Katalanen kultur eta hizkuntza erronka. Hizkuntza eta kultura katalanak mundu mailako kultura eta aisiaren aurrean

Mundu mailako merkatua kultur-hizkuntzazko eremuetan egituratzen da eta Europako Batasunak hizkuntza injinaritzak posible egingo duen informazioaren gizarte eleanitzaren aldeko apustua egin du.

instituzionalizazioak iraun duen urte hauetan kultura administratzeko gaitasuna eskuratu bada ere, botere sinboliko handirik ez da eskuratu, eta horixe izaten da beharrezkoa honelako gaietan.

katalanerak azken urteotan izan duen hedapen kuantitatiboak kalitate baxuko erabilerak ekarri ditu berarekin. Izan ere, gaztelera hiztunek ez bezala, katalan hiztun askok ez du lotura sendorik bere hizkuntzarekin.

Prestigioaren galera honetan ez da hutsala izan hiritar katalan askok beren hizkuntzari izan dioten estima kaskarra

Belaunaldi berriek, berriz, orohar, hizkuntza bakoitzaren egoeren arteko desberdintasuna onartu dute

Hizkuntza gaitasun frogak gainditu izana ziurtatzen duen agiria eskuratzea, lanpostu askotan aritzeko ezinbestekoa, administrazio publikoan batez ere, helburu soila bihurtu da eta ez ikasketara bultzatzen duen pizgarri.

Ez dugu ahantzi behar hizkuntza baten prestigioa ez dutela idatzitako erabilerek soilik erabakitzen, herri kultura eta kultura zientifikoaren hedapenerako eskaintzen dituen aukerek ere badute eraginik.

helburutzat dugun hizkuntza eta kultur egoerak ezin du antzeko ezaugarri geografiko eta demografikoak dituzten herrietatik –Danimarka, Holanda, esaterako- oso desberdina izan, nahiz eta, Kataluniak ez bezala, herri hauek erabateko burujabetza izan eta estatu bat osatu.

Gaur egungo marko legalaz ahalik eta gehien baliatu behar dugu –eta eraldatu, beharrezkoa balitz- antzeko neurria duten Europako beste zenbait hizkuntzek duten instituzionalizazio maila bera lortzeko.

Neurri zehatz hauek, ordea, Espainiaren ideiaren zaharberritze sakon batez lagundurik joan behar dute, ez baita ulertu behar hamazazpi autonomien batura balitz bezala

Hezkuntza, hedabideak eta masa kulturak hizkuntza eta kultur erreferente propio nahiz herritarren ezagutza erraztu behar dute.

Maila sinbolikoan katalanerak duen prestigioa ez dator bat benetako prestigio sozialarekin.

Une honetan azpimarratu beharrekoa da Kataluniako gizarte-gidaritzan ari direnek –eremu politikoan izan ezik- ez dutela hizkuntzaren erabileraren aldeko apusturik egin

katalanezko kultur eta medioen industria gainerako kultur industrien indarrarekin alderatuz, gaztelerazkoarekin batez ere, desorekan dago

Erreferentziazko prestigiodun elementuen sorreran nahiz herri mitologia zehatz baten sorreran hedabideek duten ardura funtsezkoa da.

Izaera herritarra duen mitologiazko erreferente baten sorrerak, atzerriko mitologiekiko gehiegizko zorrik gabekoa, hizkuntza eta kultura baten aldeko konplizitatearen egikaritzean funtsezko elementua da.

kultura katalanaren kanpo proiekzioak, hedapenerako zailenak diren eremuetakoak batez ere, hizkuntza oinarri dutenak hain zuzen, erakundetze berezia behar dute.

Instituto Cervantes delakoa kultur aniztasun honen zerbitzura jartzea eska daiteke, kultura katalanari dagokion izariaz eta estatuan orohar egiten duen ekarpenaren araberako laguntza emanez, bai eta irudi jakin bat ere.

Kulturanitza den gizarte batean proiektu kolektibo eta plural batekin dagoen identifikazioak, katalantasuna ardatz hartuta, eraginkorragoa izan behar du.

Joan den urtean zehar Kataluniako Generalitatearen ekimenez “Catalunya demà (“Katalunia bihar) jardunaldiak antolatu ziren. Lan talde desberdinetan bertako gizarteko eragile nagusiak bildu eta Kataluniaren etorkizunaz gogoeta egin zuten.
Jardunaldi horietako bederatzigarren lan taldearen ondorioak ponentzia batean bildu ziren eta lan taldeko buruak, Sebastià Serrano jaunak, aurkeztu zituen 1998ko urriaren 13an Bartzelonako Unibertsitatean egindako aurkezpenean.
BAT aldizkariak dokumentuari bere horrietara biltzeko aski interesgarri iritzi dio. Izan ere, garrantzitsua da ezagutzea hizkuntza eta kultura katalana normaltzeko bidean zein diren bertako instituzioetatik ikusten diren lan ildoak.
Katalanen kultur eta hizkuntza erronka. Hizkuntza eta kultura katalanak mundu mailako kultura eta aisiaren aurrean.

1.- Egoera

Hemen datorren azterketak kultura eta hizkuntza katalanean jorraketa, aldaketa eta proposamen berrien beharrean dauden gaiak behatzea da. Proposamenak, ordea, bigarren atalean azalduko ditugu, izan ere, helburua teknologia berriak eta mundializazio mediatiko nahiz kulturalari arrakastaz aurre egitea da. Ez da, beraz, hizkuntza eta kultura katalanaren azterketa xehe eta orokor bat, testu operatiboa da oso, horixe baitzen izan lanaren bultzatzaileen asmoa.

Azpimarratu behar den lehen gauza 1980az geroztik Katalunia bizitzen ari den instituzionalizazio prozesua da. Kataluniako historiaren azken hiru mendetan bederen, ez du parekorik izan. Instituzio katalanak inoiz ez dira horren luzaroan garatu –ia hogei urte- eten traumatiko edo bortxazko liskarrik gabe. Horrek funtsean berriak diren erronkak dakartza berarekin eta topikoetatik urruntzen diren erantzunak eskatzen ditute. Hizkuntza nahiz kulturak ezin dute erronka horietatik at gelditu, besteak beste, luzaroan uste izan baita instituzionalizazio aro luze batek berez gaindituko zituela hizkuntza eta kultura katalanak berarekin zeramatzan gabezia kroniko zenbait. Bereak ziren egitura politiko eta administratiboak ez izatearen ondorioz sorturiko gabeziak, hain zuzen.

Hein berean, parez-pare, azken urteotan pentsaezinak ziren aldaketak gertatu dira mundu mailan. Orain hogei urte, Congrés de Cultura Catalana egin zenean, eta Estatu Batuetan, era murritzean bazen ere, internet eta antzekoak aipatzen hasi zirenean informatika eta telekomunikazioen alorrak zuen egoera ez dago egungoarekin alderatzerik. Oraindik ez ziren merkatura atera lehen ordenagailu pertsonalak, digitalizazioa ez zen ezagutzen eta sare telematikoak pentsaezinak ziren. Egun egoera errotik aldatu da. Informazioaren mundializazioa indarrean dago eta mundializazio hau aniztasun eta izate bereziaren aldeko aldarrikapenarekin loturik doa. Izate berezi horren aldarrikapenak hizkuntza eta kulturaren onarpen eta babesa eskatzen du, identitate pertsonala eta kohesio sozialaren oinarri baitira. Mundu mailako merkatua kultur-hizkuntzazko eremuetan egituratzen da eta Europako Batasunak hizkuntza injinaritzak posible egingo duen informazioaren gizarte eleanitzaren aldeko apustua egin du.

Ez dirudi erraza denik, ordea, hizkuntza eta kultura katalana gizarte katalanaren egituratzaile izatea medioen, kulturaren eta informazioaren mundializazioaren eremuan. Hala eta guztiz ere, Gizarteko eremu jakinetan argi eta garbi galdetzen da hiritar katalanek benetan zein aukera duten euren hizkuntza eta kulturaren etorkizuna kontrolatzeko. Izan ere, hauen ustez, instituzionalizazioak iraun duen urte hauetan kultura administratzeko gaitasuna eskuratu bada ere, botere sinboliko handirik ez da eskuratu, eta horixe izaten da beharrezkoa honelako gaietan. Gertaera hau estatuko botere politikoak eragina izan daiteke, esaterako estatuko hiriburuan biltzen dira gune mediatiko nagusiak. Honek agerian jartzen du boterea eta komunikabideen arteko lotura estua. Geure buruari galdetu beharko genioke ea Kataluniatik aski lan egin den iritsi garen egoerara ez iristeko.

Testuinguru honetan eskolari lan garrantzitsua egitea dagokio, hezkuntza sistema kultura eta gizarte baloreen trasmisore nabarmena baita. Balore horien artean hizkuntza oinarrizko elementua izan arren ezin ikus daiteke hedatzen dituen balore sozialetatik bereizita. Marko demokratiko bateko hezkuntzaren funtzio sozializatzaile honek arazo batekin egiten du topo Katalunian. Sarritan ezkutatu arren benetakoa den arazoa: eskola porrotaren maila altua eta ondorioz datorren analfabetismo funtzionalaren presentzia nabarmena gizartean. Analfabetismo funtzionaltzat jotzen duguna ez da irakurtzen ez jakitea, irakurritakoa ulertzeko gai ez izatea baizik. 1991an bi urtetik gorako populazioaren % 19ak ez zekien ez irakurtzen ez idazten, edo oinarrizko heziketan ez zituen bost urte ere egin. Eskolatze egokirik gabe identitate pertsonala eta gizarte kohesioa erraz urtzen dira. Beraz, hizkuntza katalanak eskolan duen egoeraz hitz egin aurretik hizkuntzak dituen betekizunak eta eskolaren helburuez hitz egin beharko genuke.

Ez litzateke zuzena, ordea, azken urteotan hizkuntza katalanak erabilera sozialean egin duen aurrerakada ez onartzea. Hezkuntzan, komunikabideen eremuan, eta orohar hiritarren eguneroko bizitzan, egindako aurrerapenok gizarte mailako etenik gabe gertatu dira eta ez ziratekeen posible izango aldez aurretik hizkuntzaren kodifikazioan egin beharreko lana egin izan ez balitz. Ildo beretik, eta beste hizkuntza eremuetatik etorritako hiritarren kopuru handia kontuan izanik, normalkuntza prozesuaren eredugarritasunaz hitz egin genezake. Hein berean, ordea, prozesu hau ez dago arriskuetatik libre. Zenbaitek latinizazio prozesuaz ere hitz egin du: Katalanera oso ikertutako hizkuntza izan daiteke, hizkera jasoaren hizkuntza ere bihur daiteke, administrazio eta dokumentazio ofizialaren hizkuntza, eta hala ere eguneroko erabileran atzera jo. Halaber, katalanerak azken urteotan izan duen hedapen kuantitatiboak kalitate baxuko erabilerak ekarri ditu berarekin. Izan ere, gaztelera hiztunek ez bezala, katalan hiztun askok ez du lotura sendorik bere hizkuntzarekin. Katalanerak duen beste arriskuetako bat bere batasunari egiten zaizkion erasoak dira. Bereziki mingarriak gertatzen dira erasook demokratikoki hautatutako gobernu batek egiten dituenean, hori da País Valenciáren kasua.

Demografiari dagokionez, kontuan izan behar da, lehen lehenik, Kataluniako klase zuzendariaren zati batek gaztelera hartu zuela etxeko hizkuntzatarako –baita honek berarekin dakartzan eragin mimetikoak ere- hiztun komunitatea murriztuz. Murriztura ekarri du, halaber, jaiotze tasa baxuak, 30eko hamarkadan larritasuna eragin zuten kopuruak baino are beherago gaude gaur egun, gizartean ordezkapen maila oso da txikia. Egoera honek ez ditu bizi iraupen arazoak soilik eragiten, era orokorragoan hartuta, gizarte osoaren konfigurazioan eragiten du. Azken urteotan Europaz kanpoko jatorria duen migrazioarekin eta bertan bizi diren atzerritarrekin kultura anitzekoa den gizarte bat egikaritu da. Errealitate honek ez dio hizkuntzaren egoerari soilik eragingo, baita jatorri sentimenduari ere (Alegia, Katalan komunitatea osatzeko sentimenduari).

Aldi berean, katalaneraren gizarte prestigioak azken urteotan zenbait gertaera nozitu ditu. Hasi idazleek aspaldian onarturik zuten kultur erreferenteen galeratik eta hedabide nagusietan literatura nahiz hizkuntza eta kultura katalanari egiten zaizkion aipamen urrietaraino. Prestigioaren galera honetan ez da hutsala izan hiritar katalan askok beren hizkuntzari izan dioten estima kaskarra erregistro jasoez egiten duten erabilera ganorabako eta kaskarraren bitartez. Honen parez-pare gaztelaniar kulturak igoera nabarmena bizi izan du estatu espainolaren baitako instituzionalizazio urratsen babesean. Garapen hau politika, argitaletxe eta hedabideen eremuan interes anitz zituzten enpresari talde boteretsuen sorrerarekin gauzatu da, atzerrian, berriz, hegoameriketako merkatuaren sendotzearekin. Hazkunde honek Kataluniari ere eragin dio, non, aurreko autogobernu aroetan ez bezala, gaztelaniar kulturak bozgorailu oso indartsuak eta gune intelektual eta idazle nabarmenak dituen bere alde. Kultur esparru katalanean dagoen zatiketa alderdikoiak, itxuraz azalekoa badirudi ere, benetan sendoa dena, zenbait gai behar duten adostasunez egitea eragotzi du. Aldi berean, gaur egungo kultura katalana osatzen duen ekarpen aniztasuna osotasun koherente eta ez sakabanatzailean gorpuzteko moduaz noraeza nabarmen agertu da.

Belaunaldi berriek, berriz, orohar, hizkuntza bakoitzaren egoeren arteko desberdintasuna onartu dute, eta, eurei ez dagokien gaia dela iritzi diote. Katalanera modernitatearen hizkuntza izateari uzten ari zaio gazteek egunero ikusten baitute euren eredu kulturalek, hedatuenak sarritan, musika edo kirolarekin loturikoak, ez dutela katalaneraren beharrik euren rolean onartuak izateko.

Lan merkatuan katalanera prestigio elementu izatetik ezinbesteko izatera iristen ari da. Benetako prestigioa, ordea, ezagutza informatikoak du, hau izaten baita sarritan lan merkatuan sartzeko benetako giltza. Hizkuntza gaitasun frogak gainditu izana ziurtatzen duen agiria eskuratzea, lanpostu askotan aritzeko ezinbestekoa, administrazio publikoan batez ere, helburu soila bihurtu da eta ez ikasketara bultzatzen duen pizgarri. Ildo beretik, penagarria da hiritar askok itxaron-zerrenda luze batean egon behar izatea katalanera ikastaroetan sartzeko. Gizarte eta auzo elkarteek ikastaro hauek sortu eta dinamizatu zituzten hasieran, ondoren administrazioaren eskuetara pasa ziren eta horrekin katalanaren ikasketa baldintza sozial bihurtu da eta ez behar pertsonala. Hizkuntzaren normalkuntza prozesuan administrazioaren aldetik gehiegizko monopolizazioa gertatu da, gizarte ekimenak, eta batez ere sektore herritarrenek (auzo-elkarte, kulturetxe...), izandako protagonismoaren kaltetan.

Eremu sozioekonomikoan katalanerak duen presentziak, publizitatea eta jendaurreko atentzioan eman diren urratsak alde batera utzita, erdararekiko menpekotasunezkoa izaten jarraitzen du. Hiritarrak enpresa mota guztiekin katalaneraz komunikatzeko duen eskubidea ziurtatu gabe dago gehienetan, eta bergauza gertatzen zaio bere lanbidea katalaneraz burutu nahi duen langileari ere. Lantoki askotan katalanera ezagutzea ezinbesteko ezaugarri edo meritutzat jo izan bada ere, joera hau ezin esan orokortu egin denik. Katalaneraren presentziak enpresa munduan arazo ugari du. Bestalde, katalanez idatzitako tresna gabeziak, informatikoak nahiz bestelakoak -kontularitza terminologia, diktamen finatzieroak eta abar- batzutan gaindiezinak izatera iristen diren arazoak sortzen dizkie katalanera normaltasunez erabili nahi duten enpresei.

Ez dugu ahantzi behar hizkuntza baten prestigioa ez dutela idatzitako erabilerek soilik erabakitzen, herri kultura eta kultura zientifikoaren hedapenerako eskaintzen dituen aukerek ere badute eraginik. Azpimarratu beharrekoak dira azken hamabost urteotan norabide honetan egindako urratsak. Egia da, ordea, oraindik ez zaiela behar bezalako arreta eskaintzen hizkuntza tratamendurako interfiziei informatikoei: programa multzoaren katalanezko bertsioa, itzulpena, ahotsaren tratamendua eta abar.

2.- Aholku eta proposamenak

Errealitate hau dugularik, helburutzat dugun hizkuntza eta kultur egoerak ezin du antzeko ezaugarri geografiko eta demografikoak dituzten herrietatik –Danimarka, Holanda, esaterako- oso desberdina izan, nahiz eta, Kataluniak ez bezala, herri hauek erabateko burujabetza izan eta estatu bat osatu. Hizkuntza eta kulturaren ikuspegitik eremu urriko hizkuntzak izan arren babes publikoa eta gizartearen atxekimendua dituztela azpimarratu behar da. Eredu eraginkorra da horiena, babes eta atxekimendu hori jasotzea ez baita baztertzailea. Berau da auzo hizkuntza indartsuagoen presentziaren oinarri, izaera unibertsala hartzen ari den ingelesarena esaterako. Erosotasun hori –maila desberdineko arazorik falta izango ez duena-, herri horietan hizkuntzen arteko egokitzea erraztu duena, da katalaneraren eremuarentzat nahi duguna Espainiako estatuaren barruan.

Medioen mundializazio prozesua, berarekin datorren iraultza teknologikoa eta hizkuntza eta kultura katalanaren egoerari arrakastaz aurre egin nahi izanez gero zenbait lan egin beharra dago. Esaterako, hizkuntzaren industrien behatoki katalana sortzea, informazioaren gizarterako estrategia bat prestatu eta burutzea izango du helburu, bertan administrazioa, ikerkuntza eta industriak bat egingo lukete. Izan ere, ezinbestekoa da komunikazioaren teknologia berriak –informazioaren autopistak, hari bidezko operatzaileak, udalerri mailako telebistak- katalanez eta Kataluniako ekarpenez funtzionatu ahal izatea. Hein berean, kultura eta ekonomia mundu katalanak gai izan behar du bere tokia hartzeko. Nazioarteko taldeekin egindako aliantzetan oinarrituz, Katalanerazko hizkuntza eta kultur ekoizpena globalizaturiko merkatuan txertatu behar diraa, kontsumo eta elkartruke sareetan sartu beharra dute nazioarteko lotura horien laguntzarekin. Kazetaritza mailan egin berriak diren zenbait ekimenek adierazten digute katalanerazko industrian inbertitzea negozio ona izatera hel daitekeela. Gizartearen ekimen bide hau, enpresa eremukoa, da bultzatu behar dena.

Gaur egungo marko legalaz ahalik eta gehien baliatu behar dugu –eta eraldatu, beharrezkoa balitz- antzeko neurria duten Europako beste zenbait hizkuntzek duten instituzionalizazio maila bera lortzeko. Zehatzago esanda, hiru mailatako ekimen legala proposatzen da. Katalaneraren hizkuntza eremuan Kultur Kontseilu bat eratzea, Eskandinavian dutenaren antzekoa, katalanera ofizial edo ofizialkide den lurralde guztietarako politika amankomunak proposatu eta ezartzeko gaitasuna duena. Estatuaren eremuan euskal administrazioa, galiziarra eta katalana bilduko dituen kooperazio batzorde bat sortzea proposatzen da, administrazio zentralari amankomunekoak diren arazo eta gaiak proposatzeko. Besteak beste, Espainiaren izaera eleanitza azpimarratzen duten gaiak, hiru kultur eta administrazio egoera hauen arteko paralelismorik ezarri nahi izan gabe, objetiboki behatuz, oso egoera desberdinean baitago bakoitza. Nazioarteko sustapenari dagokionez, berriz, ezinbestekoa da kultura katalanak nazioartean ordezkaritza zuzena izatea UNESCOn eta antzeko erakundeetan, baita antzeko dimentsioa duten herriekin bateraturiko kultur poli tikak izatea ere: Danimarka, Holanda eta abar.

Neurri zehatz hauek, ordea, Espainiaren ideiaren zaharberritze sakon batez lagundurik joan behar dute, ez baita ulertu behar hamazazpi autonomien batura balitz bezala, lau hizkuntza eta lau kulturaren ekarpen moduan baizik. Berrikuntza honek oso sentiberak diren eremuak ukitu behar ditu, hezkuntza, esaterako, baita hedabideak edo kanpora ematen den irudia ere. Hezkuntzaren eremuan ezinbestekoa da humanitateetan Sitges-en 1980an idazle katalan eta gazteleradunen arteko elkarrizketetan adierazitako norabidean jotzea eskola liburuetan txertatuz. Honen bitartez estatu osoko ikasleek Espainiako historiaren aniztasuna, hizkuntza desberdinak, eta kultura askotarikoak ezagutzeko parada izango dute. Izaera publikoko hedabideek euren aldetik kulturanitza den errealitate hori ezagutzen lagundu behar dute –Konstituzioak estatuarentzat gordetzen duen kulturen arteko komunikaziorako eskubidearen arabera-. Eta Bartzelonan kokaturik dauden izaera pribatuko hedabideek, estatu mailan eragin nabarmena dutenak, kulturanitza den errealitate nazional honen zabalkundean lan garrantzitsua egin behar dute.

Hizkuntza ikastea –alegia, irakurri eta idaztea, horrek berarekin dakarren guztiarekin, eta jorragai duen harreman eremu osoarekin- eskolako ekimenetan funtsezko lekua bete behar du, bai eta metodologiazko heziketa egoki batean ere. Ez dirudi, beraz, irakurmen eta idazmen maila kaskarra izatea hizkuntza eta literaturako irakasleen ardura denik, hezkuntza komunitate osoak bere gain hartzen duen ardura izan behar du. Gaur egungo hezkuntzaren egoeran eragiten duten eragile ugari eta konplexuak aztertzera sartu gabe –beste arlo batean aztertu beharrekoak, bestalde- hizkuntza eta kulturaren ikuspegitik, administrazioari finantziazio egokia ziurtatu, irakasleen formazio pedagogiko egokian sakondu eta behar diren giza baliabide nahiz teknikoez lan egiteko ahalegin iraunkorra eskatu behar zaio. Ezagutzaren gizartea eraikitzeko bidean eskolaren lana oinarrizkoa da.

Analfabetismo funtzionalaren hedadurak, eta berrogei urtetik gorako hiritarren multzoko zati garrantzitsu batean dagoen katalanaren ezagutza urriak, helduak bi norabide horietan trebatuko dituen heziketa politika bat beharrezko egiten du. Batetik, eskola agiria eskuratu behar duten guztiekin aldi berean bi hizkuntzetan batera alfabetatzen ahalegindu beharko genuke. Lan hau, estatu osoan bezalaxe, hezkuntza sailaren ardura da, bidenabar Ongizate sailean kokatzeak duen gizalaguntza irudia gaindituz. Bestalde, gazteleraz alfabetatu eta profesionaldu diren helduentzat eskaintza askoz ere zabalagoa behar da.

Hezkuntza, hedabideak eta masa kulturak hizkuntza eta kultur erreferente propio nahiz herritarren ezagutza erraztu behar dute. Honengatik, gaur egun Kultura Katalanaren Gizarte Kontseiluak bereak diren lanak bideratzen eragin txikia badu ere, norabide horretan indartzera jo behar da. Esaterako: katalaneraren egoera soziala eta erabilera aztertu nahiz proposamen berriak gizarte eragileen adostasun eta partehartzearen bidez bideratu. Edozein modutan dela ere, eremu sozioekonomikoan katalaneraren erabilerak aintzat hartu behar du bi hizkuntza dituen merkatu batean ari dela, ezin duela bietariko bakar bat ere baztertu eta beraz, kudeaketa egokia bilatu behar duela. Kontsumitzaileekin duen harremanean –legediak esan dezekeenetik harago joanez- enpresek katalaneraren presentziaren eskaerarekin topo egin behar dute. Presentzia hau ziurtatzen ez bada, laguntza eta bultzada orokorra bideratuko duen interbentzio publikoa beharko da.

Maila sinbolikoan katalanerak duen prestigioa ez dator bat benetako prestigio sozialarekin. Nabarmena da, egitura politikoak sendogagoak eta eraginkorragoak liratekeen testuinguruan kultura eta hizkuntza katalanari errazago gerta lekiekeela izen oneko eta autoestimazko erreferente izatea. Egia da, halaber, hizkuntza baten prestigio soziala ez dagoela anbizio instituzionalaren baitan. Une honetan azpimarratu beharrekoa da Kataluniako gizarte-gidaritzan ari direnek –eremu politikoan izan ezik- ez dutela hizkuntzaren erabileraren aldeko apusturik egin, eta, sarritan, orain gutxi hizkuntza politikari buruzko legearen inguruko eztabaidak agerian jarri duen bezala, jarrera dimisionarioak izan ditu. Bestalde, katalanezko kultur eta medioen industria gainerako kultur industrien indarrarekin alderatuz, gaztelerazkoarekin batez ere, desorekan dago, kulturaren eremuan eragiteko gaitasuna duten talde katalanek estrategiak koordinatu eta administrazio publikoaren babesa, dagokion mailan, eskuratuz soilik lortuko dute autoestima bultzatzen duten bertako prestigiodun erreferenteak sortzea.

Erreferentziazko prestigiodun elementuen sorreran nahiz herri mitologia zehatz baten sorreran hedabideek duten ardura funtsezkoa da. Lehen arloari dagokionez, erreferentziazko elementu prestigiodunen sorrera, tamalgarria da hedabide publikoek, Corporació Catalana de Ràdio i Televisió-k batez ere, bere ohiko jardunean ez egitea katalanezko sorkuntza literarioaren babesle lana, letren saioak programazioaren esparru marginaletara baztertzen dituenean egiten duen bezala, adibidez. Egile katalaneradunei eskaintzen zaien arreta txikia ezin babes daiteke luzaroagoan entzulegoaren argudio faltsuan. Herri normal orok bere egileez normaltasunez hitz egiten du, eta horrek ez die ordurik kentzen lehiaketei, kirol emankizunei edo telesailei. Bigarren puntuari dagokionez, herri mitologia zehatzaren sorrerari, hedabideek konplizitate lan bera egin behar lukete kultur industriarekin, euren lankideek beste hizkuntza eremuetakoekin egiten duten bezalaxe. Corporació Catalana de Ràdio i Televisió delakoaren kasuan, pedagogikoagoa litzateke Katalunian sortu diren kulturaren adierazpide herritarren bidez saiatzea entzulegoa handitzen–flamenko berriarekin, esaterako- iruditeria hispaniko kaskarrena indartuz baino. Izaera herritarra duen mitologiazko erreferente baten sorrerak, atzerriko mitologiekiko gehiegizko zorrik gabekoa, hizkuntza eta kultura baten aldeko konplizitatearen egikaritzean funtsezko elementua da. Hedabide publikoek bertako “star systemaren sorreran lagundu behar dute, zenbait eremu pribatuetatik jada egiten ahalegintzen ari diren bezalaxe. Hala ere, edozein hedapen ekimenek kontuan izan behar du hartzaile duen populazioak ez dituela kultur interes homogeneoak eta, beraz, multzokatuz errazagoa litzatekeela interes aniztasun hori asetzea.

Literatura, artea edo kultura mailako sorkuntzari dagokionez, ez da gomendagarria administrazioaren parte hartzea bada, ordea, sortzaileak laguntzeko sistemak indarrean jartzea, hizkuntza eta kulturaren prestigioa berreskuratzen laguntzen duten horiek batez ere. Katalaneraren merkatuan bezala, halabeharrez mugatua eta artifizialki zatikatua den merkatu batean, laguntza publikoek izaera laguntzailea izan behar dute: kostua kontuan izanik irabazirik ematen ez duten lanak laguntzea nahiz hizkuntza patois ez bihurtzeko gorde beharreko kualitate mailak gordetzea. Hau dela eta, esan dezagun administrazio publikoen orain arteko ekimena orokorra izan dela, ez selektiboa. Bestalde, nazioarteko proiekzioa indarrean dauden itzulpen teknologia eta politiken laguntzarekin lortzen ez bada, hizkuntzak oztopo latza izaten jarraituko du. Horren eraginez, literatura mailan idazle katalaneradunak nazioarteko zirkuituetan sartzea oso gaitza izan den bitartean, ez gaitu harritu behar margolaritza, opera, edo mintzatu gabeko antzerkia izatea kultur esportazioan aurre-aurrean ibili direnak.

Hau guztia dela eta, kultura katalanaren kanpo proiekzioak, hedapenerako zailenak diren eremuetakoak batez ere, hizkuntza oinarri dutenak hain zuzen, erakundetze berezia behar dute. Erakundetze honek ez du ekimen pribatuaren lana ordezkatu behar –argitaratzaileena adibidez- ekimen osagarri zehatzekin lagundu baizik. Esate baterako, lobby eta presio taldearen lana egitea dagokion merkatuaren barnean. Ekimen honek katalaneraren unibertsitateko “lektoradoari estu-estu loturik joan behar du, horixe baita katalanerak lektore selektoak eskuratu eta prestigio akademikoa nahiz etorkizuneko irakasleak sortzeko duen instituzio akademikoa. Atzerriko unibertsitateetan katalanerazko lektorado postuak eskuratzeko eta mantentzeko politikak ez luke funtzionamendua eta aukerak oztopatzen dizkioten aurrekontu murrizturen baitan egon behar, orain arte gertatu izan den bezala, zoritxarrez. Gaur egun kultur hedapenaz arduratzen diren erakunde publiko nahiz pribatuen ekimena kanpo hedapenerako institutu baten bidez koordinatu behar litzateke. Institutu hau estatuaren urteroko aurrekontuetako diruz hornitu behar litzateke eta kultura katalanaren benetako hedaduraren araberakoa izan behar luke, horrekin batera benetan onartu beharko litzateke, ez erretorika hutsez, Espainiaren izaera kulturanitza. Hori egin bitartean, Instituto Cervantes delakoa kultur aniztasun honen zerbitzura jartzea eska daiteke, kultura katalanari dagokion izariaz eta estatuan orohar egiten duen ekarpenaren araberako laguntza emanez, bai eta irudi jakin bat ere. Esaterako, kultura katalanaren hedapenaz arduratuko den lehendakariordetza bat sortuz. Alabaina, Instituto Cervantes-en azpiegitura erabiltzea ezin da utzi erakunde honek atzerrian dituen ordezkarien borondatearen baitan, eta horixe da gaur egun gertatzen dena.

Kultura katalanaren atzerriko hedapena erakundetzearen parez-pare, eta kultura katalanaren ekoizpenak nazioarteko komunikazio zirkuituetan sartu ahal izateko, komunikazioaren teknologia berriak katalaneraz eta Kataluniako ekarpenekin osaturik erabili behar dira. Helburu hau jada aipatu dugun hizkuntzaren industrien behatokiaren bidez ase daiteke.

Izan ere, orohar, kultura katalanaren eremu desberdinetako sormena ona da, baita hizkuntza oinarri duen eremuetan ere, literaturan, esaterako. Hedapenean, ordea, arazoak handiak dira. Ez soilik nazioarteko hedapenean, baita etxean bertan ere. Irakurzaletasunaren mailak liburuaren aldeko kanpaina bat eskatzen du, hedabide guztiek bultzatu behar dutena eta eragindako talde guztien laguntza jaso behar du. Bistan da hedapen arazoetan hedabideen jarrerak eragina duela. Hedabideen iraultzaren ezaugarri nagusietako bat jerarkizazioaren ahultzea delarik, herritar arruntari zaildu egiten dio bereiztea funtsezko ekarpenak, kalitatezkokak, azalekoagoak edo iraunkortasun txikiagoa dutenetatik. Edozein modutan, katalantasuna bereganatzeko ahalegin esplizitoak kontrako eraginak izan ditzake. Kulturanitza den gizarte batean proiektu kolektibo eta plural batekin dagoen identifikazioak, katalantasuna ardatz hartuta, eraginkorragoa izan behar du.

BAT aldizkaria: 
32. 1999ko abendua. Neurketa soziolinguistikoak Euskal Herrian
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Sebastiá Serrano
Urtea: 
1999