Iñaki Agirrerekin elkarrizketa

Espainiako lege eremu honetan eta UEMAko estatutu haiekin ezin genuen legalak izan, ez behintzat Madrilera jota, ez Europara jota. Beraz, jo dezagun hemengo instituzioek hainbat mendetan erabili duten tresna erabiltzera, “pase forala deitzen den horretara.

Ez da ahaztu behar Espainiako konstituzioak berak lurraldetasunaren irizpidea hartzen duela bere lurraldean espainola dela hizkuntza ofiziala esateko. Zer esanik ez Frantziako konstituzioak. Hortik ere ikasi behar dugu. Horrela egiten ez bada euskarak ez du aurrera egingo.

Gaur egun udalerri euskaldun bateko udala gauza da, nahi badu, beren zerbitzu guztiak euskaraz eta euskaldunekin ipintzeko. Ez da egun batetik bestera lortuko, baina, bai epe jakin batera gauzak ondo egiten badira. Zelan liteke, bestela, aukera legal berberak izanda abertzaleen esku dauden udal euskaldun batzuk euskaraz funtzionatzen egotea eta beste batzuk gazteleraz funtzionatzen jarraitzea?

Ipar Euskal Herrian ez dago legerik eragotziko duenik erakunde publiko zein pribatuan zerbitzua euskaraz ere ematea. Eta nik behintzat Ipar Euskal Herriko auzapez abertzaleei kritika hori egiten diet. Berandu baino lehen hasi beharra dago euskara sartzen Iparraldeko udal administrazioan, izan ere, euskarak sekulako prestigio hartuko luke bertako euskaldunen artean bizitza publikoan txertatuta ikusiko balute.

Administrazio publikoa izanda, gure betebeharra da zerbitzu horiek euskaraz ematea eta hor lan handia dugu. Horrezaz gain, herri handietan kanpainak egin dira, merkataritzakoak –paisaia linguistikoa aldatzeko-, eta hortik aurrera gauza handirik ez. Ekonomia munduan, adibidez, Usurbilen orain hasi dira. UEMA mailan, ordea, giza baliabiderik ere ez dugu horretan sartzeko.

Euskal kultura bilduko duen hiri baten beharra dago eta hau ez da UEMAren iritzia, nirea baizik. Argi dago Donostiak ezin duela hori izan, ezta Bilbok ere. Euskaldunok badugu hiri baten premia. Azpeitia, Oiartzun,… izan liteke, zergatik ez?

Gu administrazioa gara eta hor alderdi politikoak daude, maila horretan harreman pertsonalak eta politikoak txarrak baldin badira ezin dira helburuak bete, hemen adostasuna behar da.

egoera politikoak elkarlana laguntzen badu aurrera egingo dugu, bestela ezker abertzalekoak ez diren askok erakunde interesgarria dela uste izan arren gutxiengoan egoten ohitu beharko dute

Agintaldi honetan udaletxetik kanpo dugun erronkarik handiena, berriz, Osakidetza dugu. Lotsagarria da hor gertatzen dena, ezin dugu onartu herri euskal batean sendagilea eta erizaina erdaldunak izatea eta Osakidetza da EAEn euskalduntze plangintzarik ez duen erakunde publiko bakarra.

Izan duen bilakaera eta gertatu den aldaketarekin, aipatzekoa da lortu den hizkuntza aldaketa. Mendeak joan mendeak etorri, gazteleraz funtzionatzen aritu den administrazio bat hamarkada eskas batean gazteleratik euskarara pasa da eta hori izugarria da.

“Guk hori argi dugu eta soziolinguista guztiek diote hizkuntza orok derrigor lurralde bat behar duela, nagusi izango den lurgune bat behar duela.

UEMA zer den eta zertan den ezagutzen duen inor baldin bada Iñaki Arregi dugu hori. 1992az geroztik Mankomunitatean dugu lanean eta zuzen-zuzenetik jarraitu ditu euskararen normalkuntzan azken urteotan eman diren urratsak. Ondorengo orrialdeetan berarekin izandako elkarrizketa luze eta mamitsua jasotzen da. Bertan Mankomunitatearen bilakaera, lan esparruak, helburuak eta ametsak zein diren ezagutzeko parada izango dugu.

BAT: UEMA eta zure izena elkarri loturik doazela dirudi sarritan. Noiz hasi zinen eta zein izan da zure egitekoa urte hauetan?

I.A: Nire izenarekin loturik agertzen da hor dauden alkate eta zinegotziak militanteak direlako gure udaletxe txikietan eta zortzi orduko euren lana egin ondoren joaten direlako udaletxera lan erantsi bat egitera eta orduan prentsaurreko bat eman edo nonbaitera joan behar denean liberaturik dagoena joaten da eta horretarako nago ni, baina ez besterik. Prentsaurrekoan agertzen ez direlako, ez ikusi arren, zinegotzi eta alkate horiek hor ari dira lanean.

Ni laurogeita hamabian hasi nintzen eta orduan UEMA egoera berezian zegoen. Mugimendu hau laurogeitazortzian hasi zen, EHEk bultzatuta, eta une hartan blokeaturik gelditu zen estatuko abokatuak ordenantzen kontra eta estatutuen kontra hainbat eraso egin eta hainbat salaketa jarri ondoren UEMAren kontrako sententziak agertzen ari zirelako. UEMAren lana maila horretan blokeaturik zegoen, estatuak berak ipinitako oztopo juridikoetan blokeatuta.

Ni sartu nintzenean UEMA oso egoera larrian zegoen, gero eta udalerri gutxiago zituen; ni sartu nintzenean Bizkaia eta Gipuzkoako hamalau udalerri gelditzen ziren; ekonomikoki ez zegoen aurrera egiteko modurik bi liberatu mantenduz. Hasiera hartan nire lana blokeo horretatik ateratzea izan zen. Gure azterketa honakoa zen: Espainiako lege eremu honetan ez dago aurrera egiterik eta beraz ezin dugu gure indar guztia galduta dagoen borroka batean xahutu. Espainiako lege eremu honetan eta UEMAko estatutu haiekin ezin genuen legalak izan, ez behintzat Madrilera jota, ez Europara jota. Beraz, jo dezagun hemengo instituzioek hainbat mendetan erabili duten tresna erabiltzera, “pase forala deitzen den horretara.

Zelan? Hasieratik ilegaltzat jotako gure estatutuetako artikulu guztiak kendu eta beste guztiak laga genituen. Une hartatik legalak izan ginen eta gure praktika ber-bera zen. Borroka juridiko horretan denbora asko galdu zen eta beharrezkoena herria euskaraz futzionatzen ipintzea zen, orduan, lege kontuak alde batera lagata, gure indarrak udal hauek euskaraz funtziona zezaten erabili genituen.

Garbi ikusi genuen horrelako mugimendu bat martxan jartzeko alderdi abertzaleen adostasuna beharrezkoa zela eta EA, EAJ eta HBrekin harremanetan hasi ginen. Denei azaldu genien UEMA zer zen, zertarako eta abar. Estatuko abokatuaren oztopoez gain, barruan ere, abertzaleen artean, bagenuen mila arazo. Lehenengo bileretan EAJko zenbait ordezkarik UEMA ezker abertzaleak sortutako EUDELen erakunde paraleloa zela esan zuen. Denbora luzea eman genuen jendeari ikustarazten gauza batek eta besteak ez zutela zerikusirik. Batak udalak laguntzeko zerbitzua zela eta bestea euskararen normalizazioa aurrera ateratzeko erakundea. HBk hasieratik eta EAk Bizkaian geroago egin zuten UEMAren alde. Galtze prozesua gelditu eta udal berriak hasi ziren sartzen UEMAn: Zeanuri EAkoa, Leitza, Goizueta udal Nafarrak, Aramaio Arabakoa…

Inolako konplexurik gabe jokatu genuen. EAEn Euskararen Legea eztabaidatu eta onartu zenetik argi gelditu zen edozein hizkuntzak normalizatzeko lurralde bat behar zuela. Beraz, euskarak normalizatzeko lurralde eremu bat behar zuen, txikia izan arren. Lege hartan udalerri euskaldunak euskaraz biziko zirela onartu zen. Ondoren PSOEk helegitea sartu zuen, legea ontzat eman ondoren ordea. Eta estatuko abokatuak arrazoia emanda, noski, bertan behera gelditu zen. Guk ez genuen ezer asmatu, legearen izpiritu hori jaso eta mugimendua martxan jartzea besterik ez genuen egin.

Guk hori argi dugu eta soziolinguista guztiek diote hizkuntza orok derrigor lurralde bat behar duela, nagusi izango den lurgune bat behar duela. Euskararen normalkuntzan beste urrats bat zen eta gure esparrua udalerri euskaldunak ziren. Udalerri euskaldunak proiektu baten inguruan bilduz nabarmena zen euskara nagusi izango zen lurgune bat osatzeko aukera bazegoela.

BAT: Zein dira, beraz, proiektu honen oinarriak?

Bata lurraldetasunarena, hori oso argi dugu. Ez da ahaztu behar Espainiako konstituzioak berak lurraldetasunaren irizpidea hartzen duela bere lurraldean espainola dela hizkuntza ofiziala esateko. Zer esanik ez Frantziako konstituzioak. Hortik ere ikasi behar dugu. Horrela egiten ez bada euskarak ez du aurrera egingo. Euskarak Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izan behar du, eta beste biak hitzegiten den lurrladeetan euskararekin batera, hau da, frantsesera Iparraldean eta gaztelera Hegoaldean.

Horrezaz gain, gure udalerrietako administrazioaren zerbitzu guztiak euskaraz eta euskaldunekin ematea dugu helburu. Eta honetan ez da udala soilik sartzen, osasun zerbitzuak, bake epaitegiak, kutxak, gasolindegiak eta gainerakoak ere sartzen dira. Beraz, ez izaera publikoa duten zerbitzuak bakarrik, publikoarekin harremanak dituzten erakundeak ere bai. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar dugu eta zerbitzu horiek euskaldunekin hornituz erdararen beharrik gabe normaltasunez bizitzeko apustua egiten dugu. Hau da bigarrena.

Udalerri euskaldunek euskararen normalizazioari ekarpen handia egiten diote, garbi dago, euskararen normalkuntzan herri hauek oso garrantzitsuak dira, hemendik ateratzen direlako Euskal Herriak une honetan behar dituen kultur eragile garrantzitsuenak (bertsolariak, kantariak, antzerki taldeak...). Alor horren azterketa eginez gero, eragile horiek herri euskaldun eta txikietatik datozela ikusiko dugu. Euskal Herriak hori behar du eta beraz, lagundu egin behar da. Euskararen kalitatea, jatortasuna eta sinbolikotasuna hemen gordetzen da. Geroz eta gehiago aipatzen da euskararen kalitatea, hori udalerri euskaldunetan gordetzen da. Hori dela eta herri hauek indartu egin behar dira. Txikiak direnez ekonomi krisiaren eraginez nahikoa ahul daude. Euskararen normalizazioan horren garrantzitsuak baldin badira babestu egin behar dira eta garapen sozioekonomikoan lagundu. Hori da UEMAren hirugarren oinarria, udalerri euskaldunen garapen sozio-kulturala eta ekonomikoa bultzatzea.

Euskaldunak (elebidunak) Euskal Herrian 600.000 gara eta horietatik 200.000 inguru udalerri euskaldunetan bizi dira. Gure proiektua 200.000 horientzat izan nahi du.

BAT: Irlandako Gaeltacht-ak izan dituzue adibide?

Hangoa aztertu eta hankasartze handiak egin zirela ikusi genuen. Guk handik eta hemendik gauzak hartu eta gurera egokitu ditugu. Gure bidea jorratu dugu.

BAT: Zein dira hiru oinarri horiek jorratzeko gaur egun dituzuen eragozpen nagusiak?

Gure herrietan zerbitzu publiko guztiak euskaraz eta euskaldunekin ipintzeko ezintasun bakarra geure, euskaldunon presio eta kontzientzia falta da. Hegoaldeko udalerri euskaldunetan ez dago oztopo legal handirik hori egiteko. Besterik da legeak erraztasunik ez ematea, baina gure esku dago egitea. Gehiago egiten ez badugu ez da bakarrik Madrildik edo Paristik datozen trabengatik gure nahi eta presio faltagatik baizik. Gaur egun udalerri euskaldun bateko udala gauza da, nahi badu, beren zerbitzu guztiak euskaraz eta euskaldunekin ipintzeko. Ez da egun batetik bestera lortuko, baina, bai epe jakin batera gauzak ondo egiten badira. Zelan liteke, bestela, aukera legal berberak izanda abertzaleen esku dauden udal euskaldun batzuk euskaraz funtzionatzen egotea eta beste batzuk gazteleraz funtzionatzen jarraitzea?

Beste plano batean, esaterako, Osakidetzak, ez dauka zerbitzua euskalduntzeko inolako plangintzarik, ondorioz, euskaldunak baztertuak eta diskriminatuak dira osasun zerbitzuak jasotzerakoan. Egoera horri buelta emateko zeinek hartu behar ditu neurriak? Madrilek? Euskaldunok ez baditugu hartzen jai dugu, eta UEMAtik kanpo presio gutxi ikusi da. Eta hau legea alde izan arren. Horretan Nafarroa EAE baino aurrerago dago. Bake epaitegietan ere euskararen normalizazioa bermatuko duen lege aldaketa premia handia da. Mugitzea gure esku dago.

Lurraldetasunari begira, udalerri euskaldunak proiektu amankomun batean, euskararen berreskurapenean lanean jartzea nazio proiektua da. Gure herria erabat zatiturik dugu, Nafarroa alde batetik, Erkidego Autonomoa bestetik eta Ipar Euskal Herria bestetik. Zailtasun horiek hor daude, guk egunero nozitzen ditugu. Legeak desberdinak dira Nafarroan, EAEn eta Iparraldean. Gure asmoa legeak aldatzen ez diren bitartean lege horien gainetik proiektu hau martxan jartzea da, alegia, euskaldunei zerbitzua euskaraz ematea, eta hori gure herrietan kalitatezko zerbitzua bermatzea da. Bakarrik horrela lortuko da euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, eta gainera normalizazio prozesua aurreratzen joango gara.

Guk argi dugu, Nafarroa, EAE eta Iparralderako dugun egitasmoa berdina da. Beharrezkoa da euskara mailako lege bat izatea Euskal Herri osoan. Bai planifikazio batu bat, bai hori babesten duen lege bat. Baina, zelan lortzen da hori? Garrantzitsua da ulertzea zer nolako apustua egin den. Lege kaskar edo on bat izan arren gauzak egin egin behar dira. Ipar Euskal Herrian euskara normalizatzeko legerik ere ez dago. Baina, zeinek galerazten dio udal bati euskaldunei zerbitzua euskaraz ematea. Nork esango du udal batek euskaldunei zerbitzua euskaraz ere ematea erabaki ondoren, ilegala denik? Erasoak izango diren arren gure eskubidea izaten jarraituko du. Gure ustez, De facto jokatzeak ekarriko du legea gainditzea.

BAT: Zer esan nahi duzu horrekin, Ipar Euskal Herrian ez dagoela arazorik UEMA hedatzeko?

Legez oraingo UEMAk ezin izango luke hedatu, beste UEMA bat egin beharko litzatzeke, oraingoz hango udalek ezin baitute hegoaldeko beste batean sartu, ez alderantziz. Guk euskara lan hizkuntza euskara izatea proposatzen dugu eta gero beste zerbitzu guztiak ere euskaraz ematea. Garbi, Ipar Euskal Herrian ez dago inolako babes juridikorik honelako gauza bat egiteko. Baina, kontra ere ez. Gure ustez, Iparraldeko hautetsi abertzaleek euren erakundeetan, herriko etxeetan, euskaldunei zerbitzua euskaraz emateko obligazioa dute, eta gainerakoak aitzakiak dira. Hori egiteko ez dago oztoporik, Frantziako Konstituzioak ez du horri buruz ezer esaten, abertzaleek aldiz euskara hizkuntza nazionala dela diote. Baina, esatearekin ez da nahikoa, eta are gehiago, euskaldunei zerbitzua euskaraz ematea bertako herritarrei kalitatezko zerbitzua ematea da.

Beraz, Ipar Euskal Herrian ez dago legerik eragotziko duenik erakunde publiko zein pribatuan zerbitzua euskaraz ere ematea. Eta nik behintzat Ipar Euskal Herriko auzapez abertzaleei kritika hori egiten diet. Berandu baino lehen hasi beharra dago euskara sartzen Iparraldeko udal administrazioan, izan ere, euskarak sekulako prestigio hartuko luke bertako euskaldunen artean bizitza publikoan txertatuta ikusiko balute. Eta euskarak Iparraldean, une honetan zabaltzen hasteko eta aurrera egiteko, besteak beste, prestigioaren beharra du.

BAT: UEMAn sartzeko behar den euskaldun kopurua geroz eta malguagoa da, zeri zor zaio aldaketa hau?

Estatututetan % 80a ipini zen, alegia, euskaldun oso direnak % 80 izatea. Estatutuak aldatu arren muga hori mantentzen jarraitzen dugu. Muga malgua da, borondate politikoa dagoen herriak onartzen ditugu %80 horretara ez iritsi arren. Beste herri batzuetan, berriz, kopuru horretara iritsi arren borondaterik ez badago ezin da ezer egin. Bestalde, EAEn Jaurlaritzaren aldetik Udaletan erabilpen planak martxan jartzeko herri edo zonalde euskalduntzat jo dira euskaldunak %70etik gorako herriak. Irizpide hori ere kontuan hartu dugu

BAT: Herri bat UEMAn sartzen denean zertan hasten zarete lanean lehen lehenik?

Lehen urratsa udal funtzionamentuari argazki bat ateratzea da, udalak ekoizten duen guztiaren argazkia. Indexplá edo AEBEMETen metodologiaren bidez egin daitekeen lana da. Herri txikietan zinegotzi eta alkateek egoera zein den jakin arren, idatzita ipintzea komeni izaten da. Sail guztiak aztertu eta euskaraz nahiz erdaraz egiten den lana identifikatzen da, erdaraz egiten dena zergatik egiten den, langileagatik den edo inork eskatu ez diolako..., kasuistika oso zabala da.

Egoera zein den aztertu ondoren hiru-lau urtetarako proposamena egiten dugu, agintaldi osorako normalean. Proposamena politikoei egiten diegu eta langileekin negoziatzeko asmoz egina izaten da. Hori horrela egiten ez bada, eta helburua euskaraz funtzionatzea da, ondoren behar dena erdarara itzuliz, udalak ez du inolako legitimitaterik herriko denda bati publizitatea euskaraz egin edo errotuloak aldatzeko, edo osakidetzari sendagile euskaldunak exijitzeko. Horregatik, guretzat ezinbestekoa da udal horrek guk markatzen ditugun ildoak onartzea. Horiek onartuz gero ez dago arazorik. Ondoren, hiru urtetan behar dena bostean lortzea beste kontu bat da. Egoera nolakoa den ikusi behar da zenbaitetan egoera oso tristea baita. Hainbat urtetan aurrera egiteko aukerak izan arren utzikeriaz ez da ezer askorik egin, ezta herri euskaldun batzuetan ere. Hortik hasi behar da, eta ehuneko ehunean euskaraz funtzionatu, hori da helburua. Hori egiteaz batera euskararen kalitatea zaindu behar da. Udaletxetik doazen bando eta idatzietan euskarazkoaren ondoan ez da erdarazko itzulpenik egongo gure herrietan, horrek euskaraz idatzita dagoena ongi lantzea eskatzen du. Horregatik, Bizkaian, esaterako, ez dugu inolako konplexurik bizkaieraz funtzionatzeko. Bermeon, adibidez, bertako azpi euskalkian idatzitako testuak ere baliagarriak dira. Leku askotan hau izaten da herritarrek euskara idatziarekin izaten duten lehen harremana.

BAT: Horrela esanda, badirudi UEMA arlo instituzionalera mugatzen dela. Zer egin duze arlo sozialean, instituzionalean, kulturalean...?

Ez dugu gauza handirik egin. Gure lehentasuna administrazio mailan eragitea da. Lehenik gure burua euskaldundu eta gure zerbitzua euskaraz kalitatezko zerbitzua ematea izan da. Ondoren, gainerako zerbitzu publikoekin berdin egin nahi izan dugu. Lan handia dago oraindik, bake epaitegi, osasun zerbitzuak eta abar. Lehentasun kontua da, baliabideak izatea. Administrazio publikoa izanda, gure betebeharra da zerbitzu horiek euskaraz ematea eta hor lan handia dugu. Horrezaz gain, herri handietan kanpainak egin dira, merkataritzakoak –paisaia linguistikoa aldatzeko-, eta hortik aurrera gauza handirik ez. Ekonomia munduan, adibidez, Usurbilen orain hasi dira. UEMA mailan, ordea, giza baliabiderik ere ez dugu horretan sartzeko.

BAT: Kultur elejira martxan jarri zenuten. Zein da horren helburua?

Gure herrietan dagoen kultur bizitasuna eta sormena indartzea eta horrekin batera kultur ekitaldiak eskualde buruetatik atera eta inguruko herri euskaldunetara ere eramatea. Gure herrietan dauden artista eta kultur sortzaile guztiak zerrendatu, eurekin egon, gehienak, gainera, amateurrak dira eta aukera gutxi izaten dute batetik bestera ibiltzeko. Elejirak mugitzeko aukera ematen die eta horrekin gure herrietan ekitaldi gehiago izatea ere lortzen dugu. Herri hauek bizirik mantentzeko beste urrats bat gehiago da.

Egitasmo horrekin batera Administrazioak herri hauek euskararen normalizazioan duten garrantzia argi ikusten badute kultur mailakoez gain beste era bateko ekimenak ere etorri beharko dute, etxebizitza-politika mailakoak, esaterako. Gure herrietan etxe subentzionatuak egiten badira, naturarekin bat etor daitezen bi solairutakoak edo baserri itxurakoak egin behar dira eta horiek askoz garestiagoak dira. Horrek arazoak eragiten ditu, aldameneko herrian merkeagoak izateaz gain zerbitzu guztiak eskura dituzte. Gure herrietan, berriz, geroz eta zerbitzu gutxiago eta gainera herrikoek ezin etxerik erosi bertan. Horren ondorioz, bertako herritarrek erosi beharrean kanpokoek erosten dituzte. Honek kultur elejirarekin zerikusi handirik ez duen arren dena loturik dago. Hor dago gure eskaera.

BAT: Azken urte hauetan euskara eta euskal kulturaren etorkizuna hirian dagoela esanez gabiltza, “Euskal Hiriaren beharra ere aldarrikatzen du zenbaitek. Hori kontuan izanik, eta UEMAri herri txiki eta garrantzia ekonomiko handirik gabeko herriak biltzea leporatu izan zaionez, ez al duzu uste normalkuntzak behar duen norabidearen kontra joatea denik?

Euskal kultura bilduko duen hiri baten beharra dago eta hau ez da UEMAren iritzia, nirea baizik. Argi dago Donostiak ezin duela hori izan, ezta Bilbok ere. Euskaldunok badugu hiri baten premia. Azpeitia, Oiartzun,… izan liteke, zergatik ez? Horrelako herri batean euskaraz funtzionatzen duen unibertsitatea koka daiteke, bertara eraman. Euskaraz biziko den herri bat bultzatu behar genuke, Jaurlaritzak edo Foru Aldundiak euskaraz funtzionatzen dituen sailak ere bertan jar ditzake, eta horrela, Bilbo, Donostia edo Iruñean sakabanatuta egiten den hainbat ekitaldi hor bilduko ziren. Lanpostuak euskaldunekin betetzea lotuko genuke, lan munduan eragin izugarria izango luke. Bertan euskaldunok sortzen dugun guztia ezagutzeko aukera izango genuke. Hori horrela izanda, ezin da pentsatu Bilbon halako apustu bat egiterik, hor diru mordoa galduko litzateke eta gainera euskaldunok ez genuke inongo erreferentziarik izango. Gaur egun argi dago, aski duzu aztertzea nongoak diren Goenkalen lan egiten duten aktore gehienak: udalerri euskaldunetakoak! Argi dago hiri bat behar dugula, baina hiri euskaldun bat izan behar duela. Egun, Euskarak ez du indarrik hiririk handienetan euskal kultur indartsua sortzeko.

BAT: Udalerri euskaldun guztiak sentsibilitate abertzaleko taldeen esku daude. Zein da UEMAk behar duen jarrera alderdi eta hautetsien aldetik? Nolako soslaia duen jendea behar du UEMAk?

Euskaldun eta alfabetatuak behar ditu batez ere. Udaletan euskara idatzia asko erabiltzen da eta derrigor alfabetatuak behar dute izan. Hori oraindik ez da gertatzen. Etorriko da, geroz eta euskaldun alfabetatu gehiago dago, eta hori etorriko da. Hauteskundeen aurretik alderdi abertzaleei eskatzen diegun gauza da, euskaldun alfabetatuak ipintzeko alegia. Bestela, horrenbeste urtez funtzionamendua eta langileak euskalduntzen aritu ondoren, politikoa, abertzalea izan arren, euskararen normalizaziorako oztopo bihurtzen da ez baita gauza arkitektoak edo zerbitzu juridikoak euskaraz egindako txosten bat ulertzeko. Langileei hainbat exijentzia egin zaie eta politikoekin oraindiokan ez da halakorik egin. Horrekin batera, “txip aldaketa ere beharrezkoa da. Udaletxe euskaldun askotan euskarak bigarren edo hirugarren mailako gauza izaten jarraitzen du, dena eginda dagoela uste delako hain zuzen. Alegia, euskara normalizaturik dagoela, jendea euskaraz bizi dela, eta ez duela inolako premiarik. Beraz, ikuspegi honetan askoz garrantzitsuagoa da halako lan egitea edo beste maila bateko ekimenak burutzea, “euskararena eginda baitago. Gaia ez da premiazkotzat jotzen. “Txip aldaketa behar da. Euskarak udaletan ez du “beste sail bat izan behar, alkatearen menpeko saila izan behar du. Alfabetatzeko bidean jartzea komeni da, AEKrekin helburu hori duen kanpaina bat egin berria dugu.

BAT: Udal hauteskundeen ondoren sortu den mapa politikoak zer ekarri dio UEMAri?

Mapa politiko berriak baino egoera politiko berriak, alegia, abertzaleen arteko harremanak asko hobetu izanak, lagundu du. Gu azken urteotan maila horretan adostasuna lortzen saiatu gara eta hiru alderdi politikoen arteko harremanak lantzen aritu gara. Kasu askotan, ordea, egoera politikoak berak ez digu utzi gauza asko aurrera eramaten. Gu administrazioa gara eta hor alderdi politikoak daude, maila horretan harreman pertsonalak eta politikoak txarrak baldin badira ezin dira helburuak bete, hemen adostasuna behar da. Hori ezin du UEMAk konpondu, hori gizarteak, alderdiek eta beste maila apalagoan UEMAk egin behar dute. Egoera politiko horrek hiru alderdiak mahai baten bueltan ados jartzeko aukera ematen du eta hori orain hiru urte ezinezkoa zen, ezta euskararekin ere, nahiz eta euskara denona dela esan.

Egoera politikoak hori aldatu egin du eta errazagoa da hitz egitea. Hitz egitea bakarrik, ordea. Hortik ditugun aukerez baliatzera jo behar dugu. Herriak UEMAn oso mantso sartzen ari dira. Honekin esan nahi dudana da alderdi abertzaleek, denak edo ia denak, UEMAren jarduera nahikoa argi izan arren, ezin dela esan “hemen denok UEMAn sartu behar duzue. Azkenean herriz-herri ikusi eta ulertu behar dute zer den UEMA eta hor erabakiko da. Alderdi batek gauzak erraztu edo zaildu egin ditzake, baina sartzeko orduan oraindik zailtasunak daude hemen konpromezua benetakoa delako, UEMA ez da euskararen aldeko aldarrikapen bat, konpromezuak hartu eta bete egin behar dira eta oraindik bada beldur denik... Guk tantaka-tantaka UEMAra udalak biltzeko lanetan jarraitzen dugu.

BAT: Noiz izango dugu herri handi gehiago UEMAn?

Berehala, udalerri euskaldun handienen artean Bermeo, Oiartzun eta Usurbil dira. Horiek UEMAn daude, Lekeitio sartu berria da eta orain handienetako beste bat sartuko da: Ondarroa. Bizkaian euskararen normalkuntza lanetan astintzeko beharra dugu. Hortik aurrera ez dakit zein beste udalerri euskaldun gelditzen den biztanle kopuru handi batekin.

Azpeitia, Azkoitia, Zarautz...

Aurreko batean Zarautzen izan nintzen, hor, nire ustez, denetarik dago. UEMAren izaeraz hasieran aipatu ditudan susmoak bizirik daude oraindio, EUDEL-i kontra egiteko ezker abertzalearen mugimendu paraleloa dela..., hori guztia oraindio itzali gabe dago. Aitzakiak dira neurri handi batean.

Erakunde honetan, une honetan bertan eta joan den legealdian, zuzendaritzan EAJ, EA eta EHko kideak egon arren, gehien gehienak EHk alkatetza duen herrietako ordezkariak dira. Osakera politiko hori duen erakunde publiko bakarra izango da, egoera politikoak elkarlana laguntzen badu aurrera egingo dugu, bestela ezker abertzalekoak ez diren askok erakunde interesgarria dela uste izan arren gutxiengoan egoten ohitu beharko dute.

BAT: Sartzear edo sartzeko aukera izan dezaketen herriekin prestaketa lan berezirik egiten al da?

Bai, bi eratara izaten da. Batzutan guk beraiengana jotzen dugu eta euskara zinegotziari edo dagokionari bilera bat eskatzen diogu eta gure eskaintza egitera joaten gara: UEMA zer den, zertarako... gure egitasmoa aurkezten dugu. Azken hilabeteotan, berriz, eta hauteskunde ondorenean horrela gertatzen da, udaletatik deitzen gaituzte. Lehen bilera euskara batzordearekin izaten da, ondoren guk alderdi politiko guztiekin biltzea eskatzen dugu, idazkariarekin ere bai. Hori egindakoan herri mugimenduarekin bilera eskatzen dugu, batzutan udalak hitzaldi batera gonbidatzen ditu bertako euskaltzaleak, irakaskuntzan ari direnak...

Sartzeko erabakia hartzen denean, gaur horretara joan naiz Ondarrura, zenbait ekimen egiten da. Ondarrun UEMAren inguruko kultur aste bat antolatuko dugu. Denetarik izango da, helburua, ordea, honen berri ahalik eta zabalen ematea da, azken egunean, berriz, domekan edo, udal batzar berezi batean udalak UEMAn sartzeko erabakia hartuko du.

Garrantzitsua da herritarrei UEMAren berri ematea, erabakia hartu ondoren herritarrek euskara exigitzeko betebeharra dutelako, euskaltzaleek bederen. Anbulatorioan medikua erdalduna baldin bada egoera hori salatzeko betebeharra dute. Eta udalak salaketa horri erantzun bat eman behar dio eta gauza bera bake epaitegian, kutxan... Eta horrek udala dinamika berezi batean jartzen du, erantzutera behartzen du. Ezinbestekoa da herritarren eta udalaren arteko sintonia egotea.

BAT: Une honetan zein dira esku artean dituzuen proiektu nagusiak?

Batetik, herriz-herri gurea azaltzen joatea, batez ere agintaldi hasierako lehen urtean, lan horretan gainezka gabiltza. Bestetik, herri guztietan erabilpen planak indarrean jarri eta betetzea, Nafarroan zein EAEn, plagintza bera dugu. Iparraldean beste saiakera bat egiten ari gara. Zinegotzi guztiei egoera zein den azaldu diegu eta ekaina-uztaila bitartean herri bakoitzari dagozkion proposamenak egiten arituko gara. Esaterako, “aholkularitza juridikoa ematen dizun entrepresarekin arazo hau dago eta hori euskaldundu behar duzue, zelan egin, beste bat proposatu…, oinarrizko gauzak dira, egiteko modukoak. Udalak du lehentasuna beti ere.

Agintaldi honetan udaletxetik kanpo dugun erronkarik handiena, berriz, Osakidetza dugu. Lotsagarria da hor gertatzen dena, ezin dugu onartu herri euskal batean sendagilea eta erizaina erdaldunak izatea eta Osakidetza da EAEn euskalduntze plangintzarik ez duen erakunde publiko bakarra. Nafarroako Osasunbidean, esaterako, badago plangintza modukoa zonalde euskaldun deitzen den horretan eta badago dekretu bat, eta beraz, badago aukerarik, Leitzan esaterako, sendagile erdalduna bidaliz gero protesta egiteko. Bestalde, Nafarroan halako herri euskaldunetan hiru langiletik bik euskaldunak izan behar dutela ezarrita dago. Ez da nahikoa, ez, baina hor badago eskatzerik bederen. Adibidez, Nafarroan UEMAko lau herri daude eta lauetan, Leitzako sendagile baten arazoa kenduta, denak dira euskaldunak. Arazoak ordezkapen eta asteburuetan aritzen diren langileekin soilik izaten dira eta arazorik dagoenean Iruñera joan eta konponbidea eska dezakegu, EAEn, berriz, ez. Hemen lortzen dena presio bidez lortzen da eta adabaki bat jartzea izaten da, aldaketa gertatzean datorrena atzera berriro erdalduna izaten baita. Osakidetzan, praktikan, Francoren garaitik hona gauzak ez dira asko aldatu euskararen erabilerari dagokionez. Adibide bat ematearren, azken lau-bost urte hauetan Aulestin seirehun biztanletik dozena erdia da euskararik ez dakiena, sendagilea eta erizaina, berriz, erdaldunak izan dira. Azkenean euskara ikasteko liberatzea lortu dugu, bai eta ordezkoak euskaldunak izatea ere, baina hori sekulako presioa eginez lortu da, eta Osakidetzak dituen normak gainetik pasatuz.

Bake epaitegiak euskalduntzeko Jaurlaritzaren Justizia sailarekin, gasolindegiekin errotulazioa euskaldundu dezaten, Gipuzkoako Kutxa eta Euskadiko Kutxarekin hitzarmenak sinatzen... Horrezaz gain, Ascongui, Adegui barnean dauden eraikuntza entrepresen taldearekin “salida de camiones eta obretako errotulazioa euskalduntzeko lanetan ari gara. Horrekin liburuxka bat argitaratu eta errotulazio entrepresekin harremanetan ari gara. Lehentasuna Osakidetza izan arren gainerako esparruetan ere eragiteko lanean jarraitzen dugu.

BAT: UEMA sorreratik ezagutzen duzunez zein balorazio egiten duzu izan duen bilakaeraz?

Izan duen bilakaera eta gertatu den aldaketarekin, aipatzekoa da lortu den hizkuntza aldaketa. Mendeak joan mendeak etorri, gazteleraz funtzionatzen aritu den administrazio bat hamarkada eskas batean gazteleratik euskarara pasa da eta hori izugarria da. Nik ez nuen halakorik lortzea espero. Hasierako urteetan inprimaki eta espedientetan lortutako kalitatea ere asko hobetu da. Borondate politikoa dagoenean, oso epe laburrean 180ºko aldaketa lortzeko gaitasuna dagoela demostratu dugu, euskaratik erdarara pasa gara eta kalitatezko zerbitzua emanez gainera. Horrek, beharbada, euskararen normalizazioan ez du behar zuen oihartzun izan, herri hauetan, ordea, euskarari prestigio handia eman dio udala euskaraz funtzionatzen ikustea. Eta gero hori euskararen erabileran igerri da.

Garrantzitsuena hori izan bada ere, zerbitzu publikoei euskaraz funtziona dezaten eskatzea ohiko gauza bihurtu da, herritarrek ere eskatzen dute. UEMAk 1991an estatutuak onartu zituenetik bederatzi urte pasa dira eta aurrerapausoak handiak izan dira. Euskaldun guztion lorpena izan da. Herritarren laguntzarekin aldaketa horiek beste esparruetara ere hedatu nahi genituzke.

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Imanol Esnaola
Urtea: 
2000