Udalerri euskaldunak eta zuzenbidea

Ikuspegi Juridikotik abiaturik, Udalerri Euskaldunen aportaziorik garbienetarikoa euskara lan-hizkuntza bezala positibatu (arautu) izana dugu. Udalerri euskaldunek gauzatutakoa, deklarapen juridiko huts batean agortzen denik ez dago esaterik, perspektiba berriz eta karga juridikoz osatutako ekimen instituzional baten abiapuntutzat jo daiteke ordea.

hizkuntz zuzenbidearen eta, baita hizkuntz politikaren oinarrizko kontzeptuetan sakontzeko eta horiek razionalizatzeko aztergune aproposa dela UEMA.

Hizkuntz normalkuntzak, berez, dinamikoa behar du izan, aurrerapausu baten gainean, hori baino sakonagoa den beste bati bide emanez, eta hori nekez lor daiteke honako bi baldintza hauek elkarbilduz: arauaren aldakuntza zaila, eta horiek malgutasuna barneratzea. Hots, aldatzen zaila den Legeak malgutasuna erroturik izanik, aurrerapusu normaltzaileentzat ostopo gaindiezina bihurtzeko arriskua du.

Euskal Autonomi Erkidegoak, eta partzialki Nafarrak ere, hautatu duten sistema, hizkuntz politikako aukera bat baino ez da; ez baita har zitekeen bakarra, ezta egungo oinarri juridiko nagusien barne tokia duen bakarra ere. Dudarik gabe, hauta zitezkeen aukeren artean hauxe da konfliktibotasunik txikiena eskaintzen duena, baina, horrek ez du esaterik nahi egokiena denik, normalkuntza prozesuaren abiapuntutik behintzat.

Euskararen Legeak hautatu duen bidea, ez da, beraz, bide bakarra. Baina bide bakarra ez izateaz gainera, ezarritakoak, beste batzuei ateak errotik itxi dizkie. Hizkuntz normalkuntzari begira udal-administrazioek hauta dezaketen hizkuntz politika progresiboagoentzat, Euskararen Legea ostopo bihurtu dela esan genezake.

Epaiak UEMA legezkontrakotzat jotzen badu ere, formalki ilegalizatzen ez duela aurreratu dugu, eta hala dela esaterik badagoela uste dut.

Argi dago Auzitegi Gorenak, UEMAko Estatutuak legezkontrakotzat jotzeaz gainera, UEMA, bera, legearen araberakoa ez dela deklaratzen duela. Baina hori gauza argia izanik, Epaiaren azken atalean, Auzitegiaren Erabakia jasotzen duen atalean hain zuzen ere, Abaltzizketako Udal akordioaren legezkontrakotasuna deklaratzera mugatzen da

Auzitegiak dio Autonomi Erkidegoari dagokiola euskararen sustapenaren gaineko eskuduntza, ez Estatuko Administrazioari; beraz, udal-akordioa inork errekurritzekotan, Euskal Autonomi Erkidegoa izan beharko litzateke, eta ez Estatuko Administrazioa.

Udal administrazioek badute beren Administrazioetako barne erabilpeneko hizkuntza arautzerik.

Mankomunitateko hizkuntza ofiziala euskara dela ezartzea, edota udalerriko biztanleek eskubidea dutela euskaraz bakarrik jasotzeko Udalaren argitalpenak eta iragarkiak, ez dira, berez, legezkontrakoak esaten dutenagatik

Udalerri Euskaldunen ibilbidea zailtasunez beteriko ibilbidea izan da. Ez da izan, ordea, bide antzua, egungo hizkuntz legediari eman dakiokeen irakurketa progresibo baten abiapuntua baizik, eta bereziki, etorkizunean plantea daitezken bideen erakusgarria.

 

Udalerri Euskaldunen mugimenduaren ibilbideak badu aurpegi juridikorik. Bere hastapenatik hasi eta gaur egunera arte Udalerri euskaldunek mundu juridikoari erabat atxikiturik bizi izan dira. Harreman hori ez da Udalerri euskaldunen barne-izaeratze, eta bere gorpuzte juridikoan agortzen, izan ere borondatezko islada juridiko horiez gain, Udalerri Euskaldunek prozedura judizialetan barrena murgildu beharra izan baitzuten, halabeharrez murgildu ere, Estatuko abokatuaren ekimez. Harreman juridiko-prozesal horren azken emaitza, berriki ezagutu duguna izan da, Udalerri Euskaldunak biltzen dituen Mankomunitatea- (UEMA-) ren osaketa, bera, araubidearekin bat ez datorrela ezarri duena, alegia. Datu berri horrek, idatzirik neukan aportazio hau berformulatzera behartu nau, eta azken addenda propio bat zabaltzera behartu. Edozelan, irakurlea idazlan hau irakurri ahala konturatuko da, Udalerri Euskaldunen ibilbideak erakusten digun ezaugarrietatik bat hauxe dela: bere hastapanetatik hasi eta gaur egunera arte, plano juridikoa eta plano teoriko-praktikoa ez direla (ezin izan direla) eskutik helduta joan UEMAren bizitzan. Beste hitz batzutara ekarriz, euskaraz bizitzeko udal ahaleginek eta hori gauzagai bihurtzeari zuzendutako antolaketek ez dutela aurkitu babes juridiko nahikorik indarrean dugun araubidean; bereziki, Auzitegiek asko murriztu dutelako euskaraz bizitzeko udal ahaleginen gauzatze-esparrua.

Ikuspegi Juridikotik abiaturik, Udalerri Euskaldunen aportaziorik garbienetarikoa euskara lan-hizkuntza bezala positibatu (arautu) izana dugu. Udalerri euskaldunek gauzatutakoa, deklarapen juridiko huts batean agortzen denik ez dago esaterik, perspektiba berriz eta karga juridikoz osatutako ekimen instituzional baten abiapuntutzat jo daiteke ordea. Hizkuntz-normalkuntza ulertzeko bide berria zekarren, izan ere ekimen berri hark “Udalerrian euskara, erabilera normaleko hizkuntza bihurtzea helburutzat hartu baitzuen. Bi hitzetan, “hizkuntz normalkuntza terminoari karga juridiko berria eman zitzaion, elebitasun instituzional simetrikoa gainditze-bidean jartzen zuena, hain zuzen ere; eta, bereziki, “hizkuntza propioa kontzeptuaren lehenbiziko garapen juridikoa gauzatu zen Euskal Herrian, Udalerri Euskaldunen eskutik (kontzeptuaren hedapen juridikoaz MIRAMBELL i ABANICÓ).

Gaia bere neurrian koka dezagun esan behar da, Udalerri Euskaldunen hezurmamitze prozesua, luzea izan zela. Bizkarrezur juridikoa hiru ardatzez osatu zen:

  • lehenbizikoa, euskara hutsezko udal funtzionamenduaren aldeko mozioaren onarpena (EHE taldearen ekimenez onartua);
  • bigarrena, euskararen erabilera arautzeko udal Ordenantzaren onarpena;
  • eta hirugarrena, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen sorrera, eta Estatutuen onarpena.

Hiru udal erabaki horiek gorpuztu zuten Udalerri Euskaldunen mugimentua, eta gaur egungo UEMAren aurrekin juridikoak ditugu. Erabaki horiek sortu zituzten eragin juridikoez eta, bakoitzaren ibilbide judizialaz laister jardungo dugu.

UEMAren ibilbide juridiko gatazkatsuari gainbegirada bat emanez, ene ustez bada baieztatzerik, perspektiba berriak zabaldu dituela euskararen normalkuntza prozesuan. Eta hori horrela dela uste dut, ez bakarrik egungo hizkuntz legediari irakurketa progresiboagoa eman dakiokela agertu duelako, adibide errealen bitartez, baizik eta, bereziki, hizkuntz araubidearen mugak zein diren identifikatzeko parada eskaini digulako. Laister ikusiko dugunez, UEMAren gatazka juridikoari eman dakioken irakurketa ez da mugatu edo identifikatu behar bere biziraupenaren aldeko gatazka bezala, baizik eta hori baino sakonagoa den, hizkuntz marko juridikoaren aukera berriak (hizkuntz politika berriak babesteari zuzenduak) eta baita gabeziak ere identifikatzeko baliogarria izan den gatazka bezala. Aspektu horietan sakontzeko proposatzen dizuedan metodologia, honako bi kontraste hauek jorratzearen bidetik dator: batetik, UEMA eta Konstituzio espainiarraren 3. artikuluaren kontrastea; eta, bestetik, UEMA eta elebitasun instituzionalaren arteko kontrastea. Biak balogarriak izango zaizkigu indarrean dagoen hizkuntz legediaren zurruntasun/malgutasunean sakontzeko.

Bestalde, aldez-aurreko ohar gisa esan nahi nuke ere, UEMAren ibilbideak agertzen digun beste aspektu ohargarri bat honakoa dela: hizkuntz zuzenbidearen eta, baita hizkuntz politikaren oinarrizko kontzeptuetan sakontzeko eta horiek razionalizatzeko aztergune aproposa dela UEMA. Lurraldetasuna onartzen ez duen sistema juridiko batean, hizkuntza propioaren erabilera bakarra helburutzat hartu zuen ekimen honek sailtasunez urratutako bidea aurrean zuela bazegoen asmatzerik; baina, ibilbidea ibiliz, UEMAren praktikak erakusten diguna da, ez bakarrik hizkuntza gutxituaren biziraupen eta garapenerari begira, asmatutako bidea apropostzat jo daitekeela (LAPONCE, DANSEREAU), baizik eta (ko)ofizialtasunaren printzipioa eta hizkuntza propioaren printzipioa, plano desberdinetan jokatzen dutela. Azken hori aspektu interesgarria dela dakusat. UEMA osatzen duten Udalerrietan, beren osaketa soziolinguistikoak direla bide, plano bi horiek ez dira bata bestearen aurka jarri; baina, jarriko balirateke?. Ikuspegi praktikotik (edo, nahi bada, politikotik) balizko arazo horiei eman lekizkiekeen irtenbideak, anitzak izan arren, ikuspegi juridikotik teorizazio interesgarriak egiteko bete eskaintzen dituztela ez dago zalantzan jartzerik. Adibidez, euskaldun batek ba ahal du defentsagabezirik alegatzerik euskaraz jakinarazitako administrazio-erabaki baten aurrean, eta gaztelerazko itzulepena eskatzerik?; edo, udal biztanleek hizkuntza propio eta koofiziala ezagutzen dutenean, hizkuntza horretan buruturiko jarduera administratiboen aurrean ezjakintasuna alegatzerik izango lukete?. Hauek, eta beste hainbat, dira UEMAren ibildeak mahaigaineratzen dituen gako juridikoak, balizko hizkuntz marko berri batek gune euskaldunei begira aurrean izan beharko lituzkeenak.

Sarrerarekin bukatzeko esan nahi da lan hau ikuspegi juridikotik abiatzen den saiakera izanik, ez duela jaso nahi lan juridiko bati eskatzen zaion zurruntasuna.

1. LEHENBIZIKO KONTRASTEA: UDALERRI EUSKALDUNAK ETA KONSTITUZIO ESPAINIARRAREN 3. ART.A.

Malgutasuna da Euskararen Legearen ezaugarriak aipatzerakoan azpimarra daitezkeen ezaugarrietatik bat. Hizkuntz normalkuntza, prozesu dinamikoa izanik, hari indar juridikoa eskaintzen dion Arauak, puntu bateraino behintzat, malgutasuna barneratzea gauza logikotzat jo daiteke. Baina, malgutasuna ezin bihur daiteke behin-betikoa, aldatzen berez zurruna den arau juridiko batean jaso izanagatik; bestelakoan, malgutasunak, berak, hizkuntz normalkuntzari ostopo bihurtuko zaio. Eta hori da, hain zuzen ere, Euskararen Legearen adibidea. Araugintza-politika egoki batetik abaituz, hizkuntz legeak helburuak eta bete-behar linguistikoak ezartzera mugatu beharko lirateke, Erreglamenduen esku utziz unean-uneko garapena, eta Legeak aurrikusitako bete-beharren gauzapena. Hizkuntz normalkuntzak, berez, dinamikoa behar du izan, aurrerapausu baten gainean, hori baino sakonagoa den beste bati bide emanez, eta hori nekez lor daiteke honako bi baldintza hauek elkarbilduz: arauaren aldakuntza zaila, eta horiek malgutasuna barneratzea. Hots, aldatzen zaila den Legeak malgutasuna erroturik izanik, aurrerapusu normaltzaileentzat ostopo gaindiezina bihurtzeko arriskua du.

Malgutasunaz hasi gara helburu jakin batekin. Alegia, Eskararen Legea udal hizkuntz funtzionamenduari dagokionez, bi norabideetan agertu zuen malgutasuna. Norabide bati begira, Euskararen Legeko Aldi-Baterako bigarren Xedapenaren bertutez, Gobernuari ahalmena eman zitzaion udal botere publikoek Legean agertutako hizkuntz bete-beharrak bete ez zezaten baimentzeko. Hurrengo epigrafean ikusiko dugunez, Euskararen Legeak barneratu duen elebitasun instituzionalaren paradigma, bi hizkuntza ofizialen aldibereko erabilera da. Hori horrela izanik, malgutasunaren lehenbiziko islada horrek, gaztelera utsezko udal jarduerak ahalbideratuko lituzke.

Bigarren islada da guri gehien interesatzen zaiguna, berau aurrekoaren negatiboa delarik. Euskararen Legeko 8.3 artikuluak honakoa ezarri zuen: “Udalaren egoera soziolinguistikoa kontutan izanik, herritarren eskubideak kaltetzen ez diren bitartean, Udal agintariek euskara bakarrik erabili ahal izango dute[1]. Artikulu horren hitzez-hitzeko interpretazioari bagagozkio argi dago, inolako karga koerzitibo ezta inperatiborik ez zekarrela. Artikulua ahalmen bat aipatzera mugatu zen. Gainera, aurrikusgarriak ziren interpretazio okerrak errotik desagertarazteko, artikuluak gogorarazi zuen euskara hutsezko udal funtzionamenduak ezin zuela inoren hizkuntz eskubiderik kaltetu; hots, udal funtzionamentu elebakarrari bide espresua eskaintzen zion artikuluak, berak, funtzionamendu elebakarrari muga nagusia ezarri zion: hiritarraren hizkuntz aukeraketa (doktrina juridikoa ez dator bat muga hori sistema Konstituzionalaren ondorio zuzena ote den -iritzi honetakoa da AGIRREAZKUENAGA-, edo, aldiz, muga hori hizkuntz politika jakinek ezar dezaketen muga ote den -MILIAN i MASSANA-).

Guzti hori ez zen nahikoa izan Auzitegi Konstituzionalaren aburuz, eta Euskararen Legeko 8.3 artikulua konstituziozkontrakotzat jo zuen. Eta, beraz, euskara hutsezko udal jarduera konstituziozkontrakotzat jo. Auzitegi Konstituzionalak erabili zuen argumentazioa, 8.3 artikulu hori Konstituzio espainiarreko 3.1 artikuluarekin bateragarria ez dela izan zen. Auzitegiak adierazitakoari jarraiki, Konstituzio espainiarrak gazteleraren ezagutza derrigortzera mugatu da, gainerako hizkuntza koofizialak ezagutzeko bete-beharrik ezarri gabe. Hori horrela ulerturik, udal funtzionamendu elebakarra konstituziozkontrakotzat jo zen [2], eta Udalerri Euskaldunak, bidebatez, babesik gabe geratu ziren.

Hainbat dira Auzitegi Konstituzionalaren erabaki horrek jaso dituen kritikak, eta ez da gutxiagorako (COBREROS, AGIRREAZKUENAGA). Auzitegi Konstituzionalak kasu horretan agertutako irizpideari jarraiki, ez litzateke baimengarria gazteleraz aparteko hizkuntza koofizialetan burututako administrazio-jarduerarik; beraz, euskarazko administrazio-jarduerek eragin juridikoak izan ditzaten, gaztelerazkoekin batera burutu beharko lirateke. Auzitegiaren aburuz gazteleraren zokoratze oro, konstituziozkontrakotzat jo behar da, izan ere horrek, era objektiboan, hizkuntz eskubideak kaltetzen baititu. Baina, gauzak horrela planteaturik galde gintezke noren hizkuntz eskubideak kaltetzen diren. Auzitegiarentzat, esan bezala, gaztelera erabili ezean hizkuntz eskubideetan kalte objektiboa dator. Ikuspegi juridikotik ez dago argumentazio hori onartzerik. Eta hala dela diogu, izan ere hizkuntz eskubideak, egungo sistema juridikoan (pertsonaltasun printzipioan oinarritzen den sisteman), hiritarrei dagozkie. Hori horrela izanik, norbaitek alegatu beharko du bere hizkuntz eskubideak urratuak izan direla, eta hori gerta ezean, euskarazko jarduerak erabat baliozkotzat jo beharko lirateke.

Auzitegiaren planteamentua, Auzitegiak berak sendotutako irizpideekin ez dator bat, izan ere Auzitegiaren doktrina irmoa dugu honakoari jarraitzen diona: hizkuntza ofizial bakar batean buruturiko jarduerak, baliozkoak dira, eta eragin juridikoak sortarazten dituzte [3]. Hizkuntza koofizialak ez dira ezertan elkarrekin erabili beharrik, batean zein bestean buruturiko jarduerak baliozkoak baitira printzipioz. Eta horrek, araubidean, islada espresua jaso du[4]; baita Auzitegi Konstituzionalaren ondorengo Epaietan ere[5]. Ikuspegi teorikotik abaituz, euskara hutsezko udal jarduerak araubidearen araberakotzat jo daitezke; baina horrek ez du esaterik nahi euskarazko funtzionamendua mugarik gabekoa denik. Euskarazko funtzionamendu elebakarrak, egungo sistema juridikoan, dituen muga teorikoak zein diren ez da gauza adostua: batzuren ustez euskararen ezjakintasuna da, besteren ustez hizkuntza hautatzeko eskubidea.

Esan bezala, Euskararen Legeko 8.3 artikulua aztertzerakoan Auzitegiak erabili zuen irizpide zurruna gainditze bidean dagoela argumentatzerik bada. Edozelan, Udalerri Euskaldunen errealitate txikietan, Auzitegi Konstituzionalaren irizpidea gaindiezina bihurtu da, irizpide hori erabilia izan baita Udal akordio eta Ordenantzak legezkontrakotzat jotzeko era sistematikoan[6]. Gorago aurreratu dugun bezala, planteamentu teorikoek bide batetatik abia daitezken arren, Udalerri Euskaldunak ukitu dituzten planteamentu judizialek beste bide batetik abiatu dira. Bien bitartean, Udalerri Euskaldunak, beren normalkuntza prozesuen bila aritu dira.

Esandako guztiaren ondorio gisa, argi dago, egungo indefinizio juridikoa gainditzeko bideak jarri beharko liratekeela. Udalerri Euskaldunen ekinbideari babesgarri gerta dakizkiokeen arau berriak onartu ezean, gauza askorik aurreratzerik ez da izango, eta “printzipiozko legaltasun/ilegaltasun deklaratua-ren arteko oreka ezegonkorra perpetuatzeko aukerak sendotuko. Hari horri jarraiki, uste dut erregulazio juridiko berriak, “hizkuntza propioaren kontzeptua ardatz gisa hartu beharko lukeela, eta kategoria horrek eskain ditzakeen aukerak exploratu, Katalunian, Hizkuntz Politikari buruzko Lege berria abiatu den norabide beretik abiatuz, beraz.

2. BIGARREN KONTRASTEA: UDALERRI EUSKALDUNAK ETA ELEBITASUN INSTITUZIONALA

Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntz araubideak, eta era partzial eta matizatuan Nafar Foru Erkidegokoak ere, elebitasun instituzionalaren paradigmatzat, hizkuntz koofizialen erabilera simetrikoa hartu du. Horren adibideak dira, besteak-beste, Administrazio erabakiak hizkuntza bietan jakinarazteko beharra, seinale eta iragarpenetako adierazpenak bi hizkuntzetan jasotzeko beharra, edota ikasleek egiten duten eskola hizkuntz-aukeraketaren arabera, horiek banatzea, segregatzea.

Euskal Autonomi Erkidegoak, eta partzialki Nafarrak ere, hautatu duten sistema, hizkuntz politikako aukera bat baino ez da; ez baita har zitekeen bakarra, ezta egungo oinarri juridiko nagusien barne tokia duen bakarra ere. Dudarik gabe, hauta zitezkeen aukeren artean hauxe da konfliktibotasunik txikiena eskaintzen duena, baina, horrek ez du esaterik nahi egokiena denik, normalkuntza prozesuaren abiapuntutik behintzat.

Goiko epigrafean aurreratu bezala, hizkuntza ofizial bakar baten erabilera, teoriaz, araubidearen araberakoa da, Auzitegi Konstituzionalak baieztaturik (AKE 82/1986, zit. 9. Z.O.). Irizpide hori abiapuntutzat hartuz, erabilera simetrikoan oinarritzen den sistema ezin jo daiteke Konstituzioaren araberakoagoa, hizkuntzen erabilera indistintoan oinarritzen den sistema baino, ezta ere hizkuntza propioaren erabilerari lehentasuna ematen dion sistema baino (Kataluniakoa bezala).

Noski, hizkuntza baten ofizialtasunak ez du ezinbestean ekarri beharrik hizkuntza horren ezagutza orokortua (PIZORUSSO) (nahiz eta irakaskuntzaren bitartez ondorio hori gauzagarri bihurtu behar den); ordea, ofizialtasunak ezinbestean ekarri behar duena hauxe da: botere publikoek hizkuntza ofiziala erabiltzen dutenean hiritarrek ez dute hizkuntza horren ezjakintasuna alegatzerik, ezta ere ofiziala ez den hizkuntza bat erabiltzerik, ondorio juridikoak sor ditzala exigituz (MILIAN i MASSANA). Hizkuntza ofizial baten bitartez burututako jardueren aurrean ezjakintasuna alegatzeko ahalmena ez da uztargarria ofizialtasunaren kontzeptu juridikoarekin; eta are uztarrezinagoa da, ofizialtasunaren deklarapenetik denbora luzeagoa den heinean.

Edozelan, gure harira bueltatuz, elebitasun instituzional simetrikoaren sistemak, argi dago, ororen hizkuntz aukeraketa bermatzen duela, izan ere, hizkuntza bat edo besteaz baliatzeko aukerak eskaintzen baititu. Baina, hizkuntza aukeratzeko eskubidea aitortua duten sistemetan, eskubide horren ondorio zuzena ez da, ezinbestean, erabilea simetrikoaren aukera. Esan nahi dena da, teoriaz, arazo juridiko larriegirik ez litzatekeela etorri beharko Administrazioak hizkuntz ofizial batean funtzionatzeagatik, aukeraketa pertsonala bermatzen den neurrian. Hiritarrari hizkuntza aukeratzeko eskubidea aitortzen bazaio, horrek ez du ezinbestean ekarri beharrik jarduera publiko guztien elebitasuna. Kasu horretan ere, martxan jar daiteken hizkuntz politikak hizkuntz koofizialetatik bat, erabilera arrunteko hizkuntza bihur dezake. Eta horrek ez du per se adierazten hizkuntz eskubideak kaltetzen direnik.

Euskararen Legeak hautatu duen bidea, ez da, beraz, bide bakarra. Baina bide bakarra ez izateaz gainera, ezarritakoak, beste batzuei ateak errotik itxi dizkie. Hizkuntz normalkuntzari begira udal-administrazioek hauta dezaketen hizkuntz politika progresiboagoentzat, Euskararen Legea ostopo bihurtu dela esan genezake. Eta hori horrela da, zurrunegia bihurtu delako Auzitegi Konstituzionalak 8.3 artikulua deuseztatu ondoren. Horren adibiderik garbiena Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetako eta Toki Administrazioko Zuzendari Nagusiaren Komunikazioa da, 1998ko maiatzaren 19koa, Bermeoko Alkateari zuzendua. Ohartarazpen horretan, Bermeoko Udalak Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko onartu zuen Ordenantza[7], Euskararen Legearen aurkakotzat joz, Ordenantzaren aldaketa eskatu zuen[8]. Esan bezala, hori adibide bat baino ez da, adibide erreal eta mingarria (ohartarazpena nondik datorren ikusirik), Euskararen Legeak hizkuntz politika aurrerakoiei lagungarri baino ostopo bihur dakiekela argiro azaltzen diguna.

 

ADDENDA. UDALERRI EUSKALDUNEN MANKOMUNITATEAREN ILEGALIZAZIOA

Madrilgo Auzitegi Gorenak, 2000.eko otsailaren 10eko Epaiaren bitartez, UEMA legezkontrakotzat jo du. Espainiako Auzitegirik gorenenaren Epai hori ez da Epai erraza, UEMA, bera, legezkontrakotzat jotzen duen neurrian, formalki ilegalizatzen duenik ez baitago baieztatzerik. Saiatuko nahiz esandakoari argia ematen, eta Epaiak agertzen dituen xehetasunak era ulergarrian argitzen. Bidenabar, aurreratu beharra dago Epai kontraesankorra dela, arauak aplikatzarekoan zurrunegia, eta kongruentzia juridikorik gabea.

Ezer baino aurretik, esanguratsua den faktore bat azpimarratu behar da. Hots, Udal ikutuari (eraginduari) ezer jakinarazi aurretik, Madrilgo prentsaren esku bazegoela Epaia. Eta hori ez da lehenbiziko aldiz gertatu UEMAren aurkako Epaiekin, gogora ekarri nahi dizuet oraindik urte bete igaro ez dela Aizarnazabalgo Udal gipuzkoarraren hizkuntz erabaki baten aurkako Epaiaren berri prentsa madrildarretik jaso genuela. Horrek adierazten duena da, besteak-beste, interes bereziak badirela Epai horietan.

Auzitegi Gorena, kasu honetan, bigarren instantzia gisa aritu da, Estatuko Abokatuak jarritako Kasazio errekurtsoa aztertzen. Auzitegi Gorenera heldu baino aurretik, lehen instantzian, arazoa Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusian aztertua izan zen, kasu horretan ere Estatuko Abokatuaren ekimenez zabaldutako errekurtso bat ebazten. Auzitegi Nagusiak eman zuen Epaia izan da, beraz, errekurritua izan dena.

Auzitegi Nagusian lehenbizi, eta ondoren, Auzitegi Gorenean, Abaltzizketako Udalaren akordio baten legezkotasuna aztertua izan zen. Ez zen, beraz, UEMAren osaketa akordatu zuen udalarteko akordioa errekurritu. Hots, UEMAren sorrera formala Udal fundatzaileen ordezkariek, Asanbladan bildurik, hartutako erabaki baten bitartez gauzatu zen. Erabaki horretan UEMAren lehenbiziko Estatutuak onartu ziren, eta erabaki hori ez zen errekurritua izan. UEMA sortu ondoren Mankomunitatearen kide ziren Udalek, bakoitzak bere aldetik, UEMAren Estatutuak argitaratu zituzten. Abaltzizketako Udalak horri ekin zionean, Estatuko Abokatuak Udal horren ekimenez gauzatutako argitaralpen ofiziala errekurritu zuen. Bi hitzetan, Auzitegi Gorenaren Epaian ebatzitakoa, Udal jakin baten udal-akordioaren legezkotasuna izan da.

Adierazgarria den datu formal bat aipatzea merezi du. Jakin beharrekoa da Abaltzizketako Udalak, errekurtsoa izapidatzen zegoen bitartean UEMAko kide izateari utzi ziola, eta hala jakinarazi ziola Auzitegi Gorenari. Beraz, errekurtsoarekin aurrera jarraitzeak ez zuen zentzurik, izan ere errekurritutako erabakia Udal horrek hartutako erabakia izanik, ondoren, UEMAko kide izateari utzi zionean, errekurritutako erabakia Udalak berak errebokatu zuela ulertu behar baita. Errekurtsoaren objektua UEMAko Estatutuak onartzea izan zen, edo nahi bada, Udal batek aurrerantzean arautzat izango zituen Estatutuak argitaratzea; hori horrela izanik, UEMAtik alde egindakoan Estatutu horiekiko erabateko desbinkulazioa gertatu zen, eta une horretatik aurrera Estatutuek ez zuten indarrik Abaltzizketarentzat. Logikaren arabera, Abaltzizketako Udalak UEMA utzi zuen momentuan, Estatuko abokatuaren pretentzioak edo (extraprozesalki-) gauzatutakotzat edo, gauzaezintzat bihurtu ziren ezinbestean. Epaia edozein izanik ere, ez zuen Abaltzizketako Udala eragiterik. Epaiak inolako eraginik ez zuen sortzerik alde demandatu bakarra zen Abaltzizketarentzat, izan ere Udal horrek hartutako akordioa, Udalaren ekimen propioz, desegina geratu baitzen. Errekurtsoa oinarri juridikorik gabe geratu zen arren, Auzitegi Gorenak bere Epaia eman zuen.

Epaiak UEMA legezkontrakotzat jotzen badu ere, formalki ilegalizatzen ez duela aurreratu dugu, eta hala dela esaterik badagoela uste dut.

 Epaiak era sendo batez, honakoa deklaratzen du:

“Kontua ez da Mankomunitatearen Estatutuak zuzenbideaz kontrakoak direla soilik, kontua da Mankomunitatearen osaketa bera ez datorrela bat ordenamendu juridikoarekin; beraz, a fortiori, haren Estatutuak ez dira baliozkoak ez Zuzenbidearen baitakoak, eta halaber haiek onartzeko udal akordioa, hau da, inpugnatutako erabakia[9]

Argi dago Auzitegi Gorenak, UEMAko Estatutuak legezkontrakotzat jotzeaz gainera, UEMA, bera, legearen araberakoa ez dela deklaratzen duela. Baina hori gauza argia izanik, Epaiaren azken atalean, Auzitegiaren Erabakia jasotzen duen atalean hain zuzen ere, Abaltzizketako Udal akordioaren legezkontrakotasuna deklaratzera mugatzen da, aipatuz:

“.. baliorik gabe uzten dugu udal akordioa, udal mankomunitate horren osaketa ez delako bat etortzen ordenamendu juridikoarekin.

Gauzak horrela, Epaiak ez dio era zuzenean UEMAri eragiten, Abaltzizketako Udalaren erabakiari baizik. Horren zergaitiak bi baino ezin daitezke izan. Lehenbizikoa, Abaltzizketako Udalak akordioa hartu zuenean UEMA oraindik osatu gabe zegoela uste izana dugu. Ez dut uste arrazoi hori denik, izan ere, Epaia goitik behera irakurriz gero argi ondorioztatzen baita, Epaileek eskuhartean izan zuten administrazio-espedientean UEMAren osaketaren datuak bazirela.

Beste irtenbide bat baino ez dago, beraz. Epaiak, zio formalak direla bide, ezin izan du UEMAren aurka zuzen egiterik atal dispositiboan. Eta hori hala da, ez bakarrik Estatuko Abokatuak errekurtsoa jarri zuenean UEMAren aurka jarri ez zuelako, hots UEMA (Udal gorporazio legez) demandatua izan ez zelako, baizik eta UEMAri errekurtsoan parte hartzeko aukerarik eman ez zitzaiolako. Administrazio zuzenbidearen arabera, Epaileek badute “ofizioz administrazio erabakiak deuseztzat deklaratzerik, beraz, badute Erreglamendu izaera duen UEMAren Estatutuak deuseztzat deklaratzerik, baina hori gerta dadin, Administrazio demandatuari, UEMAri kasu honetan, entzun behar zitzaion, alegia prozedura judizialan parte-hartzeko eskubidea bermatu behar zitzaion, eta ez zen halakorik gertatu ez lehenbiziko instantzian, ezta Kasazioan ere. Kontutan izan behar da Epaiaren zioetan deuseztzat jotzen diren Estatutuak, ez direla Erreglamentu arruntak, UEMAren, beraren, izateari bide ematen dion araua baizik.

Oraindik ikusteko dagoen beste klabe bat, Epaiaren exekuzioa nola gauzatzen den dugu. Auzitegi Nagusiari dagokio Auzitegi Gorenak kazasioan epaitutakoa betearaztea, eta exekuzio bidean izan daitezkeen aukera judizialak anitzak izan daitezke, oraindik guztiak zabalik daudelarik.

Zio formalek UEMAren kontrako Epai zuzena ekiditu dute, baina horrek ez du esaterik nahi UEMAren legezkotasuna bermaturik dagoenik, ezta indarberriturik atera denik ere, kontrakoa baizik. Nire uste apalean, Epaiak UEMAren flotazio lerroan bortiz jo du, erabat ukiturik utziz. Ondoren Epaiaren funtsaz arduratuko gara, eta baieztatuko dugu Epaiaren oinarriak juridikoki zuzenak ez direla. Baina, edozelan ere, Epaiak jurisprudentzia baten lehen agerpena izateko arriskua baduela uste dut, ez bakarrik Auzitegi Goreneko Epaia delako beraz jarraigarria Auzitegi Nagusietan, eta ponente lanetan pisu haundiko Magistratu bat aritu delako (BAENA DE ALCAZAR), baizik eta ikustekoa delako, gaur egungo demarkazio-planta jurisdikzional berriarekin Auzitegi Gorenera hel ote daitezkeen UEMAren aurkako zuzeneko zein zeharbidezko balizko errekurtso berriak. Hots jurisprudentzia ildoa aldatzeko aukerak, Auzitegi Gorenaren edo Auzitegi Konstituzionalaren[10] Epai berri baten esku etor daitezke soilik, eta hori horrela izanik, Estatuko Abokatuak etorkizunean plantea ditzaken errekurtsoen formulazioek Auzitegi horietara heltzeko aukerak zabal edo itxi ditzakete.

Epaiaren mamiari dagokionez, bizpairu gauza komentatzea merezi du. Denbora premiarik gabe egin genitzakeen konstatazio sakonagoei kalterik egin gabe, hiru gai aipatu nahi nituzke:

BAT. Estatuko Abokatuaren legitimazio aktiboari buruz.

Udalerri Euskaldunen funtsezko erabakiak judizializatu direnean UEMAren zerbitzu juridikoek erabili duten argumentazioetatik bat, Estatuko Abokatuak hizkuntzari loturiko akordioak errekurritzeko legitimaziorik ez duela izan da[11]. Argumentazio horrek ez zuen ohiartzunik izan Udalerri Euskaldunen aurkako lehenbiziko Epaietan, Epaileek muzin egin baitzioten. Baina, ondoren, jurisprudentzia aldaketa izan zen, aholkularitzaren argumentazioa barneratuz. Jurisprudentzia aldaketaren isladarik nagusienak, Euskararen Ordenantzen aurkako eta, UEMAri buruzko Udal-akordioen aurkako errekurtsoetan izan ziren. Errekurtso horietan, Epaileek ez zioten Estatuko Abokatuak errekurritutako artikulu guztien azterketa judizialari ekin, honek euskararen sustapenari dagokionez konpetentziarik ez duela argudiatuz. Estatuko Abokatuak Auzitegi Gorenean Kasazio errekurtsoa jarri bazuen, arrazoi horregaitik izan zen. Izan ere, Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak haren konpetentzia falta agertu baitzuen.

Hori izan zen, hain zuzen ere, Udalerri Euskaldunen errekurtsoek argitu zuten gauza bat, hots Estatuko Administrazioak (Estatuko Abokatuak beraz) euskararen sustapenari zuzenduriko ekinbideak errekurritzeko ahalmenik ez duela.

Auzitegi Gorenaren Epaiari so, esan behar da kontraesanik ageriena puntu horretan agertzen duela. Izan ere, bere 3. zuenbide oinarrian, era sendo batez, honakoa baieztatu baitzuen:

“euskara bultzatzea eta lantzea ez da udal eskumena, Autonomia Erkidegoari baitagokio.

Baieztapenaren sendotasun berdinaz galde gintezke, Auzitegiaren aburuz, hori hain gauza argia izanik, zergaitik onartu duen Estatuko Abokatuaren Legitimazioa. Hots, Estatuko Abokatuak errekurri ditzake Estatuari dagozkion eskuduntzak kaltetzen dituzten udal-akordioak; eta kasu honetan Auzitegiak dio Autonomi Erkidegoari dagokiola euskararen sustapenaren gaineko eskuduntza, ez Estatuko Administrazioari; beraz, udal-akordioa inork errekurritzekotan, Euskal Autonomi Erkidegoa izan beharko litzateke, eta ez Estatuko Administrazioa. Eta hori horrela da, arloa arautzeko konpetentzia duenak, arlo hori zapal ditzazkeen udal-akordioak errekurritzeko konpetentzia duelako; beraz, arloa arautu ezin duenak, ez du errekurritzerik. Auzitegiaren baieztapenaren kongruentzia falta, agerikoa da.

BI. Hizkuntza eta zerbitzu publikoa

Legea arauz, Mankomunitateak bi gauzetarako sor daitezke: obrak (herrilanak) egiteko edo zerbitzuak eskaintzeko. Mankomunitatea Administrazio Lokala da, Udalerria den bezala; beraz, Administrazio Publikoak dituen ahalmenen jabe da, beti ere, bere sortze helburuari egokituak. Esan bezala, bi helburu horietarako sor daiteke ahalmen potentzialitate haundiko Erakunde horiek. Auzitegi Gorenaren aburuz:

“euskara lantzea eta sustatzea ez da inolako herrilanik egitea. Udalerri horietako herritarrei emandako zerbitzua den ala ez, modu abstraktuan eta orokorrean eztabaida liteke, baina zerbitzu publikoaren kontzeptua oso-oso zabal harturik bakarrik onar daiteke hori zerbitzu publikoa dela (2. Z.O.).

Luze joko genuke zerbitzu publikoaren kontzeptuak Administrazio-zuzenbidean duen hedapenaz hitzegiten, kontzeptu hori izan delarik historikoki Administrazio-zuzenbideari zentzua eman diona (DUGUIT). Ez gara horretan murgilduko. Une honetan aipatu beharrekoa da euskararen sustapena eta udal mailako hizkuntz-plangintzak diseñatu eta abian jartzea nekez burutu daitezkeela 3-4 funtzionariz osatzen diren Udal txikietan. Eta hori da UEMA osatzen duten Udalerrietan gertatzen den egoera. Euskararen sustapena, eta bere normalkuntzaruntz urratsak ematea bada zerbitzu bat, Udal administrazioek barneratu ez ezik, beren gizarte txikiei eskaini beharrekoa. Eta hori eskaintzeko sortu zen UEMA. Mankomunitateak Udalek, beren kabuz, eskaini ezineko hizkuntz zerbitzuak eskaintzeko sortu zen; era koordinatu eta mankomunatuan hizkuntz normalkuntzari heltzeko hain zuzen ere.

Gaur egungo hizkuntz politika hizkuntz Plangintza nagusiarekin batera, tokian-tokiko mikroplanak bultzatzearen aldekoa da. Eskola, Unibertsitate-sail, osasun zentru, edota Udalerrietan euskara normalkuntza plangintzak diseñatu eta abian jartzea euskararen berreskurapenaren metodologia dugu gaur egun. Araubideak ere, erakunde publiko bakoitzari ezarri die “euskararen erabilera normalizatzeko planak lantzeko beharra (Dekretua 86/1997, apirilaren 15ekoa, 19.1 art.). Normalkuntza plangintzak landu eta ondoren gauzatzea, zerbitzuak eskaintzearen bitartez etor daiteke soilik; eta eginbide horretarako Mankomunitate bat sortzea ez da, inolaz ere, gehiegikeria. Udal haundi eta ertainek zerbitzu propioak izatea gehiegikeria ez den bezala.

 HIRU. Hizkuntza arautzeko konpetentzia eta hizkuntza sustatzeko konpetentzia.

UEMAren Estatutuek azken urte hauetan jasotako berrikuntzarik nabarmenenetarikoak epigrafe honetan jaso diren kontzeptuekin badute zerikusirik. Euskaren ofizialtasuna arautzea Autonomi Erkidegoei (erakunde erkideei) dagokie. Hainbat dira hori gogorazten duten arauak, berrienetarikoa Legea 30/1992, azaroaren 26koa, bere 36.2 artikuluan. Eta horren islada besterik ez da euskararen estatusaz arduratzen diren Lege eta Dekretuen aplikagarritasun salbuestezina, guztiak erakunde erkideek onartuak. Auzitegi Konstituzionalak ere, hizkuntzari buruzko eskuduntza Autonomi Erkidegoei dagokiela baieztatu du behin baino gehiagotan (AKE 82/1986).

Administrazio Lokalari autonomia aitortu zaio. Baina, autonomia horrek “legearen barruan du bere jokatze esparrua (GALLEGO ANABITARTE). Esan nahi dena da, Udal batek ez duela gazteleraren ofizialtasun bakarra deklaratzerik; ezta ere euskararen ofizialtasun bakarra ezartzerik egungo parametro juridiko orokorren barne. Edozelan, hori bezain egiazkoa da Udalek badutela, hizkuntzari buruzkoan, eskuhartze ahalmen erabakiorrik.

Hizkuntza ofizialen estatus juridikoa arautzea Autonomi Erkidegoari dagokiola esan dugu. Katalunian, adibidez, katalaneraren erabilera orokortua ezarri da arau nagusi gisa. Euskal Autonomi Erkidegoan, aldiz, elebiasuna da arau. Edozelan ere, Euskararen Legeari gainbegirada emanez gero, ondorio bat atera daiteke: ez duela era zehatz eta zorrotzean administrazio-prozedura hizkuntza arautzen. Hots, Euskararen Legeak ez du bere araubidearekin gaia agortzen. Hori horrela izanik, Legeak toki uzten duen neurrian Udal administrazioek badute beren Administrazioetako barne erabilpeneko hizkuntza arautzerik. Eta ahalmen hori zabaldu da Dekretua 86/1997, apirilaren 15ekoaren ondoren, izan ere “euskarazko administrazio-atalak (bere zereginak euskaraz betetzen dituzten administrazio-atalak) ezartzea, Administrazio bakoitzari baitagokio.

Epigrafearen hasieran esan denez, UEMAk, bere ibilbide laburrean, Estatutuen edukia aldatu du. Lehenbiziko Estatutuetan agertzen ziren hainbat baieztapen leundu egin ziren ondoren. Lehenbiziko Estatutu haiek ez ziren legezkontrakoak ezartzen zutenagatik, baina ezartzen ez zutenarekin zalantzak sortzen ziren. Hots, Mankomunitateko hizkuntza ofiziala euskara dela ezartzea, edota udalerriko biztanleek eskubidea dutela euskaraz bakarrik jasotzeko Udalaren argitalpenak eta iragarkiak, ez dira, berez, legezkontrakoak esaten dutenagatik; izan ere euskara bada ofiziala, eta herritarrek eskubide hori badute. Gauza da, esaten ez dutena interpretazio arazoak ekar ditzakeela. Finean, egungo marko juridikoaren arabera Udalek ez dute hizkuntzen ofizialtasuna arautzerik; ez dute Lege orokorretan ezarri denaren aurka egiterik.

Auzitegi Gorenak Aizarnazabalgo kasua epaitu duenean, UEMAk onartu zituen lehenbiziko Estatutuak izan ditu aztergai. Estatutu horiek eta gaur egun UEMAk dituenak ez dira berdinak. Eta ez dira berdinak, gaur egungoek euskararen estatusa ukitzen ez dutelako, eta horri begira, zalantza juridikorik ez dute sortzen. Egungo Estatutuetan UEMAren helburuak euskararen normalkuntzaren bidetik abiatzen dira, eta eman beharreko zerbitzuak helburu horiei egokituak direla argi azaltzen da. Juridikoki arazorik ez dute sortzen, bai ordea garai batekoak. Gaur egungo UEMAren Estatutuak edozein izanda ere, Auzitegi Konstituzionalak UEMA legezkontrakotzat jo du, bere Estatutu zaharretan oinarrituz.

Bukatzeko, ondorio bat. Ikusi den bezala Udalerri Euskaldunen ibilbidea zailtasunez beteriko ibilbidea izan da. Ez da izan, ordea, bide antzua, egungo hizkuntz legediari eman dakiokeen irakurketa progresibo baten abiapuntua baizik, eta bereziki, etorkizunean plantea daitezken bideen erakusgarria. Udalerri Euskaldunek Euskararen Legeko 8.3 artikuluaren ispiritua gidari izan badute ere, Lege babes falta izan dute etsai. Hori horrela, aurreari begira, forma juridiko bat edo bestearekin, bere ibilbidea eta etorkizuna bermatu beharreko gauzak dira; maiztasun nabarmen eta adierazgarriz jaso dituen erasoei aurre egiteko bide bakarra, Lege aldaketen bidetik etorriko da soilik. Horra hor Euskarari buruzko balizko marko juridiko berri batek heldu beharko dion erronketatik bat. Bada garaia euskararen erabilera normalari laisaitasun juri1diko eta naturaltasuna berma dakion.

 


 

[1] Itzulpena nerea

[2] Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan: “el artículo 8.3 viene a ser inconstitucional por infracción de lo dispuesto en el artículo 3.1 de la Constitución española, en relación con la no existencia del deber de conocimiento del euskera en zona alguna del territorio del Estado, .. AKE 82/1986, ekainaren 26koa, 10. Z.O.

[3] Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan: “La utilización por los poderes públicos de una sola de las lenguas cooficiales puede hacerse indistintamente, por propia iniciativa o incluso a elección de los interesados, cuando así se regule, siempre que no se lesionen los derechos de ningún interesado que pueda alegar válidamente el desconocimiento de la lengua utilizada, lo que sólo puede hacerse respecto de lengua distinta del castellano AKE 82/1986 aur. aip. 9. Z.O..

[4] Ikus Errege Dekretua 2568/1986, azaroaren 28koa, Entitate Lokalen Organizazio, Funtzionamendu eta Erregimen Juridikoari buruzkoa, bere 86.1 eta 110.2 artikuluetan. Ikus ere Legea 30/1992, azaroaren 26koa, 36. art.a. Artikulu horretan ezarritakoari jarraiki, Estatuko Administrazio periferikoak, berak, espediente administratiboak osatzerakoan, euskara erabili beharko du (gaztelaniarik ez, beraz) espediente horietako interesdunek euskara erabiltzen dutenean.

[5] Guztien partez ikus AKE 337/1994, abenduaren 23koa, 21. Z.O..

[6] Auzitegi Konstituzionalak Euskararen Legeko 8.3 artikulua deuseztatzerakoan ezarri zuen jurisprudentzia, jarraitua izan da honako Sententzia hauetan: Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Epaiak 1991ko abenduaren 31koa, 3. Z.O.; 1992ko otsailaren 1ekoa, 2. Z.O.; 1993ko urtarrilaren 21ekoa; 1993ko martxoaren 9koa; 1993ko apirilaren 14koa, besteak-beste.

[7] Argitarapena: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala 1998ko apirilaren 24koa.

[8] Ordenantza eta Euskararen Legearen arteko kontrastea egin ondoren, huxe jakinarazi zion Alkateari: “debemos señalar que los artículo 16 (primer inciso) y 18 contravienen lo dispuesto en el artículo anteriormente transcrito en cuanto a la obligatoriedad de su redacción en forma bilingüe .. A su vez, el artículo 7 de la Ordenanza establece la obligatoriedad de que los estudios, proyectos y demás trabajos que el Ayuntamiento encargue a terceras personas, tanto físicas como jurídicas con residencia en Euskadi, se presenten en Euskera. Igualmente se señala que la relación que el Ayuntamiento mantenga con los contratistas será en euskera, previniéndoles que no se harán traducciones. En consecuencia y una vez expuesto lo anterior, debemos manifestar que dicho artículo vulnera los preceptos anteriormente transcritos (Euskararen legekoak, alegia). Eta aurrerago “En consecuencia, todo acto en el que intervenga el Ayuntamiento de Bermeo así como sus notificaciones y comunicaciones deberán ir necesariamente redactados en forma bilingüe. Aur. aip..

[9] AGE 2000. urteko otsailaren 10ekoa, 3. zuzenbide oinarria (itzulpena Euskaldunon Egunkaritik hartu da, 2000ko martxoaren 14ko aletik, 19. or.n).

[10] Auzitegi Konstituzionalean Anparo Errekurtso bat jar daiteke baldin eta oinarrizko eskubideren bat (tutela judizial eraginkorra, kasu) kaltetua izan bada. Gertatzen dena da, ez dagoela argi UEMA bezalako Udal Gorporazioek oinarrizko eskubiderik ote dituzten; oinarrizko eskubideak gizasemeei aitortu zaizkigun eskubideak dira, baina ez dago argi Pertsona Juridikoek, eta are zalantzagarriago Administrazio Lokalek halakoren jabe ote diren. Doktrina juridikoan ez dago iritzi batasunik.

[11] Sistema juridiko espainiarrean udal erabakien lege-kontrola bi Administrazioen esku dago: Estatuko Administrazioaren esku eta Autonomi Erkidegoko Administrazioen esku. Baina kontrol aukera horiek ez dira indistintoak, partzelatuak baizik. Alegia, Udal erabaki batek Estatuaren eremupeko arloren bat ukitzen duenean hari egokituko zaio kontrol bideei ekitea, eta ez Erkidegoko Administrazioari, eta alderantziz. Bereiztu behar da nork duen arloari buruzko konpetentzia, eta horren arabera konpetentea den Enteak jarri beharko du errekurtsoa. Hori da Legea 7/1985, apirilaren 2koa, Toki Administrazioaren Araubidearen Oinarriak ezartzen duenaren 65. artikuluaren interpretazio egokia.

BAT aldizkaria: 
34. 2000ko maiatza. UEMA 1991-2000
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñigo Urrutia
Urtea: 
2000