. Bai al dago formazio plan zehatzik teknikarientzat? Teknikari profil bakarra behar da ala bat baino gehiago? Eta horren arabera formazio planak bakarra izan behar du ala bat baino gehiago izan behar dute?

Patxi Larrañaga (LKS): Hori izan zen guk izan genuen arazoetako bat. Bai Donostiako plangintza, bai Kontseiluarena aurrera eramateko jendearen prestakuntzarekin arazoak izan genituen. Izan ere, gurea enpresa handia izanda ere, ez genuen horrenbeste langile euskaldun talde horiek aurrera eramateko. Behar genuen teknikariaren profila ez zen eskakizun handikoa, baldintzek ere ez zuten horretan hastea uzten. Guk bilatzen genuena jendearekiko tratu egokia, euskara maila altua eta inplikazio maila handia ziren, lan taldeetako lana kenduta, gainerakoetarako enpresa barruko aholkulariak erabili ditugu eta horiek euskaldunak izaten dira, eta kasu guztietan metodologia bera erabiltzen dugunez, ez dugu arazorik.Izan ere, geroz eta gehiago dira plangintza estrategikoak, ez hizkuntzarenak soilik, euskaraz eskatzen dituzten udalak eta euskaraz lan egiteko ohitura hartzen ari gara.

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Bigarren galderan emandako erantzunari lotuz, egindako galderari oinarrizko formazio falta dagoela esanez erantzungo nioke. Jendearen iritziz normalkuntza teknikari izateko filologoa izan behar da. Euskara ahoz zein idatziz menderatzea beharrezko tresna da baina ez da aski, horrezaz gain oinarrizko prestaketa falta azpimarratu behar da eta bestetik esan behar da formazioa beharrezkoa dela. Gure kasuan guk badugu formazio plan iraunkor bat, ez soilik soziolinguistikaz, baita enpresen mundua edo lanerako teknikei buruz ere (bileren dinamizazioa, jendaurrean hitz egitea...). Eskoriatzan, halaber, hizkuntza psikopedagogia ikasketa jarriko da martxan. Hala ere, hori ez da aski, hor soziolinguistika institutu batek sekulako lana du egiteko. Filologo batek normalkuntzaz ez du ordubete ikasi karrera osoan.

Patxi Alaña (Artez): Orain itzulpengintza ikasketak jarriko dira abian. Unibertsitateetan eredu desberdinak ditugu eta nik Arrasateko eredura joko nuke. Lehenengo mailatik arlo praktikoa lantzen duen eredu horretara. Normalkuntzaren munduan ez dago zer eginik errealitatea ezagutu gabe eta beldur naiz, unibertsitateak zerbait bere gain hartzen duen bakoitzean egiten duen bezala, ez ote den arlo teorikoan geldituko. Gaur egun unibertsitatean dagoen jendearen zati handi bat enpresetan ez dagoen jendea da, izan ere, unibertsiteak 20 urtetan hazkunde izugarria izan du eta enpresa munduarekin loturatik ez duen jende asko sartzea ahalbideratu du. Eta arlo honetan biak uztatu behar dira.

Euskararen normalkuntza planak eta administrazioetako hizkuntza politiken artean zein sintonia maila dago?

Euskararen normalizazio dinamikan aldaketa ugari ematen ari da azkenaldion. Aldaketa horien artean nabarmenetarikoa jarduera isolatuak edo “ekintzitisa gainditu eta hizkuntza plangintzari eta euskara planak bideratzeari ematen ari zaion garrantziarena da: euskara planak enpresetan, ikastetxeetan, udaletan, Euskal Herri mailako plan estrategikoa, herrietako plan estrategikoak,... Plangintzen garai garrantzitsu honetan entitate bakoitzak bere helburu edo interes partikularrak zaindu behar ditu eta aldi berean helburu edo interes orokorren aurka joan gabe, interes orokorrak zaindu eta bermatu behar ditu, bestela gureak egin du. Ingurumari honetan egoera eta dinamikak aldatu ahala administrazioetako hizkuntza politikak aldatu edo egokitzearen premia du eta gaur egun administrazioekin dagoen harreman puntuala (ikastaroren bat, dirulaguntzak,...) gainditu eta elkarren arteko komunikazioan eta elkarlanean sakondu beharra dago.

Patxi Alaña (Artez): Normalizaziorako Plangintza orokorrek, oro har, administrazioaren bat dute atzetik. Hau da, administrazioak bultzatutakoak izaten dira, bertako sail batek gutxienez; beraz, pentsatu behar da sintonia hori badagoela, berak bultzatzen baitu. Planifikazioaren grina honen atzetik beste helburu zabalagoak daude, helburua ez da planifikazio bat gauzatzea, baizik eta soziolinguistikako egoeraren aldaketa bat lortzea. Teori mailan, eta praktikan ikusi izan da hainbat lekuetan, autore asko dago hizkuntza normalizazioaren atzetik, beti ere, beste era bateko aldaketak eragiteko gogoa dagoela diotenak. Hau, neurri batean behintzat, gertatzen da eta, erreakzioz, aldaketa horien kontra jartzen diren beste indarrak ere agertzen dira. Ondorioz, hizkuntzaren normalizazioaz hitz egiterakoan, beste era bateko irakurketak ere egin ohi dira, eta honek eragiten du plangintzaren diseinuan zegoen “aseptikotasuna, apurka-apurka, beste joko batzuen menpe egotea. Beraz, nahiz eta administrazioa, teknikoki, martxan jartzeko sintonia adierazi, beste erakoak dira sarritan sortzen diren trabak.

Tere Barrentxea (ELHUYAR): Nik ez dut arazorik ikusten euskararen normalkuntzak nondik-nora jo behar duenaren inguruan. Bagera, HPS, AED, Kontseilua, Elhuyar etab.ek ez dugu oso bide desberdina urratu. Alde handiena euskararen normalizazioari heldu diotenen eta heldu ez diotenen artean dago. Ez baitugu ahaztu behar Euskal Herrian esparru eta eskualde askotan gaia ez dagoela mahai gainean; baina mahaigaineratu denetan, ondorioek ez dute plan bat beste baten kontrako norantzan jarri. Gure artean egon litekeen sintonia-arazoa beste toki batean dago nire ustetan: batak besteari ez diogu hau edo hura egiteko eskumena aitortzen eta besteak egindako lanari ez diogu errespetu handirik izaten. Horretan indar asko alferrik galtzen dugula iruditzen zait.

Plan hauek burutzeko dagoen laguntza eta babesa behar bestekoak al dira?

Patxi Alaña (Artez): Plangintza estrategikoaren helburuetako bat hauxe dela, indarrak non jarri behar diren identifikatzea, alegia. Hau da, baliabideak mugatuak direnez, arlo estrategikoak identifikatu eta behar bezalako garapena izan dezaten egiteko batzuk definitu.

Gizartearen mailan murgildurik, aurrekoan esan den moduan, erabaki baten ondorioa da diseinuari ekitea eta, beraz, erabaki horrekin koherentea izateko beharra dago, administrazioaren laguntzari dagokionean behinik behin. Beste gauza da diseinuaren fasea amaitzean. Hemen sortzen dira eragozpenak eta zalantzak. Baina, lehen ere aipatu dut, beste kontsiderazio batzuk agertzen dira, eta hauek ez dute zertan plangintzarekin eta bere metodologiarekin lotuta egon beharrik.

Juan Luis Arexolaleiba (EMUN): Planak burutzeko dagoen laguntza eta babesa areagotu eta finkatu beharra dago babes sozial eta ekonomikoari dagokienean, batez ere. Dena den, plangintzentzat laguntza eta babes handiena bertan eta modu zuzenean jarduten duten agenteen komunikaziotik, elkarlanetik eta baliabideen optimizaziotik etorriko da. Euskal Herrian plangintza orokorra beharrezkoa dugu, horrela, dauden baliabideei etekin handiagoa aterako zaie eta gaur egun dagoen dinamika eta esfortzuen sakabanaketa gaindituko litzateke. Plangintzek dituzten behar estrukturalei erantzuteko inplikatu guztien arteko elkarlana beharrezkoa da gai askoren inguruan: oinarrizko metodologia lantzeko, plangintzen ebaluaziorako tresnak garatzeko etab.etarako behar den bezalako ikertegia sortuz,...

 

Tere Barrentxea (ELHUYAR): Ezagutzen dudan arlora etorrita berriro, enpresa pribatuetako euskara-planen arloa aipatuko dut. Arlo horretan EAEn besterik ez dago laguntza publikorik eta oraingoz, horiek HPSren bidetik etorri dira. HOBETUZera ere jo ahal izan da trebakuntzaren alderdian laguntzak lortzeko, baina aurten HOBETUZ bera da arazoak dituena. Enpresek beste ate batzuk jotzeko modua izan beharko lukete Industria edota Lan Sailetan esaterako. Azken finean, euskara erabiltzen duen enpresak balio erantsia duten produktu eta zerbitzuak eskaintzen ari delako eta ikuspegi horretatik beste sail batzuk dira euskara-planetan inplikatu beharko liratekeenak.

BAT aldizkaria: 
36. 2000ko iraila. Hizkuntza gutxitua, bizi iraupena eta...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2000