Alderdi abertzaleak eta UEMAren etorkizuna. Angel Mari Elkanori galderak (EH)

Hitzarmen oro borondate politikoaren araberakoa da. Euskara guztiona da, baina Hizkuntza Politika ez.

Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko, berezko hizkuntza erabiltzeko eskubidea benetan berma dadin, marko legal berria adostu, sortu eta indartu beharra dago.

ez da marko berria indarrean sartzearen zai egon behar, urratsak eman behar dira. Intsumisioa eta desobedientzia dira landu beharreko ildoak. Izan ere, udalerri bateko hautetsi guztiek beren herrian euskaraz funtzionatzea erabakiko balute, hori praktikan debekatzea ia ezinezkoa gertatuko baita udalari dagokion administrazio jardueratan.

SEI ELKARTEAk eginiko bost galderei EHk emaniko erantzuna.

1.- UEMA hamar urteko bidea egina eta 50.000 euskaldun biltzen duen errealitatea da. Zein da zuen alderdiak UEMAren aurrean duen jarrera?

Gure Hizkuntza Politikak euskararen normalkuntza prozesuaren inflexio puntua hiru zutabetan finkatzen du: euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osora zabaltzean, belaunaldi berrien euskalduntzea ziurtatzean eta biztanlegoaren %80a euskalduna duten udalerrien UEMAratzean. Hizkuntza Politikaren funtsezko atala da beraz, UEMA guretzat. Horrexegatik, ezinbestekotzat jotzen dugu UEMA indartzea, zonalde euskaldunei lehentasuna ematea, zonalde hauek normaltasunez gara daitezen dagokien politika sozioekonomiko berezitua ematea... Tamalez, EH da apostu horri seriotan eusten dion bakarra. Egun UEMA osatzen duten herrien kopuruaren %80a EHren esku egotea horren isla da. PNV eta EAk ez diote oraindik proiektu honi behar zaion irmotasunez erantzun.

2.- UEMAk biltzen duen euskal herritar kopuruak gutxiengoa izaten jarraitzen badu ere, kualitatiboki oso da garrantzitsua Euskal Herriarentzat. Zeintzuk izan behar lukete, zuen iritziz, kolektibo hori babestu eta indartzeko ekimenek?

Neurri andana aurkeztu aurretik, gure ustez, 1994ko otsailean UEMA berak Donostian eta Lizartzan antolatutako I. Jardunaldien emaitza praktikan jartzea, kualitatiboa den inflexio puntua, erabaki politikoa hartzea litzateke lehentasunezko ekimena, hots:

Instituzio desberdinek beren lurraldeetako udalerri euskaldunen etorkizuna ziurtatzeko, hauek BABES BEREZIKO EUSKAL GUNETZAT jotzea eta bertan politika berezitua eta bateratua garatzea. Hori behin eta berriz aurkeztu dugu hautes programatan baina ez dute PNV eta EAk inoiz kontutan izan.

3.- UEMAk alderdi abertzaleen arteko adostasuna politikoa ezinbestekoa du. Zein aukera ikusten duzu adostasun horretan sakondu eta urrats berriak emateko? Zein izan litezke urrats horiek?

Hitzarmen oro borondate politikoaren araberakoa da. Euskara guztiona da, baina Hizkuntza Politika ez. Euskal Herria guztiona da, baina Euskal Herrian administrazio hainbeste hizkuntza politika ditugu indarrean. Adostasunean aurrera egiteko Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko, berezko hizkuntza erabiltzeko eskubidea benetan berma dadin, marko legal berria adostu, sortu eta indartu beharra dago. Bestetik, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren negoziazio lanean, Ariztondo berak idatziz igorritako PNVren txostenean, udalerri euskaldunak indartzeko dei bateratua egitea proposatu zuen. Guk dei hori UEMAren aldeko deitzat jotzen dugu eta onartu dugu. Orain publiko egitea falta da. Azkenik, Udalbiltza izan liteke lan hori bideratzeko marko bateratzaile egokia.

4.- Irlandako gaeltacht-etako esperientziak erakusten digu ez dagoela hizkuntza normalkuntzarik garapen sozioekonomiko eta kulturalik gabe. Zer proposatzen duzue alor honetan UEMAn biltzen diren herri txikientzat?

“Gaeltachtetako udalerri gaelikoen egoerak badu zer ikusirik UEMAn biltzen diren udalerri euskaldunekin. Egoera Irlandan bezain dramatikoa ez den arren, ezaugarri batzuk parekideak dira. Izan ere, nekazaritza eta arrantza ez dira egun sektore ekonomiko indartsuenak, eta horiek dira udalerri euskaldunen sektore ekonomiko nagusiak. Udalerri euskaldunak, beraz, etorkizun ekonomiko eskasa dutenez, inmigrazio guneak bilaka daitezke, gazteek hiritara begira baitaude, eta era berean, kanpotar erdaldunentzat bizi leku bihur daitezke epe motzean, hori baita, besteak beste, Gasteizko Gobernuko Lurralde Antolaketarako Zuzendaritzak (DOT) eskaintzen dien etorkizuna. Tendentzia horri freno jartzen ez bazaio, urte gutxi barru, Euskal Herriko zonalde euskaldun bakarrak, benetako “Gaeltachtak bihurtuko ditugu, denboraren poderioz erdaldundu edo asimilatuak izango direnak.

Arestian esan bezala, udal euskaldunek osatzen dituzten lurraldeak, BABES BEREZIKO EUSKAL GUNETZAT jo behar dituzte instituzioak eta irtenbide egokiak bideratu, minimoki hiru plano hauek kontutan harturik:

- Eskola txikien problematika. DBHren eskola mapa berriaren ondorioz sortutakoa, adibidez, gainditu beharreko arazoa da.
- Enpleguaren problematika. Babes Bereziko Euskal Gunetzat izendatu izanak ezinbestekoak diren plangintza eta dirulaguntzak bideratuko lituzke. Plangintza sozioekonomiko berezituak prestatu beharko dira.
- Azpiegituren problematika. Lurralde Antolaketarako Zuzendaritzak (DOT) ez dute beren lanean udalerri txikien gaia udalerri txikien ikuspuntutik landu. Udalerri txikiak udalerri handien dentsitatea orekatzeko edota bigarren erresidentziarako gunetzat jotzen ditu. Berrikusi beharra dago.

 

Horrexegatik, UEMAz aritzean, Irlandara begira geratzea baino, hobe da Quebec eta Finlandiara begiratzea, bertan zonalde “elebakarren afera arautua baitago eta ez dira inondik ere ageri Gaeltacht-etako arazoak, ikuspundu globaletik, integraletik lantzen baitira.

5.- UEMAk eragozpen handiak izan ditu Madril eta Parisko legediarekin, zer egin legedi horiek bertako biztanle eta administrazioak euskaraz bizitzeko duten eskubidea oztopa ez dezaten?

Euskal demokrazia eraiki. Euskal Herriak Madril zein Parisekin bizi duen etengabeko gatazkari irtenbidea emateko mekanika eta irtenbide demokratikoa proposatzen dugu, gatazka politikoaren muinari heltzea, alegia. “Euskal Herriak du hitza eta erabakiaesaldia aldarrikatu eta lortzea. Baina horretarako ez da marko berria indarrean sartzearen zai egon behar, urratsak eman behar dira. Intsumisioa eta desobedientzia dira landu beharreko ildoak. Izan ere, udalerri bateko hautetsi guztiek beren herrian euskaraz funtzionatzea erabakiko balute, hori praktikan debekatzea ia ezinezkoa gertatuko baita udalari dagokion administrazio jardueratan.

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Anjel Mari Elkano
Urtea: 
2000